ARISTI, Pako:
Auto-stopeko ipuinak

Non dira kotxeko giltzak

Gillermo zaharrak atera zuen Jenaro Romara gizarajoa haitz artetik, uhinen joan etorrian, burua odoldurik eta besoak indargeturik, hesola hautsiak ziruditela, itotzera zihoanean. Gillermo txibiak harrapatzen ari zen bere txalupan, Getariatik Zumaia artean, kostatik oso urrun joan gabe. Kaminoan sortutako txinparta baten distirak betertza urratu zion, eta hara begiratu zuenean, auto baten hegada laburrak jan zion arreta osoa. Petrila aurrean harturik, haitzen gainera erori zen autoa, inork itxi ezin duen eskusoinua bezala geldituz. Bizkarrezurra zeharkatu zion arrantzale zaharrari kolpe lehor eta metalikoak sortutako hotzikarak.

Jenaro Romara idazle italiar bat da, haurrentzako liburuak idazten dituena. Guk ez ditugu, noski, bere liburuak ezagtzen, baina bereak izan behar ditu gutxienez Italian irakurtzen dakiten muturzikinen bihotz guztiak, itxuraz beste ezer egin gabe bizitzeko ematen baitiote irabaziek. Alderik badago Jenarori edo guri begiratu, guk eguna burdin okerrak zuzentzen eta forma ematen pasatzen dugu bizitzak jende egoskorra zentzatzen duen bezala. Jenaro Getariara etorri zenetik sei hilabete izango dira, haseran denen moduan oporren aitzakiaz, eta gero, aberats edo gibelandi bakan batzuen gisan, bertan gelditzeko beste benefiziorik gabe.

Hiru hipotesi zabaldu ziren haren erabakiari zentzua emateko, jendeak ziurtatu zuenean Jenaro Romararen pausoek ez zutela jarraitu inoren dei edo gonbiterik. Hipotesi onak zera zioen: bere istorioentzako kokagune berrien bila, gure lurraz idaztera heldu zen. Hipotesi txarrak beste zera: bere iraganak zerbait ilun eta aitortezina gordetzen zuen eta, espazio aldaketak denboraren memoria irauli eta ezabatu dezakeenaren uste inozoak gidaturik, bizitza berreraikitzera etorri zen. Etxekoandre erromantikoek bitarteko hipotesi bat asmatu zuten: amodio eder baten porrota ahanztera iritsi zen.

Istripuarekin berritu egin ziren hipotesiei buruzko eztabaidak, eta bakoitzak bere teoria azpimarratzera zetorren frogatzat hartu zuen Jenaro Romararen kankateko latza. Argibide onaren sinestedunek istripu zorigaiztokoa izan zela uste zuten. Iragan beltzaren salatariek ez zeukaten zalantzarik idazleak bere burua propio bota zuenaz arroken kontra, oroimenaren aldizkako agerpenek ez ziotelako bizitzen uzten. Etxekoandreak izan ziren Jenaro Romararen osasun egoeraz gehen eta serioen kezkatu zirenak, edozein kasutan zelarik ere, istripuarenean edo suizidioarenean, laguntza beharko zuela-eta.

Jenaro Romara bizirik atera zen, eta medikuei bere gorputz maskarraren sendaketak hartutako ia denbora berdina joan zitzaigun Renault 21-aren konponketan, burdinak eta haragiak konpenetrazio sakon baten harira sentipen paralelo bat lortu balute bezala, nola minbera lekuetan hala sendatze ahalmenean.

Txasisa okertu zitzaion autoari, mangeta bat izorratu, llanta bat lehertu, erradiadorea zulatu, aletak porru egin, direkzioko kremailera hautsi eta parabriseko nahiz aldamenetako kristalak zirtzildu. Aurrealde osoa desmontaturik, motorra kenduta, amortiguadoreak, mangetak, frenoak eta dena, karrozeria libre utzi ondoren ekarri ziguten autoa, Jenaro Romara UVItik gela normalera jaitsi zuten egun berean. Karrozeria lan handia zeukan autoak; motorrak min gutxi hartu zuen. Bankadan jarri genuen, eta herraminta horrek ematen duen neurrian burdin oker eta zimurrak noraino ekarri behar ziren ikusirik, burdina sopleteaz berotu eta hogei zentimetro luzatu genuen.

