ARREGI, Rikardo:
Kartografia

Oasiak basamortuan

Ez daude basamortuan errepideak seinalaturik
anitz dira bide posibleak, anitz irteerak.
Izarretan bilatzen dut oasi ametsa,
atsedena hartzeko leku mazala,
palmondo berdeak eta ur eztiak,
gorputz nagiak eta amodio nahiak.

Ehun mila palmondoak,
usain gozoko bidezidorrak.
Nola bizitzaren zorionak
hala oasiak basamortuan.

Adreiluzko etxoletan sosegua kausitzean
ahanzten da karabanak egunsentian joanen direla
eta dendaren samurrak babesturen
hurrengo gauen ametsak.

Ez da deus ehun mila palmondo
hondarraleņoak zenbatzean.

Joran eta grinak

Ez dira hurbiltzen gure bila datozen argi zuriak,
ordokietan barrena gure abiadura
izarrenarekin plegatzen da,
galtzen dira mugimenduak oro
eta bidean lorratzak lagatzen ditugun arren
mugiezinean baretzen dira joran eta grinak.

Mendiak ahazten dira begietan,
hedatzen da lakumina zaurietan.

Ez du bidaiariak hirira heldu nahi,
bide amaigabeen truke
emango luke bihotza.

Ahotsak mututu egin dira, taupadak lasaitu,
ez dute baliorik malko-irriek,
etorkizuna denboraren urrats geldian
desegiten da xehaturik.

Erlojuen orratzak ametsetan daude
olatuak izan ziren garaiak gogoratuz,
zilar urtuak gorputzen gaineko jolasez oroimin.

Kalean erori paperak

Eta asfalto bustian ziren islatzen
kaleko argi desberdinak, iraunkorrak.
Lipar batez bizi eta hil eta bizi
planeta bakar baten begi ilunetan.
Haizeak puzten ditu izara hezeak
irudi abstraktuak osatuz temati.
Eta gu bestaldean babesaren bila,
eulia bezala negua iristean,
eulia elur gorritan harrapaturik.
Eta nori esan, edo nola, edo noiz,
segundo batean ispiluak dakarren
alkimia: eskalerik eskaleena.
Egunero ordu beretsuan kalea
zeharkatzen zuen huraxe, adibidez.
Gogoan ditugu egun eta etxeak,
egia atsegin genuen garai haiek.

Busti ziren kalean erori paperak
eta tinta nabarra zerien hitzei.
Etorkizunetik datozkigu engoitik
oroitzapenak.

Lagunen arteko solasetan

Lagunen arteko solasetan
oroipenen une ohikoa
ailegatzen, eta ezpainetan
iraganaren lore iharra
ilun-argi berpizten denean,
pentsatzen dut harriturik
arrazoi zutela klasikoek
denboraren ihesari buruz,
haien topiko ederrez,
hain sotil izkiriatzean,
eta bortizki barneratzen zait
errepikapen hauen hutsala.

Denboraren iheskortasunak
ez nau asko liluratzen
bitxiagoa bailitzateke
orenen ordena gelditzea,
baina zaharren liburuetan
jadanik zaharrak ziren kezkak
manera trakets uste berrian
entzuteak izutzen nau.

Lur lokartua III

Ordokietan zehar nekaezin
hemen gutxi mintzatzen da helmugaz,
bideaz egiten da solasa, eta basoez.
Helmugak errauts dezake agian
bidaian bilduriko ezagutza eta begiradak.
Eta lotan zaude ene haragiak
esnaturik nahi zaituenean.
Orduan bakarrik izan daitezke kontsolabide
laino eta literaturaz egindako tren mitikoak.
Itzalen artetik ametsak gauzatzen,
eta amesgaiztoak.
Soldaduak etxerako bidean alai.
Familia bisitatzera doan emakumea,
urtean behin, badakizue.
Itxura garrantzi gutxikoa da hemen
eta denbora geltokietan neurtzen da soilik.
Trubetzkoi eta iraultzaile erromantikoak,
abendua gehiegi maite zuten haiek.
Xake jokalariak. Haur lasaiak.
Neba-arreba gazteak, ederrenak.
Eta Puxkin agertu ahala esnatu egiten zen gizona:

Ez, bizitzak ez nau gogaitzen,
Bizitza maite dut, bizi nahi dut;
gaztaroa ihesean ikusi arren
ez zait gogoa hozten.
Ene jakinminari pozgarri zaizkio oraindik
fantasiaren amets maiteak,
sentsazio oro.

