URKIXO, Joanes:
Gerlari zuria

Fionn errekaren ertzean gelditu zen eta arretaz aztertu zuen ingurua: bidea uren ildo sakoneraino jaitsi eta beste aldera igarotzen zen. Inork segada bat jarri bazion, ezin egokiagoa zen eremu hura, ur azalekoaz eta harriz josia.

Zenbait metro harago, ozta-ozta antzematen zen harizti baten bazterra goizaldeko erreka-laino lodien artean. Segur aski hantxe egongo ziren, beraren zain zelatan. Baina ez zuen ihes egiteko asmorik. Hortaz, bere oin hutsetan hezetasunaren hozmina nabarituz, abian jarri eta errekarantz jaitsi zen.

Uraren hotzak min bizia ematen bazion ere, Fionn astiro joan zen, oinak harrien gainean irristatuz, edozein ezustekoari erne.

Lehorrera iristeko azken urratsa harkaitz laun eta txabal bat zen. Arretaz zapaldu bazuen ere, pixka bat kulunka egiten zuela sentitu zuen, inguruko harriak astinduz. Pentsatzeko astirik gabe, Fionnek jauzi egin zuen aurrerantz, bere baitan jira eginez aldi berean. Orduantxe, ezten zorrotz bat sortu zen uretatik eta airea jo zuen lehentxeago bere oina egondako tokian.

Ur ertzetik, hortzak estutu zituen Fionnek tranpari begira. Gero baso aldera itzuli eta, ukabila altxatuz, oihu egin zuen:

-Oiloak halakoak! Erakutsi buruak, ausartzen bazarete!

Hamalau urte bete berritan, edozein gerlari nagusi bezain indartsua zen Fionn, eta bere ile luzearen artetik ageri zitzaizkion begietan kemena eta ausardia islatzen ziren. Egunsentiko hotzarekin ere, praka ilunak beste jantzirik ez zeraman, inolako klanen kolorerik gabe.

Bere amorruari eutsi ezinik, basoaren ertzeraino hurbildu zen eta begi bistan zeukana arakatu zuen. Irlandar baso guztiak bezala, ez zen oso zarratua eta muino baten magalean hazten zen, haize-babesean. Han-hemenka, argituz zihoan behelainoaren adarretan, gune arriskutsuak kokatu zituen: orbel sarria, zenbait sastraka, gizon bat ezkutatu ahal zuten harkaitz handiak? Gero aurrera egin zuen kontuz eta arretaz, edozein seinaleri begira, nahiz eta zarata bakarra belarrietan joka ari zitzaion odolarena izan.

Bat-batean, metalezko errainu bat antzeman zuen aurrerago. Ezkutu biribil distiratsu bat zegoen zuhaitz baten enborretik zintzilik; azalean lau beso biribilen zeltiar espirala zeukan grabatuta, bere klanaren sinboloa. Huraxe zen bere helburua! Hari helduz gero, kontu guztia amaituko zen!

Urrats batzuk egin zituen aurrera. Gertuagotik, argi ikus zezakeen zuhaitzaren aurrean hedatzen zen hosto eta adarrezko geruza.

"Bai bitxia", pentsatu zuen, "hosto berdeak ez dira zuhaitzetik erortzen, inork ez badie laguntzen". Irribarrez, adar luze eta lodi bat bilatu zuen eta, bi eskuez sendo eutsirik, arineketan hasi zen zuhaitzerantz. Hostoetara heltzean adarra lurrean jarri eta, haren laguntzaz, bultzada hartu zuen, gainetik saltatzean hostoak hondoratu egingo zirelakoan. Aitzitik, lurrak bertan jarraitu zuen, eta hegan zihoalarik bere okerraz jabetu zen: segada ez zegoen hosto berdeen azpian, aurrerago baizik, bera erortzera zihoan tokian bertan hain zuzen.

Hausnartzeko astirik gabe, makila askatu zuen eta ozta-ozta eutsi zion zuhaitzaren adar bati. Makilak, berriz, lurra jotzean harri zorrotzez betetako zulo bat zabaldu zuen. Fionn, aransa lasaiago hartuz, atzera eta aurrera kulunkatzen hasi zen handik irten ahal izateko.

Halako batean, basoa bizira etorri zen. Orbel lehorretik gerlari bat altxatu eta berarenganantz oldartu zen, garrasika eta ezpata airean astinduz. Begi ertzean zeukan orbanak itxura beldurgarria ematen zion, eta jantzien gris-gorri koloreek adierazten zuten Irlandako klan printzipalenetako bateko kidea zela, biscayne klanekoa, alegia.

Harago, beste bi gerlari azaldu ziren sasien artetik, asmo eta kolore berdinak erakutsiz.

