ZABALETA, Patxi:
Ukoreka

Kexuri

Beņatek hamahiruren bat urte bat zeukan Guntza herriko Kexuri izeneko baserrira eraman zutenean. Mutiko zimel eta luzanga zen, kalpar beltz nahasizko zapak kopeta eta belarri gainak estaltzen zizkion. Bere bi begi bizi biziek irri zerioten ile tartetik.

Gipuzkoako inklusa batetik atera eta Nafarroako herrixka hartako baserri batera zeramaten, baserriko sendiarekin bizitzera. Betirako. Guntza izena du herriak eta Kexuri baserriak. Araizko haranean. Guntzaraino autobusean etorri ziren, Erramun eta biak. Erramun aitaordea zen, Kexuriko nagusia.

-Aita dei iezadak hemendik aurrera -esan zion autobusean eseririk zeudelarik biak.

-Bai -erantzun zion mutikoak.

Ez zuten asko hitzegiten. Lehen aldia zen Beņat autoan zebilela eta bazterrera begiratzen zuen. Bazterreko zuhaitzak, hormak, sasiak denak ziztu bizian mugitzen zirela iruditzen zitzaion. Baina beste inor ez zen ikaratzen; beste guztiei begiratu eta inor ez zela ikaratzen ohartu zen eta horregatik beldur izateko arrazoirik ez zegoela bazekien.

Beņatek atzapar luzeak eta haundiak zituen bere adineko mutikoen aldean, atzazalak zikin samarrak eta ordurako sudur pean mostatxo pitin baten iluna nabari zitzaion. Hortzak berriak, baina oraindik hutsunean ere nabari zitzaizkion. Hitzegiterakoan, berriz, errerik ez zuen esaten eta horregatik bere ahoskerak eta hizketak ume taiua ematen zioten. Baina luzea zen, ia ia Erramun hainakoa, eta mehaztina. Alde guztietatik arropa gainezka zeukela zirudien. Txamarreta haundiegia zeraman, alde guztietatik petralak zintzilik eta aise nabaritzen zen ez zela berria, ezta beretzat egina ere; atorra zuria lepoan gora eta esku muturretatik behera ateratzen zitzaion; oihal latzezko galtza urdinak eta larruzko abarkak. Gainera artilezko galtzerdi lodiak, galtzak orpo eta zangoetan galtzerdietan bildurik eta abarken liztez estuturik zeuzkan.

Lehen aldia zen inklusatik ateratzen zela eta lehen aldia horrelako arropa haiek ematen zizkiotela. Beņatentzat dena berri berria zen eta nahi gabe irrifar egiten zuen.

-Ez begiratu leihotik; bestela txorabiatu eginen haiz -esan zion Erramunek. -Barrura begiratu eta beste zerbaitetan pentsatu.

-Bai aita -eta lehendabiziko aldiz aita deitu zion.

Erramunek ere begiratu egin zion, baina ez zuen ezer aipatu. Biak autobuseko aulki berean zihoazten, mutikoa leiho ondoan eta magalean bakoitzak bere pardela zeraman. Pardel bakarra zen Beņatek inklusatik zekarren guztia.

-Bildu zure gauzak! -agindu zion Frai Martinek. -Ez zara hona inoiz gehiago itzuliko eta.

Beņat ohartu zen ez zeukala deus biltzekorik. Bereak zuhaitzak, katua, ateko zakurra, Zizto izenekoa, eta horrelakoak ziren. Besterik zer zeukan? Jantzirik zeraman mantala ere uzteko agindu zioten eta pardela egiteko oihal bat ekarri. Zer sartuko zuen oihal hartan. Baratzera atera zen eta horbel batzuk hartu ziten eta harrixka borobil bat. Harrixka hura betidanik ezagutzen zuen eta gainera pardelari pisua emanen zion. Makila bat ere hartu zuen, elorri makila, pardela lotu eta bizkar gainean eramateko.

Erramun egun hartan, lehenago ezagutzera emaztea eta biak joan zirenean bezal bezala jantzirik zegoen. Kapusaio bat, bizkar gainean, sorbaldan beste gaineko estalki txiki bat zuelarik eta azpian txoraztez lotutako alkandora zuria. Galtza grisak, arraztodunak eta larruzko bota luzeak zangoan gora lotzen zirenak eta esertzen zenean, asko ikusten zitzaizkionak. Oihalezko gerriko beltza.

