Haur eta gazte literatura

HAUR ETA GAZTEENTZAKO EUSKAL LITERATURA

© Xabier Etxaniz Erle (Euskal Herriko Unibertsitatea)

©Itzulpena: Di-Da




Ez da bidezkoa haur eta gazteentzako euskarazko literatura aztertzea arlo horretan ahozko literaturak izan duen garrantzia nabarmendu gabe. Ez dugu gaia sakonduko, lan honetako beste atal batean aztertu delako, baina ahozko euskal literaturako ipuinen, esaera zaharren, asmakizunen, jokoen eta abarren bildumak ahozko literaturaren bizitasunaren adierazgarri dira. Are gehiago, ezin da egungo haur eta gazteentzako euskal literatura ulertu baldin eta ez badugu aintzat hartzen ahozko literaturari dion zorra. Haren eragina agerikoa da hainbat autoreren lanetan, hala nola Bernardo Atxagaren, Patxi Zubizarretaren, Anjel Lertxundiren eta abarren lanetan. Hain zuzen, ahozko literaturak bultzatu zuen Bizenta Mogel (1782-1854) haur literaturako lehen euskal liburua argitaratzera: Ipui onac (1804), Esoporen fabulen itzulpena, ipuin harrigarrien aurrean. 1803an, garai hartako erlijio kutsu nabarmeneko literaturaren baitan, haurrentzako euskarazko lehen liburua argitaratu zen: Confesioco eta Comunioco Sacramentuen gañean Eracusaldiac, lenvicico Comunioraco prestatu bear diran Aurrentzat, eta bidez Cristau acientzat ere bai. Haurrentzako katekesia zen, kristau helduentzako ere egokia. Juan Bautista Aguirrek idatzi zuen eta Tolosan argitaratu zen.

Baina, oro har, haurrentzako liburuak nahiko berantak izan dira (eta hezitzaileak hasieran; haurrentzako 1658an argitaratu zen lehen lana Orbis sensualium pictus izan zen, Joan Amos Comeniusena). Euskaraz, Koldo Mitxelenaren (1988:23) hitzetan, "nolabaiteko atzerapen naturala gertatzen da, eta, horregatik, ematen du euskarazko hainbat lan egiazko argitalpen data baino lehenagokoak direla". Hartara, Europan fabulak XVII. mendean gailendu ziren arren, prodesse delectare delakoa, hots, gozarazten heztea, XIX. mendean hasi zen euskaraz ezagutzen. A. Iturriagak, L. Goyhetchek edo J. B. Archuk argitaratu zituzten, besteak beste, fabulen bildumak, La Fontainek baino 200 urte geroago, eta Samaniegok edo Iriartek baino mende erdi geroago.

Lan didaktiko horiez gain, ez zen zuzenean edo zeharka haurrei zuzendutako beste argitalpenik egon XIX. mendean. Alegia, 1890. urtean baino ez; hain zuzen, urte horretan, A. Apaolazak Patxiko Txerren argitaratu zuen, landa eremuan girotutako eleberria. Ukitu erromantiko nabarmena zuen, eta A. Truebaren Etxeko Judas eleberrian oinarritzen zen. Zalantzarik gabe, mende horretan gazteentzako lanik egotekotan, hori Patxiko Txerren izan zen. Giza gatazka, ongiaren eta gaizkiaren arteko liskarra, testuaren bizitasuna, eta abar, direla medio, susmo hori egiazkotzat jo daiteke.

Bestalde, 1877an, Euskal Herrian bizi zen W. Webster ingeles predikariak Basque Legends argitaratu zuen, euskal ipuin herrikoien antologia onenetakoa.

Ikus daitekeenez, euskaraz oso gutxi argitaratu zen haur eta gazteentzako. 1876an foruak galdu zirenean, landa mundua eta giro herrikoia sustatzen zuen XIX. mende amaierako erromantizismo beranta eta ideia nazionalistak sortzearekin batera, XX. mendeko lehen urteetan, euskarazko hezkuntza mugimenduarekin bat, haur eta gazteentzako literatura ekoizten hasi zen. Arlo hori oso urrun zegoen garaiko edota aurreko urteetako lan unibertsaletatik bai gaien eta bai teknikaren aldetik.


Lehen aurrerapenak

XX. mende hasieran Euskal Herrian eskola elebidunak sortzen hasi ziren eta ikastegi horien babesaz, eta euskarazko materialen beharrari erantzuteko, haurrentzako lehen lanak argitaratzen hasi ziren. Baina aurrerapen txiki horiengatik ere, oso jende gutxik irakurtzen zuen euskaraz; izan ere, euskaldun gehienak analfabetoak ziren euskaraz, eta ezaugarri hori mantendu egin zen mende guztian zehar. Gero ere aipatuko dugunez, 1990eko hamarkadan hasi ziren egoten hartzaile gaituak.

Gaztelaniazko testuen kasuan Calleja argitaletxeak egin zuen bezalaxe, XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan Tolosan bizi zen Lopez de Mendizabal argitaratzaileak jardun zuen; urte horietan, haurrentzako irakurtzeko liburu eta testu liburu ugari argitaratu zituen euskaraz. Lan horiekin batera, hainbat ipuin herrikoi ere argitaratu ziren, bai eta haurrentzako euskaraz idatzi zen lehen antzezlana eta haurrentzako liburu erlijiosoak ere.

Horrela, 1911n, haurrentzako beste kristau ikasbide bat argitaratu zen, Umiak Autortuten eta Jaunartuten, Imanol Arriandiagarena. Ezaugarri horiek zituen hainbat liburuko lehena zen. Liburu sorta horrek haur literatura sortzeko balio izan ez zuen arren, haurren literatura hizkuntza sortzeko eta haurrentzako argitalpenak sustatzeko balio izan zuen. Haurrentzako meza liburuak, ebanjelioak edo santuen bizitza azaltzeko liburuak arrakasta handiz argitaratu zituzten lehen urte horietan Euskal Herri osoan.


Gozarazten heztetik, gozarazten kontzientzia sortzera

1914an, Bilboko Grijelmo argitaletxea literatura kutsu handiko eta ez hain handiko lanak argitaratzen hasi zen haurrentzat. Jon Gauzekaitzek hiru lan argitaratu zituen Umientzako ipuñak bilduman. Bilduma horretan, haurrak protagonista zituzten ipuinen bitartez, egileak Sabino Aranaren ideia nazionalistak zabaldu nahi zituen. Margarite'ren ames ixukorra (1914) ipuinean, adibidez, askoz garrantzitsuagoa eta eraginkorragoa da protagonistaren sentimendu nazionalisten deskribapena haren deskribapen fisikoa baino. Liburuko une dramatikoenetako batean ere, alegia, Margariteren ama hiltzen denean, Margariteren eta bere lagun Karmeleren arteko elkarrizketa azaltzen da. Elkarrizketa horretan Margeritek euskararekiko duen maitasunari buruz galdetzen dio lagunari: "Esan egidan, ba; zergatik mate-don ainbeste euzkerea?" (Gauzekaitz, 1914: 16). Lanak ekintzen dramatismoa erabiltzen du ideiak are indar handiagoarekin sar daitezen irakurleengan.

Urte horretan bertan, 1914an, Karmele Errazti idazleak ¿Amesa? Lana argitaratu zuen. Zentzatzeko ipuina da, eta, halaber, "gozarazten kontzientzia sortzea" deitu diogun joera berriaren baitakoa da.

Ipuin laburrak umetxoentzat (Garitaonandia, 1922), euskarazko lehen antzezlana izan zen Nekane edo Neskuntzaren babesa (Tene Mujika, 1922) eta antzeko lanetan ere ideologia nazionalista bera dago funtsean (nabarmenagoa da bigarren lanean), baina, batez ere, helburu nabarmen hezitzailea dago. Garitaonandiaren ipuinetan, esaterako, amaieran ikasbidea dago, eta antzezlanean, berriz, erlijiozko xedea besteen artean gailentzen da, eta, jakina, estetikaren gainetik ere geratzen da.


Literatura irabazia

Nazioartean XIX. mendean zehar gertatu zen bezalaxe, XX. mendean argitaratu ziren euskal literaturako hainbat lan gazteek balioetsi zituztelako daude gaur egun haur eta gazte literaturako bildumetan. Bi liburu adierazgarrienak Abarrak (Kirikiño, 1918) eta Pernando Amezketarra. Bere ateraldi eta gertaerak (G. Mujika, 1927) dira.. Biak landa munduan daude girotuta eta umore ukitu nabarmena dute. Abarrak egoera dibertigarrien, txisteen eta pasadizoen bilduma da. Bestalde, Pernando Amezketarra lanean egoera dibertigarri ugari jasotzen da, eta horietan guztietan, protagonistaren (Pernando Amezketarra) asmamenak behin baino gehiagotan barrea eragiten diote irakurtzen dituen pertsonari.

