Saiakera

SAIAKERA EUSKARAZ

© Xabier Altzibar Aretxabaleta (Euskal Herriko Unibertsitatea-Universidad del País Vasco)

© Itzulpena: Di-Da





Zer da saiakera?

Frantseseko essai eta ingeleseko essay termino literarioak saiakera esaten dira euskaraz, baina en(t)seiu eta saio terminoak ere erabili izan dira. Euskarazko termino horiek eta aipatutako beste bi horien jatorria latin arruntean dago: exagium hitzak 'saio', 'froga' esan nahi du.

Literaturako zientziak literatur generoen artean jartzen du saiakera. Hitz lauzko literatur generoa da, ez-fikziozkoa, eta fikziozko eta ez-fikziozko narratibatik bereizten da. Saiakeraren berezko bi ezaugarriak hauek dira: hausnarketa edo zabal pentsatzeko jarrera eta horrek baldintzatutako egitura (Metzler Literatur Lexikon 1990). Era berean, xede jakin batzuk dituen gaiak aukeratzearekin lotuta dago testuaren estiloa. Hala ere, literaturako hiztegi, eskuliburu eta gaztelaniazko zein beste hizkuntza batzuetako estilo liburu batzuek guk azaldutakoa baino definizio orokorrago batzuen alde egin dute.

Eskuliburuek jasotzen duten berezko beste ezaugarri bat autorearen entrega, subjektibotasuna, inplikazioa, elementu autobiografikoa eta bere aitorpenak dira. Autoreak iritzia eskatzen dio irakurleari, testuari harrera kritikoa egiteko edo elkarrizketa baterako gonbitea egiten dio. Hori dela eta, saiakerak gutunak, elkarrizketak edo beste literatur genero batzuetako ereduak edota teknikak erabili ahal ditu.

Egitura irekiko generoa da: oro har, ez du aldez aurretik zehaztutako egitura formal zorrotzik izaten ez ordena logiko eta sistematikorik (hitzaldiek, azterketa monografikoek, tratatu zientifikoek ez bezala); hala ere, sarritan xedeak edo ideia nagusiak zehaztutako ordena edo barne batasuna izaten du. Mintzaira- edo hizkuntza-ereduak libreak dira: oro har diskurtsiboak, argudiaketa edo esposizioa nagusi izaten da, baina beste eredu batzuk ere nahi beste erabili ditzake.

Saiakera genero abegitsua da, askatasun formal handia eskaintzen duena, eta beraz, idazlearen esku dagoen tresna malgua da. Haren izaerak aukeratzen ditu gaia eta entzuleria, saiakeraren helburua, irakurlearekin izango duen harremana, egitura, literatur formak, tonua eta estiloa.

Saiakeraren neurria ez da beti bera izaten: luzeak daude, baina ohikoena da neurri txikikoak izatea. Liburu itxuran, literatur, kultur edo akademia aldizkaritan, prentsan edo interneten argitaratu daitezke.


Saiakerak jasotzen dituen osagaiak, historia eta joerak

Dominique Combe-ren arabera (1992), literatur saiakeraren barruan honako hauek egon daitezke: diskurtso filosofikoa edo teorikoa, autobiografia, memoriak, egunkari pertsonalak, karneta edo ohar-koadernoa, gutunak, txostena, bidaia-kontaketa, etab. Baina betiere autoreak hausnarketa, ideiak eta diskurtso-pentsaera lehenetsi behar ditu irudimenaren aurrean.

Ezaugarri komunak izan ditzaketen beste idazkera batzuetatik bereizten da saiakera; adibidez: informaziozkoak edo dibulgaziozkoak, ideologikoak, erlijiozkoak edo moralak, propagandistikoak, apologiak, diatribak, etab. Hitzaldietatik ere bereizten da, eta, zehatzago esateko, historia- edota filosofia-hitzaldietatik, edo, beste barik, tratatuetatik. Ikerketa-, interpretazio-, sintesi- edo dibulgazio-lanetatik (oro har hizkuntza zientifiko-teknikoan jasotakoak) ere bereizten da. Praktikan, ordea, sarritan aldeak ez dira hain nabarmenak izaten. Halaber, batzutan zaila izaten da saiakera bat eta kazetaritza-artikulu bat bereiztea.

Saiakera nahiko genero berria da. Errenazimentuan abiatu zen, baina Antzinako Greziako beste lan batzuk ere aipatzen dira; esate baterako: Platonen Elkarrizketak, Senecaren Luciliori Epistola, Marco Aurelioren Gogoetak, etab. Horietan guztietan saiakerarekin lotutako egitura ereduak erabiltzen dira (epistola, egunkaria, elkarrizketa). Saiakerak literatur genero independentetzat hartzeko daukan aitortutako aita Michel de Montaigne (1533-1592) da, Frantziako Akitania eskualdeko idazlea. Berak eman zion izena generoari, eta bere obra batetik hartu zuen: Essais (1580-1595; E. Gil Berak euskaratua Entseiuak I, II, III, 1992, 1993). Izen hori ematen zion Montaignek bere hausnarketen prozedura metodologikoari. Montaignerentzat saiakera idazketa diskurtsiboa da, informala, barrukoa eta pertsonala eta egitura irekikoa. Bere lanaren hitzaurrean hauxe dio: "Ainsi, lecteur, je suis moy-mesmes la matière de mon livre".

Francis Bacon (1566-1626) idazle ingelesak generoa jaiotzeko bere laguntza ere eskaini zuen, eta termino bera erabili zuen bere hausnarketa filosofiko-erlijiosoei etiketa jartzeko (Essays, 1597; azken edizioa, 1625). Baconen saiakerak tratatutik hurbil daude. Montaigneren saiakeren ondoan, laburrak dira (ehunka hitz gutxi batzuk; Montaignerenek, aldiz, hainbat mila hitz izan ditzakete), aforistikoagoak, didaktikoagoak eta dogmatikoagoak, eta tonua bera ere ez da hain pertsonala. Baconek saiakeraren izaera pragmatikoa azpimarratu zuen, eta, era horretara, ideien saiakera abiatu zuen.

Bi eredu horietan hasita, bere hastapenetatik Europan bi joera nagusi garatu ditu saiakerak. Espainian saiakera ospea hartzen joan zen, eta XX. mendean, idazle handiek genero hori landu zuten, izen ona emanez. Europako tradizioan filosofia eta historia, kultura, estetika eta literatura bezalako gai serioak gehiago izan dira, eta askotan helburu politiko-ideologikoekin prestatutakoak izan dira, ideien eztabaida bilatzen zutenak, eta sarritan, polemika bera. Saiakera-egile filosofo eta kulturaren kritikoen artean honako hauek nabarmendu dira: Montesquieu, Nietzsche, Huxley, Unamuno, Ortega y Gasset, Spengler, W. Benjamin, Jaspers, Bloch, Th. Adorno, Lukács, Camus, Sartre... Poeten eta literaturako historialarien artean, berriz, hauek aipatu beharra dago: Wilde, T. S. Eliot, P. Valéry, A. Gide, H. eta Th. Mann, E. R. Curtius, R. Musil, etab.

Ideiak garatzeko eta eztabaidatzeko eta pentsamenduan aurreratzeko genero aproposena bezala, saiakerak izen ona eta arrakasta dauka literaturaren munduan eta intelektualen artean. Hori dela eta, saiakera instituzionalizatu egin da (sariak, kritikak, aipamenak eta propaganda komunikabideetan, etab.). Baina zein da saiakeraren etorkizuna gaur eguneko garapen teknikoak eta bizimodu modernoak (telebista, kontsumismoa...) irakurtzera bultzatzen ez bagaituzte?


Saiakera euskaraz: baldintza zehatzak, eboluzioa eta arazoak

1) Saiakera ulertzeko modu ezberdinek euskarazko saiakeraren historia eta eboluzioa aztertzeko zailtasunak jartzen dituzte. J. Azurmendi pentsalari eta saiakera-egilearen
aburuz -euskal saiakera osotasun batean hartzen du, eta ziurrenik, bera izango da hori egin duen lehenengoa-, saiakeraren literatur estatusa ez da egonkorra. Aguiar e Silva (1972:34) aipatzen du, eta hark esaten du saiakera jarrera anbiguoa dela; literatur izaeraren estatusean parte hartzen duela dio, baina ez du argi eta garbi egiten.