Jenaro Romararen gorputzak aldiz, jauziaren itxura bateko grabitate eta larritasun susmoak baliogabetuz, ez zeukan ezer, baina burua ez zebilkion ondo. Koordinazioa galdu eta pieza baten indarra eta bultzada bestearengana iristen ez den motor baten parte balira bezala, haren adimeneko atalak bere kasa eta solte zebiltzan arrainak ziren idazlearen buruko pezeran, ahanzturarik itsuenaren olio lodian: amnesia totalak desgobernatzen zuen haren izakera.

Ondo sentitzen zen, indartsu, baina ezin zuen gogoratu non bizi zen, hospitaletik kanpo ez zekien nora joan. Gillermo zaharraren bisita bukatu zenean, antzerki bateko partaideak iruditu zitzaizkion bere inguruko denak, medikuak, alboko gaisoak, arrantzale irten berria, eta baita Italiatik heldu eta bere emazte ohia zela zioen emakumea ere. Bakoitzak bere testua eta jarri beharreko aurpegiera ondo ikasiak zituen, Jenaro Romara eroetxera sartu eta denak bere dirutzaren partaide izanik amaitzen zen obra ongi antzezteko. Jenaro Romara izena ere ez al zen gidoiaren beste trikimaina bat? Eta zenbat diru zeukan? Momentuz ez zuen kontu korrontearen azken laburpenik gogoratzen.

Txasisa bere neurrietara ekarri ondoren, autoa garajera itzuli genuen grua batez, berriro motorra munta ziezaioten. Hiruzpalau gizonezkoetatik aparte inor gutxi etorri zen Italiatik idazlearen laguntzan, baina Jenaro Romarak inor errekonozitu gabe jarraitzen zuen. Alderantziz, are urduriago jartzen zen bisitaldi berri bakoitzean, zeren eta uste baitzuen antzerki hartan hainbeste jendek parte hartzeko arrazoia bere aberastasunean zetzala, alegia, bazegoela denentzat adina diru eta, hain zuzen, bakoitzak berea lortu arte ez ziotela planari huts egiten utziko.

Editore italiarra heldu zen egun batez, eta medikuen imajinazioa gaindituz, erabakiorra zirudien proposamena ekarri zuen: berak idatzitako liburu bat eman zioten irakurtzeko. Jenaro Romararen errezeloek okerrera besterik ez zuten egin, ez zuenez ulertzen umeentzako ņaņokeria hura irakurri beharraren zergatia, bere adinari zegozkien aldizkarien ordez. Ordea hankasartze berri baten nahigabea ezuste atsegin eta itxaropentsu bilakatu zen. Jenaro Romarari asko gustatu zitzaion liburua, eta egilearen obra gehiago eskatu zituen biharamunean. Liburua berari ezarri zioten izen bereko idazle baten sinaduraz egoteak finkatu egin zuen bere benetako izena Jenaro Romara ez zela sinestearen ustea. Baina bazirudien etsita zegoela eromen sintomak ekidin ahal izateko zelata setatsuan, agian burruka hartan memoriak batere laguntzen ez ziolako, edo ziurrenik medikuak aurki aldegiten utziko ziola agindu zionez, sikologoak astean bitan bisita egingo bazion ere, burruka irabazia ikusi zuelako, non zeuden eta zenbatekoak ziren gogoratzen ez zuen bere ondasunak salbu sentituz. Bata bestearen segidan irentsiz, hogeita sei liburu agertu ziren, eta azkenaren ondoren idazle hark oraingoz ez zuela besterik idatzi erantzun zioten, eta orandik gaztea izanik gehiago idatz zitzakeela, baina bajualdi batetik irteteko irakurleen animo eta oniritzia behar zuela.

