IGERABIDE, Juan Kruz:
Hainbat poema

Irribarrea

Gizonaren irribarrea,
emakumearen irribarrea,
musu bat, eta ni.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Bizitza

Begiak ireki:
Bero eta gorri,
bi eguzki.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Samina

Ilargiak, hodei atzean
ezkutaturik,
lur gainera negar.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Egunsenti

Doinu bat ortzemugatik:
Goiztxinta da
kantari ezti.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Botoi bat bezala

Botoizulotik botoia bezala
jaio nintzen negarrez:
Ilargia irribarrez.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Irribarre bat

Haren ezpainetan
petalo bat kantari:
Arnasa dantzari.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Mina

Arrebatxoa
bakarrik dago, gaixo:
Atea, ixo.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Gurasorik ez

Umezurtz ttiki:
gogor eusten dio
kometa eder bati.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Hiri txitxarra

Ixo, txitxarra:
Zure soinuaz
argiak hausten dira.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Jaiotza

Haur bat jaio da :
Harekin batera Lurra
biran hasi da.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Zoriona

Haurra barreka:
Haren ahotik
tximeletak.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Aspaldiko oroitzapenak

Gaur nire urteak dira:
Eguzki errainu zahar bat
leihoan jarri da.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Aitonak

Irratia piztu :
Denboraren hotsa
itzali nahi du.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Gau festa

Haurrak esna
nahi du iraun :
Haren betazalen gainean
bi elefante ilun.

© Igerabide, Juan Kruz. Botoi bat bezala / Como un botón, Anaya-Haritza, 1999



Zeri begira zaude
euriaren errezela
eskuaz zabaldu nahirik?
Euria ari du
beti lez,
betiko euria
joandako denborari
errezela ipintzen
beti lez.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Bortxaz hildakoak

Bortxaz hildakoen
begiek ez dute
begi-ninirik,
bi bala-zulo baizik.

Begi-niniak
euri-tanta dira,
teilatua zulatzen
duen euritean.

Bortxaz hildakoen
begiek ez dute
begi-ninirik,
bi euri-zulo baizik.

Eta ni, hatz erakusleak
begi-ninietan sarturik.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Soneto bat iheslariari

Iheslaria, etxerakoan, beti haraxeago
eramaten du haizeak

Bideko nekeak atseden ditu
etxetik ihesi larri doanak;
nahiz aita-amek atzetik deitu,
ezin entzun haizeak daroanak.

Urrun, txit urrun, da pentsatzen ari,
iraganik hogei urte inguru:
ekin nahi lioke itzulerari,
inor ba ote etxean aiduru?

Lore bat zaio jaio begietan,
harribitxi lez itsas hegietan?;
itzulita ere, etxerik ez du:

beste kaleak, beste aurpegiak,
gurasoen argazki beilegiak?;
ihesak itzulezina berez du.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Beti lez

Zauritan zauri dira
Bizkaiko mendiak.

Belardietan jaiotako azken loreak bildu
dituzte amek, bihotzaren kontra estuturik,
eta orain zain daude, semeren bati noiz
ipini beharko zerraldoaren buruan.

Haizeak jotzen ditu leihoak,
txingor erauntsia kristaletan deika:
ez egin lorik, ez egin lorik,
lo egitea debekaturik,
ez egin lorik, ez erantzi atorrarik.

Euriak betilez orrazten ditu
Bizkaiko mendiak.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Aitaren etxea

Izen baten alde odola
eskatzen badidate,
bihurtuko naiz mut,
izenen beharrik gabe.

Nire aitaren etxea defenditzeko
ez dut odol-tanta bat ere isuriko.

Aitaren etxea deitzen diote
balizko etxe beti arrotz bati.

Nik maizterra dut aita.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Susmagarria da poza

Mundua bitan banaturik dago:
pozik bizi direnak alde batean,
saminez bizi direnak bestean.

Bitan banaturik dago mundua:
zapaltzaileak alde batean
eta zapalduak bestean.

Mundua bitan banaturik dago:
alde batean justiziazaleak daude,
bestean axolagabeak.

