BORDA, Itxaro:
Zeruetako erresuma

Maiana Artoiz, aitaren arreba txikiena, Frantxua seme zaharrenaren Baionako apartamentura heldu zen, autobusa Otsabiderako bide-juntan harturik. Emaztea errainarekin garatzen ziren pataska etengabeez aspertuta zegoen; Marysek alabaina hutsak eta akatsak baizik ez zizkion aurkitzen, eta bakarretan Jakes semeak, andrearen ildotik, erasiaka erabiltzen zuen. Egia erran Maianak ez zukeen nehoiz horrelako egunerokotasunik asmatu, bere sortetxean berean. Gauez oheratzen zenean negarrez urtzen zen: senarra galduz geroztik, alta ez zuen hark ere gozoki tratatu, pairatzen zuen egoera tristea iruditzen zitzaion. Goiz batez ordea, askariteko bilduak ziren sukaldeko mahaian, erabaki erraldoia jakinarazi zien:

—Banoa Frantxuarekin bizitzera.

—Zoazi deabruetan hara, nahi baduzu —erantzun zion Marysek, irri karkaila lotsagabea askatuz.

—Frantxuak bederen jendeki tratatuko nau! —auhen bat askatu zuen, eta oiloen bazkatzera abiatu zen, euriz lohitu loiroan jadanik puru-puruka aditzen zela.

Hortik aurrera, Marysek ez zion hitzik luzatu eta Jakes haren soakoari ihes zebilkion. Maianak halatan, bospasei egun pasatu zituen puskila apurrak apailatzen, Frantxuari telefonoz deitu ondoan.

Frantxua halaber ez zen sobera bero amaren errezibitzeko. Apartamentuaren txikitasuna azpimarratu zuen, lan-orduen nekea eta bakardade premia. Baina haurretik mutikoak bihotz ona zuen eta, hondarrean amore emanez, amaren galdea onartzea besterik ez zitzaion geratu. Frantxuaren duda eta zalantzek Maianarengan izua eragin zuten: norekin bada jardungo zen, nehork ez baldin bazuen bere konpainiarik maite. Ala Etxepareko Janinaren maneran, kantonamenduko hiriburuko zahar egoitzara jo behar zuen? Ez zekien zer eta nola egin. Arimaren zokoan hargatik semearen baiezko txepelaren oihartzuna zetxikan, amodiozko seinale ahul. Frantxuari segurtatu zion epe laburrerako baizik ez zela etortzen, ezin-bizia zeukala, errainak gaizki maneiatzen zuela eta laster bere apartamentua aloka zezakeela Baionan, berdin zitzaiolako azkenean hirian edo baserrian, bake apurra dastatzen zuen ber. Baldintza horiek guztiak entzunik baiezkoa eman zion Frantxuak, unean uneko aterabidea zela berretsiz goraki.

Baionara joan bezperan, Iratzeta deitu etxe ondoko mendi aska lasaira abiatu zen Maiana. Haritz berde eta gorakoi baten azpian jarri zen, xakurra aldamenean, ibiltzearen bortxaz hats hantua. Iraganak, armiarma sare uher, gatibatu zion pentsamendua. Bost haurrak jauki zitzaizkion buruhonaren harrotzera: Frantxua gehiena, Jakes bigarrena, Anttoneta, Terexa eta Leon. Jakes salbu denak Otsabidetik kanpo hegaldatu ziren, Anttoneta Parisera, Leon eta Frantxua Baionara irudiz Europa osoa lanez lan kurritu ondoan, eta Mustafarekin ezkondu zen Terexa Marseillara. Behe-mailako funtzionario bilakatuagatik, ofizio onak zituzten denek, eta segur aski akuilatuak izan balira are situazione hobeak erdiesten ahalko zituztela sinesten zuen Maianak. Baina baserrian dirurik ez zen eta senarrak eskolatzen zirenak gorrotatzen zituen. Adibidez, Frantxuak gaitzeko zafrakoak biltzen zituen, aitak liburu bat eskuetan harrapatzen zuen aldi oroz eta ongarria hedatzera igortzen zuen, zalu. Mutikoak, orduan, errabiaz elge malkarreko iratze eta ote-goroztun puloak barreiatzen zituen, madarikatua zela errepikatuz. Frantxua ezik, besteak oro familiatu ziren, eta bere iritziz bekan baizik ikusten ez zituen zortzi arra-haur konta zitzakeen Maianak. Pena eta gogortasun handian umeak altxatu arren, ondorengo aberatsa zeukala ondorioztatu zuen.

