LANDA, Mariasun:
Krokodiloa ohe azpian

Krokodiloa ohe azpian ipuinetik hartutako zatia, Alberdania, 2002.


Bizkorregi doktoreak botoiak lotu gabeko mantal zuria zeraman, zutik zegoen mahaiaren atzealdean, atezuan, parean duen zezenari banderillak di-da jartzera doan banderilleroaren antzera. Bere baitan, J.J.-k eskertu egin zuen abaila hura, hain lehorra eta zehatza izatera behartzen zuena:

—Krokodilo bat ikusten dut ohepean.

Medikuak ez zuen inolako zirkinik egin, ez oharrik hartzeko inolako keinurik ere:

—Zer neurritakoa da krokodiloa?

—Maleta handi baten tamainakoa.

—Zer kolore?

—Arrea.

—Mugitzen al da?

—Ez. Jan besterik ez du egiten.

—Zer jaten du?

—Zapatak.

Une hartan, isiltasuna egin zen bigarren aldiz, eta J.J.-k arnasa hartu zuen, korrikaldi gogor eta zailaren ondoren helmugara iritsia balitz bezala.

—Beno, hauxe hartuko duzu: KROKODIFIL pilulak, bat goizean eta beste bat gauean; KROKODITALIDON supositorioak, egunean bat, eta KROKODITAMINA eferbeszentea jatorduetan. Astean bi. Hurrengoa!

J.J.-k arrapaladan hartu zituen erizainak betetako errezeta guztiak, eta lasaituta irten zen kalera.

-------------------------------------------

—Zer nahi zenuke, gazte?

Botikari hark betaurrekoen gainetik begiratzen zion, ezagutu bai baina izena gogoratuko ez balu bezala. J.J.k, itxura errukarria baitzuen bizitzan azkenaldian gertatu zitzaizkion gauzengatik, benetako interesa sumatu zuen esaldi ohiturazko hartan...

—Errezeta hauen bila etorri naiz...

J.J. isilik geratu zen errespetuz, bere aztoramena disimulatzeko, botikariak Bizkorregi doktorearen letra dezifratzeko lana hartzen zuen bitartean...

—Bai..., bai... Krokoditalidon, Krokodifil eta Krokoditamina!

Eta gai haiek izendatu ondoren, botikariak begiak jaso zituen errezetatik, J.J.k txalotu beharko balu bezala...

—Krokodilitis hauek oso dira gero gogaikarriak! —esan zuen, eta botikaren atzealdera joan zen sendagaien bila.

J.J.k leihotxo bat irekitzen sentitu zuen bihotzean. Botikariak, nonbait, ez zion garrantzirik ematen bere gaitzari. Ia arreta jarri gabe hitz egin zuen "krokodilitis" hartaz, gripe hutsa balitz bezala, eta gainera "gogaikarri" hitza gehitu zuen; kontu hura oso ezaguna zuela, alegia.

—Barkatu! —esan zion J.J.k botikaria berriro agertu zenean—. Atrebentzia ez bada, krokodilitis kasu asko ezagutzen al dituzu?

—Krokodilitis kasu asko? Bai horixe!

Botikariak betaurrekoak kendu eta begirada bere maisu hitzaldira etorriak liratekeen ustezko entzuleei zuzendu zien...

—Krokodilitisa gure garaiko gaitz bat da. Jendeak landatik alde egin zuenez geroztik, bizimodu naturala, biziaren eta heriotzaren indar eternalekiko harremanak eten zituenez geroztik, hirietan pilatu eta bere izerdiaren eta lanaren fruitua besteren esku utzi zuenez geroztik...

J.J.k eztultxoa egin zuen, eta erlojuari begiratu zion. Botikariak bere hitzaldia laburtzea komeni zela pentsatu zuen, eta zehatz-mehatz bere lanbideari lotu behar zuela...

—Ea krokodilitis kasurik ezagutzen dudan, diozu?... Gauza bat esango dizut, gazte: krokodilitisa ez da gerta daitezkeen gauzetan okerrena. Sinetsidazu! Badira armiarmitis kasuak, esate baterako, askoz larriagoak direnak... Badakizu...: armiarma, sarea, eulia, harrapatuta sentitzea, esetsia...

J.J.ri aurpegia zuri-zuri jartzen ari zitzaion, ospitale bateko izararen antzera...

