JIMENEZ, Edorta:
Baleen berbaroa

Balea!

-Balea, balea! -aldarrika ziharduen talaieruak.

Aldarriok entzunda, behingoan itzartu zen arrantzale jendea, zeren eta ordura arte portua lasai egon bazen ere, balearen berria hilak beren zuloetan dardarazteko modukoa izan baitzen.

Artza deritzan aldean ginen Osaba Juan eta biok, untzia kalafateatzen. Udagoinean sartu berriak ginelarik, urteko azken itsas-beharrei aurre egiteko beharrezko guztia prestatzen genbiltzan. Bisigutan hastekotan ginen laster. Baina behin balearen albiristea entzunez gero, lekutan egon ahalko ziren bisiguak.

Gurearen alboan zegoen enbarkazioa uretaratzeko ahaleginetan izan ziren inguruko guztiak behingoan. Osaba Juanek ere ekin zion, ezker-besoa erabiltzeko gauza izan ez arren.

-Ea mutilak! -egin zuen aldarri Osabak.

Eta halako batean ermitako txilinak hartu zion txanda talaieruaren aldarriei. Artean ere herriko baten bat balearen berri jakin barik bazegoen ere, ez zuen denbora luzeegirik emango ez-jakituan, ez.

Egia esan, suteren bat-edo izaten zenetan ere ermitako kanpaiari eragiten zitzaion. Oraingoan baina, halako hots berezia zabaltzen zuen aidera kanpaiak. Ba-le-a! Ba-le-a! entzun uste izan nuen txilinaren kantuan. Ene lagun Dororen jokaera nabaritu nuen Bat-bi-hiru, Ba-le-a, bat-bi-hiru, hartan. Zelan ez nuen ezagutuko ba, neuk erakutsi nion-eta Dorori ermitako kanpaitxoari astintzeko era berezi hura.

-Txo! Hoa arin talaieruarenera, ea zein aldetan agertu den balea -Osabak agindu zidan.

Oinutsik alde egitekotan izan nintzen; bihotza danbadaka eta paparretik irten guran legez neukan.

-Jantzi egizak oinetakoak, enetxua! -horrela esan zidan Osabak orduko hartan, enetxua, barrua irabiaturik zuelako seinale-. Zenbat balea diren ere itaundu egiok Simoni. Eta zera, bertan hagoalakoan berton gura haut gero!

Erranpan gora, arrapaladan abiatu nintzen talarantz. Osabaren begietatik galdutakoan, hantxe kendu nituen espartinak. Arinago helduko nintzen oinutsik bestela baino.

Talarako bidean, arnasestuka eta bihotza zartada itzelak jotzen han barruan, denetariko oldeak eta irudiak nahastu zitzaizkidan buruan. San Pedroetan askatzen zuten zezensuzkoak jendartean eragiten zuena baino nahaste handiagoa nerabilen neure artean. Simon talaieruak berak ikusi ote zuen balea, ala komentuko fraideek ikusi ote zuten? Hara zein zen nire ardura nagusia.

Fraideak irlako komentuan bizi ziren, bizimodu gogorra eginez. Haatik, herrikoa baino talaia hobea zuten han, Izaron. Sarritan, itsasoan egiten zenaren berri jakinarazten ziguten, horretarako zeuzkaten -eta oraindio ere badituztela sinetsi nahi nukeen- zeinuak egiteko era askotarikoren bidez, jakinarazi ere; aintzat hartta ekaitza, arerioak, baleak ala zer zen hurruneko itsasmugetan ikusten zutena, halako edo bestelako zeinuak egiten zituzten fraideek. Jakina, negua ala uda izan, sua edo oihal-zatia erabilten zuten, ze neguan sua ikusgarriagoa izaten da oihala baino, esate baterako; eta kontrara, ea nor zen gauza irlan surik dagoenentz igartzeko udako sorgariak inguratsa, dena, su egiten zuenean.

Balea aurretik ikusitakoak fraideak izanez gero, bada, ehizaren zati ederra eman beharko genien. Okerrena, ostera, ez zen zatiaren tamaina izango, hezurrik hoberenak eman behar izatea baino, eta badakit, jakin, esan dudan azken hori baten bati harrigarri egin dakiokeena, balearen gaineko kontuetan zer handirik ez dakienari behintzat.

