ITURRALDE, Joxemari:
Euliak ez dira argazkietan azaltzen

Kalera atera nintzen. Haize freskoak on egin zidan eta burua lasaitzeko balio zuela konturatu nintzen. Segidan bizpahiru aldiz arnas egin nuen sakonki aire fresko hura biriken hondoraino sartzen zitzaidala egiaztatu arte. Taxi bat hartu behar nuen lehen bait lehen gehiegi berandutuko ez banintzen. Laster izango ziren bederatziak eta atzeratu samar nenbilela otu zitzaidan.

Lanarekin jarraitu behar nuen. Orduan hasten baitzitzaidan bigarren proiektua, nik deitzen nion moduan. Libertinen kasua. Neuk bakarrik deitzen nien horrela eta hasieratik nekien ez zegoela batere ongi jarrita izen hura, baina berdin zitzaidan. Berdin zitzaidan beste inork ez zuelako izen hori ezagutzen eta nik ez nuelako inori kontatzeko asmorik. Bitartean alde batera utzi behar nuen goizeko kasua, irakasle eta ikasleohi enamoratuarena eta, baita ere, momentuz behintzat nire apartamenduan gertatu berri zena. Hori guztia pentsatzeko eta neurrian aztertzeko izango nuen gerorago nahiko denbora.

Gran Viaraino iritsi nintzen. Taxien geltokian bikote adindu bat eta gizonezko bat bere maletarekin, komertzio-bidaiari itxura zuena, zeuden nire aurretik zain. Zigarro bat pizteari ekin nion. Bigarren kasu honek ez zuen zer ikusirik bestearekin. Hasi berria nintzen lanean kasu honekin baina berehalaxe ohartu nintzen horretaz. Lehen kasuan, bezeroak nahi ez zuen zerbait gertatua zen iadanik eta agentziaren eginbeharra —eta beraz, bere lana— gertatutako hori gehiago ez zedin gerta ahaleginak egitea zen. Hau da, gertatzen ari zena geldiarazi eta etetea. Horregatik gertakizun horretan partaide zirenekin hitzegin beharra nuen, hitz egin eta komentzitu behar nituen. Eta hori zen, kasu horretan, ene eginkizuna.

Bigarren kasua, Libertinena, ez zen guztiz berdina. Agentziaraino hurbildu zen bezeroak zera nahi zuen jakin, ea gertatu zen zerbait, eta zerbait gertatu edo gertatzen ari baldin bazen berak jakin nahi zuen norekin, noiz, nola eta zenbat aldiz. Beti ere amodio kontuak ziren. Amodio kontuak eta, gehienetan, desamodio kontuak. Lehen kasuan, neskato batek etxetik ihes egina zuen bere irakasle izandako gizon heldu baten besoetara jauzi egiteko. Eta jauzi egina zuela jakin zuenean bere aitak konpondu nahi izan zuen nolabait arazo hori. Modu azkar, itxuroso eta diskretoenean. Horregatik etorria zen Morales anaien agentziara. Eta horregatik ari nintzen orain ni kasu hori konpondu nahian.

Hogei minutu baino lehen lortu nuen taxi libre bat hartzea. Berriro alde zaharrerantz nindoala bigarren kasua errepasatzeari ekin nion. Neska talde bat zegoen tartean. Adiskideak ziren eta, nik nekienez, askotan elkartzen ziren hitz egiteko, afaltzera joan eta une on bat pasatzeko. Gero gizonezko bat azaltzen zen agentziara esanez neska haietako bat bere andregaia zela. Baina ez zirela askotan elkarrekin egoten bere lanagatik. Gizonaren lanagatik denboraldi luzeak eman behar izaten zituen kanpoan eta orduan, azpimarratu zuen gizonezkoak, sartzen zen agentzia lanean. Ez zen gehiegi fidatzen bere andregaiarekin eta aldika-aldika txostenak nahi zituen eduki bere etxean. Bere andregai horren gora-beherak eta ibilerak esplikatuko zizkioten txostenak nahi zituen eduki. Nondik nora ibiltzen zen bera kanpoan zegoen denboraldi luze horietan, norekin eta zertan, non eta nola, baina, bereziki, norekin ibiltzen zen. Oraindik bazuen konfidantza apur bat bere neskarengan, esan zien agentziakoei lehen egunean, ez zuen uste bera kanpotik zebilen bitartean beste gizonezko batekin hasia zenik baina seguru jakin nahi zuen hori guztia. Inoiz ezin da jakin emakumeekin. Hori zen bere teoria eta horregatik gastatzen zuen bere dirua, teoria hori egiazkoa zela egiaztatzearren.

