Antzerkia

XX. MENDEKO EUSKAL ANTZERKIA

KOSTUNBRISMOTIK SINBOLISMO POLITIKORA



© Patricio Urquizu (UNED)

© Itzulpena: Di-Da





  1. Zuberoako herri-antzerkia.
  2. Toribio Altzaga eta Euskal Iztundea (1915-1936).
  3. Euskal Antzerkiaren eguna (1934-35-36) 2. Errepublikan.
  4. Antzerkia gerra zibileko eta erbesteko garaietan.
  5. Euskal Iztundearen bigarren aldia (1953-1981).
  6. Pierre Larzabal eta Antonio Labaien.
  7. Gabriel Aresti eta Bernardo Atxaga.
  8. Literatura dramatikoa 90.eko hamarkadan.
  9. Sariak eta autoreak.
  10. Bibliografia



1. Zuberoako herri-antzerkia.

Antzerkiaren historia aztertzeko ezarritako eskemari jarraiki, Zuberoako xaribarik eta pastoralak hartuko ditugu mintzagai. Lehenengoei dagokienez, bete-betean garai ahulean sartuta daude gaur egun, baina, Hérelleren ustetan, 1900etik 1938ra bi urtean behin egiten ziren. Guk lau testu besterik ez ditugu hartu Recueil des farces... (1998) lanetik.

Lehenengoa, Tzintzarrots izenburukoa, prosan dago eta egilea ezezaguna da. Eskualdun ona (1907) astekarian argitaratu zen, eta komikotasun nahiz konplizitate apartak ditu.

Bigarrena, Manex Etchamendi (1873-1960) Nafarroa Behereko poeta-bertsolari eta alkatearena da, eta gazteei halako ikuskizunak antolatzeko baimena ukatu egiten die bertan.

Hirugarren testuaren egilea Leopoldo Irigaray da, Hérellek Zuberoan egiten zituen azterketetako lankide eta itzultzailea; 1918an jaso Peyrot eta Peyrotina zen izenburupean. Hamaika lauko txikiz osatuta egonda, obra honen egitura gertuago dago txikietatik xaribarietatik baino. Laugarren testua 16 zortzikoz osatutakoa, Azken karrosako bertsuak du izenburu, eta Satrustegik Luzaideko kantuetan jaso zuen.

Pastoralei dagokienez, berriz, aurreko mendeetan antzeztu gabeko obren izenburuen koadroa besterik ez dugu emango. Lehenago ere esan dugunez, XX. mendeko pastoralen antzezpenetan bi aldi bereiz daitezke argi eta garbi, horietan jorratutako gaiaren arabera.

Lehenengoa mende erdialderainokoa da, eta tartean hutsune handi bat du 1937tik (1936an bi pastoral antzeztu ziren; bata, Charlemagne, Atharratzen antzeztu zen eta bestea, Roland eta hamabi pareak Garindaineko gazteek antzeztutakoa) 1951ra; urte horretan antzerki mota hau berreskuratzeari ekin zitzaion, Pierre Salaberen eskutik, Robert le diable lanarekin; bigarren aldia, berriz, 50eko hamarkadatik gaur egunera arte luzatzen da, eta garapena argia eta nabarmena da garai horretan.

Hala, esate baterako, erlijioaren gaineko gaiak nahiz Frantziako historiari buruzkoak ia erabat desagertuko dira, eta, horien ordez, Euskal Herriko Historiari buruzkoak nagusi bilakatuko dira, jarraian doan zerrendan ikus dezakegunez. Mendearen lehen zatiari dagozkion bi pastoral besterik ez dago argitaratuta, bata Roldan eta euskaldunei buruzkoa Clement d'Andurainek argitaratu zuen 1906an eta bestea Napoleon Bonaparteri buruzkoa, Ithurry argitaratzaile.

Data Lekua Izenburua Pastoralgilea
1903 Ligi Louis XI. Jean Aguer
1903 Omizegañia Henri IV. Jean Aguer
1903 Uharte-Garazi Saint Louis
1906 Lambere Hirur martirak Jean Héguiaphal
1906 Arrokiaga Nabukodonosor Jean Héguiaphal
1908 Atharratze Eskualdunak Ibañetan C. d'Andurain de Maitie
1908 Xohüta Santa Helena
1909 Urdiñarbe Abraham
1910 Barkoxe Mustafa
1912 Eskiula Napoleon
1920 Mendikota Abraham Pierre Salaber
1921 Iruri Aleksandre Pierre Salaber
1921 Lexantzu Daniel Pierre Salaber
1922 Mendi Astiaje Pierre Salaber
1924 Montori Aimunen lau semik Pierre Salaber
1925 Altzai Turk handia Pierre Salaber
1925 Ozaze Don Karlos Pierre Salaber
1926 Maule Juana Artekua Pierre Salaber
1926 Zalgize Müs de Bouillon Pierre Salaber
1927 Napoleon Jean Héguiaphal
1927 Xohüta Dona Andeü Pierre Salaber
1928 Aloze Abraham Pierre Salaber
1929 Santa Grazi Mois Pierre Salaber
1930 Atharratze Frantses Lehena Pierre Salaber
1931 Atharratze Don Carlos Pierre Salaber
1934 Atharratze Don Karlos Pierre Salaber
1936 Atharratze Charlemagne Pierre Salaber
1936 Garindein Roland y los doce pares
1951 Ozaze Robert le diable
1952 Ozaze Abraham Pierre Salaber
1953 Barkoxe Aimonen lau semik
1953 Ligi Santa Helena Pierre Salaber
1955 Eskiula Matalas Pierre Bordazaharre "Etxahun"
1958 Maule Berreterretch Pierre Bordazaharre "Etxahun"
1963 Gotañe Santxo Azkarra Pierre Bordazaharre "Etxahun"
1966 Iruri Iruriko zalduna Pierre Salaber
1967 Maule Chiquito de Cambo Pierre Bordazaharre "Etxahun"
1973 Altzai Pette Bereter Pierre Bordazaharre "Etxahun"
1974 Barkoxe Etxahun koblakari Pierre Bordazaharre "Etxahun"
1976 Santa Grazi Santa Grazi Junes Casenave
1977 Santa Grazi Maitena Basaburu Junes Casenave
1978 Garindañe Ibañeta Junes Casenave
1979 Atharratze Ximena Pierre Bordazaharre "Etxahun"
1980 Urdiñarbe Iparragirre Pierre Bordazaharre "Etxahun"
1982 Phagola Pette Basaburu Junes Casenave
1985 Muskildi Allande Oihenart Arnaud Aguergaray
1988 Urdiñarbe Agosti Chaho J. M. Bedaxagar
1989 Altzai Zumalakarregi Junes Casenave
1990 Maule Abadia urrüstoi Jean Louis Davant
1991 Larrañe Xalbador Roger Idiart
Muskildi Harispe Pier Paul Berzaitze
1992 Santa Grazi Santa Kruz Junes Casenave
1993 Gotañe Eüskaldunak Iraultzan Jean Louis Davant
1994 Donaixti-Ibarre Mixel Garikoitz Junes Casenave
1995 Arrokiaga Agirre presidanta Jean Louis Davant
1996 Garindañe Sabino Arana Arnaud Aguergarai
1997 Atharratze Atharratze jauregian Pier Paul Berzaitze
1998 Barkoxe Herriko semeak Patrick Queheille
1999 Altzai Agota Junes Casenave
2000 Eskiula Madeleina de Jauregiberri Pier Paul Berzaitze
2001 Xohüta Xuberoko makia Jean Louis Davant
2002 Altzürükü Urruti jauregiko Peixot Niko Etxart
2003 Idauze Ramuntxo Pier Paul Berzaitze
2004 Maule Antso Handia Jean Louis Davant

Azken hauetan pastoralgile hauek daude bizirik: Casenave, Davant, Idiart, Bedaxagar, Berzaitz, Etxart, Agergarai eta Queheille. Zortzi dira guztira eta lehenengoak frantsesez ere idatzi du pastoral bat, biarnotarrek antzeztutakoa.

Antzerki horretan, Etchecoparrek aditzera ematen duenez, ugari dira euskaldunek bizitako zapalketaren adibideak (gerra, erbesteratzeak, hizkuntza-planifikazioa, ekonomia-besterentzea, kultura galaraztea...). Gaur egungo pastoralgileak euskaldunen iragana berraurkitzen edo berridazten saiatzen dira, eta ia sistematikoki kristauen aldean jartzen dituzte euskaldunak; besteak, berriz, turkoen taldean egoten dira. Eta jardunbide horrek arras ongi funtzionatzen du Etsaia agerian uzteko. Etsai hori, eskuarki, espainolak edota frantsesak izaten dira, nekez agertzen baitira lagun modura. Egia da pastoralen egitura manikeoa izanik, Ongiaren eta Gaizkiaren banaketa horrek ez diola inondik inora mesede egiten ez nuanceari ez subtilitéari, ez konplexutasun psikologikoari eta zolitasunari, ez zalantzari ez kontraesanari, ez eta autokritikari ere, eta bistan da mundu euskaldunaren eta ez-euskaldunaren arteko loturak, berez, izugarri konplexuak direla.

