URRETABIZKAIA, Arantxa:
Koaderno gorria

Erein, 1998.


L-k gurutze gorri txiki bat jartzen du Caracaseko mapan, umeen bizilekuan. Auzoa hegoaldean dago, hego-ekialdean, hain zuzen, hoteleraino egin behar izan duen bideak besterik adierazi nahi bazion ere.

Berandu da, afaltzeko ordua, baina ez du goserik. Galtzak kendu ditu eta elastiko hutsean dago. Usaintzen ditu besapeak eta kamiseta burutik ateratzen du. Armario barruan, oraindik, lehengo eguneko txanbra eta gona daude, besterik ez. Bainurako keinua egiten du, baina ohean etzaten da azkenean, gelako krisketa itxita dagoela egiaztatu ondoren. Ohe ondoko mahai txikitik koadernoa hartu eta sabel biluziaren gainean jartzen duenean nabaritzen du azala hezea duela. Koadernoa handik kendu eta maindireetan uzten du. Idatzi nahiko luke, baina ez du zer kontaturik, ez bada umeek musu eman diotela aitari ea lortua duela helbidea. Ez zaio aski aitzakia iruditzen. Istant batez pasatzen zaio burutik lehengo eskutitza bidali zuen helbide berean laguntza eska dezakeela, mesedez, bakarrik nago eta etxetik urrun, edo antzeko zerbait baina pentsakizunak ez du aurrera egiten. Han gelditu da, beti irakiten ari den Caracaseko aire lodian zintzilik. Berritsua izan da betidanik, edo hori esan diote txiki-txikitatik, eta arrazoi izango zuten, momentu horretan hori baita sumatzen duen premia nagusia, berriketan egiteko norbait.

Koadernoa hatu eta berri irakurtzen hasten da.

"Franco hil zen urtean ezkondu ginen, hain zuzen, aste bete geroago. Zuen aitak nirekin bizi nahi zuen, familia berria osatu nahi zuen, eta zuen amona hartu zuen ezkontzarako aitzakiatzat. Ez omen zuen gaixoak ez ezkontzearen zergatia ulertuko, zer axola ote zitzaidan, horretan ere, estatuari amore ematea, nortasun agiria eskuratzeko papera betetzearen pareko zela ezkontza. Bueno, honezkero badakizue zein konbentzigarri izan daitekeen zuen aita, are gezurrean ari denean.

"Beraz, Franco hil eta handi ate betera ezkondu ginen, ia zeremoniarik gabe, nik hogeita zortzi urte nituela eta zuen aitak hogeita hamar. Donostiako auzo batera joan ginen bizitzera, ordurako neronek alokaturik nuen etxera. Aita mekanikoa zen, ni irakaslea. Eta aspalditik ari ginen biok borroka berean, diktaduraren kontra, gure herriaren askatasunaren alde.

"Urte zoriontsuak izan ziren haiek, guztiz, eta agian gehiegizko zorion hark mozkortu egin ninduen. Presa nuen, bizitzeko irrika, egunero azken eguna balitz bezala. Orain iruditzen zait presaka baino gehiago iheska ari nintzela, normaltasunari beldur niola. Baina hori orain bururatzen zait, bizitza arrunt baten irrikaz nagoen honetan.

"Gauza da ezkondu egin ginela eta horrekin batera erabaki genuela goizegi zela umeak izateko, hilabete haiek historiaren norabidea aldatzeko aukera ematen zigutela eta hori zela gure lehentasuna. Ez uste, gure arrazoiak pisudunak ziren, landuak, eztabaidatuak, ez axolagabekeriak sortzen dituen horietakoak.

"Baina ezkondu eta handik urtebetera haurdun gelditu nintzen. Goiz batean, lanerakoan, ondoezik sentitu nintzen. Aste parea pasako zen ondoezaren iturburua zein zen egiaztatu ahal izateko, baina goiz hartan, komunean, nire gorputza ez zuena ere botatzen ahalegintzen zen bitartean, sumatu nuen haurdun nengoela. Zu zinen, Miren, edo zu zarenaren haziaren hazia.

"Sendagileak nire susmoa baieztatu arte ez nion zuen aitari ezer aipatu. Pentsatu nuen ez zituela ezusteak maitea eta niri leporatuko zidala gertatutakoaren erantzukizuna, ez zuela berria pozik hartuko. Sasoi hartan zuen aitak guztia planifikatzen zuen, planak eginez saiatzen zen gure inguruko eromena kontrolatzen, eta aurreasmo haiek gehienetan kale egiten bazuten ere, ez zuen etsitzen, ez horixe. Aurrekoa zapuztu orduko, sortua zuen egitasmo berria, etsi gabe.

