AZURMENDI, Joxe:
The Basque Country in Crisis

Indarkeria eta balio berrien bilaketa

Gaur egun non aipatzen da gehiena balioen kontua? Uste dut ez dagoela duda handirik: biolentziaren inguruan.

Balioak garrantzizkoak dira. Zeinentzat? Itxuraz, guztiontzat: mundu guztia ari baita balioak gora eta balioak behera. Zinez eta egiaz, ez dakit zeinentzat. Edo ez nago behintzat seguruegi. Aitortu beharra daukat hortaz, hasteko, ni neu nahikoa deseroso sentitzen naizela gai honetan. Ez dakit oso ongi balioak zer diren, nondik etortzen diren, nora joaten diren, ez zeinentzako eta zertarako diren inportanteak. Ia ezer ez daukat oso garbi. Eta deserosotasun honetatik mintzatuko natzaizue gaur. Arazo honen inguruko nire zalantza eta insegurtasun eta laino guztietatik alegia.

Askotan izaten dut susmoa, balioak goraki aipatuz, azpitik morala sartu nahi izaten zaigula mozorropean, eta oso inkomodo sentitzen naiz. Operazio guztia ez dela horixe besterik. Eta ez edozein moral, moral oso konkretu bat baizik. Betiko moral tradizionala trapu berriekin. Are, frankismo berritua besterik ez, beharbada. Izan ere, gazteek ez omen dute moralaren konturik entzun nahi, eta balioak esaten da orduan: "balioen krisi larri bat bizi dugu", entzungarriago eta modernoagoa egiten da "morala krisian dago" eliz kutsukoa baino. Eta, horrela, "balioak galdu dira" edo "gazteek ez dituzte ezagutzen balioak" esanez, gizartea estu-estu lotzen zuen "betiko" ordena zahar hura galdu egin dela, deitoratzen da; eta gazteak lehengo manera jatorrean berriro diziplinatu beharra dagoela, esan gura da funtsean; eta ordua dela gure kaleetan eta eskoletan ordena berriro gogor ezartzeko. Hori oso ondo ikusten da, balio konkretu batzuen zer erabilera egiten den begiratuta: tolerantziarena, adibidez. (Tolerantzia beti izan da diferentziaren eta "desordenaren" babeserako printzipioa: orain ordenaren defentsan erabiltzen da, ordenak bestela ere nahikoa defentsa ez balu bezala gure artean).

Bestetik, ezbairik gabe balioak garrantzizkoak bilakatu dira egungo gizartean: baina garrantzizkoen Boterearentzat eta haren sostengu eta abokatuentzat dirudite. Hori bitxia da. Balioen krisia edo balioen errebindikazioa, diskurtso filosofikoan edo erlijiosoan baino gehiago, politikoan ikusten da gaur. Sintomatikoa, ezta? Gauza askoren sintomatikoa. Ez dut ukatuko, jasaten ari garen krisi politikoaren sakontasunaren sintoma ere badela. Baina kontzientzien barneraino sartzeko eta haien jabetzeko eta manipulatzeko Boterearen egungo ahalegin amorratuarena ere bai. Kontzientzien inbaditzeko grina hau Estatuaren partetik, beti egon bada ere gizarte modernoan, azken denboran, balio sano eta demokratiko beharrezkoen inposaketa agresiboaren izenean ikaragarri lotsagabetu dela gure artean, esango nuke, horretarako ikus-entzunezko hedabideen eta masa mobilizazio erraldoienen laguntzaz baliatuz.


