EPALTZA, Aingeru:
Rock'n'roll

Rock'n'roll eleberritik hartutako zatia, Elkar, 2000.

I. ALDERDI BASATIAN BARNA (ABUZTUAK 4-5, ASTEAZKEN-ORTZEGUNAK)

Ostatuen izenak karrikenak eta bizilagunen izaera bezalakoak dira hiri honetan: nekez mudatzen dira, gerla, iraultza edo gisako kataklismoren bat tarteko izan ezean. "Lisboa" ere izen beraren jabe ezagutua nuen mutikotatik. Beti letra etzan luze-mehaxka berak, ziraun zuri zaurituak aspaldi argitzen ez zuen neoizko errotuluan mugigaiztuak. Inoiz arrakastarik izan bazuen, ez nintzen denbora horien lekuko izan. Izena mailegatu zion hiriburuak izana nonbait kutsatua, hondoraino inoiz ez datorren gainbeheraren malenkoniak zartatzen du bezeroa "Lisboan" sartu ahala. Barnean, mahai-aulkiek, argazki koloregalduek –Chiado, Bairro Alto eta Teixo ugaldearen gaineko zubitzarra–, komun kanpo nahiz barne kakaztuek, denek, hitz batez, berri-ukaldi bat erregutzen dute, ozen, munduak haien arrangurei entzungor egiten dien bitartean. Antoniok ere, hemengoa izanagatik, zerbitzari portugaldarren gisara jokatzen zuen barraren gibelean: gorputza motel eta gogoa auzoan. Autista halakoa; "Musu-triste" erraten niolarik ere ez zuen muturjea argitzen. Bertze kidetasun bat, ez munta gutikoa, hiri atlantiarrarekin: egia baldin bada lisboarsak Europako hiriburuetako emakumerik zatarrenak direla, itsuskeriaren infernutik atereak ziruditen ostatuko parrokiano femenino bakanek.

Gazteagotan, doilortzearen pare izanen zatekeen hainbertze korbatadun eta burusoilez osaturiko "Lisboako" bezeria gizentzea. Kristinak etxetik kanpo ezarri ninduenez geroztik, ordea, hura nuen abaro egunkarian ahitu indarrak neuregandu behar nituenetan. Zergatik? Hagatik. Hango prezioek hiriko ostalaritzako ohiko lapurreta maila berdintzen zuten. Giroaz den bezainbatean, ez ardo ez ur: 40tik 60 urte bitarteko jende gehienetan bakartien bilgune geldoa. Ordutegiak ere ez zuen famatzen; astegunetan Antoniok goizaldeko ordu batean ixten zuen, minutu bakarrik ere ez berantago. Kokapena, berriz, alde zuen, Zabalgunean bai, baina Alde Zaharreko nire bizitegi berrira auto-minik gabe ailegatzeko adina. Eta bertze abantaila bat gehigarri, ezin gutietsia lau hilabete irauten zidan ario berexian: ene zorigaiztoaren putzu kirastuan sudur-mintzetaraino lokazturik, neure buruaz aspertu arte urrikaltzeko josteta libertigarrian ari nintekeen, inoren trabarik gabe. Lankiderik eta, batez ere, adiskiderik topatzea neke zen "Lisboan".

Iragan abuztuko asteazken horretako arratsa ere hagitz probetxugarria gertatzen ari zitzaidan Antonio "Musu-tristeren" jabegoetan, bi ordu baino gehiago eginik-eta ene burmuinetako kaka artean txipli-txaplaka. Barra pareko jarleku garaitik ikararik egin gabe sei ginebrakada edan eta hamalau bat zigarro erre ondotik, gauaren gailurra jotzen ari nintzen, hots, zizare ustel bat denetan porrot egina nintzela ondorioztatzeko une hunkigarria. Zizare ustel egarritua, nolanahi ere.

—Tira, "Musu-triste", hondarrekoa!

Alferrik harrotu nuen boza, zerbitzariak sorreria baizik ez baitzuen izanen ez aditzeko estakuru. Musika jadanik itzalia, ordu erdi abantzu zuen azken bezero hondo joaren ihesak bakarrik utzi gintuela ostatuan, nor bere barra aldean alkate, nor bere baitan bilduago. Antoniok tai-chi egile baten abiaduraz luzatu zuen eskuin eskuko eri zuzena, barrako ispiluaren gaineko erlojuaren aldera. Ordu bata hiru minutu guti.

—Redio, ez didak idorrik joatera utziko, ezta? Ateraidak hire pozoinetik. Hitza ez haudala Osasunbidean salatuko.

"Lisboan" ez dira itxurakeriatan ibiltzen. Ginebra eskatuz gero –edo whiskya, edo koinaka–, zehaztasun gehiagorik eskaini ezean, etxeko kaskarrena barraratuko dizu "Musu-tristek", non eta inoiz gardena izandako kopa batean, nola eta hormarik –izotzik– gabea beti. Ez du makurrik: oi-ene-zein-malerusa-ni-ka aritzen naizelarik, horrelaxe maite dut ginebra, txarra eta hutsa, zintzurretik beheiti hondoratzean metal gorituaren mina uzten duena aho-sapaian. Kristinak gorrotatzen zuen nire zaletasun hori.

