ANSELMI, Luigi:
Hainbat poema

Lehorrean ere saltoka dabiltzan gizurde negartiak
Basamortuan galdurikako kalatxoriak
Bele zuri eta uso beltzak
Eguerdian ere izekitzen diren ipurtargiak
Errautsez egindako hegalak dituzten tximeletak
Inoiz inguma bihurtuko ez den har dohakabea
Amaraunean patxadaz lo datzan euli tentela
Izar bat bailitzan zoko ilunetako gau etengabeak
argitzen dituen armiarma bakartia
Ardi krudel eta otso apalak
Denok batera osatzen dute
ene ametsetako zoo ilogikoa...

© Anselmi, Luigi. Zoo ilogikoa, Pamiela, Iruñea, 1985



Gustatuko zitzaidakeen
ateak itxi gabe
bizitzea.
Nire etxean zehar
lagunen joan-etorriak
ikustea.

Gustatuko zitzaidakeen
ormarik gabeko etxe bat
eraikitzea.
Eguzki argitan
ene liburuak irakurtzea.
Eta lokartzerakoan
ardien ordez
izarrak zenbatzea.

Baina nire atea
irekita utzi nuen
eta lapurrak sartu zitzaizkidan
altxorrak ohostera.

Etxeari ormak kendu nizkion
eta sabaia erori zen
gauza guztiak zapalduz.

Horregatik
nahiz eta
leku guztietako lagunak maite.

Nahiz eta ene auzokoen hizkuntzak jakin. Nahiz eta betidanik gerla arras gorroto, ez ditut nire herriaren mugak ezabatuko.

© Anselmi, Luigi. Zoo ilogikoa, Pamiela, Iruñea, 1985



Ez zoaz gaur
bakardadearen mugak
ezabatzen dituen
gau honetan...
Ez zoaz gaur...
Itxura egin dezagun
ez ditugula izarrak ikusi;
itxi ditzagun begiak
ortzeari so
eguzkiak itsutu izan bagintu bezala;
gera gaitezen elkarren ondoan.
Goizaldean konturatuko gara
ilargia
gure irrifarraren islada
zeruko ispiluan
besterik ez zela...

© Anselmi, Luigi. Zoo ilogikoa, Pamiela, Iruñea, 1985



Desiriko alegiak

Lipu ankerra dugu hiria, zenbatu ezinezko
erro beltzez horniturik; labirinto korapilatsua
zeinen elkar-gurutzatutako karrikek esteka-
tzen bait gaituzte eguneroko betebeharrei.

Baina labirinto guztiek irteera dute non-
bait, baita Theseo-ri bezala hura aurkitzen
lagun diezagukeen Ariadna amoltsua ere.

Hiriak duen irteera bakarra gaua da, eta
bertatik deserri edo hobeki esan, desirirantz
egiten dugu ihes...

© Anselmi, Luigi. Desiriko alegiak, Pamiela, Iruñea, 1988



Hiri labirintoan
barneratu zenean
eskuetan zekartzan
lore buketa ederrak
zimeldu zitzaizkion
udaberriari.
Zoldutako zauri bat
zirudien ibaiak.
Uso luma uherrak
ez ziren nabarmentzen
harri lohien gainean.
Eta udaberria
noraezean zebilen
kale grisetan zehar,
kale buruak oro
horma grisak bait ziren.
Pixkanaka handituz
zihoan zulo beltz bat
ageri egin zitzaion
supituki aurrean.
"Ez ote da hau izango
libertatera eraman
nazakeen tunela?"
pentsatu zuen bedatsak
bertatik sartzen zela...
Gaua zen zulo hura,
eta azkenik irentsi
zuen hiria bera...

© Anselmi, Luigi. Desiriko alegiak, Pamiela, Iruñea, 1988



Arnoaren goxoa

Minister Vetulli puer Falerni
inger mi calices amariores
ut lex Postumiae iubet magistrae
ebrioso acino ebriosioris.
at vos quo lubet hinc abite, lymphae,
vini pernicies, et ad severos
migrate, hic merus est Thyonianus.