Astebete lehenago Erramun eta bere emazte Maria izanduak baitziren inklusan Beņat ezagutzen. Besoak begiratu zizkion Erramunek eta eskuak ere bai; zangoak ere begiratzen zizkiotela ohartu zen Beņat. Mariak irrifar egiten zuen eta gero, berriz, negarra. Erramun gizaki zimela zen, baina bere emaztea oso lodikotea, zangoek zagia bezala puzturik ziruditen. Inklusako Frai Martinekin hitzegiten zuten eta honek esaten zien lehenbailehen eraman behar zutela, tokia egiteko. Baina baita mutikoa etxekoa egin zedin ere. Gero Frai Martinek berari begiratu zion, Beņati, eta erantsi zuen:

-Eta gainera hemen itxian beti egoteko haundiegia egiten ari da.

Frai Martinek harrapatu berriak zituen Beņat eta beste bi mutiko baratzeko horma gainetik kalera begira eta horrek zigor ikaragarria zuen, baina biharamunean Erramun eta Maria etortzekoak zirela eta, ez zien ezer egin. Kazkarreko bana hormatik jaitsi bidenabarrean, baina gero deus ere ez.

Beņat Erramunekin joan zen arte ez baitzen inoiz inklusatik atera izan, inoiz ere ez. Bere bizitza guztia han barrenean emana zuen, noizbait beste haurrekin egiten zutenaren antzera tornuan utzi zutenetik. Eta amorr eta gorroto zien hango horma, janari eta pertsona guztiei. Mutikoren bat edo besteri ezik, Tomas, Lalo? eta Fran Martini ezik, eta beste langileei ezik...

Mantala bat zuten jantzi guztia. Eta lo egiteko kamaina, bi enbor eta tartean belar lehorra eta arto zurikinak, eta gainerako estalkiak. Elkarren beroan bilatzen zuten babesa neguko gaualde luzeetan.

Baina inklusan bazegoen baita ikuilua ere, behi, oilo, ahate, akubi eta urde ugarirekin. Zenbat ziren? Eta autobusa aurrera zihoan bitartean Beņat inklusako ikuiluko behiak eta zerriak eta guzti zenbatzen hasi zen banaka banaka. Gogoan zituen denak. Gogoan zituen ikuiluan laguntzen erakutsi ziotela eta gero Tomas eta bera han gelditzen zirenean egiten zituzten bihurrikeriak eta farrez hasi zen.

-Zertaz ari haiz farrezka? -galdetu zion Erramunek eta berriro autobusean zihoala oharterazi zion.

-Haurtzaindegiko gauzak. Gogoan gorde nahi ditut. Gauzak ikastea eta buruan gordetzea atsegin izaten zait.

Mutikoak hori guztia egia zelako zioen, baina baita aitaordeari jaramon egin eta poza emateagatik ere. Zeraman mutikoak ikasteko gogoa zeukela jakin zezan, alegia. Baina Erramunek erantzun mikatza bota zion:

-Hobe izaten duk batzuetan gauzak ahaztea... Esan genian bada beste mutiko bat badugula etxean, ezta?

Beņatek ez zuen holakorik entzun inoiz. Alderantziz, esan ziotena zera zen, izandako haurrak hil egin zitzaizkiela bata bestearen atzetik eta haien ordezkoa beharko zutela eta horregatik jo zutela inklusara. Gainera Maria zelakoak aipatu zuen apaiza zela lagundu ziena Gipuzkoako inklusa bilatzen umeak euskara jakin zezan, Iruņekoek ez zietelako erderaz besterik erakusten. Beste mutiko bat, hori ez zen, halere, berri txarra, Beņat beti ongi konpondu baitzen lagun artean.

-Ez nuen horrelakorik aditu -erantzun zion Beņatek.

-Zu baino zaharragoa, biren bat urte zaharragoa; hamabost urtekoa. Mutiko ona da...

Erramuni ere ez zitzaion erraza egiten egin behar zuen aitorpena burutzea; baina aurrera jarraitu jarraitu beharra zeukan eta aitortu egin behar. Hori guztia nola erabaki pentsatzen ari zenean, Beņatek guztiz harrituta utzi zuen:

-Irakurtzen eta idazten jakinen du, ezta? Ze izena du?

-Kote izena du. Kote Mandazen. Gure abizena Mandazen baita. Zurea ere horixe izanen da hemendik aurrera. Baina ez da beste mutikoak bezalakoa. Kote elbarria da.

