URIBE, Kirmen:
Bitartean heldu eskutik

Ibaia

Garai batean ibaia zen hemen
baldosak eta bankuak dauden tokian.
Dozena bat ibai baino gehiago daude hiriaren azpian,
zaharrenei kasu eginez gero.
Orain langile auzo bateko plaza besterik ez da.
Eta hiru makal dira ibaiak hor
azpian jarraitzen duen seinale bakar.

Denok dugu barruan uhola dakarren ibai estali bat.
Ez badira beldurrak, damuak dira.
Ez badira zalantzak, ezinak.

Mendebal haizeak astintzen ditu makalak.
Nekez egiten du oinez jendeak.
Laugarren pisuan emakume nagusi bat
leihotik arropak botatzen ari da:
alkandora beltza bota du eta gona koadroduna
eta zetazko zapi horia eta galtzerdiak
eta herritik iritsi zen neguko egun hartan
soinean zeramatzan txarolezko zapata zuribeltzak.
Hegabera izoztuak ematen zuten bere oinek elurretan.

Haurrak arropen atzetik joan dira arineketan.
Ezkontzako soinekoa atera du azkenik,
makal batean pausatu da baldar,
txori pisegi bat balitz bezala.

Zarata handi bat entzun da. Izutu egin dira oinezkoak.
Haizeak errotik atera du makaletako bat.
Zuhaitzaren erroek emakume nagusi baten eskua dirudite,
beste esku batek noiz laztanduko zain.

ŠUribe, Kirmen. Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001).





Irla

Horixe da zoriona,
orduka lan egiten den behargina.

Anne Sexton

Igandea da hondartzan asmo oneko jendearentzat.
Hango harrabots urruna entzuten da irlatik.

Uretara sartu gara biluzik,
anemonak, trikuak, barbarinak ikusi ditugu hondoan.
Begira, haizeak garia bezala mugitzen du urak hondarra.
Urpera sartu eta azpitik begiratu zaitut.
Atsegin dut esku eta zangoen mugimendu geldoa,
atsegin sabelpeak itsasbelarren forma hartzean.

Lehorrera igo gara. Bero da eta itzal egiten dute pinuek.
Gaziak dira zure besoak, gazia bularra, sabela gazia.
Ilargia itsasoarekin lotzen den indar berak
lotu gaitu geu ere.
Mendeak segundo bihurtu dira eta segundoak mende.
Udare zurituak gure gorputzak.

Anemonak, trikuak, barbarinak ikusi ditugu hondoan.
Igandea da hondartzan asmo oneko jendearentzat.

ŠUribe, Kirmen. Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001).





Bisita

Heroina larrua jotzea bezain gozoa zela
esaten zuen garai batean.

Medikuek esaten dute okerrera ez duela egin,
eguna joan eguna etorri, eta lasai hartzeko.
Hilabetea da berriro esnatu ez dela
azken ebakuntzaz geroztik.

Hala ere egunero egiten diogu bisita
Arreta Intentsiboko Unitateko seigarren kutxara.
Aurreko oheko gaisoa negar batean aurkitu dugu gaur,
inor ez zaiola bisitara agertu diotso erizainari.

Hilabetea arrebaren hitzik entzun ez dugula.
Ez dut lehen bezala bizitza osoa aurretik ikusten,
esaten zigun,
ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,
maitasun keinu bat besterik ez.

Amak eta biok soilik hitz egiten diogu.
Anaiak lehen ez zion gauza handirik esaten,
orain ez da agertu ere egiten.
Aita atean geratzen da, isilik.

Ez dut gauez lorik egiten, esaten zigun arrebak,
beldur diot loak hartzeari, beldur amesgaiztoei.
Orratzek min egiten didate eta hotz naiz,
hotza zabaltzen dit sueroak zainetan zehar.

Gorputz ustel honi ihes egingo banio.

Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun,
ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,
maitasun keinu bat besterik ez.

ŠUribe, Kirmen. Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001).





Saguzarra

Saguzar bat dut sabelean.
Zure osin lohitik jaio da, salamandrak bezala.
Nire barruko horma arrosetan egiten du lo,
eta lodituz doala nabari dut egunez egun.
Esnatu egiten da gauez
Pentsamenduak iluntzen zaizkidanean.
Eta bira eta bira egiten du hegaz, txilioka.

Mugi ditzaket besoak,
mugi ditzaket zangoak,
baina ez naiz sabeleko giharren jabe.
Saguzarra kanporatzeko nire garuna ez da nor.

