MARKULETA, Gerardo:
Hainbat poema

Bakarkako lana

Bakarkako lana da bizitza.

      Bakarrik noizean behin
larrosaren bat opa digu patuak
begira
           mira
                desira
                     dasta dezagun,
eta -une batez aserik-
bidera lasai itzul gaitezen.

      Bizitza bakarkako lana da;
baina, inoiz edo behin,
binaka jartzen gara
argazkiarendako.

© Iriberri, Jon (Gerardo Markuleta). Larrosak noizean behin, Erein, Donostia, 1990.





Ez dut besterik oroitu behar

Esperentzat

Ez dut besterik oroitu behar:
gaua
muga ezagun bariko laberintoa zen,
noraezean norbera ate bila galdurik,
itsastxoria armairu ispiluan bezala,
Grezia zaharrean sonbreiru baten lez.

           Gero
oroitu behar ez dudana:

begiak ixtean argia egiten zela;
arrotz usain harek nerea zemala;
piano beltz hura
haginka zebilela argia puskatzen;
munduaren gunea
ezagutzeaz harro dauden behatz hauek
jolasean galdurik zure adats beltzez.

           Gainontzerakoaz,
ez dut ezer oroitzen, ez naiz gogoratzen.

© Iriberri, Jon (Gerardo Markuleta). Larrosak noizean behin, Erein, Donostia, 1990.





Erretratoa

"Ahora, amiga mía,
que una flor preside el aire..."
J. A. VALENTE

Bai, bizi izan naizela aitor daginat,
konfesio lasaien ordu honetan,
eder baso lainotsu goibeletan zehar,
arrastaka bultzatuz gorputz nekakorra.

      Lehen etxarte nerea, haurtzaro borobila,
husturik barrenetik, eraztun modura;
basagerezi huts den pastelaren antzera.

      Zeru guztiak altuegi zeginaten hegan,
ihesean kometa galduak bezala
(txikitxoa izan naun betidanik: pentsa,
honek laguntza handia ematen zidanan).

      Zazpi neguko adin sinistezinean
alaba laztan batez erditu nindunan:
eder ahuldade kuttun (ama maitasun hutsa).
Musika asmakizunez sehaskan kulunka,
Kontu handiz, gezur ttipiez estali ninan.
(Egiaren palkura jeiki egin hitunan
denbora azkar isilaren igogailuan:
memoria lagun handi izan ohi dinat).

      Orduan, maitea, ikasi ninan
argazkiarendako begitarte onena
eskeintzen ta solasaldi lagunartekoak
animatzen izarren zuku urdinskaz.
Izen adjetiboak lepoko estuetan
txertatzen ere orduan ikasi ninan.
Erropa eta uraren beldur nintzela
Izkutatzen ikasi, zer egin bestela.

      Nere bular ahula inguratu zuten
adats haietaz, maite, zer dezaket esan?
argi printze bakoitzari ispilu bana,
aingura bakoitzari bere hutsunea,
hondo muxin, labainkor, lehor nerean.

      Ez zinan kalerik egin samurtasunak
neguoroko zita ezinbestekoan;
diz-diz egin zinan (ausente) sexuak;
lepahezurra hain bustirik geldi zitzaidanan
ezen (artean gaur ere) zakila beharrean
txardina sarda dinat Akapulkon lotan.

      Izkribuotan isuriz, ai, ene burua
ibili ohi naun; izan ere, ez dinat
ointoki ziur hoberik ezaguketan
argiaren bizkarrera igoko nauena;
eta -apika, igoal, nork jakin,
agian, beharbada- egunen batean,
deklinabide astunen hormigoi artean
nere xilueta garbi agertuko bait da,
azentu eta esaldi zailez eraikita.

      Ene burua hain maite, ai, izatearren
segurasko zor dudan min ta dolorea
uste dinat larrutik ordaindu dudala;
ez naiz elikuan bizi, aitortzen daginat;
halere, aide zabalera sarri joten dinat,
euriarekin bizia jausten ikustera
itsaskin hotz garratzez, latzez lagunduta.

      Ozta-ozta ta nekez ibiltzen naun, maite,
arrastaka bultzatuz, ai, ene burua ;
laguntza gutxikoak bait dira neretzat
asmatu ezin diraden jaungoiko guziak.

© Iriberri, Jon (Gerardo Markuleta). Larrosak noizean behin, Erein, Donostia, 1990.





Antigualeko altzaria

      Antigualeko altzari erosi berriaren antzo,
bizkar gainean eraman ohi dinagu -goizero- egun berria.