Bi lanak osatzen dituzten ipuin motzak eta soilak umore handiz daude idatzita, eta balizko publikoaren gertukoa den hizkuntza herrikoian. Horrek azal dezake liburu horien arrakasta. Hain zuzen, 1930ean Abarrak lanak bigarren argitaraldia izan zuen, egilea hil eta urtebetera. Halaber, 1980ko hamarkadaren hasieran, Elkar argitaletxeak bilduma berria sortu zuen lan biekin, eta horietatik 10 argitaralditik gora egon zen hamarkada horretan. Gero, marrazki bizidunen seriea ere egin da Pernando Amezketarraren pasadizoetan eta burutapenetan oinarrituta.

Helduentzako literatura idatziarekin gertatu den bezala, literatura herrikoia edo ahozko tradiziokoa haurrek sustatu dute. Barbierren (1931) edota Mayi Ariztiaren (1934) ipuin bildumak eta 1926an Oxobik (hainbatentzat euskaraz elezaharrak idazten zituen idazle onena zen) argitaratutako elezaharrak zirela medio, ahozko literatura haurrei hurbiltzea ahalbidetu zen. Lan horiek, ipuin herrikoiek bezala, oso hizkuntza eta irudi zainduak zituzten garai hartan ohikoa zenarekin alderatuta. Dar-Dar-Dar (1929) edo Txomin Arlote (1929) horren adibide argia dira. Ipuin herrikoi horien argitalpena oso zaindua zen eta irudi dotoreak zituen Txikiren (John Zabalo) eskutik. Hain zuzen, hori izan zen euskarazko liburuen irudigintzako aitzindaria eta XX. mendeko lehen erdiko euskal irudigile nagusia.


Euskarazko itzulpenak

Haur eta gazte literaturaren ekoizpeneko hirugarren oinarria (literatura sortuaz eta irabaziaz gain) beste hizkuntzetatik egindako itzulpenak dira. Ildo horretan, nabarmentzekoa da hasieran euskaratu ziren lanen aniztasuna. Elezaharrez gain, Grimm anaien (1929) edo Schmid idazlearen (1929) lanak aurki daitezke, Oscar Wilden (1927) eta Croceren (1932) lanez gain. Halaber, El Lazarillo de Tormes (Tormes'ko itsu-mutila, 1929) espainiar pikarokeriako lan anonimo ospetsua ere itzuli zen.

Euskaraz ekoiztutako gainerako lanekin gertatu bezala, ez zen argitalpen asko egon, baina lehen urratsekin literatura sistema finkatzeko asmoa zegoela ematen du, kasu askotako hizkuntzazko helburua alde batera utzita.

Hain zuzen ere, jatorrizko ekoizpenetan bezalaxe, euskararekiko maitasuna (J. Altunak Oscar Wilden ipuinen sarreran itzultzailearen lana justifikatzen du: "gure Ama Euzkerari opari txiki au egin gura ixan dautsot") ia itzulpen guztietan agerikoa da. Izan ere, euskarara eta euskal kulturara literatura unibertsaleko lan garrantzitsuenak ekartzeko nahia dago. Horietan hainbat lanek, gainera, funtzio hezitzaile nabarmena dute (horixe da, hain zuzen, Cristoph Schmid alemaniar idazlearen ipuinen kasua).

Argitalpen bolumen hori guztia (lan unibertsalak itzultzen hastea, folklore herrikoiko bildumak, eta abar, liburu hezitzaileen alorrean egindako lanaz gain) haur eta gazteentzako euskal literaturaren eraikuntzaren hasiera izan zatekeen. Baina 1936ko Espainiako gerra eta ondorengo errepresioa, nahiz Bigarren Mundu Gerrak Ipar Euskal Herrian izan zuen eragina, zela medio, prozesua eten egin zen, eta loratzen hasi berri zen lorategia basamortu bilakatu zen.


Literatura hutsunea

1936az geroztik, euskarazko lanen ekoizpenean beherakada egon zen. Horri gehitu behar zaio lan horietako asko irakurleetatik oso urrun zeuden tokietan argitaratu zituztela, Parisen edo Hego Amerikan, esaterako, atzerrira joandakoen eta erbesteratuen kolonietan.

Gerra guztietan egoten diren giza galerez eta galera materialez gain, aldi honetako bereizgarria izan zen euskara erabiltzea debekatu egin zela. Hartara, 1948. urtea arte, Hego Euskal Herrian ez zen haurrentzako lanik argitaratu euskaraz, eta lehenik argitaratu ziren lan asko erlijio liburuak izan ziren (Iesu Aurraren Bizitza, 1948; Haurren Eliz-liburutxoa, 1949; Kristau-Ikasbidea Bertsotan, 1950).. Beste behin, Eliza eta erlijio liburuak nagusitu ziren euskal letren munduan zentsura frankista zorrotza gaindituz.

Haurrentzako literatura ekoizpen eskasa poesia liburu bat (Haur elhe haurrentzat, 1944), Oxobi behe nafarrak idatzia, eta argazki handiak dituen ipuin bat da (Lehoi kumea), Orixek 1948an idatzi zuena, Parisen finkatutako Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta. Lan biak Espainiatik kanpo argitaratu zirenez, debekua gainditu egin zuten, baina oso zaila zen hartzaileenganaino iristea.

Egoera zail hori ez zen soilik Euskal Herrian gertatu. Gaztelaniazko haur eta gazte literaturak erregimenak inposaturiko karga ideologiko handia du (Garcia Padrinok Flechas y Pelayos aldizkari sortu berriaren helburuak honela definitzen ditu: "haurrei zuzendutako mezu ideologikoak hedatzeko bidea (?), hartara, etorkizuneko historia eraikiko duten belaunaldiak moldatzeko"). 1945 eta 1950 bitarteko ekoizpena ez zen iritsi urteko 100 liburuetara (Cendan, 1986:69).

Gainera, kataluniar literaturaren kasurako Teresa Rovirak egoki azaldu bezala (Rovira, 1988:460), ia ezin da hitz egin ezkutuko edo erbesteko haur eta gazte literaturaz; izan ere, literaturaren egoera normalizatu egin behar da haur eta gazte literaturari buruz mintzatzen hasi ahal izateko.

Gerra osteko haur eta gazteentzako euskal literaturako lehen aldaketak 1950eko hamarkadaren hasieran gertatu ziren (hain zuzen, garai horretan Garcia Padrinok aipatzen duen askapen intelektuala gertatu zen). J. Etxaidek Alos Torrea (1950) argitaratu zuen. Lan historikoa zen eta gazteentzako modukoa zela jo zitekeen (1980ko hamarkadaren hasieran berriz argitaratu zen haur eta gazte literaturako bilduma batean). Halere, aldaketa nagusia Kuliska sorta izan zen, estilo eta gai ugariko lan bilduma, hain zuzen. Horrekin, haur eta gazte literaturak, nahiz literatura irabazia delakoak, txokoa egin zuten. Bildumako lehen lana itzulpen bat izan zen, Noni eta Mani (1952), Svensson jesuitarena. Plazido Muxikak (jesuita hura ere) itzuli zuen, eta erlijioa goresten da gainerako balioen gainetik. Hurrengo urtean, Etxaidek umorezko pasadizoen Purra! Purra! (1953) bilduma argitaratu zuen, eta haur eta gazteentzako euskal literaturan umorezko lanen hasiera izan zen. Joera hori mantendu egin da gaur egun arte, eta ekoizpenaren zati handi bat hartu du. Jon Etxaidek, 1984an argitaratutako elkarrizketan, umorezko ipuin horiek euskaraz argitaratu ahal izateko izan zituen arazoak azaltzen ditu. "Denborak zailak ziren izugarri. Gero Purra Purra atera nahi izan nuen eta Donostian baimena ukatu egin zidaten. Orduan Madrilera jo nuen zuzen eta influentziez balitaurik lortu nuen baimena, baina liburuaren itzulpena eginaraziz." Irmotasuna, pertseberantzia eta influentzia politikoa behar izan ziren umorezko 25 ipuin horiek argitaratu ahal izateko. Baina haren atzetik estilo bereko lanak etorri ziren, hala nola Pernando Plaentxitarra (1957), Ipuin Barreka (1958) edo Zirikadak (1958). Horietan, umorearen bitartez literatura gazteei hurbildu nahi zitzaien.

