ZUBIZARRETA, Patxi

(Ordizia, 1964)

Euskal Filologian lizentziaduna da, eta idazle moduan Haur eta Gazte Literatura landu du gehien bat. Bere obrengatik hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Xabier Lizardi saria (1991), Baporea saria (1993), Antonio Mª Labaien saria (1997), Euskadi saria (1997 eta 2006), zein Ignacio Aldecoa saria (2002).

Ametsetako mutila (Elkar, 1991) argitaratu zuenetik hona hogei liburutik gora kaleratu ditu Patxi Zubizarretak. Bere obretan ohiko gaiak, hala nola maitasuna -Emakume sugearen misterioa (Alberdania, 1993)- edo abentura -Jentzi (Erein, 1993), Gizon izandako mutila (Pamiela, 1997)-, zein gaur egungo gizartearekin lotura estua duten kontuak aurki daitezke: loditasunaren arazoa gaztetxoen ikuspuntutik -Matias Ploff-en erabakiak (Erein, 1992)-, pobrezia eta bazterketa -Ostiraleko opila (Elkar, 1998)-, indarkeria - Marrigorringoak hegan (Edebé, 1994)-, aita-semeen arteko harremana -1948ko uda (SM, 1994)-...

Iparraren eta Hegoaren -Mendebaldea eta Afrika- arteko harremanaren gaineko gogoetek toki garrantzitsua betetzen dute egile honen literatur sorkuntzan. Enara, zer berri? (Alberdania, 1996), Eztia eta ozpina (Alberdania, 1995) zein Usoa, hegan etorritako neskatoa (Erein, 1999) lanetan, esate baterako, lurralde batetik besterako emigrazioaren fenomenoa azaltzen zaigu. «Eztia eta ozpina, edo bizitzaren alde goxo eta mikatza azaltzen digun eleberrian Parisera joan nahi duen Selim marokiarraren istorioa dugu. Bidaian dituen abenturak, Esther, Gasteizko neska batekin duen maitasun kontua, heriotzaren hurbiltasuna? Labaien saria merezi izan zuen eleberri hau hiru ataletan banaturik dago, eta bakoitzak narratzaile eta estilo ezberdina ditu: Salimen istorioa kontatzen duen hirugarren pertsona, Estherren egunkaria eta aldizkari elkarrizketa bat, hain zuzen». (in Etxaniz Erle, Xabier; Lopez Gaseni, Manu. 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura, Pamiela, 2005).

Usoa, hegan etorritako neskatoa liburuan, berriz, «itxuraz sinplea, baina hizkera poetiko baten bidez gerraren drama, miseria eta adopzioa bezalako kontuak ikustarazten dizkigun ipuin honetan Afrikatik etorritako Usoa neskatoaren istorioa kontatzen zaigu testu labur baina tinko batean, hizkera, tonua eta irakurlearengan sortu nahi duen efektua ederki lortzen dituen testu batean; Teresa Durán kritikari katalanak komentatu zuen bezala, "literatura hutsa"» (in Etxaniz Erle, Xabier; Lopez Gaseni, Manu. Op. cit.). Usoa, hegan etorritako neskatoa zinemaratua izan zen, eta literaturan ere izan zuen jarraipenik, izan ere haren ostean Zubizarretak Usoa. Lehen kanpamendua (Erein, 2002), Usoa, zelatan (Erein, 2002), Usoa. Karpeta morea (Erein, 2003) eta Usoa. Bidaia kilikagarria (Erein, 2003) idazi zituen.

Bien bitartean, Gutun harrigarri bat (Elkar, 1992) eta Atlas sentimentala (Alberdania, 1998) liburuetan kultur aniztasunaren aldeko eta arrazakeriaren kontrako mezua helarazten du egileak. Atlas sentimentala-ri buruz hurrengoa idatzi dute Xabier Etxaniz Erlek eta Manu Lopez Gasenik: «Egunkari moduan idatzitako gazte eleberri honetan Atlas mendikatearen inguruan istripu bat izan eta, gurasoak mendira doazen bitartean, herri txiki batean geratzen den mutiko baten istorioa dugu. Arabiar gizartea, maitasuna, sexua, adiskidetasuna... aurkituz joango da herri horretan ematen dituen bost egunetan. Idazkera sinple eta landuaren bidez, genero eta errekurtso ezberdinak erabiliz, Zubizarretak mundu arabiarrean sartzen gaitu gazte baten bitartez. Atlas sentimentala euskal haur eta gazte literaturaren kalitatearen froga dugu?» (in Etxaniz Erle, Xabier; Lopez Gaseni, Manu. Op. cit.)

Egilearen beste obretako batzuk dira: Ipuinkaria (Pamiela, 1994), Biolin bat Maribeltxarentzat (Edebé-Giltza, 1995), *Mustloa naaaiz? (SM, 1996), Ilargia ditarean (Elkar, 1996), Sekretuen liburua (Alberdania, 1997), Midasen eraztuna (Erein, 1998), Joanaren erregin aulkia (Aizkorri, 1998), Elur beltza (Erein, 1999), Bakarrik eta Buztangabe / Tailless and All Alone (Baigorri, 2000), Magalik badaki (Anaya-Aritza, 2001), Musuka (SM, 2001), Marraztuidazu gutun bat (Desclée, 2001), Paularen zazpi gauak (Edebé-Giltza, 2002), Atxiki sekretua (Elkar, 2004), Bidaia kilikagarria (Erein, 2004), Zazpigarrena eta azkena* (Elkar, 2005).

