Bertsolaritza

BAT-BATEKO BERTSOLARITZAREN HISTORIA: PROPOSAMEN BAT

© Joxerra Garzia (Euskal Herriko Unibertsitatea)

© Itzulpena: Di-Da




1. Objektuaren definizioa

Kasik inolako salbuespenik gabe, bertsolaritza orain arte euskal literatura herrikoiaren molde edo azpigenerotzat jo izan da. Hori bai, "euskal literatura herrikoia" epigrafea saski-naski gisako zerbait da, literatura idatzian egokitzen ez den oro sartzeko atala.1

Alde horretatik, ahozko euskal literaturak ez dauka aparteko bereizitasunik, beste edozein literatura herrikoirekin alderatuz. John Foleyk2 azaltzen duenez, "ohiko" ahozkotasunean oinarrituz, kultura bakoitzak ezaugarri zehatz batzuk (erregistro jakin bat, esanahia sortzeko bide bereizi bat, funtzio sozial zehatz bat...) dituzten genero batzuen alde egiten du beti.

Genero bereizi horien multzoak, ahozko poesia jakin baten inguruan, Foleyk "sistema ekologiko" deritzon hori osatzen du. Ekosistema baten genero guztiak bat datoz zenbait ezaugarritan; horren ondorioz, generoen arteko mugak askotan ez daude argi eta gainjartzen dira. Hala ere, komeni da genero bakoitza dagokion errealitatean aztertzea, eta horretarako ezinbestekoak dira, besteak beste, Etnopoetikaren, Performancearen teoriaren, Arte Immanentearen eta Erretorikaren ekarpenak.

Beste nonbait,3 uste dut frogatu izan dudala bat-bateko bertsolaritza, bere osotasunean, genero bereizitzat jo beharko litzatekeela ahozko euskal poesiaren sistema ekologikoan. Alde horretatik, honela definitzen dut bat-bateko bertsolaritza: izaera epidiktikoa duen bat-bateko ahozko genero erretoriko kantatua.

Historia labur honek bat-bateko bertsolaritza izango du ardatz. Helburu xumea du: kontua ez da auzia behin betiko argitzea, nire ustez gerora egin beharreko ikerketaren lerro metodologikoak izan behar dutenez eztabaidatzea baizik. Ondoren, ikerketa horrek bertsolaritzaren historiari nolabait bere testuetara muga daitekeen generoaren errealitatetik heldu beharko dio.


2. Aurrekari historikoak

Bertsolaritzari jatorri zaharra eman nahi dion mitoaren, eta abertzaletasunaren "asmakari" moderno soil gisa aurkeztu nahi duen kontra-mitoaren aurrean, Koldo Mitxelenak zentzuzkoena dirudien erdibidea hartzen du: "[Bertsolarien] tradizioa aspaldikoa da inola ere, Garibaik aipatzen dituen XV. mendeko dama inprobisatzaileenganaino garamatza, gutxien jota".4

Joxe Azurmendik,5 berriz, Bizkaiko Foru zaharreko bi aipamen dakartza (Foru hori 1452an papereratu zen) eta kontuan hartzeko modukoak dira, dudarik gabe, bertsolaritzari buruzko aipamenik zaharrenak baitira. Aipamenok garbi uzten dute bertsolaritza (edo halako adierazpenak) indarrean zegoela aldi hartan (1452an) dagoeneko, legeak ez baitzukeen bestela hura debekatzeko nekerik hartuko.

Foruak bi molde aipatzen ditu. Batetik, hiletariena, beste hainbat kulturetan ere aski ezaguna dena. Askoz ere interesgarriagoa da Foruak "profazada" gisa definitzen duen emakumeen genero satirikoa. Dirudienez, azoketan eta antzeko ospakizunetan inprobisatzen zuten, eta ziur aski, egungo bertsolarien aitzindaritzat jo litezke.

Nolanahi ere, tamalez, profazada horiei buruz esan dezakegun bakarra zera da: izan zirela. Maila oneko bertso-corpus bat aurkitzeko, ezinbestean XVIII. mende bukaerara jo behar dugu. XIX. mendea hornituago dago dokumentazio aldetik, bai izenetan, bai datu biografikoetan, bai gordetako obretan ere. Hala ere, gehienak ez dira bat-batean sortutako bertsoak (bertso idatziak edo bertso jarriak baizik). Jakina da, erreferentzia bidez, bertsook idazten zituzten bertsolariek inprobisatu ere egiten zutela, baina bertso inprobisatuen kopurua oso urria da, eta zaila da garai hartako bat-bateko bertsoen ezaugarriei buruz zerbait esatea (sorkuntza prozesua, hedapena eta kontsumoa).

XX. mende erdialdera arte itxaron beharko dugu grabazio teknologiak erabiltzen hasteko, eta horrela baino ezingo dira fidagarritasunez gorde -eta ondoren transkribatu-bertsolariek saioetan inprobisatutako bertsoak. Mitxelena eta Azurmendiren ikuspuntuekin ados bagaude ere bat-bateko bertsolaritzaren jatorriei dagokienez, egia esateko, bertsolari inprobisatzaileen ekoizpideak eta ekoizpena ikertzerakoan, XX. mendeko 60ko hamarkadatik aurrera baino ez dago maila oneko bat-bateko bertsoen corpusik. Ordura artekoa testu-zati eta anekdota multzo bat baino ez da, ikerketa fidagarririk egiteko nekez balio duena. Zantzuen arabera, bat-bateko bertsolaritzan "klasikotzat" jotzen diren bertsolariak inprobisatzaile handiak izan ziren, baina estatus hori batik bat bertso idatziei esker lortu dute bertsolaritzaren historian -edo diktatuak, baina ez, inola ere, inprobisatuak-. Bertsolari horien sorkuntzaren corpusa batik bat "kontzeptualki" ahozkoak diren bertsoek osatzen badute ere (aipatutako bertsolari klasikoetako batzuek ez zekiten idazten), ezin ahantz dezakegu bertso horiek, ekoizpideari jarraiki, hurbilago daudela kordeleko paperen literaturaren gisako genero batetik bat-bateko bertsolaritzatik baino.

XX. mendean zehar, bertsolaritza erabat aldatuko da. Izena mantenduagatik, XX. mende hasierako bertsolaritzak zerikusi gutxi du mende bukaerakoarekin. Besteak beste, bertsolaritza idatzia nabarmenena baldin bazen mende hasieran, nagusitasun hori bat-bateko bertsolaritzak bereganatuko du. Bertsolaria, gaur egun, bertsoak jendaurrean inprobisatzen dituena da.

Laburbilduz: lehenago oso sustraitua zegoen jarduera izatearen konstantzia izanagatik, bat-bateko bertsoen historia dokumentatua 1935. urte aldera hasten da. Ordura artekoetan desafioei buruzko albisteak eta zenbait bertso solte baino ez dauzkagu, memoria kolektiboak gordetakoak. Hortaz, ezer gutxi esan dezakegu bat-bateko bertsoez data horretatik atzera.