Euskarazko saiakeraren ikuspegi zabala dauka Azurmendik, bai historikoki eta bai saiakera ereduen aldetik. Tratatua saiakeraren barruan sartzen du; esaterako: Aita Villasanteren Kristau Fedea (1986), Orixeren Jainkoaren billa (1971) edo R. Garateren Lanaren antropologia (1973). Dibulgazio- edo ikerketa-lanak ere saiakera dira Azurmendirentzat: J. M. Barandiaran aurre-historialari eta antropologoaren Euskalerri'ko leen gizona (1934) edota Yon Etxaideren Amasei seme Euskalerri'ko (1958) (Azurmendi 1991:181-182). Gauza bera gertatzen da kazetaritza-artikuluekin, esaterako, J. Hiriart-Urrutyrenekin. Azurmendiren arabera, Jusef Egiategiren Filosofo Euskaldunaren Ekheia (1785. urtean idatzia eta 1983. urtean argitaratua) da lehen euskal saiakera zentzu historiko eta tradizional estuan, aukeratzen dituen gaiengatik eta horiei ematen dien tratamenduagatik (ibid. 178). Saiakera ulertzeko modu hori ez dator bat artikulu honetan garatzen ari garenarekin, aipatu berri ditugun gaiei dagokienez behintzat.

2) Euskarazko saiakera eta estatuetako beste hizkuntza handietakoak (gaztelania eta frantsesa) ez dira baldintza beretan garatu. Ezin daiteke esan XX. mendea baino lehenagoko euskarazko saiakerarik dagoenik, zentzu literario estuan ez behintzat. Genero horrek genero horretako idazleak eta irakurle jantzi ehunka batzuk eskatzen zituen. Ipar Euskal Herrian ia ez dira baldintza horiek bete, irakurle gutxi egon izan delako beti. Dena dela, Jean Etxepareren salbuespena aipatu beharra dago. Hego Euskal Herrian gerra ostera arteko hutsunea dago. Ordura arte, irakastea, doktrinatzea eta propaganda egitea hausnarketari gailendu zitzaizkien.

Salbatore Mitxelenak Unamunori buruz idatzi zuen liburutik aurrera (1958), eta batez ere, 60.eko hamarkadaren erditik aurrera, belaunaldi berrietako intelektual gazteak saiakerak argitaratzen hasi ziren. Euskal saiakeraren berpizkunde garai horretan -Euskal literaturaren berpizkundearen garaia ere bada- saiakeraren definizioari, ezaugarriei eta baloreei buruzko hainbat hausnarketa egin ziren (Txillardegi 1970; Ugalde 1974:302).

Argitaratzeko moduari dagokionez, 70.eko hamarkadara arte liburu itxuran baino gehiago argitaratu ziren literatura, erlijiozko- edota kultura-aldizkarietan. Garai horretan zentsura zegoen, eta horrek liburu itxuran argitaratzeko zailtasunak ekartzen zituen: Francoren diktadurak ezin zuen onartu literatura eredu hori argitaratzea. Frankismo garaiko lehen saiakera-liburuak Ipar Euskal Herrian argitaratu ziren, Baionan. Beraz, 70.eko hamarkadara arte euskarazko saiakera astekarien eta aldizkarien ondoan garatu da (Euzko-Gogoa, Jakin, Egan). Oro har, saiakera laburrak dira. 50. eta 60. hamarkadetako irakurleak ehunka intelektual gutxi batzuk ziren, eta antzeko kultura sentiberatasuna eta pentsamendu politikoa zuten.

1970-1975 urteetan liburu itxurako saiakera ideologikoaren eztanda antzeko bat izan zen; horri lagundu zion kulturaren aurrean aurreko hamarkadetakoa baino jarrera irekiagoa zeukan irakurleria gazte askoz gehiago egotea. Argitaratzeko moduak, aldizkaria zein liburua izan, saiakera eta bere idazkera baldintzatu ditu, eta gaur egun ere baldintzatzen ditu; lana kaleratzen zuen argitaletxearen lerro ideologikoak ere baldintzatzen zuen: Lur argitaletxearen "Hastapenak" bilduma, Herri-Gogoaren "Irakur Sail", jesuiten "Gero", frantziskotarren (ohien) Jakin, etab. (Azurmendi 1991). Dena dela, saiakerak gero eta garrantzia handiagoa hartu zuen garai horretan; horren erakusle da saiakeraren sari-mailak eta poesiarenak, eleberriarenak eta antzerkiarenak ia parekatu egin zituztela.

Trantsizio politikotik aurrera (1978-1979), egoera aldatuz joan da. Euskararen irakaskuntza instituzionalizatu egin da, eta literatur lanak sortzeko eta argitaratzeko baldintzak hobetu egin dira. Argitaletxe batzuen ekimenari esker edo Euskal Herriko aurrezki kutxa eta kultur edo politika erakunde batzuk finantzatu dituzten sariei esker, saiakera-liburuek diru-laguntza eta erakundeen laguntza handiagoa dute orain. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak edo kultur, politika edo finantza erakundeek zein argitaletxe-enpresek emandako ikerketarako bekek eta laguntzek saiakerak sortzen eta argitaratzen lagundu dute. Era horretara, euskal literaturaren instituzionalizazioak oro har genero maila hartu du.

Baina zenbat saiakera argitaratzen dira? Zenbat irakurtzen dira? Nortzuk irakurtzen dituzte? J. M. Torrealdairen arabera, 1995. urtean euskarazko liburuen %1,5 saiakerak ziren, 1996. urtean %3,6 izan ziren, 1998. urtean %7,1 izan ziren (Jakin 98, 1997; XX; 109, 1998). Euskarazko liburuen irakurle helduen artean metatu al da saiakera? Itzulpenaren bitartez ideien transmisiora eta hedapenera zabalik dagoen generoa izanda, logikoa izango litzateke irakurle kopurua handitzea.

3) Saiakeraren elastikotasunak eta beste genero batzuekin dituen harremanak zailtasunak sortzen ditu batzuk besteengatik bereizteko orduan. Adibidez, saiakeraren eta artikuluaren arteko aldea: biak literatura edo kutsu sozialeko kultura-aldizkarietan argitaratzen dira (Jakin, adibidez); intereseko gaiak lantzea ohikoa da artikuluetan eta saiakeratan; eta prentsan artikuluak argitaratzen hasi ziren idazle batzuk saiakera idaztera eboluzionatu dute horrek daukan izen onarengatik, eta joera hori nahiko orokortua dago.

Literatur kritika eta saiakera bereizteko orduan ere zailtasun batzuk sor daitezke. Dena dela, kontuan izan behar da Europako tradizioan badela literatur saiakera kritikoa egiteko joera. Saiakera eta kritika bereizteko zailtasuna oraindik eta handiagoa da kritika ideologikoaren, politikoaren, kulturalen eta antzekoen kasuan.

Euskarazko saiakera Scilaren didaktismoaren eta Caribdisen ikerketaren artean izan da orain arte eta oraindik hor jarraitzen du. Saiakera eta artikulu akademikoa edota ikerketakoa bereiztu beharko lirateke. Bestalde, praktikan zaila da pentsamendu-saiakerak hitzaldietatik edo mintzaldi teorikoetatik bereiztea. Beraz, definiziorik ez dago oraindik; praktikan ez, behintzat. Dena dela, saiakerak garrantzi handi-handia dauka euskararentzat, prosa jasoa garatzeko genero aproposa eta beharrezkoa delako.



Jean Etxepare, lehen saiakera-egilea

Saiakeraren arbaso batzuk aipa genitzake (Egiategi, Mogel, etab.) Lafittekin bat eginez gero (1941:71), baina Jean Etxepare
-lanbidez sendagilea eta idazle handia- da euskarazko lehen saiakera-egilea. Etxepare berak argitaratu zuen bere lehen lana: Buruxkak (1910). Lanak xede literario argia zeukan, eta Julio Urquijori bidalitako gutunean "saiakera liburua" zela adierazi zion. Buruxkak 'Gari buruxkak' frantseseko Glanes da, Jean Casenaveren arabera. XX. mendean izenburu hori modan izan zen Frantziako literatur esparruetan, beren artean antzekotasunik ez zuten testuez osatutako bilduma liburu bakarrean batzeko.

Berez, kroniken, artikuluen eta saiakeren bilduma da. Horietako bi ezagunak egin dira P. Lafittek bere 1941. edizioan zentsuratu eta moztu egin zituelako; gero, 1980. urteko edizioan, jatorriko bertsioan txertatu ziren. "Nor eskolamaile, zer irakats" eta "Amodioa" dira bi testuok. Lehenengoan, Frantziako estatu osoan orokortzen ari zen irakaskuntza publiko eta laikoaren problematikari heltzen dio -horrek erlijioso-kongregazioen ezabatzea eta kanporatzea ekarri zuen. Etxeparek jarrera neurritsua hartu zuen, nahiz eta bere ingururako jarrera nahiko ausarta izan daitekeen: irakaskuntza sare publiko bat eta Eliza Katolikoaren esku izango zen sare pribatu bat egotea defendatzen du; sare pribatuko irakasleak sekularrak izango dira, eta, ahal dela, gurasoak.

