MUÑOZ, Joxean:
Some poems

aspaldi idatzi nuen «final»
(amaiera)
baina zure odola ostiralen zainetatik
adbersatiba guztiak erabiliz
ispilu guztiek ikusi nautela
hamaika aldiz ukatu dut «te quiero» edo «maite zaitut»
(banala)
baina euskorra zara eta
metroak sei minuturo pasatzen
intermitentea
nere poemei fetxak jarri
eta kentzea bezainbat
nolanahi eta edonon «maitea» (etab.)
esateko inpulsoa bezain ebakia
puntuz eta interlineaz osatutako
(«ene maitea» baita ere)
ate jiratorioa.
Metroak kontrako norabideetan
baina badakit
beti itzultzen direla beti
egiten dutela jira, errailak
eraztun infinitoa direla:
ostiralek soka bat urtearoz urtearo
eta kupidarik gabe, amaiera (final)
guztiak ezabatuz alferrikaltzen dituztela ispiluak
mihin puntan mantentzen (betiko hitz banalak)
ostiralero azaldurik debekua mantentzen didazula
ezin dudala ezingo dudala zure oroitzapena
ukatu: contradecir, negar, rechazar,
rehusar, renunciar.

© Muñoz, Joxean. Parentesiak (etabar), Hordago, 1984.




«zu» esan adibidez
zure ahurrean nere eskua
eskua adibidez.
«zu» eta edozein hitz
izpi bati izen emateko
(eta egun
eta ordu)
emateko.
paper zuria
landugabeko oroitzapena delarik,
esan
«zu»
eta edozer: «maitea»
adibidez
bazpadaereko parentesi guztiak irekiz
eta minutuen kontra
«zu» esan
zu mugatzeko.

© Muñoz, Joxean. Parentesiak (etabar), Hordago, 1984.




tutti-fruttizko arratsek aginduta
txintxetaz itsatsi nion gauari zure izena.
Ulertzen dut
gauza asko ez daitekeela konta
baina inpulso batzu jaio berriak izaten dira
hortzik eta ilerik gabekoak
(: gure mantak haizetaratuko ditut)
bestearekiko ardra neurrizgainekoak
(irrifarre zorabiatuek bataiatutako instanteetan ezagutzen denak)
edertzen gaitu:
alde guztietan dira natazkoak hasperenak.
Mozkorraldiak ditut telefonoaren numeroak baino maiteago
ez zaitezela inoiz orden alfabetiko bat izan
hobe duzu ajenda guztietatik desterratuta
:erre egingo ditut zureak ez diren gauak.
Ametsak kristalezkoak direnean
ez da ihintzezko eskuak baino gauza ederragorik.

© Muñoz, Joxean. Parentesiak (etabar), Hordago, 1984.




izan ere
zapi brodatu berrian tarrata
edo zu
telefonoaren numerotan hutsune
–ni–
(            )
...
izan
ere,
(            )
minutuak ez dira mundu berrien izenak
baldosa iheskorrak baizik
,  ahanzkorrak,
nola
(      ) ...
adierazi zuloak ere zulo
(ote) diren,
ez dakidala
kafesne hotza
goizeko zortzietako
autobusa.

© Muñoz, Joxean. Parentesiak (etabar), Hordago, 1984.




hitz positiboak
arratsaldeen eguzkiaren biajeen
katalogotik hartuak
(zita posibleak katalanez
edo zein xarmant frantsesez)
urtegunik ez ahaztu
eta Arestiri irakurritako aditz forma hori
hainbeste egun adjetiboak jasotzen pasa eta
pare bat edo zuhurki aukeratu
eztizko edo azukre-
ren sinonimoak
-leku egokian-
eta zer ajola du total
hau ere neurtu
edo kakaren ordez mierda
eskribitzea hobe den
baloratu behar da.

© Muñoz, Joxean. Parentesiak (etabar), Hordago, 1984.