Cat., XXVII

Arnoketa nenbilela
zu aurkitu zintudan.
Geroztik zure ezpainetan
Oi, zenbat edan dudan!

Berorik haundienean
ta elurraren hozkuran
zuk hiltzen duzu barnean
kiskaltzen nauen sua.

Osorik badut gibela,
bihotza, aldiz, hil hurran.
Egarri naiz taigabean
bai neguan, bai udan.

Taigabean zara egarri
zu ere nere gisa.
Ene soina duzu, haatik,
arno bete tirrisa.

Harat-hunat elkarreki
albo-alboka gabiltza,
muina batak bertzeari
edateko irritsan.

Gau eta egun horditurik
demagu orain bizitza
edan ta edan, biharamunik
nehoiz hel ez dadintzat.

© Anselmi, Luigi. Bacchabunda. Catulus-en omenez, Pamiela, Iruñea, 1992



(...) unguentum dabo, quod meae puellae
donarunt Veneres Cupidenesque,
quod tu cum olfacies, deos rogabis
totum ut te faciant, Fabulle, nasum

Cat., XIII

Bart gure ohantzean
neu bakarrik etzanda,
elkarrekin izan gineneko
lurrin gozo zaharra
usnatu ahal ukan dut.
Eta nostalgiak janda,
loak eraman nau
iadanik, hain segur,
ahantzi dukezun
zeure ametseraino.
Eta elkarrekin
izan gara berriro,
harik eta
lehen zoriontasuna
iragartzen zuen
oilariteak
gupida gabe
bakardadera berriz
ekarri nauen artio.
Eta begietan negarra,
oroiminez,
idazten hasi naiz,
egun batez, agian,
deusik ezin konpreni
lezakeen bihotzik gabeko
arrotz baten begiek
-barea bezain hotz-
erabat lingirdatuko dituzten
bertsook...

© Anselmi, Luigi. Bacchabunda. Catulus-en omenez, Pamiela, Iruñea, 1992



Apaltasunaren gorespena

Baina bizitza
parentesi bat
baldin bada
eterniatearen erdian,
zer axola guri
barneko hitz bakanak
letra xehez ala larriz
idatzirik egotea?

Ezdeusetarik gatoz
eta, luze gabe,
bertara itzuliren,
zirkulu tipi hau
ixten denean...

© Anselmi, Luigi. Gure ametsen gerizan, Pamiela, Iruñea, 2000



Geroa

Erreka uherraren
mirail kraskatuan
garabi handi baten
irudi dardartia.

Haren ondoan,
aspaldidanik
jendeak hustu lantegi
zahar isila.

Arrautza oskol pitzatua.

Handik ez zen
espero genuen
txita sortu,

denborak herdoilduriko
hegazti hil hau baizik...

© Anselmi, Luigi. Gau ertzekoak, Pamiela, Iruñea, 2004



Antartida

Iraganeko kontinente sendo hura
ahanzturan hondoratu zen
ozeano ilun batean
bezala.

Gaur uharte sakabanatu batzuk
baino ez dira ageri itsas gainean,
irla bakan batzuk bizirik oraindik.

Haien gerri meheak
nostalgiaren aparrak
errime estutzen ditu.

© Anselmi, Luigi. Gau ertzekoak, Pamiela, Iruñea, 2004



Gizakia munduaz
Nagusituz geroztik
Mende bakan batzuk
Baizik ez dira iragan eta
Gure izar beltz hau
Ortze urdineko
Zabortegi gaitzean
Datza ahantzirik
Txoko ilun batean,
Pandoraren kutxatila zikin
Eta hautsia bailitzan.
Estalkirik gabeko
Kutxatila zahar,
Zuloz betea,
Non deus ez den
Engoitik geratzen,
Ezta esperantzarik ere...