2006an Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria jaso zuen gipuzkoarrak Pantaleon badoa (Pamiela, 2005) lanarekin.

Helduentzako narratibari dagokionez, bost nobela idatzi ditu Zubizarretak: Jesus, Marie ta Joxe (Erein, 1989) -honetan ere azaltzen zaigu Iparraren eta Hegoaren arteko hartu-emana-, Gabrielle (Erein, 1991), Jeans-ak hozkailuan (Alberdania, 2000), Barrikadak. Vigo-Hendaia espresa (Alberdania, 2003) eta Txantxa. Quick (Alberdania, 2003). Senarrarengandik banatzeko zorian den emakume batek Amerikako Estatu Batuetara egingo duen bidaiaren berri ematen du Jeans-ak hozkailuan eleberriak, emakumeak berak idatziko duen egunerokoaren bitartez. Barrikadak. Vigo-Hendaia espresa, berriz, 1980ko hamarkadaren hasierako negu batean kokaturik dago, agertoki nagusia, izenburuak berak adierazi bezala, Vigotik Hendaiara doan trena izanik. «Zubizarretak proposatu nahi digun bidaia ardazteko, bortz pertsonaia hautatu ditu, izan zitezkeen guztien artean: senarra utzi berri duen emakume galiziarra, bidaiariei ebastea ogibide duen alproja, goardia zibil aitatu berria, kale-borrokan dabilen gaztea eta alarguntsa zaharra, geltokira begiratzea denborapasa duena. Bakoitzak kapitulu bat osatzen du, eta talai hartatik bere barrunbearen berri ematen digu, bere bizia kontatzen, istorio (historia) handiagoaren atal. Elkarri txanda emanez, kontakizunak aitzina egiten du, idazleak irekia utzi nahi izan duen bukaeraraino. Batetik bertzerako zuloak betetzea irakurlearen lana da. Gisa hartara, baliabideen ekonomia izugarrian eta Antton Olariagaren marrazkiak lagundurik, Zubizarretak batzuen eta bertzeen barrikaden gainetik salto egiteko eta haratago zer dagoen ikusteko gonbit egiten dio irakurleari, tonu beltz eta gris ilunetako narrazio iradokitzaile honen bidez» (in Epaltza, Aingeru. "Gelditu ez den espresa", Nabarra, 2003-12).

Bien bitartean, Txantxa. Quick -ek bizi dugun aro teknologikoari so egiten dio. «Etxepare saria irabazitako nobela honetan, gizartean bezala, teknologia (telebista, Internet, zelatatze-kamerak...) ez da errealitatearen beste alderdi soil bat, ezpada errealitatean bertan, are espaziorik intimoenean (bikote-harremanean, demagun) esku hartzen duen eragile bat, errealitateaz dugun pertzepzioa baldintzatzen duena eta, finean, errealitatea deitzen dugun hori erabat itxuraldatzen duena, halako moldez non erreala eta fikzioa, benetakoa eta irudikatua difuminatu egiten diren, errealitate berri bati lekua egiteko. (...) Gaurkoak dira, halaber, errealitatea hautemateko bideen gaineko gogoeta eta kontaera bezala, protagonista diren pertsonaien kezkak, beldurrak, zalantzak, ia bakarrera bil daitezkeenak: bakardadea eta inkomunikazioa. Baina korala da eleberria -eta ziurrenik bere izaera koralak mugatzen ditu pertsonaia zenbait estereotipo lauak izatera ("txapel berdea", kasu)- eta askotarikoak, beraz, beldurra, bakardadea, ziurgabetasuna bizitzeko bideak. Marta eta Danielen arteko harremanaren bidez, guztia eskura duen klase ertain-altuko bikote egokituaren baitako inkomunikazioa eta beldurra arakatzen ditu Zubizarretak (nobelagile ingelesek hain ongi egiten duten disekzio horretara hurbilduz), baita segurtasun eza eta paranoia ere, zelatatze-aparailuek irudikatua. Pablo Jose eta Margaren artekoak, berriz, dimentsio soziala ematen dio eleberriaren gatazkari, etxebizitzaren gabezia eta gizarte diferentziak azaleratuz, eta Gabrielen bidez, berriz, zahartzaroko bakardadeaz mintzo zaigu idazlea» (in Egaña, Ibon. "Gaur. Gu", Berria, 2006-06-25).

Bestetik, narrazio liburu bi -Troiako zaldia (Arabako Foru Aldundia, 2003), Pospolo kaxa bat bezala (Pamiela, 2005)- eta disko-liburu bat -Urrezko giltza (Erein, 2005)- argitaratuak ditu Zubizarretak. Itzulpengintzan ere aritua da eta, besteak beste, euskarara ekarri ditu Mila gau eta bat gehiago (Erein, 2002), Nagib Mahfuz-en Mila eta bat gauen gauak (Txalaparta, 2006), David Cirici-ren Balearen eskeletoa (Elkar, 1992), Florence Verilhac-en Naturako mila txoko (Elkar, 1992) zein Alki Zai-ren Tigrea kristal atzean (Elkar, 1991).




Egileaz eta bere obraz informazio gehiago Internet-en:

Euskal Idazleen Elkartea

Galtzagorri Elkartea

Literaturaren Zubitegia

Alberdania argitaletxea

Elkar argitaletxea

Erein argitaletxea




© Argazkia: elkarlanean.com