Junes Casenave-Harigilek, (Santa Grazi, 1924) poeta, pastoralen narratzaile eta egileak Argia astekarian egindako elkarrizketa batean adierazi zuenez, bere iritziz jendeak ez du Euskal Herriko Historia ezagutzen, eta pixkanaka-pixkanaka herriak —ez intelektualek bakarrik— bere historia ezagutu behar du, eta ez atzerritarren ikuspegitik.

Euskal Herriko data eta ekintza historiko gehienak ahanzturak jota egon dira duela gutxi arte. Perez-Stansfieldek Espainiako antzerkiaz ari dela, ahaztura hori frankismoaren bertsio ofizialaren itzalaren ondorioa izan dela badio ere, askoz lehenagotik ere bazter utzi eta gutxietsi egin dira, idazle gehienek —etxekoek zein kanpokoek— apenas izan baitute interesik jazoera hauek modu literarioan irudikatzeko. Horiek horrela, ez da arraroa berriki hildako Marc Legasse anarkistak, umore biziz, Pasacalles por un País que ni existe idaztea.

Zenbait pastoraletan, abertzaletasunak antzinako landa-munduaren apologiatik goretsitako iraganetik antzinako euskal herrien batasunetik edaten du. Beste antzezlan batzuetan, aldarrikapena nabariagoa da, batik bat mezua laburbiltzen duten gibel solasetan. Batasunerako deia, bakea, euskaldunen aberria eratzea, "Zazpiak bat" maizkoak dira. Euskal gaiak oinarritzat harturik, pastoralen ikusleen eremua hedatu egin da; hala, Zuberoa, luzaroan bakarturik egon ostean, Euskal Herriko testuinguruan tokia topatzea lortu du; Bidasoaz honako turistak antzezlana ikustera doaz, eta, bide batez, euro batzuk uzten dituzte antzezlana egiten den herritxoan.

Antzerkiaren ikusle-kopurua, gainera, nabarmen handitu da testua frantsesez, gaztelaniaz eta, inoiz edo behin, euskara batuan argitaratzen denetik. Bestalde, baina, bertso-kantuak hain luzeak eta astunak izanik (horrexegatik azkenaldian dantzak eta koruak txertatu dira ikuskizunaren baitan) eta emankizunak udan eta zelaian izaten direnez, ikusleek aukera izaten dute emankizunean elkarrekin familiako gorabeherez eta berriez edota batean dituzten lagunez mintzatzeko.

Pastorala, arestian adierazi bezala, Zuberoako ondare izatetik Euskal Herri osokoa izatera igaro da, eta nortasun-sentimendua lantzen lagunduko du horrek. Testuak, euskalduntasunari buruzko adostasun inplizitua funts izanik, aktoreek nahiz ikusleek ikuspegi eta iritzi desberdinak agertzeko aukera dute. Era berean, ageriko euskal batasuna babesteko aukera ematen dute, Euskal Herriko gizarte-mailen arteko interes desberdinak eta batzuetan elkarrengandik aldenduak alde batera utzita.

Gai historikoek, gaur egungo errealitatetik erabat urrun, paralelismoak paralelismo (zenbaitetan nahiko modu behartuan bilatzen direnak) ez ditu agerian jartzen uzten egungo euskal herritarren arteko desadostasunak eta euskal abertzaletasunaren baitako zatiketa. Heroiak, antzerki mota honen ezaugarriak besarkatuta, goitik beherakoak dira, anbiguotasunik gabeak, konplexutasun psikologikorik gabeak, eta antzinako aristokrazia gerlari eta kristauko ezaugarriak —mitologiko samarrak— hartzen dituzte oinarri (sakrifizioa, erronka, sentimendu zintzoak, heroismoa, eskuzabaltasuna, ausardia, eskerrona, etab.)

Jean Haritschelharrek azpimarratzen duenez, herri-antzerki hau, herriak herriarentzat antzeztutakoa izanik, bi norabide horietan antzerki nazional bilakatzen ari da, kondairazko iragan historikoa gogora ekarriz. Garai batean erlijioaren ikuspegia lantzen zuen herritarren eskola izatetik, herriaren eta bere pertsonaien historia ikasteko eskola bilakatu da eta antzinako garaietatik horren bikainki gorde den hizkuntza nahiz literatura maitatzen irakasten du.

Jean-Louis Davant (Ürrüxtoi-Larrabile, 1935) Euskaltzaindiko kide da 1975etik; halaber, Embata eta EHASren sortzaileetariko bat da, irakaslea eta historia nahiz poesiazko hainbat libururen egilea. Honako pastoral hauek argitaratu ditu: Abadia Urrustoi (1986) 1851n Lore Jokoen sortzailea izandako Antonie d'Abbadie mezenasaren bizitzari buruzkoa, Zuberoako ikastoletan antzeztutakoa 1990ean; Eüskaldünak Iraultzan (1993) Euskaldunei eta Frantziako Iraultzari buruzkoa; Agirre presidenta (1995) Jose Antonio Agirreren bizitzari eta Espainiako gerra zibilari buruzkoa, eta, azkenik, Xuberoko Makia erresistentziari buruzkoa.

Roger Idiart, pastoral ugaritan Etxahunekin ibilitakoa eta bigarren mundu gerraren ostean pastorala berreskuratzen jardundakoa itzultzailea eta abestigilea da. Horiez gain, Xalbador pastoralaren egilea ere bada. Xalbador, Fernando Aireren ezizena (Urepel, Behe-nafarroa, 1920-1976), Iparraldeko bertsolari onenetarikoa izan zen, eta Mattinekin batera, Bidasoaren bi aldeetan bertsolaritza berreskuratze-lanetan jardun zuen.

Pier Paul Berzaitz (Muskildi) pastoraletako aktorea eta egilea, obra ugaritan aritu izan da aktore nagusi. Bere obren artean, Harispe Mariskala (Muskildi, 1991) eta Atharratze jauregian (Atharratze, 1992)dira aipagarri. Pastoralen estetika tradizionalean, dantza eta kantuan aldaketa handienak egin dituen autoreetariko bat da. Azkeneko antzezlanetan, Elkanoren semeak (1998) eta Euskaldunen Izpiritua (1999) pastoraletatik apur bat urrunduta musika-komediaren generora hurbiltzen da.

Arnaud Aguergaray-Bordachar A. d'Oihenart (Muskildi, 1985), eta Sabino Arana (Garindaine, 1996) pastoralen egilea da. Azken antzezlana, uztailaren 21ean antzeztutakoa, tragedia bihurtu zen, Pierre Paul Pipo aktorea eszenatokian bertan hil zen. Hala ere, antzezlana amaieraraino antzeztu zen. Etxebarne eskola zaharreko aktorea zen; 18 urte zituela, jada, 1976ko Robert le Diable antzezlanean parte hartu zuen. Sabino Arana obrari dagokionez, nazionalismoaren apologiatik hurbil, egitura klasikokoa da, trinkoa eta mamitsua, eta Aranaren irudi lokalistatik urrun, haren ikuspegi unibertsala eskaintzen du.

Patrick Queheillek (Barkoxe) Herriko semeak (1998) lanarekin bere herriko hiru pertsonaia omendu egin nahi izan zituen. Batetik Beñat Mardo, Cahoren hitzetan, garaiko bertsolari handienetarikoa vingt volumes ne contiendraient pas ses oeuvres, s'il avait eu un sténographe avec lui dans les séances poétiques qu'il donnait en toute occasion. Bestetik Pierre Topet Etxahun, honako hau ere barkoxtarra, Haritschelharren hitzetan euskal Vernile, poeta erromantiko nagusienetarikoa. Eta azkenik Léon Uthurburu XIX. mendeko gizona, emigratu eta "Amerikak egin" ostean, jaioterrira itzuli, eta bere ondasun guztiak Barkoxeko pobre eta behartsuei utzi zizkien oinordetzan.

Niko Etxart (Paris) Frantziako hiriburura erbesteratutako zuberotar baten semea. Kantautore ezagun honek, berak sortutako rok-kantuak eta kantu tradizionalak bietarikoak abesten ditu. Bere antzezlana, Ürrüti Jauregiko Peirot Pastorala (Altzürükü) (2002), XV. mende-amaieran eta XVI.ean kokatutako balada tradizionaletan oinarritutako lana da.

