LERTXUNDI, Anjel:
Zorion perfektua

Zorion perfektua eleberritik hartutako zatia, Alberdania, 2002.


Euri-usaina zerion ilunabarrari, hodei goibelez zegoen zerua belzturik eta liztor haserretuaren soinua egiten zuen haizeak etxe tarteetatik pasatzean. Burua sorbaldan hondoratu eta zamarraren lepokoa estutu nuen bi eskuez masailen kontra. Modako kantari baten ahots zakarra eta flipper baten takateko metalikoak, taberna txiki batetik.

Ezker-eskuin begiratu nuen gurasoen ezagunik zegoen ikusteko. Gizon ilun bat tabernarantz. Beste inor ez. Arriskurik ez. Taberna pareko balkoipean babesturik, zigarro bat piztu nuen. Gogo betez irentsi nuen lehendabiziko kealdia.

Une horretan, itzal moduko bat ateratzen da taberna ondoko ezkaratzetik. Gizon ilunarengana hurbiltzen da. Eta hor entzuten dut, blam!, eztanda txiki bat, soinu lehor bat, pertsianek haizearen eraginez hormaren kontra jotzean egiten dutenaren antzekoa. Gizon ilunak garrasi ito bat egiten du eta begiratu egiten dit. Zigarroa erortzen zait lurrera. Lehertu beharrean ikusten zaizkio begiak, argitara jarritako kristalena bezalako distira batez. Begira daukat gizona. Ahoa irekitzen du: irribarre inozotzat ere har daitekeen keinu oinazetsua egiten ari zait. Ematen du ez duela ulertzen zer ari zaion gertatzen. Gero, erortzen hasten da, poliki-poliki, bekainak jasota, galdera mutua eginez bezala. Karraska egiten diote belaunek, eta, kolpea saihesteko, esku bat luzatzen du eskumenean duen helduleku bakarrerantz: kaleko lorontzi harrizko bat, kaio-zirinez zuritua.

Lorontzian, lore moreak moltsotan. Bainila-usain sotila darie. Eta gizonari, aho-ertzetik, odola. Modako kantariaren ahots zakarra eta flipper-hotsa itzali egin dira bat-batean.

«Berlin ez dago hain urrun»

In 9408 Narrazioak, Egunkaria, 1994.


Atzetik etorri, eta bizkar-zorroa aurre aldera pasa dezadala agindu dit museozainak. Sarrerako kontrolean miatu didatela, esan diot nik. Ez daramadala ezer arriskutsurik.

—Bizkar-zorroa bera da arriskua, jauna. Jiratuko bazina eta bizkar zorroarekin koadroa kaltetuko bazenu? —zehaztu dit eskabidea, aurrean geneukan Jean Fouquet-en Madonna haurrarekin zeinalatzen zuelarik.

Bitxia iruditu zait Denisek eskabidea Madonnaren aurrean egin izana (Denis deitu diot neure artean museozain urdinez jantziari: arrotz samarra izanik ere, arrotz-marka nabarmenik gabea da izen hori, niretzat, behintzat), koadro horrexekiko interesak eraman bainau, ez beste ezerk, museora.

Eskerrak eman dizkiot Denisi.

Jean Fouqueten margolan ezagunenari eskaini diot berriro nire arreta. Koadro horretako formen biribildurak beti harritu dizkit begiak: mamula-sagar bildu berria dirudi haren ezker aldeko bular biluziak, koadroaren ardatz egiten duenak; biribil-biribilak ditu Ama Birjinak buru-masailak; magaleko haurraren eta hondo-irudiko aingeruen izterrak, sabelak, bularraldeak eta buruak ere ertzik gabeak dira, biribilak guztiz...

Arratsalde osoa nuen ordu arte erreprodukzioetan soilik ikusi izan dudan koadroa gozatzeko. Eta hartan, nire aisiara, marren eta islen biribildurak orain arte erdi ezkutatzen zidaten hainbat gorabeheren bila saiatu naiz hausnarrean.

Begiraden auzia deituko diodana dago batetik: Madonna, haurra eta bederatzi aingeru ageri dira koadroan; hamaika begirada guztira. Baina hamaika begiradek toki desberdinetara egiten dute so, eta harrigarria da hori: logika guztien irakaspena da aingeruek eta Madonnak haurrari begira egon behar luketela. Baina ez. Barreiatuak daude aingeruen begiradak, harria botatako arbola bateko txoriak bailiran. Madonnari dagokionez, egia da beherantz begiratzen duela, baina bere bular biluzia du sorako gai, ez haurra (egia, hori ere; Madonna bati eta ama bati eskatzen zaien usantzaren aurkako egia, ordea). Eta haurraren begirada? Zergatik da koadrotik kanpora begiratzen duen bakarra? Zer dauka haurrak bere eskuin aldera (ikusleon ezker aldera); koadrotik kanpoko zerk erakartzen du haurraren arreta? Hutsalak lirateke galdera hauek guztiak, baldin niretzat enigma baten itxura betea hartu duen gorabehera harrigarri bat ageri ez balitz koadroan, nabarmen eta beste begiradekiko kontrastez emana: haurraren begirada da zerbait ikusten ari den bakarra, gainerako begirada guztiek begiratu egiten baitute, ez ikusi.

