MEABE, Miren Agur:
Haren geriza



Inurria I

Autobidean, Bilbo-Donostia noranzkoan eskuinetara,
ospitalea,
hamar solairuko eraikina,
saihetsean anagrama urdina duena.
Hortxe itxaron diot heriotzari.

Hosto bat jausi da.
Inurriak ez du paisaia aldatua ulertzen,
konpultsioz higitzen da
giltzaz bizituriko jostailuak bezala.

727. gelako besaulkia

Esan niolako ez zitzaidala 727. gelako besaulkia ahaztuko,
tristuraz egin zuen irribarre.
Plastiko grisez tapizaturiko etzangarria zen
eta bertatik minari
eta minaren xehetasun orori behatzen ahal nien:
erizainei deitzeko tinbreari,
ur-botilari mahaitxoan,
arrosa artifizialari
(Prohibido traer a esta unidad flores, plantas o cualquier especie vegetal
por el riesgo de producir alergias),
abanikoari, betaurrekoei, estanpa bati,
kartoizko palanganei
—kronometroak gogorarazten zizkidaten—,
oin hanpatuei bata arrosen pean narraz
sueroaren metalezko makilari sakaka, gurutze bati lez.
Arratsaldeetan eskutik helduta egoten ginen,
ni besaulkian kuzkurtuta.
Halatsu, goizaldeko orduetan ere komunetik bueltan
korridore muturrean leiho beltza baizik ez zenean,
besaulkia nuen aterpe
beldurra maitasunean diluituz
sentimenduak kategorizatzeko.

514. gela

Gelaz aldatu zuten berriz ere.

Armairuan 2 zenbakia letra txarrez idatzita.
Hormako paperean orbanak.
Bular gainean armiarma bat heriotza.

Ordurako zeharo hanpatzen zitzaizkion hankak.
Derrigortu ezean, ez zen mugitzen.

Azken galdera

Aurretiaz barrundatu genituen
katabut gainera amilduko diren lur-zotalak.
Begiak estali zituen, inkesaka.
Galdetu nion:
zer egin nezake zure burezurra salbatzeko.

Itzulera

Etxean hil, ni etxera hiltzera.

Hotza

Goizaldeko lauretan antzigarrak ttu egin dit begietan.
Izarak zuri daude;
ezpainak almohadan putzu egin dira.

Galtzerdiak ipini dizkiot.
Oinak bero zeuzkan oraindik.
Irribarre egin didala begitandu zait.

Ehorztetxekoek txirrina jo dute.
Ez dut berriz gorputz hau ukituko.

Momifikazioa

Emazkidazue bendak eta karea,
ukenduak eta terrakota.
Estali gorpua gatzez.
Erraiak erauzi behar dizkiogu, lehenik.
Egin diezaiogun, hortaz, zuloa saihetsean.
Ekarri ontzi bat non odola isuri.

Arrosaren eta galburuaren anderea dugu hau.
Presta dezagun merezi duen legez.

Inurria II

Nire bertuteak, noizbehinka haren berri izatearen truke:
dei bat,
irudi lauso bat ispiluan,
edozer telekinesiaz mugitzen.

Larunbatero joaten naiz kanposantura.
Egun on —esaten diot—, neu naiz, inurria.
Loreak eta hitzak,
kristal-papurrak,
hauts-eskukadak ekarri dizkizut.

Lixaz karrakatzen dut euriak erdituriko liken horizta.
Etzan, eta marmolezko izenak musukatzen.

Hodeiek gorantz urrupatzen naute;
harriek beherantz xurgatzen.
Odolezko hariak daude belarretan.
Hilobiaren alde banatan,
Ilargia eta Eguzkia
neuri begira.

Kanposantuko kluba

B-rekin topo egin dut kanposantuan.
Neure adinekoa da, gutxi gorabehera.

Orain dela bederatzi urte etortzen naiz,
larunbatero —argitu dit—.
Semetxoa lotan zegoela hil zitzaidan.
Muerte súbita.
Fabrikara joanda nengoen ni.
Beste semea ohartu zen, zazpi urtekoa,
esnatu ezin izan zuenean
eskolara joateko.

Igaroko da

Sekula ez berriro elkarrekin besarkada baten kaiolan.

Baina hau guztiau igaroko da, ustez.
Badakit lurpean zaudela.

Zure bisitak, gauero, nire ametsak irensten ditu.

Ostera laburra

Bere bidaiatik itzulia zela egin nuen amets.
Sofan eserita nengoen eta
ama heriotzatik zetorren, maleta eta guzti.
—Ea zer moduz zaudeten ikustera etorri naiz.
Arduratuta naukazue. Ondo konpotzen al zarete?

Maletekin ikusteak zeharo nahasi ninduen.
Zer bidaia klase zen hura!
—Baina, zer dela-eta otu zaizu, ba, etortzea!
Tira, zoaz lasai —errietaka ni.
Ez zen ausartzen, hala ere.
—Neuk beste inork ez zaitu ikusi, eta zoaz betiko.
Aprobetxatu aukera —adoretu nuen.

Eskerrik asko esan zidan,
maite ninduela esan zidan.
Geroztik ez da bueltatu.
Baina etxean dago haren geriza.

Isiltasunaren geografia

Honako hauek ditut isiltasunaren mugarri:
hozkailua, harraska eta labea, iparrean;
arasa eta kaleko atea, ekialdean;
trastegela, mendebaldean;
eta euskal paisaien egutegia dituen horma, hegoan.

Erdigunean hazten naiz, arbola gardena baldosa batean.
Baldosapean, leize bat hedatzen da,
mintzairaren zeinu zurtzak negu-lore dituen desegitura.
Mataza bat gomutarazten dute, pintore baten kapritxoa.
Haizeak burua eztitzen badit,
sustraiņoren bat azaleratu, eta gora egiten dit altzora,
eradoski dezadan.

Sukaldeetako isiltasun goizekoa.
Fertilitatearen geografia.

Š Poetikak & Poemak: Erein