ARRIETA, Yolanda:
Jostorratza eta haria

Demagun zure ama naizela eta zu nire
alaba. Demagun jaiotzear zaudela eta
2012. urtean 18 urte izango dituzula.
Demagun opari hau egiten dizugula.
Demagun horixe...


Denak du bere sasoia,
gauza bakoitzak bere garaia du eguzkipean:
jaiotzeko garaia eta hiltzeko garaia,
landatzeko garaia eta landarea ateratzeko garaia,
hilarazteko garaia eta sendatzeko garaia,
hondatzeko garaia eta eraikitzeko garaia,
negar egiteko garaia eta barre egiteko garaia,
aiene egiteko garaia eta ali egoteko garaia,
harriak jaurtitzeko garaia eta harriak biltzeko garaia,
besarkatzeko garaia eta banantzeko garaia,
bilatzeko garaia eta galtzeko garaia,
urratzeko garaia eta josteko garaia,
isiltzeko garaia eta mintzatzeko garaia,
maitatzeko garaia eta gorrotatzeko garaia,
gudurako garaia eta bakerako garaia.

Itun zaharra. Kohelet


Gure bihotz tarratadak
josten direnean
soineko berria izango du
gure zeruak.

(Paul Eluarden poema birjosia)


Zer gara? Berez gurekin datorrena ala bizitzan zehar egiten goazena? Bien nahastea, agian?

Bi galdera horien inguruan mugitu nahi izan dut Jostorratza eta haria idazterakoan; alde batetik, jostorratzez eta hariez josten goazen historia-istorio multzoa garelako; baina, era berean, istorio-historia horien haziak jaiotzen garenean gurekin datozelako bi begi, bi hanka, bi beso eta bihotz bat datozen bezalaxe.

Istorio-historia honen muina, beraz, hauxe da: ama batek jaiotzear dagoen alabarentzat kontaturiko istorio-historia. Istorioa zergatik? Oinarri erreala eduki arren, Jostorratza eta haria fikzioa delako %99an. Historia zergatik? Galbahe pertsonalez osatua egon arren, Jostorratza eta haria-k Historiaurretik abiatuta, batez ere azken mendeari bira ematen diolako.

Ama neu naiz. Amama neure ama, eta amona aitaren ama. Amak amamaren eta amonaren familia-adarrak josi, eta haurtzarotik umea sortu arteko hariak korapilatuko ditu. Jostunetxen bizi zenekoak eta amamari eta amonari entzundakoak kontatu dizkizu. Aitaren berri ere emango dizu. Lehen pertsonan arituko da, eta amamaren eta amonaren, bien, hizkeren ukitua agertu aren, haiek baino esaldi motzagoak erabiliko ditu.

Amamak ezkondu eta Jostunetxera bizitzera joan zenetik gaur arteko hariak askatuko ditu. Hariotan birraititaren eta aititaren berri emango du. Lehen pertsonan arituko da, baina bere herriko berbetan.

Amonak bere hiriko kontuak harilduko ditu. Birraitonaren berri, aitonaren berri eta aitaren berri emango du. Lehen pertsonan arituko da, bere jaioterriko kutsua duen hiriko hizkeran.

Aipaturiko emakumeez gain, laugarren ahots bat ere agertuko zaizu. Honek atal guztiak josiko ditu jostorratz bat balitz moduan, denboraren hari amaigabea lagun hartuta. Hirugarren pertsonan arituko da, hizkera motz eta sotilean.

Gainontzekoan, jostearen inguruko tresnek mozorrotuko dituzte istorioaren aldian aldiko gertaera guztiak. Aldiro-aldiro itxuraldatuta agertuko den larru, oihal edota soineko beltzak, berriz, garai zaharren bukaera eta berrien hasiera markatuko ditu.

Baina hau guztia horrela izan arren, gogoratu gauza bat: fizkiozko istorio hau ez da gure familiaren historia osoa. Bai, zeren eta istorio-soineko hau egiteko zaborrontzira jaurti ditugun oihal txatal, hari, jostorratz, patroi paper, klarion zati eta beste abarreko asko eta asko ere badira, horiek ere historia dira.

...Eta jostotzararen batean, ahaztuta, soineko berriren bati jartzeko gelditu diren poltsiko, txaplata, botoi, gerriko, lepoko eta mahukak ere bai...

...Eta San Joan suetako panpinari jantzi dizkiogun alkandora, praka eta txapela...

...Eta Jostunetxeko kutxan, hurrengorako geratu diren amamaren josteko apunteak...

...Eta amonak josteko kontuak agertu ahala gogoratzen joan den gaztetako soineko gorriaren itxura hura...

...Eta aitita-aitonen argazkietan agertzen diren traje marroi-urdinak...

...Eta aitak bere paseo luzeetan kontatuko dizkizun Botoi zulo txiki eta Botoi handi-ren arteko kontuak...

