LASA, Mikel:
Tamariza eta pikondoa

I. Amodio galduak

Goiz heltzen diren pikoak
maite ditu ene arimak

(Axular)

Euriaren tristea
ari ta ari atergabeko amaian.

Katuak ganbaretan lo daude gau t'egun
denborari denbora emanez...

Paradisu galduetako oroipena da
nola palmondo handi baten pean
itzala genuela adiskide
nola tamariza ta pikondopean
ari ginen bekatu
haragizko bekatua
euriagatik triste ari
triste diren bezala tamarindoaren adarrak
itsas bazterrean
euriaren pean
triste ta ustel palmondoa
udazkenean
«chalet» ubelaren jardinean
Zarauzko plaiatik ez hain urruti.

Nola bion gorputzak gurutzaturik
(ba ginakien ez genuela elkar maite)
bestearengan bilatzen genduan
gurean ez daukaguna:
mundu axolakabeak itsaso izugarriak plaiaren bakardadeak
ematen ez ziguna: maitasunaren arrastoa.

Arratsalde hura munduaren azkenengo eguna zen
t'amor eman genion bizitzari.
Udaberrian kantatu nuen hasierako egunaz ez naiz oroitzen
Jainkoak gizona tankeratu zuen egunaz
bizirako arnasa isuri zionaz
ez naiz oroitzen
paradisuko azken egun honetan.

Katuak ganbaretan lo daude
tolesgabeko ametsetan
urteak eta denborak deusezten
edota denbora milaka ugaritzen.

«DANA»k eta «NADA»k zirkuloa bukatzen dute.

II. Denboraren marka

Ene biziaren tristeziazko
sinoak
zeinak baitu urtearen zehar
biziaren hari guztia kolorazten
zeinak baitu ene aurpegiaren eskultura
beheraka zimurrez markatzen.

Itsasontzi antzinako kobrearen metal zaharrak
ez du ene itxura tristearen tristura
eta plaia-hondar-hustuak udazkenean
ez du ene etsipenaren zapore garratza.

Tamariza eta pikondoak
nere haurtzaroko izarotik
denak erroz desustraituak izan dira denak!
Izagak soilik haizeari buru emanez
tristeziazko salmoak
murmuratzen dituzte
ipar haizearen eraginez ta berresaten:

«Oi gure denbora hunen desolamendua!».

Bertso urratuak

Ez dezagun poema zeru zolan ixeki
kaio baten orrua edo txalupa baten gibel borobila
edozein poema baino ederragoa direnean.

Poetari haurtzaroan diruaren kutizia gezurrez kendu zioten
baitzekiten jakin ideia hutsa zein mixerablea den.
Baina nik diot:

Gure poemaren egia odolarekin ziurtatzen ez badugu
graziarik gabeko pailazoak garela.

Poetak ez badu bere indarrez
ezaren barrunbea aztertzen
zein ausartuko ote ustelduriko egiak
argitara ematen?
Baina León Felipe-k dio:

Gizonaren sehaska ipuinez eragiten dutela... gizonaren negarra ipuinez estaltzen dutela...

Zeini ez zaio laket esatea:
Ni poeta arlote bat naiz poeta baserritarra
ta pinpilinpauxaren mila koloreak besterik ez dut ezagutzen
ta nere hiztegiko hitz itsusienak «arrosa» eta «krabelina» dira.
Baina nik diot:

Zalduntxoen oinordea herriarena ez den artean
ez dudala sinestuko zalduntxoen sasi-ipuinean.

Gure hiztegiko zenbait hitz doaz
eta orain ez dira ezer ez bada
memoria desmemoriatu baten oroitzapen gazi-geza.
Baina euskaltzaleek balekite jakin aberatsegia dela
hizkuntzarik txiroena ere
sakelan daramagun historia apurtu hau
kontatzeko!

Esperpento

Ihauteria da
eta ihauteri gauean
kale isiletan barna goazela
iparraldeko hiri handi honetan galdurik
burdelak ikusten
laurehun pezetakoak eta hirurehunekoak
gure boltsa urriarentzat nahikoa ehunekoak.
Denak dira emakumeak
eta gorputz usatuen xarma ustela bilatzen dugu.

Mauka ta mauka ar-emeak
izorkeria egiten eliz-zaharreko paret bazterrean.