Gogoan dut noiz eta nola esan nion haurdun nengoela. Bilera batean zain geunden, Donostiako udaletxearen atarian. Haizeak zekarren neguak babes bila bultzatu gintuen arkupeetara, eta han, hotzak dardarka, esan zidan ez nuela aurpegi onik. Bat-batean bota nion zergatia, eskuineko eskua patrikan haurdun nengoela zioen papera estutuz. Zuen aitak, nik esandakoa entzun bezain laster, besarkatu egin ninduen. Bion artean zainduko dugu, esan zuen eskuak gabardinaren azpitik nire gerrian jarriz, eta bere amak ere lagunduko zuela. Esaera zaharrek egia badiote, esan zuen ondoren, neska datorkigu, horregatik duzu hain aurpegi txarra, maitea.

Gero, ateak zabaldu zituzten eta bilera hasi zen. Laster izango gara benetako familia, esan zidan gaur hartan, etxerakoan. Pasa ziren egunak, asteak, hasi zitzaidan sabela puzten, baina gure bizitza ez zen funtsean aldatu. Lana, bilerak, lo, berriro lana, bilerak, lo, eta noizean behin, gutxitan, lagunarteko afariak.

Hasierako aste haiek kenduta, zuk, Miren, ez zenuen haurdunaldi osoan inolako lanik eman. Oraindik nik esaten ez banuen inork haurdun nengoela susmatzen ez zuenean, bukatu ziren goizeko ondoezak eta handik aurrera bake osoz egin zienen nire gorputzaren jabe: zuk gobernatzen zenituen nire bularrak, gerria, sabela ea aurpegia bera. Berez, berez sortu zinen, ez dut hitz egokiagorik aurkitu. Handitzeko denbora besterik behar ez duten leiho aurreko pagoen antzera.

"Hilabete haietan, bada, betiko martxa jarraitu genuen, agian inoiz baino kemen handiagoz. Bi ginen, hori argi nuen hasieratik, baina bata bestearen aldeko. Batzuetan, bilera baten erdian edo eskolan, ostikoren bat sentitzen nuen, beti goialdean, baina normalean etzanda nengoenetan mugitzen zinen, eragozpenik sortu nahi ez bazenu bezala. Han zeunden, Miren, nire barruan goxo-goxo, eta momentu batzuetan ahaztu ere egiten zitzaidan haurdun nengoela.

Askatasunaren aldeko ibilaldiaren uda izan zen hura eta bi aste falta ziren zu jaiotzeko ibilaldiaren azken egun hartan. Ahaztu zait zehazki zertan ari ginen polizia su-ta-gar etorri zenean, baina pelikula zuri-beltz batean bezala ikusten dut jendea korrika, kezko poteetako laino zikinak inguraturik, iheska edozein norabidetan, eta ni aldapa behera, bakarrik, mendimuino lehor ezezagun batean, korrika, eskuak eta besoak sabelari eusten, baina beldurrik gabe, orduan bai, beldur arrastorik gabe. Kea gutxitzen hasi zenean egin nuen topo zuen aitarekin eta oraindik ez zait ahaztu besarkada hura. Ostikoka hasi zinen eta zuen aitaren eskua sabelera eraman nuen. Hiru ginen.

Neskak bi, mutilak bat, esan zuen sendagileak nire sabeletik atera zinenean, luze eta sendo, hiru kilo eta erditik gora, erabat burusoil. Negarra ere dotoreziaz egin zenuen lehenengo istantetik. Begi urdinak hasieratik eta gaztain koloreko ilea handik pixka batera".

L-k itxi egiten du koadernoa, jakinmina ase balitzaio bezala. Zure eskuetan nago, esan zion Amak, eta gero berak erabaki beharko zuela koadernoa irakurri ala ez.

Lo hartu aurretik pentsatzen du, agian, umeak galdu zituenetik hainbeste urte pasa direlako nahastu duela Amak neurria, gehiegizkoa dela koadernoak isurtzen duen maitasuna, obsesiboa. Ideiak, ordea, ez du luzaroan iraungo. Berehala esango dio bere buruari bera ez del epailea, Amaren abokatua baizik. Pertsona garbia, gogortzen du, eta berehala gizonezko ahots goxo batek esaten dio zer den oporrak bakarrik egiteko zera hori, auskalo ze saltsatan sartuko zinen. Ez zion nora eta zertara zihoan esan, noski, baina ironia nabarmenaren azpitik lasaitasuna nabaritu zuen, gizonak zainduko balu bezala. Imajina dezake nola-hala mezu bat bidaltzen diola, Caracasen nago eta arriskuan, adibidez, eta gizona Supermanen antzera datorkiola laguntza eskaintzera.