"Amodioa"n elkarrizketaren eredua erabiltzen du Etxeparek; ikasketa-kide batzuk bazkaltzeko batzen zirela asmatzen du, eta bazkari horretan maitasun fisikoaren aurkako ideia batzuk eztabaidatzen dituzte. Platonen elkarrizketetan ez bezala, pertsonaiek ikuspuntu ezberdinak eta sistematizatuak azaltzen dituzte (hedonista, idealista, konformista, positibista). Autoreak ez du horietako baten alde egiten, baina horien pluraltasuna agerian geratzen da. Eztabaidatzen ari den sexualitatea ez da gizonen eta emakumeen artekora mugatzen; onanismoa, homosexualitatea eta zoofilia ere barruan sartzen ditu -gai tabuak ziren sasoi hartan-, animalien arteko sexu-harremanekin batera. Objektuen arteko maitasuna edo espirituaren azterketa eta lantzea ere barruan sartzen ditu. Daukan egitura gozoaz gainera, saiakera bere mintzaera estiloaren birtuositateagatik nabarmentzen da. Casenaveren arabera (1998, 2002), Buruxkak honengatik nabarmentzen da:

  1. Gaietako batzuk ez dira inoiz landu euskal literaturan. Gainera, gaiak ausart tratatzeagatik eta ikuspuntu ausart, eta zenbaitetan probokatzaileak, emateagatik nabarmentzen da autorea. Horrekin batera, zintzo adierazten ditu bere ikuspuntuak, eta horiek sarritan gehiengoaren iritziaren kontrakoak izaten dira. Baina batez ere adierazpen askatasunagatik nabarmentzen da.

  2. Autorearen eta egilearen artean harreman zuzena dago: autore enuntziatu-egilearen eta irakurlearen artean elkarrizketa praktika bat dago; entzuntziatu-egilearen eta hausnartzen ari diren gaiaren artean distantzia bat dago; errealitate beraren ikuspuntu ezberdinak adierazten dira; elementu autobiografiko asko jasotzen dira.

  3. Hausnarketarako bidea zabaltzen duten testu-ereduek lehentasuna dute: argudiatze-narraziotan, azalpenetan, deskripziotan oinarritzen da, eta, horren eraginez, irakurketa askotarikoagoa eta atseginagoa da. Era berean, erregistro tonuak aldatu egiten dira (lirikoa, emoziozkoa, ironikoa).

Etxepareren estiloa literarioa eta pertsonala da. Esaldi laburrak eta esaerak edo maximak dituen estiloa erabiltzen du, aditza era literarioan erabiltzen du, prosan elementuen mugikortasuna bilatzen du, eta lexiko aberatsa dauka. Literaturarekin jolastea eta idazkera askatasuna oso garrantzitsuak ziren berarentzat. Hala ere, obrak porrot egin zuen, eta autoreak erretiratu behar izan zuen; gizarteak eta elite-maila jasoak zein bere irakurleak izan ahal zirenek ez zuten ulertu. Baina Buruxkak obra berritzaile eta oso original bezala geratuko da; Euskal Herria beste era batera adierazi zuen, tradizioa eta berriztapena uztartuz.

Bere bigarren lana Beribilez izan zen. Gure Herria aldizkarian argitaratu zen lehenengo (1929-1932), eta gero liburu bezala (1931). Kanbotik (Ipar Euskal Herria) Loiolara (San Inazioren jaioterria, Azpeitia, Gipuzkoa) egun bakar batean egindako joan-etorria kontatzen du. Nagusi den literatur eredua paisaiaren, pertsonaien eta lekuen deskribapena da. Deskribapen azkarra eta inpresionista egiten du, eta kanpoko aldetik barruko alderainokoa egiten du, leku horiei bizia emanez. Horiek autorearen hausnarketekin eta ondo marraztu gabeko pertsonaiekin edukitako elkarrizketekin tartekatzen dira; pertsonaia horiek beste ikuspuntu batzuk ematen dituzte, eta horrek aldentzeko aukera eskaintzen dio autoreari.

Autoreak landutako gaiak zabaltzen ditu Beribilez lanak: euskara, Nafarroako foruak, historia eta kultura identitate kontzientziazio handiagoa uzten dute agerian; beste gai batzuk puri-purian zeuden garai hartan Hego Euskal Herrian: industrializazioaren eragin kaltegarriak, esaterako. Erlijioari buruzko gaiak era kritikoan lantzen dira, baina distantzia handiagoa hartuz. Tonua pertsonala da, kritikoa, ironikoa, batzutan zirikatzailea, nostalgikoa eta eszeptikoa. Buruxkaken aldean -bere gaztaroan idatzi zuen-, heldutasunaren obra da, eta baita zahartzaroarena. Hizkuntzari eta estiloari dagokienez, Hego Euskal Herriko hitzak erabiltzen ditu, batez ere Gipuzkoakoak; neologismo sabindarrak ere erabiltzen ditu, izenburutik beratik hasita. Mugimendua eta azkartasuna, aldakortasuna, birtuositatea eta tentsioa adierazten ditu sintaxiak. Estiloak, bere osotasunean, oreka handiagoa dauka (osaketa sintaktikoan eta erritmoan), baliabide fono-estilistikoak eta soinuzkoak gehiago erabiltzen ditu eta adierazteko moduan aldagai gehiago daude (batez ere literatur erregistro jasoan).


Gerraostea: Salbatore Mitxelena

Gerra Zibilaren ondoren (1936-1939), euskarazko adierazpenak erbestean eta klandestinitatean egitera pasa ziren. Baina diktadura frankistaren eta nazionalkatolizismoaren kontrako jarrera sortu zen 50. hamarkadako belaunaldiko intelektualen eta erlijiosoen artean (S. Mitxelena, K. Mitxelena, Krutwig, Zaitegi...); mugimendu hori 60.eko hamarkadan lehertu zen (Txillardegi, Jakin taldea, Aresti...).

Salbatore Mitxelena (1919-1965) Zarautzeko fraide frantziskotarra izan zen. 1958. urtean Unamuno eta Abendats. Bilbotar filosofuaren eta Euskal-Animaren jokerei antzemate batzuk argitaratu zuen Baionan, Iñurritza ezizenarekin. Abendats izena adierazgarria da: abenda 'arraza' + ats 'putza', 'arima'. "Abendats" da euskaldun guztiok barruan daramagun hori, eta horrek era indibidualean taupadak egiteko aukera eskaintzen digu". Beste batzutan autorearen imitazioa edo alter egoa ematen du.

Unamunok esan zuen euskara ez zela hizkuntza praktikoa eta horren heriotza iragarri zuen; S. Mitxelenak horri erantzuteko egin zuen bere saiakera. Sasoi hartan, Unamuno zen euskal herritarrik unibertsalena, eta bere filosofiak intelektual euskaldunen arreta ere bereganatzen zuen. Baina euskal nazionalismoak etsaitzat zeukanez eta Eliza Katolikoak bere bi obra zigortuak zituenez, hain gai korapilatsuaz idaztean ausardia handia erakutsi zuen frantziskotarrak, N. Etxanizek adierazi zuen moduan (1970).

Unamunoren pertsonalitatea eta bere euskalduntasuna begi-bistakoa Mitxelenaren ustean dira autoreari interesatzen zaizkionak. Unamunoren bitartez "Euskal Arimaren" jarrerak atera nahi ditu. Euskal arimaren gaia gerraosteko krisiaren giroan kokatu beharra dago (euskal identitatearen krisia -gerrako borrokaren eta porrotaren ondoren eta krisi erlijiosoa). Alde horretatik, S. Mitxelena da gerraosteko "agonia" -Unamunok erabiltzen zuen moduan horren adierazlerik onena; irakurlearengan sentsazio hori zabaltzea nahi du autoreak. Bere lana ez da analisi-saiakera bat, ez da plan bati jarraituta idatzitako lana, pasioz betetako borroka baten ondoren autoreari sortu zaizkion hausnarketa multzoa baizik (Azurmendi 1991:188-190). Hona hemen gure ustean saiakera honen ezaugarri garrantzitsuenak:

1) Elkarrizketarako jarrera irekia dauka: Unamuno filosofoarekin -baita bertsoan ere-, irakurlearekin, eta autorearekin berarekin. Unamunoren figura begikotasun handiz tratatzen du autoreak, eta pertsonalki eta emozioen aldetik berarekin bat egiten du, eta euskal herria bera ere berarekin bat egiten du. Hain zuzen, horretan J. Ariztimuño Aitzolengandik -gerra aurreko euskal kulturaren gidaria aldentzen da S. Mitxelena: La muerte del euskera bere lanean Unamunok egindako akatsak eta narrioak agerian utzi zituen Aitzolek (10. orrialdea). Sasoi hartako gizartean eta euskal kulturaren komunikabideetan zegoen giro zekena jasotzen ditu S. Mitxelenak. Abertzaleak edo euskal nazionalistak eta euskal integristak kritikatzen ditu, beren irudiko Euskal Herria nahi izategatik, eta tolerantzia eta pluraltasunaren alde egiten du.