Kinka larrian zegoen Fionn, baina ez zuen sen ona galdu: kulunkatzeari utzi gabe, lehenengo gerlaria metro pare batera egon arte itxaron zuen; orduan itzuli oso bat egin zuen adarraren inguruan eta, etsaiaren bizkar aldetik buelta eginez, ostikada bortitz bat eman zion eta zulo barrura bidali zuen muturrez.

Gerlaria, harrien kontra hartutako kolpe latzagatik, aieneka eta biraoka ari zen bitartean, Fionn lurrera saltatu eta hark galdutako ezpataz jabetu zen. Bazeukan arma bat, orain ezkutua besterik ez zuen falta... nahiz eta, oztopa bat barik, bi oztopo gainditu behar zituen hura erdiesteko: beste bi gerlariak, ondo armatuta eta bera geldiarazteko prest zeudenak.

-Zatoz hona, umegorritxo hori -gonbita egin zion haietako batek, ile nahaspilatua zeukan gizon tantai batek, hortzak basakeriaz erakutsiz-. Zurekin dantza egin nahi dut, ho, ho, ho...!

Fionn ez zen larritu eta hirugarren gerlaria, gizon ilehori, argal eta zaintsua, neurtu zuen. Harenganantz inguratu zen erraldoiari jaramonik egin gabe, nahiz eta hau, burlati, barrezka eta arkume baten antzera beeka hasi zitzaion. Ezpatak elkar jotzeko zorian zedenean, baina, Fionnek buelta erdia egin zuen ziztuan eta erraldoia ustekabean harrapatu zuen. Bere harriduran, gerlari handikotea nekez moldatu zen ezkutarekin Fionnen zartadak gelditzeko, aldi berean zuhaitzetik urruntzen zela, atzeraka.

Hasierako txundidura gaindituta, gerlari ilehoriak ere bizkarretik eraso zion, baina Fionn zain zegoen eta atzerantz egindako ostikada batez lurrean eserita utzi zuen. Azkar batean harengana bihurtu eta, erreakziorako betarik eman gabe, beste ostikada bat jo zion saihetsean eta zulora bidali zuen, aurreneko gerlariaren lagunartera.

Ezpata berria jaso ondoren, Fionn konturatu zen gerlari handiak ezkutura iristeko bidea oztopatzen ziola berriro.

-Et, et, gure mukitsuak bi ezpata behar ditu, ala? -esan zion hark burlati. -Et, et -imitatu zuen Fionnek, lasaitasuna galdu gabe-, gure handitzarrak ezkutua behar du mukitsuaren aurka borrokatzeko, ala?

Erraldoiak, une batez hausnartu ondoren, bazterrera jaurtiki zuen bere ezkutua.

-Azkarra zara gero, gaztetxo.

-Aitari ikasi dio eta -erantzun Fionnek, bigarren ezpata urrutira bidaliz.

-Bai ote? Ea, bada, borrokatzen ere ikasi diozun! -orro egin zuen handikoteak, Fionnengana indarrez kargatzen zuen bitartean.

Gazteak aurreneko zartada gelditu zuen, eta segidan gorputza atzerantz makurtu zuen bigarrenari ixkin egiteko. Metalezko oihartzunak eta gizonezkoen arnasestuak basoaz jabetu eta maldan gora igo ziren narraska, laino adarrekin batera. Muinoaren tontorrean, hiru lagun zeuden basoko borrokaren gorabeherak ikusteko ahaleginak egiten, alferrik egin ere. Mael, druida mirrin luzanga, elurraren zurizko mantua eta bizar murritza zeramatzana, dar-dar batean zegoen kolpe hotsen eraginez, Oisin hamar urteko mutikoaren sorbaldan eskua jarrita. Beraien oinetan, Bran artzanorak hotsaren alderantz tentetuta zeuzkan belarriak, aldian kilikazko "guau" bat, aldian txundidurazko "bof" bat egiten zuelarik.

-Hauxe bai asperdura, ez da piperrik ikusten! -bota zuen Oisinek gogaituta-. Hala, Mael, hurbilago jarriko gara.

Abian jartzeko keinua egin zuen, baina Maelen eskuan bertan geldiarazi zuen.

-Geldi hor, Oisin. Borroka betean ari direla, zeharo debekatuta dago baso sakratura sartzea? -esan zuen druidak ahots txistukariaz, eta ondoren erantsi zuen, dardarka-: Gaitz erdi!

Baso barrenean, Fionnek eta gerlari handiak jo eta ke ziharduten zuloaren inguruan, inork abantailarik hartzen ez zuela. Noizean behin, beste gerlarietako batek tranpatik irteteko ahalegina egiten zuen, baina Fionnek burua zapaldu eta ostera bidaltzen zuen zulora. Gaztearen estrategia sinplea zen: etengabean borrokan jarrituz gero, handikoteak pisu handiagoa zuenez, arinago nekatuko zela itxaroten zuen.

