ZALDUA, Iban

(Donostia, 1966)

"Historialaria naiz ikasketaz, eta, oraingoz behintzat, baita lanbidez ere: gaur egun ekonomi historiako eskolak ematen ditut, Gasteizen, bizi naizen hirian.

1989an argitaratu nuen lehen liburua, gaztelaniaz idatzia: Veinte cuentos cortitos. Ondoren etorri ziren euskaraz idatzitako Ipuin euskaldunak (1999, G. Markuletarekin batera), Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000), Traizioak (2001) eta, berriro ere, gaztelaniazko La isla de los antropólogos y otros relatos (2002), guztiak ipuin liburuak. Haur eta gazte literatura arloan Kea ur gainean lana kaleratu dut (2002), eta, ondoren, saiakera labur bat, Obabatiko tranbia. Zenbait gogoeta azken aldiko euskal literaturaz (1989-2001) (2002), euskaraz hauek ere.

Ipuinlaritzat daukat neure burua: ez dut esango nobelaren kontrakoa denik; bai, ordea, oso genero ezberdinak direla. Funtsean, ados nago John Cheever-ek esan zuenarekin: "Dentista baten itxarongelan, hagin bat ateratzeko zain zaudela zure buruari kontatzen diozun hori da ipuina edo narrazioa... Gure heriotzaren kontrako aginduaren esperoan pasatzen dugu denbora, eta nobela baterako denbora nahikorik ez duzunean, tira, hortxe dago ipuin laburra. Oso ziur nago: heriotzaren une zehatzean gure buruari ipuin bat kontatzen diogu, ez nobela bat".

Zaldua, I. "Biografia" in Olaziregi, M.J. (ed.), An Anthology of Basque Short Stories, Center for Basque Studies-University of Nev ada, Reno, 2004.


©Mari Jose Olaziregi




Iban Zaldua historialaria da eta gaur egun Ekonomiaren Historia irakasten du Euskal Herriko Unibertsitatean. Sei dira orain artean argitara eman dituen ipuin liburuak: Veinte cuentos cortitos (Gipuzkoako Foru Aldundia, 1989), Ipuin euskaldunak (Erein, 1999; Gerardo Markuletarekin batera), Gezurrak, gezurrak, gezurrak (Erein, 2000), Traizioak (Erein, 2001), La isla de los antropólogos y otros relatos (Lengua de Trapo, 2002), Itzalak (Erein, 2004) eta Etorkizuna (Erein, 2005). Horretaz gain, egunkari desberdinetako zutabegile izan da (Egunkaria, El País), eta hainbat kritika lan argitara eman ditu euskal aldizkarietan (Hegats, Jakin...). Kritika lan horietako batzuk Obabatiko tranbia (2002, Alberdania) eta Animalia disekatuak (Utriusque Vasconiae, 2005) liburuetan eman zituen argitara. Horiez gain, Si Sabino viviría (Lengua de Trapo, 2005) zientzia fikziozko eleberria idatzi du. Volgako Batelariak aldizkari elektronikoko erredakzio taldekoa ere bada.

Euskal ipuingile gutxi dira narrazio oso laburrei (mikroipuin ere deituak) Iban Zalduak bezain ongi neurria hartu dietenak. Borges-en edo Calvinoren joera metaliterarioa, edo Cortázarren fantasia asaldagarria dira, besteak beste, Zalduaren istorio zorrotz, ironiko eta umoretsuen abiapuntu. Eta topikoak apurtu nahi ditu egilearen begirada kritikoak, literaturari, bizitzari, euskal errealitateari... buruzko topikoak. Hortik, bere ipuin liburuek dituzten izenburu esanguratsuak (Gezurrak, gezurrak, gezurrak; Traizioak); hortik, egileak bere ipuinetan bilatzen duen ekonomia. Erregistro eta molde aberatsetan idazteko gai dela erakutsi digu Zalduak, hitz bakar bat ere soberan ez duten ipuinak antolatzen. Baina, batez ere, irakurlea hotz utziko ez duten ipuinak idatzi nahi dituela, ipuin asaldagarriak, J. Cheeverrek esandakoaren ildotik, horixe baita Zalduarentzat ipuina: heriotzaren une zehatzean geure buruari kontatzen dioguna.

