ROZAS, Ixiar:
Sartu, korrontea dabil

(Erein, 2002)

Korronteak

Barkatu, itxiko al zenuke atea mesedez?

Emakumeak ez dio Abdouri galdetu, ate ondoan eserita dagoen gizonari baizik. Batzuetan begiak ixten zaizkio leihoan dagoen emakumeari; loaren bidea hartzen du, baina berehala esnatzen da buruaren nahigabeko mugimendu batekin. Begiak zabaltzen dituenean urtsuak dituela ikusten du Abdouk, eta leihoaz bestaldera darama berriro soa. Haietako batean, buruaren mugimendu nahigabea Abdouren sorbaldan amaitu da. Oso leuna da emakumearen ile beltzarana, ume batena dirudi, baina aurpegian dituen zimurrengatik berrogei bat urte botako lizkioke. Usain ona du, berezkoa; ez du perfume merkerik erabiltzen, herriko neskek mutiletan egin nahi dutenean ez bezala. Burua sorbaldatik kendu dio Abdouk, leun, eta berriro ere beiraren kontra bermatu dio.

Ate ondoan eserita dagoen gizonak liburu batean du begirada. Trena geltokiren batean geratzen den orotan, liburutik altxatzen du, leihoan jartzeko, eta hasperen egiten du, liburuan irakurtzen ari den guztia leiho hartan islatzea nahiko bailuen. Eta ateari zeharkako begiratu bat ematen dio noizean behin, honek itxita jarraitzen duela ziurtatzeko. Beltzez jantzita dago. Goitik behera. Leihoaz bestaldera erortzen ari den euria bezala.

Euriak desira ezkutuak betetzeko ahalmena duela entzun izan du Abdouk ulertzeko gaitasuna duenetik.

Trenera igo aurretik inork ez zion esan hainbeste euri egingo zuenik. Nora jo behar zuen esan zioten, trena non hartu behar zuen eta zenbat orduko bidaia izango zen, baina ez, adibidez, euriarena bezalako ņabardurarik -ez zen, antza, azpimarragarria, bidaiari buruz jakin beharreko guztiak esan zizkionarentzat-. Ordaindu zion diru kopuruaren truke ez zegoen horrelako informaziorik jasotzerik.

Xehetasun hori garrantzitsua da beretzat, ordea, akaso hortxe, euriaren baitan, datekeelako bere eginkizunaren arrakasta ala porrota. Ulertzeko gaitasuna duenetik entzun dituen euriari egotzitako dohainak benetakoak badira behintzat.

Hemeretzi urte bete berriak ditu Abdouk. Ezagutzen ez duen hiri baterantz doa: Parisera, ulertzeko gaitasuna duenetik bere herritarren ahotan hain sarritan entzun duen hirira. Trenez orain, edozein ustekabe saihesteko modurik ziurrena dela adierazi diotelako; baina aurretik, ahal izan duen guztian: oinez, itsasontziz –txalupa bati itsasontzia dei badakioke–, hozkailu-kamioi baten atzealdean. Gau eta egun, bizitza hobe baten bila, bera bezain gazte diren beste batzuez inguraturik. Zorionez, horien aurpegietara so egitean ikusi du Abdouk bera desberdina dela, bera ez baitoa bizitza hobe baten bila: bere abizenari ohore egitera doa Parisera. Horretara bakarrik.

Egunak dira Mali agurtu zuela. Agur esan ziola arren aita topa zezan eskatzen zion amaren begiradari. Poltsikoan darama, paper zati batean idatzita, jatetxe baten helbidea -bilaketaren abiapuntua-, eta baita aitaren argazkia ere –bilaketan lagungarri izango zaiolakoan–. Jatetxean elkartzen omen dira maliar guztiak astean behin, eta ziur dago aitaren arrastoa eurek emango diotela. Helduleku bakarra du, beraz, hara ez bada ez baitaki nora jo.

