ELORRIAGA, Unai:
Van't Hoffen ilea

(Elkar, 2003)

Tsaw latsaw

(...)

—Ministeriokoa izango zara zu —esan zion atea zabaldu zionak. Bigarren pisuan. Emakume edadetua zen, edadetu estandarra, eta lore urdinak zituen soinekoan, baina ematen zuen soinekotik kanpora irteten zitzaizkiola loreak, aurpegian gora eta besoetan behera; txarto pintatutako marrazkia zen andrea.

—Martina?

—Ez, ahizpa. Zatoz —egurrezko egongela batera eraman zuen-, egon apur batean.

Bakarrik utzi zuen egongelan eta ate guztiak itxi zizkion. Bakarrik zegoela sinistu zuenean, tresna guztiak sofa batean utzi eta entziklopedia zegoen lekura joan zen Matias segundorik galdu gabe. Han zegoen noski: Entziklopedia Unibertsala/ "Tabucchi". Hainbeste bilatu eta gero, hainbeste gauza entzun eta gero, ikutzeko moduan zeukan Tabucchi entziklopedia Matiasek. Azkenean. Tabucchi entziklopedia.

Kuriosoa egiten zitzaion une hartaraino entziklopedia bera ikusi gabe zuela kontuartzea; argazkietan ere ez zuen ikusi. Kuriosoa egiten zitzaion, esate baterako, azalaren kolorea ere ez jakitea edo izenaren azpiko marra antiestetiko haien berri ez izatea, entziklopedia haren bila hainbeste denbora eman ostean, entziklopediari buruz hainbeste hitz egin eta gero.

Hori guztia g letra bilatzen ari zen bitartean pentsatu zuen. Arin hartu zuen g letra (Galilea-Göksu). Hitz bat bilatu zuen gero. Hitza topatu eta lerro pare bat-hiru irakurri zituen. Berriro utzi zuen apalean. Gauza bera egin zuen s letrarekin: Schaudinn-Tassos alea hartu eta arin bilatu ostean, sarrera bat irakurtzen hasi zen.

Ate bat zabaltzen hasi zela sentitu zuen orduan Matiasek. Arrapaladan itxi zuen entziklopedia eta apalean utzi nahi izan zuen egongelan inor sartu aurretik, bekataria balitz bezala edo, beste era batera esanda, eskuan neska biluziak balitu bezala, eta ez entziklopedia bat, Tabucchi izenekoa eta itxuraz antiestetikoa.

—Segi... segi begiratzen... nahi baduzu —esan zion Martina behar zuenak.

—Ez. Hasi egingo gara igual —erlojua seinalatu zuen Matiasek, denborak benetan kezkatuko balu bezala.

Martinak aulki bat eskaini zion mahai borobil batean. Biak jesarrita zeudenean, berriro altxatu zen Matias, eta:

—Ardura ez badizu, begiratu egingo dut bai... gauza bat... entziklopedian.

Altxatu eta v letra hartu zuen. Tizsa-Vardar alea hartu zuen. Baina egoera apur bat lastimosoa zen: Martina mahai batean jesarrita, bere atzean, eta Matias entziklopediari begira. Arin egin behar zen. Aurreko bien operazio berbera egin zuen; hau da, hitza bilatu, lerro bakan batzuk irakurri eta apalean utzi. Mahaian eseri zen gero.

—Arin estudiatzen duzu —esan zion Martinak. Eta hitz horien bitartez adierazi nahi zion gauza arraroa egin zuela entziklopediarekin, eta bera, Martina, konturatu egin zela, baina ez ziola azalpenik eskatuko, ardura gutxi berari besteen bitxikeriak; ez zuela kezkatzen besteen osasun mentalak, nahikoa zeukala berearekin, adin horretan, eta, nahi bazuen, trankil egiteko bitxikeria hori edo beste sei.

Matiasek aitzakiaren bat esan zuen, karismarik gabeko aitzakiaren bat, hepatitikoa. Ahotik irten bezain laster, gainera, mahaira jausi zitzaion aitzakia eta bertan lehertu, eta aitzakiaren atal guztiak egongelan barreiatu ziren, alferrik galduta.

Elkarrizketarako grabadora prestatzen ari zenean konturatu zen Matias Martinaren ahizpa ere egongelan zegoela. Sofa batean, hiru bat metrora. Matiasi iruditu zitzaion soinekoko loreak erabat desmadratuta zituela ordurako, eta lore batzuk zituela ukondoetatik zintzilik eta beste batzuk emakumearen aurpegia jaten ari zirela eta sudurretatik sartzen ari zitzaizkiola. Matias begira zeukala ohartu zenean, Geratu ahal naiz hemen? galdetu zuen Martinaren ahizpak, kristal batek galdetuko lukeen moduan. Bai, andrea, erantzun zion Matiasek, eta gero esan zuen Nola ez, edo antzeko formularen bat.