Ohiko bertsolaritzaren historiak 1800. urte aldera abiatzen dira: aro handiak ezartzen dira, horietako bakoitza izen nabarmen bat edo batzuk buru dituela. Hala ere, hemen hartutako ikuspuntuaren arabera, arrazoi ugari dago sailkapenok egokiak ez direla esateko. Lehenik eta behin, esan bezala, bi genero bereizi nahasten dira: bat-bateko bertsolaritza eta bertsolaritza ez inprobisatua. Bigarrenik, aroen izendapenak erreferentzia egiten die bat-bateko bertsolaritzari arraro zaizkion kanpoko kategoriei (aurre-erromantizismoa, erromantizismoa...).

Bat-bateko bertsolaritzari dagozkion aroen sailkapen zentzuzko bat egiteko generoaren irizpideen arabera egin beharko litzateke. Hona, behinik behin, nire proposamena:

Aroa Urteak Bertsolariak
Historiaurrea Hastapenetik 1900. urtera Pernando Amezketarra, Etxahun, Xenpelar, Bilintx...
Bertsolaritza marjinaletik lehen txapelketetara 1900-1935 Txirrita, Kepa Enbeita
Isiltasunaren aroa: 1936-1945
Biziraupen aroa 1945-1960 Basarri, Uztapide, Lasarte, Joxe Lizaso, Agirre, Lazkano, Lazkao Txiki, Mattin, Xalbador...
Erresistentzia aroa 1960-1979 Azpillaga, Lopategi, Uztapide, Basarri, Joxe Lizaso, Agirre, Lazkano, Lazkao Txiki, Mattin, Xalbador...
Herriari kantatzetik publikoari kantatzera: 1980-1998 Amuriza, Egaña, Sarasua, Peñagarikano, Sebastián Lizaso...
Bertsolaritza multipolarra: 1999... Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Amets Arzallus, Sustrai Kolina...



3. Bertsolaritza marjinaletik lehen txapelketetara: 1935-36

Espainiako gerra zibilaren aurreko urteetan,6 euskal intelektualen parte esanguratsu batek "euskal kulturaren berpizkundea" eraikitzeko oinarria aurkitu nahi zuen gizartean, baina guztiak ez zetozen bat bertsolaritzaren garrantzian berpizkunde hartan. Joxe Ariztimuño apaizak bertsolaritza amestutako berpizkunde horren ardatz izatearen defendatzaile sutsua zen. Gaiari buruz idatzi zituen artikuluetako batean, bertsolariak "janzki zaharren zantzu xumez" tabladuratzeko proposamena egin zuen, horrela bertsolariak "xerlo distiratsuko trobadore erromantikoen" itxura izan zezan; era berean, deklamazioen mimikaren alde egin zuen, edota dekorazio prosaikoa erabat aldatzearen alde...7

Neurri horiek ez hartuagatik, aipamenak argi uzten du bertsolaritzari, onenean, balio instrumentala ematen zaiola, eta ez berezkoa, barnekoa: guztien irrika den euskal kulturaren berpizkundea aurrera eramateko tresna gisa baloratzen da bertsolaritza, eta aski langintza zaila zen hori, kontuan hartuta populazioaren gehiengoa analfabetoa zela bere hizkuntzan.

1934. urtearen erdian, Aitzol eta beste zenbait intelektual bildu egin ziren, eta halaxe sortu zen lehen Bertsolari Txapelketa, araudi, epaimahai, sari eta guzti. Mugimendu abertzalearen gazte-taldea, Euzko Gaztedi, bertsoak kopiatzeaz arduratuko da, ondoren publikatzeko. Sistema oso fidagarria ez izan arren, hortik sortuko da bertsolaritza inprobisatuaren lehen dokumentu aipagarria.


3.1. Bertsolaritza klasikoaren paradigma: Txirrita.

Mendearen lehen hereneko bertsolaritza inprobisatuan nagusi da Jose Manuel Lujanbio, Txirrita (1860-1936) bertsolari hernaniarraren izena, mende hasierako, bere garaiko bertsolaritzaren oinarrizko erreferentzia.

Gorputz handiko gizon hark ez zeukan bertsolaritza ez zen beste zeregin baterako bokazio handirik. Bere izena denbora urrun gelditzen zaizkigun beste zenbait bertsolarik duten kondaira kutsua du.

Beste bertsolariokin alderatuz, Txirritaren bertso inprobisatu nahikoa gorde da; gehienak anekdotaren batekin lotuta daude, eta anekdota horiek pertsonaiaren izaera pikaroa nabarmentzen dute.

Baliabideen banaketa, figuren dentsitatea, ezaugarrien arabera pentsa daiteke ez direla bat-bateko bertsoak, bertso idatziak baizik, edo, hobeto esanda, bertso diktatuak, Txirritak ez baitzekien idazten. Bertsopaperen corpus hori oinarri hartuta garatu da, esplizituki edo inplizituki, bertsolaritza klasikoaren eredua, Juan Garziaren lanari esker.8

Txirritaren irudia leku guztietan dago XIX mendearen azken laurdenean eta XX.aren lehen herenean. Horrela, lehen bertsolari txapelketan parte hartu zuen, pronostiko guztien aurka, Iñaki Eizmendi, Basarri, Zarauzko bertsolari gazteak irabazi bazuen ere. Txirritak hurrengoa irabaztearekin konformatu behar izan zuen, 1936an, hil baino hilabete batzuk lehenago.

Txirritak batez ere ingurune informaletan kantatzeko ohitura zuen. Honezkero topiko samarra da ordukoa "sagardotegiko bertsolaritza" gisa definitzea, sagardotegiak baitziren bere "bertso-lekurik" gogokoenak eta ugarienak, noizean behin antolatzen ziren lehiaketetan parte hartzen bazuten ere. Txapelketak, ordea, gertakari bereziak ziren, kasik erritoak. Publikoa ere ezberdina zen. Betiko zaleak ez ezik, orduko euskal intelektualak ere biltzen ziren saioetara.

Txirrita ez zen bat ere eroso sentitzen halako egoera berezian. Honelaxe adierazi zuen txapelketan kantatutako bertso honetan, Aitzol, epaimahaikideetako bat, makulu batekin seinalatuz:

Larogei urte gainean ditut
nago hanketako minez,
Donostiara etorria naiz
herren haundia eginez.
Bi bastoiekin txit larri nabil
pausorik eman ezinez.
Euskera ia ahaztu zait eta
erderarikan jakin ez,
maixu batekin eskolan laster
hasi behar det latinez.

Horrelako bertsoetan Txirritaren estiloa izugarri moderno bihurtzen duen ezaugarri bat aurkitzen dugu: buru-argitasuna, egoera dialektikorik zailenetan ere irtenbideren bat aurkitzeko gaitasuna.


