MUJIKA IRAOLA, Inazio:
Itoak ur azalera bezala

«Itoak ur azalera bezala» in Aldekoa, I., Euskal ipuinen antologia bat, Alberdania, 1993.


Iluntzean heldu nintzen Austerlitzera, eta, udako usainak sudur-mintzetatik aienatu ezinik, paseatuz joan nintzen Senaren ezkerreko ibaiertzetik aurrera hiri barruraino. Boulevard Saint-Michelen gora egin nuen eta Latin Auzoan sartu nintzen nire puskak aldian-aldian lurrean pausatuz, eskuko hatzen lasaigarri, heldulekutik pixka batean utzi, atzera berriz istingan segitzeko. Paper-mutur batean idatzita neraman helbidea eta paretaren kontra ikusi nuen kartel urdina, rue Mouffetard. Hura zen. Zenbakia baieztatu eta, gehiagorik pentsatu gabe, pentsioko txirrina jo nuen. Sarrailari hiru bat buelta eman ondoren ireki zidan atea nire adin moduko emakume batek. Lekurik ba ote zuen galdetu nion. Sartzeko esan zidan, eta sarreran eserarazi ninduen eskua sorbalda gainean jarri eta indarrez behera eginda. Han egon nintzen, hura harrera-paperen bila nora edo hara zihoan bitartean.

Katuak zebiltzan aulki eta mahai gainetan. Katu zaharrak ziren, ile gabetuak asko. Beltzak, beltz izandakoak, pintarrak eta gorriak. Sei bat kontatu nituen denera. Nire aulkiraino ailegatzen ziren, eta betizu alde egiten zidaten nik imintzio txiki bat egin bezain laster. Beira arasa bat bazen leiho ondoan, eta, barruan, katu disekatuak zituzten hainbat posturatan, sekulako hantxe, begira-begira geldituak.

Emakumea heldu zen paper zahar bat eskuan hartuta, baina, atzera, bolaluma bila alde egin zidan. Azkenik betetzen hasi nintzen. Paper hura urtetan aldatu gabea zen, ikusterik izan nuenez, dataren lekuan 194_ jartzen baitzuen. Laua urratu eta seia jarri nuen paper horixkaren gainean, eta ia gelditu ere gabe, bata.

Prezioan konforme jarri ginen segituan, giltzak hartu eta nire gelara eraman ninduen. Atea zabaldu eta altzariak ikusi nituen. Ez nintzen harritu zaharrak ikusteagatik, baina bai denak estalita zeudelako berri-paper orriez. Denak, galeria beiradunaren aurreko kulunkaulki bat izan ezik. Andrea aurretik sartu eta berehala hasi zen paperak arreta handiz altzari gainetatik erretiratzen. Nik neuk kenduko nituela esan nion. Ez zidan kasurik egin. Boz gora errepikatu nion uzteko, gogoa neukala bakarrik eta lasai egoteko, bidaia luzea egina nuela eta. Paper guztiak kendu gabe, ordea, ez zen gelditu. Denak bil-bil egin eta armairu barruan sartu zituen beheko apal txikian batere zimurrik eta tolesdurarik egin gabe.

Ohe gainean etzan nintzen. Harritu egin nintzen etxekoandreak ez zizkidalako bertako arauak lerroz lerro aletu, beste pentsiotan ohikoa izaten den bezala, eta eskertu egin nion. Ohearen inguruan zeuden gelako gauza guztiak antolatuta. Hasteko ohea bikoa zen, ondoko mahaitxoa eta lanpara xaharra pantaila maiztu okertuarekin. Ohe gainean gurutzea, eta ezkerreko horman, hautsak eta berezko pintura beltzak jana, neska ijito baten aurpegia koadro batean. Horma berean zegoen galeria beiradun moduko bat, eta, haren aurrean, kulunkaulkia. Armairu bat arropa sartzeko, lanerako mahaia eta bizkarrekiko aulkia.

Txosten bat egitera bidalia ninduen enpresak, Lyonera lehenbizi, Parisa gero; kideko lantegien martxa ikusi eta etorkizunari begira gurean aldatzea mereziko lukeenaren berri eman beharra neukan "zuzen eta zehatz", ugazabak sarri errepikatzen zuen bezala. Lyongo esperientzia berri samarra neukanez, han hartutako oharrak-eta, biribiltzen hasi beharra neukan, eta horregatik abisatu nion andreari idazmakinaren hotsak enbarazu egingo ziola, beharbada; harengatik lasai aritzeko erantzun zidan, baina.

