TXILIKU
(OLAIZOLA, Jesus Mari):
Osaba Bin Floren

Euria ari du.

Maria Naparraren ezkaratzean, eskailera-mailetan eserita, hiru lagun daude: Iņazio, Maite eta Tomaxito.

-Hau eguraldi aspergarria! -esan die Iņaziok beste biei-. Euri honek jarraitzen badu, denok lizundu egingo gara.

-Lizundu? -galdetu du Tomaxitok kezkatuta.

Tomaxito da hiru lagunetatik gazteena, eta irudimen bizi-bizia daukanez, erabat ikaratu da.

-Gu lizundu egingo al gara? -galdetu dio Iņaziori beldurtuta.

-Zaude lasai, Tomaxito -esan dio Maitek-, guri ez zaigu ezer gertatuko.

Maite Tomaxitoren arreba da.

Hirukotea Maria Naparraren etxean elkartzen da askotan. Izan ere, Iņazio Garmendi txiki baserrian bizi da, Behorlegi auzoko punta batean, herritik urruti samara, eta Maite eta Tomaxito Hemen hobe izeneko etxetxoan, auzoaren beste puntan. Mariaren etxea erdi parean geratzen zaie, gaur bezalako egun euritsuetan elkartzeko ezin hobeki.

Garmendia txikin bere aitona-amonekin, amona Felisa eta aitona Joxerekin, bizi da Iņazio. Baserrian badira behi batzuk, txahal parea eta Kubala izeneko asto beltz bat. Kubala futbolari baten izena da, eta auzokoek astoari izen hori jarri diote ostikalari trebea delako. Amona Felisak oiloak eta ahateak dauzka oilategian, eta zerri bat zerritegian. Katu bat ere badauka, Mixi. Maiteren eta Tomaxitoren etxean bost pertsona bizi dira: Maite, Tomaxito, ama Teresa, aita Tomas eta osaba Florentino. Aita Tomas zapataria da, eta dendatxo bat dauka herrian. Ama Teresa ere askotan joaten da herriko zapata-dendara zapatak saldu eta denda txukuntzera, eta Maitek zaindu behar izaten du ere neba.

Hemen hobe etxe hori ama Teresaren osaba Florentinok egin zuen, urruti-urrutitik etorri zenean. Bere herrian ez zegoen oso gustura, dirudienez, eta Behorlegira iritsi zenean esan zuen:

-Hemen hobe.

Etxea han bertan egin zuen, hainbeste gustatu zitzaion auzo hartan, eta izena ere halaxe jarri zion: Hemen hobe.

Florentino zapata-konpontzailea izan da beti, nahiz eta orain erretiratuta egon, zahar samarra baita.

-Ez da adinagatik -esan ohi du Florentinok-, baina bista galdu dut, eta ez nuke gauza onik egingo zapatak konpontzeari jarraituko banio.

Tomaxito eta osaba Florentino oso ondo konpontzen dira. Etxeko zaharrena eta gazteena direlako izango da, beharbada. Txakurtxoaren kontuarekin, esate baterako, Florentino izan da Tomaxitoren alde agertu den bakarra.

Tomaxitok txakur bat nahi du, baina etxekoek...

-Esan dizut mila bider ahazteko txakurraren kontu hori -esan ohi dio ama Teresak-. Eta jan itzazu aurrean dituzun porru-patata horiek hoztu aurretik!

Baina Tomaxito ez da horregatik isilik geratuko. Laster baino lehenago hasiko zaio lelo berarekin aitari, arrebari edo osaba Florentinori. Nahiko alferrik, egia esan behar bada, inork ez baitio kasu handirik egiten, eta bateko urea baino bakarrago geratzen da gizagaixoa txakurraren kontu horrekin hasten den bakoitzean.

-Zer gertatzen zaizu, mutiko? -galdetu dio osaba Florentinok Tomaxitori triste ikusi duen batean.

-Jo, osaba... Txakur bat eduki nahi dut. Eta etxe honetan inork ez dit kasurik egiten. Zuri ez zaizkizu txakurrak gustatzen, Maiteri ez zaio batere axola, eta ez dit batere laguntzen ama konbentzitzen, eta amak eta aitak ez dute txakurtxo bat begien aurrean ikusi nahi...

Osaba Florentinori begiak piztu zaizkio. Ideia on bat edo istorio ero bat burura etortzen zaion bakoitzean bezala:

-Beno -esan dio Tomaxitori-, nik ez dizut txakurrik erosiko, baina lagunduko dizut. Ideia bat bururatu zait...