Zerbitzariak nire paretik kopa hutsa kendu eta, ukalondoa zur gainean landatuz, trapu zuri-gorri batean ezabatu zuen barra gaineko arrasto borobil hezea, sekula ere ez bukatzekoa zirudien mugimendu erdi-zirkular nekatuaz. "Lisboan" inondik ere ohikoa ez den garbitasun erakutsi hori aski ez, eskuartean itsasa ikusi behar izan nion, ene eskariari ez-aditua egiteko asmo tinkoa zuela konprenitzeko. Iragan abuztuko asteazken gau horretan "Musu-tristek" eta biok ez genukeen tratu onik burutuko, ate gaizki olioztatuaren kirrinkak norbaiten sarreraz gaztigatu ez balu.

Matelondoko orizta ilunagatik ere, ez nuen istante ezagutu, eta horren errudun ez ziren bakarrik aitzinetik eztarriratutako ginebrakadak, ezta elkar ikusi gabeko hilabeteak ere. Hogei kilo gutiagoren jabe eta markako txandal gorri-laranja batez txatxutua, semeak maite dituen filme guztiz pedagogikoetako heroi transgalaktiko zangomotza iduri zuen, sugar desgisatua eta lekuz kanpokoa "Lisboako" histuran. "Musu-tristeren" diosala, eskuin eskuko eri zuzena berriz ere barrako ispiluaren gaineko erlojurat behartzeko ahalegin titanikoa: ordu bata eta bat. Ez zekien sarberria ez zela edatera heldu. Zerbitzari abegi txarrekoari ezikusia eginez, niganaino egin zuen zuzen-zuzen.

—Edu, hire beharrean nauk.



Aitzineko kristalaz harata, autoaren mutur luze urdina karrika hustuko zorua xurgatzen ari zen, nerabe goseti batek espageti mugagabea bezala. Nire lagun "Ximurrak" ziztu bizian ninderaman hiri lokartuan barna. Koadro dotorera makurtua eta kasik tarterik utzi gabe bolantearen eta bere sabel ttipitu eta koloreanitzaren artean, gurpilei negar, enbrageari irrintzi eta martxa-aldagailuari karrank eginarazten zien, biraketa bortitz bakoitzari oihuka eta biraoka lagun egiten ziola.

—Telefonoa hartu duen morroia hire anaia izanen zuan, ezta? Kabroia alaena! Alukeriak bota beharrean ohatzetik ateratzeagatik, konprenitzen ahal zian premian nengoela. Ez uste berehala erran didanik non aurkitzen ahal hindudan. Bada, nire partez... Ostia! Edu, ez ezaala sekula auto diesel kaka bat eros, ez ezaala!

Semaforo gehienak gorriz pasatzen zituen, eta talka egin nahi ezean nahitaez gelditu beharrekoetan, zartaka ekiten zion ibilgailuko saihets metalikoari, esku mehartua lehiatilatik at inarrosiz. Kanpoko argiak bizi laburreko izarņoak piztarazten zizkion behiala soildurik ezagututako buru gaineko mataza gogortzaileztatuan.

—Segi, bada! Segi, behingoz!

Errai guztiak azpikoz goiti ezarriak neuzkan, injineru pitzatu batek diseinaturiko atrakzio deabruzkoak irauliak. Premia-keinuz, gelditzeko eskatu nion. Ez zen gogo onez hartaratu:

—Zer alukeria da hau? Izorratu nahi nauk, ala?

Hiribide luze baten erdian ginen, autoko lau keinukariak piztuta. Bapore noragabetua tifoiak hustutako portuan. Aho itxia eskuz bermatzen nuela kanporatu nintzen, itoka.

—Isuna paratzen badidate, hiretik pagatuko diagu. Eta dena bota, ez baitiat autoa zikintzera utziko.

Aparkatzea galaraztearren Udalak paratutako jardineretariko batera hustu nuen sabela. Azkar eta, honela mintza badadi, garbi ere bai. Ximurraren ondora itzultzean, nahasmendua ez zitzaidan arruntik aienatua, ezta nire gogoeten joan-etorria azkartu ere. Laguna kolera ezin atxikiz zegoen.

—A zer laguntza bildu dudan! "Ttipi" etxean atzeman banu, ez uste ondoan izanen hindudanik, gaua izorratzen!

Ibilgailua arrabiarazita, puntu finko bat bilatu nuen neure aitzinean, zorabioa ez berritzearren. Bertzerik ezean, eskularru-kaxatik ateratzen zen trapu hori baten muturra hautatu nuen. Begiak hartan erre beharrean eman nion segida xede oraindik jakin gabeko bidaiari.

—Erne egon. Kamioneta zahar baten ondotik gabiltzak, berdea eta luzexka.