2. Toribio Altzaga eta Euskal Iztundea (1915-1936).

Arratseko antzerki-emanaldiak bizi-bizi hedatu ziren Donostiatik Gipuzkoa osora; hala, Gregorio Mugicak Euskalerriaren alde (1911-1931) aldizkariaren zuzendariak, 1912an Gipuzkoan aurkeztutako euskarazko lanen zerrenda egitean, eta nahiz eta herri askotako berriak jaso ez, honenbeste zenbatu zituen: 72 antzezlan; horietatik 19 bakarrizketak, 40 ekitaldi bakarreko lanak, 13 hiru ekitaldikoak. Macelino Soroa eta Aveliano Barriola izan ziren egile nagusiak.

Euskalerriaren Alde aldizkarian, halaber, 1912an antzezlan txikien bilduma eratu zuen, Izarra izenburupean, eta 1912tik 1931ra, hogeita sei lantxo kaleratu zituen, batez ere genero komikokoak. Horietan, autore emankorrena Toribio Altzaga izan zen, sei antzezlan argitaratu baitzituen.

Toriobio Altzagak (Donostia 1861-1941) umetan, jada, Iriyarena antzezlanean parte hartu zuen, Soroaren agindupean, eta, horrek bere bizitzaren norakoa bideratu zuen. 1888. urtean, lehen saria eskuratu zuen Aterako gera lanarengatik, eta ordutik aurrera, etengabe jardun zuen lanak idazten eta antzerkirako egokitzen (hogei lanetik gora). Hark jarri zuen abian Tepsis euskal antzerki-gurdia jarri zuen abian. Labaienen hitzak egin ditut neure: argia, eta, behar bada, garatu gabea, baina, zalantzarik gabe, bultzada handia eman zion euskal antzerkiari, gerora garatzen eta hobetzen jarraitzeko. Sentsibilitate handiko gizona zen, eta antzerkigilea izateaz gain, kritiko ere jardun zen. Halaxe erakusten dute, euskarazko antzezlanei buruz idatzitako hitz hauek: ... es hora de que en las obras vascas no se fíe al patriotismo del público el éxito de aquéllas, sino que se procure obtenerlo mediante el concurso de cuantos medios ofrece el arte para el mayor esplendor de las representaciones dramáticas.

Euskal antzerkiarenganako ardura horien ondorioz, Donostiako udalean Antzerkiaren Laguntzarako batzordea eratu zen, eta batzorde horrek era berean zinegotziak eta Avelino Barriola antzerkigileak —Sustapen Batzordeko kide izanik— eratutako txostenaren ostean, Euskararen Deklamazioko Udal Katedrarako deialdia onartu zuen, eta oinarriak nahiz araudia Euskal-Erria aldizkarian jaso ziren. Besteak beste, hau zioen: El profesor tendrá la misión de instruir a los alumnos en aquellos concocimientos relacionados con el Teatro en su aspecto general, haciendo al propio tiempo las oportunas aplicaciones al especial carácter a que se contrae esta clase; enseñará a leer y declamar en euskera con la posible perfección, instruyéndoles al mismo tiempo en la mímica y movimiento escénico, y en todo cuanto se refiere a la representación dramática en sus diferentes aspectos, procurando que la enseñanza tenga un carácter fundamental y eminentemente práctico.

Lehiaketaren epaia Altzagaren aldekoa izan zen erabat, eta Musikako Udal Akademian ezarri zuen katedra. Langile fina izanik, urtebetera, dagoeneko, obra hauek lortu zituen: Lagun txar bat eta Gai dagoenaren indarra Barriolarenak, Dollorra eta Atzertokiya Elizondorenak, Barrenen arra Soroarenak, Mikelatxo Gamboarena, eta Bernaiñoren Larriyak así como Axentxi ta Kontxesi berak idatzitakoak.

Euskal Fedea antzerki-taldeak 1915era arte arrakasta handia lortu bazuen ere, handik haurrera Euskal Iztundearen arrakasta itzela izango da, eta ez Donostian soilik (59 emanaldi) baita Gipuzkoa osoan (109), Bizkaian (3) eta Lapurdin (1) ere.

Hogeita bi urtez 51 lan antzeztuko ziren. Ondoko hauek dira gehien antzeztutakoak: Ramuntxo (18), Garbiñe (13) y - Ezer ez ta festa (11), alegia, bi drama eta komedia bat, nahiz eta errepertorioa gehien bat komediez osatuta egon. Hauek izango dira, berriz, lan gehien kaleratuko dituzten autoreak: Altzaga (hogeita hiru antzezlan), Barriola (bost), Garitaoinaindia (hiru) Elizondo, Eleizegui, Olaizola, Soroa, Iraola eta Tellería (bi).

Ramuntxo lana, Pierre Lotiren nobelan oinarritutakoa, Gabriel Piernéren musikarekin aurkeztu zen, opera-bertsioan Parisko Odeonean, Cadizen eta Madrilen, baina leku horietan guztietan porrot egin ondoren, Altzagak itzuli eta moldatu egin zuen, bere hitzetan, beharrezkoa baitzen elkarrizketa bizitzea eta obrari sakontasuna ematea. Altzagaren lanak merezitako fruitua eman, eta arrakasta handia izan zuen, ez gerra aurretik soilik, baita frankismo garaian ere. Izenburu bereko filma ere kaleratu zen.

Zenbait kritikagilek gehien laudatutako beste obra bat Macbeth izan zen, hau ere Altzagak Irritza izenburupean itzulitakoa eta bost ekitalditatik hiru ekitaldi eta hitzaurre batera murriztutakoa. Birritan aurkeztu zen, lehenik 1924an eta bigarrenik 1925ean. Beste kritikagile batzuen iritziz, ordea, ikusle mota aintzat hartuta eta ekoizpen hori euskal eremuan originala izan ez arren, ekoizpena antzua zen eta esperimentua

Gehien miretsitako pieza Catalina Eleizegi Garbiñe izango da. Hiru ekitalditan garatutako drama historiko hau, XIII. mendean kokatuta dago, eta Galdósen Marianela lanarekin antz handia du. Kronikari adeitsu batek esan zuenez, lan hau ez dirudi hasi berria den idazle batek idatzi duenik, helmugara iritsitako batek baizik.

Xabier Mendigurenek Altzagaren zenbait lanen bildumaren hitzaurrean "Toribio Altzaga edo euskal teatro burgesaren nahi eta ezinak" izenburukoan, Barriola eta Altzaga alderatzen ditu; biak ziren donostiarrak eta biak saiatu ziren antzerki-ikusleen maila igotzen, herri-kostumbrismotik at, antzerki burges nazionalerantz, baina baten eta bestearen arrakasta oso bestelako izan zen. Mendigurenen iritziz, Altzagak, jolas komikoetan eta elkarrizketa bizietan aditua, bere saiakera horretan porrot egin zuen, ez baitzuen behar bezala bereganatu ideologia abertzalea. Barriolak, aldiz, arrakasta handiagoa lortu zuen, bere drametan euskal burgesia abertzalea irudikatu zuelako. Barriolaren antzerkietan, emakumeak zuen paper nagusia eta hizkuntza goresten zen, jatorkeriatik eta "baserri-usainetik" urrutiratuta, eta, antzerkiari ikuspegi berria emanez, eta aurretiaz lortu gabeko kalitatea erdietsi zuen.

Donostian eta probintzian ekimen hauek garatzen ari zirela, noizean behingo antzezlanak alde batera utzita, Iparraldean, bigarren mundu-gerran, "Patronage" antzerkia sortu zen, alegia, babesleen bidez —batik bat Eliza Katolikoaren bidez— sortutako antzerkia, eta Senperen hasi zen 1921ean Mirande jn.ren eskutik. Antzerki mota honekin batera, "komediak" jorratzen hasiko dira. Antzerki komiko eta arin horretan, herrietako ikusleek eta aktoreek bat egitea lortu zen hainbat gai landuta, hala nola, sorginak, deabruak, merkatuak, senar-emazteak, ezkongabeak, etab.

Jean Barbier, Léon Léon, Pierre Lafitte... dira antzerki mota horren egileak. Gehien-gehienak Gure Herrian argitaratuko dira. Aldizkari honek 1921ean ikusi zuen lehenbizikoz argia, eta lehen aldi honetan, 1939ra arte kaleratu zen, alegia, bigarren mundu-gerra abiatu arte.

