ZABALA, Juan Luis:
Agur, Euzkadi

Arrats Beheran

—Ertzaintza! —atera zitzaion barren-barrenetik oihua Lauaxetari, bera eserita zegoen bankura gerturatzen ari zen ertzain-autoaren kanpoaldeko errotuluei harriduraz begira.

Inork ez zuen entzun oihua. Ingurura begiratu eta, bere burua kontrolatuz, barrenerako gorde zituen hasierako harridura-kolpearen ondorengo adierazpenak: "Guk asmatutako berba jaukak agerian autoak! Eta matrikula be ertzainena dok, geure ertzainena! Geureak dozak horreek, geureak! Ertzainak nagusi kalean, alajainkoa! Ez gintzuazan alferrik hil! Irabazi egin ete genduan ba azkenean guda? Euzkadi azke ete da?"

Nahiz eta ezer esan ez, ertzain-autoari begira-begira geratu zitzaion Lauaxeta, eta txoferrak susmo gaiztoz begiratu zion aldamenetik pasatzean.

Harrituago utzi zuen Lauaxeta polizien ibilgailuko errotuluak bere bat-bateko berpizte ustekabekoak baino. 1937an hila zen, gogoan zituen Gasteizko hilerriko fusilamenduko xehetasunak. Orain, ezerezetik bat-batean jalgia, ezkutuko indar batek heriotzaren ilunpeetatik biziaren argira itsumustuan erauzia, plaza bateko bankuan eserita berpiztu berria zen, gerra aurreko traje dotorez jantzita, gorbatadun eta betaurrekodun, baina fusilatu zutenean aurpegia estaltzen zion bizarraren aztarrenik gabe; eta ez zekien non eta noiz berpiztua zen, zein herritan eta zein urtetan, ez zekien noiz arte, eta, batez ere, ez zekien zertarako.

Funtsean ez zitzaion askorik axola hori guztia. Begien aurrean agertu berri zitzaion munduaren nondik-norakoek kezkatzen zuten Lauaxeta bizira itzuli berria, eta ez bere patu pertsonalak. Azken batean, ondo barneratua zuen hila zela. Kezka erlijioso handirik ere ez zuen une hartan. Hil zenez geroztik ez zuen Lauaxetak Jaungoikoaren existentziaren frogarik izan, ezerez huts eta ilun batean emana baitzuen oso-osorik denbora tarte zehazgabe hura; baina ez zuen inongo frogaren beharrik bizirik zelarik hain kartsuki sinesten zuena berpiztu ondoren ere sinesten jarraitzeko.

Ertzain-autoa begien bistatik galdu zitzaionean, inguruetara begiratu zuen: etxe handiak, dendak, tabernak, jendea hara eta hona, autoak asfaltozko bide gainean... Autoen itxura bitxiak XXI. mendean egon zitekeela pentsarazi zion Lauaxetari; inguruak, berriz, zehazki zergatik ez bazekien ere, Gernika ekartzen zion gogora. Horretaz pentsatzen ari zela, "Gernika Garbiketak S.L." errotulua irakurri zuen ondoko bidetik igaro zen furgoneta txuri batean. Gernikan baldin bazegoen, urte mordoska bat izan behar zuen iragana herria suntsitu zuen bonbardaketatik.

Bankutik altxatu eta ertzain-autoa igaro zen norabidean abiatu zen oinez. "Ertzaintza" zioen errotulu batekin egin zuen topo bat-batean; "Gernika-Lumo. Don Tello Kalea", zioen bestaldeko etxeetako batean erantsitako plakak; aurreraxeago, Arriaga jauregia ezagutu zuen, bonbardaketaren ostean Gernikan zutik geratutako etxe bakanetako bat. Ertzaintzaren Gernikako komisariaren aurrean zegoen, beraz, eta faxistek atxilotu zuten lekutik gertu. Atxilotu zutenek lotu zizkioten unean, esku zurbil biak dardarka zituela ekarri zuen gogora Lauaxetak; ezin izan zuela ezer egin izuaren agerpen lotsagarri hura eragozteko.

