OŅEDERRA, Lourdes:
Anderson andrearen kutixia

ĢAnderson andererearen gutiziaģ, in Gutiziak, Txalaparta, 2000.


(Evelyn eta Dennisi, esker onez)


An evening in April, and it was still light.
(Doris Lessing. Love, again).

Ez dago norberaren erakargarritasuna besterengan sumatzea baino gauza erakargarriagorik. Horregatik, ziurrenik (pentsatu zuen Anderson Andereak), izan zen bera gaztetan horren arrakastatsu gizonekin.Gaztetan. Aspaldi. Aspaldi, gaztetan, asko gustatzen zitzaien Anderson Anderea gizonei, bere inguruko gizon gazteei, berari gizonak asko gustatzen zitzaizkiolako (eta ez dago norberaren erakargarritasuna sentitzea baino gauza erakargarriagorik). Ez zen itsusia gaztetan. Horrek ere lagundu bide zuen, baina baziren neska politagoak inguruan. Bere eskolan. Bere parrokian. Halaz ere, bera zen arrakasta handiena zuena. Errazegia ere gertatzen zitzaion noizbehinka jokua garai hartan.

Horregatik ezkondu bide zen Anderson Jaunarekin, Anderson Jauna ez zelako besteak bezain erraz maitemindu beraz.

Berak benetako maitasuntzat hartu zuen Anderson Jaunaren patxara eta, Anderson Jaunarekin ezkondu zenetik, Anderson Andereak ez zuen beste gizonik maitatu, ez zuen beste gizonik erakarri. Ez zen behintzat ohartu, ez baitzen batere arduratu. Anderson Jaunaren patxarak, Anderson Jaunaren sendotasunak asetu zuten eta Anderson Anderea zoriontsu izan zen urtetan. Anderson Jaunak eta berak izandako umeak hazi bitartean, Anderson Jaunak dirua irabazi bitartean, Anderson Jaunarentzat etxe eder hura apaintzen, lorategia zaintzen.

Ez zuen beste gizonik maitatu, ez zuen beste gizonik behar izan. Pozik bizi izan zen. Oraindik pozik bizi dela pentsatzen du Anderson Andereak.

Umeak hazi bitartean, Anderson Jaunak dirua (diru asko) ekartzen zuen urte haietan, inork inoiz ozen aldarrikatu gabeko arauen gainean bientzat ona zen antolakera eraiki zuten Anderson senar-emazteek. Etxeko kontuak Anderson Andereak zaintzen zituen, berak erabakitzen zuen: haurrek eta senarrak zer jantzi noiz, saloiko paretetako kolorea, zer bazkaldu noiz, nor konbidatu Thanksgiving egunean eta hondartzara zenbat toaila eraman behar ziren. Bestelakoetan beti egiten zuen senarrak esaten zuena, beti onartzen zuen hark agintzen zuena. Gutxitan, oso gutxitan egin zuten errietan. Hala iruditzen zaio behintzat orain Anderson Andereari.

Bazen gauza bat kanpotik begiratuta bederen (Anderson senar-emazteak ez zirenen iritzian, alegia) bitxi xamar gertatzen zena. Anderson Jaunaren hegazkinei buruzko lege hura. Noizbait (ez da gogoratzen zehazki noiz Anderson Anderea) Anderson Jaunak erabaki zuen bere emaztea eta bera ez zirela inoiz hegazkin berean joango. Horrela, zerbait gertatuz gero ere, beren umeak ez ziren umezurtz geratuko (erabat umezurtz esan nahi da).

Horretan ere Anderson Andereak ez zuen zalantza izpirik izan, ez zuen inoiz eztabaidarik hasi, ez zitzaion horretarako beharra sortu. Lehenengo aldiz senarrak erabakia adierazi zionean, orain urte asko... Bai, orain gogoratzen da Anderson Anderea. Umeak nahiko handiak ziren egun batzuk bera gabe, zaintzailearekin, gelditzeko (txikienak izango zituen hiru urte) eta, senarraren lan-biltzar batera Chicagora bera ere joango zela erabaki zutenean, oso zentzuzko iruditu zitzaion Anderson Andereari Anderson Jaunaren neurria. Pixkanaka-pixkanaka, urtez urte, hegaldiz-hegaldi, hori ere (beste gauza asko bezala) ohitura bihurtu zen eta, orain, munduko gauzarik normalena gertatzen da. Anderson senar-emazteen mundutxoko arautegi isila. Ia arraro ere egiten zaio Anderson Andereari aireportu edo hegazkinetan guraso izan daitezkeen bikoteak ikustea.

