JUARISTI, Felipe:
Hainbat poema

Ahantzi

Julio Zesarrek Marco Brutori,
Eskuan sastakaia ikusi ondoren:
—Marco, semea, eskuan duzuna baino,
zer zenuke nahiago?

Marco Brtok Julio Zesarri:
—Munduan den ahaztura guztia.



©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Arima

Den-dena eman nahi izan nizun
Baina ez nizun ezer eman;
Gorputz-haragiak eman nahi izan nizkizun
Baina arima eman nizun:
Zure mastoihalak puzten dituen arnara.
Ihesi doaz mantso-mantso nigandik.

Eta geratzen naiz bakarrik.
Ni gabe.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Auschwitz

Atertu du euria.
Haizea jabaldu da.
Lurra arnasa hartzen hasi.
Ikara dira akaziak,
Besoak zeruari kolpeka.
Txirritak kantatzen
Sagar-hostoak babes.
Hilerrira jotzen duen
Leihoa irekitzen dut.
Erre-usaina dator handik,
Hezur eta ile kiskaliek
Busti egin dute giroa.
Auschwitz datorkit oroimenera,
Euriaren ondorengo
Edozein egunetan.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Ausentzia

1

Joan zinenetik
Ezerk ez nau izutzen.
Heriok eta biok buruz-buru
Dugu hitz egiten
Gure etxeko atarian
Lagun minak baikinen;
Eta haren longainaren gainean,
Dadotan jokatzen.

2

Kolorearen gabezian
Jaiotzen da goizik ederrena.
Ikur ororen ezean
Garaitzen poemarik handiena.
Zure gabezian naiz sortua,
Minaren maskorretik
Berri eta biluzgorri.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Baratzazain

Odol truk eraiki du mundua, baratzeko baranoan.
Bihotz-arimen atsedenleku, hezur-giharren neurriko.
Mahats-aihenak estali duen horma handiaren kanpoan
Laino artetik ihesi luzatzen dena zaio atzerriko.

Loreak arin ximeltzen dira kolore batean errerik,
Txori inozoek soinu bakarra kantatzen dute airean,
Ez du itsasoa inoiz ezagutu, izokinek ekarririk
Ez bada, ondoko errekatik gora tantaz tanta joatean.

Buruz daki zuhaitz bakoitzaren izen eta dirdiraldi,
Aski du itzal iluna ikustea zein zer den ziurtatzeko.
Berea ez da hego zorrozturik kalte latz dagien Aldi.
Ez du ezer behar bizitzari men egin eta makurtzeko.

Batzuetan ziztada sakona bat-batean du sumatzen,
Barne-muinak iraultzen dizkio, eta argira atera.
Gosea ezik, maitemina da, oso aspaldiko oroitzapen.
Krabelinek usaina bezala laster galdu zuen hura.

Begiak hertsirik neskatoa dator biluzik gogora,
Gaztain kolore ditu begiak, marrubizkoak ezpainak;
Baratxuriak lakoxe hortzak, adatsa intxaur erara,
Sagar gorri beroak bularrak, laranjazkoak masailak.

Hatzak baratx mugitzen zaizkio, igali ederron bila,
Saski batean gordetzen ditu, albahaka-hostotan bilduak,
Gogobetetzen duen gorputzaren haragi-zati bailira.
Usain sakorrak bazterrik bazter daramatza grina antzuak.

Mahaian eserita poliki, otoitzean bezala ahoa
Zabal, fruitu bizien irensle, berehala da asea.
Gorputza etzaten du ohe gainean, jabal eta naroa:
Maitasun-frogarik gozoena da maite dena jatea.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Barre

ALEXANDRO HANDIA:
Gure etsaiak beso gotorra du.

ARISTOTELE:
Zartada ederrak ematen badaki.

ALEXANDRO HANDIA:
Gure etsaiak ezpata zorrotza du.

ARISTOTELE:
Alderik alde zulatuko zaitu, harrapatuz gero.

ALEXANDRO HANDIA:
Gure etsaiak kontaezin ahal gizon ditu bere esku mendean.

ARISTOTELE:
Bat balira bezala eraso egingo dizute.

ALEXANDRO HANDIA:
Gure etsaiak ez du barrerik egiten.

ARISTOTELE:
Galduta dago.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Bizitza

ALTZIBIADES:
Zer da bizitza, maisu?

SOKRATE:
Salbuespena.

ALTZIBIADES:
Ez dela eredugarria esan nahi al duzu?

SOKRATE:
Esan nahi dut herri honetan errutina bakarra heriotza dela.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Erantzunak

Zer duzu bizitzari amore emateko,
Zuk, bihotz samur, mila zati egin horrek?
Airezko bonba, haize-zirimola zara,
Putz eta putz dagizu eta mastoihalik puzten ez,
Jo eta jo baina eihera-hegalik mugitzen ez.
Zer duzu bizitzari lotzeko?

