ZABALA, Juan Luis

(Azkoitia, 1963)

"Oroitzen dudanaren arabera, Ignacio Aldecoa, Franz Kafka, Selma Lagerlof, Francisco de Quevedo, Leon Tolstoi eta Ramon Nietoren testuekin hasi nintzen literaturara zaletzen, oinarrizko hezkuntzako ikasketen azken urteetan. Eguneroko bizimoduak eskaintzen ez zidan zerbait zeukan literaturak, zerbait misteriotsua, atzematen gaitza; etxean aurkitzen ez nuen zerbait, lagunen artean aurkitzen ez nuen zerbait, beste inon ezin aurkitu nuen zerbait. Erakargarria zen.

Hasieratik iruditu zitzaidan erraza testu haien antzekoak sortzea –neureagoak gainera– neuk neure kabuz. Hala ere ez nion inori nire zaletasun horren berri eman, harik eta 21 urterekin ipuin lehiaketa bat irabazi nuen arte. Ipuin lehiaketa eta 75.000 pezeta! Diruak "arrazoizkoa" bihurtu zuen bestela ezin zurituzko erokeria zena, bestela inori ezin esanezko lotsaria zena.

Ipuin saritu hartatik abiatuta idatzi nuen lehen nobela, Zigarrokin ziztirin baten azken keak (1985). Unibertsitateko ikasketetan surrealismoaren inguruan ikasi berri nituen kontuak garaiko kezka batzuekin lotu nituen, mehatxu nuklearrarekin esate baterako.

Bigarren liburua idaztean sentitu nintzen, hala ere, inoiz baino idazleago: Ahanzturaren artxipelagoa ipuin bilduma (1987). Autoerretratu kaleidoskopikoa izan zen hura, edo horrela oroitzen dut orain bederen. Hurrengo liburuak idazteko, gehiago behartu nuen neure burua, liburutik liburura areago gainera: Gertaerei begira ipuin bilduma (1988), Kaka esplikatzen nobela esperimentala (1989) eta Sakoneta ipuin bilduma (1994).

Beste aro bat zabaldu zuen Galdu arte nobelak (1996). Neure baitatik irten eta urte batzuk lehenago jaioterrian okupatu genuen gaztetxearen inguruan ikusi eta bizitako giroa jasotzen saiatu nintzen. Galdu arten bezala, neure baitatik irtenda, ordu arteko liburuetan baino gehiago begiratu nion inguruko errealitateari Harri barruko bihotz-borrokak gazte literaturako ipuin bilduma laburrean (1999) eta Agur, Euzkadi nobelan (2000).

Baina ez diot utzi, hala ere, hasieratik horren neurea eta horren gogokoa izan dudan joera intimistari, barruko urraduren jorraketa literarioari, eta horren fruitu da Hautsia natza (2000), nire orain arteko poema liburu bakarra".




© Mari Jose Olaziregi



Juan Luis Zabala Euskal Filologian lizentziaduna eta kazetaria da. 1986-1988 artean Andoaingo Zine eta Bideo Eskolako irakasle izan zen eta gaur egunean kulturako erredaktore dihardu Berria-n. Horretaz gain, aipagarriak dira hainbat aldizkaritan argitara eman dituen artikulu eta kolaborazioak, baita bere literatur ibilbidean lortutako sariak ere: Tene Mujika (1984, "Ene lagun zaharrari azken gutuna" ipuinarengatik); Resurrección María Azkue (1984, Zigarrokin ziztrin baten azken keak eleberriarengatik); Tene Mujika (1993, Sakoneta, narrazioarengatik); Felipe Arrese Beitia (1999, Hautsia natza poemarioarengatik). 1994an Rikardo Arregi Kazetaritza Saria eskuratu zuen Kroaziari buruz egin zituen erreportajeengatik.

Ahanzturaren artxipielagoa (1987) ipuin liburuan, bizitzaren alderdi absurdo eta hitsa hizpide duten bakarrizketak kausi ditzakegu. Xabier Nolotolon da bakarrizketa horietan mintzo zaigun pertsonaia, Zabalak prentsan egindako kolaboraziotan erabilitako goitizena eta geroko zenbait lanetan ere berriro agertuko dena. Ezkortasun bera aurkituko dugu Gertaerei begira (1988) ipuin liburuan ere; alabaina, oraingo honetan, zenbait berrikuntza formal agertzen dira, hala nola, narrazioa hirugarren pertsonan bideratzea eta estilo ia behavioristaren erabilera. Kritikak eta Zabalak berak ere azpimarratu egin zuten Wim Wendersen zinemaren edo Kafka zein Handke idazleen eragina obra honen unibertso literarioan. Denbora eta garai ezagunetan, gertuagokoetan kokatzen dira Sakoneta (1994) narrazio liburuko ipuinak. Mundu ero honetan bizitzeak sortzen dizkien atsekabearen eta gogaitasunaren kontakizunean murgiltzen dira liburuko narratzaileak.