3. Euskal Antzerkiaren eguna 2. errepublikaren garaian (1934-35-36).

Euskal Antzerki Berriaren hirugarren aldia 2. Errepublikaren garaian garatu zen, eta harekin burutuko 1876an hasitako aldiak, ikusleei begira ere goia joko du antzerkiak garai honetan. Iñaki Barriolak adierazten duenez, 1928an sortutako Euskaltzaleak Elkartea Olerki Eguna antolatzen hasi zen lehenik, eta nolako arrakasta lortu zuen ikusita, antzerkian esparrura eraman zuen ideia; hala, 1934-35-36 urteetan, Eusko Antzerti Eguna antolatzeari ekin zioten. Horretarako, Antonio Labaienen zuzendaritzapean 1932an sortutako Antzerti aldizkariaren bidez, antzezlanen lehiaketa egiten zuetan. Hona lehen urteko sarituak:

  1. J. Karraskedo Etxe aldaketa dramari esker;
  2. A. Amonarriz Iturrian komediari esker; eta
  3. A. Arozena Urteurrena bakarrizketari esker.

Era berean, Donostian otsailean, martxoan eta apirilean egindako antzerki-taldeen lehiaketan, hamahiru taldek hartu zuten parte, hamabi gipuzkoarrak eta bat bizkaitarra. Horietako gehienak batzokietan sortutakoak ziren (Pasai San Pedro, Urnieta, Donostia, Ondarroa, Bergara, Errenteria, Soraluze, Tolosa, Deba, Alegia eta Zumaia), eta Altzagaren zuzendaritzapean Ramuntxo lana antzeztu zuen taldeak, eskarmentu handikoak irabazi zuen.

Maiatzaren 6an ospatu zen hots handiz Euskal Antzerkiaren Lehen Eguna, Donostiako San Telmo Museoan. Garaiko intelektual guztiak izan ziren bertan, eta aho batez Euskaltzaleak elkartearen batza berria eratu zuten; Lehendakaria, Monzon; idazkaria Ariztimuño "Aitzol", eta Antzerkiaren arloko bokalak Labaien eta Karraskedo.

1935ean, 11 jatorrizko lan aurkeztuta, Tene Muxikaren Gabon eta A. Arozenaren Balujan saritu zituzten. Oraingoan hamaika talde aurkeztu ziren, eta aurrekoan bezalaxe, gehienak Batzokietatik eta Euzko-Etxeetatik zetozen (Isasondo, Alegia, Lezo, Zarautz, Legorreta, Oiartzun, Legazpi, Hernani, Azkoitia eta Irun). Talde irabazlea Oiartzungo Mendiburu deitutakoa izan zen, Lekuona anaien Eun dukat lanarekin, antzezlana arrakastatsua izan zen oso, ez Gipuzkoan soilik, baita mugaz haraindi, Lapurdin ere.

Eta, azkenik, 1936ko lehen hiruhilekoan, Euskal Antzerkiaren Hirugarren Lehiaketa egin zen, bederatzi talde lehiakide izanik (Alegia, Ondarroa, Irura, Tolosa, Oiartzun, Andoain, Donostia, Zumaia eta Hernani). Literatura-sariketa Karraskedok irabazi zuen Garoa usaia lanarekin, Domingo Agirreren Garoa eleberrian oinarrituta; eta 250 pezeta jaso zituen sari. Maiatzaren 18an aurkeztu zen, Euskal Antzerkiaren III. Egunean, Victoria Eugenia antzokian, Donostiako Euzko Etxea antzerki-taldearen eskutik.

Nolanahi ere, antzerki-jarduera ez zen Gipuzkoako hiriburura soilik mugatzen; Bizkaian, bada, Manu Sotaren mezenasgopean (Labaienek Antzerki aldizkarian zionez, euskal Coctteau genuen Sota) eta Esteban Urkiaga "Lauaxeta"ren laguntza eskergaz, Bizkaiko herri gehienetatik hedatutako mugimendua sortu zuten. Besteak beste, Durango, Bermeo, Lekeitio, Igorre, Lezama, Mungia, Bedia, Zamudio, Gernika, Mundaka, Galdakao, Abadiño, Gatika, Forua, Larrabetzu, Getxo, eta Sopuerta leku egokiak izan ziren bakarrizketak eta komedia konstunbrisktak antzezteko; are gehiago, Yeats, Maeterlinck eta Pearce antzerkigileen obrak ere antzeztu ziren, eta ikusleak, oro har, halakoetara oso ohituta egon ez arren, arrakasta lortu zuten.

Aipatzekoa da, halaber, antzerkiaren eta irratiaren arteko lotura. Izan ere, Radio Donostiarra zelakoan, asteazkenero 20:00etatik 21:00etara Zubimendi eta Arzelus idazleen zuzendaritzapean dramak irakurtzen ziren. Esate baterako, 1932an Beorlegi eta Egilegor aktoreek parte hartu zuten, Joxe Ebaisto, Arpuxa kalean, Neskazarra... lanetan.

Labaienek zuzendutako eta sortutako Antzerti aldizkarian jasotzen denez, 1934an Arozenaren zuzendaritzapean Mox, Miss, Xapi, eta Axentxi ta Kontxesi lanak irakurri ziren, Egiguren eta Toledo andereñoak partaide izanik.

Errepublika garaiko euskal antzerkiaren goreneko une honi Antzerti aldizkariaren bidez urratsez urrats jarrai dakioke, bost urte eskasean, berrogeita hamar lan kaleratu baitzituen.

1876-1936 bitarteko antzerkia mugimendu euskaltzale eta abertzaleari lotuta dago. Euskal kultura nahiz antzerki-kultura ia ezerezetik sortzen dira hirugarren karlistadaren ostean, eta hogeita hamarreko urteetan goia joko dute; baina beste mugimendu kultural eta herrikoien antzera, egundoko kolpea, hilgarria ia, jaso zuten altxamendu frankistan.

4. Antzerkia gerra zibileko eta erbesteko garaietan.

Adierazi berri dugunez, euskaraz gehien landutako generoa da antzerkia, batik bat gerra aurretik, kritikariren batek esan duenez, euskal literaturaren zilarreko adinean.

Urtarriletik maiatzera, alegia, negu eta udaberri artean, igandero Donostian Gipuzkoako eta Bizkaiko euskal gaztedi abertzaleek prestatutako antzezlanak antzezten ziren arreta handiz. Antzerki-talde horien artean, azpimarragarria zen Toribio Altzagak zuzenduriko Euzko Iztundea.

Zer nahi gisaz, garai hori aztertuko duen azterketa monografikorik ez dago, eta artikulu honen egileak egindako lanak, asmo dibulgatzaile hutsekoak dira, garai hau osorik jorratzen duten bakarrak. Gerraren garaiari helduta, ikus dezagun zer dioskun Robert Marrastek gara horretako antzerkiari buruz:

En aquest país, les activitats del teatre profesional van centrarse principalment en espectacles lirics, óperes i ballets, patrocinats pel Consell de Cultura del govern basc (Testimonio de Leizaola, 1963). A Bilbao, el mes de novernbre de 1936, funciona el grup teatral de la Federación Universitaria Escolar de Euzkadi (UFEH) Bide Berria, sota la direcció de Luis Mújica i Antonio Ramirez. Va donar quatre o cinc representacions a benefici dels combatents i de llurs al Coliseu Albia, i després al front i als hospitals militars. El programa comprenia muntatges escénics de poemes del Romancero Gitano de García Lorca, poemes sobre la defensa de Madrid i congons revolucionáries. A vegades, els actors improvisaven sobre un tema donat, com en el cas de Combate de Luis Mújica, destinat a protestar contra els bombardeigs dirigits contra la població civil. El mes de setembre de 1936, una companya patrocinada per la junta de Espectáculos del Auxilio Social de Vizcaya va presentar al Coliseum Albia de Bilbao una obra de qualitat: Los cuatro caminos amb Guillermo Soto; al Teatre Arriaga, la companyia de Diaz Axtigas-Collado va donar una serie de representacions de Dueña y Señora de Navarro y Torrado.

1937an, Eguna egunkariak jasotzen duenez, Bilbon oraindik euskarazko nahiz gaztelaniazko antzezlanak antzezten ziren. Hala, jakin badakigu otsailaren hamaikan Bilboko Euzko Gaztedijak Ezer ez ta festa eta Iru gudari antzeztu zituela (azken hori Pearse-ren lana da, Manu Sotak eta Lauaxetak itzuli eta moldatutakoa).

Bilbon ez ezik, eskualdean ere —okupatu gabeko eremuetan— zenbait lan antzeztu ziren, hala nola, Nekane eta Uste diñat Ean eta Negarrez igaro zan atsua, Yeatsen lana, Manu Sotak eta Josu Altunak itzuli eta moldatutakoa, Bermeon, otsailaren 4an.