Bazkalosteko lautadan, zer egin:
zur zaharraren marrazkietan begiak galdu,
sitsaren zauri markak leundu,
ate korrokilduen jokoa behartu,
altzariak
iluntzerako
ixilpeko gordailua izkutatzen digula jakinik;

eguerdirako bai baitakigu
sekretua argitzerik ez dugula
eguna suntsituz ez bada.

© Iriberri, Jon (Gerardo Markuleta). Sagarraren hausterrea, Erein, Donostia, 1994.





Derrotaren zentzumenak

      Lantzean behin garaipen ttipiak
denbora anker lotsa gabeari lapur:

      gordeleku goxo, begietara argi;
lagunaren ele, aide sendagarri;

      behatz mutturretan, larrosaren laztan;
ezpainean ezpain, sekula zapore

      baina jakin ezan, hortxe zegon-eta,

      hondamen usaina, erraietan etsai.

© Iriberri, Jon (Gerardo Markuleta). Sagarraren hausterrea, Erein, Donostia, 1994.





Erlojuaren kontrako ekintza armatua

      Segundu amilduak banan-bana atzeman;
orduen pausu isilen sailkapena egin;
egunen irristoak zehazki zenbatu,
                     kupida bagerik;
urteen ostraduiaz zimizturak ehundu:

      denboraren aurkako klandestinitatea.

© Iriberri, Jon (Gerardo Markuleta). Sagarraren hausterrea, Erein, Donostia, 1994.





Partitzeko tenorean

Zapatak erantzi ditu suizidak
hegara baino lehen,
eta bata bestearen ondoan
ezarri, lerro-lerro, mundu hau
bere ausentziaz
txukunago utzi nahi balu legez.

© Markuleta, Gerardo. Batak ez du bestea kentzen, Alberdania, Irun, 2003.





Eder da zuhaitz bat eder

Eder da zuhaitz bat eder,
baldin suertatu bazaio
hazia garbi,
zuztarra sendo,
pugak ugari,
lorak oparo,
fruituak zabal,
enborra tente,
zutik argirantz
adaburua;

eder da zuhaitz bat eder,
baldin egokitu bazaio
haizea neurriz,
ekaitzak urrun,
euria sarri,
leirik apenas,
luizirik bat ez
eta, oroz gain,
goranzko asmo
mendera ezina.

Baina baldin izan bada
leinua nahas,
sustraiak mengel,
enborra bihur,
adarrak antzu,
adaburua abail;

baldin gertatu bazaio
haizea zakar,
trumoia usu,
euriak urri,
elurra gertu,
eta, oroz gain,
behera behar
mendera ezina,

berdin-berdina da
eder zuhaitz bat, ederra,
hiletara bizirik heldu bada.

© Markuleta, Gerardo. Batak ez du bestea kentzen, Alberdania, Irun, 2003.





Ezinkomunikazioa

Hirugarrenean ere
erantzungailuak hartu du,
baina oraingoan ez dut moztu.

Seinalea entzun ondoren,
"Ni naiz" esateko puntuan nengoela,
zu irudikatu zaitut, helduezin, mezua entzuten, gero.

Baina "Neu nintzen" esateko puntuan nengoela,
zu irudikatu zaitut, fruitu heldu, mezuari erantzuten, gero.

Eta "Neroni izango naiz" esanik,
zure bila abiatu naiz, hirian barrena, trenbidearen bestalderantz.

© Markuleta, Gerardo. Batak ez du bestea kentzen, Alberdania, Irun, 2003.





Mirailaren mezua

Amodio borroka
goxoaren ostean,
armairuko miraila
begien parez pare,
ez du bueltarik -diot,
nire artean-, jada
lerro zuzenik ezin
buru-bizkar eneok:
bizkarrezurra koltxoi
sendoxean etzanda,
buruak burukoa ukitzerik ez dauka.

Ez da parte onekoa
mirailaren mezuak
gordin igortzen didan
irribarre maltzurra,
nire gorputz gogortu,
okerra, hilkutxara
sartzeko momentua
-sartu ezinekoa-
gogora ekarrita.

Hori guztia, noski
-gogoetan nenbilen
borroka amodio
goxoaren ondoren-,
bizkarrezurrik hautsi
gabe, erraustu ezik,
eta norbera oso-
osorik finitzeko
zoriona izanik.
Hemen hauetan, inoiz
ez da jakiten nola.

© Markuleta, Gerardo. Batak ez du bestea kentzen, Alberdania, Irun, 2003.





Maiteminaren kutxa beltza

Maiteminaren kutxa beltza
nekez da aurkitzen: elurrak
irentsi ez badu, sasiak du
estali, edo ikusezin egin
behe lainoak. Beharrik,
kutxa osorik biltzeko zori
on urria suertatuz gero.