Lehenengo ipuin liburuan, Ipuin euskaldunak izenekoan euskalduntasunaren gaineko ikuspuntu ironiko eta probokatzailea eskaini ziguten Markuletak eta Zalduak. Azalean datorren Arrueren Erromeria koadrotik hartutako irudiak argi uzten zigun hasieratik barruan zetorrena ezin zitekeela kostunbrismo berritu baten emaitza izan. Ipuin euskaldunak liburua ez baitago ipuin abertzalez osatua, gure gizartearen aniztasun eta konplexutasuna umorez eta tragedia zantzuz kontatu nahi duten istorioez baizik. Irakurleari irribarre bat baino gehiago eragingo dioten istorioak, eta bertan aipatzen diren egile nahiz testuengatik (Borges, Cortázar, Galeano, Monterroso, Calvino....) Zalduaren zaletasunez mintzo zaizkigunak.

Hurrengo liburua, Gezurrak, gezurrak, gezurrak, aurrerapauso interesgarria izan zen egilearen ibilbide literarioan. Sei ataletan (Simulakroak, Inbusteriak, Asmazioak, Iruzurrak, Ameskeriak eta Esamesak) banatutako 26 ipuin datoz bertan eta egileak berak aitortu zuen modura, J. Cortázar oso dago presente liburuan. Presente dago, errealitatea eta fikzioa bera gezur handi bat dela iradokitzen zaigulako, presente dago, halaber, itxuraz ulergarria eta behagarria dugun bizitzan pitzadurak sortu eta mugak auzitan jartzen ahalegintzen delako. Literatura fantastikoaren baliabide ugari erabiliz, liburuan badago iragan garaietara begiratzeko desira eta, hori onartuz, Zalduak Vila Matas edo Kunderarekin zituen zorrak aitortu zituen. Aurreko liburuan bezala, gaurko euskal errealitate mingarrira begiratzen du idazleak eta hain erdiragarria suertatzen den egoera hizpide hartuz, hausnarketarako tarteak ireki nahi ditu. Ipuin azpimarragarrien artean, Gérard Marchanekin hasi nahiko genuke, non protagonista-hiltzailea, E. A. Poek Gutun ebatsia-n irakatsitakoari jarraituz, bere saltokiaz baliatzen den bere biktimen gorpuak ezkutatzeko. Kontrolarena edo J.L.Borgesi egindako gorazarrea den Literatura eta iruzurra bezalako ipuin metaliterarioak azpimarratuko genituzke.

Traizioak liburuak 40 ipuin eskaintzen ditu, bost ataletan banatuak: traizioak errealismoari, iraultzari, memoriari, aberriari eta literaturari. Ipuin oso laburrak dira eta eguneroko bizitzatik abiatzen dira, erdi fikzio, erdi kronika diren narrazioak osatzeko. Kontuan hartzekoa da liburuko ipuin gehienak Egunkarian eta El Pais-en argitara emandako zutabeen garapen direla, eta horrek, edukia nahiz estiloa nolabait eragiten dituela. Gehienetan lehenengo pertsona narratiboa erabiliz, denbora jauziekin eta plano desberdinekin jolastuz, amaiera indartsuak aurkeztuz, elementu fantastikoak egunerokotasunean kokatuz (soldaduska, alkohola, drogak, arazo politikoa... bezalakoak aipatzen dira), errealitatea deritzogun horri begirada kritikoa botatzen dio egileak.

Itzalak (2004) ipuin liburuan areagotu egiten dira Zalduaren erregistro eta idazmolde aberatsak, eta errealitate deritzogun horretan etengabeko pitzadurak bilatzen ahalegintzen da egilea. Itzalaren gorazarre literarioa da liburuko 37 ipuinetan nagusitzen dena, eta gorazarre horretan, denboraren iragaite beldurgarria, edo ikusezina azaleratzen asmatzen duen artearen aldeko apustua nagusitzen dira. Itzalaren gorazarrea, beraz, metaliteraturaren baliabideak erabiliz, idazle nahiz literatur lan ezagunekin abiatzen den bidaia literario iradokitzailean.

Euskadi Saria eskuratu zuen 2006an Etorkizuna ipuin liburuarekin (gaztelaniaz: Porvenir, Lengua de Trapo, 2007). Denboraren inguruko hausnarketa da ipuin liburu honen giltzarri, eta hausnarketa horrek giza harremanen gaineko diagnosi ironiko eta eszeptikoa ematen digu, edo gure errealitate politikoaren kontraesanak azaleratzen. Erregistro desberdinak baliatuz (zientzia-fikzioa, saiakera, jolas literarioa...), ironia dosi handiak erabiliz, paradoxekin jolastuz, egunerokotasuna deritzogun horren alderdi ezkutuak, ez ohikoak, azaleratu dizkigu berriro egileak.




Idazleari buruzko informazio gehiago:




© Argazkia: donostiakultura.com

© Itzalak: Erein

© Ipuin euskaldunak: Erein

© Traizioak: Erein