CILLERO, Javi:
Musu bat ilunpetan

Gau minaren sargorian ene albora egin duzu maindirepean, laztana. Eskatu didazu istorio bat kontatzeko, begirik ere batu ezinik zaude-eta. Musuak musu, begi lausotu horiengana bildu dut begirada, eztarria garbitzearekin batera. Ohi denez, imurtxi egin didazu masailean, eta aurpegira begiratu.

Lehen ere esan didazu ume aurpegia dudala, hori dela eta hainbat emakumek begi samurrak jartzen dizkidatela. Gaitziturik zaude hori dela eta. Jakingo bazenu... Inoiz jarri dizkidaten begirik samurrenak —oroz gain, maitea, zureak ditut gogoan— andre zahar batek egin zizkidan. Aspaldiko kontua da, inori ere aitortu ez diodana, agian ahalke naizelako.

Hamalau urte nituen, ikastetxean sartu berritan, eta lagunarekin batera komisariara joan nintzen nortasun agiriaren inprimakiak betetzera. Uribarriko argazkidenda batean egin zizkiguten argazkiak, eta ez ginen oso pozik irten estudiotik paperezko lauki txuribeltzak eskuan genituela. Umetuta neukan aurpegia argazkian, ile luzeegia erabili banuen ere itxura zailduagoa ematearren. Ikusten duzunez, garai hartan ere ume aurpegia neukan.

Kristoko aldapatik behera jaitsi eta hiri osoa zeharkatu behar izan genuen nortasun agiriko argazki-paperak aurkezteko. Indautxu aldera joan behar genuen, eta komisariaren aipamenak berak ondoeza sortzen bazigun ere, ez zegoen beste alderdirik. Aukera ona, behintzat, hirian zehar alderrai ibiltzeko mutiko gazte biontzat. Gutxitan joaten ginen erdialdera, Olimpia zinemara edota Euskalduna kaleko jolas-aretora, batez ere, eta labirinto itxura zeukan hiriak auzoko neska-mutilontzat.

Udaletxeko zubian konturatu zen laguna dirua etxean laga zuela. Badakizu, inprimakiak ordaintzeko dirua eta. Erdibana egingo genuela esan nion, baina kontuak aterata, ez genuen biontzako adina, eta etxera bila joatea erabaki zuen. Beraz, elkar agurtu genuen, komisarian elkartuko ginelakoan.

Esan dudanez, gutxitan joaten nintzen bakarrik hiribarrenera. Askoz ere gutxiagotan Indautxu aldera. Hori dela eta, aitzakia ederra nuen osteratxo bat egiteko ingurumari hartan. Zineak, jolas-aretoak, tebeoak aldatzen zituzten dendak, taberna dotoreak, ate gorriko klub badaezpadakoren bat edo beste begietaratu zitzaizkidan kalerik kale nenbilela. Kontuak kontu, auzo horretatik igaro eta komisaldegira iritsi nintzenerako, ateak itxita zeuden. Ordutegi mugatua zeukaten eta hurrengo egunean itzuli beharko nuen.

Honenbestez, lagunaren zain egoteari alferrik iritzita, beste bide bat hartzea erabaki nuen, itzulbidea egiteko. Jo hona, jo hara, beste kale batean sartu nintzen, Alhondigatik hurbil. Ingurura begiratu eta aurpegi kopetilunak ageri ziren kale kantoietan. Baita biltegi zaharrak, sareta uhertsuak, taberna barru-ilunak eta garage zaratatsuak ere. Garajeko autoen usain zorabiagarriak eragin, eta korrika hasi nintzen.

Kaleburuko semaforoaren ondoan gelditu nintzen arnasa hartzeko. Bat-batean, esku zimurtu batek ukitu zidan besoa. Emakume bat zen, adinez zahar. Laguntza eske zebilen hiri erdiko kale jendeztatuan. Zertarako eta eskaratzeko sabaian bonbillatxoa jartzeko. Eskuan ageri zuen kristalezko globoa, istorioari sinesgarritasuna emanez. Ziur nengoen igarri zidala ume aurpegia nuela, eta horrexegatik eskatu zidala laguntza. Ozpinduta nengoen, maitea, baina ez nion ezetzik esan.