—Izan ere, pentsatzen jarrita, gazte —jarraitu zuen botikariak begietara zuzen-zuzen so egiten ziola—, krokodiloa narrasti ederra da, patxadosoa, ia sakratua, esango nuke. Gogoan dut nola, Kuban bizi nintzenean, krokodilo haztegi bat ikusi nuen. Han kaiman deitzen diete... Ba al dakizu zer alde dagoen kaiman baten eta krokodilo baten artean?

J.J.k ez zekien, eta onartu behar izan zuen gorabehera triste haietan ibili arte oso gutxi zekiela krokodiloez eta beren senideez.

—Bada, kaimanak luzeagoak dira, krokodiloak txikiagoak. Kuban, lehen esan dizudanez, ikusi nuen lehen krokodilo haztegia. Batzuk urpean zeuden, eta begiak besterik ez zuten ageri. Beste batzuk elkarren kontra zeuden lozorroan, lokatzetan pilatuta... Zein ikusmira ederra! Niri krokodiloek ez didate beldurrik ematen. Eltxoek bai. Horiek bai direla gaiztoak! Besoak eta zangoak handituta utzi zizkidaten! Krokodilo bat ederra da, batez ere urpean doanean eta ahotzarra irekitzen duenean... Zer gertatzen zaizu, gazte?

Ezer ez, barruan itolarri halako hura haziz zihoakiola, besterik ez. Landare likatsu haragijale batek irentsia zion urdaila eta bihotzerantz eta errai guztietan zabaltzen ari zen.

—Bada, esaten ari nintzenez, krokodiloak ia ez du etsairik... Kontu egizu, askotan fusil baten balek ere ez diote ezer egiten! —botikariak irribarre beroa egin zion J.J.ri—. Amerikarren film txatxu horiek hondatu diote irudia. Badakizu zer esan nahi dudan, krokodiloa Gako kapitainaren atzetik eta abar... Hori lotsagabekeria! Adibidez, ba al zenekien Behe Egipton animalia sakratutzat zeukatela eta gurtu egiten zutela?

—Ez... —zezeldu zuen J.J.k, bere bizikidea gogoan, bota bat hortzen artean zuela...

—Ulertezina da gaur egun gai horretaz dagoen ezjakintasuna! Zuk ere ez duzu jakingo zure krokodiloa aligatorra ala kaimana den, edota paduretako krokodiloa den, crocodrylus palustris, edo Indomalasiako motakoa, crocodrylus porosus... Baina zer duzu, adiskide!

Botikariak eten egin zuen bere kalamatika, J.J. luze eroria baitzen lurrera.

—Baina Jainko maitea! Zerorrek galdetu didazu eta! Zein sentiberak zareten krokodilitikook!

Botikariak haizea ematen zion errezeta-paperez, eta J.J. bere onera etorri zen poliki-poliki...

—Une honetan Krokodifil besterik ez daukat. Has zaitez pilulak hartzen berehala, eta etorri berriro ere. Pozik hartuko zaitut, eta ordurako izango dut behar dituzun sendagai guztiak... Animo, gizona! Pentsa ezazu krokodilitisa ez dela gauzarik okerrena, eta gainera...

J.J.k ez zuen itxaron besteak esaldia amaitu arte. Hartu pilula kaxa, ordaindu, eta aterantz abiatu zen zabuka.

—Eskerrak denagatik! —bota zuen, geratzen zitzaion edukazio hondarrarekin.

-------------------------------------------

Ohitura konpainia ona da, eta J.J.k etxean sartutakoan egin zuen lehen gauza makurtu eta ohepekoa zertan zen ikustea izan zen. Egunero bezala.

Narrasti ikaragarria, Amerikako paduretako erregea, bere harrapakinak jan aurretik ito egiten dituen animalia gurtua, han zegoen geldi-geldi, gorabehera guztiez eta botikari mantaldun miresle ezezagunez ezaxolati.

J.J.k saldoko zapata pare bat bota zuen ohe azpira, eta logelako atea itxi zuen bere patu tristeaz gogoetan. Sukaldean eseri, Krokodifil prospektua atera eta arretaz hasi zen irakurtzen, aurrez ezein literaturak piztu ez zion interesaz...

KROKODIFIL PILULAK

Konposaera:
Krokodifilaren gai aktiboa drazepamkrokoa da. 1,5 mg; 3 mg; eta 6 mg-ko gai aktiboa duten piluletan aurkezten da.

