OTXOTEKO, Pello:
Hainbat poema

Itzalaren kantoietan

Itzaletan dago benetako
izatearen mamia,
mamia eta izana,
txinatar itzalak horren adierazpide,
munduaren maindire zuriaren
atzean dagoenaren seinalea soilik
itzalek ematen baitigute.
Zaila da baina
itzalen bihotza arakatzea,
zaila da ordea
itzalen muina miatzea.
Itzalen ertzetatik eztanda batez
difuminatzen den,
islatzen den
argia dastatu behar
estatuaren marmol ertzetatik
irristatzen den euri-uraren antzera
benetako mugen zukua zurrupatzeko,
barne-erraietako sentimenen izaera sentitzeko.

© Otxoteko, Pello. Itzalaren ñabarduretan, Hiria, Alegia, 2001.





Bilaketa

Hitzen aszeta bihurtu naiz
nire errealitatearen munduan
ur-berri bila diraut
beharrezkoa dudan aditza
galbahean noiz aurkituko dudan
esperantzetan jantzirik.

Baina antzu daukat barrena,
alferrikako iturburu darit
nire basamortu zentzugabean.
Esaldien kateatze sotila dur
arimaren altxor
                 bihotzaren pizgailu
izatearen ermitau naizen eremu honetan,
eta zure irudiaren oroimen
          itxaropenezko aingura,
oihu honen oihartzuna
sortzen duen kobazuloaren barrunbea
izan zaitezen.

© Otxoteko, Pello. Itzalaren ñabarduretan, Hiria, Alegia, 2001.





Nire buruaren gainean hosto zeharrargi berdeak
                                       ernatu berriak
oin azpian lur beroa, emankor eta joria
urrunean egunsenti lausotua, lehertzeko irrikatan
eta zure laztana
                 arnasa bizia bailitzan
naturaren edertasun-erronka desafiatuz
denbora, mugiezina bihurtu nahirik.

© Otxoteko, Pello. Itzalaren ñabarduretan, Hiria, Alegia, 2001.





Aztoramena

Malkoek utzitako
arrastoen atzetik ibiliko naiz
aztoraturik
             berauek ezabatu nahian,
sufrimenduaren adierazle,
               penaren seinale baitira,
ezinaren hitza izaki
ene sentimenduak estekaturik dituztelako,
jakin gabe malko hauek
biloa lazturiko sentsazioez
zure izate beteago sentsualetara
maldan behera naramatela.

Eta belardian galdurik egon nadinean,
Eguzkia begietatik irristatuz mendi-lepoan datzanean,
barakurkuiluaren marka
distiragarri bezain lingirdatsua
begiz segituko dut,
bertan angelu okerraz islatzen diren
                     Eguzki izpien antzera,
edonora eramango nauen
leku ezezaguna bisitatzera.

© Otxoteko, Pello. Itzalaren ñabarduretan, Hiria, Alegia, 2001.





Itauna

Izpiritu harroak zatozkidate oihuka
uztatuko zenuten erantzunaren galtoa eginez,
islaren arrazoi zirriborratsu bezain zedarriztatuak,
eta faltsutasunezko errealitatea alde batera utzita.
Eta nik erantzun bakarra daukat baina!
Heriotzea dagerkizuet izatearen antzaldaketa gisa
ohiko tabuen katarsi-kaliza bailitzan.
Ez zaidazue bada, gogo txarrez gaitzetsi!
Eredu hurbilik
aurkeztu ez dizuedan arren,
ez zatzaizkidate etor oihuka, otoi!
Sinistu soilik.
Onartu hutsean.
Ezerezean hustu!

Begiek ur barnean ere
gandutsu dakusate,
itxi itzazu beraz
haratagokoa sumatzeko,
arnastu soinuen hasperena
barne-gogoak etsipena garai dezan;
eta, orduan, garai dezazunean
bidean dastatuz joango zara
arnasa guztiak batzen dituen
ilargiaren Itzala
iluntasunean islatzen den
argiaren Itzala,
izatearen haratagoko izate
badenaren haratagokoa dena.