Otsailaren 4 hartan, Bilboko Albia antzokian Euzko Eresbatzako eta Ezker Errepublikarreko gazteek elkarrekin Sabino Aranaren Libe drama historikoa antzeztu zuten. Bartzelonako Liceoan, berriz, euskaldunekiko elkartasunez, Arturo Kanpionen Pedro Mari lana antzeztu zen, 1937ko maiatzaren 30ean.

Estanislao Urruzola, Uxola (Tolosa 1909-1986), hainbat espetxetan egondako gudaria (azkenekoz, frankismo garaian egon zen espetxean 1971n), oso autore oparoa izan zen, denetarik idatzi eta argitaratu baitzuen: eleberriak, olerkiak eta itzulpenak. Askatasun Garratza antzezlanaren hitzaurrean esaten duenez, antzezlantxoak hainbat lekutan idazten zituen, baita Larrinagako kartzelan (1938) ere; han, beste preso batzuen laguntzaz zenbait lan antzeztu zituzten.

Bidasoaz bestaldera, Gure Herria aldizkariak testuak kaleratzen jarraitzen zuen Baionan; horien artean, Antonio Labaienek (Tolosa 1898-1994) itzulitako landa dago. Hura izan zen lehen antzerki-kritikaria, gerra aurretik nahiz ondoren. Antzerti aldizkariaren zuzendaria zen bera, eta, aldizkariaren lehen garaian (1932-1936) kaleratutako 54 aleetan, berriez eta antzerki-kritikez gain berrogeita hamar antzezlanetik gora jaso ziren, batzuk jatorrizkoak, beste batzuk gaztelaniatik, frantsesetik, alemanetik eta grezieratik itzulita.

Jose Miguel Barandiaran bezalaxe, Lapurdiko Sara herritxoan egon zer erbesteratuta zortzi urtez, eta urte horien ondorio da Muga komedia, Baionan argitaratutako Eusko Yakintza aldizkarian: A Madame Dutournier. Cierto día, viniendo de la frontera, conocí a una Señora de gran corazón en Seroraenea. Hoy le ofrezco en agradecimiento y amistad esta breve pieza, que espero no la descubran los carabineros.

Euzko Gogoa aldizkariak, Guatemalan eta Miarritzen kaleratutakoak (1949-1959) lehentasuna eman zion antzerkiari; hala, bertako testuen 100eko 19,5 antzerki lanak ziren, jatorrizkoak nahiz itzulpenak.

Lan horien egileen artean ditugu Jon Etxaide, Antonio Labaien, Telesforo Monzon eta Etienne Salaberry; itzultzaileen artean, berriz, Andima Ibiñagabeitia, Vicente Amezaga, Jokin Zaitegi eta Benito Larrekoetxea, hurrenez hurren Benavente, Esquilo, Sófocles eta Shakespeareren lanak itzuli baitzituzten.

Alabaina, itzulpen horiek ez zuten arrakasta handirik lortu, izan ere hauxe dio Lafittek Zaitegiren antzezlan grekoen itzulpenen gainean: «Zer pentsa Sopokeleren trajeriez? Errazago direla grekeraz euskeraz baino ... »

Eta Zaitegik Platonen lanen gainean egindako bertsioei hitzaurrean idazten duenez, itzultzailea alferrik galtzen uzten ari da bere dohaina. Ibiñagabetiak Virilioren lanari egindako itzulpenaren gainean, berriz, hauxe dio:

Eskual-unibertsitate edo Ikastegi goien bat eralk baladi egun batez alai berria daukuten Itzulpena arras baliosa litake, goreneko mailean litazken ikaslentzat. Anartean badut beldurra irakurle gutti izanen duen, zeren holako lan batek ez baitu oraikotasunik.

Herria astekarian (1967-III-9) idatzitako hitz hauek indarrean jarraitzen dute gaur egun, nahiz eta Euskal Herriko Unibertsitatea abian egon duela hogeita bost urtetik gora. Aitzitik, antzerkigile klasikoen itzulpen hauek aurki argitaratu ahal izango ditugulakoan gaude. Gutxieneko egokitzapen ortografikoa eta morfologikoa egingo diegu, gaur egungo irakurlea, beste irakurketa-jarraibide batzuekin ohituta, Europako antzerkiaren mundura gerturatu ahal izan dadin.

5. Euskal Iztundearen bigarren aldia (1953-1981).

Maria Dolores Agirre, emakume nekaezina, laurogeita hamar urtetik gora zuela ere euskarazko eskolak ematen jarraitzen zuena, hark berrantolatu zuen Altzagaren taldea; Maria Dolores bera zen taldeko lehen antzezlari emakumezkoa, eta bere taldeak euskal antzerkiaren historian biderik luzeena egin zuen. Bigarren aldi honetan, Euskal Iztundea Ramuntxo lanarekin egin zuen estreinaldia, 1953ko abenduaren 21ean Donostiako Kursaal zaharrean, eta ibilbide bizi-bizia egingo du 50eko eta 60ko hamarkadetan. Hala, 33 lan antzeztu zuten 92 emanalditan. Emanaldiak ez ziren Donostian soilik egin, baita Bergaran, Zarautzen, Tolosan, Bilbon, Azpeitian, Elizondon, Andoainen eta Hernaninen ere.

Zalantza izan dezakegu ez ote zen Eskuinaren Antzerkia, José Monleónen hitzak geure eginda; izan ere, ugariak ziren Alejandro Casonaren egokitzapenak, hala nola, Txalupak jaberik ez La barca sin pescador lana. Baina bestelako itzulpenak ere joriak ziren, hala nola, Molière, Gheon, Loti, Tagore, García Lorca, Lozano, Buero Vallejo, Pío Baroja eta Kampionenak. Soroa, Altzaga, Barriola eta beste egile tradizionalen lanak ere maiz antzezten ziren, baita Larzabal, Monzon eta beste egile berrienak ere; hortaz, garai hartako egoera zein zen jabetuta, Erresistentziako Antzerkitzat jo dezakegu, eta bizirik irautea lortu baitzuen kontrako giroa edukita ere; gainera, euskara mantentzeko lan handia ere egin zuen.

60ko urteetan, antzerki-taldeak sortu ziren Euskal Herri guztian, eta Donostiako beste talde batek lortuko du nagusitasuna. Jarrai zuen izena (1960-65) eta eredu abertzale zaharkituekin hautsi egin zuen; izan ere, Muñoz Seca antzeztez gain Tennesee Williams, Priestley, O'Neill, lbsen eta Camus ere antzeztu zituen. Hala, belaunaldien eta antzerki-proposamenen arteko gatazka ekarri zuen.

6. Pierre Larzabal eta Antonio Labaien.

Bai Antonio Labaien bai Pierre Larzabal euskal antzerkiaren funtsezko oinarritzat har ditzakegu, lehenengoa hegoaldean eta bigarrena iparraldean. Euren lanak ikusi besterik ez dago, egile oparoenak izan zirela konturatzeko. Gerra aurretik hasi ziren argitaratzen, eta horretan jarraitu zuten gerra ostean ere.

Antonio Labaien (Tolosa 1898-1994) belaunaldi berriekin oso zorrotza izan arren, XX. mendeko abangoardiako egileen itzultzailea izan zen, hala, Castelao, Dürrenmatt, lonesco, Frisch eta Brecht-en lanak itzuli zituen. Horiek kontuan hartuta, jarrera eklektikoa zuela esan genezake. Batetik, Europako eta Amerikako egileen lanak antzezten ausartzen ziren gazte-taldeak kritikatzen zituen, baina, bestetik, antzerki sinbolistaren, absurdoaren antzerkigintzaren edo antzerki epikoaren egile adierazgarrienak barneratzen zituen euskal munduan.

Argiagoa da Larzabalen jarrera, bere lan adierazgarriena Matalas izanik. Antzezkilarien Biltzarra taldeak 1968. urtean Baionan antzeztutako lan horrek beste garai bati ematen dio abioa, Daniel Landartek sustatuta. Garai horretan Landart oraindik gaztetxoa izanik ere, engagé motako antzerkigintzan emandako fruituak goraipatzeko modukoak dira. Gure herriko hizkuntza eta historia oinarri hartuta, bertatik ateratzen ditu pertsonaia nagusiak, eta bide ofizialak nahita ahaztutako historia berreskuratzeko beharraren aldarrikapena egiteko darabiltza. Horrela, bada, antzerkiaren bidez berreskuratuko da historia hori, drama historikoaren iturri emankorretik edanez.

