ETXEBERRIA, Hasier:
Eulien bazka

Lupe Latasa Musca aurea izateko moduko emakumea iruditu zaio Urrutikoetxearen bulegoan estreinakoz ikusi duenean. Ez da gutxiagorakoa. Musca argentea eta Musca albinaren artekoa. Dotoreago jantzita, hori baino gehiago ere mereziko zuen, baina bulegoko arropek distira kendu ohi diote gehienetan emakumeari. Lupe Latasari ere bai. Neutroegia da daroan jantzia. Estaltzekoa da gehiago, erakusteko baino. Hala ere, lehenengo begiratutik, ez du errazki eman ohi halako nota alturik Damianek. Harritzekoa da hori. Halako nota altua, lehenengo begiratutik.

Zilegi ote begien aurrean ikusten dudan emakume oro zazpi euli motetako batekin alderatzen ibiltzea. Etengabeko sailkatu behar hau, pentsatzen du. Baliteke.

Ederrena, ia existitzen ere ez den emakumea, Musca albina izaten da. Hortik behera beste guztiak: Musca aurea, Musca argentea, Musca domestica, Musca erratica eta Musca alighieri. Zilegi ote hala ibiltzea denak sailkatzen. Lehenengo begiratutik. Ahoa ireki baino lehenagotik. Ez dakit. Halaxe da baina. Beti egin izan dut hori horrela. Automatikoki. Zazpi euli horietako baten multzoan dago emakumea beti.

Jaione Musca aurea izan zen hasiera batean. Geroago Musca argentea eta Musca domesticaren mailara jaitsi zen. Badira emakumeak lehen begiratuan euli multzo batekoa izatea merezi eta gerora ezagututakoan, beheragoko mota batera erortzen direnak. Horietakoa zen Jaione.

Aldaketa horiek gertatzen direnean, infernuko ahoa ezagutzen du gizonezkoak. Zerutik infernurako marra baitago Musca erraticatik behera. Orduan alferrik izaten da. Zerurik gabeko lekuan egon daiteke gizona bolada luzean, handik edo hemendik eta akaso beste zeruren bat agertuko zaiolakoan.

Infernuan ez, ordea. Behin infernuko marra iragan delarik, gizonak ez dio eutsiko lehengoari. Ezin izaten dio eutsi. Alferrik da. Horrelaxe izaten da hori. Horrelaxe izan zen golfeko bizimodu isolatuak Jaioneren irudia goitik behera mailagabetu zuenean ere. Bere etxeak Zoriona baino, Infernuko Marra behar lukeela pentsatu du Damian Arrutik. Infernuko Marra, horrelaxe, letra larriz. Kaka zaharra. Infernuko Marra. Kaka zaharra, Zoriona.

Ezin dut gehiago, esan du azkenean. Eraman ezazu zeuk autoa esan dio Lupe Latasari. Zer gertatzen zaizu. Ezer ere ez. Ez dut ondo egin lorik. Eta autobus geltoki batean egin du bazterrera. Ertzainen bigarren autoa dutela atzetik.

Gaixotu egiten naiz zuloan behera joan behar dudala pentsatze hutsarekin esan, eta leihoa zabaldu du Damianek, arnas bila. Erraza izango da, zaude lasai. Neu joango naiz zeurekin. Non dago intermitentea, galdetu du Lupe Latasak, erantzunik espero gabe. Zaude lasai, ez da egongo arriskurik leizean behera joateko tenorean.

Damianek erakutsi dio lehenengo pitzatua. Ezkutuan behar zuen horrek. Eman dio emakumeari ahuleriaren berri. Hasi da, harrapatu baino lehen, ehizari iheserako aukerak ematen. Baina egiazki ehizatu nahi al du, bada, Lupe Latasa. Ez ote betiereko jarrera soil bat. Ez ote du hori gizonak beti berezko. Tximuen artekoaren antzeko.

Zergatik ote du gizonezkoak horrelako gauza bat beti berarekin. Emakumea ehizatu beharra. Emakume ederra harrapatu ahal balu bezala jokatu beharra. Izango bada. Gizonezko izango bada.

Zein maila ote dauka berak Lupe Latasaren begientzat. Ezberdina ote da merezitako sailkapena pitzatua hain argi erakutsi baino lehen eta ondoren. Ala, emakumeek ez dute gizonek bezala funtzionatzen. Ez du oraindik ikasi nola egiten duten. Lehenago errazagoa zen hori, pentsatu du. Gizona ona eta langilea izatearekin aski zen bere gurasoen garaian. Hala esana zion amak, aita zintzoa eta ona zela. Gizon ona zela. Horregatik esposatu zela berarekin. Ez zion sekula esan bere aita ederra zenik. Gizon ederra zenik ez zion sekula esan, bere aita.