2) Argudiaketa nagusi da. Euskara bizitza espirituala adierazteko gai ez zela baieztatu zuen Unamunok, eta horri honela erantzun zion S. Mitxelenak: "Unamunok euskaraz idatzi izan balu, ez zukeen hain ondo idatziko, eta ez zukeen hainbesteko ospea izango" (59. orrialdea). Adierazteko beste eredu batzuk ere tartekatzen ditu autoreak (estilo eta tonu hurbilekoan egindako narrazioak, adierazpen arruntekin; txisteak, 22-23.orrialdeak).

3) Saiakeraren egitura eta tonua malguak dira. Tonua oro har serioa da, baina Unamunorekin eztabaidatzen duenean, familiarteko edo lagunarteko tonua erabiltzen du, erkideen artean erabili ohi den tonua; baina tonua aldatzen du erregimen frankistari buruz ari denean (kritikak eta erregimenari buruzko zeharkako aipamen ironikoak)

4) S. Mitxelenaren mintzaira askotarikoa da hizkuntzaren mailei eta erregistroei, lexikoari eta sintaxiari dagokienez; trebea, ausarta eta sortzailea da, eta batzutan, arau gramatikalak beren-beregi hausten ditu. Hala ere, batzutan hizkuntza-mailen nahasketa handia egiten du. Hizkuntza erretorikoa da, durundi poetikoduna; errepikapenaren eta biziagotzearen figurak erabiltzen ditu, predikatzaileen eta poeten prozedura erretorikoak. Atsotitzak eta irudiak ere erabiltzen ditu autoreak (adibidez, euskaldunei buruz ari denean, dolarean zapaldutako sagarren irudia erabiltzen du). S. Mitxelenaren estiloa laburra eta eliptikoa, urduria, aberatsa, landua, erritmoduna eta ñabardurez betea da.



Saiakera gerraosteko aldizkarietan

Gerraostean euskal kultur aldizkariak izan ziren artikuluak eta saiakerak argitaratu zituztenak: Euzko-Gogoa, Egan, Jakin, Olerti, Euskera... Horietako batzuk saiakera era zuzen eta definitiboan bultzatu zuten (Jakinen kasua. Ikus aurrerago)

Euzko-Gogoak, Zaitegik Guatemalan bere kontura argitaratzen zuen aldizkariak, artikulu serieak argitaratu zituen "Yakintza" atalean: didaktikoak, Andima Ibiñagabeitiaren "Landareetaz atsapenak (Botanika-asimasiak)" (Euzko-Gogoa 1951, 1952); informaziokoak edo azalpenekoak, Mirandek parapsikologiari buruz argitaratutakoak, adibidez; edo Orixek arteari eta edertasunari buruz prestatutakoak. Azpimarratu beharra dago Euzko-Gogoan Zaitegik eta Orixek liburu- eta artikulu-egile bezala egindako lana, gutxienez, saiakerara hurbiltzen zirelako. Jokin Zaitegik poeta eta Platonen itzultzailea Platon'eneko atarian (1961) liburua idatzi zuen. Platoni egindako itzulpenetako ikerketa eta hitzaurre sorta batek osatzen dute lan hori, eta euskara jaso eta garbizalean idatzita dago.

Nicolas Ormaetxea Orixe, olerkari eta prosista, gerra bizi izan zuen belaunaldiko idazleen gidaria izan zen. Hainbat kazetaritza-artikulu eta ikerketako beste batzuk argitaratu zituen filosofia, literatur kritika, folklorea, erlijioa, hizkuntzalaritza eta antzeko gaiak jorratuz (Jesusen Biotza'ren Deya, RIEV, Euskera, Euskal Esnalea, Yakintza, Euzko Gogoa, Gernika). Euzko-Gogoa aldizkarian arteari eta edertasunari edo estetikari buruz argitaratutako 10 artikuluak (1951-1952-1953) saiakera bezala har daitezke bere batasun formalagatik, literatura estiloarengatik, etab. Horrelaxe hartzen du P. Iztueta editoreak (N. Ormaetxea Orixe. Idazlan Guztiak, t. III, p. 115 y sig., 1991); dena dela, tratatutik oso hurbil dago.

Quito'n arrebarekin (Euzko-Gogoa, 1950-1954), elkarrizketa itxuran eginda dago, autorearen eta bere arrebaren arteko elkarrizketa itxuran. Lan pertsonala da, aipamen autobiografikoekin eta ikuspegi teologiko batetik idatzia. Eliza Katolikoaren hierarkiak Errepublikaren aurka armen bidez altxatutakoek egindako barrabaskeriak onesten zituela ikusita, euskal katoliko askok (nafarrak barne) gerra garaian eta gerraostean bizitako drama azaltzen du. Orixeren beste obra batzuk teologiari edo mistikari buruzko tratatuak dira beste ezer baino gehiago (Jainkoaren billa, adibidez).

Aipamen berezia merezi dute Jon Mirandek (Parisen bizitako idazlea) eta Francoren diktaduragatik erbesteratu behar izan zirenak (Egan eta Jakin aldizkariak); K. Mitxelena, Txillardegi, Arregi eta Azurmendi dira bi aldizkari horien ordezkari aipagarrienak.


Jon Mirande

Jon Mirande (1925-1973) euskal poeta eta prosalari handia izan zen. XX. mendeko 70.eko eta 80.eko hamarkadetan literatur eragin handia izan zuen. Euskal literatur eta kultur aldizkaritan idatzi zuen (Euzko-Gogoa, Gernika, Egan, Igela, Elgar...), baina Bretainakoetan ere idatzi zuen (Ar Stourmer, etab.). Ipuin eta saiakera batzuk Jon Miranderen idazlan hautatuak (Gero, 1976, Peillenen edizioa) antologian bildu ziren. Aipatutako aldizkarietan argitaratutako artikuluak bi taldetan banatu daitezke: ideologiko-politikoak edo kritika sozialekoak edo kultura-filosofia izaerako saiakerak.

Lehen taldeko gehienak Miranderen lan kritikoak liburuan (Pamiela, 1985, J. M. Larreak bildutakoak) berrargitaratu ziren. Horietako lan ezagunenek euskal herritarren folklorismoa, harrokeria eta kritika zein kontzientzia falta kritikatzen dute. Lan horietan argudiaketa eredua eta tonu kritikoa dira nagusi, baina tonu sarkastikoa, ironikoa edo satirikoa dutenak ere badaude, autorearengan ohikoa den bezala. Bere ideologia berezia -euskal komunikabideen arabera, ideologia heterodoxoa ondoen islatzen dutenak dira. Mirande abertzalea da eta euskal arrazaren, etniaren eta hizkuntzaren balioan sinetsita dago; baina, aldi berean, paganoa da, eta paganismoaren zein antzinako euskaldunen balioak aldarrikatzen ditu. Kristautasunaren eta demokrazia kristauaren kontra azaltzen da, eta azken hori judua zela zioen; bere burua filofaxistatzat zeukan. Baina argi utzi behar da Mirande ez zela politikaria, idazlea eta esteta zen.

Kultura-filosofia motakoak, nolabaiteko batasun formala eta luzera duten gai baten inguruko artikuluak edo artikulu sortak, informazio-azalpen izaerakoak, saiakera gisa hartzen ditu Peillenek; berez, saiakerak dira, zentzurik zabalenean hartuz gero. Horien artean daude Irlandako eta Cornuallesgo hizkuntzei buruz idatzitakoak; ez baita ahaztu behar zelten ikertzaile handia izan zela Mirande. Mirandek zelten hizkuntzak ezagutzeko zuen interesak bazeukan arrazoi bat: "Gure antzera, beren aberriaren hizkuntza hilzorian zuten gurea bezalako Europako beste herri txiki batzuetako abertzaleek beren aberriko hizkuntza gordetzeko egin dutena ezagutzea beti izango da mesedegarria" (Jon Miranderen Idazlan Hautatuak, 281. orrialdea).