...Eta istorio-soineko hau osatzeko asmat dugun patroia...

...Eta bihotzean, josteke, geratu zaizkigun adabakiak...

...Eta buruan, dagokien josturaren zain geratu diren albainak...

...Eta une honetantxe, istorio-soineko hau hasteko idatz-josten ari naizen hitz-puntada hau...

Azken batean, historia eta denbora ertzik gabeko oihalak direlako biak.

Hasieran eta bukaera eta bukaeran hasiera dutenak, biak.

Etenik gabeak.

Hasieran

Hasieran zegoen dena. Lurrik gabeko landa zirudien herriak. Hormarik gabeko etxea, auzoak. Soingainekorik gabeko gorputzak, kaleak.

Gelditzeko parada behar zela-eta, lurra asmatu zuen norbaitek.

Berotzeko lekua behar zela-eta, hormak egin zituen beste batek.

Arimak ez uxatzeko estalkia behar zela-eta, soingainekoa asmatu zuen hirugarren batek.

Eta josten hasi ziren denak.

Orduan, arimak ez ezik, lotsak, tristurak, pozak eta mota guztietako grinak ere estaltzeko erabili zituzten arropak.

Eta berotzeko...
Eta babesteko...
Eta apaintzeko...
Eta oparitzeko...
Eta gogoratzeko...

Konturatu orduko, soinekoz bete zitzaion arropategia gizakiari.

...Josten egitea ahaztu, ordea...

Hiru hitz

Demagun.

Demagun Txomin dela lehena.

Eta Mari bere andrea.

Demagun Historiaurreko lehen aroan gaudela. Gizakiak harria landu, ehizan egin eta fruituak biltzen ditu.

Txomin gaztea eta garaia da. Baita sendoa ere. Mari ere halakoxea da.

Txomin pozik eta harro dago. Goizean goiz jaiki eta ehizara abiat da. Mari leizean geratu da.

Herenegun etorri zen Mari Txominekin bizitzera. Horretarako, Mariren amak senar zenaren soingainekoa utzi zion Txomini, eta Txomin orduantxe bihurtu zen Mariren senar.

Horrexegatik dago Txomin pozik gaur. Txomin, jadanik, gizona delako, haraneko basurde ederrenaren larrua soinean delako eta, larru horrek, basurdearen indarraz gain, soinean jantzita eraman duenaren izpiritua erantsiko diolako. Marik delako basurdearen letaginak jaso ditu herentziaz. Amak eman dizkio, aitaren oroimenean, ekaitz beltzaren itzalak kalterik egin ez diezaion. Marik, orain, lepoan jarri nahi ditu zintzilik, iduneko baten antzera. Ezin jakin, oraindik, milaka urte barru apaindura gisa erabiliko den bitxia asmatzear dagoenik. Marirentzat babesgarria, kutuna, zinginarria besterik ez da izango basurde tendoiaz eta letaginez eginiko zintzilikarioa.

Horrexetan ari da Mari, Txomin leize barruan sartzen denean. Ezkerreko masaila ebakita eta soingainekoa goitik behera urratuta dator gizon gaztea:

—Atorra tarrat teink! —hiru hitz esan ditu, arnasestuka, basurde larru apurtua andreari erakutsiz.

—Atorra tarrat teink?! —hiru hitzok, berriro ere, Marik, erdi galdera, erdi oihu, eskuak buruan, bular aldea dar-dar.

Txominek bizkarrean dakarren basurde hil berria lurrean utzi du. Gero, eskua masaila bustitik pasatu ondoren, piztia nola harrapatu duen antzezten hasi zaio Mariri, andrearen barkamena eskuratu nahirik-edo. Mariren hasierako kopeta iluna argitzen doa, apurka-apurka. Txominek, azalpenekin bukatzeaz bat, soingainekoa erantzi du. Marik aita zenaren larrua lurretik jaso eta gizonaren aurpegiari begiratu dio. Hiru pauso eman eta harengana hurreratu da. Zauria miazkatu dio; eta, bide batez, lepoan behera lehortutako odola ere garbitu egin dio.

Miazkada laztan, laztana fereka, fereka oihu, eta mina dena ahaztu.

Eginak egin ondoren, Txomin lurretik jaiki eta basurde hil berria larrutzen eta zatitzen hasi da aizkoraz. Heriotzarekin gutxi bailuen, dinbi-danba, kolpe bakoitzaz zigor berria erantsi nahi dio errudunari. Mina, berriz ere, masailean. Mina soingainekoaren itzalean ere.

Mari isilik. Hontza uluka. Haizea. Harrabotsa. Sua egitera doa andre gaztea. Makila bat eta bi esku. Marik igurtzi eta igurtzi makila, bi eskuekin. Eta makila, txinparta. Eta txinparta, gar. Garra, su. Sua, argi. Leize zuloak egun argi dirudi.