Bere etxera gidatu ninduen kaleko burrundaratik ihesi. Etxe-zulo ilun ospela zuen, egurrezko eskailera higatua eta guzti. Barrualdea ez zen hobea, sarrerako Ongi-etorri idazkuneak alaitasun pittin bat eman nahi bazuen ere. Etxearen oinarriak kolokan zeuden, pasiluko oholtza lokabeak salatzen zuenez. Paretetako margolanak eraitsita zeuden eta haien ordez zetaka beilegiek histen zuten korridoreko horma. Ontzi piloa metatuta zegoen sukaldeko harraskan, eguneroko gorabeheren erritmoa mantsotuta bailegoen emakumearen zahartzaroan. Irrati aparatu baten musika zetorren patiotik, bazkalorduko aza egosiak eragindako usain minkor eta umelarekin batera.

Azkenik, gelara sartu ginen, ilunpetan. Eskailera zaharraren gainean igotzeko beldurrez, aulki bat hartu behar izan nuen euskarri gisa. Argia piztu zenean, egunkari zahar pilatuak agertu ziren albo bietara, tontorretan gainez eginda. Emakumeak eskerrak eman zizkidan, eta agindu zidan errezatu egingo ziela zeruko saindu guztiei nire arimaren alde. Kafea eskaini zidan, halaber. Urduriegi nengoen onartzeko, eskulan xume baten truke bazen ere. Nolanahi ere, ez nion aitzakirik jarri, eta baiezko keinua egin nuen buruaz. Orain badakit zergatik. Izan ere, irudipena hartu nuen argia bizitzarekin batera iraungi behar zitzaiola, azken argia zuela hura.

Kafea aipatu zuen, baina mahaia atonduta zeukan bazkari itxurazko bat egiteko. Bi lagunentzako platerak atera, eta txukun-txukun zabaldu zituen zilarrezko tresnak, nire begi zurtuen aurrean. Aisera zebilen portzelanazko baxera mahai gainean kokatuz; nirekiko esan nuen lehen ere halako zerbait egina zuela behin edo behintxoan. Besterik gabe, esertzeko esan zidan, eta bazkaria trebetasun handiz zerbitzatu zuen, hogei urte gutxiago izango balu bezala.

Andreak aitortu zidanez, semearen urtebetetzea zen eta nirekin ospatu nahi zuen. Maitasun hutsezko begirada egin zidan orduan, eta inoiz ere halakorik sentitu badut, une hartan sentitu nuen. Alegia, edozer eginda ere, aldez aurretik barkatuta nengoela adierazten zidan begirada. Umeei bakarrik egiten zaien begirada lainoa, bizitzaren joan-etorriek halabeharrez zikintzen dutena. Bide batez esanda, ez dut espero, noski, halako begiradarik zuregandik.

Bazkalordua pozarren igaro genuen, berak burruntzalia eskuan, nik koilara ahoan, jakiak zein baino zein ahogozagarriago. Lantzean behin andreak begiak txitxildu eta ikastetxeko kontuak galdetzen zizkidan. Denetarik kontatu nion, nola hasi berria nintzen ikasten eta etsamin bat huts egin nuela Matematikako klasean. Denbora gehiena marrazkiak eginez ematen nuela, eta nobelak irakurriz, batez ere Filosofiako orduan. Berak ere zertxobait kontatu zidan. Atzerrian zeukan semea, eta bakar-bakarrik bizi zen. Ez zen inoiz etxetik irteten eta erosketak ere etxera ekartzen omen zizkioten auzoko dendatik.

Bazkalondoan, irratia piztu eta arroz-opila eta kafesnea zerbitzatu zizkidan. Kezketan hasi nintzen gure etxean ez ote ziren berantetsiak izango. Hala ere, goxo-goxo nengoen gutapertxako besaulki more hartan andrearen begi argiei erreparatuz, konpainia ederrean. Hori dela eta, andrearen albumari begiratzea besterik ez nuen egin, eskuan ekarri baitzuen eskutitz multzoarekin batera.

Familia zaharreko argazkiak ziren, zuribeltzak, eta denetan ageri zen andrea, orduan gazteago, ume baten alboan. Umea batetik bestera egurastean leku askotan egindako argazkiak ziren, iraganaren zati hauskorrak. Neguriko hondartza, Artxandako funikularreko arkupeak, Plaza Berria, Areatzako moileko arrantzontziak. Semea zela eta, andrearen betseinak poxi bat handitu zirela ohartuta, mutilaren zahar-berriak eskatu nizkion..