© Otxoteko, Pello. Itzalaren ñabarduretan, Hiria, Alegia, 2001.





Nire gelak lau ertz ditu
hiru pareta eta leiho bakarra,
leiho bakarra balkoi txiki batekin.

Nire bizitzak lau puntu ditu:
iparra, hegoa, ekia eta mendebala.
Laurek helburu bakarrean
bat egiten dute.

Eta helburu honetan
aspaldian baztertu ditut
trabeska zebilzkion
bidexidor guztiak.

Nekaturik nago ahurretan
gorotza jasotzeaz
nazkatuta nago nekrofiliaren
fruitu hotzak ztatzeaz
damuturik nago mundu honetako
koprafagiaren aingeruak asetzen
                                      ibili izanagatik.

Eta oraindik nahi al duzu
nerabezaro aroan ahitutako
kemen sutsu errebeldeak
niregandik likidotu eta zukutu?

Ez al dakizu gaztanberari, mugituez gero,
gazur kolorgea dariola?

Zergatik muxukatzen nauzu oraindik
erraiak edan nahi bazenizkit bezala?

© Otxoteko, Pello. Itzalaren ñabarduretan, Hiria, Alegia, 2001.





Zorotasunari gorazarre

Nork berak bere burua ezagutzea
                 Jainkoa ezagutzea da.

Guk geure burua ezagutzen al dugu?
Eroek beren burua ezagutzen al dute?
Behar bada beraiek dira beren buruak sakonki
ezagutzen dituzten bakarrak.
Behar bada beraiek soilik ezagutzen dute Jainkoa.

© Otxoteko, Pello. Itzalaren ñabarduretan, Hiria, Alegia, 2001.





Eklipsea

Eklipsean bizi gara.
Argitasunaren koroa difuminatua
jasotzera besterik
ez gara iristen.
Gure izatearen izartegia
erdi belaturik dakusagu.
Ez dugu izarren ñirñir gidaria,
ez dugu Eguzkiaren argi asegarria.
Engainuzko mantupean diraugu
alegiazko distiren argiztapenean,
mamu-itzalen figurekin dantzan
estropezu egin ondoren
faltsutasunezko eszenatoki honetan.

Eklipseak zeozer du sortzen hutsunean
ezerezaren balizko irudia mozorrotzeko.

© Otxoteko, Pello. Arnasa galduaren ondarea, Elkar, Donostia, 2003.





Egungo gizakiaren irritsa

Altzorik gabeko hodeiertzera begira nago
etsiturik eta akiturik,
ulertu gabe,
amets guztiak batzen diren
lerro ubel eta dardaratian
erantzun ororen zantzuren bat
noiz aurkituko.

Gaua duzu begietan
gorrotoa eskuetan
bekaizkeria ezpainetan
korromioa zainetan.
Eta lur eremu zabal honetan
geuregana etorri zinen
bertan ernaltzeko.
Jaio zinen jaio
Herioren haziarekin,
hondamendia aitzindari izanik,
zabala eta joria baitzen mundua
are zabalagoa geure izpiritu galdua.

Patuak ukazioaren zapia
ezarririk digu sortzetik,
eta odolaren ordez
bizitza erauzten digu gupidarik gabe.
Ez dugu geure burua punitu behar,
iragandako aladuren artean
benetako argiak itsutu egiten baitu.
Horregatik ezin
begirada biluziez
Eguzki aurrez aurre
begietsi.

Ezin dugu Eguzkiren muina behatu,
ezagutu, bere barne izatea dastatu,
ezin dugu ez eta bere koroa
klarki ikusi ere;
ezin inola ere
Eguzkiren itzalari antzik eman.