Arin doa Puxkinen hegatsa
ibai maiteminduen gainetik.
Hau ez da literatura, zeren lur lokartuan
Ibaiak ere maitemintzen baitira, adibiderik bada.
Eta gero Tatiana Nikolaievna. Lauaxetaren
marinel eta txo mozkortuak, ederrenak.
Hilobien aurreko mahai eta eserleku
zurezkoak, itzalekin hitz egin eta bazkaltzeko.
Izen bat eta bi data.
Usolie-Sibirskoie bigarren dataren ondoan
idatziko balute, bai dotorea ene hilarria.
Eta Puxkin agertu ahala esnatu egiten zen gizona:

Zer esan nahi du zuretzat nire izenak?
Oroigarri bakarra
paper batean utziriko aztarna hila
hilartitzaren antzera,
letra arraroz idatzita
inork ulertzen ez duen hizkuntza batean.

Eta gero haurrak ur ertzean jolasean.
iragana eta iraganaren oroimena
saltzera beharturik zegoen emakumea.
Listvianka-ko elizaren aurrean belarritakoez,
bereaz eta nireaz, eta haien esanahiez
mintzatu zitzaidan mutil urduria, ederrena.
Eta Puxkin agertu ahala esnatu egiten zen gizona:

Bizitzak engainatzen bazaitu
ez atsekabetu, ez harrotu,
jasan itzazu egun goibelak,
alaiagoak helduko dira.
Geroan bizi da gure gogoa,
gure arima orainak du lotzen.
Dena da iheskorra.
Etorriko denari ongi etorri.

Eta gero buriatar guztiak, Ust? Orda-koak,
Aginsk-ekoak eta errepublikakoak,
sorlekua deserri. Mundu zati handi honi
lur lokartua deitu zioten jende ahantziak.
Eta Puxkin agertu ahala esnatu egiten zen gizona:

Ezin ezabatu lerro tristeak.

66 lerro hiri setiatuan

Gasteizko plaza eta kaleak lasai zeharkatzean,
egunero bezala lanera edo lagunengana,
bat-batean asaldaturik pentsatzen dut
hau bera han egitea
arriskutsua dela oso egun askotan,
eta etxegainei begiratuz kalkulatzen dut,
begia hotz, dardar gogoa,
zein aukeratuko lukeen franko-tiratzaileak,
nondik etorriko ene burua
lore beltz odolezko bilakatuko duen bala,
susmagarria baita plaza zabalegi hori. Kale hura.
Etxe handiz inguraturiko parkea.

Entzun dut Sarajevoko parkeetan
zuhaitzik ez dagoela jadanik,
biztanleek moztu baitituzte etxeak berotzeko,
eta bat-batean asaldaturik pentsatzen dut
ez dudala nik etxean sua egiteko leku egokirik.
Gainera, ene kalea eraikuntza ofizialez beterik dago,
eta gobernu-bulegoak garrantzikoak omen direnez
gerra garaian,
bat-batean asaldaturik pentsatzen dut
kalea istilugune bihurtu eta
suntsiturik egon daitekeela agian
Sarajevoko ene etxea.

Nola moldatzen da ni naizena Sarajevon?
Lanera doa oraindik adibidez? Ala
ohitura arrunt horiek guztiak aspaldian desagertu ziren?
Eta bat-batean asaldaturik pentsatzen dut
ikastetxeak itxita egongo direla ziur asko,
nirea, gainera, trenbidearen bestaldean dagoela,
geltokitik hurbil,
eta trenbideak eta geltokiak kontrolatu beharreko
gauzak omen direla
gerra garaian.

Luzaro iguriki iristen ez diren eskutitzak
eta berriak ezin izkiriatu.

Nola egiten ditut erosketak Sarajevon?
Kilo patatak hamar marko balio duenetik
orduak ematen ditut batuketak eta kenketak egiten
baina emaitzak gose dira beti.
Eta bat-batean asaldaturik pentsatzen dut
gosea, hotza, izua, ilarak, zori txarra
ohitura ezin arruntegiak direla
gerra garaian.

Banaturik dago jadanik hiria,
barne mugak zauri dira
eta zauri horien odola ez da metafora,
trenbideaz haraindi etsai lagunak,
zubiaz honaindian lagun etsaiak.
Niri egokitu zaidan egoerari nola egokitu natzaio ni?
Eta bat-batean asaldaturik pentsatzen dut
ama sartaldean bizi dela eta ni berriz erdialdean
eta bi auzoak, anaiarena ere bai, urrunago egon daitezkeela
gerra garaian,
eta banaketa horiek ezustekoak direla eta ankerrak,
gau hartan zure etxean afaldu nuelako nago hemen.

Ez da falta Gasteizko inguruetan
leku egokirik artilleria kokatzeko,
Zaldiaran edo Gasteizko mendiak
ez dira Ilidza mendia bezian ikusgarriak izango,
baina handik jaurtiriko bonbek lan ona egin dezakete.
Eta gero errepideetara oinez irten, pardeltxoak bizkarrean,
hiritar hirigabeak,
udan bada sargori, neguan bada izotz,
inora ez doazen bideetan galdurik,
inon ez dagoen babesaren bila;
bake-itunak sinatu arte bizirik irautea da kontua.
Ez dezala deabruak beste 6 bat idatz.