© Anselmi, Luigi. Gau ertzekoak, Pamiela, Iruñea, 2004



Bakea

Egun batez, menturaz,
Dabiden izarra iraungitakoan,
Edota haur baten lapitzek bezala,
bere erpin zorrotzek
supituki punta
gal dezatenean...

(Edo, agian, esan beharko nuke
banderen zeru koloreanitzetan
harrotasunez dabiltzan
argizagi faltsu andanak
amatatzen direnean?)

Bere karabana isilean, ilgora
gauaren basamortu
ankerraren beste aldera iritsi eta,
azukre koxkor bat bezain eztiki
goiz argi urdinean
urtzen denean.

Gurutzea eta urkamendiak oro
suak, azkenik, kiskaliko dituen egunean.

© Anselmi, Luigi. Gau ertzekoak, Pamiela, Iruñea, 2004



Eta guhaur ere denbora baino lehen
sortu izan bagina,
hilbeltzean,
elurrak bet-betan gibelerat dagielarik,
loratzen den Japoniako kamelia
-arantzarik gabeko
arrosa perfekt-
horren gisara?

Ezen negu gorrian ere
badabil nehoiz haize hegoa,
eta haren ezpain amultsuek
antzina, omen,
Parabisuko sugeak
xuxurlatu ele eztiak
behin eta berriz
arrapikatzen dituzte.

© Anselmi, Luigi. Gau ertzekoak, Pamiela, Iruñea, 2004



Nola alderatu geure burua
Ulisesekin?
Bai, geu ere ibiltzen gara
bidea galdurik, noraezean,
baina abiatu gineneko portu zaharraz
oroitzerik ez dugu jadanik.
Gure buru ustez argi eta jantziaren
zalantzazko dohainek
ez zuten inorentzat hiririk gal edo irabazi
eta gure koldarkeriaren lemari
irmo eutsirik, aitzina goaz maltsoki,
bidean agertzen zaizkigun
Ziklope eta Ondinak
nekez txuliaturik...

Ithaka non den ez dakigu
ezta azken uharte horretara
noiz helduko garen ere.
Aitzitik, denok jakina da
moila goibel horietan ia inork ez duela
bere txalupa sekula lotu nahi.

Badakigu, ordea, ezinbesteko dena.

Zorionez itsaso zakarrak
ustekabeko irlak ere
gorde ohi ditu bere baitan,
eta bertara, aldizka,
bere probisio eskasak
partitzeko asmoz,
gulako naufrago zenbait biltzen dira.
Orduan zorroetatik
ateratzen dituzte
oroitzapen lainotsuak
eta elkar aditzezko irri alaiak,
luze gabe ahantziko direnak,
behin batel hauskorretara berriro itzulita,
amets eta nostalgien laino lodian
bilduriko etorkizun zalantzagarrian barna
abiatzen direnean.

© Anselmi, Luigi. Gau ertzekoak, Pamiela, Iruñea, 2004



Zahartzaroa

Zahartzaroko gauzarik okerrena ez dira zimurrak,
hortz-hagin lokak, memoria pitzatua
-edo alderantziz, berdin da-
ezta usu goiz alba hezeetan hartu ohi gaituen
hezur-min hori ere.

Zahartzaroak duen gauzarik okerrena ez da barrenak
marruskatzen dizkigun oroitmina
edota herioa, beti ere zehazkiago
gure aldera destatzen ari.

Eta are gutiago kale kantoian
eskean umilki dabiltzan
begi tristeei
bost xentimoko irriñoa ere
errefusatzen dieten
bisaia gazte harroak.

Hori guzi hori txarra izanik ere,
deus ez da jainkoen mesprezu ankerra
baino txarragoa...

Zergatik ahantziko ote zuten,
iratzargailu hondatu baten gisan,
zegokien orduan gu deitzea?

