LIZARRALDE, Pello:
Un ange passe. Isilaldietan

ĢUn ange passeģ ipuinetik hartutako zatia, Erein, 1998.


Ez aurrera eta ez atzera geratuak ziren mendate gainetik kilometro erdira. Ordoki soileko zuritasun itsugarriaren erdian hogeita hamar bat ibilgailu, denak norabide berean lerrokaturik. Kontrako norabidekoak mendatearen beste isurialdean zeuden, txapel gorriko polizien aginduak beteaz.

Lerroaren azken lekuetan zeuden auto eta kamioien artean mugimendu bat edo beste antzeman zitekeen tarteka, malda ateratzeko falta zitzaizkien azken metroak egin eta goiko zuzen ez oso luzean sartzeko ahaleginean.

Kurt sartu berria zen zuzen horretan eta aurrera egiteko tartea zeukan oraindik. Ordea, aurrean zuen trailerreko txoferrak besoa atera eta gelditzeko seinalea egin zion. Kurtek kontu handia emanez galgatu eta, minutu erdiren buruan, motorra itzali zuen. Berak ere atzera begiratu eta aurrekoak egindako keinua errepikatu zien erretrobisoreari esker hauteman ahal zituen hiru autoei eta trailerrari. Hasperen egin eta bolante gainean jarri zituen besoak eta burua. Gero burua atzera bihurtu eta termoa hartu zuen ohe gainetik. Kafe tragoxkak ez zion onik egin, epela eta garratza iruditu baitzitzaion. Leihatila ireki eta termoa hustu zuen. Kafe arrastoak errepide erdiko elurra eta izotza tindatu zituen.

Luze gabe, Kurtek eguzkitako antiojoak jantzi eta kabinako atea ireki zuen. Errepidera salto egin baino lehen asfalto zati garbi bat bilatu zuen. Ezker aldera jaitsi eta aurrera begiratu zuen.

–Ach, scheisse! –atera zitzaion hortz estutuen artetik, eta horma zati zikin bat hautsi zuen ostiko batez.

Trailer gurutzaturaino berrehunen bat metro izanen ziren, eta ezker erreiko tarte hartan hogeiren bat txofer, pauso baldarrez, trailer gurutzatua helburu. Kurten begiek, banaka edo, gehienez ere, binaka zihoazen figura ilun guztiak kurritu zituzten, hurbilenetik hasi eta urrundueneraino.

Handik batere mugimendurik nabari ez bazen ere, trailerra noiz edo noiz estaltzen zuen kea ikusita, Kurtek azkar jakin zuen inguru hartan gauzak ez zeudela bare, eta, bera ere, eskuak zamarrako sakeletan sartuta, hara zuzendu zen.

Horma gutxiago zegoela eta ezkerreko erretenetik ibiltzea deliberatu zuen. Burua ezker-eskuin mugitzen zuen bakoitzean gelditu egiten zen istant batez. Eskuinean zituen kamioien artean bere herriko erremolke bat begiztatu zuen. Ezker aldeko ordoki zuritutik uholdeka zetorkion isiltasuna. Erreten ondoan sastraka soildua eta adaxketako tanta izoztuen argia.

Kurtek ager bat egin zuen sastrakaren beste aldera hegaztien arrasto arinak hobeki ikustearren. Arnasaldi luze bat egin eta zeruari erreparatu zion abian jarri aurretik. Ke usainak eta motor hotsak biziagoak egin zirenean Kurtek bere pausoen erritmoa moteldu zuen, eta, kamioi ondora ailegatuta, hara bildutakoak baino atzerago jarri zen. Trailerra ingelesa zen, eta txoferrari laguntzen eta argibideak ematen ari zitzaizkionak beste aldean zeuden. Kurt zegoen lekutik haien hankak hauteman zitzakeen. Tarteka oihu egiten zuten eta tonuari urduritasuna zerion.

Kurt ohartu zen beregandik metro gutxira zeukala herrikidea. Narruzko mahukan zeraman josita bandera. Oso gaztea zen, artilezko kapelaz babesten zuen burua eta oso irekiak zituen begi argiak.

Zenbait txofer erretiratzen hasi zen. Hauetako baten ahotsa gailendu zen istant batez:

–Zertarako ote ditik horrek kateak?

–Atzerritar hauekin ez zegok gauza onik –jarraitu zuen beste batek kolera tonuari ezin eutsiz–. Gau guztia hor behean noiz aterako zain eta abiatu orduko hau. Izorra hadi!

Ordu arte egindako bidaietan ikasitakoa aski zitzaion Kurti entzun berriaren mamia ulertzeko. Herrikidearengana hurreratu eta bere burua aurkeztu zuen. Bostekoa luzatu zioten elkarri, eta berriketan jardun zuten, tarteka trailerraren azpiko izotza seinalatzen zutelarik.