Antzerako unibertso literarioa azaltzen dira Zabalaren lehen bi eleberrietan ere. Zigarrokin ziztrin baten azken keak (1985) gutun eleberria da, eta bertan Iverst irudizko herriko biztanle batek gutunak igortzen dizkio Marc Outryve izeneko ezezagun bati. Gutun bidezko harreman honek bi aldi ditu, eta 34 urteko tartea dago batetik bestera. Eleberria zientzian, aurrerabidean eta Jainkoarengan fedea galdu duen pertsonaia gaixo horren disekzio psikologikoa da. Estilo zuzenean dago idatzita, pertsonaiaren gaitzak aurrera egin ahala suntsituz doan prosan. Eleberriaren zehaztagabetasun topologikoa, nahiz gutun gurutzatze horretan antzeman dezakegun prosa itxuraz xumeak Kafkaren narrazioetako giro eta estiloa oroitaratzen digute.

Zabalaren bigarren eleberriak, Kaka esplikatzen (1989), izenburu probokatzailea du. Gutun moduan idatzitako heziketa eleberria dela esan genezake. Protagonistak, Xabier Nolotolonek, gutunak idazten dizkio hiru urtez bere berririk batere helarazi ez dion Virginiari. Testuan berriro azaltzen dira, aipatu pertsonaiaz gain, lehen eleberrian agertzen ziren leku fiktizio berberak: Iverst eta Sendler. Baina, gainera, eleberri honetan autorea mundu marjinal eta ia ezkutuko bat islatzen saiatu zen, irrati libreen eta punki edo komuna moduan bizi diren zenbait gazte talde marjinalen mundua, hain zuzen. Zabala berriro mintzatzen zaigu bakardadeaz, alienazioa gutxitzen laguntzen digun arteaz, maitasun zapuztuaz? Handkeren obran dagoen xehetasun sinbolikoa (ik. Das Gewicht der Welt/Munduaren pisua) edo Th. Bernharden unibertsoan beti presente dagoen etsipena dira, ostera ere, autorea limurtzen duten literatur ereduak.

Bere hurrengo eleberriak, Galdu arte (1997), Kritika Saria irabazi zuen 1997an. Lan hartan, Zabalak errotiko norabide aldaketa egin zuen, estetika errealista eta sozialagoetara hurbilduz. Bertan kontatzen dira gaztetxea topaleku nagusi duen koadrila baten gorabeherak. Autoreak hurbiletik ezagutu zituen giro horiek Azkoitia jaioterriko gaztetxea oso aktiboa izan baitzen 1984ko otsailaren 5ean (urte horietan kokatzen da istorioa) herriko zenbait gaztek okupatu zutenetik. Galdu arte eleberri egindako kronika da, 1980ko hamarkadan gaztetxeen inguruan bizimodu alternatiboak probatu eta militarismoa, droga eta balio finkatuen aurka borrokatu ziren euskal gazteen kronika. Halako taldeetan era guztietako ideologiak daude, punk nihilismoa edo ezkerreko abertzaletasuna, besteak beste. Eta punk mugimenduaz ari garenez, azpimarratu egin behar da musikak eleberri honetan duen garrantzia, eta La Polla Records, Eskorbuto edo RIP musika taldeen aipuek, besteak beste, mugimendu haren leloa dakarzkigute gogora: «Etorkizunik ez». Era honetan ikusita eta izenburuan iradokitzen den bezala, eleberria zenbait galtzaileren historia da, haien artean nabarmenena Shepe, pertsonaia «ilun, isil, lotsati, zakarra».

Agur, Euzkadi (2000) dugu, mementuz, Juan Luis Zabalaren azken eleberria. Hasieratik harritzen gaituen istorio bat kontatzen da bertan: demagun 1997ko ekainean gaudela eta bat-batean Estepan Urkiaga, "Lauaxeta", fusilatu zutenetik 60 urte paseak direnean, berpiztu egiten dela bizion mundura itzuliz. Bi hilabetera, Julen Lamarain, bizitzaz guztiz gogaituta dagoen 40 urteko kazetari banandua ezagutuko du, eta biek Euskal Herriko mendi eta haranetan barna bidaia bat egiten dute.

Julenek eta Lauaxetak zalantza asko dituzte argitzeko. Euskal Gudarosteko komandantea izan zen poetak «gerra irabazi ala galdu genuen» jakin nahi du, eta izugarri aldatu den Euskal Herriaren egungo errealitatea (politikoa, linguistikoa, kulturala...) ezagutu. Julenek, berriz, zentzu bat eman nahi dio bere bizitzari, eta misterioski azaltzen zaizkion mezuetan Marga izeneko neska batek egiten dion gonbidapenari jarraituz, iraganean bizitu ezin izan zituenak nolabait gauzatzen ahalegintzen da, baita gehien kezkatzen duten arazoez gogoeta egin ere: heriotza, abertzaletasuna, eta euskal kultura. Hainbat euskal literaturlan ezagunen aipamenek (Obabakoak, Azukrea belazeetan, Ene Jesus, Hamaika pauso...), edo euskal abertzaletasunari buruzko gogoetek eleberri interesgarri honen irakurketa aberasten dute.




Idazleari buruzko informazio gehiago:




© Argazkia: farlamentua.wordpress.com