3.2. Bizkaiko tradizioa: Kepa Enbeita, "Urretxindorra"

Sarritan esanagatik Bizkaiak ez duela tradizio bertsolaririk Kepa Enbeita "Urretxindorra" (1878-1942) bertsolariaren aurretik, adierazpen horrek berrazterketa bat behar du Xabier Amuriza eta beste zenbaiten ekarpenen ondoren.9 Kepa Enbeitaren aita bera ere izen oneko bertsolaria izan zen. "Txotxojeurei" esaten zioten. Edozein kasutan, Kepa Enbeita da aztertzeko moduko bertso ekoizpenik utzi zigun lehen bertsolari bizkaitarra. Muxikako Areatza (Bizkaia) auzoan jaio zen, eta Sabino Aranaren doktrina ezagutu ondoren, bere bertsogintza izugarri aldatuko da.

Kepa Enbeitak mitin abertzaleetan parte hartu zuen; bere bertso-harengek arrakasta handia zutenez entzuleen artean, gero eta gutxiago parte hartuko du ohiko bertso-saioetan. Ez zuen parte hartu 1935 eta 1936ko txapelketetan.

Bertsolaritza sagardotegitik antzokira eraman zuen prozesuaz hitz egiten dugunean, esaten da Basarri izan zela aldaketaren bultzatzaile nagusi eta bakarra, esan gabe Kepa Enbeitak gerra aurretik ere egin beharreko bidea argi azaldu zuela.


4. Isiltasunaren aroa: 1936-1945

Oximoron ikaragarria litzateke bat-bateko bertsolaritzaren "isiltasunaren aroa" definitzeko azalpenetan luzatzea.

Gerraren lazgarrikeriaren ondoren, gerraostea ere latza izan zen, bate zere Euskal Herria bezalako eskualdeetan, mutinatuek "traidoretzat" jotako eskualdeetan, alegia.

Ez zait aro honen deskribapen hoberik bururatu Juan Kruz Zapirainen bertso honen isiltasuna transkribatzea baino. Zapirainek orduko izugarrikeria azaltzen zuen loak hartu ezinik pentsatzen zituen bertsook emazteari diktatuz:

Sentimentu asko dauzkat nerekin
orain kontatu beharrak
ez dakit nola zuzenduko 'iran
egin dituzten okerrak,
pazientzitik ez naiz atera
Jaungoikoari eskerrak;
leku askotan jarri dituzte
tristura eta negarrak,
lehen hamar lagun ginan etxean
ta orain hiru bakarrak.



5. Biziraupen aroa: 1945-1960

5.1. Oinarrizko erreferentzia: Basarri eta Uztapide

Atzerrian eta diziplina batailoietako lan behartuetan hiruna urte egin ondoren, Basarri Gipuzkoara itzuli zen 1942an. Uztapiderekin batera, probintziako auzo eta herrietako festetan kantatzeari ekin zion. Urteak igaro ziren Bizkaian edo Nafarroan kantatu zuten arte. Ezer gertatu izan ez balitz bezala kantatu behar dute, iraganeko eta uneko gertakizun asko aipatu gabe.

Iñaki Eizmendi, Basarri Errezilen jaio zen (1913), baina batik bat Zarautzen bizi zen, jaioterritik hurbil. Atzerritik itzultzean, etengabe jardungo du bertsotan. Bertsolari inprobisatzaile gisa, euskal herri gehienak bisitatuko ditu, lehenbizi Gipuzkoan, eta ondoren gainerako probintzietan. Bertsokide ohikoena Zestoako mutil gazte bat du, Manuel Olaizola, Uztapide (1909-1983), 1935 eta 1936 txapelketetan parte hartu zuena ere.

Uztapideren bertsokera Basarrirena baino herrikoi eta errazagoa da. Basarriren kezka intelektualik ez bazuen ere, aitzitik, errezildarraren osagarri bikaina zen. Egungo bertsolari zaharrenek gogoan dute bikotearen saioek beti zutela bilakaera bertsua. Basarrik gidari lana egiten zuen, bide eginez: hark erabakitzen zuen noiz eta nola landu gai bakoitza. Saiook gai-jartzailerik gabekoak izaten zirenez, bertsolariek erabakitzen zuten zein gairi kantatu eta zenbat bertso osatu.

Basarriren bertsogintza intelektualagoa da, nolabait esateko. Juan Mari Lekuonak adierazi bezala, ongi definitutako proiektu baten erantzuna da bertsogintza hori.10 Bertsozale arruntak, ordea, nahiago du Uztapide. Basarriren gidaritzaren ondotik, Uztapidek ez zuen aukerarik galtzen Basarrik ateratzen zuen gai orori buruzko komentarioren bat edo beste egiteko. Basarrik kazetaritzan jardun zuen ere, bai prentsa idatzian, bai irratian, eta bertso-jartzaile handia izan zen. Uztapide, aldiz, bat-bateko bertsolari eta narratzaile gisa nabarmendu zen.

Basarri eta Uztapideren meritua, edozein kasutan, euren bertsoen testutik harago dago. Bertsolaritza diktadurak onartutako euskarazko jarduera ia bakarra zen garai batean, bertsolaritzari bide egiten jakin zuten, ondorengo garapenak hain beharrezkoak izango zituen oinarriak ezarriz.


5.2. Bertsolaritzaren berpizkundea Iparraldean: Teodoro Hernandorena

Testuinguru historikoa, noski, zeharo ezberdina zen Iparraldean. Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, Gipuzkoatik erbesteratutako mediku batek, Teodoro Hernandorenak, iparraldeko hiru probintzietako herri guztietan barrena ibiltzeari ekin zion, bertsolari bila, eta jaialdiak eta lehiaketak antolatzen hasi zen, sarritan bere poltsikotik.

1946an antolatu zuen Hernandorenak lehen jaialdi-lehiaketa, Donibane Lohitzunen. Horren ondorioz bertsolari talde ugariak sortu ziren, horien artean 60ko eta 70eko hamarkadetan bertsolaritzaren elitearen parte izatera iritsiko zirenak, besteak beste, Xalbador eta Mattin.


5.3.Bizkaia: Alfontso Irigoien

Alfontso Irigoien filologo eta eruditu bizkaitarrak, Euskaltzaindiko kide izateak ematen zion babesaz baliaturik, 1948an, akademiaren babesean, Bizkaiko lehen Bertsolari Txapelketa antolatu zuen Bilboko jaien aitzakian. Balendin Enbeita izan zen txapeldun, Keparen semea.

Bigarren txapelketan (1949an), Balendin Enbeita suertatu zen berriz txapeldun. Bigarren norgehiagokara lehenengora azaldu gabeko zenbait izen agertu ziren: Basilio Pujana, Deunoro Sarduy eta, batik bat, Jon Azpillaga, Jon Lopategirekin batera Frankismoaren azken urteetako eta trantsizio garaiko lehen urteetako bertsolaritzaren erreferentzia izango zena. Urte berean Bizkaiko bertsolaritzaren izen handietako bat izatera iritsiko den bertsolari bat aurki genezake ere: Jon Mugartegi.


6. Erresistentzia aroa: 1960-1979

Berrogeita hamarreko hamarkadaren azken urteetan, Euskaltzaindiak sekulako lana egin zuen euskal geografia osoa arakatuz bertsolari bila, bertsolariok jende aurrean kantatzera animatuz, eta probintzietako txapelketak antolatuz, Euskal Herriko Txapelketaren ospakizunari begira.

