MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier:
Gure barrioa 1975

Artola

—Artola etorri da! Artola etorri da!

Bolbora-arrastoa suak hartzean bezala zabaldu zen berria barrioko mutil guztien artean: Artola! Bera zen ezagutzen genuen heroi bakarra: bagenekien nongoa zen, bere etxea, bere gurasoak; kalean ikusi eta normal ibiltzen zen, baina hala ere bazen alderdi ezkutu bat, berezi egiten zuena: lapurra omen zen, gaizkilea, poliziei aurre egiten zien, kartzelan sartzen zuten, kartzelatik ihes egiten zuen, berriro sartzen zuten eta berriro ihes egiten, telebista eta zinemako film guztiak jo eta pasa egiteko moduko ekintza-kate ikusgarri batean.

Motoan etortzen zen Artola, eta galdetu gabe ere bagenekien moto hura ere lapurtua zela, eta horrek are ederragoa egiten zuen ibilgailua, liluragarria haren metalaren distira ikusi ahal izatea, mozkorgarria eserlekuaren eskai beltza edo motor oraindik beroa geure eskuz ukitu ahal izatea; eta ametsaren pare, zerura igotzea bezalatsu, atzealdean eserita hari gerritik helduta buelta bat eman ahal izatea. Plazer guztizko hori debekatua zitzaigun ordea gehienoi. Jose Andres eta Oskar ziren pribilegiatu bakarrak, ez berez Artolak maiteago zituelako, bagenekien guk hori ere, denok berdin tratatzen baikintuen hark, baina Puriren anaiak zirelako biak.

Neskak... Guk ez genuen ulertzen zergatik edo zertarako egiten ote zion kasu neska bati. Ez futbolean, ez bizikletan, ez lasterketan, ez txabolak egiten, ez arboletara igotzen, ezertan ere ez zekiten, eta gure aldetik mespretxurik handiena besterik ez zuten merezi. Artolak, berriz, nork eta Artolak, neskei halako xerak eta mainak... Ez genuen ulertzen, baina hala ere ez genuen gaitzesten. Misterio bat zen hura dena guretzat, bai, baina etsita geunden hala beharko zuela, eta konprenitu gabe ere onratu egiten genuen misterioa; ez horrenbeste gu txikiak ginela-eta oraindik entenitzen ez genituen gauzak bazirelako, ezpada hura Artolaren hautua izan zelako, eta, berak aukeratu bazuen, izango zuen horretarako arrazoiren bat.

Puri, gainera, ez zen polita ere. Gu ez ginen gaza horietan fijatzen baina bagenekien nolakoak ziren zinemako izarrak eta aldizkarietako argazkietan bikiniz jantzita ageri zirenak, eta Purik ez zuen haien antzik, ezta batere. Axola gutxi ordea Jose Andresi eta Oskarri bere arreba polita zen edo itsusia zen, hura zela-eta Artolaren moto gainean eseri eta harekin batera bidaia zoragarrienak egiteko aukera izaten baitzuten. Jose Andresek gehiago, urtebete zaharragoa baitzen, eta lotsagabeagoa, eta anaia txikia zaindu beharra zeukala-eta askotan debekatu egiten baitzion motoan ibiltzea, hartara bera gehiago ibili ahal izateko.

Buelta haiek motxak izango ziren normalean, barriotik gehiegi urrundu gabe, ingurumariko errepideetan egindako atzera-aurrera labur batzuk gehienetan, baina nahikoa zen gure begibistatik desagertzea txango hark lurralde ezezagunetako espedizioen traza moduko bat hartzeko; zer esanik ez Jose Andresek itzuli ostean kontatzen zituenak adituz gero.

—Egundoko abailan ibili gara. Belarrietan ziztu-hots bat eta guzti aditzen nuen, belozidadea handitu ahala gero eta gogorragoa.

—Zenbatean joan zarete? Zenbatean? —galdetuko genuen guk, irrikatsu.

—Ez dakit. Atzetik ez nuen markagailua ikusten —esango zigun Jose Andresek, eta isiltasun-une ondo kalkulatu baten ondoren erantsi-: baina nik uste orduko ehunean edo.

—Hainbeste? Ez da horrenbeste izango... —erantzungo zion sinesgogorren batek, baina gehienok baietz egiten genuen buruaz, sinetsi egin nahi genuela, moto xar hark halako abiadurarik hartzerik ez izanda ere.

—Bai, bai. Ehunean gutxienez. Eta nazionaleko errekta hartu dugunean gehiago. Orduko ehun eta hogei edo, nik uste.

—Ala! —ahobateko harridura.

Eta guztien ahotsa hartzen zuenen batek galdetuko zion hurrena:

—Eta ez duzu beldurrik pasa?

