ALONSO, Jon:
Camembert helburu

Prestaketak

(...)

Bederatziak eta laurdenetan autoan nintzen. Lau ordutan erraz iritsiko nintzela espero nuen, baina ez nuen berandu iritsi nahi, ezta larri eta estu ibili ere; ez nion Golfari gehiegi sakatu nahi, bai banituelako ordurako lau isun abiadura zela-eta. Denak errekurrituak, bai, eta sekula ordaindu ez nituenak, konforme; hala ere nekagarria eta nazkagarria da zure isunekin batera eta bestera joan behar izatea.

Ordu biak hogei gutxiagotan autoa garajean eta nire ekipajea gelan zen, eta ni Habana Hoteleko tabernan eseri berria nintzen. Martinia seltzarekin eta ginebra tanta batekin eskatu nuen. Ordu laurden hori ongi etorriko zitzaidan atmosfera hartan girotzeko, lau orduko bidaiaren ondoren lasaitu eta buruko ideiak ordenatzeko. Baita zera ere; zerbitzariak edaria eta kakahuete ebitaezinak ekarri orduko atzapar batek jo zidan bizkarrean. Imanol zen, bera ere zitalekura nahikoa goiz iritsirik. Poliki-poliki, eta Imanolekikoak bukatu aitzin, bilera hartara etorri behar zuten gainerakoak bertaratzen hasi ziren.

Lehena berrogei urte inguruko kaskazuri bat zen, "Fuentes jauna, kontratista" Imanolek esan zuenaren arabera. Zertarako uka, Imanolek eta biok elkar ongi ezagutzen dugu, eta aurkezterakoan egin zituen keinuak zein solasera jaulki esamolde bitxi batzuek mezu jakin bat iritsarazi zidaten. Argensolaren eraginpean nengoelarik oraino, Imanolek helaraziriko mezua hagitz nire gisara interpretatu nuen: "Hau ez da Fuentes, ezta kontratista ere". Konforme, pentsatu nuen. Auskalo nor den Fuentes hau. Oso ohikoa da honelakoetan bat edo batek, edo batzuek, edo denek, nortasun faltsuak erabiltzea. Imanolek informazio hori niri emateko detailea eduki zuela, bakarrik. Dena den, tonuagatik eta ibiltzen zituen moduengatik, garbi adierazten zidan Imanolek Fuentes delako hura nik amultsu, poliki eta goxo tratatzea nahi zuela. Edateko beste zer edo zer gehiago, Imanol, esan nion orduan bestela bezala, besteak ikus zezan mezua harrapatu nuela. Ez, ez, ongi nago, erantzun zidan Imanolek, dena ulertuta esan nahi zuen aurpegia jarriz. Fuentes edo dena delako horri berdin zitzaizkion gure arteko jokoak. Zena zelarik ere seguru ari zen, kezka handirik gabe. Oso modu heziak eta txeratsuak erabiltzen zituen, ikusten zitzaion ohituta zegoela jendaurrean ibiltzen, jendea eroso sentiarazten. Eskola bazuen. Kasu, pentsatu nuen, hau ez da arropa zuzena, hau amuarraina baino labainkorragoa da. Sentsazioa areagotu egiten zitzaidan iruditzen zitzaidalako Fuentes kaskazuria aurretik inon ikusia banuela. Eta, egia esatera, nik ez dut kontratista askorik ezagutzen. Nire espezialitatea ez delako, batez ere.

Fuentesek ustekabean harrapatu ninduen galdera egin zidan, frantsesez ba al dakizu?, horixe galdetu zidan. Egia esan, orduan ez nekien asko-askorik; nire mailaren berri, labur eta zehatz, nola eman hausnartu ondoren, zerbait esaten hasi nintzela azken bi gonbidatuak azaldu ziren. Berrogei eta koska dituen tipo luze eta argala eta hogeita hamar inguruko neska ilehoria, Belmondorekin erresistentziari buruzko pelikula bat egitetik etorri berri izateko itxura guztiarekin, bizikleta eta kapelua edo boneta falta bazituen ere. Arraioa, afera interesgarri jartzen ari da, esan nuen nire kautan. Monsieur Carreaux, Madame Lasalle, jakinarazi zidaten. Agur dorpeak trukatu genituen, Carreauxek eskuak astinduz, eta denok elkarren hizkuntza ez jakitea deitoratuz, haiek espainol kaskarrean, Imanolek eta biok frantses lotsagarrian. Neskak burua mugitu zuen, eta hori izan zen dena. Goazen bazkaltzera, esan zuen norbaitek.