Ahalegin horren ondorio da 1960ko Bertsolari Txapelketa, Euskaltzaindiak antolatua. Aldez aurretik probintzietako txapelketak burutu ziren, eta txapelketa nagusira (hau da, 1935ean hasitako seriearen hirugarrenera, gerraren etena kontuan hartuz gero) aurrekoetako onenak aurkeztu ziren.

Basarri izendatu zuten txapeldun, pronostikoek agindu bezala. Hala ere, hurrengo txapelketa (1962) Uztapidek irabazi zuen, eta prentsan polemika korapilotsu samarra sortu ondoren, Basarrik ez zuen berriz parte hartu txapelketetan, nahiz eta beste sariketa batzuei uko ez egin. Basarri erretiraturik, Uztapidek 1965 eta 1967ko txapelketak irabazi zituen.


6.1. Auspoa: ahozko literaturaren hauspoa

Hirurogeiko hamarkadako bertsolaritzaren motorra, ezbairik gabe, txapelketak dira, bertsolariek herriz herriko bertso-saioetan kantatzen jarraitzen badute ere. Txapelketetako finaletan botatako bertsoak Auspoa sailean argitaratzen dira, Aita Antonio Zabalak Tolosan 1964an abian jarritako bilduman. Bertsolaritzaren eta oro har ahozko literaturaren altxor handia dugu. 200 liburukien muga aski gainditurik, Aita Zavalak bilduma osatzen jarraitzen du egun, orain Oiartzungo Sendoa argitaletxearen bitartez egiten badu ere. Sailaren izena metafora soil bat baino askoz gehiago izan da. "Auspoa" hitzak berak dioenez, ahozko literaturaren sugarra etengabe "hauspotu" duen bilduma izan da.


6.2. Hirurogeiko hamarkadako lau txapelketak

Txapelketei esker, Frankismo garaiko eta trantsizioko lehen urteetako bertsolaritza bizirik mantenduko duten bertsolarien izenak ezagutzera eman ziren: Uztapidek eta Basarrik osatutako erreferentziazko bikotearekin, edota aipatutako Xalbador eta Mattinekin batera, Basarri eta Uztapideren ondoren artearen biziraupena ziurtatuko duten zenbait bertsolari agertzen dira: Jose Lizaso, Jose Agirre, Garmendia, Mitxelena, Mugartegi eta Azpillaga, Lazkao Txiki, Lopategi, Gorrotxategi... Badira zenbait bertsolari, txapelketetan inoiz ere ez edo gutxitan parte hartuagatik, bertsolaritzaren historian lekutxo bat lortu dutenak. Horietan guztietan esanguratsuena Manuel Lasarte da (Leitza/Orio, 1935), Leitzan jaio eta Orion bizi dena, zaleek asko estimatu eta miretsitako bertsolaria. Lasarteren bertsokera batik bat ongi esatean datza, errimak lotzeko eta esaldiak neurrian sartzeko ongi landutako itxurazko naturaltasunean.

Hirurogeiko hamarkadan eta hirurogeita hamarrekoaren zati batean, bertsolariak eta publikoa oinarrizko balio zehatz batzuk eta munduaren ikuspegi berezi batek lotzen ditu. Testuinguru horren oinarrian euskal herritarrek eta euskarak bizi dituzten zapalkuntza dago. Oinarri horretan, hizkuntzaren biziraupena berma lezakeen edozein elementuk berez sekulako emozioa sorraraziko du, aparteko testurik edo baliabiderik behar izan gabe. Euskal sentimenduak zuzenean adierazteko askatasunik gabe, gizarte-gaiek eta balio tradizionalek (horien artean erlijioak) aukera emango diote bertsolariari bertso xumeen bidez emozio handiak sortzeko entzuleengan, balio eta erreferentzia horiek aipatze hutsez. Bertsoak xumeak eta sinpleak izango dira: txapelketetan gutxitan entzungo da lau puntu baino gehiagoko bertsorik.

Txapelketa horietako bat-bateko bertsoetan dentsitate poetiko handiko ahapaldiak aurkitu nahi dituenak sekulako ezustea jasoko du. Bertsolariei jartzen zaizkien gaiak topiko-arketipikoak dira batik bat. Bertsolariak badaki euskal kontzientzia aipatze hutsarekin, aipamen soila eginagatik, bertso-saioaren baldintza kasik liturgikoak kontuan hartuz, entzuleriarengan eragin handia sortuko duela. Badaki entzuleak fededunak eta kristauak direla, baita balio tradizionalak dituztela ere: amaren irudia, lana, ondra...

Hala ere, aroko bertso guztiek ez dute halako garrantzi testual eskasik. Bi bertsolariren jarduna nabarmentzen da besteen artean: euren bertsoak testu-kalitate handikoak dira, indar-gune ezberdinak badituzte ere. Bata Lazkao Txiki da. Bestea, Xalbador.


6.3. Lazkao Txiki

Jose Migel Iztueta, Lazkao Txiki (Lazkao, 1926-1993), ezbairik gabe, bere bizitzaren azken urteetan berez bazen, eta ordutik bertsolaritzaren mito bat izan da.

Txirrita bezala, mutil zahar amorratua zen, baina Lazkaokoaren gorpuzkera askoz eskasagoa izanik, hernaniarrarena ez bezalako pikaro mota bat osatzen zuen. Txirritaren moduan, Lazkao Txiki, batik bat, bertsolaria da. Atsotitzetan islatuko diren zorroztasunak eta sormenak, bere ahots hauskor eta kantaera kadentziatsuarekin batera, oso bertsolari maitatua bihurtu zuten Iztueta bizi artean, eta are maitatuagoa hil ondoren.

Lazkao Txikik, bere belaunaldiko beste zenbait bertsolarik bezala, oso ondo asmatu zuen sasoi berrietara egokitzen, eta sekula ez zitzaion bertsotarako deirik faltatu izan. Bertsolaritzaren historiaren parte da 1989an Hitzetik Hortzera programak antolatutako bertso-afari batean egindako saioa. Gai gisa ispilu bat eman zion gai-jartzaileak une jakin batean. Ispiluan islaturiko irudiari begirik kendu gabe, Lazkao Txikik hiru bertso antologiko inprobisatu zituen, horietako bat honakoa:

Aizak nik hiri bota behar dit
bertso koxkor bat edo bi,
behingoan jarri geranez gero
biok aurpegiz-aurpegi.
Neri begira hotik daduzkak
alferrikako bi begi:
hik ez nauk noski ni ikusiko,
baina nik ikusten haut hi.



6.4. Xalbador

Fernando Aire Xalbador (Urepele, 1920-1976) bertsolariaren kasua oso bestelakoa da. Bizi zen artean aski maitatua izan zen, baina baxenafarreraz mintzatzearen ondorioz, entzule gehienek entzun ohi zuten gipuzkeraren eredutik aldenduta, agian ez zen Uztapide, Lazkao Txiki edo Martin Treku Mattin bertsolariak bezain estimatua izan.

