SARRIONANDIA, Joseba:
Hiru ipuin



"BAKARDADEA"

(in Han izanik hona naiz, Elkar, 1992)


Bakarrik dago munduan.

Gutunak jasotzea maite du, baina buzoia begiratzen duelarik, hutsik aurkitu du beti.

Bere buruari idaztea deliberatu du. Gutuna sobrean sartu eta azaleko helbidea errepikatu du erremitean.

Kalera irten eta, karrika hutsetan promenatuz, hiriko edozein potaontziaren ahora sartu du gutuna.

Geroztik bizpairu egunez itxadon du. Gutuna ez da iritsi, etxeko buzoian goizero begiratzen du.

Benetan bakarrik dago munduan.


"TESOROAREN KUTXA"

(in Han izanik hona naiz, Elkar, 1992)


Behinola, hemendik hurrin eta handik hurbil, bazen esploradore bat tesoroketa ari zena. Hogei urte eman zituen lurra zulatzen urre kutxaren baten bila, pikotx eta palaz jo eta ke. Gero beste hogei urte eman zituen zeregin berean izugarrizko atxekitasunez, izerdi ederrak aterata, baina alferrik, ez bait zuen kutxarik aurkitzen.

Amore eman beharrean, beste hogei urtez jarraitu zuen lurrean zuloak egiten eta, behingoan, pikotxak kutxaren kobrezko hornidura jotzean xixpak atera zituen. Lurpetik kutxa handi, dotore eta ondo zarratua atera zuen. Zarraila ez zen mendera erreza.

Baina, zabaltzea lortu zuelarik, gordairu barrua hautsez beterik zegoen. Eta kutxa hustu ahala ez zen ba hil!

Panteoi edo ataud handirik erosteko lan bere bizitzan irabazi ez zuenez, kutxa estu hartan kuxkur eginda, behatz lodiak ahoan ia, sartu eta lurperatu zuten. Ez zen gero egurrezko traxe makala...

Han geratu zen, hilarririk ez beste seinalerik gabe, aurkitzen zailak diren altxorrak lez.


"MARINEL ZAHARRA"

(in Narrazioak, Elkar, 1983)


Sarri edo berant ditu atzematen guztiak
Ezen itzurtzeko dire bide guztiak hertsiak

Joannes Etxeberri Ziburukoa

Harkaitz izugarri baten azpian, itsasorainoko aldatz behera handian, huntzak igotzen duen eliza baten inguruan dago etxe zahar multzoa, porturainoko karrika hestuekin. Itsaslapurren gordeleku haretaraino ez dago ez trenbiderik ez autoentzako kaminorik, mandoz eta oinez ibili ohi dira hango kontrabandistak, eta ni ere oinez abiatu behar izan naiz, ene nagusien aginduz.

Kalatxoriak lehorrean barrura sartzea ekaitzaren seinalea da, bada aspaldian ukan ditut gainean, itsasertzera ailegatu orduko. Eta Kantauri itsasoa soegin dudanerako trumoia gainean dut, itzaltsu eta zelati dator mendi gain eta uhain gainak ilunduaz. Ilunabarrean, korrika abiatu naiz karrika hutsetan behera, harlausa zikinetan irristatuaz. Portu aurrean ostatu tipi eta bakar bat dagoela eta han marinel zahar bat aurkituko nuela esan zidaten nagusiek, eta harentzat da ene enkargua.

Herri barrenera iristean, kaiaren aurrean, kristalezko leihoak dituen ostatura sartu naiz, ostatu zahar eta ilun batetara. Zurezko mahai dastatu batetan bakarrik eseria, bilatu dut gizona, bizar zuri eta azal zimurtua. Ez da hona arrotzik usu sartzen, seguruasko, ezen berehala ezagutu nau, eta bere mahaian eseritzera gonbidatu.

–Ekaitza dakarrela diote –esan dit begietara soeginez–. Goiko muinotik ikusi duzu, ez?

–Bai, korrika etorri behar izan naiz –erantzun diot.

–Ekaitz beltza –dio.

Tabernariak kriseilua izeki du, eta zaharraren begi ilunak, orain, urdin nabarrak iruditu zaizkit. Ekaitz handia dakar, seguruasko. Itsasora irtendako marinelen emazteak leihoetara azaltzen dira, alboan dugun kristalak ikusten uzten duenez, ardura aurpegietan azaltzen dira. Itsasoa, berriz, goibel eta aztoraturik somatzen da, eta ez da bere azal zimurtu eta ilunean marinelik ageri.

Beira lodiko basotan ekarri du tabernariak ginebra marinel zaharrarentzat eta ardau beltza niretzat. Ene lagunak eskuan hartu eta edalontzia eragiten du bortizki.

–Itsasoa bengadore batek eraginiko basoa da –dio.

Mahaira erori dira ginebra zipriztina batzu. Horditurik ote dagoen pentsatu dut, baina beste zerbait dago bere begi urdinen dizdiran.

Gauerako aloiamendurik duen galdetu diot tabernariari eta baietz erantzun du, gaur behintzat ez dut maindire lehorrik izanen ote dudan zalantzarik.

Leihoa paineluaz garbitzen dudanean, lehen bere etxeko leihora azaldu den anderea, orain hume bat besoetan irten da kaiarantza.

Kaian emakume gehiagorekin bildu da. Solas urdurian ari dira, hemendik ai ene solte batzu baino ez dira aditzen.

Alarguntsa bihurtzeko beldurrez –esan du zaharrak haiei begira.

Andereek, humeekin batzu, itsaso ilunerantza luzatzen dituzte begiak, ezer erreperatu gabe.

