Euskal liburugintza

EUSKAL LIBURUGINTZAREN BERRI LABURRA

© Jorge Giménez Bech (Euskal Editoreen Elkarteko Presidentea)

Transcript aldizkari elektronikoan argitaratua




Irakurleak lerrootan aurkituko duena egitate bitxi samar baten inguruko lehen berria izan daitekeenez, komenigarria da, lehenik eta behin, egitate hori bitxi egiten duten ezaugarri nagusiez hitz bi egitea.

Europako hizkuntza bizi zaharrenetariko bat XXI. menderaino ekarri duen giza multzoa hizkuntzaz eta kulturaz da, gaur, komunitate. Izan ere, euskal hiztunok (800.000 inguru) hiru egitura administratiboetan biltzen gara: bi autonomia erkidego Espainiako Estatuan (Euskadiko Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa) eta, izaera administratibo zehatzik gabe, Frantziako Pyrénées Atlantiques (64) departamenduan kokatzen diren hiru lurralde (Lapurdi-Labourd, Nafarroa Beherea-Basse Navarre, Zuberoa-Soule).

Euskal liburugintza baldintzatzen duen bigarren berezitasuna ez da, ordea, aurrekoa baino eragin txikiagokoa: askotariko arrazoi politiko-kulturalak direla medio, euskara, gaur egun, ez da bere lurraldeetan hizkuntza nagusia. Aitzitik, euskal hiztun guztiak dira, gutxienez, elebidunak (frantsesez edo gaztelaniaz), euskal herritar gehienak horietako hizkuntza batean elebakarrak diren bitartean (alegia, euskararik ez dakiten erdal elebakarrak).

Alde askotatik begiratuta konplexua den merkatu batean dihardugu, beraz, euskal editoreok (euskaraz argitaratzen dugunoz soilik arituko naiz hemen, beti ere, euskarazko liburugintza baita Transcript aldizkariaren ale berezi honen gaia).

Konplexutasun horrek ez du, hala ere, euskal liburugintzaren merkatuaren indarra baliogabetzen, jarraian ikusiko ditugun datuek (1) adierazten dutenaren arabera.

Euskaraz, 1.574 titulu argitaratu ziren 2003an, eta batez besteko tirada 2.403 alekoa izan zen. Guztira, 3,8 milio liburu merkaturatu ziren.

Ekoiztutako titulu horietatik, %72 liburu berriei dagokie eta %28 berrargitalpenei. Liburuen jatorriari begiratuz gero, liburu berrien %69 euskaraz sortutakoa da, eta %31 beste hizkuntzetatik itzulia.

Euskarazko liburuen %41 izan ziren hezkuntza eta irakaskuntza alorretakoak, %20,5 haur eta gazteentzakoak, %18 giza eta gizarte zientzietakoak, eta %12 helduentzako literaturakoak.

Salmentari dagokionez, euskal liburugintzaren sektoreak 27,6 milioi euro fakturatu zituen 2003an. Alorka, eta sail nagusiei soilik erreparatuz, fakturazio horren %6 dagokio hezkuntza eta irakaskuntza alorretako liburuari, %20 haur eta gazteentzako liburuei eta %7 helduentzako literaturari.

Ekoizpen eta fakturazio kopuru horiei eusten dien industria egiturari dagokionez, argitaletxe komertzial pribatuek (69) titulu guztien %71,5 ekoizten dute, eta euskarazko tituluen %13 argitalpen instituzionalaren esku dago (gainerako %15,5 kultur edota bestelako elkarteek eta egile-argitaratzaileek ekoiztua da).

Liburuak erosi eta irakurtzeko ohiturei dagokionez, oraindik ez dugu, tamalez, datu fidagarririk euskarazko merkatuaz, eskura ditugun ikerketetan ez baita era koherentean kontuan hartzen hizkuntzarekiko aldagaia. Beste hainbeste esan daiteke (oro har, eta J.M. Torrealdairen ikerketa salbuetsita) euskarazko liburugintzarekiko datuei buruz, ez baita, oraindik, ikerketa espezifikorik egin euskarazko liburugintzaz, eta, horri buruzko daturik biltzen denean, gaztelaniazko liburugintzarekikoekin nahasian ageri dira datuak. Ezinezkoa da gaur-gaurkoz, beraz, gure kultur industriari buruzko diagnosi zehatzik egitea.

Arazo hori konpontzeko asmoz bideratu berri du, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Euskal Editoreen Elkartearekin eta sektoreko beste hainbat eragilerekin lankidetzan, euskarazko liburugintzarekiko ikerketa, hainbat ataletan urtez-urteko barometro lana beteko duena. Hurrengo batean, ondo bidez, datu soilei interpretazio zehatzagoak eransteko moduan egongo gara.

Hala ere, eta eskarmentuak ematen digun ezagueran oinarrituta, zera baiezta dezakegu: hizkuntz normalkuntzaren bidean lan handia egiten ari den komunitatea izanik, euskaldunok garrantzi berezia ematen diogu liburugintzaren garapenari gure baitan, eta, oso bereziki, literaturgintzaren bilakabideari. Estima horren lekuko da, esaterako, gure idazleak eta editoreak nazioarteko merkatuetan finkatzen ari diren presentzia.

Izan ere, ez baita neurria kontuan hartu beharreko aldagai bakarra, ezta garrantzitsuena ere askotan, kultur komunikazio eta sorkuntzari dagokionez bederen.




(1) Artikuluan erabiliko diren datuak bi iturburu nagusitatik datoz: "Euskal liburugintza. 2003", J.M. Torrealdai, in Jakin, 146-147, Donostia, 2005eko urtarrila-apirila; Comercio interior del libro en España. 2003, Precisa Research, Federación de Gremios de Editores de España, Madrid, 2004 (enpresa berak Euskal Autonomia Erkidegorako urte berean eginiko ikerketa osagarria barne).




© Argazkia: argia.com