Bonbardaketatik hiru egunetara izan zen atxiloketa hura, 1937ko apirilaren 29an. Guztiz suntsitua zegoen orduan Gernika, baina Andra Mari eliza eta Juntetxea osorik geratu ziren. Osorik ote ziren oraindik? Zutik iraungo ote zuen Gernikako Arbolak? Lauaxetak bazekien jada non zebilen, bazekien norantz jo; berehala agertu zitzaion begien aurrean Andra Mari eliza, eta agudo heldu zen Juntetxearen atarira ere. Harritu egin zuen sarreran zaindaririk ez ikusteak. Barrura sartzen hasita, ordea, konturatu zen sarrera ondoko garitaren barruan, aulki batean eserita, gizon bat zegoela; ertzain bat seguru askorik, arestian ikusitako ertzain-autoko poliziak bezala baitzegoen jantzita, txapel eta jertse gorriz.

Ertzain-autoan zein kaleetako plaketan euskarazko hitzak irakurri berria zen arren, zalantzak izan zituen ertzainarekin zein hizkuntzatan mintzatu. "Tira, ez hadi koldarra izan", esan behar izan zion bere buruari. "Ez habe euskaraz berba egiteagaitik fusilatuko. Zentzunbakoa izango litzatekek horretarako berpiztu izana."

—Jaungoikoak egun on emon deigula, ertzain jauna.

—Berdin —erantzun zion, aurrean zuen despistatu itxurako gorbatadun bitxiaren solemnitateaz harrituta, garita barrukoak.

—Jakin gura neuke... zera... Ba dago barrura...?

—Sartu, sartu lasai, gizona. Libre da sarrera.

—Mila esker, ertzain jauna, mila esker...

Gernikako Haritz Zahar aspaldi ihartua zegoen kanpoko lorategian, baina hari begira geratu barik jakinminak barrura bultzatu zuen Lauaxeta. Batzar-aretoa presaka eta aztoratuta zeharkatu ondoren, Gernikako Haritz bizia agertu zitzaion begien aurrean, 1860an landatutakoa, eta harexen aurrean geratu zen pixka batean, hunkituta.

Haritzak "Euzko lur gaņian zutunik" zirauela ikusteak ez zion, alabaina, erabateko argitasunik ematen Lauaxetari berpiztu eta ertzain-autoa ikusi zuen unetik buruan bueltaka zituen bi galderen inguruan: "Irabazi egin ete genduan azkenean guda? Euzkadi azke ete da?" Galdera haientzako erantzunen bila, zuhaitzaren ondoa utzi eta han-hemenka argazkiak egiten ari ziren turista-bisitarien artean ibili zen batetik bestera, inguruak miatzen. Inorekin mintzatzeko lotsa eta beldur zenez, Leiarpeko aretoa deritzonean ezarritako informazio-taulen irakurketan murgildu zen, urduri.

Buruan zituen galdera haietako baten erantzuna aurkitu zuen tauletako batean. "Euskaldunen Herria / El País de los vascos" zen taularen izenburu nagusia. Izenburua bezala, euskaraz zein gaztelaniaz irakur zitezkeen paneleko testuak. Euskaraz irakurri zuen Lauaxetak: "Euskal Herria edo Euskadi euskaldunen herria da. Sustrai sakoneko herria dogu, kultura berezia daukana eta hizkuntza bereziaren, euskerearen, jabe dana. Zazpi herrialdek osatzen dabe Euskal Herria eta hiru administraziotan banatuta dagoz: Euskal Herriko Autonomi Elkartea eta Nafarroako Foru Komunitatea Estatu Espainiarrean, eta Iparraldea Estatu Frantseseko Pirineo Atlantiarren Departamentu barruan." Eusko Legebiltzarraz mintzo zen taula beste testu batean: "Euskadiko Autonomi Elkarteak bere Legebiltzarra dauka. Legebiltzar horretarako Jatorrizko Lurralde bakotxetik 25 Legebiltzarkideek Lehendakaria hautatzen dabe, Eusko Jaurlaritzaren buru izan daiten, Gernikako Estatutoan autortutako aginpideen arabera. Euskal erakunde biok —Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak— Gasteizen dauke egoitza ofiziala."