—Bueno, ez asko. Bakarrik —botako zigun, apaltasun-planta ederki itxuratuz—, errebueltetan, ia-ia lurra ukitzeraino makurtzen ginelako; eta halako batean, gainera, kotxe bat azaldu zaigu parean, hor aurrez aurre, eta juxtu-juxtu eskibatu dugu.

Egun batean juxtu-juxtu eskibatzen bazuten, hurrengoan berriz rozatu ere egin zituela esango zigun Jose Andresek, eta marruskatze horren frogagarri belauneko urratu bat erakutsiko zigun, seguru asko bezperan edo lehenagokoan korrikan erorita egindakoa, baina gu berdin geratuko ginen miretsita, ziria sartzen zigula jakinda ere, Artolarekin motoan ibiltze hutsa abenturaren gailurra baitzen guretzat, eta, hortaz, beste edozein abentura asmatzeko baimena ere ematen zuena.

Gero, hortik abiatuta motoaren dohainak eta bertuteak aipatzera pasatuko zen, eta hor beste askok ere hartzen genuen parte, motorren munduak ez baitzuen guretzat sekreturik. Batak ducattia defendituko zuen; besteak lambretta goraipatuko; hurrenak, berriz hondaren abantailak azaldko, laugarrenak derbyaren alde egingo eta azkenak ossaren eta montesaren arteko aldeak argituko. Denak ziren guretzat liluragarri, are gehiago Artolak lapurtuak izaki, salbu eta mobiletteak. Mobilettea zen barrioko langile jendeak zeukan motoa. Moto proletarioa, lanera joateko eta handik bueltan etortzeko besterik erabiltzen ez zena; hots: esklabotzarako eta ez libertaterako. Mobilettearen izaera morrontzazko horren sinbolo ezin adierazgarriagoa izaten zen moto honen abiadura ezin otxanagoa, edo aurrean jartzen zitzaion kristal eta plastikozko aire-babesa, beste ibilgailuekin ez baina baserrietako mandoekin elkartzen zuena, gure begietara; gorrotoaren maila igo besterik ez zen egiten aurrean parrilatxoa edo atzean zakutoa baldin bazuten, lanerako "zianbrera" sartzeko izaten baitziren hala bata nola bestea. Horregatik guztiagatik, mobilettea ez zen motoa, mobilettea kaka zahar bat zen.

Bizikletak

Gasolinarik gabekoa zen ordea gure moto bakarra; masailak puztuta "brrn-brrn" eginez pizten genuen motorra, pedalei egin ahala guztian eragiten genien bitartean, orduko ehunera iritsiko ginela imajinatu nahian. Motoaren ametsera bidean, bizikleta zen gure tresna maitea, John Waynek bere zaldia bezala gurekin bat eginda izaten genuena.

Tourrarekin batera hasten ginen gu ere bizikletan jo eta sua. Oporretan dagoeneko, bazkaldu orduko etxetik atera eta arratsalde luzeak izaten genituen guretzat, arratsalde bero eta eternalak, guraso eta maisuen zaintzatik urruti, pilotan, futbolean, bizikletan, txabolagintzan, gerratan, txapatan edo beste edozertan aritzeko, zabala baitzen mundua, gure barrio txikitik atera gabe ere.

Baina tourra hastearekin batera huraxe izaten genuen beharrena, bizikleta-karrerak egitea. Gauean telebisioan jakingo genuen nor izan zen eguneko etapako irabazle. Azkenean, berriz, Eddy Merckx-ek irabaziko zuen jenerala, Merckxek irabazten baitzuen beti, bera zen onena zalantzarik gabe, baina tarteka izaten ziren sorpresak, mendiko etapak, ihesak...

Gehien gustatzen zitzaiguna ez zen ordea telebisioko laburpen haiek ikustea: kirolari aktiboak ginen gu, faboritoen azainak txalotzen baino, imitatzen gehiago saiatzen ginenak. Bizikleta hartu eta, korri batera, korri bestera, izerdi patsetan geratzeraino, gure barrioko muga estuetatik gehiegi urrundu beharrik gabe, bertan baikenituen aldapa gora eta aldapa beherak, zuzenak eta bihurguneak, eta baita, ziklokrosa egin nahi zuenarentzat, nahi bezainbat belardi eta lokazti ere.

Inoiz edo behin, tourraren bezperako etaparen sukarrak hartuta, gure betiko harat-honat eroaren ordez lasterketa arautu eta neurtua antolatzea emango zigun gogoak.

—Gaur bizikleta-karrera —botako zuen baten batek.

Konsigna haren esanetara, txingurrien pare hasiko ginen denok bat-batean: han-hemen zebiltzan bizikletazaleei deitzera joango zen bat, etxean utzitakoa ekartzera beste bat, futbolean zebiltzanei abisatzera hurrengoa, klarion pusketa bat inguratu eta irteera-marra markatzeari ekingo zion antolatzaile-sena zeukanak.

