LOPEZ GASENI, Manu:
Olioa urpean

Dorotea

Autobus bidaia luzea eta nekagarria izan zen. Zertarako esango dizut kontrakoa: gu ez geunden horrelakoetara ohituta. Inguruko hirietara luxuzko autoez mugitzen ginen ia beti; eta urrunagoko tokiren batera joan behar izaten genuenean, bada, hegazkinez joaten ginen. Nire senarrak ezin zuen denborarik galdu, beraren negozioak, badakizu, eta ez zitzaion batere inporta beharrezkoa zen diru guztia gastatzea, baldin eta lehenago eta erosoago iristen baginen geure helmugara.

Teodor, nire senarra, gorri-gorri zegoen; batetik, haserre bizian zegoelako, nire nebaren etxera joateko ideia ez zuelako inolaz ere atsegin; eta bestetik, lotsa-lotsa eginda, eserleku bedeinkatu haiek izugarri estuak zirelako eta berak, gizen samarrak izanik, ondoko eserlekuaren zati garrantzitsu bat bete behar zuelako.

Hasieran gauzak dexente ondo joan ziren: ni Antonen ondoan eseri nintzen, eta Teodor bakarrik geratu zen pasabideaz bestaldeko eserleku parean, nahi eta behar zuen toki guztia berarentzat zuela. Baina, zoritxarrez, tarteko geltoki batean, adinean sartutako andre bat eseri zitzaion ondoan, badakizu, "jainkoak-egunon, beroa-egiten-du-ezta, familiarekin-zoaz-e?, noraino-zoazte?, baina-izerdi-patsetan-zaude-gizona, kilo-horiekin-kontuz-ibili-beharko-zenuke, hain-zuzen-bihotzekoak-jota-hil-den-lehengusu-baten-ehorzketara-noa".

Nik, autobusaren aurrealdean jarrita zegoen filma ikusten ari nintzen bitartean, laguntza pixka bat luzatu nion pasabidearen beste aldetik, andrearen bakarrizketaren eta senarraren monosilaboen artean esaldiren bat tartekatuz, baina hala ere Teodor gero eta gorriago ikusten nuen, gero eta izerdi gehiago zeriola, harik eta hipertentsioaren aurkako pilula bat hartu behar izan zuen arte ("pilula-hori-tentsiorako-izango-da-noski, gehiago-zaindu-beharko-zenuke-zeure-burua"). Azkenean, senarrari keinu bat egin, eta esan nion ea zergatik ez zuen lan pixka bat egiten. Teodor berehala konturatu zen, eta oinetan zeukan maletatxotik liburu-konputagailua atera eta lanean ari zen itxurak egiten hasi zen. Orduan andreak "hori-bakarrik-falta-zitzaion" esan zidan, eta isiltzea erabaki zuen.

Nire ondoan, Anton eskuko konputagailu horietako bat belaunen gainean zabalduta, auskalo zein lan korapilatsutan zebilen. Halako batean, aspertuta-edo, pantailako grafiko guztiak desagertu, eta koloretako astrountziak agertzen hasi ziren, elkarren kontra borrokan. Gainera, errealismo handiagoa emateko-edo, soinua jarri zion, eta pi-pi-pi zarata eskandalugarria zabaltzen hasi zen autobus osoan zehar, baina inor ez zen ezer esatera ausartu; eta niri dagokidanez, sobera ohituta nago semearen tramankulu elektroniko guztien zaratetara.

Noizean behin begiradaren bat luzatzen nion semeari, berari ere pixka bat argaltzea ez litzaiokeela batere gaizki etorriko pentsatuz. Baina Antonen zaletasunak, jarduera fisikotik urrun egoteaz aparte, Teodor eta bioi izugarri gustatzen zitzaizkigun jakietara lerratzen ziren. Egia esan behar badizut, bidaia luze hartan ezin izan nituen burutik kendu hainbeste gustatzen zaizkidan txerrikume errea, saltxitxa bilduak edo txerri-ukondoa azarekin. Baina oparotasun garaiak urrun, eta etorkizuna beltz ikusten nituen orduan. Nire itxaropen bakarra, nebak egingo zigun abegia zen. Eta bazitekeen denborarekin gauzak berriro ere bere onera itzultzea...

Azkenik amaitu zen bidaia deabru hura, eta autobusa geltokirantz zihoan bitartean bizileku izango genuen hiri berriko eraikuntzei begiratu nien. Egia esan, neba ikusteko gogo handia nuen. Aspalditik ez nuen beraren berririk, Petra harekin urruneko hiri honetara etorri zenetik bai, gutxienez, eta, gertatuagatik izan ez balitz, ez nion idatziko. Baina Sebastian bihotz oneko mutila izan da beti, eta lagunduko zigula ziur nengoen.