Gutun bat idatzi zion Jenaro Romarak Jenaro Romarari istripu latzaren egonaldian liburuok sortu zioten atsegina deskribatuz eta, jendearen zoriona estimutan baldin bazuen, liburu berriak idazteko eskatuz.

Gutuna bueltan etorri zen, idazleak helbide horretatik aspaldi aldegin zuela zioen ohar batez. Une horren zain zeuden medikuak, uste baitzuten hura izango zela bere izakera berreskuratzeko ahalegin guztiari argi egingo zion kandelari sua emango zion txinparta.

Jenaro Romarak paperontzira bota zuen gutuna, azalik ere ireki gabe. Memoriak uko egiten zion istripu aurreko pertonarenganako itzulbideari, eta kasu horietan alferrikakoak dira hainbat urtez gure amodio eta gorrotoak irentsi dituzten pertsonen agerraldiak edota garairik onenak eskaini dizkiogun afizio edo ofizioekiko sujerentziak. Medikuek, amorruak bultzata, egia osoa esan zioten, kontrako ondorioa sor zezakeela jakin arren, ordea jadanik ez zitzaien hainbeste axola kasuaren okerbideratzea, kasu horren porrotak haiengan sor zezakeen etsipena arindu eta lasaitzea baino.

Eta hala gertatu zen. Jenaro Romarak, antzerkiaren neurak hartuta, aldegiten uzteko promesa ekarri zuen aipura. Biharamunean ateratzeko prestatu zuten dena. Jenaro Romarak memoria berreskuratzen zeukan lan antzetsua gelditu zitzaien medikuei kasuaren baldarkeria hutsala ahazten.

Autoa, motorra muntatu ondoren, guregana ekarri zuen berriro gruak, karrozeria ipini, azken ukituak eman eta katxarroa berriro asfaltoa miatuz kilometroak errausteko prest jar genezan. Bagenuen bukatzeko garaia, hogeita sei egun eman baitizkigu guztira: ia milioia inguruko aurrekontua, pieza berri eta lanorduetan banatua. Urte t'erdiko kotxea ez dago txatarretara botatzerik.

Gaur, istriputik hilabete doi-doi bete denean, auto bila sartu da Jenaro Romara non dira kotxeko giltzak? galdetuz. Gure tailerrean hamabost kotxe inguru egoten dira normalki, eta bat-batean jolas bat egitea bururatu zait. Lanpeturik nagoela eta inuturik galdu ezin dudanaren aitzakiaz giltzak eskura eman, eta alde egin diot, gizona tailer erdian utziz bere amnesiaren lainope pribatuaren laguntza soilaz. Zalantzaz begiratu ditu giltzak. Ahoa ireki du, baina ezer esaterako giltzak eskuz aldatu, ahoa itxi eta kotxe artera so gelditu da, bekainak kizkurtu eta luzatuz bere ahanzturaren ganduari biserra jarri bailioen.

Ez ditu kotxe asko begiratu. Renault 21ari azul metalizatuak damaion txukundura deigarriak geldiarazi du bere errepasoa, eta errekonozitu egin du autoa, harriduraz, alaitasunez, desgogoz, minbera, zer ez dut ikusi nik haren begiradan. Bat-bateko ziurtasun eta ezbaiek sortzen duten kolokan hondoratua ikusi dut gero haren espresioa; zerbait galdu eta zerbait irabazi baina bakoitzaren proportzioa ezezagun zaionaren erabaki ezinak inguratu du bere gorputza. Ez zekien poztu ala goibeldu, autoa hartu ala tailerretik aldegin, aurrera jo ala atzera egin. Itsutu egin da, memoria kontabilitate makinatik paperezko roilo estu eta amaigabean bere bizitzako informazioa isurtzen hasi balitzaio bezala.