Marik larru biak, zaharra eta berria, begiratu ditu. Elkarren ondoan jarri ditu. Biak lotzerik balego!

Leize inguruetara so egin du. Zerbait nahi du. Oraindik berak ere oso ondo ez dakien zerbait aurkitu nahi du. Lo gelditu da senarra, aizkora lanek (eta bestelakoek) eragindako nekeen ondorioz. Marik, inguruak behatu ondoren, lepora eraman du eskuineko eskua. Kutuna. Non dago?

A! Berehala gogoratu da. Txomin etxeratu denean zegoen letaginak tendoi haritik zeharkatzear; izan ere, zulotxo bana zuten haiek, eurenjabe ikaragarriak sustraietan txantxarra-edo zuelako, nonbait. Erraz zeharkatu du, beraz, tendoia letagin batetik. Berdin bigarrenetik ere.

Marik zuzia hartu eta kanpo alderantz bideratu ditu oinak, zintzilikario bata lepoan eta bestea eskuan dituela. Auzora doa. Auzoko beste Marirengana.

Eta heldu da auzora.

Auzoan, Mari lehenak eskuan daukan kutuna erakutsi dio Mari bigarrenari. Mari lehenak, keinuka, ostikopean dagoen arrain hezurra eskatu dio truke Mari bigarrenari. Berehala ulertu du Mari bigarrenak auzoaren proposamena. Eta baita onartu ere.

Orain, Mari lehena bere leizera doa, berriro ere, arrain hezurra eskuan duela.

Hara heltzean, larru zahar urratua hartuko du bi eskuekin. Gizonaren aizkoraz ebaki antzerakoak egingo dizkio ertzean. Berdin larru berriarekin ere. Elkarren parean jarri eta arrain hezurra eta tendoi luzea pasatzen hasiko da parez pareko zuloetatik.

Josten alegia.

Bost erreminta

Josten ikasteko behar diren bost erreminta erakusteko eskatu deust zure amak. Esan deutsat josteko lain egiten zarenerako trapu zahar bat zintzilika ipinita nahikoa izango dozula, eta horretarako ez dagoela josten ikasteko premiarik. Baina berak, erre eta erre, erakusteko eta erakusteko. Tira ba, hara hemen bost erremintok. Gehiago ere badira, baina beno, derrigorrezkoenak erakutsiko deutsudaz nik.

Titarea

Aspaldi-aspaldiko aititaren atorra konpontzeko asmatu ei eban aspaldi-aspaldiko amamak josten egitea. Horretarako, gau osoa emon ei eban, jo eta ke, jostorratza eta haria asmatzen. Eguzkia, iletargia, ekaitza eta halakoak gurtzen zituzten orduan, eta amama hark eguzkiak urten orduko konpondu behar eutsan atorra gizonari, ator haren indarra Gaueko jaun handiak eroaterik nahi ez baeban, behinik behin. Horrexegatik ihardun eban Marik gau guztia ator konponketan, eta horrexegatik egin jakon goizerako lenteja garauaren tamainako zuloa erdiko atzamar-puntan. Zergatik? Ba, koittaduak, oraindino, titarerik ezagutzen ez ebalako.

Orain badakizu: josten hasi baino lehen, titarea ipini. Arin bat aukeratu, zilarrezkoa edo plastikozkoa, bardin deutsa; erdiko atzamarrean estutu barik ondo sartzen dana. Erabili eta erabili, harik eta bera barik baino errazago josten dozula konturatu arte.

Zinta metrikoa

Urte luze ugari pasatu zan eta Txomintxo eta Maritxu barri asko jaio zan bazterretan. Txomin eta Mari izerna hartu eben nagusitzerakoan. Leizeak laga eta txaboletan has ziren bizitzen. Behin, halako Mari batek josten ziharduen, titare eta guzti, bere txabolako su bazterrean. Hurrengo egunean ospatuko eben Udabarriko jaia eta trajea atondu behar eutsan gizonari. Gizona bere arbasoengandik jasotako basurde larrua janztekoa zan. Basurde larru horrek baltzitu samartuta eukan alde bata; bestea, pizkat argixeagoa. Maritxuren gizonak inoan negua eta udabarria, aldi zaharra eta aldi barria, heriotza eta jaiotza eukazalako aldean zala kolore-bikoitza. Horixe esanez erregalatu eutsala bere amak, behinik behin, eta, noizean behin, txatal barria hinkatu behar izaten jakola, barruko leinua hil ez zedin. Eta horretantxe ziharduen, ba, gure Marik eguerdia ailegatu zanean:

—Maritxu! —deitu eutsan alabari—. Bazkaria eroan behar jako aitari.



ŠArrieta, Yolanda. Jostorratza eta haria, Alberdania, Irun, 2001.