Hala ere, edo agian horregatik hain zuzen, Xalbadorren bat-bateko bertsoek besteenek baino hobeto jasan duten denboraren eragina, eta egungo sentsibilitatearekiko modernoagoak dira.

Urepelen, jaioterrian, artzaina izanik, harritzekoa da bere fintasun poetikoa. Bertso idatziz osatu zuen liburua, Odolaren mintzoa, benetako altxorra da, lehen mailako antologia aparta.

Bere bertso idatzi ugari egun kantu bihurtu badira ere, Xalbador aparteko inprobisatzailea izan zen, ez ohiko sentsibilitate poetikoa zuena. 1965eko txapelketan, bi bertso bota behar izan zizkion gai honi: "Zure emazte hilaren soinekoari". Xalbadorrek inprobisatutako bertsoak nekez hobe litezke, baina espazioaren aitzakian, bakarra transkribatuko dut:

Pentsa zazute alargudu bat
ez daike izan urusa,
dolamen hunek, oi, ez dezala
anitz gehiago luza!
Orai urtea ziloan sartu
andreñoaren gorputza,
haren arropa hantxet dilindan
penaz ikusten dut hutsa.

Xalbadorrek inprobisatzaile gisa lortutako izena -eta egun aitortu zaizkion merituak- maila horretako bertsoen bidez bereganatu zuen. Ez zuen aparteko ahotsik, Basarrik eta Uztapidek bezala, eta ez zuen Mattinen edo Lazkao Txikiren ospea herritarren artean.

Esan dugu hizkuntza traba zela entzule arruntek Xalbadorren bertsoak sakontasunez estimatu zitzaten. Traba horren agerpenik nabarmenena 1967ko txapelketan gertatu zen, epaimahairen erabakiak Xalbador hautatu zuenean Uztapide txapeldun garaiezinaren aurka jarduteko azken atalean. Akta irakurtzean, publikoa protestaka hasi zen, txistuka, auskalo epaimahairen edo Xalbadorren aurka. Txistualdia zaratatsua eta luzea, izan zen, oso luzea. Une jakin batean, Xalbador mikrofonora hurbildu zen eta bertso bat kantatzen hasi zen, txistualdiaren zarata artean nekez entzun bazitekeen ere:

Anai-arrebak, ez otoi pentsa
ene gustura nagonik;
poz gehiago izango nuke
albotik beha egokik.
Zuek ez bazerate kontentu,
errua ez daukat ez nik...

Une horretan, txistuak Xalbadorren aldeko txalo eta oihu bihurtu ziren, eta kostata bukatu zuen bertsoa:

...Zuek ez bazerate kontentu
errua ez daukat ez nik:
txistuak jo dituzute baina
maite zaituztet orainik.

Hortik aurrera, Euskaltzaindiak txapelketak antolatzeari utzi zion. Laster heldu ziren errepresio urterik gogorrenak, ETAren lehen atentatu eta hilketak, Burgoseko epaiketak. Parentesi arinen bat salbu, salbuespen egoera arau izan zen, urtetan, Euskal Herrian.

Xalbador berari egindako omenaldi batean hil zen, Urepelen, 1976ko azaroaren 7an. Munduan liburu ezin hobe bat utzi zuen, eta urteak pasatu ahala gero eta handiago den bertsolari handi baten oroitzapena.


6.5. Francoren aurretik eta ondoren: Lopategi eta Azpillaga.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, Basarri eta Uztapide gero eta plaza gutxiago egiten zituzten garaian, aurreko hamarkadako txapelketetan agertutako bertsolariek hartuko dute protagonismoa. Diktadorearen bukaera gero eta nabarmenagoa den heinean, gauzak modu zuzenagoan esateko beharrizana areagotuko da, agintarien baimenarekin zein ez.

Aldarriz hornitutako bertsogintza politiko zuzenagoa gero eta gehiago zabaltzen da. Horren ondorioz, bertsolariek zigor eta isun ugari jasoko dituzte publikoan entzun nahi duena kantatzearen ordainetan. Aro horretan bi bertsolari nabarmenduko dira, Jon Lopategi eta Jon Azpillaga.

Francoren heriotzaren ondoren, Euskal Herrian esperantza eta baikortasuna indartuz joango dira, banaka-banaka heldutako lorpenei esker: presoak aske utziko dituzte, ikurrinaren onarpena, amnistia, etab. Klima politikoa erabat ezberdina izanagatik, bertsolariak aurrean duen publikoaren esperantza lehenengo bera da. Horregatik erabaki dugu Francoren osteko lehen urteak "erresistentzia aroa" epigrafean kokatzea: trantsizio garaiko lehen urteetako bertsolaritzaren testuingurua eta baldintzak gertuago daude diktadura garaiko bertsolaritzatik trantsizio ostekotik baino, azken hori desenkantutik eta publikoaren banaketatik sortuko baita.


7. Herriari kantatzetik publikoari kantatzera: 1980-1998

7.1.Amuriza

Hamahiru urteko parentesiaren ondoren, Euskaltzaindiak berriz txapelketak antolatzeari ekin zion: finala Donostian izan zen 1980ko urtarrilaren 6an.

Gauzak (bertsolariak, bertsogintza) ez du ematen asko aldatu direnik azken txapelketatik, hau da, Xalbadorri 1967an txistuak jo zizkiotenetik.

Zortzi finalistetako batzuk 1967ko finalean egondakoak dira: Garmendia, Azpillaga eta Gorrotxategi. Horiekin batera, Patxi Etxeberria eta Angel Larrañaga agertuko dira, bertsogintza erraz, zuzen eta herrikoia duten gipuzkoarrak. Bestalde Xanpun agertuko da, Iparraldeko ordezkari berria (Xalbador hila zen, eta Mattinek, hurrengo urtean hilko zenak, ez zuen asko jarduten jendaurrean).

Berrikuntza bertsogintza berritzailea zuten bi bertsolari bizkaitarren eskutik helduko zen: bata Jon Enbeita zen, Keparen iloba eta Balendinen semea, eta bestea, eta aipagarriena, Xabier Amuriza, egungo bertsolaritzaren arlo guztietako aitzindaria.

Xabier Amuriza, 1941ean Zornotza-Etxanon jaioa, apaiz izandakoa zen, eta askatasunaren aldeko mugimendu euskaldunaren jarraitzaileak ziren beste hainbat eliztarrekin espetxeratua izan zen. 1967ko txapelketan epaimahaikidea izan zen. Kartzelan egon bitartean, bertsolaritzaz gogoeta sakona egingo du eta bertso ugari idatziko ditu.

