LINAZASORO, Karlos:
Bagoi bat ordokian

(in Ez balego beste mundurik, Alberdania, 2000)

Ordurako etsipenaren gailurretan nenbilen Cioran adiskidearekin, istripua gertatu zenean. Burrunba lizun bat izan zen, kontaezina. Bagoia akordeoi baten antzera ximurtu zen, eta leihatilan pausaturik zeuden euliek sexu-jotzeari utzi zioten. Alarma urrunen batek jo zuen orduan, militarretik edo desegokitik zerbait bazuena, ez dakit ongi; begiak ireki nituen, ezbaikor, segur aski garunetatik azaleratzen zitzaidan izerdiaz blai, eta ikusi nuen, begiratu erdi hauskara erdi urdin batez, esku odolez beteetatik erori zitzaidan liburua, eta poztu ere egin nintzela egia da. Baina ez zuen luze iraun poz hark; nire solaskidea —agure ile urdindu bat, sorbalda erorixe eta begiratu aratz garbikoa— hilotz zen zoru grisean bi ilara harantzago. Hilotz zen, eta idorki zegien irribarre. Luxuzko anteojo batzuk zeuzkan eskuineko eskuan, ezkerrez maingua baitzen, hark berak minutu batzuk lehenago adierazi zidanez. Eta adierazi, hain zuzen ere, ordoki lohi bat zeharkatzen ari ginelarik, non begiztatu ahal izan baikenituen gizairudi gogoangarriak eta aitzurketa axolagabean ziharduten aurpegi luzangak. Ikuskizun hura aipatu nion orduantxe, eta isiltzeko agindu zidan hark, ezker besoa falta zuela, eta ezintasun hark zeharo mingosten ziola aldartea. Nik, gauzen alderdi ona ez ezik komikoa besterik ikusten ez dakien honek, galdetu nion, irrimirri apur batez baina betiere errespetuz, ea zein aldartez ari zitzaidan, kosmikoaz ala beste batez, probintziar idazle gaixo bat besterik ez nintzela eta azal ziezadala arren astiroago puntu hura. Ubel eta triste jarri zen, eta ilean artesia egiten hasi zen abilezia txalogarriz. Gero, barre egin zuen begi guztiekin eta gogoan dut une batez bagoi osoak egin zuela barre haren barrearekin. Oraintxe, esate baterako. Ez ote zen izango barre anker eta espasmodiko hura istripua gertatu izanaren arrazoia?

Agureak, noski, ez zion nire galderari erantzun. Barrearen eta ordokiaren ondoren, adiskide egin ginen. Trena bortizki binbilikatzen zen, musker neurriz kanpoko edo hautsi bat bailitzan, eta agureak —zeinak, ahalkez edo nik asmatu ezin izan nuen beste ezein gizabide zela medio, bere izena sekula ez baitzidan adierazi— horzdurari eutsi behar izan zion bizpahiru alditan, oso denbora epe laburrean. Egoera hura desatsegina izanik ere, lagun egin ginen. Bion arteko harremana adeitsua izan zen, aurkez aurke baikeunden, eta adierazi zidan maisua zela eta alargun liberala. Beroa jasanezina zen eguerdi parte hartan, eta ohartarazi genion ikuskatzaileari aire girotua ez zebilela ongi, baina, era berean, ezkutuan adierazi nahian bezala tresna itzalita zegoela eta ez zegoela hartarako eskubiderik. Ikuskatzaileak bosgarren aldiz txulatu zizkigun txartelak, eta mamu harrigarri baten antzera desagertu zen gero. Labur-labur komentatu genuen desagertze txundigarria; biok, segur aski, gauza bera pentsatu genuen, ezer adierazi ez bagenuen ere. Binbilinketa apur bat baretu zen; ez, ordea, sargoria, eta agurea sortasun astun batek jo zuen. Bere irribarrearekin lokartu zen, eta bere esku handiarekin eta bere galtz orbaingabeekin, eta nik Cioranen liburua atera nuen atzera sakeletik, higuin apur batez eta esku likatsuz.