Parapsikologiari buruzko saiakera luze baten egilea ere bada Mirande: "Jakintza berri bat: psikologi gaindikoa" (Euzko-Gogoa, 1951, 11-12 zenbakiak; 1952, 1-2, 3-4, 5-6 zenbakiak). Informazioz, erudizioz eta ezagutzaz josia dago. Gai hori ez zen inoiz landu euskaraz, eta terminologia zaila da. Mirandek psikologiari eta parapsikologiari buruzko hainbat hitz tekniko asmatu behar izan zituen. Badirudi beste saiakera batzuk ere idatzi zituela, baina galduta daude. Adibidez, Peillenen arabera, berak 50 orrialdeko "Giza gaindikoa Nietzscheren arauera" irakurri zuen orain 45 urte baino gehiago.

Zelten eta euskaldunen folklorean izaki estragizakiek zuten lekuari buruz, mitologia paganoaz eta bere sinesmenez ("Nere sinestea", Ar Stourmer aldizkarian bretoieraz argitaratutakoa eta bere lagun Gouvenn Pennaod-ek itzulia) artikulu edo saiakera laburragoak ere idatzi zituen. Lan horietan informazioa eta azalpena gehiago bilatzen duten saiakerak egiten ditu Mirandek (bere artikulu kritikoak alde batera utzita). Autorearen literatur estiloa, eta bere idazteko modu elegantea, fina eta garbizalea azpimarratu beharra daude.


Koldo Mitxelena

Koldo edo Luis Mitxelenak (1914-1987), euskal filologo eta hizkuntzalariak, euskal literatura bultzatu zuen Egan aldizkariarekin. Euskal hizkuntzalaritzari eta literaturari buruz hainbat lan idatzi zituen gaztelaniaz. Bere euskarazko idatziak Egan, Euskera, Anaitasuna, Zeruko Argia eta beste aldizkari batzutan argitaratu ziren. Gerora, hainbat liburutan argitaratu ziren lanok: Mitxelenaren Euskal Idazlan Hautatuak (1972), eta, behin autorea hilda, 9 liburukitan argitaratu ziren Euskal Idazlan Guztiak eta Zenbait hitzaldi (1988).

Mitxelenak euskaraz idatzitako artikulu gehienak hizkuntzalaritzari eta literatur kritikari buruzkoak dira: bere garaian argitaratutako liburuen aipamen kritikoak 140 baino gehiago egin zituen eta euskal literaturari buruzko artikulu luzeagoak edo saiakerak ere idatzi zituen. Azken horien artean, batzuk literaturari buruzkoak dira (adibidez, "Asaba zaharren baratza"); beste batzuk euskal autoreei buruzkoak dira (klasikoak zein modernoak: G. Aresti edo Txillardegi). Aipatu dugun bezala, Mitxelenaren kasuan zaila da hizkuntza-literatura kritika eta saiakera desberdintzea.

Mitxelenaren testu batzuk informaziokoak edo azalpenekoak dira, baina ohikoenak polemikoak dira. "Asaba zaharren baratza" lanean (1960) autoreak Orixerekin eztabaidatzen du, eta antzeko beste saiakera edo artikuluetan bezala, hizkuntzarekin, pentsaerarekin zein Europako kulturarekin zerikusia duten gaien inguruan bere iritzia ematen du, baina beti gaurkotasunaren ikuspegitik. "Euzko-Gogoa eta Euskera" lanean (Egan 1956) Zaitegirekin eztabaidatzen du, eta euskal gaien inguruko ikerketa idatzietan gaztelania eta beste hizkuntza batzuk erabiltzearen alde egiten du. "Pro domo" (1972) lanean hizkuntza komunikatzeko eta adierazpen sozialerako tresna dela esaten du, eta belaunaldi zaharren eta berrien artean zubiak eraiki behar direla azpimarratzen du. 15 urteko tartean argitaratutako saiakera horien ezaugarri garrantzitsuenak aipa ditzagun:

  1. Erreferentzia pertsonalak eta autobiografikoak, eta tonu zirikatzailea. Intelektualen giroan zein euskal irakurleen artean eztabaidatzen diren zenbait gai bere buruan pertsonalizatzen ditu Mitxelenak. "Pro Domo" euskararen bateratze prozesua abiatu zuen 1968. urteko Arantzazuko bileraren ondoren idatzi zuen; bilera horrek hautsak harrotu zituen, eta horren aurrean, Mitxelenak euskararen batasuna eta belaunaldi berriak barneratzeko eta ulertzeko premia aldarrikatu zituen. Kulturarako grina eta gauzak gaur eguneko ikuspegitik begiratu beharra dira saiakeran iradokitzen diren ideia interesgarri batzuk.

  2. Argudiaketa da saiakera horien adierazteko modu nagusia. Argudiaketa gogorra, askotarikoa eta aberatsa da, eta argudiaketaren arauak zorrotz betetzen ditu, nahiz eta saiakeratan hori egitea derrigorrezkoa ez izan.

  3. Hitz-elkarketa ereduak eta hizkuntza erretorikoa (hasiera eta amaiera landuak, atsotitzen eta esamoldeen erabilera erretoriko-argudiaketatzailea, aipamen jaso eta ironikoak). Autorea polemikaren epailea denaren jakitun da Mitxelena, eta argudiaketa serioak behar duen tonua eta hizkuntza-maila umorearekin, ironiarekin eta sarkasmoarekin tartekatzen ditu; zenbaitetan gaizki-ulertzeak ere erabiltzen ditu, trufa egitetik hurbil.
  4. Mitxelenak estilo literario eta elegantea ekarri zuen, aberatsa eta ñabardurez betea, pixka bat kontzeptista, eta irudiekin hornitua. Zorroztasuna eta grazia, adierazteko modu zorrotza eta atsotitzen antzeko esaldi borobilen erabilera dira bere estiloaren ezaugarri esanguratsuenak. Estilista izan zen. Jakintsua, kritikoa, bizia eta pedagogikoa... Euskarazko saiakera prosaren maisuetako bat da.


    Jose Luis Alvarez Txillardegi

Jose Luis Alvarez Enparantzak (1929), Txillardegi bezala ezagunagoak, hizkuntzalari eta nobela-egileak, XX. mendeko 68-70. urteetako belaunaldiko idazleen artean eragin handia izan du. Euskara eta Euskal Herriari buruzko artikulu asko idatzi ditu; horietako batzuk polemikoak dira. Erbestean zenean, Branka, Jakin eta Zeruko Argia aldizkarietan idatzi zituen, eta gero Argia aldizkarian edota Euskaldunon Egunkarian. Artikulu horietako asko Euskal Herritik erdal herrietara (1978) lanean bildu dira.

Txillardegik bultzada handia eman zion saiakerari teorian. "Saiakera eta hizkuntzen pizkundea" (1966) bere artikuluak saiakera erabiltzea sustatu zuen, eta badirudi bide horri eutsi ziotela saiakera-egile gazte batzuk (Jakin taldeak eta beste batzuk), 1970-1975 urteetan hainbat saiakera ideologiko idatzi zituztelako. Baina Txillardegik batez ere bere liburuekin sustatu zuen saiakera.

Huntaz eta hartaz (Hamar saiakera labur) Goiztirin (Iparraldean erbesteratutako beste kide batzuekin batera sortu zuen argitaletxea) kaleratu zuen 1965. urtean. 10 saiakera laburrez osatutako liburua da, eta euskal saiakera berritu zuen. Sarasolaren arabera, "aldizkarietako orrietatik atera zuen, eta hizkuntza zehatz eta funtzionala eman zion, horren premia zuelako" (Sarasola, 1970). Gai berriak, modernoak, europarrak eta unibertsalak ekarri zituen: gai existentzialak eta ikuspegi existentzialetik landuak heriotza, unibertsoaren heriotza), erlijioari buruzkoak eta moralak (kristautasuna), humanistak (ezkertasuna eta eskuintasuna, intelektualak eta ekintza-gizonak, ikasgelako azkarrenak, etab.), Euskal Herriari buruzko politiko eta ideologikoak (karlismoa, txapelaren folklorismoa edota "euskotarrak" edo euskaldunak ez diren euskal herritarrak, etab.). Erabiltzen dituen aipuek eta adituek autoreak daukan kultura-hedapena eta bere lehentasunak zein diren erakusten du: Teilhard de Chardin bezala autore frantziarra edo Budaren eta Gandhiren ekialdeko filosofia.