—Maitatu izanaren ibaia
gehiago zeharkatzerik ez.

Bihotz harrian taxutuak,
Urak arian-arian zulatuak,
Zergatik haizeari egiten diozu aurre?
Zergatik sartzen zara sakonetan,
Izenik gabeko leizeetan?

—Oroitzapen baten itzala,
izan eta izan ez zena, izango ez dena;
hurbil dagokit eta ezkutatzen naiz,
nire baitan ihesi.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Galderak

Zer dira gari horiek haizeak altxatuak,
Maitearen ile-adatsa bailiran?
Zer dira amapola horiek,
Munduko tristezia osoa irazten?
Zer da mahats odoleztatu hori,
Inoiz itsasorik ikusi ez duena?
Zer da berde hori,
Zeruertzean marrazten dituena
Beltxargen aintzirak?
Zer, elur gogor horiek,
Piano deslaien gisa soinu egiten dutenak?
Haren behatzak ote
Negutik ihesi dabiltzan txori izutiak?
Zer dira okre horiek? Zer gris hori?
Zure arima erratia da, joan eta etorri dabilena
Kolorerik gabeko bakearen bila,
Ilunabar sakonak soilik betets dezakeena.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Geografia

Bertan jaio naizen arren,
Ez dut ezagutzen nire herria.
Nire hizkuntza bera duen arren,
Ez dut ulertzen nire herria.
Horixe da nire aberria,
Poliki-poliki hiltzen nauena,
Beti itzultzen naizen atzerria,
Gaixo bat bere minera bezala.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Geroa

Etorkizuneko egunak etorri dira,
Hots-ardailarik gabe, isiltasunean bilduak.
Izango dituzun seme-alabak
Joan dira zure etxetik, urrutira.
Idatziko duzun liburua
Zakarrontzian dago, orriak puskatuak.
Sartuko duzun sagarrondoan
Kardantxiloak dabiltza jolasean.
Maitatuko duzun gorputza
Aspaldi zahartu da, zeu ohartzeke.
Espero duzun bakea
Ihesi joana da, usoz antzaldaturik.
Izango zaren hori
Galduta dago oroimenean.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Negar

DEMOKRITO:
Zergatik egiten duzu hiletetan negar?

HERAKLITO:
Inor hiltzen denean, gure baitako zerbait hiltzen delako.
Eta zuk zergatik egiten duzu barre?

DEMOKRITO:
Inor hiltzen bada, ni bizirik nagoen seinale.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Odol

Aristotelesek Alexandro Handiari:
Zuk hildako gizon-emakumeek
Ona dute osasuna.
Gauero agertzen zaizkizu
Begiak bildu orduko.
Gela betetzen dizute
Odolaren usain mikatzez.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Optimismo

Igogailu batera sartu eta zerura iritsi arte itxaron,
Ezinezko maitasunik ez dagoela amestu,
Txanponaren modra, zorteak bi aurpegi dituela sinetsi,
Mahomarengana mendia ez badator,
Mahoma mendira badoala esan,
Unibertsoaren ardatza geu garela pentsatu,
Soldadutzak gizon, eta kartzelak doktore bihurtzen
gaituztela aipatu,
Fedeak ibaiak beren arroetatik mugiarazten dituela
Uste osoan egon,
Itsasoan bizi direnez gero, arrainak
Zoriontsuago ote diren galdetu,
Bakartien santutzat hartu Robinson Crusoe,
Hiri honetan bilatu Desira izeneko tranbia bat,
Etsaia aurretik igaroko delakoan eserita gelditu, atarian,
Lagunei utzitako liburuak itzultzen direlako
ziurtasuna eduki.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Ulises

TELEMAKO:
Zergatik zaude horren goibel eta ilun?

ULISES:
Ez dakit, agian...

TELEMAKO:
Ez duzu Itakara iritsi nahi?

ULISES:
Ez, ez da hori.

TELEMAKO:
Ez duzu sinesten beste Troiako gerrarik gertatuko denik?

ULISES:
Ez, ez da beste Homerorik gertatuko nirea kantatzera.

©Juaristi, Felipe. Galderen geografia, Alberdania, Irun, 1997


Dena da bizitzan hegaldi,
lumen kontzertu arina
baso itxian;
odola eta hezurra, haragia eta ura,
aire leun eta hezean barrena;
argizko orratzak
gauaren azal lodia zauritzen;
izar lasai eta jostalarien dantza;
hodeien joan-etorri xumea,
enbarazurik egin nahi ez balute bezala;
ur basatien zurrumurrua,
erbesterik ez baitute ezagutzen;
lorik eza, eromena, itzala, mina:
ez dute sumatzen
ez denbora geldiaren neurririk,
preso bere suzko ispiluan,
ez neguaren arintasunik,
bakardadea eta isiltasuna garraio.
Haizea astintzen du hegaztiak,
nola maitaleak oherako errezela.