Frantxua amodio hurbilaz troxatu zuela oroitzen zen emaztea: ez zekien zergatik baina bere sabeletik munduratuko zen lehen haurra neska zatekeela imajinatu zuen beti Maianak. Oihu, garrasi eta odol artean, pitili txikiarekilako artxoa jazarri zitzaion. Senarra, amaginarrebak eta amaganaiak pozik zeuden, etxeko lehen haurra mutikoa zela jakin zutenean. Urte hartan, Ameriketan plantatua zen Peterrek berak zorion gutun bat bidali zion, Verdungo trintxeretan bizia galdu zuen Maianaren anaia zaharraren omenez Frantxua deitu zutenaren bataiora ez zela etortzen ahalko erantsiz. Alegrantziarik handienean ospatu zen etxeko jaungaiaren munduratzea, baina handik laster umetxoa eritasun horiak jo zuen eta kasu bereziaz artatzeko premia gainditu zen. Hiriburuko ospitalera eramaten zuten tarrapataka, Xarlestegi herriko auto-jabe bakarraren bi-zaldiko urdin ilunean. Iratzetako haritzetan Maianak begiak hertsi zituen: oraindik ere malkoak lerratzen zitzaizkion, xatarrez eta buruxkandoz tinkatu eta gaixotasunak ahuldu mutikoa besoetan gauak gauari zihoaneko irudiak berritxuratzen zituenean. Frantxua hilen zela uste zuen aldi oroz. Zalantza astun hura zeukan kasko-zokoan danbaka jagoitik. Ondotik jinen ziren haurrek ez zuten inolako osagarri arazorik eduki, liliak bezala sortzen eta hazten ziren, indartsu, kementsu, norbere bide goiztiarraz segur antzaz.

Jean senar zenarekin geroarekiko eztabaida hitsak eramaten zituen, batez ere arratsaldeetan biak bakarrik loaldira joaten zirenean:

—Ez dinagu Frantxua emaire hori etxeko atxikitzen ahal!

—Osagarriz ahul izanagatik, gazte fin eta abila duk.

—Ba, hik beti haren alderdia hartzen dun, emaztekia. Etxalde hau egiazko gizon baten meneko utzi behar dinagu.

—Nik Jakes bortitza baino Frantxua eztia hauta nezakek.

—Jakes duken eta kito!

Gizonak Maianaren solasa tanpez mozten zuen, eta isiltasun pisuaz lehertuak elkarri bizkarrez pausatzen ziren, mende laurden hartan zegiten eran. Halaz Jakes zatekeen Artoizeko nagusia eta emazteak bedi beraz xuxurlatzen zuen, etsia. Baina egia erran Frantxua xarmantegia zen laborantzan plantatzeko, ikastea gustuko zuen eta orduak pasa zitzakeen aritmetika ariketak osatzen. Batzuetan, Jakes etxeko eta besteak oro kanpoko zirela deliberatu zenean, josten edo trikotatzen ari zenean, Maianak Frantxua bere presentzia soilaz laguntzen zuen ikastetxeko beharretan galtzen zelarik, behiak eta ardiak jetzi ondoan. Suak ziraueno egoten zen sukaldeko mahaiaren puntan disertazio edo latinetik erdararako itzulpenak ontzeko, hiztegi mardulak eskumenean. Frantxua horrela ikustean, bera baino bi urte zaharrago eta apeztu zen Gilen anaia irudikatzen zuen: seminario txikitik oporretara zetorrenean grekera edo latinerako perpausak goraki arrapasatzen zituen, biak ur hegian kabala zain zeudela; agian hizkuntza desagertu haien soinuaren oinarria bilatzen zuen oraindik Frantxuaren ikasketen karietara.