Ordu pare baterako izanen zutela han eta ekarri zituen bidea hartu zuten. Erremolkearen parera iristean txofer gazteak esan zion Kurti ez zeukala kabinatik ateratzeko asmorik, lo egiteko profitatuko zuela. Kurtek agur esan eta bere kamioi aldera egin zuen. Zuzenean zeuden ibilgailu guztiek itzalita zeuzkaten motorrak. Ordoki hondotik haize kolpe bortitzak eta soinu ilunak heltzen ziren.

Bere kamioira ailegatzearekin batera Kurtek giltzak hartu eta atea hertsi zuen. Kamioiaren atzean geratu zen une batez ibilgailu ilarari begiratzeko. Hamabost ziren malda hasiera hartatik kontatu ahal izan zituenak.

–Aizu, faborez –entzun zuen jaisten hasi orduko.

Txoferraren jesarlekutik mintzo zitzaion. Auto zuriko neska beltzaranak erdi irekita zuen leihatila. Bere ondoan zegoen neska ilegorria ere Kurti begira zegoen. Kurtek atzera egin zuen.

–Luze joko al du hor goikoak? –galdetu zion neska beltzaranak hurbilago ikusi zuenean–. Denbora –esan zuen galdera amaitzeko.

–Ordu pare bat –eta Kurtek eskua mugitu zuen, "gutxi gorabehera" adierazi nahi zuen keinua egiteko.

–Eta zer gertatu... –jarraitu zuen beltzaranak ondoan zeukanak "uztan bakean, hori ez dun hemengoa" esanez galdera eten zion arte.

Neska beltzaranak burua jiratu eta eskerrak eman zizkion. Irribarre nekatu bat egin zuen leihatila hertsi aurretik. Kurtek eskua goratu zuen despeditzeko.

Beherago, zenbait auto zeuden motorrak piztuta. Pasaiariak zamarra jantzita zeuden barnean. Handik metro gutxira, bide bazterrean pagoak agertzearekin batera, iparra hasi zen nabarmentzen. Sakan ospeleko oihanartean ziztu urruna.

–Neska, zer habil, kasu eman ezan! –entzun zuen Kurtek bere atzean.

Neska ilegorriak besotik oratzen zion belaun bat lurrean zegoen beltzaranari. Honek zutitzea lortu zuenean zer edo zer esan zioten elkarri, baina ez Kurtek ulertzeko moduan. Kurt begira egon zitzaien harik eta berriz beherantza heldu zirela ikusi zuen arte. Orduan berak ere bideari eman zion, oraingoan abiadura nabarmen apalduz. Hotsetik antzeman zezakeen nesken pausoak ez zirela batere seguruak eta gero eta urrunago zituela.

Itxarotea deliberatu zuen. Besotik helduta zihoazen neskak, eta Kurt begira zeukatela ikustearekin duda egin zuten aurrera egin baino lehen. Jarraitu egin zuten, haatik, eta Kurtengana hurbildu ahala bide bazterrera jotzen hasi ziren. Neska beltzaranak ahur gorrituak igurzten zituen. Kurtek antiojoak kendu eta irribarre egin zien, eta metro pare batera izan zituenean "mina?" galdetu zion neska beltzaranari.

–Ez da deus –ihardetsi zion Kurti, eta orduan bi neskak gelditu egin ziren.

–Hotza, eh? –ekin zion berriz Kurtek irribarrea handituz.

Hitza hezurretaraino sartu izan balitzaie bezala, dardara arin batek inarrosi zituen bi nesken gorputzak. Baietz egin buruaz eta beheiti jo zuten. Kurtengandik zentimetro gutxira pasa zirenean, hark lehenik nesken perfume enpalagotsua usaindu zuen, baina segituan, perfume horren azpian atxikita zeramaten behitegi usainaren bafada aditu zuen Kurtek. Eta amaren bisaia agertu zitzaion begien aurrean, amaren magaleko zorabioa, haren besarkadaren bero urrina eta lepoaren erroitza; eta esnea, eta ukuiluko soinu epelak. Eleak eta doinu bat pausatu zitzaizkion Kurti gogoan. Sorterrian kantatzen zuten kanta hori hegaztiez eta neguaz mintzo zen. Kurtek hasiera txistukatu zuen oso apal, eta beherantza egin zuen nesken atzetik.

Lehenengo bihurgunera iristerako amaitua zen ibilgailu ilara. Bihurgunea hartu orduko haize bolada indartsu batek astindu zuen ingurua. Pagoen adarretatik eroritako elur xeheak Kurten eta nesken ilea eta sorbaldak zuritu zituen. Eskuaz kentzen ari zirenean elkarri begiratu eta irribarre egin zuten.