Euskaraz argitaratzeko debekuaren aurka borrokatu zen beste erakundeetako bat Euskaltzaindia izan zen. Lehiaketen edota bertako argitalpenen bidez ekoizpen kopuru gutxienekoa mantentzen lagundu zuen, bai eta hutsune handiak estaltzen ere. Horrela, 1955an, literatura lehiaketaren bidez Amabost egun Urgain'en argitaratu zen, euskaraz idatzitako lehen polizia eleberria, Poe, Txejov, Alarcon, Verne, Simenon eta Dickens idazleen eraginarekin. Loidik idatzitako lan honek arrakasta handia izan zuen Euskal Herrian (gaztelaniaz ere argitaratu zen, 1958an) eta katalanera itzuli zen lehen euskal lana izan zen (1961). Hainbat urte lehenago ehortzitako eta buruan tiroa duen gorpua aurkitzean ikerketari ekiten zaio, beste garai batean gertatutako heriotza bortitza argitzeko. Ikertzailea denboraren iragaitearen eta zantzu ezaren aurka borrokatu beharko da, eta gutxika ikerketan lortutako datuak lotzen ditu. 40 urte geroago ere polizia eleberrien zale gazteek nahiz helduek irakurtzen dute Euskal Herrian.

Euskarazko liburu gutxi zegoenez, Euskaltzaindiak Abarrak. Ipuinak eta kondairak argitaratu zuen 1956an. Lan horretan XX. mende hasieran Kirikiñok idatzitako hainbat ipuin ageri da. Halaber, 1957an Euskalerriko ipuiñak argitaratu zen, euskal ipuin herrikoien bilduma; A. Irigaray egilearen hitz hauek ageri dira hitzaurrean: "irakurle gazteen eta helduen gozamenerako lana da, bai eta euskara ikasten ari direnen ikaskuntzako elementua ere".

Gutxika, literatura giroa (eta giro politikoa) aurrera egiten hasten da Euskal Herrian, eta hasieran ezohikoa zena errutina bihurtzen hasi zen. Oro har, nabarmen lan gehiago ekoizten da, eta erabat aldatzen da haur eta gazteentzako literatura. Adibidez, 1957an Umentxoen ipuiak bilduma argitaratu zen, orrialde osoko koloretako irudiekin. Lan horretan animaliak abentura ugariko protagonistak dira. 1959an, beste elizgizon batek, Felipe de Murieta kaputxinoak, haurrentzako lehen aldizkaria argitaratu zuen euskaraz: Umeen Deia, lau orrialdeko hilabetekaria zen eta Nafarroako erakunde ofizial batek (Bianako Printzea) diruz laguntzen zuen. 65 ale argitaratu ziren eta sortzailea hil zenean desagertu zen.


Haur literaturaren hasiera, adiera hertsian

1960ko hamarkadaren hasieran aldaketa handiak egon ziren haur eta gazteentzako euskal literaturan, bai eta Espainiar Estatuko mota honetako literaturan ere. 1955an IBBY sortu zen, eta, 1957an, INLEk Haur eta Gazte Literaturako Batzordea eratu zuen; 1959an, Carmen Bravo Villasantek Historia de la Literatura Infantil (Haur Literaturaren Historia) argitaratu zuen. Horiek haur eta gazte literaturaren esparruan gertatutako aldaketen eta garapenaren hainbat adibide baino ez dira.

Gainera, hamarkada horretan hainbat gertakari sozio-politikok (Vietnamgo gerraren aurkako protestak, 1968ko maiatza, Marcusen ideiak, eta abat) zuzeneko eragina izan zuen haur eta gazteentzako literaturan. Felicidad Orquinen hitzetan:

Agintarien aurkako mugimendu handi horrek markatuko ditu haurrentzako liburuak, eta egokia da esatea 1960ko hamarkadaz geroztik hitz egin daitekeela haur literaturaz adiera hertsian. Hitz elkarketa honetan aintzat hartzen dira, batetik, idazketa, literaturazko eta poesiazko balioetan; eta, bestetik, haurra bere konplexutasunean (bilakaeran den subjektua), irakurketaren plazera pedagogiaren tiraniaz haratago bilatzen duena. Pasioz betetako baieztapen horrek ez ditu kolpe arduragabe bakarraz XIX. mendeko klasiko handiak ezabatzen, literatura unibertsaleko zati baitira, ez eta 1960ko hamarkadaz aurretiko XX. mendeko maisu lanak ere. (Orquin, 1984:28; lan honetarako itzulia).

Euskal Herrian gutxika ikastolak sortzen hasi ziren. Ikastolak, toleratuta egonagatik ere, ez zeuden legeztatuta. Ikastegi horietan ez zegoen inolako material didaktikorik edo irakurtzeko materialik euskaraz. Horregatik, hainbat urtez haurrentzako, eta ez horren haurrentzako, lanen ekoizle (eta kontsumitzaile) nagusiak izan ziren. Horrela, Pin Pan (1960 1970) aldizkarian ageri diren komikietan, euskarazko irakurleek biltzaile ezagunen ikerketa eta landa lanak aprobetxatu zituzten, hala nola Joxe Miel Barandiaranenak, eta, zehazki, Mundua Euskal Gogo Herrikoian (1962). Ikerketa lan horretatik gazteentzako ipuin asko atera zen, bai eta Azkuek 1942an euskal folkloreari buruz argitaratutako lanetatik, edota Julene Azpeitiak Amandriaren altzoan (1962) lanean bildutako ipuin herrikoietatik ere.

Baina haur eta gazteentzako euskal literaturako egiazko aldaketa Marijane Minaberryren eskutik irits izen. Idazle hori Bankakoa zen (Behe Nafarroa) eta haur eta gazteentzako euskal literatura sortu zuten liburuen egilea da.

Marijane Miraberryk haurrentzako lehen lana, Marigorri, 1961an argitaratu zuen eta ipuin ezagun baten bertsioa zen. 1963az geroztik, Itchulingo anderea? liburuan bildutako ipuinak eta bi urte geroago Xoria kantari lanean argitaratu zituen poemak zirela medio, haurrentzako liburuen sorrera ekarri zuen. Horietan, irakurtzearen plazera, gozamena eta entretenimendua gailentzen ziren nagusi zen korronte hezitzailearen aurka. Minaberryk euskarazko haur literatura hasi zuen; izan ere, bere lanetan, moralaren aldeko asmoa egonagatik ere, hizkuntza zainduak, deskribapenek eta narrazioak berak egilearen egiazko asmoa erakusten dute, alegia, estetika. Horren harira, literatura kutsu handiena duen lana Xoria kantari (1965) da. Horko 23 poemetatik, irakurleak errepikapen, onomatopeia, errima, eta abar ugari aurki ditzake, eta horiei esker poema soil hauek egokiak dira haurrentzako. Hona hemen horren guztiaren adibide bat:

EURIA

Plik! Plak! Plok!
Euria
Xingilka
Dabila.

Plik! Plak! Plok!
Jauzika,
Punpeka,
Heldu da.

Plik! Plak! Plok!
Pasiola
Behar da
Atera.

(Minaberry, 1965: 9)


Liburuko 23 poemetatik, 7 abesti ezagunetako hitzak dira. 1997. urtearen amaieran Oskorri folk taldeak "Marijane kantazan" izeneko diskoa plazaratu zuen Minaberryren hitzekin, idazle haren omenez. Izan ere, Minaberryk arrakasta handirik ezagutu ez duen arren (agian aurkako hiru faktore izateagatik: Ipar Euskal Herrikoa izatea, emakumezkoa izatea eta haurrentzako liburuak idaztea), inurrien moduan, isil-isilik, haur eta gazte literaturako proiektuetan lanean ibili da. Baina uneko egoera sozio politikoa nahiz egilearen, haren euskalkiaren eta publiko orokorraren arteko bereizketa nabarmena zirela medio, Minaberryk ez zuen eragin handirik izan haur eta gazteentzako euskal literaturaren joera eta korronte orokorretan.

Hala ere, Hego Euskal Herriko lau probintzietako irekiera politikoa zela medio, eleberri historiko ugari argitaratu zen horrenbeste urtez jazarrita egon ziren ideia nazionalistak berpizteko. Hainbat urte geroago ere, hots, 1976an argitaratutako William Tellen itzulpenean, honako hau adierazten zen:

William Tell mendi artean ezkutatutako herri txikiaren istorioa da; abertzaleek herria askatu nahi izan zuten.

Baina Minaberryren garaiaren eta 1975aren artean hainbat aldaketa gertatu zen, batez ere, sormenezko pedagogia, Freineten ideiak, eta abar. Halaber, hainbat argitaletxek, hala nola La Galerak (Espainia guztian zuen eragina) euskarazko zenbait lan argitaratzen lagundu zuen, eta hizkuntza horretan irakurri nahi zuten haurrei produktu aukera zabalagoa eskaini zioten.