Landartek adierazi duenez, pastoral modernoetan bezalaxe, Etxahun, Bordaxuri, Matalas ... eta beste hainbat pertsonaia famatu berrasmatzen eta birsortzen saiatzen dira irudimena eta anakronismo poetikoak oinarri hartuta, funtzio erabat didaktikoa izanik.

Ez da hau, nolanahi ere, bai Larzabalek bai haren ikasle Landartek jorratutako genero bakarra, izan ere, antzezlan kostunbristak, komikoak, orduko kritika politiko eta sozialekoak ere lantzen zituzten, baita joera sinbolistako lanak ere. 1975. urte inguruan esaten zenez, gerra osteko antzerkiak hiru belaunaldi izan zituen, eta une jakin batean hiru belaunaldi horiek garaian itxura eklektikoa emanez batera bizirik egon baziren ere, bistan da hiru momentu politiko eta kultural zehatzi dagozkiola.

Lehenengoan, besteak beste, Nemesio Etxaniz eta Agustin Zubikarai aipatzen zituen (gerora, Txuma Lasagabasterrek Larzabal eta Begiristain sartu zituen). Gerra aurretik lanean hasi ziren eta gerra ostean ere lanean jarraitu zuten etengabe. Horien artekoak ditugu Maria Dolores Agirre eta Antonio Labaien, ekoizpen antzekoak bata zein bestea.

Bigarrena, 60.eko hamarkadan sortu zen eta Gabriel Aresti eta Salvador Garmendia zituen ordezkari. Nahiz eta azken horren lana Historia Triste bat kaleratutako unean arrasto handia utzi, ez zen asko hedatu. Hala, haustura-une hori, antzerki existentzialistaren une hori Jarrai taldearen ibilbidean eta bizitza luzean nabarmendu da gehiago.

Eta, azkenik, hirugarrena, 70eko urteetan garatutakoa, Atxagak, Haranburuk, Letek, Arozenak, Landartek... osatutakoa. Beste bat ere gehitu dezakegu, frankismoaren azken urteetan ez baizik eta frankismo osteko garaian bete-betean sortutakok, hala nola, Koldo Amestoi, Eneko Olasagasti, Xabier Mendiguren, Yolanda Arrieta...

7. Gabriel Aresti eta Bernardo Atxaga.

Gabriel Aresti (Bilbo, 1933-1975), Eneko Olasagati kritikari gazte, antzerkigile arrakastatsu eta zine-zuzendariaren hitzetan azken antzerkigilea izan zen bera (sic.) Agian, baina, antzerkigile alderdia izango da poeta bilbotarraren alderdirik ezezagunena. Antzerkigile unibertsalak euskaraz ematen saiatu zen bera; hala, besteak beste, Ugo Betti edo Ramón de Valle-Inclánen lanak itzuli zituen (Delito all'isola delle capre eta Divinas palabras hurrenez hurren); horiez gain, Barrutiaren irudia aldarrikatu zuen, baita Jakez Oihenarte XIX. mendeko antzerkigilearen Kaniko eta Beltxitina xaribaria ere, eta hainbat antzezlan sortu zituen, antzerki-talde gazteen mundura egokituta. Izan ere, hainbat aktorerekin zuzeneko harremana izan zuen, eta haientzat idatzi zituen Mugaldeko herrían eginikako Tobera 1961eko Toribio Altzaga saria, Eta gure heriotzeko orduan eta Justizia txistulari.

Bere irudi kritiko eta tremendista, otso bakarti modura, boterearen arbitrariotasunaren eta euskal moral tradizionalaren kontra egin zuen bere antzezlanetan, tradizioaren eta abangoardismoaren arteko sintesia sortuta. Jorratutako bide hori, etiketek beti balio erlatiboa dutela aintzat hartuta, herri antzerki iraultzailetzat jo dezakegu. Ezbairik gabe, 60ko urteetako euskal kulturaren munduaren sustatzaile handia izan zen Aresti.

Arestik sustatutako antzerkigileetariko bat, gerora, entzutea lortu du nazioartean, ez ordea antzerkigile modura, eleberrigile modura baizik. Bernardo Atxagaz ari gara.

Atxagak euskal letren munduan Borobila eta puntu bene-benetako lan sinbolistarekin egin zuen aurkezpena 1972an; bertan, ezaugarri herrikoiak eta abangoardistak nahastu zituen. Bi osagai horiek aldarrikatuko ditu, hain zuzen ere, "Euskal Theatro Berria(ren bila)" izenburupean Anaitasuna aldizkariak kaleratutako manifestuan.

NHI antzerkia izeneko antzerki mota horrek hiru osagai zituen eta izenaren hiru hizkiak osagai horietako bakoitzaren hitz-hasierari dagozkio, alegia: N Nazionala, H Herritar eta I Iraultzailea. Atxagak testuan barrena, batetik, euskal aurre-antzerkiko nahiz antzerkiko forma tradizionalak aipatzen ditu, hala nola, bertsolaritza, euskal jokoak eta pastoralak; eta, bestetik, XX: mendeko egile, teoriko eta taldeen izenak ditu mintzagai: Stanislawsky, Brecht, Roy Hart, Grotowsky, Artaud, Peter Brook, Sastre, etab. Era berean, aipagai du abangoardiako benetako esperientzia Intxixu eta Cómicos de la Lengua antzerki-taldeak egiten ari direna.

8. Literatura dramatikoa 90.eko hamarkadan.

Atxagak duela hogeita lau urte zehazki manifestua argitaratu zuenetik, Euskadiko antzerkigintzaren teoria eta praktika oso anitza izan da, eta ez du beti zori bera izan. Antzerki-jardunak gorabeherak izanda ere bizirik jarraitzen du eskoletan, kalean eta udaletako, probintzietako edo erkidegoetako erakundeen mezenasgopean sortutako zenbait antzerki-tailerretan. Jaialdiak eta antzerki-taldeak —horietako batzuk bizitza labur-laburrekoak— ikaragarri ugaldu ziren, baina horietako askotan, euskarazko taldeek presentzia sinboliko hutsa dute. Batzuetan bete-betean asmatu zuten munduko antzerkigile klasikoak (hala nola Strindberg o de Darío Fo) moldatzen, beste batzuetan, aldiz, milioi askoko muntaketek (Pipinek esaterako) porrot egin zuten, eta egunkariek kritikak Eusko Jaurlaritzaren antzerki-politika desegokia egin du horren errudun, eta, ondorioz, baita kultura-politika ere. Kontuan izan behar da, gainera, Eusko Jaurlaritza sortu zenetik EAJren esku dagoela.

Bere Antzerti Zerbitzuak, garai batean lankide izan gintuenak, zuzendaritza-lan ez oso egokia izanik, protesta ugari jaso ditu euskal antzerkigintzaren eskutik. Haren errua izan da, esate baterako, Antzerti Berezia, Euskal Herri guztia besarkatzen duen aldizkari bakarrak eta haren antzezlanen bildumak bizitza laburra izatea baita gaur egun udalerri askok antzerkirako lokal egokirik ez izatea eta, maiz, frontoietan edo kiroldegietan antzeztu behar izatea.

Nolanahi ere, Joseba Agirre Kulturako sailburu ohia nahiko zuzen dabil euskal antzerkiaren gaur egungo egoerari buruzko azterketa bat aurkezteko hitz hauetan: éste depende totalmente de las subvenciones concedidas por las instituciones, sin olvidar que muchos profesionales del teatro se ven obligados a trabajar en otros campos como el cine, la televisión y el doblaje para mantenerse.

Azterketa horretan adierazten denez, 129 euskal antzerki-talde daude jardunean, eta horietako 30 profesionaltzat dute euren burua, baina horien egoera, gehienetan, kezkagarria da oso. Egoera bera edo agian kaskarragoa du antzerkiaren literaturak; minimoen azpitik dago, desagertzear ia. Hala, XX. mendearen lehen herenean oparoagoa zen.

9. Sariak eta egileak.

Toribio Altzaga Euskaltzaindiaren eta BBVren eskutik sortutakoa, Donostia Hiria saria GKren eskutik sortutakoa dira euskal antzerkigintzako sariketa nagusiak. Hona hemen sariketa horiek irabazi dituzten antzerkigile gazteenak:

Toribio Altzaga saria

1990, Xabier Mendiguren, Pernando, bizirik hago oraindio.

1991, Luis Haramburu, St Cyran, Jainkoa gorderik.

1992, Junes Casenave, Agota.

1993, eman gabe.

1994, Xabier Mendiguren, Hilerri itxia.

1995, Juanjo Olasagarre, Hegazti erratiak.

1996, Martin Irigoien, Hautsi da kristala.

1997, Karlos Linazasoro, Burdin denda.

1998, Juan Karlos del Olmo, Jon Gurea, Parisen hatzana.