Erlatibismoaren mamua

Orain tinko egon beharra dago balioetan. Hori da diskurtso ofiziala; demokrata guztien eta espainol "ongi jaio" guztien diskurtsoa -horrela esaten dizu, bere buru dudagarriaren ebaluazio segurua egiteko, besteak putakumeak kontsideratu beharra daukan demokrata jende zintzoak. Oroz gain, balioak gora!, gure bandera. Hemen ez dago kontu horietan ez gehiegi jakiterik, ez nahiago izaterik gurutzada santuetatik albora geratu, ez zalantzak edukitzerik. Ziurtasun absolutuak eta kasernaireak bakarrik toleratzen dira. Adibidez, Joseba Zulaikak azterketa bat egin zuen, euskal biolentziaren fenomenoa antropologikoki ulertu nahita: zein testuinguru sozial eta kulturaletan ematen den, zein esanahi sinboliko duen, etab. Zulaikaren ikerketari seguruena kritika modu asko zen posible; baina justu inposibleena egin diote, nik uste. Balioen erlatibismoa suposatzen duela, ez duela indarkeria aski kondenatzen. Antropologikoki ulertzea, ez da nonbait ulertzea. Eta ikerketaren zeregina ez da esplikatzea, kondenatzea baizik. Beste kasu bat: norbaitek idatzi du, historian sistema bakoitzak bere balioen legitimazio eta deslegitimazio araudia izaten duela, indargintzaren legitimazio eta desligitimazioena barne; eta araudi horrek sistemaren barruan eta sistemaren presupostuekin koherentzian bakarrik balio duela, sistematik kanpora araudi guztiek balio erlatibo bera izaki 1. (Esate baterako kristautasunean bai eta paganismoan ez, edo bai Japoniako samuraien kode moralean eta ez monje budista batenean). Benetan hori baino gauza elementalago eta sinpleagorik esatea ez dakit ba ote zegoen, edo nahi bada demokratikoagoa eta "modernoagorik" ere. Baina demokraziaren zaindari beren ustezko superdemokrata batzuek hor ez dute -liburuan bazegoen zer aukeratu aproposagorik, hori bilatzen bazuten, baina frase horixe da denek alegatzen dutena- faxismoaren apologia eta "planteamientos totalitarios de un ideólogo abertzale" baizik (J. Juaristi) irakurri ahal edo nahi izan 2. Lehenago demokrata batek "le fanatisme parle basque" esan ei bazuen, bada, "fanatismoa demokrateraz mintzo da" esan beharko dugu gaur.

Beraz, nahikoa eszeptiko nago balioen komedia honetan guztian ikusliar. Eta, aldi berean, aitortzen dut, balioen birgogoeta bat inportantea litzatekeela gaur, eta gehiago Euskal Herrian.

Ez da balioen martzialtasun publikoki mundu guztiari esijitu hori bakarrik, balioen eztabaidan eszeptiko jartzen zaituena. Batek ezin du ulertu, noski, balioen erlatibismoa profesatzeak gaur ETAren indargintzaren alde zer ikusi behar duen gehiago haren kontra baino. Eta alderantzia ere ez da ulertzen, nola atzo, autore horiexetakoren batzuen ustez bederen (ez baita aspaldi, "postmodernoenak" beraiek agertzen zirela), balioen erlatibismoak justu indarkeria haren kontra balio nahi zuen, beraiek uste zutenez. Printzipioz, bortxa praktikatu eta justifikatu, historiari begiratzen badiozu, balio absolutuekin eta balio erlatiboekin berdintsu egin daiteke, dirudienez. Txit razionalki egin ere. Antza ordea, ETArekin obsesionaturik bizi diren intelektual batzuek, berak erlatibistak badira, ETAkoek derrigor absolutistak izan behar dutela, pentsatzen dute; eta berak burdinazko balio moral ziurren apostoluak direnean, balioen erlatibismoa ETAren apologia dela, ulertzen dizute. Baina ez daukate zergatik bata bestearen eskutik joan, geuk a priori halaxe joan beharra daukatela erabakita ez badaukagu behintzat. Aitzitik, krisi handien garaietako kondizio paradoxal bat da, nonbait, teorian edo intelektualki zalantzak eta zuhurtasuna adina agintzen dietela espirituei, ekimen edo praktikan gotortasun eta sendotasuna. Bi esfera hauek etengabe nahastu egin nahi izaten direla, ikusten dugu ordea. Ekintzaile erradikal batek nahitaez dogmatiko bat izan behar duela, sinestarazi nahi izaten zaigu. Eta ez dauka zergatik izan. Descartes ezbaiaren maisua bezala ezagutzen dugu: intelektualki edozertaz eta guztiaz beti zalantza egin behar da; haatik, ekintzan edo biziera praktikoan ez du aiko-maikorik txikiena onartzen, damua bera bekaskeriatzat gaitzesteraino. Ekintzak zeharo tinkoa izan behar du. Haren moral probisional edo "behin-behineko moralaren" bigarren arauak, ekintzaren orduan enura guztiak bazterrera uzteko eta determinatuki aritzeko agintzen du: absolutua ez da hartu den erabakiaren aldeko arrazoia (berez dudagarria), behin hartutako bidea gero firme segitzeko deliberoa baino 3. Beraz, ez dut ikusten ekintza erradikal bat zergatik pentsamendu dogmatiko batekin identifikatu behar den. Orobat, balio denak erlatiboak direla esanez, inork ez du esaten edozer gauzak berdin diola, guztia libre dagoela munduan, dena bost axola eta biba indarkeria 4. Horrelako zerbait Sadek poz-pozik, edo Dostoievskik ikaraturik, pentsa zezaketen apika, guk jada ez 5. Eta ezta ere: dena erlatiboa bada, absurdua da borrokan ibiltzea, goazen guztiok dantzara. Labur: balioak absolutuak ala erlatiboak diren eztabaidak eta iritziak, bortxaren legitimazio edo deslegitimazio razionalaren arazoarekin ez dauka zerikusi handirik. (Bai, apika, biolentziaren arazoari soluzio bat bilatzearen eta bilatzeko izpiritu edo disposizioaren arazoarekin! Seguruenik, balioak absolutuak bilatzen dituenak, antzekoak bilatuko ditu soluzio moduak ere). Bitartean, gaudenean gaudela, hainbeste filosofo kazetari eta politiko moral-irakaslerekin kalakari, jeneralean madarikazioa dariela, nola ez egon eszeptiko balioen kontuari buruz!