© Anselmi, Luigi. Gau ertzekoak, Pamiela, Iruñea, 2004



Olerkaria eta euria

Olerkaria
ele zaharretara
itzultzen da gau oro
euria
hiriko karrika idorretara
berriro jiten ohi den gisara.
Masaila latz hauskarak
xukatu eta leunduz;
eta denborak ebatzi leinurua
bihurtzen die harri zaharrei,
antzinako soinu apalaren
eztiarekin batera.

Zola hezearen ispilu beltzean
hildakoen begitarte lausotuak
eta ametsak
-oroimenaren
ganbera xume zahar hartan
metaturiko jostailu hautsiak-
dabiltza igerian
eta haren aitzinean
paratzen da laburzki olerkaria
iragan minez bere buruari beha
eta erhi dardartiekin
debaldetan entseiatzen da,
amiñi bat bederen,
bere arimako tximen apaintzera.

© Anselmi, Luigi. Gau ertzekoak, Pamiela, Iruñea, 2004



Fugit irreparabile tempus...

eta gibelean

atsedena ala orhoit-mina,

bertze oin-hatzik ez.


Uda hil zorian da eta gu

(enara egal-gabetuak)

etxera itzultzen ari,

kabi zahar,

unagarrietarat.

Larrazkena

kraskan hasia zauku

jada

zangopean,

ogi egin berriaren

azala iduri.


Haixeak hegan eraman

xingola beltz-xuri

baten gisan,

errepidea

mendi izurtuei itzuri dabil;

itzuri, halaber,

arno lodia balitz bezala,

tximiniako kea

zeruko godalet eskergan

tai gabean isurtzen duten

etxe xuriei,

harik eta, mukuru beterik,

untziak tantaka

gainez egin arte?


Eta erloju zahar

baten pendulu

dorpearen antzora,

haizeetako-garbigailua

emaro eta zakarki

entseiatzen da

geroko lainoen

zilatzerat.

© Anselmi, Luigi. Gau ertzekoak, Pamiela, Iruñea, 2004



Bakardadea

Bakardadearen erdiesteko

irrika bizian gara

eta jainkosa eder,

itsugarri bat bailitzan

adoratzen ohi dugu

haren erabateko agertze izugarria

ezin jasanezkoa izanen dugula

jakinda ere.

© Anselmi, Luigi. Gau ertzekoak, Pamiela, Iruñea, 2004



Cesare Pavese

Klar eta hutsik
iragaiten ditun goizak. Hala
zabaltzen zitunan behiala
hire begiak. Luze zihoanan
goiza, higiezinezko
argi-zirimola bailitzan. Isilik.
Isilik heu ere, bizirik. Gauzak
hire begien azpian bizi zitunan
(penarik ez, sukarrik ez, itzalik ez)
nola itsaso garbi bat goiz alba sortu berrian.

Hi haizen tokian, ene argi hori, goiza dun.
Heu haiz bizitza eta gauzak.
Hire baitan hartzen genuen hats atzarririk
oraino gure baitan dirauen zeruaren azpian.
Penarik ez, sukarrik ez orduan,
ez eta egun jendetsu eta ezberdinaren itzal pisu hau ere.
Oi argi, urrutiko klartasun horrek,
hats-hanturan, helaraz iezazkigun
hire begi klar higiezinak.
Ilun eta goibela hire begietako
argi gaberik iragaiten den goiza.

© Anselmi, Luigi. Bertzerenak, Pamiela, Iruñea, 2006



Fernando Pessoa

EGUBERRIA

Jainko bat sortu da. Bertze zonbait hiltzen ari. Egia
ez zen jin, ez joan: errorea aldatu zen.
Orain bertze Eternitate bat dugu
eta jadanik gertaturikoa hobe izan zen beti.

Itsuturik, Zientziak lur alferra lantzen du.
Eroturik, Fedeak bere gurtzaren ametsa bizi.
Jainko berri bat ez da deus, hitz soila baizik.
Ez xerka, ez sinets: oro baita gorderik.

© Anselmi, Luigi. Bertzerenak, Pamiela, Iruñea, 2006