Biharamunean ez da eroso esnatzen, begiak zabaldu aurretik non eta zertan ari den bururatzen bazaio ere. Gogoratzen ez duen amesgaiztoren baten eragina ez da egun hartako plana berrikusiz desagertzen. Horregatik, hegazkinean ekarritako arropa jantzi eta gosaldu gabe hartzen du autora, planoa aldameneko aulkian tolesturik.

Goizeko hamar eta erdiak dira umeen bizilekua begi bistan duenean. Karpeta beltza eskuetan duela sartzen da sotora, eta ez du zaindaririk ikusten. Inor ikusi gabe hartzen du igogailua zortzigarrenera, buzoian zenbaki hori irakurri duelako. Zortzigarrena B. Bere burua ispiluan ikusi bezain laster bururatzen zaio pittin bat itxuraldatu behar lukeela, eta zalantzarik gabe goma beltz bat atertzen du poltsatik. Zazpigarren pisurako bildua du ile kokotean, guztiz teinkaturik.

Igogailutik atera bezain laster ikusten du B-a eskuinetara dagoela eta norabide horretan bi pauso eman bezain laster entzuten du umeen txakurra zaunka. B-ko atea zabalik dago eta egurrak behar lukeen lekuan burdinesi sendoa ikusten du. Handik egiten zio zaunka arratoi itxura duen txakurrak, eta etxea hutsik egon daitekeela pentsatzen du,baina ez, hesiaren beste aldean lehenengo egunean furgoneta zaharra gidatzen zuen emakumea ikusten du, ume txikia besoetan duela.

Emakumeak ilea banatua du, mototsa lotzen zuen zapia erdi askaturik bizkarraren gainean, eta izutu egin da L ate aurrean ikusitakoan. Udaletxetik datorrela esaten dio L-k andreari, galdera batzuk egitera, et hark erantzuten dio itzultzeko arratsaldean, senarra lanean dagoela eta berak ezin duela erantzun. Itzultzeko arratsaldean. Txakurra isildu egin da, eta ume txikiak lurrera jaitsi nahi du, baina emakumeak ez du askatzen. Itzuli arratsaldean, errepikatzen du, eta L-k gezurrezkoa izan arren nonbait sinesgarri den irribarrea zabaltzen du bere aurpegian. Keinu horren atzetik esplikatzen dio andreari galdera sinpleak direla, auzoak zer premia dituen jakin ahal izateko inkesta bat egiten ari dela. Andreak ez du alde egin, baina lehenengo galderari erantzun aurretik berez txikiak dituen begiak itxi egiten ditu, aurpegian bi zirrikitu beltz osatu arte. Hiru seme-alaba dituela erantzuten du andreak, zaharrenak hamahiru, erdikoak hamar eta txikiak ia bi urte dituela, eta bai, bera Caracasen jaioa dela eta bere umeak ere bai. Senarraz galde egiten dionean izutzen da berriro andrea, eta aurreko lelora itzultzen da, hobe duela senarrarekin hitz egin. Gero, eskua zabalik dagoen atearen ahoan jarri eta barkazioa eskatuz ixtera doala esaten du.

Eskerrak emateko denbora ere ez du L-k eta garrasika esaten dio arratsaldean itzuliko dela. Gero, igogailuaren zain egon gabe abiatzen da eskaileretan behera, andrearen beldurrak kutsaturik. Eskerrak emakumeak ez diola udaletxekoa dela frogatzeko eskatu. Berriro auto barruan dagoenean lasaitzen da, eta hotelerako bidean pentsatzen du agian arrazoi duela Amak, agian benetan lapurtu egin zizkiotela umeak, eta pentsakizun horrek adierazten duen zalantzaz harritzen da. Harritu eta, ondoren, lotsatu. Eta lotsak bai irauten duela ordu luzeetan, gogoari erantsirik. Hantxe dago oraindik pareko txikoan arroza bazkaldu ondoren eskolarako bidea hartzen duenean. Ez du gutxi lortu, baina ez du ondo prestatu, eta gehiegi arriskatu da.


Š Koaderno gorria: Erein