Neguaren gorazarrea

Neguarekin batera datozen ohiturak atsegin ditut,
telebistaz entzutea tenperaturak behera doazela
eta bihar zero azpitik bost gradu izango ditugula soilik,
bost diamante izotzezko.

Eta hurrengo goizean kalera baino lehen
berokia, txanoa, lepokoa, botak eta eskularruak
poliki jantzi, erlijio zaharren errituak gogoratuz.

Gero, zeruaren grisantza egiaztatu,
eta haizearen zorrotza, eta parkearen biluzia,
hotza sudurreratu birikien hondoetaraino
eta dastatu droga ezagunaren zorabioak,
ahotik ilkitzen diren arima zatiak mirestu
eta ibili espektro beldurtien artean.

Herri guztien negu-jainkoei otoitz egin,
lagun iezaidazue, lagun iezaidazue,
antzigarra eta elurra gurtu,
izotz burruntziak eta ziztorrak ferekatu,
inoiz izan ez den xamurraz elur zikinean soa galdu
eta sekretuki mesprezatu besteen ele kexatiak.

Mendi lausoetaraino gogoa eraman,
hiriak erakusten duen barrokotasunaz gozatu
eta barre egin ezkutuan automobilez.

Noizbehinka arkuperen batean hankak eta besoak astindu
eta gero berriro aurpegian sentitu
neguak amultsuki eskaintzen duen mila musu heze,
non elur malutak bezalako maitaleak?

Entzun dut izozturik hiltzea oso ezti dela,
loak hartzen zaitu pixkanaka, eta ametsetan
jadanik, Neguaren Erregek gorte ororekin
betirako eramaten zaitu Jauregi Zurira.

Hilerriko loreak

Hilobi batzuen gainean goroldio hutsa,
ahazmen arduratsuaren seinale.
Beste hilobi batzuetan lore iharrak,
oroimen arduragabeak zaindari,
hil guztiak ez baitira berdinak.
Eta le pauvre Apollinaire, zertan dabil hemen,
eta zertan le pauvre Thierry,
zer dabiltza hemen hilak eta biziak nahasian,
beti desberdinak eta beti berdinak.

Hats hartzean hilerri usainarekin batera
guztion desirak sakon zaizkigu barneratzen.
Arrosak desegin dira hilarrien gainean,
ez, ordea, belaze ttipietan negua lo
igaro duten basalore xume ezdeus horiek,
ezdeusak baina bizirik: horixkak, ņimiņoak.

Eta gero gogoratuko hemengo zeruak,
gaurko euria, ordu hauek eta, zergatik ez,
oraindik bizirik dauden gorputz abegitsuak.
Barregarriak jakitunen kontsolabideak,
eta begiak hitzak baino ez ditu ikusten,
zalantza ez diren zalantzez mintzatu da norbait.

Eta bat-batean nekosta artezak
taxiak hartuz hirira joan dira,
zeren bila, zeren bila?

Orbelean ikusten dut sarri
guztion hondakinak bizirik
eta harri hautsietan
ezezagunen aurpegi hitsak,
gorpu ederrik inon ez.

Esku ahurretako ildo minduak bailiran
zeharkatzen ditut, dena igarririk jadanik,
hilobi arteko bidezidor estu hezeak.
Eguneroko bizitza lasterka datorkigu.

Zin egite telefonikoak

Erreka horiek nola garbitu ezin jakin.
Automobilen artean gogoa galduta,
erosketa-poltsekin batera erortzen da
lurrera adorea, inon ez errukirik.
Badoaz usoak sorbaldan pausatzen ziren
garai haiek, haragia soilik izan zena
estatua bilakatu da. Edonon hautsa
eta orbela, ur arreak, leiho goibelak.
Ezagutu dut hemen utzi duzun usaina.
Tronpetak behar ditugu, mesedez, tronpetak.
Zeruari begira hodeien zain geratu
ez euriaren aiduru baizen itzalena.
Kristalaren bestaldean emakumezko bat
begiak malkotan telefonoz hitz egiten,
erosketa-poltsak lurrean barreiaturik;
badirudi bizitza bukatzera doala
baina aurrera doa tamalez geldiezin.
Mendia higatzen duen uraren antzera
higatzen digu gorputza malko bakar batek.
Zin egite telefonikoak baina gauza mingarriagorik al dago?

Zeruaren kartografia

Eta gauez zeruari begira,
izarren bide sotilak antzeman,
mugimendu geldiezin haietan
denboraren zorabio eztiak
buru-begiak mende hartu arte.

Gero Ewe haurrekin leun kantatu:
Harmonia handia da ortzia,
han ez galerarik, ez istripurik,
han den orok daki bere bidea.


ŠArregi Diaz de Heredia, Rikardo. Kartografia, Alberdania, Irun, 1998.