Alde batera utziko dut Madonnak haurrarenganako erakusten duen hoztasuna —haurra airean eserita dagoela dirudi, ez amaren altzoan—, horretaz hausnartzea baino interesgarriagoa iruditu baitzait artistak hiru koloreen banaketaz lortu duen konposaketa: Madonnaren eta haurraren gorputzetako texturak argizaria gogorarazten du; koadroaren hondoko tronuari eusten dioten sei aingeru potoloen gorri-gorriak, berriz, kandela-metxen argia; eta atzeko hiru aingeruen urdin ia grisak, azkenik, kandelaren argia iristen ez den bazterretako ilunpea.

Koadroko forma biribilenak inguru kromatiko beroenean ote dauden nengoela, eztul-hotsa sentitu dut nire atzean.

—Ixteko ordua da, jauna.

Jiratu, eta Denis, desenkusazko irribarre batez. Aretoan begiratu dut: museozaina eta ni, beste inor ez. Kanpotik datorren argiak ezti galduaren abaildura du. Ez dakit zenbat denbora daramadan Fouqueten koadroari begira.

Barkeske hasi natzaio, baina ez dit utzi.

—Tori, eskertuko nizuke gonbitea onartuko bazenit —eta paper-mutur bat eman dit helbide batekin—. Ez dago hemendik oso urruti. Gonbida zaitzaket jatetxe batera, baina lasaiago hitz egin ahal izango dugu nire etxean. Zer moduz zortzietan? Nik ezin dut lehenago, museoko alarma-sistema aktibatzeak denbora eramaten du eta.

Nik ezer erantzuterako, aretotik irten da Denis.

Ez naiz ahalguztidunaren probidentziak, Cupido itsuak nahiz patu halabehartuak jaurtikitako gezien sinestun aparteko; baina ez al litzateke sinesmenaren aldagai bat Denisenaren moduko burubide ulergaitz bati bizkar ematea ere? Horra, bada: zer egin hoberik ez, eta hotelera joan naiz. Dutxatzeko eta arropaz aldatzeko asti doia hartu dut, eta, handik zuzenean, paper-muturreko helbidera eraman nau burubidearen jakin-minak.

Zortziak puntuan nintzen Denisen apartamenduko ate aurrean.

Nekeza gertatu zait lotzea atea zabaldu didan alkandora loredun deigarripeko gizona eta museozain urdinez jantzia. Uniformeak ezaugarri fisiko guztiak berdintzen eta lautzen zizkion museoan ezagutu dudan gizonari (museozain bilkatzen zuen, nik Denis deitzerakoan pertsonalizatu egin nahi izan badut ere); alkandora loredunak, berriz, gehiegi urrutiratzen du ezagutu dudan uniformepeko gizonetik, eta horretaz ohartzea —irribarrea eta manera guztiak ere loredunak dituela konturatzea, apika?— ez zait eroso gertatu.

Apaindura gutxiko egongela inpertsonal batera pasarazi nau. "Bakarrik bizi den baten gela" otu zait, familiari edo konpainiari bezala apaindurei eta gainerako detaileei ere uko egin dien batenaren traza guztiak baititu Denisen etxeko egongelak.

Bi edalontzi trappistinez bete eta gero, kopa bat eskaini dit Denisek:

—Ezagutzen duzu? —galdetu dit bere edalontzia airean jasorik—. Ez, ez da oso edari ezaguna. Armagnacari hainbat belar erantsiz egiten dute. Ona da jatorduari ekin aurrerako, dastamena aktibatzen du eta.

Topa egin dugu, eta mahaian eseri. Bion begiradak oztopatzen zituen lorontzi luzexka aldaratu du mahaiaren erditik, eta tipula-zopa zerbitzatzen hasi da salda-ontzi batetik nire platerera. Zopa probatu eta oniritzia eman diodan orduko, hizketan hasi zait, borborka hasi ere, lehertzear den iturri baten antzo.