Berdin da bakardade honetan
aurpegi ederrak hala itsusiak
emakume denen aurpegietan
halako animalikeria somatzen dut
zoramena aurpegi idorra mirada fijoa.

Ihauteria da ihauteri gaua
ta inork ez daki bakoitzaren bakardadearen berri.
Argi bakoitza itzalean hiltzen da
agonia isilean
nola Kristo profanatu hori biluzik
bide bazterrean hain desesperatuki etsia
agonian infernuetara jaitsia
hirugarren egunik gabeko Kristoa
sinesten dut.
Eta argiak milaka izanik ez dute argi egiten.
Tarteka gaua da jabe.

Hala gu hala gure bakardadean
ihauteri gaueko hirurak eta bost inguruan.

Txorabioa

Ez da ezer ez da egia
kontra nagoena naiz
kontraren kontra
ta inor ez dago nere alde.

Gauerdian nago
romantikoen ugartean
izatearen mugan
mugaren mugan.

Eta Sade-ko markesaren gazteluan.

Gauerdian nago
ta hilak ditut lagun
Aragon gazte Tzara Neruda
Lautréamont Lelian gizarajoa
Kafka
eta Baudelaire-ren begirada tristea.

Gauerdian nago
ta itzalak ditut lagun
bakarrik ez naizen
sekula sekulakotz.

Irudi banal eta eternalak

Enamoratua hondarraren gainean
idatzi dut zure izena maitea
hondarraren gainean eta uraren ertzean

B. La femme que j'ai choisie
la femme que j'ai chérie.
Irudi banal eta eternalak
(bihotza ta gezia)
marrazten nituelarik
hondarraren gainean eta uraren ertzean.

Poeta berria

Zure elea
ez da gurina eta esnea:
harria itsasoa eta haizea.

Munduaren hatsa
nahi nuke atzeman
Europako bide ugarietan
(hainbeste jendetza eta ni hain bakar)
eguerdiko eguzkia adora
goizetik-goizera lana
arratsaldeetan jainko beltzekin josta.

(Baina ez zait ardura)
eta gauetan
bide ertzean naiz ezarriko
harri-meta txiki baten alboan
t'hankak gurutzaturik
hartuko dut gitarra
bardoaren gisa
ta eresi bat kantatuko
ardura gabe ta triste:

Oi hiri oi izar oi ortzi
ez duzue balio ezer
gizonaren irri ta keinu batek
zuetako mila balio dute
oi hiri oi izar oi ortzi
ez duzue balio ezer.

Zoaz eta esaiozu Rilke-ri:
izarren hautsa krudela da
eta ilargiaren esneak
goragalea ematen dit.

Eta poblatuko dut
ene arimaren bakardadea
gizonaren irriz ta neskatxaren musuz.

Baudelaireren gisa

Higuina eta tristura begi bietan
gizonek ez diote engainatzen.
Barre ta irri zurietan
haragiaren grinak ez du berotzen
bere ezpainik, ez bihotzik.
Desprezio eta huguina dario
begi bi beltzetatik.

Maite haut maite,
kaleko zozoak ez beste.
Maite haut maite
baina gorrotoz ta zoramenez
hire gorputza nere arimaren truke.

Eguzki berritan

Amets ilunezko gauaren ondotik
begi berriekin ikusten baduzu
ortzi berri bat, maitasun kolore
egiazkoa, lilurazko izar-ilargirik gabe,
ez gehiago pentsatu,
eguzki berritan zaude.
Ez galda, ez bila,
zalantza oro bazter,
eguzki berritan zaude.

Izaki oro esnatu dadinean, ta itzalak erori,
eguna jaiki garaian,
mendi mugak su eta gar,
oro egi, oro garbi, badaezpadako amets lilurarik gabe
nahiz eta eguzkia oraindik ez agertu,
badakizu:
eguzki berritan zauden.

Hemeretzi edo hogei urte inguruan
lasai sentitzen ez bazara, zeure giroan
gorputz eta izpiritu indarrez gainezka
mundu zabalaren beharrez.
Eta irazan indarra somatzen baduzu,
beste izaki baten beharra,
maitasun lehertze giharra,
ez galda, ez bila,
zalantza oro bazter
axolik gabe dei egizu:
eguzki berritan gaude.