Budismoak bere gain izandako eragina aitortzen du autoreak, eta munduan dagoen arrakastarako grina eta Europako bizitza modernoko izaera teknikoa kritikatzen ditu. Kierkegaard, Unamuno eta Frantziako autore batzuk heriotzaren gaian duten existentzialismoak erakarri egiten duela aitortzen du. J. Azurmendiren arabera, S. Mitxelenak euskal arimaren gaia mahai gainean jartzen bazuen, Txillardegik gizakiarena jartzen zuen; baina ez arazo tekniko existentzial bezala, hau da, azken horren zentzua galdetzen zuen. Txillardegiren jarrera Kanten aurkakoa eta existentzialista da (Azurmendi 1991:190-199). Huntaz eta hartaz lanean erabiltzen den hizkuntza modernoa eta jasoa da (S. Mitxelenak erabiltzen zuenetik oso urrun dago, hark hizkuntza tradizional eta erretorikoa zerabilelako, nahiz eta bi liburuen artean 9 urteko tartea baino ez egon).

Hizkuntza eta pentsakera (1972) lanak hizkuntza, logika eta pentsaeraren artean dauden harremanak aztertzen ditu. Autoreak dionez (Larresoro ezinenarekin sinatzen du), hizkuntzak pentsamendua gidatzeko ardura hartzen du, hizkuntzaren erabiltzaileak markatzen eta baldintzatzen ditu. Autorearen arabera, hizkuntza ez da logikaren alaba, eta horregatik dira hizkuntzak elkarren artean ezberdinak. Azken baten, hizkuntzak mundu ikuspegi bat ematen duela defenditzen du (Humboldten teoriarekin bat eginez), edo beste era batera esanda, hizkuntzek mintzatzen diren herrien pentsaera moldatzen dute. Euskararen fonologian eta koloreen izenetan oinarritzen da. Gaur egun, gramatika-sortzaileak egindako azterketen ondoren, ordea, beste era batera ikusten da gai hori. Dena den, lanaren puntu positibo asko onartzen dira. J. Sudupek esaten duenez, hizkuntzaren gai sozialak mahai gainean jartzearen meritua dauka Larresorok, beste gauza batzuen artean (Hegats 10, 55-64 orrialdeak). Ideiak eta pentsamendu-korronteak euskaraz ekartzearen meritua bakarrik ez dauka Larresorok, euskal prosari hizkuntza teoriko egokia eta elegantea ere ematen dio.

Euskal Herria helburu (1994) memoria-liburuan edo saiakeran (gaztelaniara itzulia Euskal Herria en el horizonte, 1997), Txillardegik bere jarduerak kontatzen ditu, bere ideiak nola sortu eta garatu ziren, 1950-60-70 urteetako giro politikoa eta kulturala eta ETAren sorrera eta garapena (bera izan zen sortzaileetako bat). Testigantza zuzen eta memoria bizia den heinean, obra honek balio handia dauka.


Jakin taldearen eta aldizkariaren ekarpena

1967-68 urteetako eta hurrengo urteetako Jakin taldea eta aldizkaria (J. Intxausti, J. Azurmendi, R. Arregi, Txillardegi, E. Osa...) euskaraz egindako saiakerentzako funtsezko erreferentzia izan da, bere artikulu eta saiakera ideologiko-politiko-sozialekin. Hauxe dio K. Mitxelenak: "Lehen esaten genuen euskara inork lantzeko zain zegoela, baina sarritan gure egitekoa betetzeari uko egiten genion, behar bezain garbi egiteko gai ez ginelako. Orain Jakinekoak, adibidez -eta ez beraiek bakarrik-, euskaraz gai zailak adierazteko ahalegina egiten ari direla ikusten ari gara" ("Asaba zaharren baratza", Mitxelenaren Idazlan Hautatuak, 78-79 orrialdeak).

Jakin Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) frantziskotarren komentuan sortu zuten 50.eko urteetan; gerra ezagutu ez zuten gazteek sortu zuten (Azurmendi 1984). Hasierako Jakineko saiakera-egile bat Joseba Intxausti izan zen. Aurreko belaunaldietako zenbait idazlek ere parte hartu zuten aldizkari horretan; adibidez, Telesforo Monzon gerra garaiko Eusko Jaurlaritzako sailburua, Iparraldean erbesteratuta zela antzerki autorea eta olerkaria izandakoa eta trantsizio garaitik Herri Batasuneko burua. "Kontzientziaren eboluzioa" (Jakin, 1969) saiakera laburra argitaratu zuen Monzonek, eta izandako aldaketak, batez ere Ipar Euskal Herrian izandakoak, aztertzen ditu.

Zeruko Argia aldizkariko "Gazte naiz" saileko artikulu-egile gazteek saiakeraren prosa berritzeko egindako lana aipatzea ez da soberakoa izango. R. Saizarbitoria eta Lur argitaletxea (1970. urtearen inguruan sortua) izan ziren horren sustatzaileak. Lur argitaletxeak dibulgaziozko liburuen Hastapenak bilduma sortu zuen; oinarrizko unibertsitate-prestakuntzako lanak ziren, eta soziologia, ekonomia, literatur kritika, hizkuntzalaritza eta antzeko gaiak lantzen zituzten; Europako pentsalarien itzulpenak ere jasotzen zituzten.

Rikardo Arregik egindako ekarpena aipatu baino lehen, aldizkarietako saiakera laburrez gainera garai horretan saiakera-liburuak argitaratzen hasi zirela azpimarratu behar da; J. Azurmendik esaten duen bezala, 1970-1975 urteetan liburu ideologikoak izan zuen eztandaren barruan kokatu beharra dago fenomeno hori (1991:179-180). Alde batetik, saiakerak, tratatuak edo agerpen originalak dira; beste alde batetik, ideologoen itzulpenak daude (Marx, Engels, Lenin, Dobb, B. Rusell, F. Fanon, Lévi-Strauss, Memmi, etab.). Liburu horien artean, garai hartako bere saiakerak aipatzen ditu Azurmendik, baina beste batzuk ere azpimarratzen ditu: G. Garatek autore marxistei buruz egindakoa; R. Garateren tratatua, Lanaren antropologia (1973); A. Iralaren Bat bitan banatzen da (1975-1976), gaztelaniara itzulia: Uno se divide en dos: el arma revolucionaria de Mao Tse-tung (1976); eta P. Iztuetaren, J. Apalategiren, X. Mendigurenen, L. M. Muxikaren, M. Pagolaren, J. M. Torrealdairen eta M. Ugalderen beste batzuk.

Marxismoa eztabaida gehienen muinean dago. Autore horietako asko seminario erlijiosoetatik datozen intelektual gazteak dira edo atzerriko unibertsitateetako ikasleak; kasu askotan, kultura liburuetan oinarritua dute, baina ziurrenik aurreko belaunaldietakoa baino gizarte eta kultura-pentsaera irekiagoa dute. Ez dugu ahaztu behar euskal prosa egokitzeko egin zuten ahalegina, pentsaera euskararen sintaxira egokitzeko egindako esfortzua, eta nola garatu zuten hizkuntza teknikoa. Lan horietako batzuk, saiakerak izan zein ez, originaltasun handia zuten, gaia garatzen zuten moduagatik edo testuaren egituraketagatik. Azurmendik esan duenez, Franco hil ondoren eztabaida ideologikoa baretu egin zen, eztabaida politikoak eguneroko prentsarako jauzia egin zuelako, eta hori gehienbat gaztelaniaz idatzita zegoen.


Rikardo Arregi

Rikardo Arregi (1942-1969) gazterik hil zen, 27 urte zituela. Euskaltzaindiko Alfabetizazio Kanpainaren eta Lur argitaletxearen sustatzailea izan zen; politikari buruzko artikuluak idatzi zituen kazetaria eta saiakera-egilea ere izan zen. Bere artikuluak hainbat liburutan batu ziren, bere heriotzaren ondoren: Politikaren atarian (1969); Herriaren lekuko (1972); Europa, lankidetzan idatzia (Jakin, 1965).

Saiakerak Rikardo Arregi (Jakin sorta, 1971) liburuan daude batuta. 20 orrialde inguruko luzera dute, eta marxismoaren, ezkertasunaren eta eskuintasunaren aurrean izan beharreko jarrera (Txillardegik ere jorratu zituen gaiok) edo euskaltzaleen katolizismoa lantzen dute. Arregiren saiakera batzuk polemikoak dira, batez ere aurreko belaunaldietako ordezkari esanguratsuenekiko (Orixe, esaterako), baina baita Txillergirekiko ere, Huntaz eta hartaz liburuan eman zituen iritziei erantzunez. Lantzen dituen gaiek gaurkotasuna zuten kezkak zituzten euskal gazteentzat eta euskal intelektual katolikoentzat edo filomarxistentzat, garai haietan krisi ideologikoa eta sozio-politikoa zegoelako.