San Andres katedralaren maldan autobusetik jaitsi zenean, Frantxua Gilenen ildotik apeztuko zelako ametsa zerabilkion gogoan dantzari. Baina kolegiotik landa mutikoak ez zuen seminarioko bidea hartu, herriko auzo bati esker harrapatu Baiona ezkerraldeko burdingintza saileko lanerakoa baizik. Han zegoen geroztik, Aturri ertzeko fabrika erraldoi batean, nahiz eta denborarekin langileak bekandatzen ari ziren. Goizero joaten zen, eguna burdin-ur usainez itoa eta mailu gotorren klinki-klanka herotsez zapaldua bukatzeko. Hala erraten zion bederen, intentzio txarreko jende batzuek Maianari so-zeharkariz bere seme kuttunaren bizimoldea arras desberdina zela ulertarazten zioten arren. Frantxua hargatik gizon prestua zen, ezkondu ez baldin bazen ere.

Zernahi gisaz, autobuseko gidariak emazte adinduaren puskak lurrean pausatu zituen eta bidaia hor bururatzen zitzaiola konturatu zen. Hirurogei urteetan zehar lautan baino ez zen Baionara etorri, eta katedraleko dorre karratuei begira pixka bat ezbideratua senti zitekeen. Bazterrak aztertu eta bereber galdatu zuen:

—Non da Frantxua? Ene bila etorri behar zuen. Ez da nehon ageri!

Gidariak emaztearen pentsamenduaren haria sumatu bailuan erran zion, irri maltzurra ezpainetan:

—Ba al dakizu non bizi den?

—Bahai gizon, bistan dena. Haren zuzenbidea paper honetan daukat.

—Hobe dukezu oinez abiatzea, ez da hemendik sobera urrun.

Eskualdunen karrikan zeukan Frantxuak apartamentua. Zakua fermuki zatxikala, entzuna zuen nonbait Baiona ohoinez betea zela. Pannecautik sartu zen hiriaren bihotzera; jendea elkarri oihuka zebilen, hizkuntzak eta keinuak nahasiz. Abiadura lasterrean pasatzean, autoek espaloi hegiak inarrosten zituzten. Dendetako gauza miragarriei beha aitzinatzen zen Maiana. Arraposki, ikusten ez zuen jendea kuska baleza ere. Fama likitseko kartierra zela bazekien, anaia zaharrenak berak kontaturik. Alabaina 1944ko maiatzean Gexanek soldadu klaseak egin zituen Baionako kasernan eta armadako kargudun ausartek Baiona Txikiko putetxeetara eroaten zituzten, kanpainetarik jazartzen ziren mutil lohitsuak doi bat zibilizatzeko:

—Maialen zunan... —azaltzen zion anaiak, irri kokina begietan—. Xu-ka ari zitzaidanan: xauri puttil xure makila ferratua non ezar eakutsiko dautxut. Ostatuan, argi gorriak, eta urdinak, eta horailak, denak josteta ari zitunan eta edatera eman zigutenan, ausarki, gerlara edo STOra beharrak ginelakotz menturaz. Belaunetan jarri eta Maialenek mihia ahoan sakatu zidanan, akuilu kolpeaz hautsi eta bihurdikatzen zen sugea bezala ingurukari. Ez ninan, Maiana, sekula horrelakorik ezagutu! Apezaren oharren arabera bekatoros bilakatzen ari nindunan... Alaxokotzia! Orduan ostatuan gizon bat sartu zunan tarrapataka, Frantzia Librearen irratian amerikanoak Europaren salbatzera zetozela oihuka. Ez bat ez bi, gure kaporal zuberotarrak erreserbista tropak deitu zitinan eta kasernara itzuli gintunan, tarrapataka. Xarlesek ez zinan galtza astunen altxatzeko astirik ukan: bazauna! Ostatuko neskak irriz karkailaka lehertzen aditu gintinan, Pannecau ilunean ibiltzen hasi ginenean.