Bestalde, aurreko joera berari eutsi zitzaion: 1968an 62 euskal ipuin herrikoi argitaratu ziren Antziñako ipuiñak izenburuarekin. Era berean, Perraulten hainbat ipuin eta Ardo ta ogi Martxelin (Marcelino Pan y Vino, 1968) itzuli ziren, eta haurrentzako ipuinak argitaratu ziren marrazkiekin Abere alaiak bilduman. Baina aldi horretako jazoeraren bat nabarmentzekotan, haur eta gazteentzako Kimu bilduma sortu zela, Mensajero argitaletxe erlijiosoaren baitan. Lehen lanetan irakurleari ikaskuntza eskaini nahi zaio. Dibulgazioko beste hainbat lan (literaturaren historiako liburuak, esate baterako), eleberri historikoak (Amaia, Antso Gartzeiz, Eneko Haritza, Harkaitz elurra ari zueneko haurra, eta abar) eta ikastetxeetan antzeztu ahal izateko antzezlanak Lurdes Iriondoren eskutik (Martin Arotza eta Jaun Deabrua eta Sendagile Maltzurra, 1973; Buruntza azpian, 1979), nahiz zenbait ikastolako haur eta gazteek idatzitako ipuinak edo poemak ere argitaratu ziren.


1975-1980: trantsizioa

1975ean Franco diktadorea hil zenean, euskal gizartean aldaketa politiko, eta batez ere sozial, ugari gertatu zen. Euskaltzaindiak antolatutako euskararen aldeko kanpainak edota Askatasunaren Aldeko Martxa, milioi erdi pertsona bildu zituena, adibidez.

Ikastoletan ikasle kopurua nabarmen handitu zen: 1970ean 11.885 haur zegoen ikastoletan matrikulatuta; 1974an, 27.000, eta, 1980an, 65.000. Gainera, 1979an Autonomia Estatutua onartu zen, eta hiru urte geroago Elebitasuneko dekretua, ikastetxe guztietako euskarazko ikaskuntza arautzen duena. Antzeko zerbait gertatu zen helduekin, Helduak Alfabetatzeko Koordinakundea, Euskaltzaindiaren babesean sortu zena, asko hazi zen. Hain zuzen, ezin zuen zentroetan matrikulatu ziren 45.000 heldu baino gehiago bere gain hartu.

Jazoera horiek guztiek eragin zuzena izan zuten haur eta gazte literaturan. Halako testuen eskaera horren handia izaki, eta argitalpeneko euskal azpiegiturak horren ahulak, ia ezinezkoa zen eskaera osoari erantzutea. Gainera, garai hartan bertan, Espainiar Estatuko zenbait argitaletxek liburuak Estatuko lau hizkuntzetan argitaratzea erabaki zuen, baina ez zen arrakasta handirik izan euskararen kasuan (ez ziren itzulpenak zaintzen, hizkuntza ez zen egokiena irakurleentzat, ez ziren argitalpenak sustatzen, eta abar).

1970eko hamarkadaren amaieran, haur eta gazte literaturaren esparruko hiru euskal argitaletxe garrantzitsu sortzearekin bat, sektorea egituratzen hasi zen. Hordagok, liburu politikoi esker salmenta arrakasta handiko urteak izandako argitaletxeak, Tximista bilduma hasi zuen. Oso denbora gutxian haur eta gazteentzako literatura unibertsaleko 40 liburu inguru argitaratu zituzten (euskarazko bost jatorrizko liburu baino ez ziren argitaratu, bost Txomin Peillenenak eta bi, J. Etxaiderenenak). Baina, gutxika, argitaletxea krisialdian sartu eta desagertu egin zen.

1980ko hamarkadaz geroztik, Elkar eta Erein argitaletxeek sustatu zuten haur eta gazteentzako euskal literatura gaur egun arte. Bi argitaletxeek haurrentzako liburuak sustatzen hasi zuten jarduera (bai literaturakoak eta bai testu liburuak). Gainera, Erein argitaletxeak Ipurbeltz aldizkaria sortu zuen. Kili-Kili aldizkariarekin batera (hura ere urte berean argitaratu zen; aurretik, 1966an, Jose Antonio Retolazak zenbakiren bat argitaratu zuen baina zentsuratu egin zuten), haurrentzako euskarazko aldizkariak merkaturatzen hasi ziren. Ipurbeltzek eragin handia izan du euskal irudigileen lanean eta, askorentzako, abiapuntua izan da. Baina Kili-Kili komiki ezagunen itzulpenei esker garatu zen (Anacleto, Mortadelo eta Filemon, Asterix, eta abar), harik eta, XXI. mendearen hasieran argitaratzeari utzi zitzaionera arte.


Haur eta gazteentzako egungo literatura

1980ko hamarkadaz geroztik, haur eta gazteentzako euskal literaturan aro berria hasi zen. Aldaketa kuantitatibo handiak egon ziren, baina, batez ere, aldaketa kualitatiboak. Lan ekoizpena era harrigarrian hazi zen. Ia ezer ez argitaratzetik, edota hainbat dozena lan argitaratzetik, urtean 300 lan argitaratzera pasa zen. Halaber, euskarazko liburuen ekoizpenean hazkunde hori urtez urte mantendu zen. Honako eskema honetan ikus daitekeenez, 1980ko hamarkadatik aurrera hazkunde handia dago haur eta gazte literaturaren ekoizpenean.

Baina aldaketa hori oso esanguratsua izanagatik ere, ez da ahaztu behar 1980ko hamarkadaz geroztik haur eta gazteentzako literatura egiazki aldatu zela (aldaketa horrek eraginda): garapen kualitatiboa. Hainbat urtez euskal literaturak esperimentaltasun handia izan zuen (Patxi Urkizuk 1975an idatzitako Sekulorum sekulotan puntuazio markarik gabeko lana, Joycen estilo berekoa, horren adibide garbia da), eta euskararen literaturazko gaitasuna egiaztatzeko beharra agerian utzi zen. 1980ko hamarkadaren hasieran, berriz, irakurleengandik gertuagoko literatura nagusitzen hasi zen, irakurleentzako literatura, hain zuzen, eta ez egileentzako. Horren harira, haur eta gazteentzako literatura, eta horren irakurleak, berebizikoak izan ziren aldaketa horretan.

Hartara, irakurleak euskal literaturara ekartzeko gaitasuna duen egungo literatura erakargarri eta interesgarria sortzeko beharra zela medio, 1981 eta 1984 urteen bitartean haur eta gazteentzako euskal literaturako hiru funtsezko lan argitaratu ziren: Tristeak kontsolatzeko makina (1981), Anjel Lertxundirena, Chuck Aranberri dentista baten etxean (1982), Bernardo Atxagarena eta Txan fantasma (1984), Mariasun Landarena. Hiru lan horiek izan ziren haur eta gazteentzako egungo euskal literaturaren abiapuntua. Lertxundik Rodariren eragina izan zuen, Landak, berriz, Chistine Nöstlingerrena; eragin horiek eta Atxagaren lanetako fantasia eta errealitate nahastea zela medio, euskal literaturan lan modernoak argitaratzen hasi ziren, eta ez soilik formaren aldetik, hain zuzen, edukiaren aldetik ere bai. Irakurleengan efektu handiagoa eragiteko literaturazko baliabideak erabiltzeak, literatura hizkuntzaren lehentasunarekin eta egungo gaiekin bat (ni sakonena tratatzen duten gaiak, beldurrak, arazoak, komunikazio edo maitasun falta), haur eta gazteentzako euskal literaturaren modernotasuna ekarri zuen, fenomeno hori bera helduentzako literaturan gertatu eta urte gutxi batzuk geroago.

Jakina, egungo literaturarekin batera, lan klasiko eta tradizional ugari ere argitaratzen jarraitu da. Arestian aipatutako Abarrak eta Pernando Amezketarra sarritan argitaratu ziren urte horietan. Halaber, egungo egileen hainbat lanetan ere (Proxpero, 1988; Txerrama errudun, 1994; Murtxanteko lapurrak, 1988) duela ehun urteko landa gizartea islatzen dute. Bestalde, ipuin herrikoietan oinarritutako liburu ugari ere argitaratu da, gehienak, XX. mendeko ikerlariek egindako lanari esker, eta ipuin bildumen kasuan ere balio handiko ekarpen interesgarriak egon dira, hala nola Joxe Arratibelen Kontu zaarrak (1980). Liburu horretan ipuin ezagunen euskal bertsioak daude, esaterako Ali Baba eta berrogei lapurrak ("abrite portas kris kras" esaerarekin), edota Marixor (Mari Errauskin) ipuinenak. Gainera, Arratibelek ipuin herrikoi horien freskotasuna eta originaltasuna gordetzen jakin du.

Azkenik, tradizio idatzi gutxiko literatura izaki, sustrai kulturalak eta ahozko tradizioa bilatzeko prozesua gauzatu zen. Prozesu hori ez zen soilik ipuin herrikoien kasuan gertatu, alegia, bai eta istorio, pasadizo edo jazoera iraganen (Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe, 1993an Anjel Lertxundik egindakoa horren adibidea da) nahiz egun gertatutakoen (Lazkao Txiki bertsolari ezagunaren irudiaren gainean idatzitako bi lanak, 1994an eta 1995ean argitaratuak) bildumetan ere.