Ordu erdia nahikoa izan nuen etsipenaren gailurretaraino iristeko. Izuak harrapatuta nengoen. Bi euli ikusi nituen beiraren kontra sexu-jotzen, doilorki, maitasunik gabe. Leihatilaz kanpora begiratu nuen azken aldiz, eta begiz jo nituen —jada gogoan ez ditudan arren— txori irazekiak, paperezko loreak eta aingeruren bat lurraren ezki berandutuen gerizpean. Eta orduantxe, istripua. Kirrinka batek arratseko lasaitasuna hautsi zuen, eta sargoria, eta siesta arina, eta irakurketa. Agian tupusteko bat, errailetik irtetea, inoiz argituko ez zitzaigun nahaste bat. Hauxe da, egiaz, lehen-lehenik pentsatu nuena. Baina ez; ez zen halakorik ezer: ez tupusteko ez errailetik irtete ez nahaste, hartaz geroago arte jabetu ez banintzen ere. Hasieran, istripu bat zela iruditu zitzaidan, lizuna eta kontaezina. Zioak ez ziren ezagutzen, baina aipaturiko hiru horietatik edozein izan zitekeen. Nolanahi ere, ez zen hura izan istripuaren ondoren erabili nuen estreinako buruhaustea. Estreinakoa, agure adiskideaz arduratzea izan nuen; huraxe, hilotz aurkitu nuena bi ilara harantzago, irribarre idor bat zuela aho zilarrezkoan. Niregana erakarri nuen bortizki, kemenez, soil-soilik lo zegoela pentsatu nahian, eta konturatu nintzen, nire ezusterako, bagoiaren zoru grisean zetzan gorpu hura ez zela gizon bat, trapuzko panpina bat baizik, izugarri ongi egina, hori bai, baina zainetan odol arrastorik ere ez zuena. Trapu eta zerrauts besterik ez, oro gezur, eta min eman zidan arimak eta irainak.

Ezuste desatsegin hark erro-errotik aldarazi zidan gertakizunen ikuspuntua. Bat-batean hustasun beltz bat sentitu nuen urdailean, oinaze sekretu lodi bat, eta ur berde nazkarria goitikatu nuen gorpu gozogabearen gainean. Zutitu egin nintzen. Urruntasun apur batez, patxada agerikoz, gainerako bidaiariei erreparatu nien. Denak beren lekuetan zeuden, eserita, gertaturikoa haien arazoa ez balitz bezala, burukoikeria bete-betean. Zigarro bat piztu nuen eta itsu batek esan zuen: "Zer gertatzen da?, zer gertatzen da?". Inork ez zuen erantzun eta airea lazgarria egin zen. Eztulen eta imintzio gehiegizkoen artean erre nuen zigarroa. Pentsatu nuen bidaiari haiek guztiek bertan lasai ederrean eserita jarraitzen bazuten, guztiz bere baitara bilduta eta honi eta hari hortzik gabe irribarre eginez, zinez istripurik izan ez zelako zeudela halaxe; eta, bene-benetan zerbait gertatu bazen, ez zela inondik ere istriputzat hartzeko moduko zer bat, are gutxiago oraindik ezbehar lizuntzat edo kontaezintzat, hasiera batean nik egin nuen gauza bestalde, nire irakurketek eraginda eta hiperbolerako eta neurrigabekeriarako dudan erraztasunaz bultzaturik, duda izpirik gabe. Gertakaria, bada, hoztasun gehiagoz gogoratzea erabaki nuen, distantziaren zuhurtasunarekin, eta jarduera haren ondorioz ohartu nintzen urrunegi joan nintzela nire epaietan, ez zela izan halako burrunbarik ez lizunkeriarik, bai noski zimurdura akordeonistiko hura, baina akordeonistikoa hain prezeski, ezen istantean bagoia bere onera etorri baitzen hauspo erraldoi ikusezin batek bultzatuta bezala, eta, beraz, kaskateko edo zauri arinen bat izan ezik, denak bere hartan jarraitu zuen, ezer gertatu izan ez balitz bezala.

Baina begibistakoa zen zerbait gertatu zela; ez zerbait lizuna edo kontaezina, baina bai, itxuraz xumea izan arren, benetan larria eta konponezina ere bazena. Denak berdin jarraitzen zuela zirudien, baina dena aldatuta zegoen; ibai baten emaria bezalakoa zen: beti bera eta beti desberdina. Hainbat hipotesi erabili nituen, arrazoibidezkoak, neurrikoak, izen mikatz bat ekarri zutenak ondorio gisa: konplota. Hitza nire ahotik irten, gorputz hartu, eta ama baten bularrak bezala puztu zen. Ahoskatu eta jada ezin izan nuen harrapatu: uso berde bat zen ilargi ahotsarekin. Konplota, errepikatu nuen, hizki bakoitza hausnartuz. Baina, zergatik?, galdetu nion ene buruari, zergatik gu? Ez nuen erantzuna ezagutzen, ezin jakin nezakeen ezta ere zein helburu zuten edo nork (edo nortzuk) mugitzen zituen hariak isil-gordeka. Gustura hartuko nituen galdera haien guztien erantzunak, noski, arerioa ezagutu egin behar baita, ahalik eta egokien hari aurre egin nahi bazaio, baina segituan jabetu nintzen inoiz ez nituela erantzunak jakingo. Sekula ez. Zalantza izpirik ere gabe jakin nuen, era berean, hura konplot, makinazio edo sabotaje bat zela, ondorio erremediaezinak zituena. Zerk eraman ninduen hura pentsatzera? Zein datu erabakior nituen halako izugarrikeria bat adierazteko?

