ITURBE, Arantxa:
Bi ipuin

MARIA ETA JOSE

(in Ezer baino lehen, Elkar, 1992)

Mariari lehendabiziko gizonak bihotza txikitu zion, bigarrenak hortzak, eta hirugarrenak auto berria.

Joseri lehendabiziko emakumeak bihotza lapurtu zion, eta bigarrenak kontu korrontean zeukan diru guztia.

Mariak ezer ez zeukan osorik, Jose ezagutu zuenean.

Josek ezer ez zeukan, Maria ezagutu zuenean.

Jose eskean iritsi zenean, Mariak lotarako tokia eskaini zion. Gau baterako.

Hilabete pasa zenerako, ohe berean egiten zuten lo.

Ez zioten elkarri ezer agindu.

Ez zuten inoiz etorkizunaz hitz egin.

Ez zuten sekula maitasunik aipatu.

Jose mekaniko batekin hasi zen lanean. Eskuak koipez beztuta iristen zen Mariaren etxera. Honek, xaboi berezi batez garbitzen zizkion arreta handiz. Ez zuen maindireak zikintzerik nahi.

Istripu batean erabat hondatutako auto bat eraman zuten behin tailerrera.

—Konpontzen baduk hiretzat —esan zion nagusiak Joseri.

Eta konpondu zuen arte, egunero ordubete gehiago lan egin zuen. Mariak ez zion galderarik egin. Josek ez zion ezer esan, egunero afaria hoztuta aurkitzen zuen arren.

—Begira, Maria! —oihuka iritsi zen Jose, autoa ibiltzeko moduan jarri zuenean. Maria izutu egin zen. Ez zuen inoiz Jose pozik ikusik.

—Nahi baduzu, itsasoa ikustera eramango zaitut! —esan zion etxe ataritik.

Eta Mariak baietz erantzun zion.

Itsasora bidean, ezer txikituko ez dizun gizon batekin bizitzea zorionetik gertu dagoela pentsatu zuen Mariak. Jose, itsas ertzera ailegatu zirenean, pentsatzen ari zen ezer lapurtuko ez dizun emakume bat aurkitzea zoriontsu izateko nahikoa dela.

Autotik irten gabe, hitzik egin gabe, musu eman zioten elkarri.

Lehendabiziko aldiz.


PAŅUELO GORRIA LEPOAN

(in Lehenago zen berandu, Alberdania, 1995)

Buzoian fakturak eta anuntzioak besterik aurkitzen ez zituelako harritu zuen izugarri sobre arroxa hark. Alde banatara ondo begiratu ondoren (behin baino gehiagotan gertatu baitzitziaon sorpresaz bat hartu eta bizilagunen batentzat zela konturatzea), izenik ez zeramala ikusi zuen. Ez izenik ezta helbiderik ere eta gehixeago harritu zen. Baina aho bete hortz, igogailura iritsi baino lehen —ikusmin gehitxo zeukan etxera heldu arte itxaroteko—, sobrea zabaldu eta barrukoa irakurri zuenean geratu zen.

Bi hitz bakarrik. Letra txukunez, ondo pentsatuta, paperaren erdi-erdian idatziak: "Maite zaitut". Ez firmarik, ez seilurik, ez ezer. Bi hitz haiek, bata bestearen ondoan. Dozenerdi bat aldiz leitu zituen, eta pentsatu ere bai, zeinen gutxitan entzundakoa zen. Pentsamendu haren hariari jarraituz, norbaitek okerreko buzoian sartutako gutuna izango zela sinetsi eta oheratu zen.

Akordatu, akordatu zen hartaz hurrengo egunetan, baina hura jaso behar zuenak zeukan zortea eta antzekoak izan zituen burutazioen ardatz nagusi. Bigarrena buzoi berean —berean— topatu zuen arte.

Kartazal arroxa hura ere. Izenik eta helbiderik gabea eta barrua luzexeagoa: "Egunetik egunera gehiago maite zaitut".

