ZALDUA, Iban:
Bibliografia

«Bibliografia», in Gezurrak, gezurrak, gezurrak, Erein, 2000


Herenegun atxilotu zuten ustezko terrorista gela erdian dago, aulki deseroso batean eserita, eskuak eta hankak lotuta. Izerdi hotzetan blai. Halako batean bista altxatu, eta ordu erdi lehenago torturatu duen polizia dagoen aldera begiratzera ausartu da. Aurpegia pasamontańas batez estalita dauka poliziak, eta liburu bat irakurtzen ari da. Ez dirudi presoa iratzarri dela konturatu denik, ez baitu begirik altxatu. Ustezko terrorista harrituta geratu da poliziak eskuartean duen liburua ezagutzean: gris-perla koloreko azal berbera, marrazki berbera, izenburu eta egile berbera. Ustezko terroristak ere nobela hori irakurri du, duela ez hainbeste. Ez du ulertzen nola egon daitekeen beraren torturatzailearen eskuetan. Berak poliziari sumatzen dion grina bertsuaz irakurri zuela gogoratzen du. Inguruan gertatzen zenari ia jaramonik egin gabe egon zela. Ez zuela nahi liburu hori amaitzerik.

76635-Q poliziari mutil-lagunak utzi dio nobela, duela astebete. Ez du asti handirik irakurtzeko, baina izugarri gustatzen ari zaio. Lantokian uztea erabaki zuen, halako atseden-uneetan hartu eta orrialde batzuk irakurtzeko. Lankideek barre egiten diote mahaiko kaxoitik liburua ateratzen duela ikusten dutenean, halako zaletasunik ez baitzioten ezagutzen. 76635-Q-ri berdin zaio. Nobela hori berezia da. Ez du amaitzeko gogorik. Halakorik gertatzen zaion lehenengo aldia da.

A. J. C.-k, poliziaren mutil-lagunak, 76635-Q-k baino dezente gehiago irakurtzen du. Lan lasaiagoa du (kartzela-funtzionarioa da), eta ordu asko ematen du ia ezer egin gabe. Zaletasuna piztu nahiko luke 76635-Q-rengan, liburuez (eta baita filmez ere) hitz egitea atsegin du eta, baina ez du orain arte zorte handirik izan. Izan ere, ez zekien liburu horrekin asmatuko zuen ala ez, eta oraindik ez daki, 76635-Q-ri pasatu zionetik ez direlako berriro elkarrekin egon. Poz handia hartuko du poliziarekin elkartzean, bihar edo etzi, nobela nola gustatzen ari zaion izango baita en¬tzungo dion aurreneko gauza. Liburua Laugarren Moduluan egindako erregistro batean eskuratu zuen, hankaz gora utzi zuten ziegetako batean. A. J. C.-k ez du gogoan ziegan zegoen presoaren izena eta aurpegia, ezta zer edo zer aurkitu ote zioten ere. Soilik nobela hura ikusi zuela apalean, eta, egilea ezagu¬tzen zuenez, eramatea erabaki zuela. Ez da damutzen: idazle horren lanik onena da, ezbairik gabe.

A. J. C. funtzionarioa ez da ziega horretan dagoen presoaz oroitzen, baina Pedrok (hori baita haren izena) ondo gogoratzen du erregistro hura, eta baita aurretik jasandako beste hamaika ere. Egia esan, liburuarena ez zitzaion hainbeste axola izan, ez baitzuen sekula lortu amaitzerik, baina orrialdeen artean bere nobiaren argazkiak gordetzen zituen, eta argazki horiek galdu izanak amorrua ematen dio; argazki politak ziren, oso kolore¬tsuak, Benidorm eta Alacanten ateratakoak. Miaketa horretan telebista txikia izorratu zioten, gainera.

Pedroren argazkietan irribarretsu agertzen zen nobia hark ez luke halako izendapenik onartuko: gehien jota, Pedroren nobia ohia dela aitortuko luke. Sara Fuentesek gorroto ditu Pedrorekin etxebizitza partekatu zituen hilabete haiek; Pedro ere gorroto du, edo gorroto zuen, ez dago jadanik ziur: denbora asko igaro da. Orain gurasoen etxean bizi da berriro, eta lore-denda batean egiten du behar, egun erdiko lanaldian. Ez du jadanik heroinarik hartzen, eta ez du, hortaz, lapurreta txikietan ibili behar hura erosteko. Pedrorengandik ihesi joan zenean utzitako liburu hura erabat ahaztu du Sarak, etxe hartan abandonatu zituen beste hainbat gauza bezala. Udal liburutegian ostu zuen eta, hain zuzen, 76635-Q polizia ohartu berri da horretaz, 111. orrialde azpiko eskuineko ertzean liburutegiaren zigilua ikusi duenean (geroago konturatuko da zigilu bera ageri dela 211 eta 311. orrialdeetan). Sara nobela saltzen ahalegindu zen, pare bat igandez, plaza berrian antolatzen den azokan, baina ez zuen zorterik izan. Corte Inglesean lapurturiko Michael Crichton eta Vįzquez Figueroarenak, ordea, eskuetatik kendu zizkioten.