Bide akaberan,
dena gezur hutsa besterik ez dela
baieztatzen digute geure begietako
bihotz ttiki biek.
Eta Herio gainditzeko ahalegin bakarra
                                 heriotza bera dugu.

© Otxoteko, Pello. Arnasa galduaren ondarea, Elkar, Donostia, 2003.





Ibaian behera

Bizitza honetan iragaitzaz gara,
alogerean, esnatu gabe


Charles Wide (1883-1958)

Bizikletan joaten den postaria
nahi nuke izan
eta izarren hautsa
munduko barrunbe guztietan eman.
Baina sarri askotan
ateak itxiak daude
eta alogerekoa lotan.
Erruz txaron behar atearen aurrean.
Erruz itxaron behar bizitzaren horretan.

Errealitate hau itxaronaldia da,
eta itxaronaldi honetan
pausoka irekiz goaz gure begiak.
Itxaronaldia bizitza honetan
larritasun bilakatzen da,
larritasunezko ibai bizi eta aldakorrean.
Asegaitz, ibaian goaz,
igeriketa azkar eta gogorra
itxaronaldi luzea besterik ez delarik,
ur-jauzi bukaerakora
garamatzan itxaronaldia.

Eta ur-jauziaren hurbilean
hausturaren zirtek
aurpegian jasorik
ziurtatuko digute erorketaren bidea,
altueraren luzera norainokoa den
inoiz argitu gabe.

Bizikletan joaten den postaria
gaur zaigu galdu
eta izarren hautsa jada
ezin da zabaldu.
Ez ditugu gehiago
ateak itxirik aurkituko
eta etxetiarrak izarririk dira egongo.
Erruz damutu behar luzaroan itxaroten.
Erruz atsekabetu behar ezezagunaz galdetzen.

Esango al zenioke
ur-jauzitik libratu
eta lizar-hosto berdean
zintzilikaturik geratu den ur-tantari,
azkenean, nola edo hala,
ur-jauzian doazen tanta guztien
helmuga berbera izango duela?

Nolatan atxiki Eguzki izpiak?
Nolatan eskegi lurrunaren hats berotan?
Amets egin dezagun hego zabalik
amets egin dezagun gogoz beterik,
haizea dastatu argi pirrintan
eta apaltasunaren soseguz
printza bihurtu
negu minean,
arratsa den
ibai erriberako alde honetan.

© Otxoteko, Pello. Arnasa galduaren ondarea, Elkar, Donostia, 2003.





Egia barrunbe bat da.
Barrunbe infinitu eta hutsa;
eta denbora zabaldu egiten da barrunbe honetan,
ezerezarekin osatu eta bateratu.
Marko doratuz apaindutako atetzar mardula
zeharkatzen dihardugu etengabe
barrunbe zabalagoetara sartu eta
unetik unera txikiagoa egiten dela konturatu gabe.
Sarrera berrien irekiera maite dugu,
sarraila ezezagunen klik hotsa entzutean
bihotza iraultzen zaigun arren.
Soinu, algara eta oihu ezberdinek
horditzen gaituzte barrunbe berrietan
konturatu gabe zabalgune hauetan
hutsune lodiago eta sakonagoek
inguratzen gaituztela.
Idi-proben aitzindari
eta erokeriaren eredu.
Eta gure adimenak
zenbat eta ezerezago izan
orduan eta hobeto betetzen du
bere izana eta existentziaren hutsunea.

Bilatu, aurkitu
eta ezerezean murgildu.
Aho beteaz ezereza irentsi!
Beti geratuko zaigu
atzera egin beharreko
bueltako bidea,
ixiltasunari aurre egin,
geure izatearen kantuari
bizitzaren doinuan erabilitako notak erantzi
eta benetako musikaren zukua
ezagutzeko aukera dugu dastatuko;
ezerezak sortzen dituen
ilargipeko itzalaren ñabardurak
eskuetan erauzi eta konturatu
gure barneko hegi honetatik soilik
suma daitekeela Egiaren barrunbea.