Ez zuen 1936ko uztailean piztutako gerra aipatzen zuen inongo taularik aurkitu Juntetxean. Ezin zuen, horrenbestez, gerra hura nola amaitu zen jakin, baina, han emandako ordubetean ikusitakoak ikusita, gerra hura bere burkideek irabazi zutelakoan zegoen, Errepublikaren indarrek faxisten erasoari azkenean ere aurre egiten asmatu zutelakoan. Nekez uler zitekeen bestela Euzkadiko hiru herrialdek autonomia izatea, Legebiltzarra, Jaurlaritza, lehendakaria... Eta ertzainak!

Erabateko baieztapen ziurra nahi izango zukeen, baina garitako ertzainaren aurretik pasatzean ez zen hari galdetzen ausartu. Gainerako bisitariak imitatuz, ertzainari diosalik egin gabe irten zen Juntetxetik.

***

Emaztearengandik banatu berria nintzen Lauaxeta berpiztu zen garai hartan, eta etsipenak guztiz mendean hartua ninduen. Sorkunde gabe, 40 urteko agure zahar bakarti bat nintzen; "arratsari" nengoen, Lauaxetak esango zukeen moduan; "lainoz akribilatutako bihotza" nuen golkoan, Iņigo Aranbarrik esango zukeen moduan.

Lana uzteko asmoa buruan bueltaka zebilkidan ordurako. Kulturako erredaktore nintzen Euskaldunon Egunkaria-n, aspaldidanik, kazetaren sorreratik, eta guztiz galdua nuen hastapenetako interesa eta bizipoza. Nazkatuta ninduten, leporaino beteta, egunero tratatu behar nituen artista, idazle, musikari, aktore, zinema edo antzerki zuzendari, bertsolari, dantzari eta abarrek. Munduaren zilbortzat zuten gehienek nork bere burua, eta gizadiaren historiako monumentu garrantzitsu eta funtsezkotzat nork bere lana; apalenak, berriz, gizajo hutsak ziren, edo hipokrita handinahi errukarriak. Horrela ikusten nituen nik behintzat, horrelaxe ikusarazten zizkidan horrenbeste urtetako errutinak. Bizi izan ez duenak ez daki: eguna joan eta eguna etorri, urteetan eta urteetan, hainbeste liburu eta aldizkari, hainbeste margo, eskultura, instalakuntza eta perfomance, hainbeste kanta, disko eta sinfonia, hainbeste aktore, pailazo eta txotxongilo, hainbeste aurreskulari, zamaltzain eta koreografo, hainbeste kopla, bertso, bertsopaper eta txapelketa, hainbeste sariketa, antologia, izendapen, omenaldi, hileta eta urteurren... Zertarako baina? Inori gera dakiokeen zaletasun eta interes hondarra zapaldu eta itotzeko baino ez! Azkenerako, egia osoa esanda, polemika eta ika-mikarik gordinenek baino ez zidaten pizten benetako jakinmina eta interesa —edo morboa, zuzenago esateko—, baina horiek ere, gehienak behintzat, ziklikoki errepikatzen ziren, eskema berberei jarraiki ia beti, eta aspergarriak izaten ziren azkenean.

Lanaz aparteko ilusiorik ere ez nuen, ordea, garai hartan, eta horrexek eusten ninduen eguneroko zeregin hutsal hari lotuta. Aizarnazabalen jaio nintzen ni, Urola bailarako herririk gordeenean, eta gazte samarrik Tolosara ezkondu, baina Sorkundek utzi ninduenean Andoainen hartu nuen pisu koxkor bat errentan, lantokitik gertu, Martin Ugalde idazle eta Euskaldunon Egunkaria-ko Ohorezko Lehendakaria jaio zen kale berean, Kaleberrin. Lanetik etxera itzuli orduko telebista pizten nuen garai hartan, egunero, inon ziren lehiaketarik lerdoenak edo futbol partidarik aspergarrienak ikusteko prest. Pizza zatiren bat edota beheko tabernan erositako ogitartekoa jango nuen, edo lardaskatu askotan hura ere, osorik sabeleratu gabe, hiru laurdeneko botila ardoa lagun. Ondoren, besaulkian ia hondoratzeraino murgildu eta botila osoa hustu arte ez nintzen handik altxako.

