GARZIA, Juan:
Gubbio

(in Garzia, Juan. Itzalen itzal, Alberdania, 1993)

ERDI AROKO EMAKUME POETA EZEZAGUN BAT

Gubbiotik, Virginia Ossiani.

Gubbio grisa da. Grisak ditu teilatuak, grisak etxe hormak, grisak kaleetako harlauzak. Ez da arbela, hala ere. Harri puska sendo eta nobleagoz eraikia da Gubbio; Palazzo dei Consoli bera ere harri berberez egina da, hantxe malda grisaren gaikaldean zurrun, hiri ertarotarraren erdian, bailararen bistara zabaltzen den plazaren karratuari albotik itzal emanez.

Herrira hurbiltzen den bisitaniak hori ikusiko du behetik: Erdi Aroko hiri harri grisezko bat gaintxo batean ezker-eskuin zuzen gorantz; Palazzoaren isla eskerga etxe ilarak irudikatzen duen balantzaren fiel.

Bidaiariak ez daki zer topatuko duen bertan. Izan ere, San Frantzisko otso famatuarekin mintzatu zen herria besterik ez da ia Gubbio propagandarentzat, eta santuaren inguruko muntaia turistikoz asexea iritsi baita bidaiaria Assisi-tik. Horregatik edo, estimatzen du etxe gris bilduen petotasun ertarotiarra, harri latzaren zakartasun uniformea. Bai eta, harixe begira doala, hiri barrenetan oraindik, aurrez aurre topatzen duen azokaren animazio jendetsua. Baserritar giroa; saltzaileen bulla teatralak tarteka; toldoak eguzki betean dirdir.

Hango aldia eginik, han abiatu da kale itzaltsuetan gora, harlanduzko etxe dotore nahiz kaskarxeagoen atalaurreetako hornidura burdinazkoak ikusmiratuz. Harriaren gris matearen kontra, burdina beltzen distira.

Apaindurak, tresnak, armak... Altzairua landu izan da beti Gubbion, burdin hautsez gristatuak dituzte gubbiotarrek esku-musuak, burdina puska goriei begira egotez tristaturik begiak.

Bisitariak ez daki —ez ditu irakurtzen bertako aldizkariak— egunotan inguruko bazterrak harrotu dituen aurkikuntzaren berri. Bertako jendeak, berriz, badirudi antzina galdu zuela ezertaz harritzeko gaitasuna, Poverelloak bezaturiko otso beldurgarri hura zahardadez hil arterainokoan etxez etxeko txakur otzan gisa ibili zenetik, balirudike miragarritasunaren mea betiko ahitu zaiela. Enteratu ote diren ere dudan jar liteke.

Historia guztia Kapelauetxe deritzan eraikina eraberritzeko obrei ekin zitzaienean hasi zen. Ederra da etxea, izatez, baina bai zaharra ere, eta aspaldidaniko abandonuak eta kokalekuaren gaiztoak —haize eta euri guztietara babesgabe— hondaturik zeukaten oso. Kultur etxetzat egokitu nahi dute. Lan horietan ari zirela agertu zen orain halako hotsa atera duen eskuizkribu zaharra. Harrian bertan disimulatutako gordailu batean zeuden orriak, eta horrek esplikatzen du, nolabait, oraindik han egotea ezezik, pergamuak hain ederki iraun izana ere.

Egileari buruz ez dago —izena izan ezik— duda handirik: klarisen komentuko kapelautza zeraman apaiz batek idatzia da eskuizkribua, haria Umbria-ko dialektoan eta beste zenbait pasarte latinez. Data, berriz, hamahirugarren mendearen erdialdera edo jarri behar omen zaio. Hogeita hamahiru orri dira, eta, bai kontatzen duen historiaren gorabehera sinesgaitz samar batzuei buruz, bai kapelauak orri horiekiko zuen asmoaz, zalantzaren bat izan badaiteke ere, funtsean ematen digun informazioa zertan ez sinesturik ez dago. Inkisiziorako ote ziren ala konfesio-sekretupean zeuden, nahasturiko fantasiak berniemalearenak diren ala apaizaren lumak beretik zerbait jarri ote duen, axola gutxiko kontuak dira: protagonistaren larridurak benetako gertaera baten ispilu garbia dira, gure ustez. Hala izatera, orain halabeharrez aurkitu diren dokumentuok beste obra zoritxarrez berreskuraezin baten berri emango ligukete, bai eta poeta ezezagun baten izena eta nondiknorakoak ere.