Erramunek ez zuen ikusi Beņatek jarri zuen aurpegi goibel eta urduria. Elbarriek pena baino gehiago beldurra ematen zioten; ez zuen inoiz elbarri bat ikusi ere egin eta horregatik jakingura sortzen zion baina baita beldurra xume bat ere. Baina Erramn beste aldera begira zegoen, bere lotsa pitin hura laister gaindituko zuen eta ez zuen uste inguruko inork entzun izanen zuenik ezer.

-Elbarria? -ahotsa altxatu egin zuen Beņatek.

-Ixo!, ixo! -eta Erramunek ez zuen besterik erantzun. Beņatek ezin zuen bere aurpegia ikusim zeharka saihestuta baitzegoen. Orduan Beņatek berriro leihotik begiratzea pentsatu zuen eta berriro ere buruan ongi gogoratzea atzean gelditzen zitzaizkionak. Gogoan zituen Frai Martin eta beste fraile guztiak, zazpi. Tokiak ere bai; ikuilua, baratzea, eskolako gela eta eliza. Eta liburu gela, bere gorde tokia, han inoiz ez zuten aurkitu izan. Eta bazituen han igarotako arratsalde osoak. Apaiza beti haserre eta errietan. Sukaldaria, berriz, beti han su tartean egoten zen Fermin lodikote hura, gero dena mehetu eta hil egin zela mezan esan zutena. Sukaldean aritzen ziren lau monja haiek eta esnea ekartzera etortzen zen Mikaela eta auzoko Karlos zoro hura. Denak banaka banaka ari zen gogoratzen eta bere arropak ezagutu nahian hasi zen.

Txamarreta larruzkoa zen eta sakelak zeuzkan; gutxienez bost; banaka banaka eskuak batean eta bestean sartzen hasi zen. Autobusak halako galga gogor bat eman zuen eta oihuren bat ere entzun zen.

-Zer ari haiz hainbeste mugitu eta mugitu? -galdegin zion Erramunek.

-Txamarretaren sakelak miatzen eta aztertzen. Lehen aldia baita arropa hau janzten dudala.

-Bai, bai; nabari duk. Baina hago geldirik hemen.

Bular gaineko sakelean estanpa bat zegoen. Fraile batena zen. Otsoa edo zakurra ondoan. Eta azpian idatzirik zegoena irakurri zuen Beņatek: -Ssan fran-tzis-ko-de-a-si-ss.

-Irakurtzen ba al dakik orduan? -galdetu zion Erramunek. Orain itzulita begira zegokion.

-Bai. Erakutsi egin digute. Hemen autoan ez da hain erraza.

-Koteri erakutsi behar diok ahal duan guztia. Gizaraixoak ezin dik ikastetxera joan eta.

-Bai, bai. Senideak bezala bear badugu... -eta Fraisoroko inklusan entzundakoak errepikatzen ari zen.

Estanpari begira jarraitzen zuen. Berriro lehengo sakelera sartu zuen. Eta barruko aldean ere beste sakela bazela ohartu zen eta han zerbait zegoela. Bost ontzurre alajaina! Hori ezin zitekeen txiripa izan. Norbaitek nahita ipini zizkiola ohartu zen. Frai Martin besterik ezin zitekeen izan. Baina ez zuela inoiz gehiago ikusiko eta orduan halako izugarrizko atsekabea sortu zitzaion; zintzurrean eta sudurrean hezetasuna nabaritu zuen. Hotzikarak dardarra eragin zion; zirrara.

-Aizu, Erramun, aita, bost txanpon daukat hemen, urrezkoak dirudite.

-Ixo! -aitordeak eskurra ezarri zien gainean estaltzeko mutikoak erakusten zizkion txanponak. Ahopetik mintzatu zitzaion:

-Ontzurreak dira. Urrezkoak. Nork eman dizkizu horiek?

-Hemen jarri dizkidate, barruko sakelean. Arropa hauek Frai Martinek eman dizkit eta bera izanen da. Nork besterik izan behar zuen?

-Ixo, ez esan gero deus inori. Ontzurreak? txanponak neuk altxatzea hobe izanen da, ez galtzeko ere. -Kendu egin zizkion eta bere gerrikotik atera zuen musu zapi batean sartu lehendik han zeuden beste sos batzuekin batera.

-Asko balio al dute ba?

-Isil hadi, isil hadi! Begira ezak ea beste poltsikoetan zer edo zer ba ote zegokeen.

Ez zegoen ezer gehiago txamarretaren sakeletan. Baina Erramun ere urduri ipini zuen diruak. Beņat ohartu zen haundi guztiak diruak urduritu egiten zituela.





ŠZabaleta, Patxi. Ukoreka, Txalaparta, Tafalla, 1994.