Jadanik ez zen mutila, jakina, baina berak beti gordeko zuen horrela oroitzapenean. Izan ere, atzerrian zebilen lanean, hasi itsasontzi batean sendagile eta New Yorkeko klinika ezagun batean gero. Ama oso harro zegoen semeaz, eta etxebizitza zahar hartan txoko bat prestatuta zeukan beti, ohea jantzi berria, mutila noiz agertuko zain. Zoritxarrez, aspalditik etorri gabea zen Bilbora. Horregatik, argazkiak eta posta-txartelak bidaltzen zizkion amari.

Bestalde, semearen argazkirik kuttunena erakutsi zidan: gizonezko gazte bat, biboteduna, flanelazko janzkia soinean, sudur haundi eta begi sentiberak, irribarre makala ezpainetan, Rock Hudsonen antzekoa. Gizona erretzen ari zen. Zigarreta behar zuen itxuroso izateko, baina neure kolkorako gorde nuen iruzkina. Oso mutil jatorra ematen zuela esan nion andreari; amatara irten zela, begi-sudurrak lekuko. Ez dakit zergatik, baina lotsatuxe nengoen semearen irudia lohituko ote nion.

Amaitzeko, joateko ordua zela esan behar izan nion, bestelako oroigarriak erakusteko prest bazegoen ere. Ez zidan joaten utzi nahi izan, harik eta eskuan ehun pezetako diru papera ezarri zidan arte. Eskailerako korridorean ginela, ilunpetan, musu bana eman zidan matrailetan eta besterik gabe, zintxo ibiltzeko eskatu. Berriz ere samur-samur begiratu zidan.

Zirimiria hasia zuen, eta arineketan itzuli nintzen auzora. Garai hartan beti egiten zuen zirimiria Bilbo aldean, laztana. Hori zela eta, harrapataka etxeratu nintzen, ibilbidea behin bano gehiagotan erratuz. Izan ere, ez neukan buruz ikasita labirintoaren irteera.

Ez dizut kontatuko nola ezkutatu nuen dirua, ezta nolako errieta egin zidaten etxean. Baina ziur nago jakin nahi duzula ea andre haren aurpegia berriz ikusi ote nuen.

Berehalakoan ez, behintzat.

Halabeharrez, berriz joan nintzen paperak konpontzera. Hala ere, lagunarekin hurbildu nintzen eta ez nuen aukerarik izan andrearen auzora itzultzeko. Gainera, ez nuen ondo gogoratzen zein kaletan bizi zen, eta andrea inoiz ere kaleratzen ez zenez... Kontua da handik hilabetera ahaztu nuela pasadizoa.

Orduan udaberian sartu ginen.

Sudurra itxita, arnasa hartu ezinik ibili ohi nintzen udaberrian. Hamaika kutxa txerto alferrik xahututakoan, familiako medikuarengana eraman ninduten. Medikuak Deustuko erietxera bidali ninduen sudurreko gantzak kentzera. Goiz batean egingo omen zidaten.

Tipi-tapa joan ginen ama eta biok otorrinoaren kontsultara.

Gogoan dut itxarongelako hormak axuleiu berdeez josita zeudela, besterik gabe. Hori eta sendagilearen abizen ozena, inoiz ere ahaztuko ez dudana. Ondoan duzun gixajoa aulki batean eserarazi ondoren, sendagileak aztertzeko tresnak atondu zituen. Anestesia pixka bat emanda, ginbaleta hartu eta aurrean eseri zitzaidan. Kopetan zeukan argiak ez zidan ikusten utzi, eta tinko eutsi behar izan nion aulkiari kurrikak sudurzuloan sartu zizkidanean.

Gerora, erre usaina eta ke lainoxka bat, besterik ez nuen nabaritu. Bukatzean, sendagileak kopetako argia kendu zuen, eta bekoz beko begiratu zidan irribarretsu, bere lana ontzat emanez. Poztasunezko aurpegi hartan banan-banan delineatu ziren sudur haundi bat eta begi sentiberak, baita bibote argala ere.

Besterik gabe, sendagileak leiho aldera alde egin zuen zigarreta bat piztera.


Š Cillero, Javi. Hollywood eta biok, Alberdania, 1999