Lantzen dituen gaien inguruko ikuspegi kritikoa ematen du Arregik. Bere aitorpenak saiakeran txertatzen ditu: katolikoa dela eta transzendentzian sinesten duela aitortzen du, Teilhard de Chartin eta Mounier ez zaizkiola gustatzen eta J. M. Gonzalez Ruiz teologoa begiko duela adieraziko du. Arregiren saiakeratan azalpena, gaiaren garapena eta argudiaketa dira nagusi. Euskaraz pentsatuta daude, eta hizkuntza erabilgarrian idatzita.


Saiakeraren instituzionalizaziorako bidaiaren hastapenak

Euskaltzaindia 1956. urte aldera deitzen hasten den sariak (horien artean zen artikuluentzako saria) prosa lantzea sustatzen du. Gutxi gorabehera 1968. urtetik aurrera, hainbat lehiaketa eta sarik saiakera lantzea sustatzen dute: "Guernica" saiakera sariak edo Caracas-ko Euskera Lagunen Elkarteak 1971. urtetik aurrera antolatutako "Andima Ibiñagabeitia" saria. Gaur egun, hainbat udalek, diputazioek, Eusko Jaurlaritzak eta kultura-erakunde batzuk lehiaketak antolatzen dituzte, sariak ematen dituzte eta literatur lanak argitaratzen dituzte, eta horien artean saiakerak eta ikerketa-lanak daude. Sari horiek sustengatzen dute gaur egungo euskarazko saiakera.

Garrantzitsuenetako bat Mikel Zarate Saiakera Saria da. Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa finantza erakundeak deitzen eta argitaratzen dute. Mikel Zarate berak literatur kritikaren saiakera sustatu zuen, eta berak zabaldutako bideari jarraituta, saria jaso duten saiakera askok euskal literaturako autoreei buruzko ikerketak edo analisiak izan dira. Irun Hiria Literatur Sariak, Kutxa Fundazioarenak, 1971. urtean sortu ziren, eta 1994. urtetik aurrera, saiakera sari bat antolatzen du, ipuinei, eleberriei eta poesiei ematen dienekin batera. Euskadi Literatur Sarien artean (1994. urtean Eusko Jaurlaritzak sortuak) Pedro Axular Saiakera Saria dago. Arabako Foru Aldundiak Becerro de Bengoa Saria antolatzen du euskaraz eta gaztelaniaz (gutxi gorabehera, 1989. urtetik). Nafarroako Gobernuak Xalbador Saria ematen du.

Ikerketa sari batzuek saiakera egonkortzen lagundu dezakete zeharka; adibidez, Zornotzako Udaleko Santi Onaindia literatur ikerketarako saria edo Bergarako Udaleko Justo Garate Saria edo Eibarko Juan San Martin Saria.

Saiakerak sortzea eta argitaratzea sustatzeko ekimena duten enpresaburuak eta argitaletxeak ere badaude. Juan Zelaia Saria eta Erein argitaletxearen lana azpimarratu behar dira, Saiopaperak bildumarekin; beste argitaletxe batzuk ere aipagarriak dira: Pamiela, Alberdania, Baroja, Elkar, Mensajero.


Joxe Azurmendi

Poeta, literatur kritika egilea eta pentsalaria. Jakinen gai sozialei eta literaturari buruzkoei idazten hasi zen. Aldizkari horretara oso lotuta dago, eta zuzendaria ere izan zen. Branka eta Zeruko Argia aldizkarietan ere artikuluak argitaratu ditu; hainbat saiakera-liburu ere argitaratu ditu euskaraz, eta horretan beste autoreengandik bereizten da. Egungo pentsaera modernoa (alde ideologiko, politiko eta sozialetik) eta literatur kritika dira bere saiakeratan gehien jorratzen direnak.

Saila ditzagun bere liburuak gaika. Marxismoari eta nazionalismoari buruzkoak: Hizkuntza, etnia eta marxismoa (1971). Gizartea, kultura, artea eta literaturaren arteko harremanak: Kultura proletarioaz (1973), Iraultza Sobietarra eta literatura (1975), Artea eta gizartea (1978), Errealismo sozialistaz (1978), Kolakowski (J. Arregirekin) (1972). Euskal nazionalismoa eta sozialismoa: Arana Goiriren pentsamentu politikoa (1979), PSOE eta euskal abertzaletasuna 1894-1934 (1979), Nazionalismoa/internazionalismoa Euskadin (1979), Eibarko sozialismoaz.

Tonu polemikoan idatzitako gai historikoak eta politikoak: Espainolak eta euskaldunak (1992); Demokratak eta biolentoak (1997); Oraingo gazte eroak: gogoetak ETAren sorrera inguruko kultur giroaz eta gaurkoaz (1998). Bai batean eta bai bestean Zuzenbide Estatuan hezurmamitutako arrazionaltasuna kritikatzen du. Berriko, Espainiaren arimaz lanean (2006), hispanitatearen ideologoen idatziak kritikatu ditu berriro, eta ideologia inperiala eta sarritan arrazista dutela azpimarratu du.

Gizonari buruzko filosofia: Gizona abere hutsa da (1975) lanean mendebaldeko metafisika eta filosofia arrazionalista kritikatzen ditu. Gizaberearen bakeak eta gerrak (1991) aurrekoaren jarraipena da, zuzenketa txiki batzuekin; gizakia berez ona edo gaiztoa den jartzen du mahai gainean, edo natura kultura baino funtsezkoagoa den edo kontrakoa den.

Teknika edo kooperatiben lanari buruz: Teknikaren meditazioa (1998), Carlos Santamariaren pentsaeran oinarrituta. Euskal kooperatibismoaren sortzaile Arizmendiarrietaren eta Etienne Sallaberry apaiz eta kazetariaren pentsaerari buruz ere idatzi du.

Euskal literatura eta Orixeri eta Miranderi buruz, batez ere ikuspuntu sozial eta filosofikotik: Zer dugu Orixeren kontra (1976); Zer dugu Orixeren alde (1977); Mirande eta kristautasuna (1978); Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan (1989).

Azurmendiren saiakerak izaera ideologikokoak dira, eta pentsamenduaren indarra eta kemena erakusten dute. Adore eta luzera handikoak dira. Europako oraingo gaiak sakontasun eta erudizio handiz lantzen ditu. Azurmendik Europako pentsalarien (batez ere alemaniarrak) filosofia eta pentsatzeko modua jaso ditu. Euskal kulturaren produkzioari buruzko etengabeko erreferentzia berezko beste ezaugarri bat du.

Azurmendi intelektual kritikoa da. Arazoa konponbidea baino gehiago aztertzen du. Pentsamendua azaltzen eta garatzen daki. Sarritan tonu polemikoa hartzen du. Bere hizkeran erregistro jasoa eta herri-esamoldeak tartekatzen ditu, eta bere prosa azkarra, ziztatzailea eta ironikoa da.

Espainolak eta euskaldunak (1992, urte horretako best-sellerra izan zen) da bere saiakera ezagunena. Obra horretako lehen testua 1976. urtekoa da, eta Claudio Sanchez Albornozek euskaldunei eta euskarari buruz esandakoen harira idatzita dago. Edorta Agirrek itzuli du gaztelaniara (Los españoles y los euskaldunes, 1995, 2006), kapitulu bat izan ezik ("Un concepto mito-patológico de la unidad").

Autoreak jarrera zirikatzailea hartzen du, ironikoa. Hitzaurrean ohartarazten du saiakera ez dela ikerketa bat; jolas bat dela dio, haserrearen eta umorearen artekoa, eta euskaldunek barre egiteko idatzi duela azpimarratzen du. Espainiako intelektual batzuk euskaldunei buruz dituzten topikoak ezeztatzen ahalegintzen da autorea (ez zirela erromanizatuak izan, euskara ez dela hizkuntza jasoa, etab.). Baina historiaren egungo atzeko aldea bilatzeko ahalegina egiten du; adibidez, euskaldunen basatikeriaren mitoa "espainiar nazionalismoaren ondorio naturala da" autorearentzat (gaztelaniazko itzulpeneko 38. orrialdea). Autoreak euskal kulturaren arazoa (batez ere hizkuntzarena) mahai gainean jartzen du, euskaldun askok kontzientziarik ez dutela dio. Ideien azalpena edo garapena eta argudiaketa dira elokuzio eredu nagusiak.

Azurmendiren euskara modernoa eta erabilgarria da maila jasoan, zerbait ikasitako sektoreentzat, horientzat idazten baitu. Autoreak hizkuntzaren ezagutza handia eta adierazteko modu aberatsa eta askotarikoa erakusten du. Dena dela, edukia nagusi da alde estilistikoaren edo idazkera literarioaren aldean.