«Gaur ideki diet itsasoari eta haizeari leihoa» (1)

Edertasun biluzia zein izugarria den!
iparraldera ihesi doan itsas bazterraren linea
negua maite duten hegazti gris handien hegada
eguzki-begi-handia ugartearen gainean.

Gizon berriaren paradisua goizalba da
eta enegan dagoen aingeru garbi ikaragarriak
birrindu zorian dauka arratsaldeko jainko beltza.
Gizon berriaren letaniak kantatzera noa
mila gauza umilen distira ezkutuan:
nere ezpainetan daramadan basa-krabelina
haitz zuloetan dantzan darabilan ur berdea
eta nere gelako egunaren zazpi argi diferenteak.

Gizon berriaren aleluya kantatzera noa:
Hainbeste ontzi nere begietako itsasoan
hainbeste metal soinu urrutitik garrasiak albotik
hainbeste burni gurutzatu hain estruktura egokiak
nere oin-azpiko lurra gotortzen ari
ta ororen gainetik eguzki-begi-handia
egia agerian ipintzen
munduko i petral ororen gainean puntua ipintzen.

Oi egunen batean ausartuko balitz gizona
ze indarra nolako seriotasun ikaragarria bere maitasunean
gorputz ahuldu hori libertatu garaian!
Egun hartan ibai bat eta ispilu bat izanen naiz
eta Adanek gauza guztiei izen berri bat
ezarri zien moduan
nik gauza zahar eta antzinako hil guztiei
izenak kenduko dizkiet
gauza hutsak soilak izan daitezen.

Orduan gizonak eta harriak berriro bakeak eginen dituzte
eta laino gorritua eguzki hildua
herdoilaren kolore errebelatua
(behin gizonaren esperantza)
ibaiaren kantsazioan islatuko dira
eta nere arimaren egonarria eta esperantza izanen.

(1) León Felipe

Egunen batean beharko dugu pausatu
udarako egun narras luzeren ondoren
giza errealitate umilaren ohean etzan
banitate orotaz biluztu, marmario guztietaz
eta azken finean gure baitara itzuli
ene buruari so egin, hain bitxia
estrainoa, birrindua eta madarikatua
ene burua, eta ene baitara itzuli
haur baten begiez inguru-muruak begiratu
biluztu, hustu, sentipen oro bazter
ez gorrota, ez ahalegin
betierako isilaldiaren sabore umila astiro iasta
ur-lo isilaren sabelaren hondora.

Ghettoa

Lekunea ikaragarri zabali zen
lau aldetara argizko hutsuneak
bortxa egiten ziola mundu hertsiari

Ene bihotza katibu zegoen baina
lau ideia hertsiagoen jira-birazko
mugimendu amaigabeko zorabioan.

Baina ikusi dut ikusi
zuhaitza soila
hornidura guztiez biluztua
ilunabar gorian
zeru argiaren kontra islatua
soila
bakarra
bakana
marra hutsa

Ene arimaren atxikidura bakarra

Le cheval de la liberté

Hasieran: amets zirimola
Aspaldi: ametsaren leihoa
Herenegun: ametsaren zuloa
Atzo: ametsaren zirrikitua
Egun: bide bat estua
Ene libertate zaldiarentzat

Hemen datza Popeye (Faulkner-en oroitzapenez)

Popeye espetxeratu duten presondegiko patioan
ilunabarreko haize-boladak beldurgarri astintzen duen
paradisuko zuhaitz horren aldean
Pariseko UNESCOren jardineko Calder-en mobilek
historia aurreko fosiltzarrak dirudite.

Eta, nor ausartuko ote UNESCOren zuzendariari
gorazarre egiten?
Eta nork eresi bat kantatuko ote dio
euren zerbitzari den Edozein-Edozer jaunari?

Baina Popeye hiltzaile beltza, presondegiko
leiho ondotik bere bizia eta heriotza
kantari dihardu eta berarekin batean
beste gaizkile beltz andana mixerablea
koru eginez,
euren herriaren patu txarrari garrasika:

«Quat' jou' enco'! et alo'! y vont pend'
le meilleu' ba'yton du Missisipi du No'!!»



©Lasa, Mikel. Memory Dump 1969-1990, EHU-UPV, Leioa, 1993.