Halere, itzul gaitezen 1980ko txapelketara. Kanporaketetan jadanik deigarria izan zen bere bertsogintza. Edozein kasutan, txapelketa haren finalean azaldu zuen berak bertsogintza ulertzeko zuen modua. Txapelketa hartan eskuratu zuen bere lehenengo txapela, Jon Enbeitaren aurretik. Bi urte geroago, bigarren txapela eskuratu zuen, oraingoan buruz burukoa dramatikoagoa izango den arren, lehenago aipatu izan dugun bertsolari baten aurka: Jon Lopategi (Muxika, 1934), bere burua (eta bere bertsokera) sasoi berrietara ondoen egokitzen asmatu duen bertsolarietako bat. Lopategik 1989ko txapelketa bere egin zuen, bertsogintza distiratsu, sakon eta landu bati esker.

Amurizak 1980ko txapelketan abian jarritako iraultzari buruz asko eta asko hitz egin da. Hona hemen aipatzen diren zenbait gauza: bertsolari batek lehen aldiz euskara batuan inprobisatzen du; ordura arte inoiz erabili gabeko errimak agertzen dira; Amurizaren irudimena, kutsu poetiko handikoa, soilik konpara dakioke Xalbadorren bat-bateko jardunari.

Halere, bultzatu nahi dugun ikuspegi berritik, hau da, erretorikatik poesiatik baino, esan beharra dago Amurizaren ekarpenik handienak, aipatutakoak ukatu gabe, honakoak direla:

  • Errimen berezitasunaz gain, errimak kontzienteki hautatutako estrategia komunikatibo batzuen arabera ordenatuko ditu.
  • Ahozko baliabideak estrategien bitartez helburu berriekin erabiltzea.

Azken puntu horretan, nabarmenak da Amurizak nola erabiltzen dituen oralistek "formula" deitzen dituztenak: narrazioan erraz txerta daitezkeen edukiak molde neurtuan erabiltzea. Balio topiko edo egoera jakin batzuen adierazpenerako laguntza soil gisa erabili beharrean, Amurizak karga poetiko-erretoriko handia ematen die. Horren ondorioz, formulek garrantzi komunikatibo handia dute bere bertsoetan. 1980ko txapelketaren finalean, Amurizak honako gaiari kantatu behar izan zion bakarka: "Gizona ez da bakarrik ogiaz bizi". Hona hemen botatako lehen bertsoa:

Gai horrek badu mamia
baldin ez banago gor;
hainbat jende gizaseme
ikusten ari naiz hor;
ogiaz gain gizonari
anitz gauza zaio zor,
bestela mundu hontara
hobe ez gintezen sor:
ogiakin justizia
behar dugu derrigor;
hau sinisten ez duenik
ba al da hemen inor?

Amurizak lau puntu baino gehiagoko bertsoak egiteko joera areagotzen du, txapelketaz txapelketa gero eta gehiago areagotuko dena. Ohiko doinu tradizionalekin batera, berak asmatutako doinuak erabiltzen ditu Amurizak. Aukera horrek, egungo bertsolarien artean oso arrunta izanagatik, bertsolariari mota ezberdinetako doinuak ematen dizkio. Badira narratiboagoak diren doinuak; badira erregistro lirikorako egokiagoak direnak; beste batzuek egoera edo gai serioak behar dituzte, etab.11

Bertsoa luzatzeko beharrizana ematen du lotuta dagoela eduki poetiko-erretoriko handiagoko bertsoak sortu behar izatearekin; era berean, beharrizan hori testuinguru partekatuaren homogeneotasunaren galerarekin lotu beharra dago, beste nonbait egiaztatu nahi izan dudan moduan.12


7.2 Amurizatik Egañara

Amuriza nagusi izango da 80ko hamarkadako lehen urteetan. 1982ko txapelketan, lehenago esan bezala, Amuriza izan zen txapeldun, Lopategiren aurka jardun ondoren buruz burukoan. Hurrengo txapelketaren antolakuntzak polemika garratza sorrarazi zuen, eta txapelketa ez zen 1986ra arte egingo. Urte horretan, antolatzailea Bertsolarien Elkartea izan zen (egungo Bertsozale Elkartea).

1986ko txapelketa Sebastian Lizasok (Azpeitia, 1958) irabazi zuen, lehenago aipatu dugun Joxe Lizaso bertsolariaren semea. Sebastian Lizasok, ahots indartsua izateaz gain, bertsotan nahi duena esateko erraztasun handia du, arrazoi egokia une egokian aurkitzeko ahalmena, bertso-kideen arrazoiei buelta emateko abilezia. Guztiak aski ezagunak dira bertsolarien artean. Gainera, beste bertsolariek erabiltzen dituzten baliabideez eta estrategiez jabetzeko gaitasun apartekoa du. 90eko hamarkadan, Egañarekin batera saio gehien izango duen bertsolaria da. Lizasoren bertsogintza guztiz dialektikoa da, zuzena, ahozko baliabide ohikoenak ahalik eta gehien erabiltzen dituena. Bere estrategiak garatzeko ez du errima ugariko bertsoen premiarik. Are gehiago, txapelketetan hainbeste estimatzen diren bertso luze horietan moldatzen da okerren. Aldiz, argudiatzea denean kontua, helburua hainbat orduz kantuan jardutea denean, bertsolari gutxik egin diezaiokete aurre.

1989ko txapelketa, esan bezala, Jon Lopategik irabazi zuen, egungo bertsolaritzaren beste erreferente handietako bat.

Urte bete lehenago, 1988an, bertsolaritzari buruzko telesaio bat abian jarri zen, Hitzetik Hortzera, bertsolaritzaren boomaren eragile nagusietako bat izan zena 90eko hamarkadaren hasieran. Hala ere, boomaren zergatia 80ko hamarkadaren bukaeran agertutako bertsolari belaunaldi berri bat izango da.

1986ko txapelketaren finalean bildu zen bertsolari taldea belaunaldi berri horren adibide ona da: Sebastian Lizaso txapeldunaz gain, bertan izan ziren Jon Enbeita, Xabier Amuriza, Jon Sarasua, Jon Lopategi, Angel Mari Peñagarikano, Iñaki Murua eta Andoni Egaña zarauztar gaztea.

1989ko finalean gauzak ez ziren gehiegi aldatu. Jon Lopategi txapeldunarekin batera, berriz agertzen zaizkigu Jon Enbeita, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua. Horiei Imanol Lazkano batzen zaie, hasieratik Elkartearen lehendakari izandakoa, eta Mikel Mendizabal, Murua eta Lizasoren belaunaldiko beste bertsolari bat.

Gauzak horrela, eta aurreko txapelketetan gertatu ez bezala, 1993ko txapelketa hastean bertsolariak euskal kulturaren pertsonaia ezagun bihurtu dira. Umeek autografoak eskatzen dizkiete kalean, sarritan agertzen dira telebistan eta irratian, eta gizartean ez da ekitaldirik bertsolaritzaren errepresentaziorik ez duenik. Bertsolaritzaren boom gisa ezagutzen da garai hori: garai horren unerik gorena Egaña txapeldun izendatzean gertatuko da, 1993an.