—Hasi egingo gara, ezta? —esan zuen Matiasek, hasiko zirela sinistuta. Grabadora piztu zuen.

Kontua da... —hasi zen Martina— esan zidatela telefonoz bai..., Ministeriokoek, baina ez nuen ulertu zer den kontua. Ez dakit zer behar duzuen.

Matiasek Ministerioaren proiektua kontatu zion, eta azaldu zion biografia bereziak biltzen ari zela Ministerioa, baina iruditu zitzaion "biografia" hitza arraroa egingo zitzaiola Martinari eta esan zion bizitza bereziak biltzen ari zela Ministerioa eskualde guztietan eta berak, Martinak, ezagutuko zuela, beharbada, bizitza arraroa zeukan pertsonaren bat herrian, eta pertsona hori hilda bazegoen ere berdin balio zuela, kontua zela bizitza arraroak biltzea grabadoran. Martinak Zertarako? galdetu zuen, Ministerioak gauza praktikoak egiten zituela konbentzituta; ez zegoela argi, Matiasek, artxibo bat egingo zutela Ministerioan beharbada, edo liburu bat, edo liburu-sail bat, baina kontua zela biografia arraroak biltzea, grabadoran.

Pentsatzen hasi zen Martina eta inguruan bizi ziren pertsonen bizitzak errepasatu zituen, baina guztiak ziren dendariak edo ospitaleetan egiten zuten lan edo bulegoetan, eta ordu asko ematen zituzten lanean; hamazazpi edo hamazortzi ordu egunean igual, laneko orduak kalitate handieneko orduak direlako eta doble balio dutelako. Eta lanetik irten eta gero desegin egiten ziren pertsona horiek, sofa marroi batean, eta ez zeukaten astirik bitxikeriak egiteko.

Martina isilik gelditu zela ikusi zuenean, ahizpa hasi zen hitz egiten. Esan zuen "Plazako anaiena, igual". "Plazako anaiena bai" onartu zuen Martinak.

—Nagusia Pablo zen eta bestea zen... itsua Pablo zen, ezta, Mercedes?

—Bai, Pablo eta Mateo. Itsua Pablo eta bestea Mateo.

Matias aurrez aurre ari zen Mercedes ikusten, baina Martinak atzean zeukan ahizpa eta gauzaren bat galdetu nahi zionean buelta eman behar zuen, eta erantzuna entzun nahi zuenean berdin, eta gorputzak krak egiten zion buelta ematen zuen bakoitzean. Matias kontuartu zen egoera deserosoa zela hura eta komunikazioa narrasten zuela, eta argi zegoen, gainera, Mercedesek ahizpak baino hobeto zeukala burua eta ahoskatu ere ondo ahoskatzen zuela, s-ak eta r-ak batez ere. Horrexegatik guztiagatik eskatu zion Matiasek Mercedesi mahaian jesartzeko, berari ere grabatuko ziola. Horregatik guztiagatik eta Martinaren gorputzak egiten zituen krak guztiak grabatzen ari zelako grabadora eta lanak izango zituelako gero transkripzioak egiteko.

"Gauza da" esan zuen Martinak Mercedes mahaian eseri zenean, "beti ibiltzen zirela plazako anaiak joko horrekin gora eta behera, atzera eta aurrera; nola esaten zioten joko horri, Mercedes?" Izena ez zekiela esan zuen Mercedesek, baina xakearen antzekoa zela; antzekoa baina konplikatuagoa, behin azaldu ziola Mateok. Eta Mateo izena esaten zuenean, soinekotik kanpo hedatuta zituen lore guztiak soinekora biltzen zitzaizkion berriz ere, eta Matiasek ulertu zuen Mateo ez zela Mateo bakarrik, Mateo zela beste gauza asko Mercedesentzat.