—Fouqueten Madonna interesatzen zaizu, beraz. Kazetaria zinela egingo nuen aretora sartzen ikusi zaitudanean, baina instantean ohartu naiz koadroari begiratzeko zure moduak ez duela deus kazetariek ohi duten gertakizunen gaineko begirada-pasa arinetik. Ez zara, bestetik, jakitunarena egiten duen turista berripozarin horietako bat; begi-bistakoa da hori ere. Koadroari begiratzeko maneran nabarmentzen dira ikusleen arteko aldeak: zuri dagokizunez, koadroko puntu jakin-jakin batean, konposaketaren gune nagusian, pausatu duzu begirada, eta handik egin dituzu aurkikuntza guztiak eta bakoitza. Ezer aurkitu orduko, gunera itzultzen zinen ostera, erlea lorerik gozoenera itzuli ohi den bezala. Irakasle zaitut, ezta? Edo agian pintore zara zeu ere? Izan al zara inoiz Berlin-Dahlem museoan? Ez? Oi, oi, oi! Ez duzu, orduan, Fouqueten koadroaren historia ezagutzen; ala bai?

Ez dit ezer tartekatzeko aukerarik eman: museozainaren ezpainak ez dira ia higitzen, baina etengabe darie sisibasa, nire zirkinekiko ardurarik gabe jario ere. Eskuak, berriz, gero eta modu histrionikoagoan mugitzen ditu, koadroa begien bistan balu bezala, orain sardexka batez koadro ikustezineko hainbat alde seinalatuz, segidan publikoari —niri— pertsuasioaren sarea jaurtiz.

—Madonna bular-lerden hori puta bat zen —segitu du Denisek—, gorteko dama bat, Karlos VII.ren kuttuna, amorantea, taldean zein bakarka denen ohakide izatea atsegin zuen mulastina, eta barka gordinkeria. Agnès Sorel zuen izena, eta Fouqueten-ean bezalaxe ageri da egin zizkioten koadro guztietan; ezker aldeko bularra airean duela, alegia. Mundu guztia bat letorke esango banu amatasuna azpimarratzea dela Fouquet-en koadroko bular biluziaren esankizuna, baina zergatik agertzen da bular biluzia, beti ezker aldeko bular bera, amatasunarekin eta antzekoekin zer ikusirik ez duten gainerako koadroetan ere? —galde egin dit Denisek, begirada bere irudikazioko koadrotik nigana jaitsiz, nik auzia argituko nion esperantza halako batez.

—Tamalez, nik ezin dut asmatu jokabide horren esankizuna, premia artistikoetatik kanpoko argibideren bat saiatzen ez badut behintzat —esan diot zerbait esan behar eta.

Begiak argitu zaizkio, garrantzizko zerbait bururatu balitzaio bezala, baina ezpainak aho-zapi batez lehortu, eta jaiki egin da, eskuaz desenkusazko zirkin bat egin eta gero. Egongelatik irten, eta handik gutxira Chateaux Margaux bat eskuan zuela itzuli da.

—Zer iruditzen? —galdetu dit Denisek botila erakutsiz—. Urteak egin ditu hozkailuan gaur bezalako parada baten zain.

Zeremoniatsu jokatu du botilari kortxoa kentzean, edaria zerbitzatzean, edalontzian mugitzean, usain egitean, mingain-punta doiaz dastatzean.

—Zer iruditzen? —galdetu dit ostera.

Erantzun ez erantzun nengoelarik ezen tamala dela hain edari ona zaharraren zaharrez ozpintzen utzi izana, gaiari heldu dio Denisek, horixe iruditu baitzait zutela helburu pausaldiak eta Chateaux Margaux botilak: nire jakin-mina atsedenaren arragoan goritzea.

Anfitrioiei zor zaien abegi onak museozainaren egoa gurintzera eraman nau:

—Ez dakit, baina egingo nuke inork ezagutzen ez duen zerbaiten, ez dakit jakitun, baina bai jakiteko amorratzen zaudela: oker nago?

Denisek ez zuen, zinez, akuilurik behar hizketan jarraitzeko.

Ma petite pomme, deitzen zion erregeak Agnèsen bularrari: jakinaren gainean zeunden?

Denisek arnasa hartu du, eta begira gelditu zait, nik zer esango. Ez dut ahorik zabaldu, ez bainekien nigandik espero zuen argibideren bat eskatzen ari zitzaidan, ala antzerkiak eskatzen duen isilune bat egin zuen, publikoak, atsedenaldi bat delakoan, txalotzen duen isilune labur horietakoa, hain zuzen ere.

Zain gelditu naiz, bada; zain, eta zirkinik ere erakutsi gabe.

Nire jarrerarekin etsiak jo samartuta jarraitu du Denisek hizketan, ordu artekoan baino astiroago jarraitu ere, koadroari buruzko hainbat xehetasun ezagun emanez: diptiko baten zatia omen da Agnès Sorelek Madonnarena egiten duen koadro hori; diptikoaren beste zatian Estienne Chevalier zalduna ageri omen zen lehenago, erregearen diruzaina; Estienne belauniko eta Madonnarena egiten ari den Agnèsi begira dagoela...