Bigarrena ez zen aski izan. Gizona omen bi aldiz harri berarekin estropozo egiteko gauza den izaki bakarra, dio erdal esaerak, eta izenik gabeko maitalea berriro tronpatuko zelakoan etxeratu zen. Ez zuen ordea loak hartu arte ahaztu. "Zergatik ez?" galdetzen zuen bere baitan. "Zergatik ez du norbaitek nitaz maitemindu behar?". Irribarrea ernetu zitzaion, zimur hasi berriak areagotuz, baina adore onez jaiki zen argi-txintarekin batera.

Bi egun beranduago jaso zuen hirugarrena: "Ez ukatu. Badakizu nor naizen. Irribarre batekin nahikoa nuke". Eta egia bazen? Benetan, norbait, berarekin txundituta baldin bazegoen? Sikiera aztarna txiki bat eman izan balio... Inguruan ezagutzen zituen gizonezko guztiak pasa zituen eta ezin zuen inor imajinatu berari gutun anonimoak bidaltzen. Joakin harakinak aprezioa bazion, oso ondo tratatzen zuen xerrak erostera joaten zen bakoitzean, baina ez zuen inola ere sobre arroxak erabiltzen ikusten. Don Ramon, zer esanik ez! Hogeitabi urte zeramatzan bere idazkari lanetan eta hainbeste urtetan hitz gozo bakar bat ere bota gabe, orain lelokeria haietan hastea besterik ez zitzaion falta! Ez ahal zen bera izango! Oso seinale txarra zatekeen hura! Burutik pasatzea ere...

Eta nork esan zion gainera gizona izan behar zuenik? Eta emakumea bazen? Normalagoa izango zen gainera. Noski, horrexegatik ez zen ausartzen aurrez aurre hitz egitera! Pentsatzen hutsak hotzikara sortu zion eta gaia alde batera utzi eta lo egitea erabaki zuen.

Astebete baino lehen iritsi zen hurrengoa. Eskakizun xelebre batekin hau: "Ezagutu nahi banauzu, atera zaitez paņuelo gorria lepoan duzula". Paņuelo gorria! Eta nondik atera behar zuen paņuelo gorri bat? Lan ederra jarri zion oraingoan! Ausartegia iruditu zitzaion burutazioa baina okasioak merezi zuela eta Rosa Marirengana jo zuen, bizilagun berriarengana:

—Rosa Mari, barkatu atrebentzia... baina ez duzu kasualitatez niretzako moduko paņuelo gorririk izango? Konpromiso bat daukat bihar eta...

Rosa Marik zoratzen utzi zion berea. Lasai hartzeko eta zer demontre!, oparitu egiten ziola gainera. Nazkatu xamarra zegoela paņuelo hartaz eta... beste ezer behar bazuen hinki-hankarik gabe eskatzeko, horretarako zirela laguna eta!

Gau hartan apenas lorik egin zuen. Hamaika ametsetan murgilduta pasa zuen gaua, amets gehienak esna eginez. Ez zuen bere burua oso egokia ikusten paņuelo gorria lepoan jarrita ibiltzeko, baina tira, hari esker anonimo-egile misteriotsua ezagutu behar bazuen, huraxe jarrita aterako zen.

Eta halaxe egin zuen. Ahalik eta konbinaziorik egokiena aurkitu zion paņueloari, eta airosa-airosa irten zen kalera. Ez zen hain airosa itzuli. Egun osoan inguru guztiak miatu zituen, sekula baino gehiago pasiatu zuen lanetik etxerakoan, baina inor ez zitzaion hurbildu, eta erabat goibel bukatu zuen, itxaropenez hasitako eguna.

Irrikiz ireki zuen buzoia biharamunean gutun arroxa kanpotik somatu zuenean: "Zergatik utzi diozu zure paņuelo gorri zoragarria amona horri? Honek betirako ezetz esan nahi al du?" zioen kartak.


Š Ezer baino lehen: Elkar