Gero azaldu zuen xakea baino askozaz konplikatuagoa zela jokoa; izan ere, xakean beti dira mugimendu berberak, hau da, zaldia horrela eta dorrea horrela eta erregina nahi duen moduan, baina anaien jokoan piezen mugimenduak beti zirela diferenteak. Isildu egin zen orduan Mercedes, sabaiari begiratu, eskumako galtzerdia altxatu eta jarraitu egin zuen. Anaien jokoan, esan zuen, kontuan hartu behar dira ordua, eguraldia eta ez dakit zenbat gauza gehiago. Jokoa oso-oso txarto azaltzen ari zelako inpresioa zuenez, gauzak astiroago azaltzea erabaki zuen Mercedesek, eta esan zuen "Esan nahi dut diferente mugitzen dela pieza bat, esaterako, goizeko hamarrak eta bostean edo arratsaldeko seiak eta hogeita hamahiruan eta, ordu berbera izan arren, ez direla piezak berdin mugitzen eguzkia dagoenean, lau gradu daudenean eta haizea iparretik datorrenean". Amaitu zuen esaten deabruzko burua behar zuela joko hori asmatu zuenak, eta anaiek ez zeukatela besterik buruan.

"Gauza da" esan zuen Martinak berriz, "munduko txapelketak egiten zirela urtero. Edo Europako txapelketak. Frantzian egiten ziren edo Suitzan edo Portugalen. Eta anaiak joan egiten ziren. Ikustera joaten ziren, ez jokatzera". Mercedesek esan zuen jokatu ere jokatzen zutela eta Pablo ona zela gainera, oso ona, baina itsua zela, eta Mateok esan behar zizkiola jokaldi bakoitzean tenperatura, haizearen norabidea, ordua... eta kontrarioak zer mugitzen zuen; eta epaileek ez zieten parte hartzen uzten, jokalari bi baten kontra izango litzatekeelako hori, eta horregatik ez zuten parte hartzen txapelketetan, ez ingurukoetan ez Europakoan, baina joan bai, urtero joaten zirela ikustera.

—Urte osoa aurrezten —esan zuen Martinak-; horretarako bizi iren. Bost egun han eta buelta. Dirurik gabe.

Gero kontatu zuten urte batean bidaiarako aurreztuta zeukaten diru guztia gastatu behar izan zutela bidaia egin aurretik, ospitalean. Martinari otu zitzaion "Pablo itsu geratu zen urtea" izan zitekeela urte hori, baina Mercedesek ezetz, umetan geratu zela Pablo itsu, zazpi urterekin edo bederatzi urterekin, ez zegoela ziur, baina zenbaki bakoitia zela, zazpi urte edo bederatzi urte, hori seguru zekiela. Ados jarri ziren orduan ahizpa biak beste arrazoiren bat egongo zela bai, baina dirurik gabe geratu zirela bidaiarako azkenean.

—Lituania —esan zuen Mercedesek eta, esateko moduari erreparatuta, Matiasek pentsatuko zukeen "Lituania" hitza hitz erretorikoa zela, aurretik jakin izan ez balu Lituania herrialde bat dela, mapa gehienetan Letoniaren ondoan agertzen dena eta koordenada jakin batzuk dituena, munduko herrialde gehienek dituzten moduan.

Mercedesek esan zuen Lituanian egin zela txapelketa urte hartan eta anaiek ez zeukatela joateko dirurik, ospitalean gastatu zutelako edo eslora handiko barku batean, berdin dio horrek. "Orduan hasi ziren koltxoiak saltzen" esan zuen Martinak. "Gero saldu zituzten aulkiak eta alfonbra bi", baina hori ere ez zen nahikoa izan, antza, Lituaniara heltzeko eta "bainuontzia ere saldu zuten azkenean".

Joateko dirua egin zuten bai, baina bueltarako dirua ez, eta jendea arduratzen hasi zen eta galdetu zien "Zoratu zarete, ala?" edo "Joan bai baina etorri gero?"; anaiek esan zuten egingo zutela bizimodua zelan edo halan eta etorriko zirela bihar-etzi.

Mercedesek amaitu zuen kontatzen, eta kontatu zuen joan zirenetik ez zirela anaiak bueltatu, eta bazirela hogeita hamazazpi urte eta bost hilabete. Baina anaien bainuontzia euren lehengusinak erosi ziela, Mercedes eta Martinaren lehengusuak erosi ziela anaiei, eta lehengusinaren etxera askotan joaten zela bera, Mercedes, bainuontzia ikustera. Eta erosketa egokia izan zela, oso bainuontzi ona zelako, antzina egiten zirenen modukoa, eta ez zuela ugerrak berehala hartuko.