Bitan banaturik dago mundua; beharbada bi zaietako bakoitza beste bi zatitan bana liteke, eta horietako bakoitza beste bitan; beharbada, gutako bakoitza ere bitan banaturik dago: batzuetan pozik dago, eta beste batzuetan triste samar; batzuetan norbaitek zapaldua sentitzen da, eta aldika -hori bai, oharkabean- beste baten gainean ipintzen du hanka.

Baina, hala ere, mundua bitan banaturik dago,
horretaz ez dago zalantzarik,
eta pozik bizitzea susmagarria da.

Egunen batean lurrak berdinduko nau; hobeto esanda, lurra berdinduko dute nire gainean, eta irribarre susmagarria eramango dut ezpainetan, azken poz izoztua.
Euria ari du hilerrian. Eur hotzak guztiok berdintzen gaitu.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Gizazurtza

Neure itzalaren bila nabil
Van Gogh-en pinturan.

Hala dio pintoreak bere gutun batean: gaitza egiten omen zaio kaleko gizaki umezurtzak margotzea. Gizazurtzaren arnasan ezbai hutsa besterik ezin margotu. Elezurtz ozta-ozta mingainera ekarria gaitza da margotzeko, Van Gogh; nola margotu inoizko poz-mina?

Zeruak aintzira urzurtza
besoetan jaso nahi luke;
mendia joan-etorrian dabil
hodei multzoen atzean.
Beltxargek aintzira zanpatzen dute
hodeiek zerura eraman ez dezaten.

Aintzira, hodeia eta mendi ibiltaria
margotu ditu Van Goghek;
euria ari du Van Goghen gainera.
Beltxargak igeri eta ura dardarka ikusita,
nori ez zaio durduzatzen arima?

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Haurren begirada

Basamortuak ez du biderik,
baina bera da norabide ororen bide.
Neure buruaz beste egingo nuke
haurren begiradak adierazten didana
adieraziko ez balit;
ezereza baldin bada euriak
bustiriko bidearen muga,
ezereza bada bidea bera ere,
ezerezta nadin lehenbailehen.

Haatik, bideko putzu ñimiñoetan
haurren begiradak ikusten ditut
ezerezatik sortuak;
ezer eskatzen ez dute,
ezer esaten ez dute;
hortxe daude putzu txikiari
sakontasun hondogabea emanez.

Euriak dena ezabatzen du,
bete eta lehertzen ditu anforak,
hozkatzen ditu harrizko herriak,
hondar-husten basamorturik zabalenak,
zentzugabe bihurtzen eskultorerik
handienen atahuts miresgarriak.

Hor daude, ordea, putzu txikietan
haurren begirada handiak.
Mendeak daramatzat
malko bat ere isuri gabe,
gogorra izan behar duk,
nor izan behar duk;
hareatzaren ezerezean
lehortzen duk malko oro
begi ertzean agertu aurretik.

Mendeak daramatzat malko
bat ere isuri gabe;
haurren begiradak ikusten ditut
euriak bustiriko putzuetan;
bihotza hondar bihurturik daukat,
zuloa dut harrizko sabelean,
eta, hala ere, haurren begiradak
zerbait inarrosten dit barrua ez
den barru honetan.

Euriak, une batez aterturik,
oasi bat egin dit begiradan.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Hutsaren hurrengo

Koloreen bila dabil arratsaldea;
zuhaitzek, haraka-honaka, hipnotizatu egiten naute,
eta harrizko horma bat destainaz begira dagokit.

Maitale biluzi baten oroitzapenak
ez du nire hatzen artean haragiztatu nahi.

Mandeuli batek mugatzen dit,
inguruan bueltaka, ezintasuna.
Haizeñoak ezabatzen nau arratsalde honetan.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Mailu isil bat behar dut

Mailu isil bat behar dut,
gauez, inor ohartu gabe,
mundua desegiteko.

Utikan horrenbeste konponketa;
hautsi guztia, eta aurkitu beste mundu hori,
ezkutatzen ahalegintzen garen hori.