Maiteminaren kutxa beltzak
gordean zer du... Ostadarrak
sutan, ekaitz birziklatuak,
errautsezko basoak, soro
eroak, hodei higatuak,
piztu-itzalizko trepetak,
izartegi bat txinpartaka.

Maiteminaren kutxa beltzak
barruan zer dakarren... Solas
tankerako bakarrizketak,
desio geziak elkartzut
edo paraleloak, bide
puskak elkarri lagunketan,
atzo plazer, gaur min, zer bihar.

© Markuleta, Gerardo. Batak ez du bestea kentzen, Alberdania, Irun, 2003.





Heldu artean

Heldu artean dena da bitarte,
zubi, jauzi, saio, ahalegin
errepikaezin baina ezagunaren
zapore gazi-gozoarekin.

Heldu artean dena da bitarte,
hutsune, jausleku, malkar;
dena, harriaren eta harearen
aldarte aldakor, bizia.

Heldu artean dena da bitarte,
lore hauskor, fruitu ustel-
garri, hazi ezin igarrizkoa.

Heldu artean dena da bitarte,
eskala, geltoki, bidegurutze.
Heldutakoan ezingo dut idatzi.

© Markuleta, Gerardo. Batak ez du bestea kentzen, Alberdania, Irun, 2003.





Gezurren tamainaz

Gezurra...       beti da iruzurra?
Beti da iruzur gezurra?
Eta txipi-txipia baldin bada ere,
berdin-berdin da iruzurra?

Kameleoiaren azaleko mudantzak
gezurraren koloreak dira?

Nork bere buruari esandako gezurra,
gutarren gezurrak... Zer dira?
Arinagoak edo astunagoak?
Irensgarriagoak edo arantzatsuagoak?

Maiteminduen barreneko mudantzak
gezurraren koloreak dira?

Zenbat gezur txipi behar da
tamaina estandarreko gezur bat osatzeko?
Noiz arte jarraitzen du gezur txipi batek
gezur txipi izaten?

Protokoloaren atzealdeko dantzak eta mudantzak
gezurraren koloreak dira?

Ez ote da gezur guztietan kaltegarriena
norberaren erru-beldurra?

Gezur batek hil egin dezake.

Beste gezur batek -edo gezur horrexek berak-

bizi izaten laguntzen du.

© Markuleta, Gerardo. Batak ez du bestea kentzen, Alberdania, Irun, 2003.





Ezjakintasunak

Ez dut sekula ondo jakin
ezagun berri bat
                         agurtzen noiz hasi.


Zehatz ez dut inoiz jakiten
nori agur esan
                     buru keinu batez,
nori esku biak
                     berokitik kanpo,
noiz eskua eman,
                          noiz besarkada bat,
nori egin
               -gura barik-
                                 ez ikusi.


Behin ere ez dut asmatzen
noiz masaila eman,
                            noiz ezker eskua,
noiz ezpain mutturra;
                                ez noiz behar duten
bi izan musuak,
                       noiz hiru, edo bat.


Ez dut sekula ondo jakin
noiz hurbildu,
                     noiz urrundu,
                                    noiz gelditu
ezagun berria
                     ezagutu guran.


Zehatz ez dut inoiz jakiten
izen berriren bat
                        agendan noiz sartu,
izen bat noiz pasa
                          agenda hiletik
agenda berrira,
                    eta noiz ez. Eta
agendetatik noiz
                        behin betiko kendu.

© Markuleta, Gerardo. Ezjakintasunak, Alberdania, Irun, 2006.





Ontsa hiltzeko argibideak

Bisitan etorri zait, goizaldera.
Aspaldi jaso gabe haren kikurik.
Gaur, baina, ez zen Herio bera,
hil ostekoen kezka lauso bat baizik.

Hil eta geroko, zer arrangura,
zer kezkabide, zer afera? Hiletan
hilak egin behar balu bezala
anfitrioiarena. Baina burmuinetan

ez neukan, kasu, hildakoan paper
argitaragabeak zeinek batuko;
edo nork moldatuko, txukun eder,
dozena erdi edizio kritiko.

Ez: neure buruaz alberdania,
larri nintzen xehetasun seriosekin.
Nor arduratuko zeremonia,
aukeran, kristauegi gerta ez dadin.

Bide-bazter, hobi edo labea.
Eskeletan gurutze edo lauburu.
Irakurtzekoak, zeinek berea?
Batez ere: musika nork apartatu?

"Hildakoan, gaitzik ez", iritzira.
Hiltzen, laguntzen digu bizitzak berak.
Eta ondo jatorrak omen dira
ehorztetxetako mutil alegerak.

© Markuleta, Gerardo. Ezjakintasunak, Alberdania, Irun, 2006.





© Argazkia: Alberdania