Barmon Hotelaren paretik pasatzean, Maiana segur zegoen anaiak hor zuela ordutik anitzetan elegai ukan zuen Maialen hura gurutzatu. Bizkitartean, ogi egin berriaren urrinak sudur mazelak kilikatu zizkion eta gosea nabaritu zuen: bazen bulta bat jada Artoizetik gosaldu gabe abiatu zela. Kruasan baten erosteko ametsa egiaztatu zuen: baserrian ez zen horrelakorik oizu! Dendariari eriaz nahi zuena seinalatu zion eta Pannecau zubiaren gainean, ibaiari so, lasaitua, gozakia klikatu zuen. Bi poliziek goitik behera ikertu zuten beltzez beztitu anderea, jendea izateko ordez lurretik kanpoko izaki arraroa bailitzan. Oroitu zen orduan, bere aitaren gomendioaz:

—Apezak eta jendarmeak errespeta itzan!

—Bai aita —ihardesten zion apalik.

Hor zegoen izotz bi gizon armatuen aurrean, eta zekien hizkuntza apurra berbilduz ausartu zen:

—Pardon, où se trouve la Rue des Basques?

—Pourquoi devez-vous y aller?

—Je vais chez mon fils...

—Depéchez-vous ma p'tite dame: il y a une manifestation cet après-midi.

—Vous traversez le pont et c'est la première à gauche! —erran zion lehena baino mantsoago zirudien bigarren poliziak.

Eguerdi aitzin semearen etxean izango zen eta karrikako nahasmenduek ez zioten arratsaldearen bakea trabatuko. Zer ari zen Frantxua, bila jinen zitzaiola hitzeman eta agertzen ez zena? Ahaztu zitzaiona?

Eskualdunen karrikako 12. zenbakira iritsi zen. Peko borta zabalik zen eta zurezko eskailera borobil kraskalarietan gora jo zuen, bosgarren estaian kokatzen zen semearen apartamenturaino. Hirugarreneko estaia-artean goiti egitear geratu zen, gohain eta gogoeta: nola mila deabru bizitzen ahal ziren jendeak, familia osoak alaina, zahar, zoko eta mutxi baporea zekarten kukumixa kaiola hauetan? Ez zezakeen irudika. Negarra begietara jauki zorian zeukan, berriz, Frantxuaren atarira heltzean. Gutun azal bat atzeman zuen kisketan dilindan: ama, hara giltzak, sar eta etxean bezala egixu idatzia zuen mutikoak. Tristura bulta bat jasan zuen: Artoizen haren despeditzea berantetsia zuten eta Baionan ez zen den-mendrenik ere igurikatua. Errotik ez-maitatua zen. Maider bere amak bortxaketa baten fruitu likitsa zelako ez zuen amodioz ase, senarrak zapi zahar maneran erabili zuen eta haurrek begirune adiskidekorrik ez zioten eskaintzen: bere burua itotzea itxuratzen zuen bizia zen harri zamatsua bizkarretik kentzeko. Baina, bekatuaz eta besteen baimenik gabe erabakitzeaz beldur zen. Artoizetik ihes joatea izan zen hartu zuen delibero bakarra, bereber eta beretzat.

Pentsu ilunen ildoa abandonatu zuen eta egongela zirudien kanapean jarri zen. Ez zen handik mugitzera atrebitu. Gorputza gogortzen zitzaiola irudikatu zuen, herio atari. Armairu gainean pausatua zen argazki batek ebatsi zion soa: Frantxua han zen, zutik, sei urte zituela, bere ile beltz kixkulatuekin, arropa zuri brodatuaz apaindua. Eztitasuna zerion potretaren egitera hiriburura autobusa hartu eta joan ziren egunaz ongi gogoratzen zen Maiana. Amaren harrotasuna biderkatzen zuen nekatto polita ematen zuen, zinez. Baina zuhurki hornitua zen apartamentu hartan, bazekien samurtasunaren ordu haiek guztiak ahitu zitzaizkiola. Haurrak ingratak zirela marmaratu eta loak hartu zuen.

Zeruak urdin sakonera ari ziren, Maianak norbait etxean sartzen aditu zuenean. Frantxuak kanapean etzanik harrapatu zuen ama. Elkarri begira geratu ziren. Harrituak. Maiana altxatu zen eta musu uzkurrak trukatu zituzten: ez batak ez besteak ez zekien amodioaren azaltzen.


© Borda, Itxaso. Zeruetako erresuma, Susa, Zarautz, 2005.

© Argazkia: Susa