Geltokiko nasan sartzen ari ginen neba ikusi nuenean, maitemindutakoek elkar ikustean sentitzen duten zer hori nabaritu nuen neure baitan, eta oihuka eta keinuka hasi nintzen "Sebastian, Sebastian maitea". Barrutik, Teodor eta Antonen begirada salagarria antzeman nuen. Kanpotik, Petraren betaurrekoen atzean ezkutatzen ziren begi barneragaitzak niregan iltzaturik sumatu nituen.

Eta oraindik ez dut ulertzen bidaia luze hura nolatan amaitu zen azken filmaren amaiera zintzilik utzita.


Anton

Gertaerei bere aurpegi ona bilatu behar zaie. Hori esaten diot beti neure buruari. Gainera, jadanik ez naiz umemoko bat, laster hamahiru urte beteko ditut, eta bizitzaren gorabeheretara moldatzen ikasi behar dut. Horregatik aitaren negozio guztiek hondoa jo zutenean, bada, penagarria iruditu zitzaidan, bai, baina beste zerbait asmatu beharko zuela pentsatu nuen.

Bitartean, gure bizi-mailari nolabait eustearren, gurasoak gauzak saltzen hasi ziren: hasieran larruzko berokiak, zilarrezko mahai-tresnak, portzelanazko ontziteriak... egurrezko apalategiak hutsik geratu ziren arte. Tira, guztiz hutsik ez; gezurrezko liburu batzuk geratu ziren, badakizu, bizkarrean izen ponposoren bat azaldu arren, barrutik hutsik dauden "liburu" horiek, baina besterik ez. Gero, bikoiztuta edo hirukoiztuta genituen elektratresnak ere saltzen hasi ziren (kontu handiz, inguruko inork jakin gabe). Beno, gela bakoitzean telebista bat genuen; gainera, bizpahiru bideo, hiru konputagailu, hiru musika-kate, eta horrela.

Baina diru hura ere agortu egin zen, nonbait, eta eskolaz kanpoko jarduera guztiei agur esan behar izan nien, eta igandero kanpoan bazkaltzeari... Gero aitak autoa saldu behar izan zuen, baina guztia alferrik. Eta azkenean, urdaiazpiko iberikoa eta txerrikume errearen ordez, gaztaz betetako saltxitxak eta txorizo tortillak jaten hasi behar izan genuen.

Horregatik, osaba Sebastianen etxera joan behar izan genuenean, presaka eta korrika (bizkorregi nire ustez, ez dakit aitak ez ote zien bere zor guztiei ihes egin), bada, lehengusina Julia ezagutuko nuela pentsatu nuen, nire adin berekoa baita. Egia esan, oso itxaropentsu iritsi nintzen hiri hartara: diru pixka bat lortu bezain laster, neure esperimentuekin jarraitu ahal izango nuen, eta beharbada lehengusina Juliak lagunduko zidan horretan. Ez, laguntza handiaren beharrik ez nuen, baina gure betiko etxe handi hartan nahikoa bakarrik sentitzen nintzen, eta ateratako ondorioen berri nori kontaturik ez nuen. Gero, Luisa eta Lotte ere, Juliaren ahizpa bikiak, bertan ibiliko ziren, nahiz eta kakaumeak oso gustuko ez ditudan; badakizu, oso baldarrak dira, eta ergel samarrak ere bai.

Hartu nuen ustekabea, ordea, sekulakoa izan zen: lehengusina Julia ezertarako denborarik ez zuen neska ileluze hankamehe moņoņa bat zen. Tarteka-tarteka ulertu ahal izan nionagatik, ze alde batetik bestera mugitzen baitzen etengabe, eskolan iraupen luzeko lasterketa egiten zuen, eta ia egunero entrenamenduetara joan behar izaten zuen (zertarako hainbeste entrenamendu, pentsatu nuen nik, toki guztietara lasterka joaten bada). Baina barregarriena zera zen: astean behin, berberak antolatutako tertulia batera joaten zen, eskolako ordutegitik kanpo. Nolako gogoa denbora hitz egiten alferrikaltzeko! Azkenean, eguna Luisa eta Lotterekin jolasean eman behar izan nuen hasiera batean, plastikozko sukaldeetan esistitzen ez diren janariak prestatzen, plastikozko garajetan plastikozko autoak aparkatzen, puzzleak egiten..., hitz batean, gorroto ditudan babukeria horiek guztiak egiten.

Eskerrak handik gutxira toki bat bilatu zidaten Juliaren eskola berean! Noski, joaten hasi nintzenean, errealitate gordinaz jabetu nintzen: eskola hark nire ikastetxe ohiarekin izan zitzakeen antzak kasualitate hutsa besterik ez ziren. Bai, mahaiak eta aulkiak bazituen, eta arbela eta txorakeria zaharkitu horiek guztiak. Baina biogenetika laboratoriorik ez zegoen, ezta errealitate birtualeko bidaiak egiteko gelarik, ezta ekialdeko hizkuntzak ikasteko kabinarik ere (ze nire ikastetxean ingelesa, frantsesa eta alemana mundu guztiak zekizkien).