Ez nion galdegin zergatik genbiltzan kamioneta zahar, berde eta luzexka baten ondotik, baina horrek trapu horiaren muturrari bake ematera behartu zituen nire begiak. Lehiatilatik harata, "Lisboatik" jalgitakoan aurkitu nuen ikuskizun bera, kristal gaineko nahiz buru barneko lurrinak lausotua: karrika hutsak, autoak lerro-lerro aparkatuak eta kale-argien distira mamu sortzailea. Betaurreko listuz zikinduak garbitu nituen, poltsikotik mukizapia aterata. Ikusmira ez zen argitu.

—Bi dituk. Beren zera gurearen ondoan aparkatua ziaten, autobideko zerbitzugunean. Gidariak txima luzeak zitian, eta belarritakoa ezker belarrian. Bertzeaz ez nauk sobera oroitzen, eskasagoa-edo. Gazte ala zahar, ezin erran. Gisako jendailak ez dik adinik izaten. Ez dituk nabala faltan egonen, baina nik badiat horiek baino burdina puska hoberik.

Bolantea ezker eskuarendako utzita, Ximurrak jarlekuaren azpira luzatu zuen eskuina. Begiak errepidetik kendu gabe erakutsi zidan, kanpotik ez ikusteko maneran nire aldera beheitituz.

—Astra bat. 7,62 mm. Zazpi tiro. Auto hau bezain legezko. Hilabeteoro desmuntatu eta garbitzen diat atalez atal, baita kotoiz xahutu ere ipurdi zilarkara. Putakume bat izorratu nahirik etorriz gero, zakurra danba! zanpatu eta bere hartan frijiturik geldituko duk. Zer diok?

Hitz aproposen baten eske abiatu nintzen. Nire buru barnea, ordea, telebista aparatu itzalia zen.

—Munduan ez gaituk bakarrik ostiak hartzeko, noizbait emateko ere bai.

Ximurraren eskua jarleku azpira itzuli zen eta handik hutsik jalgi. Puska batean ez zuen deus gaineratu. Isiltasunaren altzoan, begiak biltzen hasi zitzaizkidan.

—Edu, lokartzen bahaiz, ostiaka bidaliko haut hemendik.

Ez ginen hiritik atereak. Bertzelakoan, ezustez herri arrotz batera lekualdatuak ginela uste nezakeen; deus ezagunik ez, zeharkatzen ari ginen inguru borrotsuan. Are gutiago lagunak nahi bezalako ibilgailurik. "Berde, zahar eta luzexka", berretsi nion neure buruari. Autoko koadro digitalera egin nuen so: 99.08.04 01:32 17.5ēC. Luze gabe, betazalak karga-karga egin zitzaizkidan berriz. Beretu nahi ninduen indarraren kontra borrokatu gabe, gorputza kulunkatzera utzi nuen autoaren urrumen konpasera.

—Aski diagu!

Kopetakoa Ximurrak berak eman zidala iduritu zitzaidan. Ez nintzen berehala ohartu, balaztadaren ondorioz eta uhala lotu gabe izanda, haizetakoa kunka! joa nuela. Lorategi batera isurtzen zen zebrabide baten gainean geldituak ginen, bai aitzin eta bai gibel debekurik gabeko leku franko izan arren. Laguna txandal barneko kamisetaren poltsikoa arakatzen ari zen, nire kopeta minduaz axolatu gabe. Paper zuri bat edeki zuen, tolestua.

—Gorria daukak uste baduk inora eramanen haudala, lau kafe huts elkarren segidan edanaraztera. "Ttipi" deituko diat berriz, baina lehenago, Kimikaren jainkoei hel eginen zieagu.

Autoko alboko poltsikotik dokumentazioa altxatzeko larruzko karpeta granatea atera zuen eta belaun gainean ezarri. Keinu zalu eta zehatzez, paper zuria zabaldu zuen, kasu handiz, erdiko tolesdura desegin gabe, eta hortik, hauts zurixka bat erein zuen, artaz, karpeta gainera. Lerro labur bat lehenbizi, eta gero bigarrena, luzexeagoa, kreditu-txartelaren laguntzaz luze-mehatuak.

—"Altiplanoko deliziak". Halakotzat saldu zidatek, bederen. Klariona, igeltsua eta auskalo zer zerrikeria erantsi dioten. Hala ere, gaur bezalako beharraldietan on egiten zidak. Bertzelakoan kobratuko nikek, baina gaurkoz neronek gonbidatuko haut. Billete bat izanen duk hor nonbait, ezta? Oroitzen? Zenbat eta berriagoa, hobe.

Esku arroztuak jaka mehera lerratu zitzaizkidan. Kartera hor aurkitzeak puska lasaitu ninduen, lehen mugidan falta nuela uste izan bainuen. "Lisboako" kankarro sorta ordainduta, billete bakarra zen nire ondasuna eta ez, gainera, Ximurrak eskatu bezalakoa, esku eta plaza franko ezagutua baizik. Hala ere, nire lagunak ez zuen lan handirik izan horrekin tutu itxurosoa moldatzen. Burua berak okertu zuen lehenik karpeta aldera. Nire belaun gainera aldatu zuelarik, lerro luzeena desagertua zen.


Š Rock'n'roll: Elkar