Haur eta gazteentzako egungo euskal literaturako narratiba

Azken hamabost urteotan liburu gehiago argitaratu da euskaraz lehen liburua argitaratu eta 1975an diktadura frankista bukatu bitarteko aldian argitaratu zirenak baino. Gainera, diktadura amaitu aurretiko lanak, oraindik ere haur eta gazteentzako erakargarriak direnak, egun ere argitaratzen dira. Fenomeno hori euskal literatura guztian gertatzen da (salbuespenen bat izan ezik, hala nola poesia) eta azken 25 urteotako ekoizpenarekin ia osoko ikuspegia izatea ahalbidetzen digu.

Arestian aipaturiko ahozko literaturarekin eta egungo bertsioekin bat, irakurleak errealismo fantastikoaren baitako lanak aurki ditzake ("pertsonaia, botere, toki, eta abar liluragarriak eta magikoak dituztenak, ez dutenak tradizio herrikoiarekin harremanik izan behar" Valriu, 1994. 147), bai eta zientzia fikziozkoak ere.

Gianni Rodariren eta bere Fantasiaren gramatika lanaren eragina ukaezina da hainbat idazleren eta, batez ere, lanen kasuan (Tristeak kontsolatzeko makina, 1981; Kaskarintxo, 1982; Nire belarriak, 1984; eta abar). Halaber, mitologiaren eta abenturen arteko elkarketa (Marea biziak zozomikotetan, 1991) eta elementu liluragarriak erabiltzea (Asier eta egia gurutzatuen liburua, 1995) ere azaltzen da. Animaliek ere pisu handia dute haurrentzako egungo euskal literaturako fantasiazko lanetan; izan ere, animaliak protagonistatzat dituzten eleberriak daude: Astakiloak jo eta jo, 1993; Egunez parke batean, 1993; Xola eta basurdeak, 1996; edo Errusika, 1988. Beren ideiekin eta jokaerekin gozarazten duten artean, gure ingurunearen eta gizartearen gainean hausnar dezagun balio dute, ikuspegi urrun eta desberdinetik.

Hortaz, fantasiazko elementuak eta errealistak bateratuz, lehen aipaturiko lanetatik oinarri psikologikoa duten lanetara arte sortu dira (Chuck Aranberri dentista baten etxean, 1982, horren adibidea da), bai eta bidaien inguruko lanak ere (Hakuna Matata, 1995).

Bestalde, zientzia fikzioak zale gutxiago ditu haur eta gazteentzako euskal literaturako idazleen artean. Alfer komiki bildumaz gain, lan gutxi batzuk baino ez dira argitaratu. Euskaldun bat Marten (1982) euskaraz argitaratutako zientzia fikzioko lehen lana izan zen, eta zortzi urte igaro ziren genero horretako beste lan bat irakurri ahal izateko: 2.061: antzinako kronikak (1990); azken horretan, nahiz Shangai Tom espazioko zaindaria (1992) eta Azken gurasoak (2003) eleberrietan etorkizuneko gizartea erakusten zaigu, oso urrunekoa bai denboran eta bai gizarte ereduan. Bestalde, Manu Lopez Gaseniren Olioa urpean (1998) eta Gogoa lege (2005) eleberrietan, gure gizartearen ikuspegi kritikoa eta ironikoa eskaintzen zaigu ez hain urruneko etorkizunaren bitartez.

Literatura orokorrean genero horietako argitalpen gutxi egoteak ere harremana du haur eta gazteentzako literaturan ere ez egotearekin. Hala nola helduentzako literaturan ere zientzia fikzioko lan gutxi dago, alegia, euskal literaturan generoak, estiloak eta egileak oso eragingarriak baitira. Ohikoa da pertsona batek helduentzat eta haurrentzat idaztea, eta, halaber, ohikoa da idazle berak hainbat generotan eta orotariko gaietan lanak argitaratzea.

Abenturazko liburuak duela urte askotik aurki daitezke haur eta gazteentzako literaturan, eta, gaur egun ere, oso erakargarriak dira akzioa bilatzen duten irakurleentzat. Euskal literaturan, azken hamarkadetan itzuli diren klasikoez gain (Altxorraren uhartea, Kim, Gulliverren bidaiak, Mark Twainen edota Jules Verneren lanak, hasiera batean gaztelaniazko bertsioetatik), euskaraz idatzitako jatorrizko lanak ere ugari dira. Argitalpen bakarreko autoreak daude, hala nola Mertxe Olaizola (Nire ibilaldiak, 1982; El Doradoren bila, 1989) edo Arantxa Mendieta, bai eta idazle garrantzitsuak ere (A. Epaltzaren Lur Zabaletan, 1994; Aitor Aranaren Afrikako semea, 1991; edo Txilikuren Indianoa, 1993). Lan hauetan agerikoa da XIX. mendeko abenturazko eleberrien eragina (A. Aranaren eleberrian nabarmena da Salgari, Stowe edo Stevenson idazleen eragina, eta 2001eko Amodioaren gazi-gozoak eleberria horren adibide garbia da), bai eta garaiko baldintzak edota euskaldunen Amerikarako emigrazioen fenomenoa islatzeko asmoa ere.

Abenturazko eleberrietan badago protagonistatzat neska-mutikoen taldea dituen lan multzoa. Horren jatorria Enyd Blyton, S. E. Hinton, Sorribas edo Carbó idazleen eragina izan daiteke (1980ko hamarkadan euskaratutako lanen egileak dira, Erich Kästnerren Emilio eta detektibeak liburua bezalaxe). Horrela, Pako Aristiren Martinello eta sei pirata (1986) lanak hasiera eman zion neska-mutikoen talde bera protagonistatzat zuen abenturazko lanen multzoari, J. Iturralderen Zikoinen kabian sartuko naiz (1986) liburuak bezalaxe.

Baina haur eta gazteentzako euskal literaturan abenturazko liburuek garrantzi handia izanagatik ere, askoz esanguratsuagoak izan dira umorezko liburuak: egoera dibertigarriak azaltzen dituztenak; txisteen edo pasadizoen liburuak; tradizionalak, hala nola Abarrak (jatorrian 1918an argitaratu zen, baina 1981ean berriro argitaratu zen haurrentzat), Pernando Amezketarra (1927; 1981ean berriro argitaratu zuten), Purra! Purra! (1953; 1987 1988an berriro argitaratu zuten), Pernando Plaentziarra (1957; 1984an berriro argitaratu zuten), eta abar; lan berriagoak eta modernoagoak, hala nola Kutsidazu bidea, Ixabel (1994), baserri batean euskara ikasten ari den gazte baten egonaldia azaltzen duen gazteentzako lana, iragandako garaien erreferentzia ugari duena. Talka kulturala dela medio, protagonistaren burutapen eta aipamen dibertigarriekin batera, irakurleari irribarre eginarazten dioten egoera ugari gertatzen da. Euskara ikasten ari den pertsona kopuru handia eta protagonistarekin sentitzen duten gertutasuna direla eta, gazteentzako eleberri hau azken urteotan ale gehien saldu duen euskarazko liburuetako bat izan da, eta telebistara eta zinemara ere eraman da.

Zalantzarik gabe, umoreak irakurtzea sustatzen du eta berebiziko elementua da haur eta gazteentzako literaturan. Gai serioak ere, hots, konpromiso sozialak (Xola eta basurdeak, 1996) edo komunikazio falta (Julieta, Romeo eta saguak, 1994) ere umorez tratatzen dira. Shakespearen lan ezaguneko gai beraren umorezko bertsioan, Mariasun Landak amodio istorio ezaguna eskaintzen du, sagu gosetien eskutik. Izenburu berean atzematen den transtestualtasuna umorez osatzen da, eleberriko protagonistak saguak baitira.

Azken urteotan umorezko lan ugari itzuli da (Goscinny, Roald Dahl, Rodari, eta abar) baina landa inguruneetan girotutako jatorrizko lanak ere argitaratu dira (Pottoko, 1984; Txerrama errudun, 1994), bai eta txisteen eta pasadizoen bildumak (Donostiarrok txantxetan, 1982; Barrezka, 1988; Txisteka misteka, 1991; edo arestian aipaturiko Lazkao Txikiren ingurukoak), antologiak (Horrela bizi bagina beti, 1991) edota umore ukitua duten ipuinak ere (Txitoen istorioa, 1984; edo Tilin-talan, 1992).

Umorearekin eta abenturarekin bat, misterioak eta polizia eleberriek ere toki garrantzitsua dute gazteentzako literaturan. Lan horietan gazteek bideratzen dituzte ikerketak ia beti eta zuhurtzia eta adimena nagusitzen dira, helduentzako literaturako bortizkeriaren aurrean.