Baina, tira, orain Anderson Andereak telefono-liburuxka ireki behar du, Timen telefonoa bilatzeko. Betaurrekoak sendotzen ditu sudur gainean, goraxeago kokatuz kristalak begietatik gertuago ipintzeko. Tim, Tim, Tim. Hara hor: Tim. Horrelaxe, deiturarik gabe. Besterik gabe, Tim. Zenbaki bilkura irakurri ahala ezagun egiten zaiola pentsatzen du eta, egia esan, ez da harritzekoa, urtean behin bakarrik deitzen badio ere, urtero deitzen baitio Timi. Urtero aspalditik. Izango dira hamar urte Timi udaberrian deitzen diola. Anderson Jaunaren bihotzekoaz geroztik, bigarren bihotzekoaz geroztik. Senarrak 62 urte zituen orduan. Berak, 60. Ebakuntza beldurgarri hura. Hori duela hamabi urte izan zen. Anderson Andereak urteak banan-banan zenbatzen ditu, udaberri guztiak, banan-banan. Izango dira bai hamaika edo hamar urte Timi udaberrian hots egiten diola.

Anderson Jauna udaberrioro Alemaniara joaten da, Alemaniako hospitale garesti batean odola garbitzen diote. Bere legeari jarraiki, bere erabakiarekiko adostasun osoan, Anderson Jaunak hegazkin batean egiten du txangoa eta Anderson Andereak beste batean. Gainera, Anderson Anderea egun batzuk beranduago ateratzen da eta beranduago iristen da Alemaniara. Bitarte horretan Anderson Jaunari ohiko azterketak egiten dizkiote hospitalean eta (nola egun horietan ez den hospitalean gelditzen lotan) hoteleko gela emaztearentzat egoki izan dadin ziurtatzen du. Beti zaindu izan du emaztea, babestu, mundu zabal eta arrotzaren aurrean. Emaztearen goxotasuna aleman zakarren munduan. Hotelean ezagutzen dituzte eta ia urtero gela bera ematen diete, baina batzuetan okupatuta egoten da eta zaratatsuegiren bat ere egokitu zaie bakarren batean. Emaztea Californiako epeltasunean, bere lorategiko isiltasunean ohituta dago. Zer dakite alemanek, europarrek.

Anderson Anderea ez da gogoratzen nola moldatu zen lehenengo aldi hartan bera beranduago joateko. Ez ote zegoen txartelik ala hori erabili ote zuen aitzakitzat. Ez, ziurrenik ez zion gezurrik esan Anderson Jaunari. Umeren baten konturen bat. Agian, alabaren ezkontza zetorrela eta arropa erosten lagundu behar ziola. Auskalo. Kontua da beranduago joan zela.

Orduztik beti errepikatu da errituala.

  1. Anderson Jaunak Alemaniako hospitalera deitzen du txanda eskatzeko. Txanda ziurtatzeko. Urtero harritzen da telefonoa hartzen dion ahots atseginak ez duelako berehala bere izena esaten erantzutean. Europar lehorrak.

  2. Anderson senar-emazteek Europarako txartelak erosten dituzte. Beti ajentzia berean. Bakoitzak bere hegaldirako. Bakoitzak bere egunerako.

  3. Anderson Andereak Timi deitzen dio. Halako egunetan joango dela bere senarra. Halako egunetan joango dela bera. Ea etorriko den lorategiko zuhaitzak inaustera. Zuhaitzak udarako prestatzera.

  4. Anderson Jaunak alde egiten du, emazteak prestatutako maletarekin. Taxia hartzen du aireportura joateko gehienetan, azken aldian behintzat. Lehenago Anderson Andereak eramaten zuen batzuetan. Noizbait semeak ere eraman izan du (lan kontuengatik etortzen da batzuetan semea hegoaldera, alaba Washingtonen bizi da umeekin).

  5. Anderson Andereak Timi atea irekitzen dio, hegazkina aireportutik atera eta gutxira.

Urtean behin. Urtero.

Tim ere zaharrago da etortzen hasi zenean baino. Hamar edo hamaika urte zaharrago. Zaharrago da, baina oraindik ez da zahartzen hasi. 50 bat urte ei ditu. Aurpegiko zimurrek edertu egin dute. Ahoa marraztuagoa gertatzen da, ezpain handien leuntasuna nabarmenago. Duela hamar urte ile zuri bakan batzuk zituen. Orain ilea erabat urdindu zaiola esan daiteke. Ilearen urdintasunean, ahatik, aurpegiko azalaren kolore osasuntsua are ilunago, deigarriago da. Baina Timen giharreak dira Anderson Andereari gehien gustatzen zaiona. Edo begiak, agian begiak, Timen begi txikien urdintasun mugagabe hori, zimur lodien arteko bustidura iheskor hori.

Ez da gizon guztiekin gertatzen adinarekin edertze hori. Gehienak ximeldu egiten dira besterik gabe, bigundu, ajatu. Hori, gizentzen ez badira (gizentzen eta gorritzen). Tim ia beti kanpoan egoten da, eguzkitan, haizetan. Horregatik du emakumeek horrenbeste eskertzen dugun gizon helduaren itxura osasuntsua. Itxura eder hori.