Baita halaxe gertatu ere: erraldoiaren arnasketa estutzen hasi zen laster eta bekokia izerdiz busti zitzaion. Biek ondotxo zekiten amaiera gertu zegoela, eta atseden labur bat hartu zuten.

Arnasa baretu bezain laster, erraldoiak itsu-itsuan eraso zion, baina Fionn zoli zegoen eta, burua albo batera botatzearekin batera, hankak luzatu zituen traba egiteko. Etsaia estropezu eginda ahuspez jausi zen, eta hantxe gelditu zen zirkinik egin gabe. Astirik galdu gabe, Fionnek zutik jarri, zuhaitzera lasterka hurbildu eta ezkutua hartu zuen.

-Badaukat! Lortu dut! -oihu egin zuen, ezkutua altxatuz.

Gerlari handia mugitzen ez zela ikusita, haren aldamenera inguratu zen, jakinguraz. Zuloaren barruan, beste bi gerlariek buruak luzatu zituzten, kezkatu itxuraz. Fionnek, makurtuta, sorbalda astindu zion.

-Epa, handitzarra, ondo al gaude?

Fionnek erreakziorako aukerarik izan aurretik, gerlariak beso bat jaso, gaztea eraitsi eta, haren gainean jarri ondoren, belaunez blokeatu zuen. Une batez biek adi-adi begiratu zioten elkarri eta denbora ere gelditu egin zela zirudien. Baina orduan erraldoiak Fionnen ilea nahasteari ekin zion, barre-algaraka hasten zen bitartean.

-Ha, ha, ha, lortu duzu, lortu duzu! -eta erantsi zuen, zulo barruko adiskideei begira-: Entzun al duzue? Nire semeak ezkutua lortu du!

Tranpan eroritako gerlariak ere barrez hasi ziren, elkarren sorbaldak indarrez joka. Gero, orbana zeukan gerlariak, Rory Mor izenekoak, eskua luzatu zuen erraldoiaren laguntza eskatuz.

-Tira, Cumhail, atera nazazu hemendik behingoz! Zulo honetan erbia bezala sentitzen naiz eta!

-Eta ez al daukazu ipurdiko mina, Rory Mor? -iseka egin zion besteak, Cormac errubioak, barre zantzoa eginez.

Rory Mor haserretu egin zitzaion.

-Bada, zuk, Cormac, hobe duzu ez inori esan zahagi baten moduan erori zarela zulora. -Zahagia, ni? Grr...! -marmar egin zuen Cormacek besoak hazta eginda.

Bi gerlariek elkar neurtu zuten amorru aurpegiz, harik eta Cumhailek eztabaida eten zuen arte, zorrozki:

-Inori bururatzen baldin bazaio nire semearen ospakizuna izorratzea, neronek konponduko dut!

Eskua bi gerlarien artean sartu zuen, eta honek liskarraren arriskua ezabatu zuen. Laster, Rory Mor eta Cormac tranpatik irten ziren eta Fionn modu egokian zoriontzeko aukera izan zuten, honek eman zizkien ostikadengatik protesta egitea ahaztu gabe.

-Hori ez da batere ondo egon, mutiko, ia-ia zure osabak gara eta -ziotsaten, erdi txantxetan-. Ederra egin diguzu, herriko guztien adar jotzeak jasan beharko ditugu orain.

Une horretan Oisin eta Bran heldu ziren, deiadarka aurrena eta zaunka alaian bigarrena, tarte batera Mael segika zetorkiela, nahigabe handiz besoak astinduz.

-Oisin, gazte, ibil astiroago! Mina hartuko duzu, gero!

Baina, gaztearekin arduratuta, harri bat jo zuen eta minaren minaz kexaka eta uluka hasi zen. Jaramonik egin gabe, Oisin eta Bran Fionnen gainera etorri ziren eta hirurak lurrean iraulkatu ziren zarata handiz.

-Anaiatxo, ikusi al duzu borroka? ?galdetu zion Fionnek Oisini, Branek aurpegia miazkatzen zion bitartean.

-Bai zera! Mael kakati horrek ez dit utzi hurbilago jartzen -kexatu zen Oisin.

Une hartan Mael iritsi zen, herrenka eta ikara aurpegian.

-Oina hautsi dut! Lagundu, anaiak, lagundu zuen druida gaixo hau!

-Erabil ezazu zeure sendagai horietako bat -esan zion Cumhailek burlati.

-Hala egingo balu, oina zatika-zatika galduko luke -Cormacek erantzun, eta barreari eman zion.



ŠUrkixo, Joanes. Gerlari zuria, Elkarlanean, Donostia, 2003.