Aldatu egin dira gauzak, ordea. Nola egiten dute, baina, gizona aukeratzeko. Zeri ematen diote gaurko emazteek baliorik. Begiei. Bularrari. Ipurdiari. Ahoari. Ikasten ahal da hori sekula, ehun urte bizi izanda ere. Jakiten ahal du gizonak inoiz emakumeek nola duten arra ikusten.

Damianek kafea eta Dexedrinaren nahasketari egotzi dio, azkenean, hainbeste pentsamendu ganoragabekoren aztoramena.



Polloeko gorputegian hotz egiten du. Hotz egin behar du gorputz ia izoztuak erabiltzen dituzten lekuan. Damian, Lupe eta ondoren zetozkien ertzainak iritsi direnerako, han ziren Urrutikoetxea tenientea eta Larraņaga forentsea. Damianek arnasa apur bat hartu du autotik gorputegiko atarirainoko bidean. Baina gero berriro itolarritu da, korridoreetan barrena hartu dutenean. Mukizapia atera du, bekokiko izerdi hotza xukatzeko eta zintz egin du ondoren. Alferrik. Ez dira mukiak. Beste zerbait da itotzen duena eta urdaila eta biriken arteko tartean dago bizitzen jarrita. Berez hutsik eta ezer gabe behar lukeen lekuan. Ala, buruan dago gorputz osora zabaldu eta erabat indargabetzen nauen odol gaiztotu honen iturria. Egin dio galde bere buruari.

Larraņagak hozkailu baten tiradera handia erakarri du. Mahai gurpildun antzeko zerbait da. Gorpukiak daude agerian, emakume baten gorpua osatu ezinik, piezak falta zaizkion puzzle haragizko baten antzera. Ala okela esan behar zaio hildako haragiari. Hala balitz, puzzle okelazkoa behar litzaiokeela esan, deliberatu du Damianek. Ez esku eta ez bururik. Gainerako atalak, elkartze ezinezko batean hurbildurik. Ezer ez du ikusi Damianek batasuna eta osotasunaren hain kontrakoagorik sekula.

Mangas eta Leniz ertzainek, handik erretiratu egin dituzte begiak, gorpua ikusi eta gero. Ezin izan diote aurrez behatu ikuskizunari. Hormetako afixa handi batzuetan dituzte begiradak ezarriak. Eta goregi dauden leiho txikietan ere bai. Ez dute gogoko eskaintzen zaien agerikoa. Bistakoa da hori. Urrutikoetxeak ere apartatu egin du begirada, horixe da Izarraizko leizean aurkitu genuen guztia, esan eta gero. Zer iruditzen zaizue.

Lupe Latasa, Larraņaga eta Damian Arruti, ostera, hurbildu egin dira zatietara. Larraņagak latexezko eskularruak luzatu dizkie beste guztiei. Polizia-etxean esan dizuedanaz gain, ez dugu aurkitu ezer apartekorik.

Damian Arrutik hiru gizonezkoen haziaren arrastoa non ote den begiratu du, baina ez du aztarnarik kausitu. Non duzue mikroskopioa. Laginak behar ditut zati bakoitzetik, esan du gero.

Lenizek eta Mangasek, kanpoan itxaron ote dezaketen galdetu diote Urrutikoetxeari belarrira eta atetik kanpora joan dira, zurbil, nagusiak baiezko keinua egin dienean.

Damianek pena dela esan du. Lehenago deitu behar ziotela, gorputzaren zatiak hozkailuan hoztu eta intsektuak betiko aldendu aurretik. Gorpuaren berezko bilakaera eten aurretik. Orain zailagoa daukala egin beharreko lana. Polikiago begiratu beharko duela. Denbora beharko duela hildakoaren heriotza eguna zehazteko. Edo behintzat, zati guztiak egun berean bota zituzten ala ez erabakitzeko. Lehenengo egin beharrekoa, leizeko baldintzak aztertzea izanen dela eta, ondoren, mikroskopiora itzultzea.