7.3. Distantziamenduaren bertsogintza: Andoni Egaña

Andoni Egaña bertsolari atipiko eta autodidakta da, bertsotan izandako formaziori dagokionez bai, behintzat. Zarautzen jaioa (1961), euskal filologian lizentziatua da, eta Gasteizko udaleko funtzionarioa izan zen. 1993an lanpostua utzi zuen sorkuntzari buru belarri ekiteko. Urtean 200 bertso-saio egiteaz gain, bertso idatziak landu ditu, bai paperean, bai beste zenbait euskarritan ere. Nobelagilea eta euskarazko hedabide gehienetako kolaboratzailea, bertsolaritza ulertzeko modu berri baten abiapuntua da.

Egañak bere belaunaldiaren estiloari ekarpen handia egin dio. Belaunaldi horren zentzuzko definiziorik egiteko, ezinbestean aipatu beharko genituzke Jon Sarasua (Aretxabaleta, 1966), Sebastian Lizaso, Xabier Euzkitze (Azpeitia, 1966) eta Anjel Mari Peñagarikano (Anoeta, 1957). Besterik gutxietsi gabe, bost bertsolari horietan belaunaldi oso baten joerak eta estiloak aurki ditzakegu, nahiz eta ulertezina liratekeen Amuriza, Lopategi, Enbeita, Lazkano, Agirre, Lazkao Txiki eta beste bertsolari zaharragoen ekarpenik gabe.

Boomaren oinarria izan zen bertsogintza motaren ezaugarri pare bat aipatu beharko bagenu, gaiekiko distantziamendua eta bat-bateko jarduneko buru-azkartasuna aipatuko genituzke.

Lehen ezaugarria, distantziamendua, publikoarekiko egoera aldaketak ekarri du. Egañak berak honela adierazten du:

Basarrik eta Uztapidek behin baino gehiagotan aipatu izan dute zein gogorra zen, Francoren garaian, ezin esatea nahi zena. Ez zen batere atsegina izango.
Baina egungoa mingarriagoa da: zalantza bat hemen, detaile bat han, hemen esanahia, han esan nahia? Hura poza beste hori Madrilgo harresiaren bestaldean zegoenean, edota beste hori publikoan ezkutaturiko poliziaren bat zenean! Eta hau da ezinegona beste hori hemen bertan dagoenean, beste hori gu gerori garenean.13

Entzuleria oso bereiziaren aurrean, jendeak estimatzen dituen balioak aipatze hutsarekin emozioak pizteko aukera izugarri txikitzen da. Batzuen gustukoa dena besteei ez zaie atsegin. Gauzak horrela, distantziamendua metodo bihurtzen da, baina metodo horrek gaitasun osagarri bat behar du: buru-azkartasuna, gaia edozein dela ere, izugarri konprometitua edo konplikatua izanik ere, bertsolariak ateraldi bikainen bat izan dezan.

Distantziamenduak eta buru-azkartasunak baino ez diote aukera emango bertsolariari jendaurrean zenbait gai aipatu eta atakatik ongi ateratzeko. Bestalde, Uztapideren sasoian, bertsolari batek bertso bera bizpahiru plazatan errepika zezakeen. Gaur egun, ordea, bertso-saioak telebista eta irrati bidez ematen dira, bertso onenak antologietan biltzen dira... eta horri gehitzen baldin badiogu saio kopurua izugarri handitu dela (1000 saio baino gehiago erregistratzen dira urtean), egun eliteko bertsolari bati eskatzen zaizkion orijinaltasun maila eta sormen-erritmoa zein diren ondoriozta dezakegu.14

Gaiak gero eta sofistikatuagoak dira, gero eta arketipo gutxiago dago. Bertsolariari Euskal Herriko eta Munduko errealitatearen ezagutza exijitzen zaizkio, lehenago ez bezala. 90eko hamarkadaren hasieran, telebista hainbat bertso-saiotan presente egongo denez, gaiak edukian ez ezik, forman ere zailduko dira.

Exijentzia horien aurrean, Andoni Egañak ahozko tradizioaren alderik onena literaturaren, komikiaren, zinemaren eta beste hainbat diziplinaren ekarpenekin bertsolaritzaren txertatzen asmatu duen belaunaldia gidatuko du.

Bestalde, ezin ahantz genezake euskarak orain arte ezezagunak izan zaizkion esparruetara zabaltzen jarraitzen duela. Hizkuntzaren normalizazio prozesuak aurrera egiten duen heinean, bertsolariak (baita idazleak ere), lehen baino baliabide gehiago ditu. Euskarazko lexikoen eta erregistro espezializatuen ezarpen sozialak, adibidez, ebokazioa eta parodia ahalbidetzen ditu.

Ondorioz, egungo bat-bateko bertsoek bertsolaritzaren historian sekula ezagutu den mailarik onena dute.

Bestalde, estrategia eta baliabideen erabilera hainbat bertso-motatan ikus liteke, baina bost puntutik gorako neurrietan oso nabarmenak dira. Egañak lagun dituen zenbait musikariren laguntza izan du berak aldez aurretik zehaztutako egitura metrikoetara egokitutako doinuak sortzeko, bertsoaren atal bakoitzean erabili nahi dituen estrategiez baliatzeko. Errima ugariko bertsoetan, Egañak dioenez, komeni da metaforak non sartu behar diren jakitea, non erabili exklamazioa, non argudiatzera murriztu.15

Ezinezkoa litzateke hemen azaltzea Andoni Egañaren irudiaren inguruan metatu ditugun baliabide guztiak. Egaña dugu lau txapelketa nagusi irabazi dituen bertsolari bakarra (1993, 1997, 2001 eta 2005). Txapela lehen aldiz jantzi zuen urtean, Egañak haur txikia gaixotasun baten erruz galdu zuen aitarena egin behar izan zuen. Hildako umearen amari gertatzen zaion ez bezala (ofizioan Jon Enbeitari egokitu zitzaiona), fedeak ez du aita (Egaña) kontsolatzen, eta zalantzaz beteta dago. Hona hemen Egañak botatako hirugarren eta azken bertsoa:

Sinismentsu dago ama,
haurra lurpean etzana;
nola arraio kendu digute
hain haurtxo otsana?
Hossana eta hossana,
hainbat alditan esana!
Damu bat daukat: garai batean
fededun izana!



8. Bertsolaritza multipolarra: azken belaunaldiak

Ia erabateko ziurtasunez, Egañaren ondorengo belaunaldien bertsolaritza ikertzeko gertuegi dagoen objektua da. Hortaz, azken orduko bat-bateko bertsolaritzaren oinarrizko ezaugarriak zein diren esaten saiatuko naiz:

  • Bertsolari belaunaldirik gazteenak bertsotan egin behar izan duen testuinguru soziala, funtsean, Andoni Egañak deskribatzen duen berbera da: publiko zatikatua, orokorrena partekatutako baliorik eza?
  • Puntako bertsolari gehienak unibertsitatean ikasitakoak dira, eta horrek erreferentzia estetiko eta kulturalen aukera handitzen du.
  • Egungo bertsolaritzaren publikoari dagokionez, bertsolaritza kontsumo kulturalen arteko beste bat baino ez da.