Baina ez dago halako mailurik;
ni neu ere konponketa hutsa naiz.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Kafe kikara batean

Zerua, beltzez tindatua,
kikara bete kafetan islaturik
kea dariola;
bazterrean, hodei bat,
aurpegi bihurtu nahirik.
Nire eskua kafea nahasten,
oso beltza eta garratza,
hire oroitzapena bezala.
Edan, eta hondarrei so nagon;
hi agertzera hindoan lekuan
koilaratxo lohi bat besterik ez.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Gogoeta metafisikoa dutxan

Xuxurlak eta barre ttikiak
bainugelako iturrian;
urezko izenez deitzen didate,
ehunka itsaso irristakorrez
bustitzen naute.
Une hau ur turrustarekin batera doa,
etorkizuna lehor-zapi bat da,
lehenaldia, berriz, uraren
murmurioa hodietan barna.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Adiskidetasunaren gogoeta

Bi bakardade uztarri berean,
bekainetan teilatu-ertzak...
eta adiskidetasunaren pauso neurtua.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Gaztaroko gatza

Biribil ebaki ditut patatak, eta frijitzen jarri;
aurpegi kizkurrak dirudite, udako
eguzki galdatan urreztatzen,
kilkerren kantua lagun dutela.
Kalean, elurra;
mendiak hodeiekin batera urrun doaz,
pauso burrunbatsuz.

Esku bat, olioa bezain leuna,
nire gerria ferekatzen,
gorputz bat nire bizkarrari itsatsia,
bular parea sorbalda-hezurren kontra,
arnasa lepoan.
Elurra, trumoia, kanpoan.
Patata frijitu beroa hatz artean;
ezpain batzuek heldu diote
nire belarri pare-parean.
"Gatz pittin bat gehiago", eskatu dit
gaztaro-irrikatik jaiotako ahots batek.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Hain hago gertu

Oroit ezan keinu hau
hire larruaren dardarari atxikia;
badakin ez dinadala eskatzen
hezurduren besarkadarik;
gogora ezan hire betaurrekoen kristaletako lurrun hau;
ni naun, imintzio batean bildua, eta nire arnasa.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Bizitzaren gogoeta

Tinta beltzezko arrasto batek
erakusten du zauriaren bidea,
azpimundu garratzera doan
minaren erretena.

Gutun batzuk hobe ez irekitzea,
hobe behin eta berriz bidaltzea
postontzirik postontzi,
hartzailerik eta igorlerik gabe.
Bizitzaren gutunak bezala.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Gutasun ametsak

Eta ikusi genuen hautsa, harro,
zerua egiten zeruan,
eta ez genuen ikusi ezer gehiago.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Amodioaren gogoeta

Iraun nahi duen
amodio hori
errauts egiten duk.
Zeren zain hago
beti maiteko haut
dioan maitale hori
inoiz iritsiko ez duan
etorkizunari begira ?
Jaio hadi hementxe
edo hoa pikutara.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Hatza zaurian barrura

Hatza zauririk sakonenean,
non biluztasuna ahanzturaren mende baitago.
Azazkalak gero eta barrurago miatuagatik,
gorputza ez dut gorputz,
hutsean eginiko keinu baizik.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



Izen bat ipini beharko nioke

Gereziak, irribarrea bitan zatitzeko.
Jogurtean, itsaso zurietan
habia ipintzen txoria;
eztia, geldiunerik gabeko
esaldi bat bezala, irristan.

Berandu da,
arropa zintzilikatu beharra daukat,
garbigailuak zarata handiegia egiten du,
kaleko trafikoa itsaso bat da,
uhinak leihotik ikusten ditut.

Honi guztioni izen bat ipini beharko nioke.

Denok iratzarrita gaude;
mendiek, ordea, beste aldera jiratu eta
goizeko loa egiten dute,
ez baitira arduratzen
zerutik behera datorren urreaz.

Aitzitik, gu guztiok urre bila goaz
etxeak hiltzen dituzten lantegietara.

Honi guztioni izen bat ipini beharko nioke.

© Igerabide, Juan Kruz. Mailu isila, Alberdania, 2002



© Botoi bat bezala / Como un botón: Anaya-Haritza

© Mailu isila: Alberdania