Dena da bizitzan hurbiltasun.
Dena da agur eta minaldi.

©Juaristi, Felipe. Begi-ikarak, Erein, Donostia, 2004


Azken batean gizona
bakardadea eta mina
garraiatzen dituen aberea da,
noranahi doalarik ere.
Gero, azokara iristen da,
han dena erosgai baita,
bai ilusio bai pasio,
eta han modu onean
bakardadea eta mina
da banatzen,
eta mundua gero eta bakardadeago,
eta mundua gero eta minago,
eta mundua are mundu gutxiago,
eta gizona are abere saltzaileago.

©Juaristi, Felipe. Begi-ikarak, Erein, Donostia, 2004


Maite izan duen orok
gordetzen du beti
laino pixka bat begietan ;
nola marinel zaharrek
bidaia handien ametsa
beren altxor artean.
Hala heriotzatik datozenek
begiak dituzte infinituak :
dena ikusi baitute.

©Juaristi, Felipe. Begi-ikarak, Erein, Donostia, 2004


Rembrandtek infinitua nahi du pintatu.
Hiriak laino-itsasoa dirudi.
Kalea zikina dago eta zaborrez betea.
Ondoko kaitik badator
sardina ustelaren kiratsa.
Marinelak honat-harat dabiltza
alderrai
eta beren ondorengoa jokatzen dute
karta bakarrera.
Alkohol, espezie, arrotz usaina dago,
erbeste, ahantzitako itsasoarena,
itsasontzi hautsi eta gatzak jandakoena.
Eguzkia sortzen da eta galtzen
ez du hiri ilun grisa argitzen;
ur zkinez, gose zikinez
sinesmen zikin eta ausartez
inguraturik dago.
Erbestea denbora bat da
denborarik gabea,
denborarik mugitzen ez duen
denbora uherra;
erbestea denbora lohia da,
demboraren gaixotasuna,
zauritzen eta hiltzen duen
oroimenaren denbora,
oldarka eta zelatan dabilen
ilunpearen denbora.
Infinitua kolore bat da
hiriko monotonia zikinean,
hiriko hodei-itsasoan
galtzen dena.

©Juaristi, Felipe. Begi-ikarak, Erein, Donostia, 2004


Ikusi behar dira hegaztiak
bizitzen ikasteko.
Ikusi behar dira hegaztiak
bizitzen ikasteko
eta libre izateko;
ikusi behar dira luma-ontzi
txiki eta ahulak,
zerua zeharkatzen dutenak
itsaso ezaguna balitz bezala,
itsaskarien baitan aztarnarik
uzten ez duen itsasoa balitz bezala,
forma arrotzak
bereganatzen ez dituen itsasoa
balitz bezala.
Baina dena da hain urrutiko
eta hain kanpoko,
zuhaitz batean
sekula gelditzeke
joan-etorri dabiltzan
hodeiak bezala,

Beharbada bizitza
oso sinplea da,
hegal-dantza,
hodei-kontzertua,
eta ikusleak geldi,
ez jakinik jaiaz
nola gozatu.
Gizakiok, izan ere,
buztinezko bihotza,
buztinezko begiak,
buztinezko eskuak
baititugu,
erori eta hautsi egiten gara,
luzeka zabaltzen
egur ustela bezala,
lurra ongarritzeko balio dugu,
oso urruti baikaude airetik
eta hegaztietatik.

Ikusi behar dira hegaztiak
arin eta abian zeruan zehar,
minik eta izurik gabe,
zer garen ikasteko.

©Juaristi, Felipe. Begi-ikarak, Erein, Donostia, 2004


Bakarrik bizi da emakume adindua.
Gauero izuz da oheratzen.
Behin lokartuz gero
ez ote den berriz itzarriko.
Horregatik, irratia piztuta uzten du
ohe ondoko mesanotxe zaharrean.
Mantapean sartu eta aitaren egiten du,
begiak itxi eta lotarako prestatzen da.
Gizonen hotsa iristen zaio,
Tasmaniako tokiren batean
aurkitutako tximeleta urdinez
eztabaida bizi eta gorrian.
Musika biguna entzuten du,
hotel urdin eta kaxkar batean
elkar aurkitu eta elkar galdu duten
maitale hotzen historia kantatzen.
Emakume baten ahots zurbila aditzen du,
otoitz urdinak esaten.
Egunsenti urdinean,
txoriak txio-txioka hastean,
hasperen batek iratzartzen du,
hitz baten laztan beroak.
Irribarrea itzuli da
emakumearen ezpain txikietara.
Egun bat gehiago bizitzari.
Hitza baita izuaren sendagile.

©Juaristi, Felipe. Begi-ikarak, Erein, Donostia, 2004