—Berlingo museo nazionalean dago orain Estienne Chevalier belaunikatuaren zati hori. Inork ez du argitu zergatik erdibitu zuten koadroa. Horra, jauna, dakigun ia guztia —amaitu du Denisek kopetilun.

Museozainak bizitza jokoan zuela esango nuen, baldin kontagaiak hain aspaldikoak izan ez balitu.

—Eta? —galdetu diot—. Zerk kezkatzen zaitu?

Edalontzi hustutik nire edalontzi hustura eta hortik botilara eraman du Denisek begirada harroa. Chateaux Margoux botilatik zerbitzatzen hasi da. Esku-ahurra edalontzi gainean jarririk, desenkusatu egin natzaio.

Denis xuxurlaka hasi da bat-batean, nik ez beste inork entzuteko beldur balitz bezala:

—Pozoituta hil zuten Agnès, jauna. Zuk bazenekien hori, ezta?

Tiro batez izuturiko bi hegaztien hegaldi zoroa zirudien Denisen begietako harridurak.

—Karlos Zazpigarrenaren semeak hil zuen, Luis Hamaikagarrenak, jakingo zenuen hori ere —baietsi dit, zalantzan jarri baino, ahotsa apaldurik. —Agnèsek erregeari adarrak jarri izanaren mendekuaren aitzakia baliatu zuen Luis Hamaikagarrenak neska pozoitu eta hiltzeko. Ulertzen duzu? Aitzakia! Baina zertarako? Hori da galdera: zertarako?

Gero eta teatralago zen Denisen portaera eta nik, deseroso, txantxa saiatu dut giroa arintzeko:

—Bere gorteko dama kuttun eta kuttungaiak gaztigatu nahi zituen, zer bestela? "Tentu, gero, nire putatxook, zertara arriskatzen zareten!", hori zen mezua: zertarako hilko zuen gainerakoan? —esan diot, berariaz modu diletante halako batez.

—Hots, hots, ez dira gora-behera frogatuak —asaldatu zait Denis; dirdai ero itxurako bat zerion Denisen begiradari—. Zergatik zatitu zuen Fouquetek bere diptikoa? Hori da galdera eta galdera horri erantzun behar zaio, ez zaizu iruditzen?

Luze eta patxadaz aritu natzaio bururatzen zitzaizkidan argibideak ematen: Agnèsen maitasun klandestinoa —erregeren mulastina izanagatik ere, Estienneri zion su pasioz betea— denen begien bistan jarri izanaren agindua edo damua edo zigorra izan zitekeela diptikoa erdibitu izanaren kausa bat. Fouquetek erregea barregarri eta adardun jarri ez zuen, bada, Estienne diptikoaren bigarren partean jarriz?

—Ondo da, zure ustez errege barregarri eta adardun jarri izanaren mendekuaren beldur zen Fouquet, ulertzen dut —esan dit Denisek, bere burua pixka bat katramilatuz ondorengo agerpen erdi ilunetan —. Baina hortik aise segitzen da ia ezinbestekoa den galdera; ez zaizu iruditzen?

Niri ez zitzaidan ez hori ez beste ezer iruditzen, hala ere, eta ohi ez bezalako zalantza-aire batez begiratu diot.

Denisi ez zaio nire jarrera gustatu, zorroztasunez estaliriko haserre halako batez jarraitu baitu Denisek galdezka:

—Nor da Agnèsek altzoan-edo daukan haurra? Agnès Sorel eta Estienne Chevalier bezain erreala ote da (goren-gorengoren baten seme bat, apika) Madonnak magalean duen haurra ere?

—Demagun haur hori erregearen sasikumea dela, eta, beraz, Luis Hamaikagarrenaren anaia —egin diot nik, artean modu diletantea guztiz baztertu gabe —"Hi, Fouquet, marka guztiak hautsi dituk; habil zuhur, erregea gozoa jarriko zaik-eta koadroa ikusi orduko", esango zioten gortekoek. Fouquet ere, su artistikoak su artistiko, gu bezalakoxea izango zen: erregeari izua ziona (ez ahaztu Agnes pozoituta hil zela); errespetua ziona (erregeak ogibide erosoa ziurtatzen zion); baina baita ziria sartzeko gogoz bizi zena ere, gorteko jaun-damak koadroari begira imajinaturik: "ikusi, ikusi, mukizuak ez al du Luis erregegaiaren antza?" (ez ahaztu Fouquet, ororen gainetik, artista bat zela).

Ezezkoa egin dit buruaz.


© Zorion perfektua: Alberdania