Eskolatik irtetean Juliarekin elkartzen saiatzen nintzen, baina ezin, bera lasterka hasten baitzen, eta ni, pisuz pasata samara nagoenez, ezin beraren atzetik joan. Etxera iristen nintzenean, merienda barregarri bat jaten ari zen. Munduko aukera guztiak emanda ere ez zenuke asmatuko: azenario eta gaztazko entsalada! Guztiz nazkagarria! Hori jan, eta alde egiten zuen. Ahalegin guztiak egin arren, abiadura hark gainditu egiten ninduen.

Baina, gure artean esango dizut, lehengusina Julia oso ondo zegoela onartu behar dut.


Sebastian

Aldez aurretik aieru moduko bat izan nuen, zaila da azaltzea, baina zerbaitek adierazi zidan arreba etorriko zela. Orduan, arrebaren deia jaso nuenean, poz handia hartu nuen, baina zertarako deitzen zigun aitortu zuenean, poza halako zapore mikatzez kutsatu zitzaidan, pipermin ondoan landatutako kalabazinari gertatzen zaion modu berean.

Negozioen mundu horretatik oso urrun bizi naiz, inoiz ez nau erakarri; azaleko ikuspegia besterik ez dut gai horretaz: trajez jantzitako gizon-emakumeak, telefono zelularra eskuan, oso urduri beti, auto handienetan oso presaka, ahalik eta dirurik gehiena irabazteko helburuz. Ez galdetu nola irabazten den, ez baitakit; baina noizean behin burtsan dena galdu duen jendearen berri ere iritsi zait. Ez dakit hori ote zen arreba Dorotea eta Teodor bere senarrari gertatu zitzaiena. Zeren, egia esan, norbaitek niregana jotzen duenean laguntza eske, ez diot ezer galdetzen: horrek kontatu nahi izaten didana dakit soilik.

Esan dizudan bezala, arrebaren munduaz edo antzekoez aspalditik ez dakit ezer. Egia esan, lana banatzeko politika indarrean jarri zenetik. Orduan, bikoteko bi lagunek lan egiten bazuten, bietariko batek berea utzi egin behar zuen, eta gobernuak batere lanik ez zuen beste familiari ematen zion. Petrari izugarri gustatzen zitzaion bere irakasle lana, garai hartan filosofiako irakaslea baitzen, eta beraz neure udalzain-lorazain lanari uko egin nion, eta kimatzeko artazien ordez aitzurra hartu nuen, etxearen atzealdean lur sailtxo bat baitugu, eta geroztik etxeko lanez eta baratzeaz arduratzen naiz. Normalean, etxeko lanek kentzen didate denborarik gehiena: garbiketa, lixiba, erosketak, otorduak prestatzea... Baina horrekin guztiarekin amaitzen dudanean, baratzea zaintzeari ekiten diot, eta ez pentsa, janarietarako eskertzekoa lehengai ugari ateratzen dira, etxean bost pertsona izanik.

Arreba Doroteak ere beste hainbeste egin behar izan zuen: urtetan lanean aritu ondoren, abokatu lana utzi zuen, nonbait Teodor inolaz ere ez zegoelako prest bereari uko egiteko. Eta begira zer gertatu zitzaion! Eta hala ere, nahikoa aldarte onean ikusi dut. Badakizu: "Urjauzian, urak barre egiten dio bere erortzeari", VI, 12-14.

Petrari zegokionean, Pragmatikaren Aroan sartzearekin batera gobernuak filosofiako eskolak ezabatzea erabaki zuen, eta Petra zientzietako adarrean sartu zuten, trebakuntzako ikastaro luzeak egin eta gero. Nonbait, artean Hezkuntza sailean umore (beltz) pittin bat geratzen zitzaien, eta Petra kexuka joan zenean, zera esan zioten: "Ezin zara kexatu, andrea, lana arindu egin dizugu-eta: lehen metafisika irakasten zenuen, eta orain fisika soil-soilik", eta hori esatearekin batera, logikoki, soldata jaitsi zioten.


Julia

Badakit asko hitz egiteko fama dudala, baina jakin ezazu entzuten den guztiari ez zaiola kasurik egin behar. Etxean beti irakatsi didate neure gaitasun guztiak aprobetxatu behar ditudala. Eta niri gaietan sakontzea gustatzen bazait, zer?

Hala ere, badago hori ulertzen ez duenik. Eskolan, esaterako, irakasleek sistema bat asmatu zuten nire adierazpen askatasuna murrizteko. Ordu arte, nik lasai asko ematen nuen neure iritzia eskoletan hitz egiten zen guztiari buruz; baina, halako batean, aurrerantzean, gelako guztiek hitz egin ahal izateko "txandaketa sistema" bat erabiliko genuela esan ziguten. Pentsatuko dute ez nintzela konturatu niregatik montatu zutela asmakizun hura guztia!


ŠLopez Gaseni, Manu. Olioa urpean, Alberdania, Irun, 1998