Bihurgunea pasatuta benta eta gasolindegia agertu ziren bestaldean. Bateko zein besteko aparkalekuak kamioiz eta autoz beteak ziren, horien inguruan, berriz, ia inor ez. Txofer pare bat kateak paratzen, eta gauez elurra kentzen ibilitako makinaren ondoan trafiko poliziak gasolindegiko langilearekin berriketan.

Kurtek eta neskak ostatu aldera jo zuten. Barneko berotasunak, keak eta azantzak kolpatu zituzten beren aurpegi gorrituak. Neskak lekua ongi ezagutzen dutenen segurantziaz mugitu ziren barnean, barra ondoan zutik eta mahaietan jarrita zeudenen artetik pasatuz hondoraino joan ziren, eta zutik eta estu samar geratu ziren beheko sutik metro erdira.

Nesken mugimendu azkarrak ikusita, Kurtek ez zuen aurrera egin eta hurbilen zeukan barra zatira inguratu zen. Dozenerdi bat aldiz goratu behar izan zuen eskua kamareroa inguratu zekion, eta eskatzen hasi bezain laster ozenago mintzatzeko adierazi zion Kurti. Honek, lepoa pixka bat luzatu eta ikusi ahal izan zuen neskak ordurako bokadiloa jaten ari zirela.

Eskatutako bokadiloa eta zerbeza iritsi eta gutxira, ate ondoko mahaia libratu zela ohartuta, Kurt jesartzera joan zen. Jaten hasi beharrean besoa altxatu eta keinua egin zien neskei adierazteko nahi izanez gero jesartzeko tokia zutela. Erdian zutik zeuden bezeroek ostatuko zokoa estaltzen zuten eta Kurtek ezin zituen neskak ikusi. Minutu pare batez itxarotea aski iruditu zitzaion otordua bakarrik egin beharko zuela jakiteko. Alabaina jaten hasi eta segundo gutxira neska beltzarana hurbildu zitzaion, eta haren atzean ilegorria, biak kikara eskuan zutelarik.

–Jarri –egin zien gonbita Kurtek ahoan zeukana irentsi eta gero.

Neska beltzaranak zigarro bat piztu zuen, eta ilegorriak eskua luzatu, lagunaren hatz artetik hartu atxiki bat egiteko eta atzera itzuli egin zion. Bi neskek kikara beroak eskuekin inguratu zituzten. Kurtek behako azkar bat bota zien nesken eskuei. Gorrituak zeuden eta Kurti bere amaren eta arrebaren eskuek aurpegia ukituko bailioten sentitu zuen, eta azal latzaren usain diferenteak aditu zituen.

Neskek ia batera egin zuten tragoa. Ilegorriak kikara utzi eta hatz txikiko azkazala hortz artera eraman zuen.

–Eguraldi txarra biajatzeko, eh? –galdetu zien Kurtek

Neskek baietz egin zuten burua mugituz.

–Ni Kurt naiz –esan zien kamioizaleak eskua bularrera eramanez.

–Ni Ana eta beste hau Maite –beltzaranak laguna seinalatuz.

Eta segituan gaineratu:

–Luze joko al du hor goikoak?

–Zenbat denbora? –zuzendu zuen galdera Anak Kurten begitartea ikusita.

–Ordu bete edo gehiago –ihardetsi zuen Kurtek, eta, istantean, goibeldura nabaritu zuen nesken aurpegian.

Erlojua kontsultatu ondoren Maitek Anaren belarrira hurbildu zituen ezpainak. Kurtek mostradore aldera bihurtu zuen burua neskak ahopeka jardun zuten bitartean.

–Presa duzue? –galdetu zien kamioizaleak neskei solasa eten eta berriz ere aurrez aurre begira jarri zitzaizkionean.

–Pixka bat –erantzun zuen Anak.

Kurtek Anaren zangoen dardara nabaritu zuen mahai azpian.

–Hirira al zoazte? –jarraitu zuen Kurtek.

Baiezkoa egin zuen Anak buruaz.

–Bisitan? –ausartu zen Kurt silabak apur bat markatuz.

Ezetz adierazi zuen Anak burua istant batez higituz berriz ere. Maitek beste zigarro bat piztu zuen.

–Erostera –gaineratu zuen beltzaranak erantzuna amaitzeko.

–Erostera? –harriturik kamioizaleak–. Egun txarra erosteko. Hobe beste baterako...

–Gaur egin behar da –eten zuen Anak–, nahi ta nahi ez.

–Ah... Eta zer erosteko? –jakin nahi izan zuen Kurtek, eta irribarre egiten ahalegindu zen.


Š Un ange passe: Erein