Pariseko tren geltokian ikusi omen zuten Abdouren aita azkenekoz. Jatetxearen jabeak ikusi zuen, maleta handi bat zeramala, eta horrek bi gauza adieraz zitzakeen: hiritik alde egiteko zorian zegoela ala iritsi berria zela. Baina Abdouren aitak geltokitik atera eta taxi bat hartu zuela ikustean, lehenengo aukera baztertu egin zuen jatetxearen jabeak. Geratzera zetorren, beraz; beste herritar bat patu hobeago baten bila, horixe pentsatu zuen. Taxira gerturatu zenerako urrundu egin zen. Agurtzeko betarik ez. Eta geroztik ez dute hura berriro ikusi. Baliteke hiritik joan izana, edo, besterik gabe, kale eta etxe labirinto hartan barrena desagertu izana. Hiriko biztanle asko bezala. Hori da esan ahal izan dioten guztia.

Abdouk badaki, ordea, berari ez zaiola gauza bera gertatuko, herrira itzuliko dela; hori pentsatzen aritu da trenean eseri denetik, trenak burdinbidean daraman abiadaren eraginez dena arindu bailitzan. Agian, bereak ez diren beste hamaika arrazoirengatik, bera bezalaxe trenean doan jendearekin nahasi delako. Izan ere, beste bat da orain Abdou bagoian, ondoan dituen gizonaren eta emakumearen aldean desberdina, baina aldi berean leihotik begira dezake berak ere, egunero ibilbide bera egiten duenaren patxadaz -poltsikoan daraman argazkia ahaztuz-. Besteek bezalaxe txartela ordaindu du berak ere; ez du itxura txarrik, amak propio erosi zion alkandora apaina baitarama soinean. Azalaren kolore ilunak bakarrik egiten du nabarmen, baina horrek ez du zertan kezkatu, Parisen bera bezalako azal iluneko asko baitago.

Bat-batean, emakumea tinko zutitu, berokia jantzi eta pasillora atera da sakelako telefonoa eskuan duela; gizonaren begiradak esku artean duen liburuan jarraitzen du, eta tarteka oinen artean duen maleta beltzera egiten du so. Ederra da emakumea, beltzarana; margotuak ditu ezpainak, gorriz; apain doa jantzita. Besoekin inguratzen du gerria, gorputza berotzeko berokia nahikoa ez bailuen. Zigarroari zupada pare bat eman eta berriro itzuli da bagoira, beste gazte bat bagoira sartu den unean berean. Azal ilunekoa balitz Abdouren antza handia izango luke gazte horrek; desberdintasun handi bat dago, ordea, bien artean: gaztea ere Pariserantz doa, baina, Abdouk ez bezala, munduko beste edozein hiri aukera zezakeen bezala aukeratu du hiri hori.

Libre al dago eserlekua?, esan du gazteak bagoiari begiratu azkar bat emanez.

Irribarretsu galdegin du. Hirurek baietz egin dute buruarekin: mekanikoki emakumeak, Abdouk atsegin, eta begirada liburutik altxatu gabe gizonak. Gazte sartu berriaren itxura zakarrari zeharka begiratzeko bakarrik mugitu ditu azken honek begiak. Maleta bat darama gazteak, emakumeak bezalaxe, baina ez da pertsona garrantzitsuek eramaten dituzten horiek bezalakoa: musika- tresnak gordetzeko horietakoa baizik; gitarra bat, biolin bat, kontrabaxu bat, edozer eraman dezake barruan. Segundo batez, bagoian gaztea eta Abdou bakarrik daudela dirudi, elkarri nola begiratzen dioten ikusita. Luze, sakon, batak bestea sakon aztertuz. Abdouk leihora desbideratu behar izan du berriro begirada. Bere herrian sexu bereko gizonekin oheratzea nahiko arrunta den arren, emakumeak maite ditu Abdouk. Nolabait esateko, gauak eta gauak emango lituzke alboan duen usain gozoko emakume beltzaranari besarkatuta. Haren ezpain finak bereekin janez.

Bagoiko atea zabalik geratu da, beste behin.

Barkatu, itxiko al zenuke atea mesedez? Korrontea dabil eta ez nuke hoztu nahi, esan dio emakumeak gizonari, ahal duen modurik atseginenean.

Gerria besoekin inguratzen du berriz emakumeak. Begiak ixten hasi zaizkio, Abdouren pentsamenduak asmatu eta haiengandik ihes egin nahiko bailuen.

Berde dago leihoaz bestaldeko paisaia guztia. Zein desberdinak diren Abdouri begietatik abiada bizian igarotzen zaion paisaia emankorra eta bere herriko lautada irmoak. Agure baten azal zahar eta zimurtuaren itxura dute han; hemen, ume baten ile kizkurra bezain harrotua dago dena.