Fuentesek eraman zuen elkarrizketaren nondik norakoa. Bera zen frantsesez hobekien mintzo zena, eta, bestalde, bistan zen kontua aurretik hitz eginda zeukatela. Carreaux jauna eta Lasalle andrearen interesak ordezkatzen ditut, edo horrelako zer edo zer esan zuen. Neskak, Lasallek alegia, apur bat egiten zuen gazteleraz. Fuentes hariari lotu zitzaion berehala.

Henri Toulouse-Lautrec margolari frantziarra ezagutzen al duzu? Horixe galdetu zidan.


Camembert-en lehen berria

Bazkariak iraun bitartean, Fuentes izan zen gehien mintzatu zena. Imanolek ez zuen ia ezer esan. Berehala ulertu nuen haren eginbeharra ni mahai hartara eramatea baizik ez zela izan. Esan zidatenez, Carreaux, Yves Carreaux, arte-bildumagilea zen, eta arte-saltzailea ere bai, bazeukan galeria bat Parisen. Margot Lasalle bere idazkaria zen. Carreauxek ez zuen ia gazteleraz egiten, eta zerbait esan behar zuenean Lasalleri edo Fuentesi, Lasalleri batez ere, mintzatzen zitzaion, eta gero bi hauetako batek niri jakinarazi. Frantsesez gutxi jakinagatik neronek ere nahikotxo ulertzen nuen haien itzulpenik gabe.

Kontua zen Carreauxek Toulouse-Lautrecen koadro bati buruzko informazioa nahi zuela. Natura hila Camembert-platera, edalontzia eta labanarekin izenekoari buruzkoa. Koadroaren historia oso bitxia omen zen: desagertuta omen zegoen. Hau da, desagertuta zegoen, baldin eta margolariak inoiz margotu bazuen. Gauza nahiko nahaspilatua iruditu zitzaidan. Eta batez ere, nire ahalbideetatik kanpo. Oker ez banago, esan nien, eskatzen ari zaretena Lautrecen obra ezagutzen duen batek erantzuten ahal dizue hobekien. Dudarik gabe aditu asko izango da munduan barna. Elkarri begiratu zioten ezer esateke. Dudarik gabe, bai... baina asunto delikatua zen. Delikatua? Noraino delikatua? Carreauxek uste zuen bazekiela koadroa non zegoen. Esaiezu agintariei, emaiozu horren berri Albiko Museoko zuzendariari, nik. Bai, berak, baina koadroa egiazkoa al da? Hau da, ez al da faltsifikazioa? Izango dira Lautrecen obraren egiazkotasuna ziurtatzen duten adituak, ezta?, ostera berriz nik.

Fuentes mintzatu zen orduan. Oso hitz egokiekin eta nik sekula lortuko ez nuen dotorezia eta fintasunarekin jakinarazi zidan Carreaux jaunak eduki zezakeela, zilegitasun osoarekin, bestalde, interes ekonomikorik aurkikuntza hartan, eta interes horrek eskatzen zituela, aldi berean, zenbait informazio eskuratzea eta erabateko diskrezioa. Informazioa bermatuta zegoen adituei edo eta margolariaren oroimenaren zaindariei eskatuz gero, ez ordea diskrezioa; eta berria zabaltzeak, hain zuzen ere, kaltetu litzake Carreaux jaunaren interes ekonomiko guztiz errespetagarri eta zilegi horiek.

Nik orduan jar nezakeen azkeneko zalantza jarri nuen mahai gainean. Oso zentzuzkoa, oso begi-bistakoa: ez al zegoen Frantzian, den handiarekin, nik egin behar nuena egingo lukeenik? Imanol, bere esku propioez zintzurra estutuko zidala adierazten ari zitzaidan begiradaz.

Orduan mintzatu zen Margot Lasalle. Suabe, poliki, frantses azentu handiarekin, artikuluak eta jeneroak delizioski nahastuz. Agian Enekoitz Ramirez jauna lanpetuta zebilen. Agian horregatik ez zuen eskaintzen ari zitzaion lana hartu nahi. Agian Ramirez jaunak ez zuen sobera ongi ulertzen zer zen beragandik espero zena. Bera, Margot bera arduratuko zen Yves Carreaux eta bion arteko harremanez eta kontaktuez, ez baitzen komeni inork gu biok, Carreaux eta ni, alegia, lotzerik. Bera izango zen kontaktua. Tinko begiratu zidan eta begiei dir-dir burlatia ihes egin zien. Luze gabe ezabatu zuena, nahiz ni konturatzeko adina denbora iraun. Neurtuko al zituen beti hain ongi bere adierazpenak?