Eguzkia autocollant
arbolen inguruan, eta leihoak,
basso ostinatto, leihoak
(zenbait izpi.)
Egarriaren ardatzari lotzen zaio
area baino euskorragoko galdera
frágil
irrifarre ez bezala.
Eguzkiaren atzekaldeko etiketan
hitz bat irakurtezina,
antsia uxatu ezina
zorrotza
irrifarre ez bezala.
Gonek leihoetan utzi zuten siluetaz
eta malbabiskoaren perfumez
hartzen du odol tantak
urrearen kolorea.
Eguzkiak galdera guztiak
infinitiboan errepikatzen
heriotzaren deklinabidea
leihoetan itsasten den artean
(basso ostinatto)
made in sentsazio bat.

© Muñoz, Joxean. Parentesiak (etabar), Hordago, 1984.




Esan «A», esan «B» zure izena nola,
aitortu «zure» dela izen propioa
ez dakidala kontatzen: «A»rekin (...) «B»rekin (...)
bereizterik ez dagoela
berdintasunak direla ugazaba eta ez
anekdotak,
jakin, susmo eginez
antzeman
ezpain guztiak izen jeneriko bihur daitezkeela
eta izen propioak oroitzapen pribatu
telefonaldi guztiak «bai esan?» bezala.
Adi-
erazi A edo B edo zure izena
(gehi zure izena)
akumulazioak ez du-eta bizkar hezurrik
ez badira korapiloak, lokarri muturrik gabeak
eta kate bat, burdinak apenas seinalatzea lortzen duen
hutsunez osatua
(eta horregatik) antzeman
biografiarik gabeko hitzetan datzala
etendako hari gorriaren zatia
hiztegiaren edozein orrialdetatik
jaso
minuskulazko letratan
idatzi
(nere zure) laztanek libratu nautela
A, B, D, deitzetik
(nere izenetik nola)
azaldu
«nire» dela ene izen propioa.

© Muñoz, Joxean. Parentesiak (etabar), Hordago, 1984.




Kanela usain horizontala
habeen artean
ernetako arrasto zahar zenbait
udaberrirako
kareatu zituzten hormetan
zure sorpresa pertsianaz irekitakoa
zurbiltasun horizontal hura, J.S.B.
(zein ote zure tristura
zein ote
argiaren pisu espezifikoa)
voilà esanez esnatzen diren argi azauak
bultzi berdeak arramazkatzen
inoiz, inon, minutu kubikoak
hausterik egongo balitz bezala
ezin onarturik
badela leku bat
(zure izena) esaten dena
baina nola jakin
zelofanez estalitako espazioan
kanela usaina beste seinalerik
eskaini ez baduzu.

© Muñoz, Joxean. Parentesiak (etabar), Hordago, 1984.




eta kursileriaren ertzean
multikopiak erditutako
euri eta gau eta laino
guztiak
genituela
kursileriaren (diot) ertzean
«maitatzen haunat
negu bezperetan etcetera etcetera»
(sic)
eta azpian: baina
(baina)
minutuen kantoietan azaltzen zarenez
eta: amaiera guztien kontra borrokatzen zara
alferrik
alferrik
aldakortasunaren koloreak
hitz bakarrez esbozatzea bezain
ahul
(eta baita ere)
zenbat falta den ahazteko
zenbat gelditzen den esperantzatik
edo halako
zerbait, betikoa.

© Muñoz, Joxean. Parentesiak (etabar), Hordago, 1984.




Zuhurtasunarenetik esan zidan
(eguraldiaren erraietan arratsalderik oparoena)
hitz aspertuak «zera», «badakizu»
arrunkeriak
putzuz betetako eguerdia, «ahaztu»
eta amor emateko orduan,
patxadarenetik
«zer moduz» (esan zidan)
nik Akuarium-aren argazkia buruan
(letra maiuskulaz AQUARIUM jartzen duen hori)
erantzun nezala (eta itsasoa)
dena arrazoiaren arau
baina ezin despedituak bultzatzen ninduen eta ikusi
eguerdiko farolen dotoreziak,
nik banekien une oro bazkatzen dela
bere izen propiotik,
etxeetan zilarraren kolorea nagusi
eta tulipan faltsoak ere
polikiago zimelduko dira
argi habitualaren ertzetan, eguerdian
alegia,
eta «nahi duzun arte» esan zidan «nahi duzun bezala, bai»
ezer ez, alegia,
(betikoa)
hasiera guztietatik bazkatzen den amaiera.