Oinez abiatu da. Autoan sartu, martxan jarri eta tailerreko ate nagusia zeharkatzerakoan, agur egin dit. Ez dakit nork zuen arrazoi istripuaz ala suizidioaz eztabaidatzen zutenen artean; agian amodioaren penak heriotzarekin ere ez direla ahazten zioten etxekoandreek.

Baina badakit Jenaro Romara nora abiatu den. Txinako ipuin magikoetako pertsonaia batzuk bezala, izakeratik kanpo, erbesteratua bizi izan da haren gorputza hilabetez. Bere izakeraren zati handi eta garrantzitsuena itsasertzeko haitzetan gelditu zen.

Laster kostara iritsiko da. Izatearen zati handi eta garrantzitsuena arroketatik jaso eta berreskuratuko ote du, ala gorputza izango da irristadan murgilduko dena galdutako zatiaren osin beltzean?

German Oliden
Karrozeroa

ŠAristi, Pako. Auto-stopeko ipuinak, Erein, 1994




Hilean behin, azken igandean

Hilean behin, azken igandean, organoaren motorra engrasatzen zuen sakristau zaharrak, Nemesiok. Ez zen hain zaharra, koruko eskailerak barandari heldu beharrik gabe igotzen zituen behintzat eta, meza erdian elizkide bakoitzaren aurretik poltsa gorria pasa ondoren etortzen zenean. Konsagrazioko akordeak jotzen ari nintzela heltzen zen gehienetan, eta burua nere belarri ondora makurturik, honela esaten zidan:

Segi holaxe motel, organoa baino lagun handiagorik ez duk eta aurkituko mundu honetan.

Zerbait adierazi nahi zuen horrekin, baina nik ez nion ulertzen.

Beste batzuetan keinu egiten zidan sano zeukan begiaz eta organo barruan ezkutatzen zen motorrari olioa botatzera.

Behin, pentsatzen hasita, gogoratu zitzaidan nik ere ikasi behar nuela organoaren bizitzarako hain garrantzitsua zen zeregin hura, ea zein olio postura botatzen zion, non aurki zitekeen, zenbat balio zuen eta gauza horiek. Guztia galdetu nion Nemesiori, bat-batean piztu zitzaidan kezka baten justifikazioaz.

Badakizu, noizbait falta zarenerako edo...

Nere galderak Nemesio harritu adina txunditu ninduen ni haren erreakzioak. Triste eta eroria gelditu zen, eta ezer esan gabe aldegin zuen nere bistatik. Ezin nuen ulertu nere hanka sartzea zertan zetzan, baina hileroko azken igandean, organoa engrasatzeko nere aurretik igarotzean, pasadizuzko esaldi eta keinak egiteari utzi zion. Gerora bere etxekoengandik jakin genuen arraro samar zebilela azken boladan, umorea galduta, zoriontsu bizi zelarik zerbait larriaz konturatu den gizonaren antzera.

Igande batean begira gelditu zitzaidan.

Arrazoia daukak, hemen inor ez zegok betirako.

Eta organo barrura sartu zen.

Mezak aurrera jarraitu zuen, eta bertako abesti, salmo, erantzun eta tonu hartzearen kezkaren ur handietan murgildu nuen erabat nere begi-belarrien arreta osoa. Bukaera aldera konturatu ziren koruan Nemesio ez zela artean organotik atera, eta presaka heldu ginen bertara.

Han zegoen, olioa botatzeko ezarria izan zen aulkian, sufrimendu aztarnarik gabe hilda, bere bihotzaren taupadak organoaren tuboetatik barna musikarekin nahasturik hegaldatu balira bezala, heriotzaren onarpen samurrak osatu eta nork entzun ez genuen akorde isilean.

Pakito
Herriko organista, pazientziaren katedra lortu ondoren

ŠAristi, Pako. Auto-stopeko ipuinak, Erein, 1994