Manuel Lasartek "Basarri bateko mutilzar edarizale bati bere auzotar baten erreguz" Aizak i, mutil maiņontzi doinuan jarritako bertsoak ez zitzaizkidan gaizki egokitzen garai hartan: "Berrogei urteko adiņa, / zerbait pentsatzeko diņa / baluke, baiņa gizarajoak / burua ariņa. / Zurrutak dago eragiņa, / ainbeste badu egiņa, / txikitandikan ekarri zuen / ortarako griņa." Ez nintzen bertso horietako gizonaren neurriko zurrutero amorratua, baina gainerakoan alde handirik ez.

Jai egunetan mendira irteteko joera nuen hala ere. Horixe zen garai hartan egiten nuen ganorazko gauza bakarra.

***

Hamaika eta erdiak ziren Andra Mari elizako erlojuan. Herriko kaleetan barrena, lanak ematen zizkion Lauaxetari benetan Gernikan zegoela sinesteak. Batez ere erlauntza itxurako etxe eskerga haien artean ibiltzeak ikaratzen zuen, baina autoen abiadurak ere eman zion sustorik.

Kanpoaldean egunkari eta aldizkari pila bat erakusten zituen liburu-denda baten parean geldiarazi zuen aurki jakinminak Lauaxeta. Aldizkari bateko azalera joan zitzaizkion begiak lehen-lehenik: titiak agerian zituen neska gazte ilehori baten koloretako argazkiak hartzen zuen oso-osorik azal ikusgarri eta aztoragarri hura. Ikuspen bortitz hark eragindako barne-asaldura pixka bat baretu zitzaionean egunkarietako hitzak irakurtzen hasi zen, nahasian, urduritasunak ez baitzion izenburu handietako esaldi nabarmenak ere osorik irakurtzeko betarik eta patxadarik uzten. Nahaste hartan, besteak baino meheago zen egunkari bati erreparatu zion bat-batean, harrituta: euskaraz idatziak zituen azaleko testu guztiak! Eta... bere argazkia ez zen ba azalaren goialde hartako eskuineko bazterrean zegoena! Alajainkoa! "Gaur 60 urte fusilatu zuten Estepan Urkiaga 'Lauaxeta'", zioen irudiaren ondoko izenburu nagusiak; "Gasteizen hil zuten, Gernikan atxilotu ondoren, olerkari eta kazetari bizkaitarra", jartzen zuen beheraxeago, letra meheagoetan. 23. orrialdean hasi eta 27.ean amaitu, bost orrialdeko erreportaje zabala zuen Euskaldunon Egunkaria-k berari buruz, Lauaxetari buruz. 1997ko ekainaren 25ean zegoen. 60 urte ziren fusilatu zutela. Orain bazekien hori.

Kanpoan egonaldi luzea egin ondoren, asaldura, urduritasun eta ezinegon guztiak mendean hartu eta hitz egiteko moduan zela iritzi zionean, denda barruan sartzera deliberatu zen azkenean.

Euskaldunon Egunkaria-ren ale bat emoidazu, mesedez, andereņo —eskatu zion ahots herabez saltzaileari.

—Ehun eta hogeita bost pezeta —esan zuen saltzaileak, Lauaxetari Egunkaria-ren ale bat eskuratzearekin batera.

"Hogeita bost ogerleko, alajainkoa!", larritu zen Lauaxeta bere kautan, ezer esan gabe. Nondik atera behar zuen dirutza hura? Ordura arte ez zen txikikeria hartaz ohartu ere egin, baina dirurik gabe larri behar zuen inondik ere. Eskuak sakeletan sartu eta eskuinekoan txanpon batzuk eta billete pila bat zeukala ohartu zen. "Eskerrik asko, Jauna, eskerrik asko".



Š Zabala, Juan Luis. Agur, Euzkadi, Susa, 2000.