Tomaxitoren "txakurra" eta osaba Florentinoren eroria

Osaba Florentinok bazkal ondorengo lo-kuluxka egiten du egunero. Etxe aurreko etzan-aulkian jarri, zapatak erantzi, oinak aulkitxo baten gainean ipini, urdaila eta sabela oihaltxo batekin estali, eta lasai asko geratzen da lo.

Gaur Tomaxito dauka alboan, arrunt serio, osaba noiz esnatuko zain; eta esnatu denean, biak berriketan aritu dira txutxu-mutxuka:

-Zuk zertarako nahi duzu txakurtxo bat? -galdetu dio osabak Tomaxitori.

-Zertarako? Jolasteko! Nire laguna izan dadin. Paseatzeko...

-Eta txakurra izan behar al du nahi eta nahi ez?

Harrituta geratu da Tomaxito osabaren galderarekin.

-Txakurra? Jendeak txakurrak ehizarako edukitzen ditu, eta etxeak zaintzeko. Eta baita paseatzeko ere. Eta norbaitek lagun bat nahi duenean, txakur bat erosten du.

-Eta zure lagun izateko txakurra izan behar al du nahi eta nahi ez? Ez ote dago zure lagun izan daitekeen beste animaliarik?

-Beste animalia?

-Bai, beste animalia bat. Katua, oiloa, aharia, azeria, muskerra...

-Beste animalia bat! Banoa berehala Garmendi txikira!

-Zaude, zaude, zaude... -esan dio osaba Florentinok-. Animalia hori lotzeko uhalen bat beharko duzu, bada...

-Arrazoi duzu, osaba.

-Neuk egingo dizut bat.

Osaba Florentino bezalako zapata-konpontzaile batentzat gauza erraza da uhaltxo bat egitea. Denbora asko baino lehen Tomaxitok han du bere uhala, lau edo bost zulorekin, sandalia batena bezala, animaliaren lepora egokitzeko moduan. Eta uhalaren erdian letoizko eraztun bat handik listaria edo soka erantsi eta animalia paseatzera eraman ahal izateko.

Tomaxito urduri dago.

-Amona Felisarekin hitz egin behar dut, amona Felisarekin hitz egin behar dut! -errepikatzen du behin eta berriro.

Amona Felisa eta Iņazio oiloentzat janaria prestatzen ari dira Tomaxito iritsi denean.

-Iņazioren bila etorri al zara? -galdetu dio amona Felisak-. Itxaron ezazu apurtxo bat oiloak gobernatzen ditugun bitartean, eta gero joango da zurekin.

-Ni ere zuekin joango naiz oilategira -esan dio Tomaxitok amona Felisari-. Gauza bat eskatu nahi dizut.

Tomaxitori asko kostatu zaio zer nahi duen esplikatzea, baina azkenean honela esan dio amona Felisari:

-Ahate zuri dotore bat nahi dut paseatzera eramateko. Hango hura, burua harro-harro eginda dabilen hura. Ni etorriko naiz noizbehinka, eskatuko dizut baimena, jarriko diot uhala lepoan, eta paseatzera eramango dut.

Amona Felisa erabat harrituta dago, baina ez dio ezetzik esan.

-Oso ondo zainduko dut. Ogi mamia emango diot jateko. Eta baratze ertzean harrapatzen ditudan barraskiloak. Badakit asko gustatzen zaizkiola.

Tomaxitok uhaltxoa erakutsi dio amona Felisari, eta honek barre egin du.

-Ea jartzen diozun!

Tomaxitori kostatu egin zaio ahate harroxkoari uhala jartzea, baina lortu du azkenean.

-Hau izango da nire animalia-laguna. Nire "txakurtxoa". Petronila deituko diot.

Batzuentzat gauza harrigarria izan daiteke ahate bat paseatzen ikustea, baina Behorlegi auzoan gauza arraroak gertatzen dira zenbaitetan, lainoa dagoenean batik bat. Gaur, esaterako, laino trinkoa dago, eta osaba Florentino erortzeaz gain, gauza arraroak gertatzen hasi dira...

Osaba Florentinok egunero jaisten ditu etxeko eskailerak, kaleko ateraino joaten da, eta etxe aurreko kaxa luzetik ogizaleak utzitako ogiak jasotzen ditu. Osaba Florentinori gosaria ogi berriarekin egitea gustatzen zaio.

Gaur ere gauza bera egin nahi zuen. Ikusi du behe lainoa zegoela oraindik, baina ez dio kasurik egin Teresaren deiari:

-Ez zaitez etxetik irten, nik ekarriko dizkizut ogiak!

Eta presaren presaz, ahaztu egin zaio eskuko makila hartzea, hankak trabatu egin zaizkio, eta eskaileretan behera erori da.

