SAIZARBITORIA, Ramon:
Rossetti-ren obsesioa

Rossetti-ren obsesioa eleberritik hartutako zatia, Erein, 2001.


Eskuizkribua heldu zitzaidan gutunazal berean gorde, eta leiho atzean geratu nintzen, zeru beltzaren zamapean zitalduta ageri zen itsaso gris, zuriz pitzatuari begira. Ikuskizuna bera aski zatekeen hezur-muinetan bustidura sentiarazteko, baina, horretaz gain, etxeak berak ere bazuen, hutsik egon izanaren ondorioz, hotz hezea hormetan sartua, eta, hori gutxi balitz, saio franko egin nuen arren, ez nintzen berogailua martxan jartzeko gai izan. Hala eta guztiz ere, Victoria ez nuela gehiago ikusiko pentsatzea zen, udazkeneko goiz zakar hartan, hotzikaraz jarri ninduen ondoezaren arrazoia.

"Ea non ikusten dugun elkar hurrengoan" esan, eta pausa labur baten ondoren "elkar ikusten badugu, noski" erantsi zuen alde egin baino lehen. Perpausaren zentzua argia da ulertu nahi duenarentzat, batez ere kontuan hartzen bada zertxobait lehenago neu izan nintzela "ea noiz ikusten dugun berriz elkar" esan ziona, eta berak "nahi duzunean" edo "deitu bihar bertan" edo "hauetako egunen batean" behintzat, esan zezakeen arren beste hori bota zuela: "ea non ikusten dugun elkar hurrengoan, ikusten badugu". Hori bai, ahots eztiaz; baina horrek ez du ezer esan nahi, Victoria ez baita atsegina ez den moduan hitz egiteko gai, Rossetti miserablea iruditzen zaiola esateko ez bada behintzat.

Beraz, argi zegoen hitzordu zehatz bat saihesteko ahalegina zela hura, eta argiago, elkar ikusteko aukera gehienez ere zori itsuaren esku uzten zuela. Horregatik, "ea non ikusten dugun elkar" esan zuenean, ez nion erantzun, desio nukeen bezala, "bihar bertan, edozein lekutan; ados bazaude". Eta ez nuen egin, bere borondatea bortxatzea zatekeelako.

Badakit etorkizunean, noizbait, elkar ikusteko aukera bagenu, kafe bat edo zerbeza bat hartu ahal izango genukeela elkarrekin. Eta, pentsatzen jarrita, hori da okerrena: ez nauela nirekin haserretzeko edo erremintzeko adina kontuan hartzen.

Zoritxarrak bere partea duelarik ere, gure harremana hondatu izanaren errua nirea da batez ere. Orain, beranduegi jada, betirako galdu dudala dakidanean, argiago ikusten dut buru eta bihotz maite nuela, eta berari ere ni axola nintzaiola; horretaz ere ziur bainago. Begi bistakoa iruditzen zait orain, besterik gabe, nire sentimenduak azaldu behar nizkiola: "zutaz maitemindurik nagoela uste dut, Victoria", hitz horiexek erabiliz. Eta berak, segur aski, berari ere ni axola nintzaiola adieraziko zidan. Ez dakit ziur nola. Beharbada, "nik ere maite zaitut apurtxo bat" erantzungo zukeen, emakumeek sarritan erabili ohi duten formula baita gurekiko ez direla erabat ezaxol sentitzen esateko; eta beste egunen batean elkar ikusteko geratuko ginen, eta orain leihotik dakusadan paisaiak, hodei beltzen zamaz erortzear dirudien zeruak eta haren kontra aparrezko haserrea jaurtitzen duen itsaso arbelezkoak ez lukete nire gogoa goibeltzeko botererik, geratuak ginatekeelako nonbait, Urepelen ziur asko, ibai ondoan dagoen jatetxean, elkarrekin afaltzeko.

Orain noski, gertatutakoa gertatu ondoren, erraza da esatea egin nezakeen edozer gauza zatekeela egin dudana baino hobea. Berarekin nengoenean, ordea, hain nengoen beldurtuta egin edo esaten nuen edozer gaizki hartu, eta desengaina nezakeelako, non liluratuko zuen formula ziur eta erabatekoaren beharra sentitu bainuen; "maite zaitudala uste dut" eta antzekoak baino gauza tinkoago eta originalagoa batez ere.