Propietateak:
Mundu mailan egindako saio klinikoek frogatu dute Krokodifila sendagai antikrokotropo ahaltsua dela. Komeni diren dosietan hartuta, eragin zuzena du bakardade, antsietate eta mendekotasun afektibozko sentimenduetan. Dosi handiagoetan propietate utopiko eta fantasiatsuak ditu, oso garrantzitsuak hiri bakardade larriko kasuetan.

Indikazioak:
Krokodifila eraginkorra da larridura, abandono sentimendua, babes falta setatsua eta gisa horretako sintomak dituzten gaitzetan. Krokodifila harreman premia larriak tratatzeko da gomendatua.Bakardade eta sexu autokudeaketa egoeretan sortzen dira holakoak. Gomendatua da, halaber, pertsona arteko harreman eta komunikazio falta, bizipozaren nahasteak, agresibitate ezkutua, egokitu ezin existentzialak ageri dituzten egoeretan, bai eta tratamendu psikoitxaropentsuen lagungarri gisa ere.

Posologia:
Paziente xatarrilo eta etsi samarrentzako batez besteko dosiak: 1,5 mg hiru aldiz egunean. Kasu larrietan eta paziente infraestimatuetan : 3 mg eta 12 mg artean, egunean bizpahiru aldiz.

Kontraindikazioak:
Duen eragin autogoresleagatik, Krokodifila kontraindikatuta dago autokonplazentzia larria denean.

Efektu sekundarioak:
Krokodifila ondo onartzen da, are terapeutikotzat jotakoak baino dosi handiagoetan. Esperientzia kliniko zabalak ez du agerrarazi efektu toxikorik lan errendimenduaren eta erantzukizun zibilaren gainean, ez eta bezeroen kontsumo eta telebista joeretan ere. Zahar eta haurren kasuan, kontu handiagoz dosifikatzea gomendatzen da, paziente horiek biziki sentiberak baitira sendagai soledotropoekiko.

Inkonpatibilitateak:
Kontuan izan behar da ezen, Krokodifila ondorio krokodepresore zentraleko sendagaiekin batera hartzen bada, areagotu egin dezakeela bakardade larriaren efektua.

Interakzioak:
Pazienteek saihestu egin beharko dute ezer egin gabe eta asper-asper eginda egotea, bai eta asteburu euritsu eta nostalgiatsuak ere, zeren eta erantzunak aurrez pentsaezinak izan baitaitezke.

Kontuz:
Krokodifilak aldatu egin ditzake pazientearen erreakzioak (autoengainamendu gaitasuna, autoproiekzio automobilistikoa, autosatisfakzio kontu korrontezkoa, etab.). Gogoratzekoa da oinarrizko printzipio mediko hau: EZINBESTEAN BAKARRIK EMANGO DIRA SENDAGAIAK MAITEMINTZEAREN LEHEN HILABETEETAN.

Intoxikazioa eta bere tratamendua:
Hiperdosifikazio kasuetan, orgasmo konbultsiboak ager daitezke, maila handiko estasiak eta neurriz gaineko bakea. Proposatutako tratamendua honelakoa izango da...

J.J.k eten egin zuen psikologia tratatu txiki baina jakingarri haren irakurketa.

Hunkituta zegoen. Prospektu hark bere baitan eragin zuen zirrara hain izan zen handia, non luze egon baitzen sintoma haiek guztiak barneratu bitartean, hain ondo sentitu zuen bere burua erretratatua.

Iruditu zitzaion une hartatik aurrera hobeto ezagutzen zuela bere burua; izan ere, ordura arte ez zen gauza izan sentitzen zuena izendatzeko edo deskribatzeko: abandono sentimendua, bakardade egoera, sexu autokudeaketa, bizipoz nahasteak, agresibitate ezkutua. Horixe guztia gertatzen zitzaion berari. Hura bai zela bete-betean asmatzea! Ez zegoen zalantzarik, pilula haiek bizitza aldatuko zioten. Eta hura pentsatutakoan, gartxoa erne zitzaion bihotzean, eta J.J.k, irakurri berri zituen deskribapen psikologikoek kutsatuta-edo, BIZIPOZ deitu zion sentimendu berri hari. Pilula haiek, esate baterako, gai bihurtuko zuten Elena kafe bat hartzera gonbidatzeko; ez, etxera gonbidatuko zuen... eta esango zion...

Eta J.J. oheratu egin zen, lehen pilula basokada bat esne berorekin hartu eta gero. Lehen aldiz aspaldi handian, goseak zegoen. Goseak akabatzen.


Š Krokodiloa ohe azpian: Alberdania