Eta hor hasten zen nire lana. Teoria bat egiaztatu behar diat, besterik ez - aitortu nion neure buruari taxiaren barruan alde zaharrerantz nindoala. Ez diat nik ezer egin behar, geldirik egon eta ikusi baino. Besteek zer egiten duten ikusi eta gero kontatu, besterik ez. Baneraman zenbait aste lan hori egiten eta, egia esateko, nahikoa eroso sentitzen nuen neure burua eginkizun horretan. Ez zen lan zaila, alderantziz, gustura egiten nuen oso. Zaindu behar nuen neskatoa ez zitzaidan gehiegi laket, ez zen beste munduko ezer ene irudiz baina bazegoen beste bat. Normalean lau emakume ziren biltzen zirenak eta bat bazegoen, haien tartean, bereziki asko gustatzen zitzaidana. Behin baino gehiagotan gertatu zitzaidan: neskato haien zainketa lanak amaitu eta etxeratzeko orduan diapositiba tinko baten modura buruan iltzaturik geratu zitzaidala beste neskatoaren aurpegi ederra.

Ailegatu nintzenerako Harresi Handia jatetxe txinatarra nahikoa beteta zegoen jendez. Sartu eta eskubitara mahai txiki bat libre zegoela aprobetxatuz, zerbitzari txinarrak ezer esan baino lehen, bertan eseri nintzen nire helbururako behatoki aski aproposa zela erabakiz. Horrela, zerbitzaria —ezpainetan beti irrifarrea josita zeukan neskato txinatar sinpatikoa— inguratu zitzaidanean ez nuen beste leku batean eseri nendineko aginduaren arriskua izan. Menu-karta luzatu zidan eta berehalaxe aukeratu nuen afaria: udaberriko bilgua entsalada txinatarrez lagundurik eta, bigarren, oilaskoa curry erara hiru delizietara jarritako arrozarekin. Edateko, Errioxako ardo beltza, botila erdia.

Eskaera egiten ari nintzen bitartean neskato txinatarrak eskerrik asko, eskerrik asko, egiten zidan plater bakoitza eskatzen nuenean. Eta ardoa eskatu nuenean ere gauza bera erantzun zidan, eskarrik asko, eskarrik asko. Jangela nahiko handia zen eta borobila zuen itxura. Aurrena zezen plaza baten tankera hartu nion baina segituan, hormetan pintatuta zeuden margoei erreparatuz, ohartu nintzen Txinako harresi handia irudikatzen zuela eszenario eskerga hark. Itzuli osoa eginez harresi handia ikus zitekeen pintaturik eta harresiaz haruntzago Txinako paisaia bereziak, basoak, mendiak, ibaiak eta han urruti zerurantz jasotzen, ilargi hori erraldoia. Beraz, harresiaz honuntzago zegoenak Txina behar zuen izan, hau da, jangela bera Txina zen eta bertan jaten zeudenak txinatarrak edota Txinara bisitan etorritako atzerritarrak.

Nire mahaia hormaren ondoan zegoen, eskubi alderantz. Aurreraxeago beste mahai bat neukan eta erdialdean, mahai handi bat zegoen, borobila jangelako sapaia sustengatzen zuten sei zutaberen erdian. Zutabe haiek itxura arrunta zuten hasieran baina erdialdera zutabe arrunt izateari utzi eta pixkanaka suge edota herensuge itxura hartzen zuten, azkenean, burutzarra sapaian kontra bermatzen zutelarik. Nik zaindu behar nituen lau neskatoak jangelaz bestaldean zeuden, juxtu beste muturrean, eta horregatik egin zitzaidan nire mahaia aproposena zela helburu horretarako, zeren nire burua babestearren hiru mahai nituen iladan jarriak, eta ez zeuden hutsik, eta gainera, nahi izanez gero, banuen gorputza pittin bat eskubirantz mugitzea horrela zutabe haietako batek estaltzen ninduelarik.