© Muñoz, Joxean. Parentesiak (etabar), Hordago, 1984.




Dena geometriatik oso gertu
eta basoaren kontra,
landareak landare baitira
bakan bere lur exaktoan,
bakoitzak bere orlegi
tasun propioa erabiltzen duelarik
arma fronterizo bezala.
(Geometriatik oso gertu)ko
mundu orlegi bat,
non hegaztiek bakarrik duten,
hegaletan,
haragiaren kolorea.
Baso bat
zurbila
baina baso ez dena
non landare bakoitzak bere lore propioa duen
beste lore propioengandik hurbil
(hurbiltasunezko baso)
izen amankomunen kontrakoa, geometria
izatera sekula ailegatuko ez dena,
sugeek hornatzen dituzten begietan
(zure)
terziopeloak sortzen baitu
ia baso eta ia geometria den
ia gabeko munduaren atari
beltz, laztan,
beldurgarria.
L.
Momentu exaktoen perfekzioan
agertzen zaren
dardar sekula itzuliko ez zarena.

© Muñoz, Joxean. Parentesiak (etabar), Hordago, 1984.




Esaten dizut       bukatzeko
eguzki ordu guztiak zenbatuak daudela
zure hitzez jositako arratsak
(edo) zure oroitzapena aditz transitiboen artetik
baina esaten dut
eta ez beti (ez dakit zer pentsatu)
herio-agiriarekin jaiotako musuarenean
          (eta amodio luze bat leihoen azpian)
esna nahi izan nizula: «ukabilak estututa egiten dute
haurtzaroko grinek, lo»
baina ez nintzen ausartu
-zertarako-
arazoa nola bukatu baldin bada
          (eta bukatu subraiatzen dut)
ahaztea ez baitzen horizonte bat
premisa bat baizik,
          -haren irrifarrea oinazearen ertzean-.
Neurtuta dago ezinbestearen pisua
eta horregatik da
esaten dizudala       egunsentiek
inguraturik
kasualidade guztiak ukatuko ditudala, ahaztuko
gauak (zure behatz ene ahurra)
baina maite zaitut
-beti beldurtuko naute puntu suspensiboek-
          (gogoratu beharrak).

© Muñoz, Joxean. Parentesiak (etabar), Hordago, 1984.




Autobusez

Sasiak.
Argia ahulago.
Lur superbibiente bat.
Ez duzu zeri
begiraturik.
Tren
guztiak
antzinatearen kolumna
inguruan.
Aiztoaren muturrea-
-n ikusi arramazkak
denboraren aztarna bakan: su
amatatuaren arrastoa,
eta hainbat ilenti ttiki
ordenen baten bila.
Ahultzen datorren argia,
Zikin-
durik.
Nekea bizkarrezurrean armiarma.
Leku bat
garaje bat, billak, hostal bat, neon-
ezko fletxak
hemen
nire
zatoz
leku bat, beste bat,
orpoz orpo otearekin,
-argiz
lur superbibiente honetan
argi-
seinaleak.
-argiz
Beste leihatiletatik
argi-
sakabanatzen dira orain
-argiz
argi-
azken sasiak
bizirik iraun duten
pizti, orro, keinu mekanikoak.

© Muñoz, Joxean. Begien bizkar, Susa aldizkaria, 28. zenbakiaren separata, 1992.




Flash back

Geroztik
hainbat auzo
dira
hainbat kale hainbat
bidegurutze huts.
Geroztik eremuak,
baratze abandonatuak
gaua. Iragarkiak zut
eta etzan
eta aidanez dizdir
karreteraren bi saihetsetan.
Hotza sabelaren
hodian.
Fite noa.
Zigarroa piztu.
Zu.
Itzalak itzalaren meneko.
Ezpain haiek
hain mantso eurituak.
Erre.
Kea biriketan erabili.
Perfume akre hura
zainak gihartzen dituena.
Sabel hartan inora ez
galdu nintzenekoa.
Zuk.
Bular herabeak, bular herabe iratzarriak.
Euria eta parabrisetako
eskobilak.
Hasperen eginez.
Egarriari zabaldu nintzaionean
ekaitz
sakon-
enak
harrotzen. Deitzen. Lehertzeraino
erakartzen.
Zu.
Euriaren kortina opakoa
belarrietan,
zigarroaren anestesia
eztarrian behera.
Hitz izatera heltzeko debekua zuten
hitzak esanez,
izenik gabe deika,
izuti.
Zu.
Zigarroa itzali,
zigarroa bota,
gaueko haizeari irekitako leihotik.
Txinparta
gorriak salto-
ka karretera zo-
lan hil-
ik.