Kapelauaren bertsioari lotuko natzaio, irakurlearen argitasunaren baitan utzirik egiazkotasunaren lasto-gariak bereiztearen lana, haren jarraibide dramatikoaren haririk ez haustearren, nahiz eta digresioz ihausirik eta ahalbait laburturik ematen saiatuko naizen, gure helburua ez baita kapelauaren testuaren halako errekreazio literario bat egitea, baizik eta literaturaren aztarna galdu horren berri aldizkari honetako irakurleoi eskaintzea; Bettina Mariani moja-poeta ahaztuaren aurkezpen ezinbestean zeharkakoa egitea, alegia.

Aurrera baino lehen, esan dezagun Bettinaren konfidantzako kide batengandik jasoak dituela kapelauak xehetasunok guztiok. Bera baino zaharragoxea zen mojakide bati bakarrik kontatu zizkion Bettinak bere arrenkurak, harekintxe baitzuen halako tratu berezi bat. Emakume kankailu bat zen, baratzezain eta sukaldari trebea. Dorotea Viglione zuen izena, eta hari zor diogu, beraz, testigantza garrantzitsu hori, nahiz (gero agertuko denez) sinple samarra izan berez, eta —inozotasunak hala ohi du— errealitatearen ikuskera bere mamu pertsonalez jaztera emanegia noski. Sinpletasun horretxek egingo zuen, beharbada, maitagarriago Bettinaren begietan. Zaila da jakiten, hala ere, iritsi zaigun historiak zenbat duen Bettinarenetik eta zenbat Dorotearenetik; kapelauak historia osatzerakoan bere kabutik dudarik gabe jarri duena ahaztu gabe, noski.

Bettina Mariani Santa Klarak berak San Frantziskoren agindu eta ereduz Gubbion sortutako komentuko moja zen. Gazte-gaztetatik bide zuen poesiarako joera. Jainkoarenganako grina sentimental batek bizi zuen, eta hark Haren alegrantzia kosmikoa naturaren gauzarik xumeenetan kantatzeko isuria ematen zion: ez da, hortaz, harritzekoa aurki San Frantziskoren Bigarren Ordenarako pausoa eman izana. Biziki maite zuten bere mojakideek, eta izugarri miresten koplatzeko zuen dohaina, hala mistikarantz hegaldatzen zenetan, nola ospakizun arruntetarako kantetara apaltzen zenean.

Jainkoa, Poesia... hitz larriak dira. Bettinak natura maite zuen, harengan biltzen zen bere sentimentu guztia, hura zen bere mistika guztiaren oinarria, eta han dedikatzen zion eginbeharrek eta errezoek uzten zioten denbora guztia. Mendi bideetan barrena bakarrik ibiltzea zuen deboziorik sentituena, eta ibilaldi haiek ematen zioten, arimaren gogobetetasuna ezezik, poesiarako arnasa ere. Bere komentutik besteetara ere zabaldu zen denborarekin Bettina mojapoetaren hotsa, bere obraren zatirik erabilgarrienarekin batera: kantak, errezorako irakurgairen bat... Komentuetatik kanpo ere bai, hotsa bederen, moja-poeta bat bazela Gubbioko klarisetan.


Bettinak bazuen bere txoko hautu kuttun bat mendi lepo batean, nora biltzen baitzen egunik ederrenetan, belartzan etzan eta urrutienerainoko mendien handitasunean eta ortzearen urdintasun baztergabean Jainkoaren bisaia imajinatzera.

Halakoetan, idazteko tresnak eraman ohi zituen, bapatean zetozkion jainkozko txinparta poetiko haiek bertan jasotzea maite baitzuen, halako komunio bete-betean sentitzen baitzen han. Zentzu guztietatik sartzen zitzaizkion naturaren sentsazioez blaitua nahi zuen bere luma.

Hala, sasoin hartan hartarako aukera gutxiago izaten baitzuen, bozkarioz ikusi zuen nolako eguraldi zoragarria atera zuen negu hondarreko egun hartan, eta egun guztian egon zen zain-zain noiz bere betebeharrek libre utziko bere gozaleku hartara joateko.

Abiatu zen, bada, azkenean, arrats beheran gure moja elorri arteko bide malkartsuetan gora, bere paradisu txiki hartatik dastatu nahian egunik ederren haren ederra.

Eta halakoxe ilunabar miragarria zegoen, martxoko arratsalde batek bakarrik eskain dezakeen bezalakoa. Iluna baino lehen itzultzekotan jadanik atzera bidean jartzeko tenore zuenean, amets batetik esnatu balitz bezala akordatu zen, mutututa, lelotuta, trantzean: Jainkoa bera kontenplatzea eman zitzaion, eta hitzez adierazteko gai zen. Orduantxe konturatu zen, ordea: idaztekoak ahaztu zitzaizkion, hainbestekoa zuen egun hartako mendira beharra.