Ez nuen afaldu ere egin. Tren barruan ogitartekoa eta coca-cola bat hartua nintzen, eta edari hotzak edo ogi gomazkoak, bietako batek, kalte egin zidan. Biharamunean, goiz jaiki nintzen, eta katu disekatuen harrera-gela hura gosari-gela bihurtuta ikusi nuen. Han zeuden lerroz lerro lau katilu eta, aulki bizkar luzeetan eserita, bi gizon gosaltzen. Andreak adeitsu eman zizkidan egunonak, eta nire katilua seinalatu zidan. Esertzearekin batera fitxa hori bat kendu zuen katilu aurretik, seia ageri zen marraztua. Gelaren zenbakia. Gizon burusoil besobakarra neukan ondoan. Moztu zaharra izango zela pentsatu nuen, tresneria hura guztia erabiltzeko erakusten zuen abileziarengatik. Berak argitu zidan, bost minutu pasatu baino lehen: Gerard. Ancien combattant. Nik irribarre egin nion, berak ez bide zuen ulertu nire irribarre hura. Et vous?

Biajantea nintzela esan nion azalpen gehiago eman beharrik izango ez nuelakoan. Gosaria bukatzerako, asmatu behar izan nion, ordea, xehetasun gehiago. Ez naiz orain gogoratzen. Buruan egosi ahala luzatu nion gezurra gezurraren atzetik.

Kalera irten eta goiza paseatuz emango nuela erabaki nuen, foliotara joateko aitzakian, ez bainuen hurrengo eguna arte enpresara joan beharrik. Bazkaldu ere kanpoan egin nuen, eta bazkalosteko menta infusioa hartu ondoren, nire folio zuriak galtzarbean hartuta itzuli nintzen berriz pentsiora. Lanean hasi nintzen, eta ordubete egin nuen folio zuri bakar batekin, Lyongo xehetasunak jasoko zituen txostenari hasiera nola eman asmatu nahi eta ezinean. Halako batean, idazten hasia nintzela, andrea sartu zen gelan, edalontzi bat ur ezkerreko eskuan eta poltsa beltz bat eskuinean. Ez zuen ezer esan, baimenik eskatu, hain gutxi. Kulunkaulkian eseri zen, kanpotik zetorren argiari saihetsa emanda.

–Segi lanean eta ez arduratu niregatik –esan zidan gero, konturatu zenean hari begira-begira nengoela jarrita. Edalontzia leiho-koskaren gainean utzi zuen, eta hortzordeak aho zulotik atera eta bertan sartu zituen. Ordu arte zuzenean begiratzen banion ere, auzo lotsaz edo, nire orriari begira geratu nintzen.

–Erosoago egiten dut lan horrela.

Antiojoak atera zituen, orduan, zorro beltz batetik, eta plastikozko poltsatik hari-mataza eta orratzak aterata puntu eginean hasi zen, lasai-lasai.

–Hauxe da nire txokoa.

Nik harri eta zur begiratzen nion, baina ez nintzen ausartu handik botatzera, eta, hura han zela burutik kendu gabe, etsita, nire txostenari ekin nion. Zeharka bada ere, begiratu egiten nion kulunkaulkian eseri eta puntu eginean hasia zenari. Ez zuen ezertxo ere esaten. Puntu egin, hori baizik ez zuen egiten. Nik zerbait idazteari ekin nion nahastuta zeharo, zertan ari nintzen ere askorik pentsatu gabe.

Ordubete pasatu zen eta etorri bezala alde egin zuen, dena bildu eta bihar arte esanez.

Egia esan, ez zen badaezpadakoa nire asaldaketa. Biharamunean etortzen bazen esan egingo niola behintzat, eta ezezkoa jasotzen banuen, berriz, gelaz aldatzeko edo, handik alde egingo nuela. Baina etorri zen biharamuna, eta han agertu zitzaidan, bezperako ordu berean; "berriz ere txokora" esan, puntu egiteko tresneria alde batetik eta edalontzia hortzordea uztekoa bestetik. Horrela izan zen hurrengo egunean ere, eta ez nintzen ezer esateko gauza izan. Han esertzen zitzaidan lauak pasilloko erlojuan danba, harik eta bostetako kanpaiak entzuten zituen arte. Azkenerako ohitu ere egin nintzen haren aurrean lan egitera. Nik txostena egiten nuen, eta hark jertse bat, urdin iluna. Beste zenbaitetan gizonezko mudak, edo galtzerdi orpoak pasaratzen zituen.