Larraņaga puzzlea beste era batera osatzen hasi da mahai gainean. Orain zati guztiak azpikoz gora jarri nahi ditu, atzealdetik ere ikusi ahal izan dezaten emakumearen gorpua. Lehenago bularrak eta sabelaldea ageri bezala, emakumezkoaren ipurdi masailak eta bizkarra dira ikusten. Izter eta zangoak, atzeko aldetik.

Besoetako baten azaleko aztarna bati erreparatu dio Damian Arrutik orduan. Ezkerreko besoari atzeko aldean, ukondotik hurbilago, galtzarbetik baino. Lupa hurbildu eta, baina nola liteke, esan du. Ez da posible. Ezin liteke, behin eta berriz. Aztoraturik. Itzulinguru bat egin dio gorpukiak biltzen dituen mahaiari, presaturik. Berriro behatu dio ezker besoko azalari. Ezin liteke, esan du ehungarrenez. Ezin liteke. Hau ez da egia, egin du oihu. Eta biraoa bota du. Kaka putza esan du ozen. Bai. Kaka putza. Horixe.

Zer gertatzen da, galdetu du Urrutikoetxeak eta zer gertatzen zaizu galdetu dute beste biek. Zer gertatzen da. Zer ikusi duzu.

Begiratu honi, erantzun du Arrutik. Begiratu honi arretaz. Eta luparen beiratik harantzago begiratu dute guztiek.

Ez dugu ezer ikusten. Hor ez dago ezer nabarmenik.

Begiratu ondo, agindu die Arrutik, begiratu ondo.

Baina alferrik. Inork ez du deus ikusi.

Horko marka hori oso bitxia da, esan du azkenean Damian Arrutik. Harrigarria. Behatu adi. Phophyla bahii izeneko eltxo txiki-txiki batek eragiten du. Orbainak beti hartzen du itxura bera, sukaldean erabiltzen den iltze-kanelarena. Pospolo buru baten neurrikoa. Ez da inoiz ezabatzen. Ezin da. Kirurgia erabili gabe ezin da sekula ezabatu azalaren gainetik. Behin eltxoak heldu duelarik, zauria gaiztotu egiten da. Zornatu. Arrasto horixe uzten du intsektuak. Betiko.

Nik ez dut ezer ikusten, gehitu du Urrutikoetxeak.

Bai, ikusten dut esan dute Lupe Latasak eta Larraņagak. Txiki-txikia da. Lore edo arrosa nano bat dirudi.

Ez, ez du arrosaren itxurarik. Espeziarena bai. Iltzearena. Entomologian ezaguna da hori.

Eta zer, galdetu du Urrutikoetxeak.

Eta zer, eta zer diozu, esan du Damian Arrutik. Harrigarria da horrelako seinalea gure artean aurkitzea. Intsektua Itaparika irlan bakarrik bizi da, Brasilen, Salvador de Bahiatik hurbil. Han bakarrik sortzen den onddo txiki baten bizkarroi izanez bizi da Phophyla bahii eltxoa. Ez da beste inongo lekutan aurkitu sekula halakorik.

Eta zer, galdetu du berriz Urrutikoetxeak.

Damian Arruti erantzun gabe geratu da, biraoka eta purrustaka.

Zer duzu gizona, zer duzu horrela jartzeko, esan dio Lupe Latasak.

Zer dudan, kaka zaharra dut, kaka zaharra. Horixe. Burua eta eskuak aurkitu behar dira lehenbailehen. Goazen leizera.

Baina zerk aztoratzen zaitu horrela, berriro Latasak. Leizera ez gara joaten ahal bizpahiru egun barrura arte. Dena antolatu beharra dago, hara joan aurretik.

Zer du apartekorik honek, galdetu dio orduan Urrutikoetxeak, Arrutiren aztoramendua endelegatu ezinik.

Ezagutzen al duzue besagainean halako orbaina daukan emakumerik, galdetu du Damianek. Ikusi al duzue sekula halako marka daroan emakumerik. Eta ezetz erantzun diote guztiek. Entzuterik ere ez zutela halako orbaina uzten zuen intsektuarenik.

Bada, nik bai. Nik ezagutzen dut halako lekuan halakoxe orbain bitxia daukan emakumea. Edo zeukana, ez dakit nola esan behar den. Nik ezagutzen dut mahai gainean datzan emakume hori. Kaka zaharra.

Eta eskularruak kenduz, aterantz hartu du Damian Arrutik, beste hiruren aurretik. Arnasa apur baten bila.


Š Etxeberria, Hasier. Eulien bazka, Susa, 2003.