Berez, Londresen elkarrekin pasieran genbiltzala, behin baino gehiagotan egon nintzen gelditu, solasa eten, eta "maite zaitudala uste dut Victoria" esatekotan, baina beldur nintzen adierazpen horrekin nigandik urrunduko ote nuen, edo iraindu, nireganako jarrera —zalantzarik gabe adeitsua— gaizki ulertzen nuelako. Emakumeentzat oso desatsegina baita gizonezkoon joera hori: berek adiskidetasun maila soilean mantendu nahi luketen harremana guk harantzago eraman nahi izatea; izan ere, traizionaturik sentitzen baitira gureganako begirune eta adeitasuna ez dakigula ulertzen ikustean. Eta ez dugu lortzen, normalean, gainditu nahi genukeen adiskidetasunezko harremana hondatzea baino.

Horregatik, ez nizkion nire sentimenduak besterik gabe adierazi nahi izan, gure arteko harreman sortu berria —eta oraindik ahula edo azalekoa, beraz— ez zedin hauts, nahiz eta orain argi ikusten dudan "uste dut maite zaitudala" bezalako zerbait esan banio, gerta zekidakeen okerrena serio ez hartzea izan zitekeela; asko jota ere, erantzun umoretsu bat jaso beharra: "zure fantasiak dira horiek" adibidez, edo "ez dakizu nor naizen ere, ez nauzu ezagutzen" bestela, edo "ez nauzu maite, maite egin nahi nauzu" filosofikoagoa bezalako zerbait.

Edozein irtenbide zatekeen aproposagoa, azkenean hartu nuena baino. Orain, ondorioak ikusita, argi dagoen gauza da hori. Baina neure burua zuritu nahi ez dudalarik ere, esan beharra dut egin nuena egiteko ere ez zitzaidala arrazoirik falta izan. Alde batetik, iruditzen zitzaidan esateko nuena, hitzez baino gehiago, idatziz adieraztea komeni zitzaidala. Izan ere, idazteko gutxieneko gaitasuna duenarentzat bederen, errazago baita izkribuz aritzea. Hasteko, gauzak aurrez aurre aurpegira bota beharra saihesteko bidea ematen duelako behintzat, baina, batez ere, benetako intentzioa jarduera literarioaren atzean ezkutatzeko desenkusa izan daitekeelako, hau da, idatziz ari denak beti esan dezakeelako idatzirikoa asmazioa dela, literatura hutsa. Era berean, horregatik iruditzen zait —salbuespenak salbu— koldarrak izan ohi direla idazleak.

Nire kasuan gainera, are justifikatuagoa iruditzen zitzaidan Victoria gorteiatzeko izkribu bidea erabili nahi izatea, kontuan izanik pare bat urte lehenago eta zirkunstantzia bertsuan lau lerro laburren bidez Eugeniarekin ustez lortu nuen arrakasta neurrigabea. Eta, noski, arrakasta izugarri haren aurrean —egiaz, arrakasta hitza erabiltzeari garai hartan ez nion gehiegikeria iritziko—, bidezkoa zen uste izatea Eugeniarekin baliagarria izan zen izkribuak eragin bera izango zuela Victoriarengan ere, ezaugarri antzekoak zituztela kontuan hartuta: maila sozial bertsukoak izateaz gain, argiak, kulturadunak eta literatura estimatzen zutenak biak.

Bi hitzetan esateko, hau zen arazoa: Eugeniarekin erabili nuen izkribua ia erabat ahantzia nuela, eta, horregatik hain zuzen —ahantzia nuelako—, obsesionatu egin nintzela berarekin; Victoriari ere testu bera bidali behar niola sartu zitzaidan buruan —ez antzekoa; testu bera behar zuen izan, hitzez hitz—, eta, nola edo hala, berreskuratzen saiatu nintzen. Hori da, labur esanda, gertatu zaidana.

Pentsatzen dut hein batean mundu guztiari gertatzen zaiola hori, alegia, zerbait ahaztu —mingain puntan duzula iruditu ohi zaizu gainera—, eta gogora ekarri beharrarekin obsesionatzea. Ni behintzat, sarritan egokitu ohi naiz ataka horretan, eta idazteko konputagailua erabiltzen hasi nintzenetik gehiago, testuak ebaki, kopiatu eta horrelako eginkizunetan ari naizela, elektronikara berandu iritsia bainaiz, erraztasunez galtzen ditudalako. Eta horrelakoetan, gertatu ohi zait, ezabaturikoa dena delarik ere —lerro huts bat, hitz soil eta arrunta, gutun baten burua bera, "adiskide, bi hitz besterik ez" eta antzekoak—, ordeztu ezina iruditzen zaidala, inspirazio argitsuenaren emaitza bailitzan.