Bada, argitu egin gura nuke gure artean balea-hezurrak oso preziatuak izaten zirela, denetariko gauzak egiteko balio baitzuten. Txikitan erabili ohi nuen aulkia bera, oraindio ziur etxean egon behar duena, balea-hezurkinez sortu eta osatu zidan nork-eta Ezkerti ezizenaz irizten zioten hark. Arrantzalea trebea ezeze, artisau fina ere bazen gizon hura, aita hilez geroztik gure ate pobrearen alboan amarekin berbetan txitean pitean gelditzen zena bera. Ero ospea ere bazuen, aitzitik, eta horrek bildurra eragiten zidan. Haren gainean esaten zirenekin hasteko, ganbara txiki batean katuen moduan bizi zela esan beharko nuke, eta amaitzeko, haren kontura esaten zirenak inoiz ez zutela amaierarik izaten esan behar dut. Edatuna ere ei zen, eta hortik atera kontuak. Eskekoaren itxurak eta ganorabakoen jasak ez zioten mesede egiten. Lander ibiltzen zen gizona. Ez beti, haatik.

Behin, ate ondoan barik, etxe barruan topatu nuen gizona, dotore jantzita. Portutik etxera ustebakoan etorri nintzelarik, eskaratzean ziren ama eta bera, biak. Arduratu egin nintzen, amak masailak gorri eta ahotsean halako dardara bat zuelako ezeze, bestetan jasik gabe eta lander agertzen zen gizona egun hartan jasez jantzita eta bizarra ondo eginda ikusi nuelako ere. Kostatuko zitzaidan, bai, ero ospea zuen gizon hark amarekin han bakarrik, itxuraz egon egonean egonda, zer egiten zuen entelegatzea.

-Zelan hazi haizen, txo! Bere aulkia beharko duk gizontxo honek, ezta? -esan zuen Ezkertik, eta gero amari zuzendurik, zur eta lur utzi ninduen berba bat esan zuen-. Hurrengorarte, Brigida.

Brigida! Amaren izena ez genuen inork ere esaten etxean, denok, baita Osabak eta Eborak berak ere, ama irizten genion eta. Bihotzean zizt egin zidan kezka berri batek. Ez zidan luzaz iraun, ostera. Handik egun batzuetara egina zuen aulkitxoa Ezkertik, eta eskulan harek pago adarrera eraman zuen nire ardura. Bada, bera baizen artisau finak ziren fraideak, antza; zeren eta entzunda nuena egia baldin bazen, aulkiak ezeze logeletako ate-bornuak eta altzaririk gehienak ere balearen hezurkinez eginak baitziren Izaroko komentuan.

Balea nork ikusi ote zuen ere, madarikatu egin nituen fraideak. Gero poztu egin nintzen, pentsaturik Simonek ikusia bazen, osorik izango zela geuretzat! Bada, neure kolkorako pentsamendu pozgarri hari atxiki nahirik gogoa, laprast eginda brausta jauzi nintzen behera, eta baita eperdikada ederra hartu ere.

Errenka heldu nintzen Simonenera. Orduan, eskua ipurmamira ekarri eta hara non igartzen dudan egundoko tarratada galtzetan. Agirika egingo zidan amak. Baina, tira! Galtza berriak ezeze alkondara eta kapelu berria ere erosteko haina izango nuen laster, baleari esker. Ailegatua nintzen ba Simon talaieruaren aterpetxora, guretzat herriko bazter misteriotsuena zen hartara.

Nirea bai zortea, etxolatxo moduko hura hain hurretik ikusi ahal izatea. Aurrealdea irekita zuen, eta atearena egiten zuen mahaitxo batek behetik erdiraino ixten zuen sarbidea. Etxolako albo batean galdara zegoen, brike-kupela eta egurraren artean erdi-erdian. Multzo banatan, gurbitxaren eta ereinotzaren adarrak pilaturik zeuden, kea egiteko egundokoak baitira horiek. Zeinuak egiteko dena gertu zuen Simonek. Largabistako luzeaz ziharduen, balearen gora-behera guztiak tentuz eta kontuz aztertzen.

Gizon hark bildurra eragiten zigun, hara hurreratzen zena irendu egingo zuela esaten zigun eta. Guk, artean irentzea zer den ez bagenekien ere, ifernukeriaren bat susmatzen genuen berba haren atzean. Kasik laurogei urteko aldeaz ikustean zuhur deritzot Simonen jokabideari, langintza hartan zeukan arerio handiena geu baikinen, umeok; gu bai ginen edozer ikutu, eskuetan hartu eta hausteko, eta baita etxolari su emateko ere. Haize bakoitzaren hauspoa non dagoen, lainoek sua nolakoa duten, lei beltzaren esangura zein den, eguraldiaz zerikusirik izan zezakeen guztian aditua zen Simon. Goizero goizero, itsasora jo aurretik, txalupetako seineruak eta askotan maestre edo jabeak eurak ere, talaiara etortzen ziren Simonen iritzia entzutera. Simonek itsasora ezetz esaten bazuen, ez zuen inork itsasora irteten egun horretan, hau da, etxegun egiten zen; baietz esanez gero, denok itsasora. Ez zen ardura makala berea. Hargatik ote zen gizon hura beti ekaitza baino ilunago egoten? Zorionez, alai ageri zen ni etxolara hurreratu nintzeneko hartan.

