CANO, Harkaitz:
Koltxoia

«Koltxoia», in Telefono kaiolatua, Alberdania, 1997


Teilatu apurtua uralita berdezko xaflaz zegoen partxeatua, eta karabana narratsaren konpartimentu nagusia lurrean alderik alde jarritako koltxoi handi batek betetzen zuen, halako eran non gela barruan ibiltzea oztopatzen baitzuen. Koltxoiaren ertzean eserita zegoen Sol zigarro bat erretzen. Ohantze izateaz gain, bulego ere bazen, askotariko funtzioak betetzen zituena itxuraz; ertzak nikotinaz eta kafe zipriztinez zikinduta baitzituen koltxoi hark, eta bertan pilatzen ziren era guztietako faktura zimurtu, laranja koloreko garagardo-lata huts eta Sopinstant potoak. Telefono bat ere bazegoen koltxoi zikinaren ertzetako batean. Telefonoaren haria leihoraino luzatzen zen, eta, leihotik kanpora, espaloiko telefono-posteraino. Bertan, marinel korapilo klandestino eta behin behineko itxura guztia zuenak lotzen zuen kobrezko haria Telefonikaren sare nagusira. Koltxoia mila bider urratua izan zen, ate txikiegietan barna gela batetik bestera arrastaka eraman izan balute bezala etengabe. Hainbat koloretako dozenaka pita eta hari ziztrinez gaizki adabakitua zegoen nonahi.

Koltxoi gainean eta lurrean barreiaturiko zopa-poto anitzen etiketatan hondartza zoragarri baten argazkia azaltzen zen: Kaimanen Uhartera bidaia bat zozketatzen dugu. Paradisuak lurrean duen bikia omen zen Kaimanen Uhartea. Koltxoia bera ere mundumapa erraldoia zen, beharbada. Eta mundumapa hark ere izango zuen bere Kaimanen Uhartea. Mantxa haietakoren batek izan behar zuen. Koltxoiaren inguruan garatzen ziren etxe hartako ekintza guztiak. Sekula garbitua izan ez zen koltxoieko mantxa bakoitzak zuen bere esanahia eta istorioa: mundumapa batean marraztutako herrialde bakoitzaren izenak eta koloreak bertan agintzen duen diktadoreari buruzko datuak ematen dizkiguten bezalatsu.

Txapa kizkurtuz egindako karabana hartan bizi ziren aita-semeak, eta uralita berdearen babesa izanagatik ere, itoginak zituen han-hemen teilatuak. Karabanako ateak, griki-graka gogaikarri bat egiten zuen, ireki ezin diren artazi herdoilduen zarataren antzekoa. Auzo txiro batean bizi ziren –auzo txiro baten azken muturrean, hobe esan–, eta zuhaitz bati lotuta zuten, duela sei hilabete, karabana. Jada esana geratu den bezala, telefono klandestinoa ere bazuten, kaleko telefono-poste batera luzatzen zuena bere kobrezko kablea. Telefono bat, bai. Eta Sol koltxoian eserita zigarro bat erretzen ari zela, telefonoak jo zuen.

–Zu al zara Sol?

–Neroni, bai...

–Sol, zer gehiago?

–Sol, besterik gabe.

–Izena duzu hori edota deitura?

–Biak. Izena eta deitura. Gure aitak lanpara-denda batean egiten zuen lan.

–Ulertzen dut, galdera gehiegi egiten ari naiz. Ni García naiz. García andrea, soilik... Edo beno, Matusa, Matusa da nire izena. Lula izenez ezagutuko nauzu, akaso. Hamahirugarrenekoa. Tira, ez da erraza niretzat esan behar dizudana esatea... sentitzen dut horrela, bat-batean, hots egin eta zure... edo zuen... intimitatea lardaxkatzea... baina Gabi zure semeak eman dit telefono-zenbakia. Hemen da bera. Gurean alegia. Dirudienez, ume kontuak, badakizu, gure semeari larruzko baloia lapurtu dio zuenak, eta...

Larruak beti ekarri ditu arazoak, pentsatu zuen bere artean Solek. Zeruertzak kafesne kolorea zuen. Eguzkia bazihoan. Zizpuru egin zuen, zigarroaren azken ke-mordoari putz egin eta eraztun obalatuak sortaraziz.

–Oraintxe noa.