Arrazoiak era askotakoak daude eszeptizismoaren alde arazo honetan. Eta halako beste bat esperientzia filosofikoa bera da. Gure garaian ikasten genuenez, Grezian balio guztien erlatibosmoa irakasten zuten sofista ganorabako haiek denak, behiala Platon zangarrak garaitu zituen. Hark ezarri ditu sendo bere lekuan betiko Egia eternoa eta azkeneko Ongia, mendebaldeko kultura eta zientziako razionalitatearen harroin metafisikoak. Gero, Platonez eta platonismoaz ez hain seguru ibiltzen ikasi behar izan dugu, eta metafisikari isil-isilik agur esan diogu, bere Ideia eterno guztiekin eta Ongi absolutuarekin. Halere, sofistekiko susmotxar sakon bat barru-barruan geratu zait beti ere neuri; eta ez prezeski Greziako sofista bikain mutiri haienganako, kazetetako haien kopia komertzial hauekiko baino, oraingo sofista postmoderno hauenganako. Alegia, balio oro erlatiboa da, balio oro berdin da bezala ulertzen dutenak. Uste den baino gehiago baitira horiek. Eta askotan uste horrekinxe berdindu nahi izaten digute demokrazia. Sofista grekoek balio ororen erlatibotasunetik, diskurtsoaren eta erretorikaren garrantzia ondorioztatzen zuten. (Platonek balioen hierarkia esentzialetik logikaren eta metafisikaren garrantzia ondorioztatu duen bezala). Sofistentzat erabakigarria ez zen nork duen balio edo egia hobea -ez baitago bat bestea baino hoberik "berez"-, baizik eta zeinek duen diskurtso hobea, besteak leialki konbentzitzeko. Horregatik zientzia inportanteena demokrazian erretorika zen, argudiaketa publikoa. Platonek hori borrokatu du bere Akademian dialektika irakatsiz. Baina gaur askotan sofista greko batek sekula egingo ez zukeen moduan 6 arrazoitzen da horixe bera.


1.Azurmendi, J. Demokratak eta biolentoak, Elkar, Donostia, 1997, 27 orr.

2.Martinez Gorriarán, C. "Los moralistas, los estúpidos y los asesinos", Diario Vasco, 1998-01-31; Mina, J. "Horóscopo vasco", El País, 1998-02-08; Unzueta, P. "Ámbito de decisión", El País, 1998-02-12; Juaristi, J. "La sublimación de la desdicha", Archipiélago, 32 zkia., 1998.

3.«Ma seconde maxime était d'être le plus ferme et le plus résolu en mes actions que je pourrais, et de ne suivre pas moins constamment les opinions les plus douteuses, lorsque je m'y serais une fois déterminé, que si elles eussent été trés assurées» (DM, III Partie). «(...) Pour les mœurs, il est besoin quelquefois de suivre des opinions qu'on sait être fort incertaines, tout de mème que si elles étaient indubitables» (IV Partie).

4.Horrela ulertuta bai, arrazoizkoa da (arrazoizkoa ez dena, erlatibismoa beti horrela ulertu gura izatea da !), erlatibismoak bere burua kontraesaten omen duelako objekzio zaharra, "erlatibismoa teoria egiazkoa da" eta "erlatibismoa ez da teoria egiazkoa" balioberdinak eta biak egiazkoak suposatzean.

5.Hau da, guretzat, «Arrazoimenaren porrotak» baditu sustitutoak («Diskurtsoaren etika», etab.), ondorioa ez da vacuum morala.

6.Greko batentzat, sofista izanda ere, Naturaren lehentasuna eztabaidaezina da. Hain zuzen sofisten ekarpena iraultzailea Natura/Legea bereizketa da, haien gogoeten oinarri funtsezkoa. Guretzat, ordea, oinarri horrek bere inportantzia guztia galdu du.


© Azurmendi, Joxe. Euskal Herria krisian, Elkar, Donostia, 1999