Balea ikusi izanaren pozak alaitu bide zion aldartea Simoni, berak izaten zekien gizon zakarra barik beste gizaseme leunago bat izan baitzen nire eginbeharrekoa agindu zidana.

-Bi dituk; ama eta kumea, nire ustez. Esaiok osabari neuk begiztatu ditudala, fraideek barik. Izaro atzera jo dutela Bermeokoek; eta haragoko besteek ere, elantxobetarrek ere ikusi dutena ziur nagoela esaiok -une batez ekaitzak astindu zuen Simonen barrua, zakar segitu zuen eta, biraoka-; oraingoan auzokoei egin zietek keinukada, fraide madarikatuok!

Simonen biraoa entzutean ikaratu egin nintzen, atzera ere. Sua zerion bere zanga-begietan behera talaieruari. Guretzat, orduko gazteontzat esan gura dut, herriko imitagarriena zen Simon. Kaioak huts egin dezake, noiz edo noiz, han behean arraina ikusirik buruz behera haren bila egiten duenean; zangak, egundo ere ez. Ez ginen bada beraren begi zorrotzek zer ikusiko-eta harexen menpean bizi bada denok? Horregatik alderatzen genion zangari, itsasoan begirik zorrotzena erakusten duen hegaztiari. Garai hartan guztientzat genuen ezizenen bat, egunero izaten genuen zeregin berriren bat eta egunero sartzen ginen eztabaida berberetan. Sarrien izaten genuen eztabaida zen ea nork agintzen zuen noren gainetik.

-Prebosteak agintzen dik -Peru Arenekok egunero esaten zuela dut gogoan, udaberria zenez portuko igelen ezkutalekuen bila genbiltzalarik.

-Bai zera! -bera eta biok izenkideak izanik Sebas esaten genionak erantzun ohi zion, bere betiko hasarre erreaz-, leku onean zagokek Prebostea kofradiak ematen diona barik.

-Tira mutilok! Zeuek esango didazue ze arrain edo ze arrainondo eman behar dio Maiordomoak Prebosteari, talaieruak balearik ikusi ezean -Osaba Juanen ahotik entzundako berbak neure eginik esaten nuen nik, nagusi arin hazi gura duen umemokoaren fedeaz.

Ez genuen portuko igelen ezkutazulorik behin ere idoro, baina ez zigun lar ardura. Handi hazi nahi genuen, eta zeregin hura alboratu, gizon izan. Alde horretatik guk gehienok Simon talaieruaren berdinak izan nahi genuen, elizan aditu eta ikaratu egiten ninduten sermoiei madarikazio haiek kontra egiten bazieten ere. Beste aldetik, egia da pekatari handitzat nuela talaierua, artean ifernuko balizko zigorren ikaraz bizi nintzen eta. Aspaldi joana zait bildur hori, zorionez, Fede guztiek pekataren premia dutela ikastea izan baitut, greoago esango dudanez. Baina orduan, halakoak entzutean, marapilo ikaragarria egiten zitzaidan hemen barruan.

Hementxe begien aurrean banu baizen bizirik daukat Simon morroskoaren aurpegikera. Edozein momentutan zangaren moduan hegaz egiten hasi, konbenturaino hurreratu eta fraide guztiak mokokadaz akatzeko moduan zegoen. Haatik, Fede guztiek agindu digten parabisu hori benetan bada inon, han behar du Simonek egon.

Egun hartakoan Simoni zor izango genion zor izatekoa, zer-eta egun batzuetarako zerua izatea gurean. Gogoan izanik Izaroko fraideek balea ikusten zutenetan lehenik eta behin Bermeokoei egiten zietela seinalea, eta gogoan izanik haiek beste inork baino errazago eta eskurago zutela balea ikustea, orduko biak Simonek begiztatu izana kasik miraritzat jo zitekeen. Miraririk ez zegoen han, ostera. Euren errezuetan sartuta ibiliko ziren artean fraideak, oso goiz baitzen, edo ezusteko aldetik agertu bide ziren baleak.





Š Jimenez, Edorta. Baleen berbaroan, Txalaparta, Tafalla, 1997.