Zaharraren eta ene arteko solasa itsasoko bizitzarantz lerratzen da eta tristezia doi batez oroitzen ditugu iragan denborak, zeren biok ibili izan gara itsasaldi luzetan eta portu ugari ezagutu ditugu. Ez dut hona ekarri nauen arrazoia batbatean azaldu nahi. Kontrabandoarena. Badakit ene laguna ez dela aspaldidanik itsasoratu.

Hirian istorio izugarri bat kondatzen da, ez dakit egia denentz, eta nik ez dut ezer aipatu, baina basorik baso hurbiltzen gara gai horretara. Emaro ari da euria kristalaren kontra, eta itoginaren hotsarekin batera entzuten dut marinel zaharraren abotsa.

–Hiru ari ginen, bata anaia, bestea semea nuen, eta hirurok. Bale zuri bat hurbildu zela eta hura harrapatu behar genuela otu zitzaigun. Baleagatik baino gehiago, apostu bat egin genuen harpoilari onena nor izan. Bada, txalupan abiatu ginen, eta aisa hatzeman genuen balea, gaisorik zegoelako, hiltzeko hurbildua zen itsas hegira. Harpoiak jaurti genituen, eta azartatu, baina handia zen balea, aldentzeko egiten zuen indarra, ura astintzen zuen, eta bi ordu inguru ihardun genuen hura akabatu arte.

–Guk ere harrapatu genuen behin batean bale bat Irlandako itsasoan –esan dut nik isilune batetan- baina ez genuen lekurik ez astirik garraiatzeko eta bertan bera geratu zen, irla tipi bat bezala urgainean.

Guk eztabaida segitu genuen, balea hiruron artean hil genuenez, nork egin zuen gehiago eztabaidan. Bitartean, zuk diozun bezala, irla tipi lehun bat bezala zegoen animalia. Eta gainean hiru kalatxori, badakizu, ortzea bera bezala beti gainean biraka izaten ditugun xori hoietarik hiru, bale hilaren gainean pausatu ziren. Begira kaioak balearen bizkarrean, esan zuen gutariko batek, ea nor den harpoilari onena. Eta orduan bakoitzak kalatxori bati jaurti genion harpoia, bai onak ginela, kolpatuak, garrasi eten batez erori ziren kalatxoriak itsas zolarantza. Nirea ez, harpoian sartua geraru zen. Soka bildu nuen, eta txori hila harpoitik ateratzean odol epelez lohitu zitzaizkidan eskuak, ondo oroitzen dut, makurtu eta uretan garbitzen nituela, eta burua altzatu nuenerako ekaitz izugarri bat genuea gainean...

Kaian dauden emakumeen abotsak altzatu dira, bafora batzu itzultzen ari direlako. Beren aita, senarra edo semea untzi gainean ezagutu dutenek deihadar alaiez agurtu dituzte. Hurrinera begira geratu da gainerakoen tristura. Haurra besoetan dadukan anderea hantxe dago, isilik eta olatuak handiaren handiz lehertuaz datozeneko alderantza begira.

–Ekaitz izugarria –segitu du marinel zaharrak kondatzen–, gure txalupa paperezkoa bailitzen desegin zen, orduantxe hil zen anaia, igerian ere ez bait zekien, semea eta biok ozta ozta iritsi ginen hemendik hurbil dagoen hondartza batetaraino.

Zurrutada luzetan edaten du, edateko azkenaurreko aukera bailuen, bizar zurian behera isuri zaizkion tantak beste eskuaz zapaldu ditu, eta edalontziaren zolarantz begira geratzen da, sekreturen bat edo gutienez laztanen bat bilatu nahian bezala.

–Hirian ere entzun dut zuen istorioa –esan dut– gehiago ez zaretela itsasoratu eta...

Jarraitzen utzi gabe ihardetsi dit.

–Kobardeak garela diote?

Marinel taberna batetan entzun nuela diot, portuko ordu galduetan marinelei itsasoko misterio eta fatuak oroitu eta asmatzea laket zaiela. Ene lagunaren begietan, diamantezko dirdira horretan, gorroto edo, ez dakit, etsipen sakon bat igartzen da. Eta euria leihoko kristalean behera irristatzen da, harlausetan hautsi eta biguntzeko. Ez beldurrak, ez emazteak, ez leiendak, ezin lezakeela ezerk marinela itsasora itzuli gabe lotu, hauxe irakurri dut ene lagunaren begietan. Eta euria da, itsaso asaldatu eta ia beteegi baten gainera.

Sartu dira portura iadanik bafora gehienak, untzi bat bakarrik dago sartzeke, eta andere guti batzu geratu dira kaian. Haur ikaratu bat eskuan eta begi akituak iluntasun hurrin eta sakon batetan galdurik ditu andereak, oraindik, gehienak marinel itzuliekin etxeratu direnean, sutondoko epeltasunean, alkondara eta galtzak lehortzen eskegi eta, senar bizkar zurbil baten babesean senditzen direnean. Batbatean trumoi gotor bat egin du, eta indartu egiten da zaparrada, guardasolak hausten dituela, iluna ilunduaz, esperantzak kolpatuaz. Hutsik geratzen da kaia, ekaitzak okupatua. Ama, bere humetxoa besoan, gure tabernara sartu da, blai, iluna, ogi bustia bezain biguna, artega. Olatuak kaiaren gainean hausten.

–Nor da andere hori? –gadetu diot ene lagunari.

Ia badakit.

–Itzuli ez den untziko baten emaztea –erantzun du.


Š Han izanik hona naiz: Elkar

Š Narrazioak: Elkar