Laugarren neskatoa iritsi berria zen. Beraz, bildu dituk Libertina guztiak, esan nion ene buruari. Hobeto disimulatzearren jeroglifiko eta gurutzegramen koadernotxoa atera nuen mahaira, beti gainean eraman ohi nuen bat, eta despistatzeari ekin nion entsalada txinarra jaten nuen bitartean. Libertinak. Ez nintzen iadanik gogoratzen zergatik bururatu zitzaidan izen bitxi hori kasu hura izendatzeko. Egia zen kasu guztiei nik bakarrik ulertuko nuen ezizen moduko bat jartzea gustatzen zitzaidala baina orain duda egiten nuen Libertinen izen hura oso egokia ote zen. Denboraldi hartan esku artean nuen beste kasuari jarritako ezizena askoz egokiagoa egiten zitzaidan, alegia, Ikasle Enamoratuaren kasua. Gauza zen, ordea, nahiz eta orain ez oso egokia iruditu Libertinen kasua deitzea ez zitzaidala besterik ateratzen neskato haiekin pentsatzen hasi orduko. Eta kontua zen, baita ere, haietatik hiru neskato bestea etorri baino lehen hasiak zirela afaltzen, eta ni iritsi orduko ailegatu zela laugarren neskatoa. Berandu samar, ohartu nintzen berehala, beste hiru neskatoek egin zioten harrera haserretsua kontutan izanik. Niri gustatzen zitzaidan neskatoa zen berandu iritsi zena. Ordurako banekien bere izena: Luzia. Oso ederra iruditzen zitzaidan. Lehen aldiz ikusi nuenetik ederra iruditu zitzaidan benetan. Erdi-enamoraturik geratu nintzen berarekin lehen egun hartatik. Gerora, neskatoak egiten zuen guztia iruditzen zitzaidan liluragarria. Baita izena bera ere, Luzia izen marabiliosoa zela erabaki nuen halako batean. Eta beste neskato lagunengana berandu iristea ere xarmangarria zela iruditzen zitzaidan, halako leku dotoretara pittin bat berandu iristea dotoreziaz ukituriko detaile bitxia zela, giro chic hari gehigarri erakargarria eransten zion zerbait.

Beste neskato lagunen harrera ikusirik puntu bat gehiago irabazia zuen orduantxe bertan Luziak nire edertasunaren eskalafoian. Izan ere, bera bezalako neska eder batek eskubide osoa baitzuen halako detailetxoak izateko. Eta niri iruditzen zitzaidan ni bezalako morroi bat halako neska eder eta bitxi batekin enamoraturik egoteak garbiki erakusten zuela ene azkartasun eta gustu ederraren maila altua. Parekotasunak egiteko orduan leku ederrean geratzen zen Brezo arrunta, atzean, nahiko atzean baitzegoen honen lekua Luziarekin gonparatzen hasterakoan.

Luziak klasea zuen, berezko duintasun bat, edertasunaz gain; Brezok, ordea, ez zuen ezer bestearen ondoan, erabaki nuen edalontzian geratzen zitzaidan ardoa trago batez hustuz.

Jangela betetzen joan zen apurka halako batean mahai guztiak harturik geratu ziren arte. Honek, berehalaxe ohartu nintzen, enbarazu egiten zidan nire lana ongi burutzeko eta gertutik segitu nahi baldin banion lau neskatoen mahaian gertatzen ari zenari burua, eta sarri baita gorputz erdia ere, mugitu egin beharra nuen alde batera zein bestera. Bigarren platera hasi berria nuen eta gurutzegramarekin jarraitzen nuen despistatuarena hobe egitearren. Ordurako, eta nire lagunek ederki aski zekiten hori kontuan izanda zenbat aldiz errepikatu nien gauza bera, aditutzat nuen ene burua gurutzegrama kontuetan. Ez hainbeste jeroglifikoekin. Baina ehundaka ziren nire bizitzan zehar bete izandako gurutzegramak eta umiltasun osoz esan nezakeen nahiko ongi moldatzen nintzela denborapasa hartan.

Banituen halere zenbait hutsune. Geografia, esate baterako. Oraingoan bezalaxe: Nigeriako bigarren hiririk inportanteena eskatzen zidan gurutzegramak. Eta ezin nuen erantzun. Galduta nengoen. Izan ere, Afrikako estatu horiek hamabostean behin kasik aldatzen baitzuten erregimenez, eta horrekin batera dena hankaz gora jartzea gustatzen zitzaien, gobernu mota, hizkuntz ofiziala, estatu eta hiriburuaren izena bera. Ezin nuen orduan segurtasunez baieztatu baina apostu egiteko prest nengoen baietz azken hamar-hamabost urtetan Nigeriak bizpahiru aldiz aldatu izenaz. Horregatik nengoen oraingoan honen galduta eta katramilatuta. Nigeria... Nigeria... Beste tragoxkada egin nion errioxar ardo beltzari. Laos... ez, Laos ez, Lagos... Lagos... Horrelako zerbait zetorkidan burura baina ez nengoen seguru. Zulo hartatik ateratzeko hoberena goitik beherakoak begiratzea izango zen. Ea, goitik beherako hirugarrena: Guam irlako hiriburua. Kitto. Harrapatuta nengoen erabat. Ideiarik ez, ideia zipitzik ere ez. Akabo gurutzegrama hura.