Hainbeste dira Abdouk ulertzen ez dituen gauzak... Badago, ordea, guztien gainetik nabarmentzen den bat: zergatik gainditu behar dituen hainbeste oztopo edonora iristeko; zergatik ibili behar duen suge bat bezala arrastaka, bere bizitza arriskuan jarriz, mendeetan zehar herrialde handiek behar zuten guztia lapurtu badiote jabegoan zuten lurraldeari. Bere herriari.

Zergatik egiten diguzue hau guztia?

Galdera hori egingo lieke Abdouk gizonari eta emakumeari, baita gazteari ere. Galdera hori eta beste asko. Izango al lukete erantzunik. Nor da bera, ordea, lasai asko dauden horien bizitzan sartzeko. Nahiago du egunen batean dena errazago izango dela pentsatu, nahiz eta ulertzeko gaitasuna duenetik entzun duen boterea handitu egiten dela txikien bizkarretik, eta bere lurraldea oraindik askoz txikiagoa egin daitekeela. Dena dela, jakin badaki bere bizitzan behintzat zerbait aldatzera doala, hobe baita gauza handietan baino txikietan sinestea. Handiak aldatu ahal izateko txikietatik hasi behar da. Eta horixe egingo du berak aitaren arrastoa aurkitzen duenean.

Euriak lagunduko ote dio?

Euritsua izan zen halaber, iratzartzean ama malkotan aurkitu zuen goiza. Egun euritsuak gogoratzea ez da harritzekoa, urtean behin, edo asko jota bitan, botatzen baitu euria bere herrian. Eta horri, goiz hartan gertatutakoa erantsi behar zion: bere aitak etxetik alde egin zuela. Aita bat joan eta ez itzultzea bizitzan behin gertatzen da, asko jota bitan, itzuli eta berriro joaten bada ez baitago hirugarren aukerarik. Hori entzun izan du Abdouk ulertzeko ahalmena duenetik.

Horregatik, aita itzuliko zela pentsatu zuen hasieran Abdouk, amaren malkoen esanahia beste bat zela: ume bat ekarri behar zuela, alegia, aitak beste ume bat egin ziola eta pozez ari zela negarrez. Hori zen euriak zekarren amaren desira ezkutua. Abdouren desira ezkutua bistan geratu zen amari, goxo, xamurtasunez, horrela hitz egin zionean.

Ez arduratu; iluntzen duenerako etxean izango da.

Horrelakoak esatea anaia zaharrari dagokiola jakiteak ematen zion ardurarekin hitz egin zuen Abdouk. Ez zuen, ordea, amaren atsekabea lasaitzea lortu: ur-tantek lur iharra urratzen zuten indarrarekin iluntzen zuten malkoek amaren aurpegia. Dardara batean zegoen bi eskuekin heltzen zuen papera. Isiltasuna hain zen sakona, non dardararen hotsa ere antzeman baitzitekeen airean. Amak, begirada inon ez zuela, isiltasuna eten zuen arte.

Alde egin du; utzi egin gaitu, Abdou.

Semearen izena erantsi zuen amaitzeko, geratzen zitzaion esperantza bakarra. Logelara itzuli zen Abdou, kopetilun, eta euriari begira geratu zen, leihoa zabal-zabalik zuela. Kea zerion lurrari, berotasunaren eta euriaren arteko norgehiagokan. Logelari ere kea zerion, Abdouk eskuz egina zuen eta gogoz zurrupatzen ari zen zigarroarena.

Hamabost urte besterik ez zituen orduan. Beste lau joan ziren ama gaixo aurkitu zuen goiz euritsua iritsi zen arte.

Joan zaitez haren bila, Abdou, esan zion amak tinko goiz hartan. Ez zaituztet bakarrik utzi nahi ni joaten naizenean.

Zituen zazpi seme-alabez ari zen. Eta zaharrenak, Abdouk, bazekien amak ez ziola inoiz hain modu arduratsu eta zorrotzean hitz egin. Zerbait larria gertatzera zihoan eta bere esku zegoen guztia egingo zuen. Ez zuen denbora galtzerik.