Ziur dakit hitz haiek, eta haiek lotzeko modu zehatza, izan daitezkeela nire gogoa bete dezaketen bakarrak, eta gogoratzen ez ditudan bitartean ezingo dudala deus esan, deus idatzi. Eta nola edo hala berreskuratu behar ditudala jartzen zait tema, eta orduak eta egunak eman ditzaket konputagailu aurrean alferrikako eginahalean. Eta informatikaz omen dakiten lagun guztiei deitzen diet, iruditzen baitzait ez naizela gai edo emaitza ziurrik gabeko esfortzu ikaragarria eskatuko lukeela berriro ere zehatz-mehatz —zehatz-mehatz izan behar bailuke—, ezabaturiko hitz, lerro, paragrafo edo dena delakoa berridazteak.

Noski, Eugeniarentzat idatzi eta berriz ere Victoriarekin erabili nahi nuen oharraren kasuan, ulergarriagoa deritzot hitz galduaren nostalgia. Alde batetik, esanda dagoen bezala, harengan izandako eragina nuelako gogoan, jaso ondoren erabat aldatu baitzuen nirekiko jarrera: sutsu bilakatu zen. Horrek, noski, areagotu egiten zidan izkribua berreskuratzeko tema. Eta bestetik, eskuz idatzitakoa zenez, ez nuen konputagailu aurrean eserita pantailara ekartzeko ahaleginean obsesioa erritualki entretenitzeko modurik ere.

Sedanok dionez —Sedano psikoanalista da ogibidez, laguna eta hein batean lankidea ere bai—, neurosi obsesiboa —hori baita ni kalifikatzeko erabili ohi duen diagnosi etiketa— jaiotzetik dakarkigun izaera ez delarik ere —nahiago dut izaeraz hitz egin, gaixotasunaz baino—, pertsonaren bizitzan oso goiz azaltzen omen da. Arrazoi izango du, baina ez dut uste ni, "Arratoien gizona" eta Freud-en beste paziente lizun guztiak bezala, lau urterekin zakila tente jartzen zaien ume nazkagarri horietakoa nintzenik. Baina, edonola ere —eta honetan bai, esan dezaket ezaguera osoa dudala—, obsesioa ez da urteekin hobera egiten duen joera psikologikoa.

Gaztetan ez duzu edozein burutazio, asmazio edo imintzio altxor bat bailitzan zikoizki zeuretzat gordetzen ibili beharrik; alderantziz, kezkarik gabe parteka ditzakezu ideiak eta egitasmoak. Emankorrago zarelako beharbada, eta etorraldi handiagoa duzulako ere bai, hots, zeure sormenerako ahaltasunean duzun konfiantza erabatekoa dela medio, badakizulako ideia on bat galduz gero inongo arazorik gabe beste mila hobeak asmatuko dituzula; poemak behintzat, nahi adina etortzen baitzaizkizu burura, edo bihotzera —orain ez nuke esaten jakingo nora etortzen zaizkigun poemak—. Sobera, edonola ere, atsegin zaizkizun neska guztiei maitasun adierazpenak bidali ahal izateko.

Gainera, lotsa gutxiago ere izaten da gaztetan antologietatik kopiatu eta edozer gauza baliozkotzat emateko. Nolanahi ere den, kontua da gaztetan zailago dela galdutako testu batekin obsesionatzea, berria idatz baitzenezake zirt edo zart, besterik gabe; edo atsegin duzun bertsoren bat kopiatu —"leiho bat ireki diot itsasoari", adibidez— eta bake santua. Edozer gauza hobeto, burua galtzea baino. Eta hori da Rossetti-k ere egin behar zukeena, baina obsesionatu egin zen bere poematxoak berreskuratzearekin, sekulakoak, hobezinak, irudituko baitzitzaizkion gizajoari. Eta antzeko zerbait gertatu zitzaidan neuri ere.

Victoriak ezin zuen hori ulertu: sortzaileen zikoizkeria hori, beren obra goresteko joera; "katedral gotiko bat suntsitzea nahiago luketenak beren obraren lerro bat ezabatzea baino", gogoratzen dut esan zuela. Eta normalean eztia zuen ahotsa gogortu egiten zitzaion Rossetti miserablea zela esatean; eta, egiaz, ez nion txantxetan hitz egiteko itxurarik hartzen.

Ni ez naiz betidanik horrelakoa izan, nire obrak —nire obraz hitz egin dezakedan heinean, enkarguzko lanez aparte Adio atsekabe baino ez baitut argitaratu, izenburuak ezkutatzen ez duen sentimenduaren eraginpean idatziriko gaztetako nobela—, nire eginkizun literarioak alegia, ez nauela obsesionatu nahi dut esan; ez naizela, beste asko bezala, hor zehar ideiatxoak —jenialak zirelakoan— han eta hemen papertxoetan idazten ibili.


Š Rossetti-ren obsesioa: Erein