Begirada goitituz lau emakumeengana luzatu nuen inspirazio bila-edo. Lau neskatoak Musak bide ziren eta haietan Musa Erreginarena egiten zuena, noski, Luzia Musa zen. Hark lagunduko zidan inspirazioa harrapatzen. Berriro jaitsi nuen mekanikoki begirada gurutzegramaraino ea gertatzen zen horrelako zerbait. Baina segituan igo behar izan nuen. Lau neskatoen mahaian zerbait ari zen gertatzen. Zerbait berezi ari zen gertatzen eta ni, gurutzegramarekin kateatuta, ez nintzen ordura arte ohartu. Hasieran zerbitzari gizonezkoa zegoela zutik neskatoak zerbitzatzen, bere uniforme beltzaz jantzita, iruditu zitzaidan baina hobe pentsatzeari ekin nionean jabetu nintzen jatetxe hartan zerbitzariak neska txinarrak zirela, denak ttiki samarrak azal horikoak eta sari gorri zilarreztatua janzten zutenak, eta ez, beraz, gizonezko beltzaran altu eta sendoak beroki beltza jantzita zebiltzanak. Nik ezin nion nengoen lekutik gizonezko hari aurpegia ikusi baina une hartantxe jakin nuen kaletik sartu berri zen norbait zela, jatetxe hartako zerbitzukoekin zer ikusirik ez zuena.

Gurutzegramen liburuxka itxi egin nuen. Mahai hartan gertatzen ari zena arretaz jarraitu beharra zegoen. Orduan izan zen ardo botila mahaitik erori zenean. Eta ardo botilarekin batera edalontzi bat. Botila ez zen apurtu, edalontzia bai ordea. Jangela osoan isilune handia hedatu zen eta, horrekin batera, bertan jaten zeuden ia guztiak mahai hartarantz zuzendu zituzten beren buruak. Isilaldi honek dozena erdi bat segundu inguru iraun zuen eta segidan bakoitzak berearekin jarraitu zuen. Berehalaxe azaldu zen neskatila txinatar bat erratza eta kubotxo batekin beira pusketak lurretik jasotzera. Gizonezko beltzaranak, botila eta edalontziaren eszenari kasu gehigirik egiteke, eztabaida sutsuan jarraitzen zuen mahai hartan zegoen nesketako batekin. Niri, jangelako beste muturretik, iruditu zitzaidan ahotsa zertxobait gehiago oraindik altxatzen zutela gizonezkoak eta eseririk jarraitzen zuen neskato hark. Baina eszena horrek ez zuen gehiegi iraun. Bat-batean zutitu egin zen neskatoa, biziki haserre. Erdi-arrastaka eraman zuen atzerantz aulkia, bertatik zintzilik zeukan poltsoa eta berokia hartu eta jangela erditik zeharkatuz kaleratu egin zen duintasun handiz.

Gauza bera egin zuen segidan gizonezko beltzaranak. Beste neskatoei ezer adierazi gabe atera zen kalera lehen neskaren atzetik. Orduan baretu zen giroa jangelan eta betiko normaltasunera etorri. Ohartu nintzen mahai guztietan ari zirela komentatzen gertatu berri zena. Lasaitasun hark niri ere postrea lasai amaitzen utzi zidan, jatetxe txinatarretan beti eskatzen nuena bestalde (izugarri gustatzen zitzaidalako): izozkia intxaurrekin.

Baina geroxeago, kafea hartzen ari nintzen bitartean, konturatu nintzen lehengo eszena hark bazuela segidarik. Handik hamar-hamabost bat minutura berriro sartu zen neskatoa. Eta berriro eseri zen mahaian bere lagunen ondoan. Denek espero zuten orduan gizonezko beltzaranaren sarrera oldartsua baina minutuak aurrera joan ziren eta ez zen inor gehiago sartu. Eta handik aurrera ez zen ezer berezirik gertatu. Jendea normalki hasi zen handik ateratzen eta halako batean lau emakumeek ere gauza bera egin zuten. Ohartu nintzen lau nesken artean ere giroa hoztu egin zela dexente. Hartzen ari ziren postrea amaitu zuten eta ez kaferik edota koparik gabe kontua ordaindu eta alde egin zuten. Lau neskatoek alde egin eta handik hamar bat minutura gauza bera egin nuen neuk ere.


Š Iturralde, Joxemari. Euliak ez dira argazkietan azaltzen, Erein, Donostia, 2000.

Š Argazkia: Erein