Aste hartan bertan, eta emakumea barruan zela, katuetako bat sartu zen gela barrura. Han ibili zen bueltaka, alde batetik bestera, paretak eta altzariak goitik behera aztertuko balitu bezala. Seguru-etxeetako prezio-finkatzaileek ez dituzte, seguruenik, gauzak horrenbesteko arretaz begiratzen. Hanka ondo-ondoraino etorri zitzaidan eta, ausartuko ez balitz bezala, buztana pasatzen zuen zapaten gainaldetik; azkenik, erantzun txarrik eta espantu berezirik erakusten ez nionez, jolasean hasi zen nire oin artean. Nekatu eta, etzan egin zen luze mahai azpian. Atzera esnatu zelarik, nire lan-mahaiaren gainera egin zuen jauzi, eta orduan bai, zerbait esateko asmoa egin nuen. Baina aurrea hartu zidan emakumeak. "Mix!", deitu zion. "Gizonari enbarazu egiten diok, ez duk ikusten ala?". Katuak jauzi egin zuen behera eta atearen zirrikitutik alde egin zuen. "Jostarina da oso", esan zidan, eta barre-azalez burua mugitzen zuen ezker-eskuin. Je suis désolée.

Komuneko leihotik barne-patio irekia ageri zen, zuhaitz bakarti bat eta belar ezdeus txarrak harlauza tartetan. Iluntze aldera, ilunbistan artean, barne patioan ikusi nuen andrea inguruko katu guztiak bildu eta jatena botatzen, ogia eskuarki, ogi ezkoa, seguru asko esnetan bustia.

Txostena idazten aurrera nindoan eta emakumea ere bai jertsearen joste lanean. Bizkarraldea bukatu zuenean, faborez eskatu zidan zutik jarriko ote nintzen neurriak ikusi behar zituela eta. Altxatu eta haren aurrera joan nintzen. Bizkarralde urdin hura nire bizkar parean jarri eta ezpain artean jostorratzak zituela, je suis désolée esan zidan, handiegi kalkulatu zuela. Desegiten hasi zen atzera. Norentzat zuen galdetu nion. Ez zidan erantzun. Chui désolée, chui désolée baizik ez zuen esaten, "dena askatu beharrean nago".

Mixek ate ondotik sartzekoa egiten bazuen, xapi esango zion emakumeak haserre:

–Gezurra zirudik, Mix, horren setosoa nola haizen. Esana egiten ez duk ikasiko. Ez al diat esan enbarazu egiten dioala gizonari.

Orduan niri begiratu, eta, barkatu monsieur, berritzen zidan behin eta berriz, hozkia emateko moduko irribarre hortz gabeez.

Gosari lekuan gerlari ohiak mila bataila kontatua zidan ordurako eta, nonbait, bereak kontatzez nazkatu zenean, niri galdetu zidan Espainian ere izan genuela beste gerrate bat, eta ea ni zer eta nola ibili nintzen. Kartzelako garai gogorrak aipatu nizkion nik orduan. Gauerdiko argi pizte tristeak galerietan, eta zaindarien urrats hotsak pasabideetan, isiltasuna eta tiroak goizaldean. Arreta biziz jarraitzen zituen agureak nire kontakizun odol girokoak. Anaiari gertatuak eta hari entzundakoak ziren denak baina; nireak balira bezala kontatzen nizkion xehetasun handiz, ezkutatuz, noski, ni neu garaileekin ibili nintzela Espainiako gerra zibilean, eta alferez izatera ere iritsi nintzela gainera.

Elkartasunez edo, kontuen elkar trukean, zerbait esan behar zidala iruditu zitzaion eta katuak disekatzen zituela esan zidan. Arasakoak hark disekatuak zirela. Zigor itxituratan ikasi omen zuen arte bitxi hura, naziek juduekin egiten zituzten saioetatik. Mediku baten zerbitzari ibili zela, han ikusten zirenak ikusita nahikoa ongi, alemanez ere bai baitzekien. C'est la guerre, esan zidan.

Nik agurearen kontatu nahia aprobetxatu nuen, pentsioko andrearengatik galdetzeko. Arreta handirik gabe kontatu zidan zerbait haren senar zenaz, Espainiako gerran brigadista ibili zela eta han garbitu zutela. Emakumea nahastu samar ezagutu zuen berak, eta nazien laguntzailetzat salatu omen zuten Paris askatu ondoren.

Nire txostenarekin segitu nuen. Goizetan enpresara joaten nintzen, nire oharrak eta datuak hartzera, eta kanpoan zerbait bazkaldu ondoren, etxeratzen nintzen, eta lauetatik bostetara betiko bisita izaten nuen. Egun batean, ordurako hogei bat egun banuen etxe hartan, eta andrea alde egina zela eguneroko bisitalditik, katua sartu zen galeriako beira zabaldutik barrena jauzi eginda. Bihotza itzulikatu zitzaidan. Pixka bat lasaitu nintzelarik, tox-tox esanez lortu nuen nireganatzea, hasieran oso zalea agertu ez bazen ere.


© Euskal ipuinen antologia bat: Alberdania