© Otxoteko, Pello. Arnasa galduaren ondarea, Elkar, Donostia, 2003.





Beste aldean

Beste aldea dugu maite,
egunaren ilunabar ezkutuak,
gauaren egunsenti gordeak,
gure amorantea,
erriberaz haratago dagoen haltzadi bihozgabea,
eta harantz-honantzean
konturatzen gara gure lizardi freskoaren arnasa hezeaz,
bizitzeko bizi garela adierazten digu berak.

Beste aldea dugu maite,
maitasuna madarikatu ezin dugun
erriberaren beste aldea
dugu maite.

Umezurtzaren etsipena
mugalariaren bila,
gabarrak ez dauka baina
alerorik txopan.
Maitasuna madarikatu dugu
erriberaren alde honetan.

Dena, finean,
eldarnioa da,
areago,
eldarnio baten berrindartzea besterik ez.

Baina denok, azkenean,
beste aldean egon nahi dugu,
gogoz, izatez, ekintzaz eta arimaz.
Denok dakusagu beste aldeko
lizar freskoen arnasa hezea,
bereizi ezinik
zinez gorrotatzen dugun
zinez maitatzen dugun
haltzadi bihozgabea den ala ez
jakin gabe.

Eta, ez al da paralogikoa
beste aldea gardentasunez gura izatea,
une honetan bertan
zein gunetan gauden
zein aldetan gauden jakin gabe?
Non, nola, noiztik eta nondik
gure erriberaren aldea
ezagutu ezinik?

Horrelako logikek,
logikaren beraren lisia dakarte.
Paralogikaren lisia:
PARALISIA!!!

© Otxoteko, Pello. Arnasa galduaren ondarea, Elkar, Donostia, 2003.





Putzu mundutarrean galdezka

Baina, ba ote dago zerbait
fisika guztien gainetik eta
metafisika guztien azpitik?

Bai, izaki multzo galdu bat bederen!

Eta izaki hauen artean, bi hankakoa,
bere buruari razionala deiturikoa da errege.

Soilik, bakarren batek daki nor den
         eta nora doan.
Baina honek bere emaztea pertxero batekin nahasten du.

© Otxoteko, Pello. Arnasa galduaren ondarea, Elkar, Donostia, 2003.





Estasia

Eskainidazu zeure kaliza
gogoz dasta zaitzadan,
zeure Graalaren zuku gozoa
berotasun hezeaz
edan dezadan.
Ezpainak eralda daitezen,
likido lirdingatsu horizta
narotasunez gainezka dariola
ene ezpain-ertzetatik.

Betazalak itxi nahi ditut
ahoa ireki, asebete,
eta oihu egingo dut
zeure erraien hondora.
Zeure barrunbean
nire izatea oihartzun bihurtu,
eta errai eneen hustearekin
ni-neu-izate narriatua
izaki berri-oso-betera antzaldatu.

© Otxoteko, Pello. Arnasa galduaren ondarea, Elkar, Donostia, 2003.





Erantzuna

Aurkitu ezin dena,
izan, bada;
zundagaitza izateak arrazoitzen baitu
aurkitu ez izatea.
Zundagaitza zundatu ezin dena da,
eta ezin zunda daiteke hondorik ez duelako;
ez du hondorik bukaera gabeko zuloak,
bukaera gabeko zuloa zerbait infinitua da,
eta zerbait infinituak hutsunera garamatza;
hutsunea zundagaitza da
eta zundagaitza dena
ezin aurki daiteke
egon badagoen eta
izan baden arren;
hutsunea izaera infinitua duen
aurkitu ezinezkoa;
ezdeusa
ex Deustik sortua.

ADAN sortu zitzaigun
azkenik, ondorio izateko NADA.

© Otxoteko, Pello. Arnasa galduaren ondarea, Elkar, Donostia, 2003.