Konforme, esan nuen, pixka batean marrantaka egin eta gero. Baina garbi gera bedi ni profesional serioa naizela; hitzartu duguna beteko dut, haatik beste hainbeste espero dut zeuengandik. Bestela gure harremana ziplo hautsiko da.

Bilera desegin zen. Imanol eta biok hoteleko tabernan eseri ginen, malta bana eskuan. Uste nian ezetz esango huela, babo horrek, esaten zidan Imanolek, ezetz esan bahu seko utziko hindukedan bertan, mozolo halakoa. Zer saltsatan sartu nauk, nik. Lasai, motel, Fuentes puntu izugarri interesgarria duk, fidatzekoa duk, emango dik zer irabazia. Baina zer kristorekin zebiltzak, nik berriro. Puta ideiarik ez.

Halakoxeak dira kontuak gure negozioan, batzuetan. Imanol kabroiak ez omen zekien ezer. Frantsesek Fuentes bilatuko zuten eta zerbait eskatuko. Fuentesek Imanol, eta Imanolek, dudarik gabe Fuentesekin zorretan egongo zena -mesede-zorretan bederen-, ni. Eta kabroiak onartzen zuen ez zekiela zertaz ari ziren, puta ideiarik ere ez zuela. Biaje ederra dik Margot horrek, e?, esaten zidan Imanolek, animatu nahian edo. Idazkaria, hi, idazkaria. Gutxienez ez dik esan bere iloba denik. Ez haiz kexatuko, orain lankidea badaukak.

Ikusten nituen Imanolen asmoak, eta ikusten nuen berarekin egon nahi izateko arrazoi bakarra edukitzen ahal nuela, hots, informazio gehiago ateratzea. Eta arrazoi hori ere ez zegoela, ezer ere ez zekienez. Hortaz, gauza gehiago nahasi baino lehen esan nion nik Bernabeura joateko asmoa nuela, eta gero lotara. Imanoli ez zaio futbola batere gustatzen; gauza segurua da Madrilen mila bider egonagatik ez duela Bernabeu ezagutzen. Horrekin gainetik kenduko nuela uste nuen. Bai, to. Zera, esan zuen, hemen al daukak gela? Nik ere bai. Konforme. Lagunduko haut Bernabeura. Ez duk sinetsiko, mila bider egona nauk Madrilen eta ez diat Bernabeu behin ere zapaldu.

Batzuetan horrelakoak gertatzen dira. Imanol zenbait ordutan ez nuela gainetik kenduko gauza segurua zenez, gutxienez informazioa ateratzen saiatuko nintzen. Nor da Fuentes, zein da bere egiazko izena, nortzuk dira frantsesak, zer da benetan nahi dutena. Hik uste duk normala dela inork ni orain Frantziara bekario bat banintz bezala bidaltzea? Zer, pistola sartuko diat maletan, edo ez?

Imanolek barrez hartu zuen nire purrustada. Joņo, pistola? Zer, muniparena? Oraindik gordetzen al duk? Ez, ez, ez, ez duk pistola eraman beharrik, Fuentesek zin egin zidak gauza ez dela pistola eramateko modukoa, frantsesek poliki-poliki jarriko haute jakinaren gainean, ikusiko duk, nik ez zekiat ezer baina fio nauk, kontua delikatua omen duk eta oraingoz egin ezak agindu diatena. Zer, ez duk ezer ere sinetsi, ezta?

Hortik aurrera ez nion gauza handirik atera. Ezta Fuentes hura benetan nor zen ere. Ez, ez diat fitsik ere sinetsi, ez nauk atzo jaio. Nik ere ez, aitortu zidan azkenik Imanolek, baina zer nahi duk esatea, halakoxea duk bizitza: beirazak, hik eskumuturrean daramaan eta hain harro erakusten duan erlojua. Callao plazako edozein moruk saltzen dik bat mila pezetatan; erloju hori ez duk urrezkoa, ezta Rolex ere. Ezta erlojua ere, larritzen banauk.

Arraioa, atera zitzaidan, Imanol, hik ere Argensola leitzen al duk? Ez zuen ulertu. Zer?, galdetu zuen. Hi ere faltsua dela konturatu ote haizen. Jakina, ba, jakina. Orduan goazemak Bernabeu aldera.


Š Alonso, Jon. Camembert helburu, Susa, 1998.