Aurten ere Timi deitu behar dio. Urteroko urduritasuna. Urteroko plazerra, bere sekretu txikia, bere pekatua, bere kutixia: Timen ahotsa telefonoan eta, gero, handik egun batzuetara, Timi atea irekitzea.

Timen irribarrea, lanean hasi aurretik, kafea eskaintzen dionean.

Timen beso gihartsuak, eskailera garajetik ateratzean.

Timen ipur masailak, praka bakero gastatuak, eskeileran gora.

Timen begiak moztu beharreko adarrari begira.

Anderson Andereak leihotik ikusten du Tim lanean. Sukaldeko leihotik gehien bat, alde hartan baitaude Timek txukuntzen dituen zuhaitz gehienak. Batzuetan kanpoan ere egoten da, loreak konpontzeko aitzakian, edo (postakutxatik jasotako kartak irakurriko balitu bezala) portxean eserita, eguraldi ona egiten duenean.

Gehienetan egiten du eguraldi ona Tim etortzen denean, udaberrian etortzen baita Tim eta udaberrian eguraldi ona egiten baitu Californian. Ia beti egiten du eguraldi ona Californian.

Tim ez da Californiakoa, baina aspalditik bizi da Californian. Hippyen garaian etorri zen beste asko bezala eta ez zuen alde egin. Californiako eguraldiak, Californiako edertasunak eta bizimodu atseginak harrapatu zuten.

Gerta liteke bat-bateko zaparradaren bat ere Californiako udaberrian. Anderson Andereari gustatzen zaio Tim zuhaitzetako adarrak moztutzen ari denean euria hastea bat-batean. Horrela, Timek lan egiteari utzi behar izaten dio pixka baterako eta sukaldera sartzen da. Asko gustatzen zaio Anderson Andereari Timekin hitz egitea, Tim gertuago izatea, Timen begiradarekin jolastea, zorakeriaren bat esan eta Timen ezpainek irribarrerik gozoena nola marrazten duten ikustea. Timen begiak ia desagertu egiten dira. Marra urdin bustia zimur beltzaranen artean.

Urte batzuetan (gehienetan) ez du euririk egiten eta Tim ez da berarekin sukaldean egoten hizketan eta irribarre egiten. Urte horietan urrutiagotik begiratzen dio Timi (luzaroago) eta Timek berari gutxiagotan begiratzen dio. Berdin dio. Distantziaren lasaitasunak gusturago begiratzeko aukera ematen dio Anderson Andereari.

Horrelakoetan ere egiten dio irribarre Timek Anderson Andereari. Barre algarak ere botatzen ditu tarteka zerbaitez gogoratzen delako, lanabesen bat erortzen zaiolako edo hauzoren bat diseinuzko praka loredunak jantzita joggingean ikusten duelako. Tim oso gizon alaia da. Halakotzak dauka behintzat Anderson Andereak.

Tim ez da beti alaia.

Duela 30 urteko bere Californiaz gogoratzen denean, gehienetan behintzat, ez da asko alaitzen. Goibeldu egiten da horrelakoetan, gehienetan behintzat. Amorratzerainoko ezinegonak harrapatzen du orduko adiskide hippy belarzale askoz gogoratzeak. Ez, galdu direnez. Ez, auskalo non daudenez edo ez daudenez. Banku eta multinazionaletako yuppiez baizik. Eta ez da orain aspergarri eta dirudun ikusten dituelako. Berdin zaio aspergarri badira, ez ditu berak jasan behar izaten. Diruarenak ere ez du gehiegi kezkatzen. Ez zuen aukeratuko aukeratu zuen bidea, dirua nahi izan balu. Pozik bizi da bere noizbehinkako lanek ematen diotenarekin. Nahikoa eta gehiago ere ateratzen du kostako mendixkan (hondartza gaineko kaxkoan) daukan roulottean bizitzeko eta bere kotxe gorri zaharraren gasolina erosteko; eta munduko denbora guztia du munduan gehien gustatzen zaiona egiteko: itsasoari begira harmonika jotzeko. Orduko-hippy-oraingo-yuppyongan urdaila korapilatzerainoko nazka ematen diona jartzen dioten pena aurpegia da. Horrek gaixotu egiten du.

Ez da, hala ere, maizegi murgiltzen horrelakoetan. Ahaztu egiten da besteez. Ahaztu egin behar ditu. Bere bakardadearekin ordaintzen duen pakea. Bere bakardea da prezioa. Ez du ia lagunik. Noizbehinka neska-lagunen bat. Gero eta gazteagoak. Ez, bera da gero eta zaharragoa. Larunbat gauetan tabernan musika countryaren samurtasunean garagardo botila eskuan, ez du aurkitzen bere adineko emakumerik, ez behintzat berarekin gaua igarotzeko modukorik (gaueko bakardadea astean behin behintzat uxatzeko konplizerik).


Š Gutiziak: Txalaparta