Gela zuri batera eramanda
xurgagailu bat sartu didate barrenak husteko.
Orain brontzezko irudi bat naiz parkean,
huts-hutsik eta geldirik.
Lasaiago nago
negar egiteko.

ŠUribe, Kirmen. Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001).





Teknologia

Aitonak ez zekien irakurtzen,
ez zekien idazten. Hala ere kontalari

ezaguna zen herrian. Berak pizten zituen,
haurrez inguraturik, sanjuan suak.

Aitaren kaligrafia etzana zen, jantzia.
Doiki ehuntzen zuen papera,

arbela zizelatuko balu bezala.
Mahaian dut soldaduskatik igorritako postala:

"Yo bien, tú bien,
mándame cien".

Gure sasoian mezu elektronikoak
bidaltzen dizkiogu elkarri.

Hiru belaunalditan, egia da,
idazketaren historia luzea igaro dugu.

Dena den, kezkak, beldurrak
beti-betikoak dira, eta izango:

"Yo bien, tú bien...".

ŠUribe, Kirmen. Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001).





Arima gaiztoak

Amaren amona hartu dut gogoan.
Bazuen arima errarien berri.
Bazekien, goizean suaren hausterreei erreparatuz gero
gauez arima gaiztoak ala parte onekoak ibili ziren.

Behin, baltseotik bueltan,
etxetik kanpo aurkitu zuten amak eta ahizpek.
Etxera ez sartzeko agindu zien,
kamisola soinean eta argizaria eskuan,
han barruan arima gaiztoren bat zebilelako.

Oheko maindireei erreparatu diet goizean.
Zure usaina darie eta zure zainetako ur arrastoak dituzte.
Zure arimaren aztarnak.

Gaiztoa ala parte onekoa zen ez dakit.
Horregatik, erritu zaharrak artoski errepikatuz,
Bart entzun genuen musika jarri dut berriro,
eta ohera sartu ezari-ezarian.
maindireak estutu ditut nire kontra,
azala laztandu,
eta gogora ekarri ostera ere, bata bestearen atzetik,
bart gaueko mugimendu oro.

Izan dut zure arimaren berri.
Zalantzarik gabe, gazto horietakoa da.

ŠUribe, Kirmen. Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001).





Sagarrak

Homerok hitz bakarra zerabilen
gorputza eta azala izendatzeko.
Safok lagunen bularretan hartzen zuen lo.
Etxeparek emazte biluzgorriekin egiten zuen amets.

Aspaldi isildu ziren denak.

Gaur badirudi perfektuak izan behar dugula ohean ere,
supermerkatuko sagar gorri horiek bezala,
perfektuegiak.
Larregi eskatzen diogu geure buruari
eta norberaz, ondokoaz
espero duguna ez da ia sekula gertatzen.
Legeak bestelakoak dira gorputzak korapilatzean.

Homerok hitz bakarra zerabilen
gorputza eta azala izendatzeko.
Safok lagunen bularretan hartzen zuen lo.
Etxeparek emazte biluzgorriekin egiten zuen amets.

Gogoan dut oraindik
elkarri besarkatuta lo egiten genuen garaia,
tigrekume ikaratiak gu, gaubeilan.

ŠUribe, Kirmen. Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001).





Bidaia kaiera: Bhutan

Ahiturik iritsi dira turistak bordara.
Malkartsua izan da mendi arteko bide luzea.
Afari beroa paratu die etxeko nagusiak.
Leihoan ilargi betea, Himalaiako gailur zuriak.

Turistetako batek besteari:
"Oraindik ez dute jakingo menturaz
gizakia ilargian egon denik ere".
Etxeko nagusiari kontatu dio konkista.

Pentsakor jarri da bhutandarra. Ez du, ordea,
harridura eta miresmen keinurik adierazi.

Apal ihardetsi die begitartea zimurtuz:
"Eta zenbat sherpa behar izan zituzten
ura hara goraino eramateko?".

ŠUribe, Kirmen. Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001).





Ezin esan

Ezin da esan Libertatea, ezin da esan Berdintasuna,
ezin da esan Anaitasuna, ezin esan.
Ez zuhaitz ez erreka ez bihotz.
Ahaztu egin da antzinako legea.

Uholak eraman du hitzen eta gauzen arteko zubia.
Ezin zaio esan tiranoak erabaki irizten dionari heriotza.
Ezin da esan norbait falta dugunean,
oroitzapen txikienak odolusten gaituenean.