Hamahirugarrena zen hesia margoturik zuen auzoko etxe bakarrenetakoa. Etxea txiroa zen, bai, baina auzokoekin konparazioan ez hainbeste. Lehen begiratuan igartzen zen auzo hartako itxurosoen eta duinenetakoa zela bere sotilean. Belarra ere ebaki berria. Ilunabarra izanagatik, urrundik bereizi zituen Solek etxeko sarreran ebakitzen ziren hiru itzalak: García andrea –Lula, Matusa, Matusalen edo dena delako emazirin hura–, berrogeitaka urteko emakume oraindik desiragarria; Gabi semea, egoerak uzkurtuta; eta, inondik ere, Gabik baloia lapurtu omen zion mutikotea izan behar zuen hirugarrena, han, bere amaren ondoan. Gabi baino zaharragoa zen, itxura batera, hamahiru edo izango zituela kalkulatu zuen Solek. Bere semeak baino hiru urte gehiago.

–Ba al duzu esatekorik, Gabi? –Semea isilik geratu zen, lurrean zizare bila balebil legez, burumakur–. Benetan lotsatu egiten nauzu besteren aurrean, seme. Eta ez da lehen aldia. Baina zin dagit nire aitaren errautsengatik hau izango dela azkena. Berehala bukatuko dugu afera honekin. Bueltatu iezaiozu oraintxe bertan baloia lagunari.

–Baina... nik ez daukat baloirik, aita.

–Orain ere gezurretan! –aitak gogor egin zion buila, sorbaldatik heldu eta batera-bestera astindu zuen semea– hobe duzu baloia lehenbailehen bueltatu, bestela egurrikatza egingo dut zurekin, ume demonioa! Barkatu, García andrea –zuzendu zitzaion emakumeari ahotsaren tonua eta eskailera maila batera jaitsiz–, baina baloi hori azaltzen ez bada, neronek ordainduko dizut. Eta egon seguru: gero ordainaraziko diot nolabait barrabas honi. Nolakoa zen baloia?

–Larruzkoa! –mutikoa mintzo zen estreinakoz, umil, begiak altxatzera ausartu gabe. Betile izugarri luzeak zituen eta, behera begira zegoela, haren begirada eroria hostoak eskobatzeko modukoa zela iruditu zitzaion Soli, gizajo bat ematen zuela. Isiltasun larri baten ondoren beste hitz bat erantsi zuen, dudatan bezala–. Erreglamentuzkoa zen. Berria. Eta larruzkoa. Batez ere larruzkoa zen.

Larruak beti ekartzen zituen arazoak, pentsatu zuen berriro Solek Lulari begira, eta oraingoan irribarre ttiki bat antzeman zitzaion begietan.

–Ongi da, andrea, zenbat iruditzen zaizu balio zuela gutxi gorabehera?

–Lau mila pasatxo ordaindu genituen.

–Hainbeste?

–Larruzkoa zen, erreglamentuzkoa. Eta berria gainera.

–Tira, une honetan ez dut dirutza hori eskueran, andrea, baina hurrengo astelehenean, hileko soldata kobratu bezain laster, hemen izango nauzula ziurtatzen dizut. Eta orain, barkatu, solasalditxo bat izan nahi nuke nire semearekin. Damutuko zaio gezurti alaenari! –begiak sutan zituen Solek, haserre. Semea txikitu eta haren hezurrekin egurrikatza egitera zihoala ematen zuen, zinez.

Belarrondoko bat eman zion Gabiri eta arrastaka atera zuen García andrearen jardinetik. Ama-semeak begira geratu zitzaizkien, argiaurkako silueta bat osaturik, García andreak semeari sorbaldatik heltzen ziola. Haien begiradek ez zuten gogortasunik islatzen orain, apur bat kezkati eta errukitsu zeuden. Karabanan bizi ziren tratante-txerpolari haien etxera dei hura egin izanaz damu zen akaso García andrea. Ez zuten auzoan batere fama onik. García andreak ez zuen Gabik jasoko zuen jipoian pentsatu ere egin nahi. Zigarro bat piztu zuen Matusak eta semeari beste bat eskaini zion, hatzetan dardara apur batez. Mutikoak harrituta begiratu zion amari eta zigarroa jarri zuen ezpain artean, izeki gabe. Azken finean, egin behar zutena besterik ez zuten egin. Hura ez zen ez, edonolako baloia. Auzo hartan ez zegoen larruzko baloi askorik. Eta are gutxiago erreglamentuzkorik.