1955ean euskarazko lehen polizia eleberria idatzi zenetik (Amabost egun Urgain'en), genero horrek onarpen handia izan du gazteen aldetik. 1981ean Erein argitaletxeak haur eta gazteentzako literaturako bilduma hasi zuen genero horretako lanarekin: Portzelanazko irudiak, Enyd Blytonen estilokoa. Halaber, X. Mendigurenen lehen lanetako bat ere (Tangoak ez du amaierarik, Elkar, 1988) argitaratu zen; azken hori Buenos Airesen girotuta zegoen eta errepresio politikoa zirko munduko misterioarekin nahasten zen. Lan bakarra argitaratu duten egileak ere badaude, hala nola Amaia Ormaetxea (Erinias taberna, 1990). Lan horretan sute batean gertatutako heriotza ikertzen da. Halaber, Joxemari Iturraldek ere intrigazko lanen multzoa egin dute: Sute haundi bat ene bihotzean (1994). Baina, zalantzarik gabe, haur eta gazteentzako literaturako polizia eleberrien bilduma garrantzitsuena detektibe zaletasuna duen maistra protagonista duena da: "Madame Kontxesi-Uribe, Brigada & Detektibe". Umorea, ironia eta parodia nahastu egiten dira Mrs. Marple eta 007 agentearen ukitua duen bilduma honetan (Von Salchichen maltzurraren aurkako borrokak bilduma guztia irauten du).

Itzulpenek ere lagundu dute gaur egun euskarazko polizia eleberri ugari egon dadin (hala ere, beste hizkuntza batzuetako ekoizpenetik urrun gaude). A. Martín eta J. Ribera, M. Neuschäfer-Carlón edo H. Jürgen Press dira Euskal Erico gazteek gehien ezagutzen eta estimatzen dituzten autoreetako batzuk.

Baina, agian, haur eta gazteentzako literaturako aldaketa handiena kritika sozialeko lanak edota geure burua apur bat hobeto ezagutzen laguntzen duten lanak izan dira, horiek guztiak errealismo kritikoaren korrontekoak. Elementu tradizionalak nahiz narrazio teknika berriak erabili dira irakurleari hausnarketa eragiten dioten lan hauen euskarritzat.

1982an, Mariasun Landa idazleak Lizardi saria jaso zuen neskato batek mamu batekin zuen harremanari buruzko ipuinean. Lan horretan maitasun falta eta bakardadea islatzen ziren, bai eta helduek ez ulertzeak harreman hori eragitea ere. Karmentxuk, helduen munduaren aurrean, animismoan eta irudimenean babesa bilatzen du. Txan fantasma (1984) haur eta gazteentzako egungo euskal literaturako lehen lanetako bat izan zen, gaiaren eta narrazio teknikaren aldetik. Lehen lan horren ondoren interes eta kalitate handiko argitalpenak egon dira. Horietan gure gizartearen eta haurren zein gazteen arteko harremana islatzen da (S. Calleja eta X. Monasterioren Dado iratxoa (1986) liburuan gaixorik dagoen 9 urteko haurraren istorioa kontatzen da, edota Matias Ploff-en erabakiak (1992), loditasunaren arazoa, balioen nagusitasuna, eta abar planteatzen dira). Haur eta gazteentzako egungo literaturan planteatzen diren beste gai batzuk berriagoak dira (kirolari gazteen esplotazioa, 1996ko Urrutiko intxaurrak lanean), edota orokorragoak (heriotza -Gauez zoo batean, 1993; Adio, adio!, 2003- amodioa -Maria eta aterkia, 1998-). Azken lan horretan neskato baten eta aterki baten arteko harremana planteatzen da. Mariasun Landak idatzi zuen, eta, zalantzarik gabe, haur eta gazteentzako euskal literaturaren errealismo kritikoaren adierazgarri nagusia da. Bere lan asko errealismo kritikoaren adibide garbiak dira, esate baterako arestian aipatutako Julieta, Romeo eta saguak (1994) edo Alex (1990). Azken horretako protagonista antiheroia da; Nire eskua zurean (1995), amodioaren hastapenen, amarengandiko dependentziaren, nerabeen sentipenen eta abarren gaineko ipuina; edo Krokodilo bat ohe azpian (2003), Haur eta Gazteentzako Literaturako Espainiako Saria irabazi zuena; lan horretan protagonistaren eta ohe azpian duen krokodiloaren arteko irudimenezko harremana tratatzen da, eta, horren bitartez, egileak beldurrez, bakardadeaz, bizi garen gizarteaz hausnarrarazten digu.

1980ko hamarkadaren bigarren erditik aurrera, errealismo kritikoak toki garrantzitsuagoa hartu zuen euskal literaturan, eta horretan zerikusia izan dute hainbat autoreren lanetatik egindako itzulpenek (U. Wölfel, F. Hetmann, M. Gripe, Ch. Nöstlinger, P. Härtling, T. Haugen, eta abar). Gaur egun, euskaraz idatzitako lanetan ia gizarte gai guztiak tratatzen dira: Militarizazioaren arazoa edo bortizkeria (Joxeme gerrara daramate, 1992; edo Marigorringoak hegan, 1994), ekologia (Desafioa, 1988; Hiru lagun, 1995; Joxepi dendaria, 1984), familia (Txitoen istorioa, 1984; Jaun agurgarria, 1993, Pirritx eta Porrotx arrantzan, 2004), pobrezia (Kittano, 1988), emigrazioa (Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, 1984; Lur zabaletan, 1994; Eztia eta ozpina, 1994,), immigrazioa (Eddy Merckxen gurpila, 1994, Semaforoko ipuina, 2004), langabezia (Harrika, 1989), amodioa (1948ko uda, 1994, Kixmi elurpean, 2005), askatasuna (Asto bat hypodromoan, 1984; Potx, 1992; Tristuraren teoria, 1993; Behi euskaldun baten memoriak, 1991), eta abar islatzen dira azken urteotan idatzitako kalitate handiko lanetan.

Literatura gustuei erantzuteko beharra eta lehen ez zegoen gai aukera direla medio, haur eta gazteentzako literaturan gai eta estilo ugari sortu da. Autoreak berak ere aniztasun horren isla dira, nahiz eta batzuen kasuan elementu konstanteak dauden lan guztietan, hala nola Bernardo Atxagak umorea erabiltzen du, Anjel Lertxundik ahozko tradizioko elementuak edota Mariasun Landaren pertsonaietan karakterizazio psikologikoak garrantzi handia du. Haur eta gazteentzako literaturaren egoera normalizatzen den heinean, ziurrenik, autoreen eta lanen kopurua areagotu egingo da, bai eta irakurleena ere, eta gaien eta estiloen dispertsio hori espezializazio handiagoak ordeztuko du.


Beste literatura generoak

Arestian aipatu diren lan moderno guztiak narrazioari dagozkio, hain zuzen, genero hori nagusitzen baita haur eta gazteentzako literaturaren ekoizpenean, guztizkoaren % 95etik gorarekin. Haur eta gazteentzako euskarazko antzezlanek, berriz, azken hamarkadotako helduen literaturan gertatzen den bezalaxe, ez dute ekoizpenaren % 1 ere hartzen. 1970eko hamarkadan, L. Iriondok pare bat lan argitaratu zuen, eta, 1980ko hamarkadaren hasieran Euskaltzaindiak Toribio Altzaga saria eman zion Marijane Minaberryri Haur Antzerki lanarengatik (1983). Hamar urte baino gehiago igaro ziren 1994an Manu Lopez Gasenik Andoni eta Maddalenen komediak argitaratu arte. Lan hori 32 pieza laburrek osatzen dute eta protagonisten bizitzako ikasturte bat islatzen da.

Xabier Diaz Esarte da, zalantzarik gabe, haurrentzako antzezlanen egile nagusia. Azken urteotan hainbat lan argitaratu du: Sei haur-komedia, A zer nolako Komeria! (1995) berak argitaratua, Teloiaz bestaldean (1997) Iruñeko Udalak argitaratua, Mito, mito eta kitto! (1999) eta Zape, Katu jauna (2002). Umorea lan horietako berebiziko elementua da, bai eta pertsonaia mitologikoak eta protagonistak animaliak izatea ere. Yolanda Arrieta idazlea Badago ala ez dago? (1998) eta Groau! (2005) lanekin nabarmendu zen gazteentzako antzerkiaren esparruan, eta Aitzpea Goenaga aktore eta idazleak 1999an haurrentzako *Antzezten? teketen ten* antzezlana argitaratu zuen, lau piezatan banatuta, alegia, urtaro bakoitzeko bat.