Inperfektua da hizkuntza, higatu egin dira zeinuak
errotarri zaharrak bezala, ibiliaren ibiliz. Horregatik,

ezin da esan Maitasuna, ezin da esan Edertasuna,
ezin da esan Elkartasuna, ezin esan.
Ez zuhaitz ez erreka ez bihotz.
Ahaztu egin da antzinako legea.

Alabaina "ene maitea" zure ahotik entzutean
aitor dut zirrara eragiten didala,
dela egia, dela gezurra.

ŠUribe, Kirmen. Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001).





Arrotza

Ez dakit noiztik izan zen, ezin dizut esan.
Duela hilabete bat jabetu nintzen eta
gauero gertatu zen geroztik.

Kontu handiz egiten nituen egiteko denak,
autoa ohiko toki seguruan utzi,
ateak ondo itxita zeudela ziurtatu. Baina alferrik.

Biharamunean zabalik aurkituko nuen.
Hasieran autoa beste auzo batzuetan
uztea deliberatu nuen. Alferrik.

Zabalik aurkitzen nuen. Agi denean,
norbaitek lo egiten zuen barruan.
Eta haren usainarekin joaten nintzen lanera.

Gero pentsat nuen, lo besterik egiten ez bazuen
ez zela hainbesterako. Azken batean,
ez zuen autoa lapurtzen. Areago,

atsegin zitzaidan urruneko lurrin hura.
Nongoa ote zen galdetzen nion neure buruari,
nolakoa, beltza ala ezti kolorekoa.

Lore bat utzi nion behin. Hartu egin zuen.
Hurrengo egunean, mezu bat utzi nion.
Alferrik. Ez da geroztik agertu.

ŠUribe, Kirmen. Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001).





Urrezko eraztuna

Aitak itsasoan galdu zuen ezkontzako eraztuna. Marinel
guztiek bezala, kendu egiten zuen hatzetik eta lepokoan jarri,
sarea largatzean hatza gal ez zezan.

Handik marea batzuetara izebak, legatz batzuk garbitzen
ari zelarik, urrezko eraztun bat aurkitu zuen arrainetako
baten sabelean.
Eraztuna garbitu, eta grabatuta zituen letra eta zenbakiei
jarri zien arreta. Gezurra zirudien arren, gurasoen ezkontza
eguna ematen zuten aditzera datak eta inizialek.
Itxura guztien arabera, aitak berak harrapatu zuen
eraztuna jan zion legatz hura. Itsasork zabalenean.

Udako gau bareak barruko haizea dakar eta oroitzapenak.
Kasualitateak orbita zabal-zabaleko planetak direla otu
zait zeruari begira.
Behin edo behin ageri dira bakarrik.

Eraztunarena kasualitate handiegia da. Baina ez du
axola. Inportanteena orain hauxe da: urte askoan
eraztunaren istorio hori sinesgarri egin zitzaiela gure haur
adimen txikiei.

Gauez, itsasoak legatz baten distira du.
Izarrek salto egiten dute ezkaten antzera.

ŠUribe, Kirmen. Mientras tanto dame la mano (Visor, 2002).





Maiatza

Utzi begietara begiratzen.
Nola zauden jakin nahi dut
.
Rainer W. Fassbinder

Begira, sartu da maiatza,
Zabaldu d bere betazal urdina portuan.
Erdu, aspaldian ez dut zure berri izan,
Ikarati zabiltza, ito ditugun katakumeak bezala.
Erdu eta egingo dugu berba betiko kontuez,
Atsegin izatearen balioaz,
Zalantzekin moldatu beharraz,
Barruan ditugun zuloak nola bete.
Erdu, sentitu goiza aurpegian,
Goibel gaudenean dena iruditzen zaigu ospel,
Adoretsu gaudenean, atzera, papurtu egiten da mundua.
Denok gordetzen dugu betiko besteren alde ezkutu bat,
Dela sekretua, dela akatsa, dela keinua.
Erdu eta larrutuko ditugu irabazleak,
Zubitik jauzi egin geure buruaz barre.
Isilik begiratuko diegu portuko garabiei,
Elkarrekin isilik egotea baita
Adiskidetasunaren frogarik behinena.
Erdu nirekin, herriz aldatu nahi dut,
Nire gorputz hau albo batera utzi
Eta maskor batean zurekin sartu,
Gure txikitasunarekin, mangolinoak bezala.
Erdu, zure zain nago,
Duela urtebete etendako istorioa jarraituko dugu,
Ibai ondoko urki zuriek uztai bat gehiago ez balute bezala.

ŠUribe, Kirmen. Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001).