1999, Mikel Ugalde, Bake biltzarraren ildotik.

2000, Juan Karlos del Olmo, Aldi joana, Joana.

2001, Alaitz Olaizola, Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin.

2002, Aitor Arana, Lagun mina.

2003, Pablo Barrio, Ama, hor al zaude?.

2004, Pantxo Hirigaray, 40 urteak.

2005, Joxean Sagastizabal, Moskatel team.


Donostia Hiria saria

1991, eman gabe.

1992, Koldo Daniel Izpizua, Lore zimelduen sua (accesita).

1993, Xabier Mendiguren, Garaia da Euskadi.

1994, Ramon Agirre, Errenta.

1995, Aitzpea Goenaga, Zu(t)gabe".

1996, Antton Luku, Tu, quoque fili.

1997, Anton Luku, Antxo Azkarra, edo Miramamolinen esmeralda.

1998, Pantxo Hirigaray, Beherearta.

1999, Francisco Javier Cillero, Uztailaren laua Renon.

2000, Pantxo Hirigaray, Lamindegiko lamiak.

2001, Enkarni Genua, Ostiralero afaria.

2002, Pantxo Hirigaray, Garatenea.

2003, Xabier Mendiguren, Telesforo ez da Bogart.

2004, Alaitz Olaizola, Klitemnestraren itzulera.

2005, Aitzpea Goenaga, Santxa kondesa.

Egin dezagun, gutxienez, antzerki-literaturan —gaur egungo argitaratzaileek gehien ahaztutako generoan— saritutako egile hauen aurkezpen biobliografiko laburra.

Xabier Mendiguren, (Beasain, 1964) sari gehien jaso dituen antzerkigileetariko bat da, baina Egunkarian egin berri dituen adierazpenetan esan duenez, ia erabat bazter utzi du generoa, antzezlanen argitalpena etsigarri samarra delako, izan ere, antzerki-liburuak ez du irakurlerik. Gazte izanik ere, idatzizko literaturan arrasto handia utzi du dagoneko. Hauexek dira bere antzerki-lanak: Kanpotarrak maisu y Kultur ministrariak ez digu errukirik biak ala biak 1986an idatzitakoak, "Telesforo Monzon" antzerki-sariaren irabazleak eta elkarrekin argitaratuak 1987. Biak dira, gainera, komedia satirikoak. Publikoari gorroto, oraingo hau ere 1986an idatzitakoa. Euskaltzaindiak sustatutako "Toribio Altzaga" saria irabazi zuen, eta 1987an argitaratu zuten. "Happening" moduko esperimentu formala izan zen; bertan, aktore nagusia eta bi taldekidek ikusleen antzezpena egiten zuten eszenatokian. Pernando, bizirik hago oraindio 1986an idatzitakoa, arestian adierazitako sari beraren irabazlea (1988) eta 1989an kaleratutakoa. Kondairazko pertsonaia komiko baten bizitzaren deskribapena egiten du: Pernando amezketarrarena hain zuen ere. Zabortegia, Hiru jolas gaizto eta Horren maite zaitut hirurak 1987an idatzita eta 1993an liburuki bakarrean idatzitakoak. Garai(a) da Euskadi (hitz-joko honek bitariko esanahia izan dezake Ordua da Euskadi eta Euskal Herriko herriari erreferentzia eginez: Garai Euskadi da). 1990ean idatzitako lan honek ikuspegi abertzale erradikala garatzen du.

Hilerri itxia da autore honen beste lan bat; 1994an idatzi zuten eta Primer Acto aldizkarian argitaratutakoa (1997). Mendiguren bere jaioterrian, Beasainen, hilerriaren ondoan bizi izan zen, baina handik urte batzuetara, zaharkituta geratu zenez, itxi egin zuten, eta, haren ordez, beste handiago bat ireki zuten beste leku batean. Udaleko langileak hilerri zaharra husten ari zirela eremuari beste erabilera bat emateko, gorpuzkiak nola ateratzen zituzten ikusi ahal izan zuen etxeko balkoitik. Irudi hau gordeta geratu zitzaion buruan, eta handik zenbait urtera antzezlan hau eratzeko bide eman zion, bertan, hilerri bateko "Garbiketa" ekintzetan, bi langilek beren gurariak eta sentimenduak adierazten dituzte.

Azkenik, Telesforo ez da Bogart antzezlana dugu. Casablanca filmaren egokitzapnea da. Telesforo Monzon du protagonista Mexikon erbesteratzeko bidean doan Eusko Jaurlaritzako sailburua.

Luis Haranburu (Alegia, 1947) lan historiko ugariren egilea da: Gernika (1977), Lancre, Loiola, Sabino, Zumalakarregi (1986), St Cyran (1992)... Antzerkigile guztietatik seguru aski Haranburu saiatzen da pertsonaiak (ia beti pertsonaia historikoak) ahalik eta zehatzen irudikatzen, arazten, soiltzen eta giza ezaugarri zenbaitez janzten. Hala eta guztiz ere ez du lortzen, eta bere pertsonaiak, gehien bat, eskema ideologiko hutsetan geratzen dira.

Koldo Daniel Izpizua (Zumaia) El Pais egunkariko ohiko zutabegilea eta eleberrigilea da. Bere Lore zimelduen sua izeneko lanean nabarmen da autore sinbolisten eta Arrabalen eragina, eta azken horren Cementerio de automóviles obratik gertuko mundua aurkezten digu.

Ramon Agirre (Donostia, 1954), ezaguna da bai aktore-lanengatik bai egile-lanengatik. Euskarazko nahiz gaztelaniazko hainbat antzerkitan parte hartu du, baita film ugaritan ere. Orobat, zenbait antzezlanen egile ere bada; nabarmentzekoa, horien artean, Errenta lana, 1994ko Donostia Hiria saria. Antzezlan horretan, elkarrekin bizitzeko pisu bila ari diren gazte batzuek elkarrekin dituzten harremanak eta arazoak azaltzen ditu ikuspuntu komikoan.

Aitzpea Goenaga (Donostia 1959) batik bat aktore dihardu. Antzertin, Madrilen eta Nueva Yorken ikasi ostean, Euskal Herrira itzuli zen, eta buru-belarri ari da lanean. Murtziako Paco Rabal zine-jaialdian pertsonaia femenino onenaren saria jaso zuen 1992an, Santa Kruz apaiza filmean egindako lanarengatik. Zu(t)gabe antzezlanean, Isabelen bizitza kontatzen du. Bere senarra Antton berriki galduta, atzera begirako bakarrizketari ekiten dio, azkenean bien arteko elkarrizketa bilakaturik. Santxa kondesa lanean, modu sinbolikoan elizaren nahiz politikaren boterea eskuratzeko borroka azaltzen digu drama historiko modura, eta gaur egungo aldarrikapen feministak tartekatzen ditu, ondo landutako antzerki-egitura eratuta eta hizkuntza bizi eta eraginkorraz jantzita.

Juanjo Olasagarre (Arbizu) Audenen itzultzailea eta hainbat poesia-lanen eta bidaia-obren egilea. Hegazti errariak lana sortu zuen (1996) eta lan bizi eta fresko horretan euren buruarengandik etengabe eta zoro-zoro ihes egiten.

Martin Irigoien (Garazi) Pirinioetatik bestaldeko autorea eta Hirurak bat taldeko aktorea. Bi lan ditu: Amikuzeko toberak (1991) egungo gizartearen kritika soziala eta Hautsi da Kristala (1997) XVI. mendean girotutakoa baina joera sinbolistakoa. Biak ala biak azken urteotan idatzitako lanak dira.

Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962), Burdindenda Tragikomedia sasieruditoa ekitaldi bakarrean (1998) lanaren egilea. Bi pertsonaia besterik ez dira agertzen Saltzailea et gaztea eta bi horien bidez izakien arteko komunikazioaren edo, hobeto esan, inkomunikazioaren gaia jorratzen du. Giro itxi eta obsesiboan nahasten dira, ironiako eta umore beltzeko atmosfera itogarrian, elkarrizketa labur eta bizietan, suizidioaren gaia etengabe jorratuta. Azkenean, atea irekitzen zaio itxaropenari, happy end modura, eta zenbait galdera adierazten dira Edertasuneranzko nahiz Utopiaranzko bide gisa.

Antton Luku (San Francisco, 1959) Ezterenzubin bizi da Behe Nafarroan. Irakaslea da eta hainbat toberaren antzezpenetan parte hartu du. Era berean, antzerkigilea ere bada, eta gai historikoak jorratzen ditu maiz, ikuspegi sinbolistatik baina. Hona hemen, besteak beste, zenbait lan: Ezkonduko ditugu (1995) eta Tu quoque fili (1996), bi horietan Baionako familia burgesaren kritika garratza egiten du; Antso azkarra edo Miramanolinen Esmeralda (1997) eta Manuela eta Gerezitzea, bere ikasleentzat idatzitakoa.