Bestelako protokolo eta deialdi berezirik gabe, handik ordu laurdenera-edo bilduko ziren dozenatik gora karrerista, kleraz marrazturiko irteera-seinalearen ondoan denak, epaile-zereginak hartu zituenak txistua noiz joko zain.

—Zuen tokietara... Prest... Ja!

Sukia izaten zen beti irteten lehena. Gehienok BHak genituen, aitaren bizikleta kankailuarekin zebiltzanen batzuk izan ezik, baina Sukiak umetako bizikleta zuen artean, gorri txiki bat, lehenago lau gurpilekin ibili izandakoa. Beste guztiok, martxan jarri ahal izateko, pedalari goitik beherako bultzakada zabal eta motel bat eman behar izaten genion; Sukiak, bitartean, hiru-lau pedalkada bizkor eginak zituen ordurako, eta berea izaten zen beti lehenengo ihesaldia.

Ziklista izateko baino lokutoretarako bokazio handiagoa zuenen batek, ikusle eta antolatzaileekin gelditu eta, guardasol-kirten bat edo beste edozein tresna mikrofonotzat hartuta, irteera emozionagarri hura ozenki kontatuko zigun, Alpe d'Huez-eko igoera balitz bezalako zirrara eta hitz-jarioarekin:

—Sukia aurreratu da! Sukiak hartu die aurrea beste karrerista guztiei eta bizkor abiatzen da Txapistaneko errebueltara. Iritsi da; jo du ezkerrera eta gainerako guztiak atzean ditu oraindik Sukiak. Sukia da lehena karrera-hasiera honetan. Sukia bakarrik. Sukia ihes eginda, jaun-andreak!

Txirrindulari eta oinezko, denak ordurako Karrozeriako izkinara iritsita geunden, karrerako lehen zailtasunari ekiteko, berehala hasiko baitzen Montero tabernaren ondoko aldapa.

—Sukiak segitzen du lider Monteroneko aldapara hurbiltzen ari direnean. Baina erne! Ormazabal hurbiltzen ari zaio atzetik. Ormazabal eta atzetik Garzia. Ormazabalek jo eta pasa egin du Sukia, eta gauza bera egin du Garziak ere. Ormazabal, jaun-andreok, Ormazabal doa orain aurrena Monteroneko aldapa gogorrean gora!

Gutxi irauten zion Sukiari liderraren txapelak, bai: Monteroneko aldapara iristerako harrapatu baldin bazuten azkarrenek, aldapa amaitzerako gaindituta zuten gainerako guztiek.

Karrera haiek izaten ziren barrioko mugak urruti uzten genituen bakarrak, ia herri amaierara iristen baikinen, Kateko bidegurutzeraino juxtu, eta handik gero gure auzora buelta. Hogei bat minutu iraungo zuen joan-etorriak guztira, azken aldian gutxiago ere bai: ordu laurden inguru, eta ez zen txantxa denboraren kontu hau, zehatz neurtzen baikenuen irabazlearen denbora, baita honek hurrengoei ateratzen zien aldea ere.

Neurketa honen funtzioa, ordea, ez zen horrenbeste karreristen arteko lehia areagotzea, ziklista ez zirenen parte hartzea ziurtatzea baizik. Beti izaten baitziren batzuk, bizikletarik ez zutelako, edo anaiaren batek hartu zielako, edo ibiltzen ez zekitelako, karreran parte hartu ezinik gelditzen zirenak. Zuzenean behintzat. Irteteko seinalea ematea eta lehenengo ihesaldiak mikroan transmititzea bezalako zereginek, berriz, hasieran baizik ez zuten balio. Karrera bizi izateko modurik onena kronometroarena izaten zen hortik aurrera.

Kronometrorik berez ez zuen inork izaten, baina halaxe deitzen genion beti lantegi hari, kirol-lehiaketako hitza erabiliz. Asko jota, segundoak kontatzen zituen erlojua izango zuten batzuek: hauen artean ere bazen alderik, batzuek esfera osoko segunderoa izaten baizuten, eta besteek, berriz, txiki-txikia, esfera handiaren txoko batean; azken horiek ez zitzaizkigun askorik gustatzen, zaila baitzen karreristen arteko aldeak zehatz finkatzen, eta gainera, erlojuaren jabeak bakarrik ikusten zuen, txikiaren txikiz.

Segunderorik ezean, bestelako erlojuek ez zuten ezertarako balio. Zertarako genuen erloju bat, lehenak bigarrenari zenbat segundo atera zizkion jakin ezin bazen? Hori dela eta, segundozko erlojurik ez zenetan, ahoz egiten genuen gure kontaketa.


Š Mendiguren Elizegi, Xabier. Gure barrioa 1975, Elkar, Donostia, 1998.