Horrekin batera, ohartu zen itzultzeko ordua ere pasaxea zuela, dagoeneko ilunak gailurretara erretirarazten an baitzuen argia, zerugoreneko hitz haien distira jainkozkoa bere memoria lurtar ahanzkorrak ilunpera zezakeen moduan. Eta ikara sentitu zuen errainetatik.

Bidean hitzak errepikatuz joaten bazen, agian finka zitzakeen bere kontzientzian, baina ikara ematen zion letra bat bera ere okertzen bazitzaion bertatik aldegingo zuela Jainkoaren presentzia bizi hark, eta ezingo zuela berriro inolaz ere, leku hartantxe bizi guztia emanik ere, halakorik iritsi. Zertan ari zen guztiz ohartu gabe, makilatxo bat jaso zuen lurretik, pittika gorriz betaturiko gorosti baten ondotik, eta gorostiaren peko lurrean soilune bat baitzen, makilaz bertan idazteari ekin zion. Arrasto sakonez marraztu zituen hitzak; lur biguna zen; eta lasaitzen hasi zen. Hartan ere Jainkoaren mezu bat aurkitu uste zuen: tresna landurik gabe idaztekoak ziren hitz haiek; naturak emana naturaz naturari itzultzekoa.

Poema amaiturik, gaua gainean baitzuen, komentura bidean jarri zen; ez, hala ere, bidean atzerantz sarri-sarri begiratu gabe. Jadanik berantesten zuen zabaltzen hasi berri zen gau hark egun berriaren argia noiz ekarriko. Azkar egin zuen komenturainoko bidea.

Luzeago gaua. Komentuan San Josetarako bere kantak zebiltzan alai, baina Bettinak hurrengo egunsentian zuen gogoa. Goiz erretiratu zen; ez, hala ere, logale zelako, bakarrik egotearren baizik. Eta halaxe egon zen, loaren beraren konpainiarik ere gabe.

Lehen argi txintetara ireki zuen leihoa. Elurraren dirdai zuriak itsutu zizkion begiak; ez zen lurrik ageri. Egundoko izuak harrapatuta joan zen korrika gorostiaren lekuraino, errauts koloreko bere habitu zarpaila elurtzan arrastaka. Belauniko egotzi zuen bere burua, eta atzaparka ekin zion elurra kentzeari. Gorostiaren erdiraino edo bazen elurretan. Azkenean garbitu izan zuenean, lokatz nahasi bat zegoen Bettinak bere oihu mistikoa, isiltasun betea biltzen zuten hitz guztizko haiek topatu nahi zituen tokian. Negar egiteko gogoari leku eman gabe, intziri mehe bat jaulki zitzaion barrenetik, bistatik galtzerainoko isiltasun zuri hartan zauri zorrotz bat ebaki eta nota bakarreko zantzo eutsi baten gisa oihartzun bila hedatu zena.

Harrezkero bizirik hila zirudien. Komentuko betebeharrek uzten zioten guztietan joaten zen bere gorosti ondo hartara, bere poema ezabatuaren gainean negar egitera. Eta erabateko isila bihurtu zen.

Komentuko barau legea gogorra izanik ere, areagokoa hasi zuen Bettinak. Horretarako ere ahoa itxirik eduki nahi bailuen, otorduak bere bakardade isiletik aterarazten zuelako edo, janlekura biltzeari utzi zion. Pergamu zuri baten aurrean ematen zituen jan eta lo orduak, bere gelako bakartasunean, hitz distirant haien errainua ahanzturaren putzu beltzetik erreskatatzera gorputz eta arima eskainia. Eta eskastu egin zen izugarri. Oroimenaren porrotak, etsiarazi beharrean, seta amorratu hura areagotu baizik ez zioten egiten: testu hura birrosatzea zuen apetitu bakarra. Hezur zorro zurbila bihurtuz zihoan egunetik egunera.

Doroteak min hartu zuen berari ere hitzik ez egiteraino iritsi zenean: zer egin zezakeen berak kontsolatzeko? Min hori oinaze pairaezina bihurtu zitzaion, ordea, Bettinaren osasun galtze gero eta larriagoaz ohartzen hasi zenean. Eta, itzal zuri baten itxura hartzen ari zela ikusirik, pisu faltaz mundua utziko zuela baitzirudien, Ahizpa Gorenari salatu zion lagunari gertatua.


Š Itzalen itzal: Alberdania