Ezagunak zaizkidan keinuz —etsipen urduriz, esango nuke—, nire buruari azalpen bat ematera nindoan, eta orduantxe Schubert entzun nuen. Laster batean ezagutu nuen; samin sakon hornidura gabeko batek jakinarazi zidan bakarrik nengoela. Ahal bezala berreskuratu nuen sosegua; itsuari erreparatu nion, bere amarekin maitagarri horien ipuin bat irakurtzen zuen umeari, eta bikote gazteari; surik antigualenak asebetetzen zituzten haiek, ahalkerik gabe, oihanetako piztien gisa, gordelekuan edota herioaren sastrakan begiak elkar aurkitzeko beldurrik gabe. Neskak esaten zion "hartu nire ezpainak, jan nire ezpainak", horrelaxe, panpina batek esaldi txepel bat errepikatuko lukeen moduan, emoziorik gabe, eta mutila, zeina ni baino gazteagoa baitzen eta era berean ederki burusoildua, gogor saiatzen zen maiteņoaren eskakizunak betetzen, jubilatu urrezko txarteldun talde bati zeharka begiratzen zien bitartean; haiek, era berean, zeharka begiratzen zioten mutilari, eta pentsatzen zuten beraiek askoz ere ederkiago beteko zuketela neskatoaren erregua, mutil ezjakin hark baino; ezen, ordurako, mutila beste ezpain batzuk ari baitzen jaten, nahastuta, beste ezpain gozo eta petalo irekien antzeko batzuk. Eta halaxe, bada, Schubert bukatu zen, eta kanpora begiratzeari utzi nion, nire baitara begiratzeko; bakarrik nengoen eta ene buruari zuhurtasun osoz azaldu behar nion zergatik ahoskatu nuen konplot hitza, zergatik kanporatu nuen izen beldurgarri hura, esku anonimo batek idatzia zirudiena eta, hala ere, hain ankerra eta hurbila egiten zitzaidana. Eseri egin nintzen; hegazkin batek zeru ubela zulatu zuen, eta ikuskizun hark uharte huts baten erdian abandonatuta dagoen naufragoaren modura sentiarazi ninduen, zergatik esaten asmatuko ez banu ere. Beste zigarro bat piztu nuen, eta une hartantxe itsuak ahots lakarrez errepikatu zuen: "Zer gertatzen da?, zer gertatzen da?". Nire gainean zegoen Debekatuta erretzea kartelari erreparatu nion, eta itsuaren eztenkada jaso nuen; erretzea ari zitzaidan debekatzen. Eroarena egin nuen, jakina; areago oraindik: bagoian bizi genuen barne-giro sasimistiko hura aprobetxatuz, erabaki nuen zigarrokina itsuaren esku batean itzaltzea, argi jakin zezan nork agintzen zuen han; eta halaxe egin nuen; hura ez zen zipitzik ere kexatu, eta, beraz, nik pentsatu nuen edo gogo-ahulekoa zela oso, edo bestela niganako mendekotasun erakusgarri gisa jokatu zuela hala. Itsu hura masokista nazkante bat ere ondo asko izan zitekeela gogoan neukan, ordea. Eta halaxe balitz? Eta itsua masokista zerri bat balitz? Ez nuen birritan pentsatu; beti izan naiz gizon dinamiko bizkorra: gerrikoa kendu eta hogeita hamar edo berrogei bat aldiz astindu nuen; amorrurik gabe baina irmoki, buruan nahiz soin-adarretan. Ez zen behin bakarrik ere kexatu, ez zuen txintik ere esan, eta asper-asper eginda utzi nion zigorketari, itsuak astinduarekin gozatu zuen edo ez guztiz argitu gabe, baina; zalantzak, bestalde, nahikoa alditxartu ninduen, egia esan behar baldin bada.

Š Ez balego beste mundurik: Alberdania