Emakumeak eserlekutik altxatzerakoan egin duen zaratak trenera itzularazi du Abdou. Maleta txiki beltza hartu du emakumeak, eta pasillora doa. Telefonoa atera, botoiak sakatu eta zain dago; hizketan hasi da, urduri, esaten duen hitz bakoitzean bizitza joango balitzaio bezala. Aurpegi ilunez eten du deia. Beste dei bat ari da egiten, lasaiago; irribarre batek ihes egin dio zain dagoen bitartean. Maleta txiki beltzetik egunkari bat atera eta zabaldu egin du.

Abdou ez da emakumeari begira dagoen bakarra, liburua duen gizonak ere ez dio begirik kentzen; baina gazteak ez: harrapatuta daukate bere pentsamenduek, edo poltsan daraman tresnak. Berriro eten du deia emakumeak; maleta txikia hartu eta aurrera doa korridorean, zigarro bat piztu ondoren. Zupada sakona eman, eta leihotik begira geratu da. Kanpoaldetik datozen errepideko argiak haren aurpegian islatzen dira. Orain argi bat, ondoren itzal bat. Edozein erabaki hartu aurretik birritan pentsatzen duten emakume horietakoa da. Beste zupada bat. Beste pentsamendu bat.

Barkatu, itxiko al zenuke atea mesedez? Korrontea dabil.

Airean gelditu dira hitz horiek. Bagoiko sabaitik zintzilik. Ahots pisua du –hitz bakoitzari garrantzi handia ematen dio–, sartu berri den gaztearena ez bezalakoa; arinagoa da azken honena: hitz bat esan arren, beste edozein erabil zezakeen; Parisen ordez edozein hiri aukera zezakeen bezala. Gizonak ez du oraindik ahoa zabaldu.

Ezkonduta al zaude? Ba al duzu seme-alabarik?

Hori guztia jakin nahi luke Abdouk: emakumea ezkonduta dagoen, senarra ote duen begi urtsuen arrazoia. Senarrari deitu berri ote dion. Liburua eskuetan duen gizonak Abdouren poltsa zaharrean jarri du orain begirada; barruan zer daraman asmatu nahian bezala -nahita ere ez luke sekula asmatuko, ordea, aita bueltarazteko argazkiz eta oroigarriz beterik duela-.

Oroitzapenak pizten badizkiozu bakarrik itzuliko da, esan zion amak tinko, aurretik aukeratutako gauza guztiak poltsan sartzen zizkion bitartean.

Eta aurkitzen ez badut, ama, zer gertatuko da?, galdetzen dio orain Abdouk bere buruari.

Emakumea bagoira bueltatu denean, liburura itzuli du begirada gizonak, arreta Abdourengan zuela konturatu eta lotsatuta bezala. Emakumea hilekoarekin egon daitekeela otu zaio Abdouri. Usaimena du Abdouk zentzumenik garatuena, eta hilekoa duten emakumeek desberdin usaintzen dutela daki; bagoira sartu denetik, ordea, usain gozoa gailentzen da eta ezin du besterik antzeman. Emakumearengandik askoz gertuago egon beharko luke horretarako; burua berriro sorbaldan jartzen badio saiatuko da sakonkiago usaintzen. Gainera, esatera doanean jarri du arreta guztia.

Asko geratzen al da heltzeko?, ausartu da galdetzera, behingoz, Abdou.

Galderak, askotan, ezezagunenganantz gerturatzeko modua direlakoan bota du. Gazteak ezetz esan dio buruarekin, irribarretsu. Beste biak, ordea, oso urrun daude bagoi horretatik, tren horretatik. Abdouri iruditzen zaio ordu dezente direla trena abiatu denetik; beraz, baliteke, gazteak esan bezala, gutxi geratzea. Poltsikoan daraman argazkia atera eta berriro ausartu da. Arnasari eutsi dio.

Ezagutzen al duzue?, galdegin du herabe, honakoa erantsiz: nire aita da.

Argazkirantz jiratu dute hirurek burua, batera. Isiltasuna nagusitu da. Mutu daude argazkiari begira. Baikortasun keinu xume bat besterik ez du behar Abdouk bere bidaia alferrikakoa izango ez dela jakiteko. Keinu bakar bat. Baina luzea da isiltasuna. Gazteak sentitzen duela dio etsipen keinu batez: urteak dira ez dela hiri hartan izan.

Parisen norbait aurkitzea, patuan sinestea bezain ezinezkoa da, esan du, berriz, emakumeak.

Š Sartu, korrontea dabil: Erein