Auzoko leihoetatik reggae doinuak irteten ziren. Tentsioa gutxitzen zuen nolabait musikak. Sol eta Gabi isilik zihoazen eta zeruertzeko ordokidetan desagertzera zihoan eguzki ahulari begira egin zuten karabanarainoko bide guztia. Une batean bakarrik desbideratu zuten haien begirada zeruertzetik –eta biek desbideratu zuten batera–, karabanara heldu baino etxalde pare bat lehenago, Dortoka deitzen zioten zazpi urteko haur bat bizikleta laranja distirant batekin jolasean ikusi zutenean. Galdutako haurtzaroan pentsatu zuen Gabik akaso; kalean hezia zen, jostailurik gabe, alde batetik bestera alderrai beti, karabanako koltxoi hura aberri bakar zuela.

Karabana atarira heltzean, Solen hamar urteko semeak txatarraren artetik koipe eta herdoilez zikinduriko kartoi kaxa bat eskuratu zuen sasi artetik. Aitak karabanako atea ireki eta, griki-graka, burumakur sartu ziren biak barrura. Bonbila bakar kulunkaria piztu eta kandela pare bati sua erantsi zien Solek. Malkoei amorrua eranstean sortzen da sua. Solen begietako sua.

–Ekatzu –esan zuen siku Solek, eskua luzatuz.

Aita karabanako koltxoian eserita zegoen. Han-hemen barreiaturiko Sopinstant poto eta garagardo-latak apartatu eta leku egin zuen, semea ere eser zedin. Telefonoaren ondoan, dozena erdi inguru anfeta zegoen eta iltze mordoska bat, eta uralita berde zatitxoak eta lorautsa zirudien hauts berdea. Eta destorniladore bat. Auskalo zer zen hura, merkatu bat ez bazen. Semeak kartoizko kaxa luzatu zion aitari, eta orduan Solek larruzko baloia kaxatik atera eta bonbilapean aztertu zuen.

–Zulatua du, baina ez dago gaizki. Partxe batekin primeran geratuko da. Bi mila bai gutxienez. Zorte apur batekin hiru akaso.

Semeak begi motelez begiratu zion eta irribarre itxurako bat marraztu zuen, aitak esku-ahurraz buruko ile brea kolorekoak igurtzi zizkiolarik.

–Tira, orain badakizu nora. –Eta nora, lepo-keinu batez adierazi zion Solek.

Karabanako bazterrak kandelen beltzaz grakatuak zeuden, eta argi eskasak itzal txineskoak sortzen zituen nikotinazko hormetan. Gabi, hango aire desatsegin, zopa dentsoaren usainaz kargaturiko hura utzirik, kalera irten zenean, hotz egiten zuen eta gau-gaua zen jada. Atzera begiratu zuenean, zango luzeak agerian zituen emakume bat ikusi zuen, gona motz bat soinean zuela, karabanako eskailerak igotzen. Aitak kuleroen azpitik sartu zizkion hatz puntak eta kuleroen gomaren luzera zeharkatu zuen bere hatzez. Gero, bere gorputzaren aurka estutu zuen neskarena, eta kuleroei zinta mehe bihurtzeraino gorantz tiraturik, ipurmasailak agerian utzi zizkion. Ostirala zen eta Solek ez zuen, Matusari esanaz bestera, lanik egiten. Ez zen lehen aldia. Astelehena heldu aurretik, larunbatean bertan beharbada, karabana arrankatu eta handik alde egingo zuten. Gabik bazekien.

–Tira, orain badakizu nora.

Ez zen hitz gehiagoren premiarik bien artean. Ederki ezagutzen zuen Gabik bere aita, eta ondotxo zekien zer esan nahi izan zion. Aitaren begien distira ikusi zuen. Ez zuen auzo hura utzi nahi Dortokaren bizikleta laranja distirant hura han utzita. Horrelako aukerak gutxi izaten ziren eta pena zen aukera urri haiei ihes egiten uztea.

Gabik bere kabutan pentsatu zuen Dortoka lo egongo ote zen ordurako. Dortokaren etxera bidean, eskuak poltsikoetatik atera gabe, Sopinstant lata bati ostiko eman zion amorruz, eta bizpahiru metro egin zituen lata hutsak zilipurdika zaratatsuan. Etiketan Kaimanen Uhartera bidaia bat zozketatzen zutela zioen lata horietako bat zen. Paradisuak lurrean duen bikia.

© Telefono kaiolatua: Alberdania