Pantxo Hirigarai (Baigorri, 1957); Adur Irratiko kazetaria da eta Euskadi Irratiko korrespontsala eta Irulegiko Irratikoa 1984tik. Xirrixti-Mirrixti taldeko aktorea da, eta Daniel Landarten obrak antzeztu ditu bere taldearekin (84, Nola jin ala joan; 86, Gazteluko mutxurdinak; 91, Gezur mezur eta 95, India Beltzak). Hona hemen bere lanetako zenbait: Antton eta Maria (irratirako antzerkia) Otsoa eta bildotsa alegia (Kakotx antzerki-talderako idatzia) eta Pontzio Gauxori (Baigorri, 1992) eta Otto Krostobal (Baigorri, 1997) toberak. Sariak jaso sitúen 2000, 2002 eta 2004. urteetan Lamindegiko lamiak, Garatenea eta 40 urteak lanengatik. Horietan, egungo errealitatearen —batik bat Ipar Euskal Herrikoaren— ikuspegi ironiko, kritiko eta umoristikoa, ironikoa eta kritikoa jorratzen du, eta bere lanekin Behe Nafarroako antzerki-munduaren sustatzaile nagusi bilakatu da.

Juan Karlos Del Olmo (Baracaldo, 1958), Barakaldoko Antzerki-tailerraren Zentro Iraunkorreko irakasle eta zuzendaria da, eta 1993tik Donostiako Udalean itzultzaile lanetan dihardu. Innis Fodhla, amonaren ipuin irlandarrak ipuin-liburua kaleratu zuen 1995ean eta Jon gurea, Parisen hatzana antzezlana egin zuen 1998an. Lan horretan badut nik zerikusia; izan ere, Jon Miranderen bizitza iruten duten testuak poeta eta eleberrigile euskaldun-paristarrari buruz argitaratu ditudan lau lanetatik jaso ditu batik bat. Aldi joana, Joana da bere beste lan bat; Joana Albretekoak Nafarroan eta Biarnon gobernatzen zueneko berpizkunde-garaia aurkezten digu bertan.

Francisco Javier Cillero (Bilbo, 1961) narratzailea eta Hemingway, Fitzgerald, Bloch, Chandler, Twain, Dickens eta abarrren itzultzailea. Donostia Hiria saria irabazi zuen 1999an Uztailaren laua, Renon lanarekin, lehiaketara aurkeztutako beste hamabi lani aurre hartuta. Estatu Batuetan girotuta dago, eta emigrazioa nahiz belaunaldien arteko topaketa jorratzen ditu. Bertan, nahiz eta euskaldunei buruz jardun, erabiltzen duen ikuspegia unibertsala da.

Ercarni Genua (Donostia, 1942), bere senar Manuel Gómezekin batera, Txotxongilo taldea osatu zuen (1971). Erreka Mari, Euskal Herriko azken lamia ikuskizunarekin Euskal Herri oso goitik behera zeharkatu du. Ostiralero afaria izenburuko lan saritua ere argitaratu du, eta euskal gizartearen elkarrizketa-beharraz dihardu bertan.

Pablo Barrio (Agurain, 1958). Altzaga saria jaso zuen 2003an, argitaratutako bere lehen lanarekin: Ama hor al zaude. Bertan, modu errealistan, Afrikan bizi den gose-egoera eta bertako trafikoak hartzen ditu hizpide.

Aitor Arana (Legazpi 1963), oso egile emankorra da; hainbat genero landu eta sari ugari lortu ditu, besteak beste, 2002ko Altzaga antzerki-saria Lagun-mina lanarengatik.

Mikel Ugalde (Errenteria 1940), Añarberen bila eta Bake biltzarraren ildotik (Altzaga saria 1999) idatzi zituen. Bere inguruko gizarte nahiz lanaren arazoen ikuspegia ematen du bi horietan.

Alaitz Olaizola (Azpeitia 1975), Toribio Altzaga saria Zereko zera zertzen delako (2002) lanarekin eta Donostia Hiria saria Clitemnestraren itzulera lanarekin. Azken horretan Greziako mito klasikoaren moldaketa modernoa da.

Hona hemen frankismo osteko euskal literatura dramatikoaren panorama laburbilduta: lehenik eta behin, hainbat joera eta korronte egon direla (errealismoa, kostunbrismoa, sinbolismoa, antzerki komikoa, antzerki tragikoa, antzerki historikoa, absurdoaren antzerkia...) adierazi behar da eta, oro har, egileak erlatiboki gazteak direla. Bestalde, ez zaio kontu handirik egiten datu historikoari edota zehaztasun historikoari, eta aitzakia modura besterik ez dira erabiltzen, bai egungo egoeraren salaketa politikoa egiteko bai beste elementu poetizatzaile txertatzeko, hala nola, kantua, dantza pastoraletan.

Horrenbestez, historiaren ikuspegi objektibo eta erreala negatiboa izanik eta biolentziaren eguneroko laztasuna bizirik —aspaldian geurean apaltzen ari dela dirudien arren— ez da arraroa antzerki komikoa ugaltzea, Labaienek negarra labur irria luze poetikan aldarrikatutako antzerki-poetikaren ikurraren ildotik.





Bibliografia:

ANDURAIN, C. d', (1906), Uskaldunak Ibañetan. Trajeria hirur phartetan. Eskualdun ona. Bayonan.

ANTZERTI ilabetekaria, (1932-1936). A. Labayen, zuzendari. Tolosa.

ATXAGA, B., (1974), "Euskal Theatro Berria(ren bila)", Anaitasuna, I-31, II-15.

BIDART, P. et al., (1987), Eskual Antzertia. Le théâtre basque. Université de Pau et des Pays de l'Adour. Baiona.

ETCHECOPAR, H. (2001), Théâtres basques. Une histoire du théâtre populaire en marche... Gathuzain. Baiona.

GIL FOMBELLIDA, M. K., (2004), El teatro en Gipuzkoa (1970-1986). Apuntes para una historia de las artes escénicas en Euskal Herria. Mitxelena, Donostia.

IBISATE, M. L., (2005), San Sebastián, avanzada teatral. (1900-1950). Kutxa Fundazio, Donostia.

LABAYEN, A. (1965), Teatro éuskaro. Notas para una historia del arte dramático vasco, 2 vs. Auñamendi, San Sebastián.

MARRAST, R. (1978), El teatre durant la guerra civil espanyola, Assaig d'historia í documents, Bartzelona, Institut del Teatre.

MUJIKA, G., 1913, «El teatro euskérico en 1912. Representaciones teatrales en Guipúzcoa: relación de las euskéricas dadas en 1912», Euskalerriaren Alde, 115-124.

--, 1920, "El teatro euskérico. Medios que pudieran ponerse en práctica para su difusión", Euskal Esnalea, 187-192.

NOGARET, J., (1926), «Une parade charivarique à Esterenzuby», BMB, 41-46.

OLMOS, L. et al. (2004), Festival Internacional de Teatro de Santurtzi. 25 años de teatro en Euskadi (1979-2004). Artezblai. Elorrio.

URQUIZU, P. (1998), Zuberoako Irri-teatroa. Recueil des farces charivariques basques. Préface de Jean-Baptiste Orpustan. Izpegi, Baigorri.

--, (1999), "Anacronismo, panfleto y poesía en el teatro histórico vasco del postfranquismo", Teatro Histórico (1975-1998), Textos y representaciones. Romera J. & Gutierrez Carbajo (Eds.), Madril, Visor, pp. 595-605.

--, (2000), "La cultura del exilio vasco en eusquera", J.L. Abellán et al., Memoria del exilio vasco. Cultura, pensamiento y literatura de los escritores transterrados en 1939. Biblioteca nueva, Madril, pp. 99-145.

URQUIZU, P. (ed.) et al. (2000), Historia de la literatura vasca. UNED. Madrid. URKIZU, P. et alt. (2002), "Teatro vasco", Teatro y cine vasco. Ostoa, Donostia, pp.1-100.

URKIZU, P. (2004), María Dolores Agirre eta Euskal Antzertia. Egan, Donostia.




© Argazkia: Erein

© Errenta: Kutxa Fundazioa

© Ostiralero afaria: Kutxa Fundazioa

© Heroien gaua / Amodioaren ziega: Artezblai

© Ankerki: Elkar

© Lamindegiko lamiak: Kutxa Fundazioa

© Jon gurea, Parisen hatzana: BBK Fundazioa