Horren guztiaren ondorioz, egungo bertsolaritza proposamen aukera zabalean eta aniztasunean oinarritzen da. Hainbat kasutan, inprobisazio egoera homogeneo batek, eskala txikikoa izanik ere, beste inprobisazio mota bat ahalbidetzen du, kontestualagoa, testuarekiko lotura gutxiago duena. Hori gertatzen da bertso-afarietan, edota saio tematikoetan, bertsolariak baldintza normaletan nekez garatu ahal izango lituzkeen ezaugarriak gara ditzakeelako. Horren ondorioz, bertso-saio erotikoak, estilo beltzekoak edo absurdukoak antolatzen dira, edota bertso-tramak: gai-jartzaileak, gaiak jarri baino, saioa harilkatzen duen gidoi bat inprobisatzen joan beharko du, bertsolariei pertsonaia jakin baten edo bestearen papera emanez. Saio mota hori batik bat taberna, pub edo areto txikietan antolatzen da.

Mendea hasi berritan, bertsolaritzaren panorama sekula baino anitzagoa da. Igor Elortza (Durango, 1975) eta Unai Iturriaga (Durango, 1974), bertsolaritzaren biziraupenaren erantzukizuna behar baino goizago hartu behar izan zuten gazteak bertsolari helduak dira orain eta belaunaldi gazteagoen erreferente dira. Zorionez, 2006ko Bizkaiko Txapelketan, Iturriagak eta Elortzak lehian ez parte hartzea erabaki ahal izan dute inolako traumarik gabe, eta batez ere, Bizkaiko bertsolaritzaren sendotasuna ahuldu gabe. Belaunaldi berrian, izen hauek nabarmentzen dira, besteak beste: Xabi Paya (Bizkaiko txapeldun 2006an), Fredi aurrekoaren anaia, Arkaitz Estiballes eta Iratxe Ibarra. Nafarroan, urteroko txapelketa promozio bide onena da oraindik. Zorionez, belaunaldi aldaketak buru diren Xabier Silbeira (Lesaka, 1976) edo Estitxu Arozena (Mutriku/Lesaka, 1975) bezalako bertsolari gazteak ekarri ditu. Iparraldean, Alkat, Ezponda, Laka, Mendiburu eta abarren belaunaldia erabat erretiratu ez bada ere, azken belaunaldiko bi bertsolari gazte eliteko bertsolaritzaren gailurrera iritsi dira: Sustrai Kolina eta Amets Arzallus, biak 2005eko txapelketa nagusiko finalistak. Biekin batera, Miren Artetxeren izena aipa liteke, edota eskolarteko adinean etorkizun oparoa aurreikus dezaketen gaztetxoenak.

Gipuzkoak bertsolari on asko ematen jarraitzen du. Jesus Mari Irazu (Larraul, 1972), Jon Maia (Zumaia, 1972), Maialen Lujanbio (Hernani, 1976), Aitor Mendiluze (Andoain, 1975) eta beste batzuk izen kontsakratuak dira. Horien ondotik, Jon Martin bertsolari oiartzuarra buru duen belaunaldi berriak ez dirudi gutxiago emango duenik.

Bertsolari belaunaldi berriak, emakumea erabateko normaltasunez barneraturik, ez du inolako arazorik Amurizaren eta Egañaren belaunaldienganako mirespena agertzeko. Gutxitan gertatu izan da belaunaldien arteko hain elkarrizketa bizirik bertsolaritzaren historian. Bertso-saioetan elkarrekin jarduteaz gain, belaunaldien arteko errekonozimendua nabarmena da, eta Bertsozale Elkarteak autogestioaren alde egiten duen apustua, denena.



Oharrak:

1. Sailkapen zehatz eta erreferentzialenetarikoa: LEKUONA, Juan Mari. Ahozko euskal Literatura. Donostia: Erein, 1982, 34. or.

2. FOLEY, John Miles (2002), How to Read an Oral Poem, Chicago, University of Illinois Press.

3. GARZIA, Joxerra (2000), Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak. Marko teorikoa eta aplikazio didaktikoa. Bilbo, UPV/EHU, Doktore-tesiak; Ikus ere: GARZIA, Joxerra (ed.), SARASUA, Jon & EGAÑA, Andoni (2001), The Art of Bertsolarism. Improvised Basque Singing, Donostia, Bertsozale Elkartea. Jo hona

4. MICHELENA, Luis. Historia de la Literatura Vasca. Madril: Minotauro, 1960, 25. or.

5. AZURMENDI, Joxe (1980), «Bertsolaritzaren estudiorako», Jakin, 14/15, 1980-apirila/iraila, 139-164.

6. "Espainiako gerra zibila" delakoa, hau da, Francisco Francok legezko instituzio errepublikarren aurkako estatu-kolpea ekarri zuen anaien arteko gerra, 1936ko uztailaren 18an hasi zen, eta 1939ko apirilaren 1ean eman zen amaitutzat, 40 urteko diktadura hastean (1936-1975).

7. AITZOL (Joxe Ariztimuño) (1931), «Concurso de bertsolaris», Euzkadi, 1931-1-10.

8. GARZIA, Juan (1997), Txirritaren baratzea Norteko trenbidetik, Irun, Alberdania.

9. Xabier Amurizak sekulako ikerketa-lana egin du azken urteetan, eta ahozko pieza ugari bildu ditu, koplak batez ere. Idatziz jasotzeaz gain, badu musikaz lagundutako emanaldi bat, eta emanaldi horretan bildutako koplak kantatzen ditu, kopla bakoitzaren edukiari eta testuinguruari buruzko informazio ugari emanez. Lan horren ondorio dira bi argitalpen hauek: Bizkaiko Bertsogintza I, Izengabeak, Bilbo, Kulturgintza. Bizkaiko Bertsolari Elkartea-Trinkoketa S.L, y AMURIZA, Xabier (1996), Bertsogintza II, Izendunak, Bilbo, Kulturgintza-Bizkaiko Bertsozale Elkartea-Zenbat Gara Kultur Elkartea.

10. LEKUONA, J.M, «Basarriren bertsolari proiektua», in LEKUONA (1998), 364-379.

11. Bertso doinutegi ederrena DORRONSORO 1997 izenekoa da, 3.000 doinu baino gehiago bildu eta aztertzen dituen aparteko bilduma. Sarean kontsulta daiteke: bertsozale.com

12. GARZIA, Joxerra (ed.), SARASUA, Jon & EGAÑA, Andoni (2001), The Art of Bertsolarism. Improvised Basque Singing, Donostia, Bertsozale Elkartea. Testua osorik.

13. EGAÑA, Andoni eta SARASUA, Jon (1997) Zozoak beleari, Irun, Alberdania.

14. Bertsolaritzaren egungo errealitatearen ikuspegia osatzeko, ikus GARZIA, Joxerra (ed.), 2001.

15. Egañak berak azaltzen ditu ezaugarri horiek guztiak monografía honen 9. atalean, eta bestela ikus GARZIA, Joxerra, (2000), Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak. Marko teorikoa eta aplikazio didaktikoa. Bilbo, UPV/EHU, Doktore-tesiak.