© Muñoz, Joxean. Begien bizkar, Susa aldizkaria, 28. zenbakiaren separata, 1992.




Argazki dedikatuak dibujatzen

Sasiak jaso egiten du argia
eta eman, berde ilunagotan.

Itzal uzkurragoen ertzak harrotuz
larre zurbilagotan zanpatzen bere burua.

Gatazka horrek izen urdina du
eta horia instante oso azkarretan.

Iheserakoan herdoilaren abizena hartuko du
trabeskako errainuez.

Etxearen atzekaldeko paretari
koloreak lehertzen dizkiolarik
presaka.

(gero atariari eta harri busti
erretiratuagoei)

Helbide bat asmatzen dut
direkzio bat.

Halako eta halako.
Bi puntu.

Gero karretera zolak bakarrik egiten du
argiaren atakearen aurrean
dizdir.

© Muñoz, Joxean. Begien bizkar, Susa aldizkaria, 28. zenbakiaren separata, 1992.




Adio

Lehen eguerdia zetzanan hemen
dizdizari, bete eta oso,
neguko eguzkiak
(orduz kanpo, garaiz landa)
babesten duen
moteltasun borondatezkoaz.
Orain tren asko igarotzen dun
norabide guztietan.
Dagoeneko burutua din
denborak
bere satorkeria.
Erori ditun prologoen
hitzezko baldakinoak,
sakabanatu dun eguerdia
eta presaka jarri gaitun bizitzen
norabide guztietan.
Nire buruarekin akordatzen naun
«Kaixo!» esaten
itxura despreokupatuan.
Gaur ordea ez haunat ajendan aurkitu
eta hotza hegaldatu dun tamarizen erraietatik
eta amiltzen ari ditun antxetak
(ia zaratarik gabe)
asfaltoaren gainera.
Bazetorren.
Begietan entzun dinagu tren-
aren eztanda.
Oihu egin nahi dinat:
Adio
hire izena esaten saiatu
berriro
galdera eginaz bezala.
Heltzen dinat lepotik
azken minutua
norabide guztietara markatuz
(ia esperantzarik gabe)
Bost
Hiru Bi
eta eskura ditudan
kodigo guztiak
Bat.

© Muñoz, Joxean. Begien bizkar, Susa aldizkaria, 28. zenbakiaren separata, 1992.




Ez da egia bihotzean zaitudana.
Bihotzean ezer ez dago, odola
ez bada eta bizitzaren ort-
ots ikaragarria.
Katxeorik latzenean ere ez
didate
zure aztarnarik aurkituko
baina egon
begien bizkar itsuan daude
zaude
belarriaren habirik ezkutuenean.
Zantzuok ez dira ikusten, ez dira aditzen ez
dira ukitzen. Baina nere entzumenean
zaude, doinuak hautatzen
eta oihartzunak iragazten,
nire ikusmenean zaude zeru urdin
bat-bateko hau eraikitzen, isats
luzeko txori hori
behatzez seinalatuaz
nik ez
baina zuk badakizun izenarekin.
Ni bizirik naiz, bihotzaren ort-
otsa biziago dabilkit,
itzal hori ere, begiak urratzen
dizkidan arratsalde hau ere
zuri balegokizu bezala,
ezer esan gabe,
ezer markatu eta zigilatu beharrik gabe.
Begiek ikusi, belarriek entzun
eta behatzek maitatu egiten duten
lege (on)ez.

© Muñoz, Joxean. Begien bizkar, Susa aldizkaria, 28. zenbakiaren separata, 1992.