Alizia Fernįndez de Larreak, nobela liburutegira heldu orduko, fitxatu eta zigilua jarri zion 111, 211 eta 311. orrialdeetan; baita lehenengoan ere, baina Sarak orrialde osoa erauzi zuen sal¬tzera eraman baino lehen. Fitxatzeko unean, liburu hori irakurriko zuela erabaki zuen, hasiera gainetik leitzeko aukera izan zuelako, eta gustatu zitzaiolako. Baina ez zuen bere erabakia bete¬tzeko astirik izan. Arratsalde batez, bere autoan etxerako bidean zihoala, bonba bat lehertarazi zuten atzetik zetorren Guardia Zibilaren patrol baten aurka. Guardia zibilak onik atera ziren, baina Aliziak zauri larriak jaso zituen, eta ospitalean hil zen bost ordu geroago.

Atentatu horretan parte hartu izana da, besteak beste, gela erdian, aulki deseroso batean eserita, eskuak eta hankak lotuta eta izerdi hotzetan blai dagoen ustezko terroristari aitorrarazi nahi dioten gauzetako bat. Ustezko terroristak, ordea, etengabe egin dizkioten galdera guztiak ahaztu ditu, eta polizia irakurtzen ari den liburua baino ez du gogoan. Horrenbeste gustatu zi¬tzaion nobela hura. Irribarrearen antza duen zerbaitekin, gogoratzen du egilearen abizena eta berea berdinak direlako erostea erabaki zuela. Eta baita kafetegi hartako erakusleihoaren ondoan eserita goiz oso bat igaro behar izan zuelako. Asperduraren aurkako botika gisa edo.

Gauza horiek pentsatzen ari den une horretan itxi du 76635-Q poliziak liburua, eta, desgogoz, altxatzeko keinua egin du.



Lagun ikusezina

(in Traizioak, Erein, 2001)


Txikitan lagun ikusezin bat izan nuen. Tommy zuen izena. Beltzarana zen, txikia, mozkote samarra, isila; praka motzak janzten zituen, udan zein neguan. Elkarrekin jolas egiten genuen une oro: etxean, ikastolan, parkean, hondartzan, nonahi.

Nostalgiak harrapatzen duenean eta nire haurtzaroko gauzak ozen gogora¬tzeari ekiten dionean, ume bakartia nintzela aipatu ohi du gure amak. Ni, gehienetan, isilik geratzen naiz, baina noizean behin aurka egiten diot: «Nola esan dezakezu bakarrik ibiltzen nintzela, ama? Ez al zara akordatzen nola bete genizuen etxea igelez Tommyk eta biok? Edo nola, beste gau hartan, pasealekuko bankuetan zirrika ari ziren bikoteak fokatzen ibili ginen gure etxetik? Linterna Tommyrena zen». Buruarekin ezetz apal bat marrazten duen arren, amak ondo baino hobeto gogoratu behar du, aitarekin batera zinematik itzultzean bi udaltzain aurkitu baitzituen ni zaintzen, maitale haserretu horietakoren batek deituta; Tommyk, azeri hark, auskalo nola, ihes egitea lortu zuen. Hamabi urte bete genituen arte, banaezinak izan ginen. Une hartan Tommyrengandik urruntzen hasi nintzen; Alex bihurtu zen nire lagun kuttuna. Haurtzaroan gerta¬tzen den misterio horietako bat: zuretzat jainkoa zenak, egun batetik bestera, interesgarri izateari uzten dio, eta ezin du ezer egin hori ekiditeko; are okerrago, zurekin jarraitzeko egiten duen ahalegin orok gero eta gorrotagarriago bihurtzen du. Hori gertatu zitzaion Tommyri.

Tommyk ez zuen etsi nahi izan, baina egindako ahaleginak alferrikakoak zirela ikusi zuenean, putakeriak egiten hasi zitzaidan. Jolas orduan, inork begiratzen ez zuenean, lurrera bultza¬tzen ninduen, eta zauriz beteta itzultzen nintzen egunero etxera; bakarrik erortzen nintzela esaten zieten irakasleek nire gurasoei, eta inork ez zidan sinesten Tommy salatzen nuenean. Nire logelara sartzen zen gauez, eta etxeko lanen koadernoan, pintura gorriz, sekulako sarraskiak egiten zizkidan. Amesgaiztoetan ager¬tzen zi¬tzaidan, eta lo egiteari utzi nion. Baina okerrena Alexena izan zen: behin batean parkean agertu zitzaidan, eta «Zure lagun¬ttoak minbizia du» esan zidan Tommyk; handik sei hilabetera Alexek leuzemia zuela esan ziguten. Ez zen eskolara itzuli. Hurrengo urteak psikiatraz psikiatra igaro nituen, eta Tommyk egiten zizkidan bisitak gutxitzen hasi ziren, erabat desagertu arte. Medikuak pozik zeuden: Tommy izendatzeko "lagun ikusezina" esamoldea erabiltzen ikasi nuen. Edozelan ere, geroztik lasaiago bizi izan naiz.

Gaur arte. Etxean naiz semea ikastolatik itzuli denean. «Zer da eskuan daramazun hori, Alex?», galdetu diot. «Tommyk utzi dit, aita -eta linterna erakutsi dit-. Jolas polit bat irakatsi behar didala agindu dit».


© Gezurrak, gezurrak, gezurrak: Erein