Imajinatzen hasi zen Matias orduan. Eta Mateo imajinatu zuen orduan Lituaniako iturri publiko batean edaten, bakarrik, Pablo hilda imajinatzen zuelako, jakina. Gero esan zien ahizpei ondo, oso ondo, hori zela grabadorarako behar zuena, eta benetan kuriosoa zela Mateoren kontua eta Pabloren kontua. Poztu egiten zen Martina eta galdetu zion Matiasi nahikoa zen kontu horrekin ala gehiago behar zuen. Matiasek esan zion nahikoa zela, eta sobra, baina, beharbada, gogoratuko zutela besteren bat. Mercedes Lituaniatik bueltatu gabe zegoen oraindik eta Martinari ez zitzaion ezer okurritu.

Matiasek grabadora amatatu zuen plikt. Despedida etorri zen orduan eta eskerrak eta hiru-lau musu eta agurrak eta Ez dizut edateko ezer atera eta Trankil, Orain aterako dizut nahi baduzu, Ez eskerrik asko ez, Eskerrik asko, Hurrengora arte, Agur, Agur, Agur, Agur.

Eskaileretara irten zenean, mediku pribatuen kontsultetako eskailerak gogoratu zituen Matiasek. Izan ere, diferenteak dira mediku pribatuen kontsultetako eskailerak eta eskailera normalak. Mediku pribatuen eskaileren ezaugarririk esanguratsuenetakoa da, esaterako, kalentura jaisten dutela. Esan nahi da, kontsultatik irtetean, eskaileretan joaten zaiela kalentura pazienteei ia beti, eskailerek eta Gobernuaren Osasun sailak hitzarmenen bat sinatu balute bezala. Jakina, Martina eta Mercedesen eskailerek ez zeukaten zerikusirik mediku pribatuen eskailerekin, baina mediku pribatuen eskailerak gogoratu zituen Matiasek, hala ere.

Euli kurioso bat agertu zen eskaileretan orduan. Euli itsua. Eta Matiasek pentsatu zuen munduko mediku gehienek, abilidade handiak izan arren, ez dutela bizitza osoan euli itsurik ikusiko, bera, Matias, une hartan ikusten ari zen moduan. Euli itsua zela jkain zuen Matiasek horma guztien kontra jotzen zuelako euli hark ?irizpide konkreturik gabe- eta koadro baten atzetik ibili zelako hegan. Eta arrazoirik definitiboena: eulia lurrean pausatu zenean, Matiasek oin-zola gainean jarri eta ez zuen euliak zirkinik ere egin. Eta mundu guztiak daki unibertsoko izakirik bizienak direla euliak, nekez harrapatzen dela euli bat; eta unibertsoko izakirik bizienak ez badira, bizienetakoak bai, unibertsoko izaki bizien sailkapenean bigarrenak edo hirugarrenak beharbada, bizitasuna eta erreflexuak neurtzeko kontzeptu zailak badira ere. Baina eskaileretako euli hura mugitu ere ez zen egin Matiasek mehatxatu zuenean; horregatik pentsatu zuen euli itsua izan behar zuela edo eulien arau tradizionalen kontra egin nahi zuen seriotasunik gabeko eulia izan behar zuela bestela, eulien globalizazioaren aurkakoa.

Ez zuen zapaldu noski, kalera irten zen Matias.

Beste bi etxetan egin zituen grabazioak goiz hartan, eta grabatutako gauza bat ondo interesantea izan zen eta gainerako guztiak ez hainbeste. Baina, dena dela, arratsaldean entzun beharko zituen berriro, pentsioan. Batzuk transkribatu egingo zituen, beste batzuk ez. Bost-sei aldiz errepikatu zuen esaldi hori buruan. Den-denak transkribatzeko esan zioten Ministerioan. Baina ez zituen denak transkribatuko. Alferreko lana iruditzen zitzaion hori. Alferreko lana da hori. Hori ere bost-sei aldiz errepikatu zuen buruan. Onak transkribatuko zituen, besteak ez.

Beste etxe bietan ere bazegoen Tabucchi entziklopedia, nola ez. Bietan egin zuen Mmatiasek aurreneko etxean eginiko gauza bera: hitz berberak bilatu, zeozer irakurri eta atzera utzi. Etxe batean ezkutuan egin zuen, bestean baimena eskatuta.

Gero haizean sartu zen berriro ere. Eta iruditu zitzaion haizea, hain primarioa ez balitz, gomaespumaz eginda egongo litzatekeela edo antzeko beste material estrabagante batez. Haizeak ideia batzuk eman zizkion eta beste batzuk kendu. Pentsarazi zion, esaterako, bazkaltzeko lekak egongo zirela pentsioan, edo barazki ulertezinagoren bat.


Š Van't Hoffen ilea: Elkar