Beste literatura genero nagusiari, hots, poesiari, dagokionez, egoera goitik behera aldatu zen 1992az geroztik. Data horretara arte ez zegoen ia lan modernorik. Aipatu dugunez, genero horren lehen urratsak 1944an eman ziren, Haur-elhe haurrentzat lanarekin, eta, ondoren, Nemesio Etxanizek eta Marijane Minaberryk beren poemak argitaratu zituzten 1960ko hamarkadan. 1970eko hamarkadan berriz, hainbat argitalpen egon zen (horietako batzuk gazteek berek argitaratu zituzten), eta ez zen bat bera ere egon 1980ko hamarkadan, jatorri folklorikoko libururen bat salbu. 1992an aldaketa gertatu zen: Juan Kruz Igerabidek Begi-niniaren poemak argitaratu zen (ondoren, Hiperion argitaletxeak bertsio elebiduna argitaratu zuen, alegia, Poemas para la pupila, 1995); poema bilduma horrek ekialdeko eragin nabarmena du eta erabateko garrantzia izan zuen haur eta gazteentzako euskal literaturan.

Bakardadea

Bide bat hutsik
lautada handitik:
haur bat, bakarrik,
eta inor ez eskutik.

(Igerabide, 1995:69)

Poema horri eta antzekoei esker, poesia, euskal literaturan tradizio handiko generoa, haur eta gazte literaturarako ezagutu zen. Aurreko urteetan poesiazko narraziotzat jo zitezkeen lanak argitaratu ziren (Pello Añorga edo Patxi Zubizarreta egileen eskutik), baina lehen poesia lan hori eta gero ere, Igerabidek poema liburu ugari argitaratu du, hala nola Egun osoarako poemak eta beste (1993), Haur korapiloak (1997), Botoi bat bezala/Como un botón (1999), Hosto gorri, hosto berde. Hoja roja, hoja verde (2002), Munduko ibaien poemak (2004), Gorputz osorako poemak (2005), eta abar. Horiek ekialdeko eragin nabarmena zuten, baina bai eta Espainiako poesia kultuarena, Europako ahozko poesiarena edota limerick eta nursery rhyme anglosaxoiena ere. Poesia gehienak gaztelaniaz argitaratzeak eta bere poema bildumetako bi Espainiako Literatura Sariko finalista izateak Igerabideren poesia liburuen kalitatea adierazten dute.

Beste hainbat autorek, hala nola J. M. Irigoienek (Metak eta kometak, 1994) edo J. Ormazabalek (Hitzak jostailu, 1994; Txoko txiki txukuna, 1998; Irri eta barre, 2002) beren liburuetan, poemez gain, hitz jokoak eta definizioak ere bildu zituzten. Gauza bera gertatzen da Yolanda Arrietaren lehendabiziko irakurleentzako Denboraren kanta-kontuak (1995) poema bildumarekin (Asun Balzola da irudigilea) edo Igerasororen (Igerabide eta Linazasoro idazleen ezizena) Kartapazioko poemak (1998) gazteentzako liburuarekin ere. Bestalde, genero horretan sartu behar dira bertsolaritzaren eragin nabarmena duten lanak, esate baterako, Pello Esnalen Txukunago ibiltzen da kostako trena (1992) edo Antton Kazabonen Bazen behin, behin bazen (1995). Azken egile horrek berak estilo desberdineko beste poema sortak ere egin ditu, adibidez, Kilikolore (2000) gertuko poemen bilduma, edota Armiarma zuhaitzean (2004) alfabetoa eta Matte-matte (2000) amodiozko poemen liburua ere, besteak beste.

Jokoei, tradizioari edo irakurlearen konplizitateari erreferentzia egiten dioten literatura jokoa Jon Suarezen Ilbete dilindan (2002) lanean atzeman daiteke. Halaber, haikuen estiloan pieza laburrez osatutako Kalezuloko animalien itzalak (1999) poema bilduman etxeko animalien erreferentziak daude, eta, horiei esker, maiz irakurleari irribarrea eragiten zaio.

Bestalde, haurrentzako liburu ugariren idatzi duen Pello Añorgak, 1998an, bere lehen poema liburua argitaratu zuen, Jira-biran, alegia. Liburu horretan, Zupankapaloak (1999) liburuan bezala, ahozko literatura tradizionalaren eragin garbia duten poemek sortutako soinuen magia gailentzen da. Tradizio hori ere agerikoa da Xabier Olasoren Pupuan trapua (2004) lanean. Lan moderno soil eta landu horrek ahozko euskal literaturaren erreferentzia garbia du, eta Euskadi 2005 saria irabazi zuen.

Nolanahi ere, haur eta gazteentzako literaturaren boom txiki honek ez gaitu engainatu behar, lanen kalitatean gorabehera ugari baitago, bai eta lan beren baitan ere. Hala ere, 2004 eta 2005 urteetan haur eta gazteentzako poesiako bi antologia argitaratu dituzte Miren Billelbeitiak eta Jon Kortazar Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ezagunak (Haurrentzako euskal poesiaren antologia, 2004 eta Gazteentzako euskal poesiaren antologia, 2005). Era berean, 2004 urteko lan onentzat poesia lan bat aukeratu da. Genero horrek euskal literatura sistemaren baitan duen kalitatearen adierazgarri dira horiek, hain zuzen ere.


Irudidun liburuak eta komikiak

Irudidun liburuak, hots, kasu gehienetan koloretako irudiak testuari gailentzen zaizkion lanak, askotan adierazle egokiak izaten dira hizkuntza bateko haur literaturaren egiazko egoera ezagutzeko. Euskal literaturaren kasuan, merkatua murritza denez eta argitaletxeak txikiak direnez, ez dago ia hemengo egileek sortutako irudidun libururik. 1980ko hamarkadaren hasieran gertatutakoaren aurka (Erein eta Elkar argitaletxeak haur literatura sustatzen hasi ziren kalitate handiko lanekin, hala nola Ernioko Ziripot, 1981, Udaberia, 1981, eta Lotara joateko ipuinak, 1982, lanak Kultura Ministerioak saritu zituen), gaur egun irudidun liburu gutxi sortzen da euskaraz. Jatorrizko euskarazko bildumak egiteko zailtasun ugari dago (kostu altuak, kanpo merkatu murritza, ia tradiziorik eza, eta abar), eta gaur egun besteekin argitaratzen diren lanak eta beste hizkuntzetan egindako liburuen itzulpenak baino ez dira merkaturatzen. Teo, Ibai, Charlie Rivel, Kiriko, Babar, eta abar, literaturazko mendetasun horren adibidea dira, bai eta Kalandraka galiziar argitaletxeak arlo horretan egindako lana ere; izan ere, azken bost urteetan ia berrogeita hamar lan kaleratu ditu haurrentzako euskal merkatuan, horietariko asko galiziarrak eta beste hainbat literatura modernoko klasikoak eta euskal egileen pare bat sorta.

Merkatu murritza eta argitalpen garestiak direla medio, euskarazko komiki gutxi dago. Nolanahi ere, arlo horretan nabarmentzekoa da Erein argitaletxeak Ipurbeltz aldizkariarekin egindako lana, bai eta azken urteotan argitaratu dituen sortekin ere. Haurrentzako Ipurbeltzen ale bereziak eta gazteentzako Justin Hiriart bildumak lan horren adierazleak dira.

Bestalde, Elkar argitaletxeak hainbat sorta argitaratu zuen Alfer bildumaren baitan 1980ko hamarkadaren erdialdean, baina ez dute jarraipenik izan. Lur argitaletxeak, berriz, asmo hezitzaile nabarmenarekin, beste bilduma bat sortu du. Horren protagonista Gabai da, eta Euskal Herriaren historian zehar ibilbidea egiten du.

Gazteentzako literaturaren esparruan, 1985 eta 1992 bitartean Eusko Jaurlaritzak hainbat sorta argitaratu zuen HABEKO MIK bilduman. Lan horiek helduei zuzentzen zitzaizkien arren, asko interesgarriak ziren gazteentzat ere.

Lan horiez gain (eta Ibaizabalek 1997an argitaratutako Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen bildumaz gain), euskaraz argitaratutako komiki sorta gehienak lan klasikoen itzulpenak dira: Ivanhoe, William Tell, Dick Turpin, eta abar, edota Elkar argitaletxeak argitaratutako Tintinen abenturak edo Asterix. Egoera hori aldatzea daitekeena da, 2005ean haur eta gazteentzako komikien Xabiroi aldizkaria argitaratuko baita 35.000 aleko tiradarekin, eta ikastegietan banatuko da.


Beste aldizkariak

1980an Kili-kili (1979) eta Ipurbeltz (1980) argitaratu zirenetik, beste produktu batzuk kaleratzeko saiakerak egon dira, hala nola 1992an Xirrista sortu zen, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat, eta, 1996an, berriz, Kometa, 8 eta 12 urte bitartekoentzat. Argitalpen biek Frantziako Milan taldearen babesa zuten. Hainbat urtez kalitate handiko produktua kaleratzen zuten idazle eta irudigileen laguntzarekin (Atxaga, Mariasun Landa, Patxi Zubizarreta, J. K. Igerabide, J. Mitxelena, M. Valverde, eta abar), baina 1998an desagertu egin zen halako argitalpenetara ohitu gabeko merkatu murritzak eragindako arazo ekonomikoengatik. Gero, 2000. urtean, Na-nai aldizkari berria sortu zen, Milan taldeak babestuta hori ere. Kalitate handiko produktua izaten jarraitzen duen arren, zailtasun handiak ditu merkatura behar bezala iristeko.