-Ene bada! -egin du deiadar handi bat, eta etxe barrukoek oihua, zalaparta eta kolpea entzun dituzte kanpoan.

-Ene Jainkoa! Jesus, Maria eta Jose! Zer duzu, osaba? -egin du oihu Teresak kanpora irten eta osaba Florentino lurrean etzanda ikusi duenean.

Maite eta Tomaxito ere berehala irten dira etxetik, eta osaba Florentino lurrean etzanda ikusi dute, kordea galduta.

-Gaixoa! -esan du neskak.

-Hil egin al da? -galdetu du Tomaxitok.

-Zoazte indianoaren etxera eta deitu on Ebaristori. Esan osaba erori egin dela eta kordea galduta dagoela...

Maite eta Tomaxito txistu batean abiatu dira indianoaren etxera. Indianoaren etxea auzoko etxe dotoreena da, eta Maria Naparraren etxea baino urrutixeago dago. Etxe horretan dago auzoko telefono bakarra. Horregatik deitzen diote telefonoko etxea. Etxeko neskamea irten zaie atera, eta jakin duenean zer gertatu den, berehala deitu dio on Ebaristo sendagileari.

Maite eta Tomaxito beren etxera itzuli direnean, han ikusi dute kafearen eta esnearen koloreak dituen on Ebaristoren autotxoa.

-Kolpe handia hartu du -esan du sendagileak.

Eskumuturrean pultsurik duen ikusi, bihotza ondo dabilkion begiratu, buruan daukan kolpea bendatu eta sudurraren azpian usain sarkorreko botilatxoa jarri dio.

Osaba Florentinok ireki ditu begiak, eta harrituta begiratu dio munduari.

-Non nago? -galdetu du.

-Erori egin zara, osaba, eta kordea galdu duzu -esan dio Teresak-. Orain ohera eramango zaitugu.

-Neure kasa ohera joateko gai naiz! -esan du osaba Florentinok, baina eskailera barrenetik jaikitzen hasi denean, ama Teresak lagundu behar izan dio, burua bueltaka hasi baitzaio osaba gizarajoari.

Sendagileak errezeta-paperak atera ditu bere maletatxotik, eta paper batean zirriborro batzuk idatzi ondoren, esan dio Teresari:

-Buruko min handiak badauzka, eman horrelako bat sei ordutik behin. Eta egon dadila ohetik mugitu gabe berrogeita zortzi ordu gutxienez...

Sendagileak buruan jarri dizkion bendak turbante baten antzera geratu zaizkio osaba Florentinori, eta sarrerako gelako ispiluan bere burua ikusi duenean esan du, erreberentzia bat eginez:

-Ala handia da, Ala Jainko bakarra da, eta Muhamed da Alaren igarlea!

-Zer esaten ari zara, gizona? -galdetu dio ama Teresak erabat ikaratuta.

-Osaba Florentino! -esan dio Tomaxitok harrituta, zer gertatzen ari den asmatu ezinik.

-Osaba Florentino? Niri ez deitu horrela gehiago, horregatik! Ni ez naiz osaba Florentino, ni osaba Bin Floren naiz, Bagdadeko Abu Nuas ipuin-kontalari ospetsuaren adiskide kuttuna.


Harun ar-Rashid

Ama Teresa oso kezkatuta dago osaba Florentinorekin.

-Eskaileretan erori zenetik burua arindu egin zaio gaixoari -esan dio bere senarrari eguerdian etxera etorri denean-. Ez dakit zer egin. Bendak buruan ikusi dituenean Bagdadeko ipuin-kontalaria edo horrelako zerbait dela sinetsi du, eta hor dabil bazterrak endredatu beharrean. Umeei esan die osaba Bin Floren deitzeko... Ez dakit zer egin oraintxe...

-Zaude lasai, Teresa. Buruan kolpe handia hartu du, eta oraindik ez da ere onera etorri. Emaiozu denbora, ikusiko duzu nola pasako zaion dena.

-Pasako zaiola? Ez dakit, bada, ez dakit...

Bazkariarekin joan denean, Teresak ohean eserita bilatu du osaba Florentino, lasai jarrita burko artean. Abu Nuasen eta Harun ar-Rashiden lagun mina dela esaten ari zaio Tomaxitori.

-Tira, orain alde hemendik, osabak deskantsatu egin behar du eta -esan dio amak Tomaxitori-. Bazkalordukoa egiten duenean etorriko zarete osaba zaintzera.

-Hori denbora luzeegia da, ama! -kexatu da Tomaxito.

-Tira, alde hemendik, maitea. Utzi osabari deskantsatzen.


Š Jesus Mari Olaizola Txiliku, Osaba Bin Floren, Elkar, 2004.