Bi aldizkari aitzindarietatik, Kili-Kili banako proiektua zen eta itzulpenekiko mendetasun handia zuen (Zipi eta Zape, Mortadelo eta Filemon, eta abar); Erein argitaletxearen Ipurbeltz, berriz, irudigile askorentzako abiapuntua izan da. Hortaz, ez da harritzekoa XXI. mendearen hasieran Kili-Kili aldizkaria argitaratzeari uztea, berrogeita hamar urteko bizitza eta gero.


Literatura kritika

Roseellek ondoko aipamen aproposa egin zuen haurrentzako literaturaren kritikari buruz: "helduentzako literaturako sektore gisa ez garatzeaz gain, haurrentzako literaturaren kritika ez da jarduten duen gaiaren erritmo berean bilakatu." Baieztapen hori egokia da euskal literaturarako ere. Hain zuzen, azken urteotan lanen kantitatearen eta kalitatearen aldetik egon den garapenarekin batera ez da literatura kritikarena etorri. Egiazki, hainbat mintegi, ikastaro eta argitalpen egon da, eta unibertsitatean zenbait doktoretza tesi ere irakurri da. Baina haur eta gazteentzako literaturako argitalpen kopuruan duen garrantziarekin eta hedabideetan nahiz kritika espezializatuan eta abarrean duen eraginarekin alderatuz gero, desoreka handia atzematen da. Hala ere, nabarmentzekoa da arlo horretako garapena ikusita, pentsa daitekeela haur eta gazteentzako literatura txokoa egiten ari dela euskal literaturaren baitan. Ildo horretan, esparru horretan egon den garapena ikusita, baiezta daiteke 1990eko hamarkadan zehar, haur eta gazteentzako euskal literatura sistema sortu dela (Lopez Gaseni, M. eta Etxaniz Erle, X. 2005). Alegia, irakasle horiek Itamar Even-Zohar (1990) irakasleak proposatutako metodologia oinarri hartuta egin duten ikerketaren arabera, literaturaren (poli)sistema sei elementuk osatzen dute: igorlea (egilea), kontsumitzailea (irakurlea), bidea (merkatua), mezua (produktua), kodea (sorta) eta ingurunea (erakundea). 1990eko hamarkadako haur eta gazteentzako euskal literaturaren kasuan hainbat aldaketa gertatu denez, arestian aipatu bezala, baiezta daiteke haur eta gazteentzako euskal literatura sistema sortu dela. Idazleek eta irudigileek egiazko literatura asmoa dute, eta horietako askok haur eta gazteentzako literatura idazteaz gain, helduentzako literatura ere idazten dute; gero eta idazle eta irudigile profesional gehiago dago, eta, hain zuzen, duela urte gutxi batzuk baino askoz ere gehiago; irakurleei dagokienez, gaur egungo haur guztiek irakurle gaituak izan behar dute, hau da, literaturaz kanpoko inongo laguntzarik behar ez duten irakurleak.

Haur eta gazteentzako euskal literaturak euskarazko argitalpenen % 25 dira. Euskal Herriko ia argitaletxe guztiek kaleratzen dituzte haur eta gazteentzako lanak, eta egoitza kanpoan duten argitaletxe askok ere bai (Alfaguara, Anaya, S.M., Everest, eta abar). Era berean, gero eta egile eta irudigile gehiagok beren lana beste hizkuntza batzuetan argitaratzen dute.

Erakundeen aldetik, kritikak, hedabideek, argitaletxeek, hezkuntzako erakundeek eta abarrek parte hartzen dute haur eta gazteentzako literaturaren izen ona eta garrantzia mantentzen. Gaur egun hainbat kritika maila dago: aipamenak, hedabideetako nahiz aldizkari espezializatuetako edo orokorretako kritikak, unibertsitateko kritikak, eta abar. Nabarmentzekoa da euskaraz kaleratzen diren ia hedabide guztietan argitaratzen direla aipamenak eta kritikak, alegia, egunkarietan hasi eta unibertsitateko aldizkarietara arte. Lehen ere aipatu bezala, gainera, Euskal Herriko ia argitaletxe guztiek kaleratzen dituzte haur eta gazteentzako liburuak, eta bildumen aukera zabala dago. Horrez gain, Euskal Herriko literatura mundua eta arlo komertziala eta soziala horren murritza izaki, haur eta gazteentzako literaturaren presentzia erraztu egiten da, eta beste kultura batzuetan ez dira horren eskuragarriak, esaterako telebista edo irratia bezala. Halaber, nabarmendu behar da zenbait erakundek literatura mota horren alde egin duen lana, besteak beste Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Saria, aurreko urtean argitaratutako lan onena saritzeko.

Gaur egun, 1980az geroztik ekoizpen handia egon denez, literatura funts aberatsa eta anitza dago, estiloen, lanen, egileen, irudigileen eta gaien aldetik. Ahozko tradizioko literaturatik errealismo kritikora, haur eta gazteentzako literaturara hurbiltzen diren irakurleek kaleratutako lanen bilduman aukera dezakete, eta halaxe egiten dute azken aldian ere.

Baina, zalantzarik gabe, aurreko elementu guztiak garrantzitsuak izan badira haur eta gazteentzako euskal literatura sistema sortzeko garaian, horien artetik bat gailentzen da: literatura produktuen kalitateak izandako hobekuntza. Azken urteotan egileek nahiz irudigileek bilakaera izan dute, eta, gaur egun, zalantzarik gabe esan daiteke kalitate handiko haur eta gazte literatura dagoela. Lanen paratestuek (Lluch, 2000; Genetteren teorien arabera) eta edukiek hizkuntza zainduagoa dute, literaturazko elementu ugari dago, tonu eta estilo landua eta kalitate handiagoko irudiak, lehen aipatutakoaren isla dira.

Haur eta gazteentzako literaturaren gaineko inpresioa baikorra izanagatik ere, jabe izan behar dugu hainbat eragozpen dagoela euskarazko literatura gara dadin: merkatu murritza, kanpo merkatuan ezagutarazteko zailtasunak, irakaskuntzaren arloan dagoen mendetasun handia, eta abar direla kausa, gaur egun jabe izan behar dugu haur eta gazteentzako euskal literaturak berezko argiarekin distiratu behar duela kalitatearengatik... eta ipurtargi ederrek eta txikiek zelaietan egiten duten gisan argitu behar duela.



Bibliografia:

CENDAN PAZOS, F. (1986): Medio siglo de libros infantiles y juveniles en España (1935-1985). Madril: Germán Sánchez Ruipérez Fundazioa- Pirámide Argitaletxea.

GARCIA PADRINO, J. (1992): Libros y literatura para niños en la España contemporánea. Madril: Germán Sánchez Ruipérez Fundazioa- Pirámide Argitaletxea.

IGUERABIDE, J. C. (1995): Poemas para la pupila - Begi-niniaren poemak. Madril, Hiperión.

LOPEZ GASENI, M eta ETXANIZ ERLE, X. (2005): 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura. Iruñea, Pamiela.

LLUCH, G. (2000): "Los noventa, ¿Nuevos discursos narrativos?" in Literatura para cambiar el siglo. Una revisión crítica de la literatura infantil y juvenil. Salamanka, Germán Sánchez Ruipérez Fundazioa.

MITXELENA, K. (1988): Historia de la literatura vasca. Donostia, Erein, 2. argitalpena.

ORQUIN, F. (1984): "La literatura infantil reivindica hermosas historias bien contadas", El libro español 309, 28-32.

ROSEEL, J. F. (1995): "La crítica de la Literatura Infantil: Un oficio de centauros y sirenas", Amigos del Libro 29, 29.

ROVIRA, T. (1988): "La literatura infantil i juvenil", Història de la literatura Catalana. RIQUER, COMAS, MOLAS. Bartzelona: Ariel. 421-471.

SARASOLA, I. (1975): Euskal Literatura Numerotan. Donostia, Kriselu.

VALRIU i LLINAS, C. (1994): Història de la Literatura Infantil i Juvenil Catalana. Bartzelona: Pirene.

X. X. (1984) "Jon Etxaide: Idazle kontentagaitzaren tristura", HABE 40, 6-10.




© Argazkia: Zaldi Ero

© Txan Fantasma: Elkar

© Xola eta basurdeak: Erein

© Botoi bat bezala: Anaya-Haritza

© Ipurbeltz: Erein