Beste autore batzuk

Saiakera-liburu bat baino gehiago argitaratu duten autoreak aipa ditzagun. Jose Angel Irigarai (1942) poetak Euskaera eta Nafarroa (1973) eta Euskara bizitzaren kenkan (1988) saiakerak idatzi ditu. Bere poesiatan bezala, bere gaiek Nafarroaren etorkizunari eta euskalduntasunari buruz dituen kezkak adierazten dituzte.

Joseba Sarrionandia (1958) poeta eta narratzailea, saiakera laburrez osatutako hainbat libururen egilea da. Ni ez naiz hemengoa (1985.ean, 1994.ean eta 2006.an berrargitaratua), gaztelaniara itzulia eta argitaratua: No soy de aqui (1992). Egunkari antzeko bat da, espetxean idatzia; zehatzago esanda, egutegi itxuran egituratutako oharrak dira (saiakeraren tradizioan egin izan dira horrelakoak. Ingeles literaturan, adibidez, Breton-ek The Fantasticks argitaratu zuen 1626. urtean, eta egutegi itxuran egituratutako oharrez osatua zegoen). Saiakera horretan hainbat alorrekin zerikusia duten gaiak eta arazoak landuko ditu ziklikoki Sarrionandiak: idazkera eta dogmatismoa, literatura, erretorika, euskarazko mintzaera, koloreak, komunikazioa edo hitzen soinua eta isiltasunaren premia, unibertsoa, malenkonia, etab. Gai horiek bikain adierazitako espetxeko kontuekin edo beste istorio batzuekin tartekatzen dira.

Marginalia (1988) Literaturari, poesiari eta arteari buruzko idatzi laburren bilduma da. Aurreko liburuaren gaiak zabaltzen ditu; hala, boterea, iraultza, hizkuntza, zapalkuntza eta bestelako gaiak jorratzen ditu. Mundua aldatzeko, ideiadun literatura ideologikoa behar dela defendatzen du, baina literatura ez du ulertzen zerbait amaitu eta sistematiko bezala. Ez gara gure baitakoak (1989) liburuan testu laburrak batzen dira, eta saiakeratik oso hurbil daude. Sarrionandiak irakurlearen laguntza eskatzen du.

Patziku Perurena (1959) prosalari eta poetak liburuetan batuta dauden hainbat kazetaritza-artikulu idatzi ditu; saiakera luze samar batzuk ere idatzi ditu: Koloreak euskal usarioan (1992), enpleguari eta euskaraz koloreen epitetoek duten esangurari buruz. Euskarak sorgindutako numeroak (1993): autorearen arabera, antzinako aroan ezkutuko mundu miragarria ezagutza iturria zen, irudimena behar zuen, arimaren energia pizten zuen, gogoa bultzatzen zuen; gaur egun, ordea, zenbakien mundua hotza eta astuna bihurtu da, ez du erakartzen. Marasmus femeninus. Joanaren gutun zaharrak (1993). Emakumeei jarritako topiko batzuen inguruko bere iritziak ematen ditu emakume horrek, gutun itxurako testuetan. Harrizko pareta erdiurratuak (2004).

Perurenak iritzia eta sentsibilitate ezberdinak ekarri ditu. Landa-bizitzako naturaltasuna goratzen du, eta hirietako biztanleen jokatzeko era kritikatzen du. Bere estiloa bizia eta garratza da.

Eduardo Gil Bera poeta, narratzailea eta itzultzailea hainbat saiakeraren egilea da: Atea bere erroetan bezala (1987), denborari buruzko hausnarketa; Fisikaz honatago (1990); O tempora! O mores! (Kontzientzia eta moralari buruzko gogoeta zenbait) (Pamiela, 1989). Gil Beraren saiakerak filosofikoak dira, Montaigneren erara (sarri aipatutako erreferentzia); estilo arinarekin idatzita daude, baina batzutan nahasia izan daiteke.

Ahozkotasuna ezagutza-iturri bezala euskal antropologiaz idatzi dute Joseba Zulaikak (Bertsolariaren jokoa eta jolasa, 1985, eta Ehiztariaren erotika, 1990) eta Mikel Azurmendik (Euskal nortasunaren animaliak. Euskal ahozkerako animali-metaforaren inguruan, 1987). Bertsolaritzari buruz Andoni Egañak (1961) eta Jon Sarasuak (1966) elkarlanean idatzi zuten Zozoak beleari (1997).

Europako pentsamendua izan da Jon Suduperen (1947) gairik erabiliena. J. M. Odriozolarekin batera, aspaldian berak irabazi ditu Mikel Zarate saiakera sari gehien. Karl Marx: teoria eta politika (1983) lanean hauxe salatzen du: "ezagutu dugun eta zenbaitetan barneratu dugun marxismoa estereotipatua, dogmatikoa eta pobrea izan da". Era berean, Marx gaztea eta zaharra bereizten ditu. Gaztarako Marxek liberalismo erradikaletik komunismo humanistarako jauzia egin zuen, baina aro hori Manifestu Komunistarekin amaitu zen, 1848. urtean. Modernitatearen alde (1990): "Habermasek dioen bezala, Modernitatea amaitu gabeko proiektua da. Pentsalari alemaniar horrek komunikazio-jardunaren teoriaren arabera, Ilustrazioko balore originalak berreskuratu ditzakegula uste dugu". Ilustrazioaren kriseilupean (argi berri bila Francfurten) (Eusko Jaurlaritzako Pedro Axular Saria irabazi zuen 1994an). Lan honetan aurreko saiakerako ideia nagusiak errepikatzen dira; gauza bera gertatzen da Muniberen ametsa: euskaltasuna eta modernitatea (1997) liburuan. Autorearen arabera, "euskalduntasuna edo modernitatea: hara hor euskal historia zehaztu duen dilema". "Azkoitiko Zalduntxoek, gure modernitatearen gurasoek, euskal komunitatearekiko proiektu modernoa eta leialtasuna lotu zituzten. Berrikuntza tradizioarekin, folklorea zientzia modernoekin eta ezberdina unibertsaltasunarekin uztartzen jakin izan zuten. Beste lan batzuk: Euskaldunak, liberalak eta komunitatezaleak (1999); Kant eta uso arina (2004).

Jose Manuel Odriozolaren (1948) saiakerak soziolinguistikari eta euskal identitateari buruzkoak dira. Gerraurreko gizarte-hizkuntzalaritza Euskal Herrian (1992) liburuan Altube, Eleizalde, Aitzol, Anoi Altube, Eleizalde, Aitzol, Aniceto Olano, Lizardi, Mokoroa eta Landeta bezalakoek gaiari buruz zuten iritzia aztertzen du. Hizkuntza, kultura eta gizartea (1998) lanean gai hauek aztertzen ditu: diglosiaren eraginpean dagoen hezkuntza elebiduna eta hizkuntzaren balio sinbolikoa, komunikaziokoa eta juridikoa. Beste liburu batzuk: Nazio-identitatea eta eskola (2000); Euskal intelligentsiaren ideologia zantzuak (2002).

Xipri Arbelbidek (1934) Ipar Euskal Herriko idazleen eta gertakarien azterketa eta gai ideologiko-sozialak eta erlijioari buruzkoak tartekatzen ditu: Afrikako "salbaien" zuhurtzia (1983); Enbata: abertzalegoaren historia Iparraldean (1996), Californiako Eskual Herria: Jean Pierre Goytino (2003). Idazleei buruzko beste lan batzuk ere baditu P. Lafitte, J. P. Alberbide.

Jon Alonso. Idiaren eraman handia (1995) liburuaren egilea, originaltasuna, inspirazioa, plagioa eta sorkuntza prozesuari buruzkoa; eta Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk (2001).

Txomin Peillen (1932). Bizidunak haurren eta helduen heziketan (Mensajero, 1995) lanaren egilea; Baloreak Euskal Herrian eta beste gizarteetan (2005).

Meteorologia eta herri-kultura dira Pello Zabalaren gaiak: Naturaren mintzoa: egunez-egun, sasoien gurpilean (2001, 2. edizioa.); Zeruan zer berri? (2006). Euskararen egoera da Koldo Zuazoren aztergaia: Euskararen sendabelarrak (2000), Euskalkiak herriaren lekukoak (2004). Pello Salaburuk ere euskararen egoera aztertzen du: XX. mendearen argi-itzalak (2001) Euskararen etxea: saiakera (2002).

Memoria-liburuak saiakeratzat har daitezke horren baldintzak betetzen badituzte. Ez da erraza izango adibideak topatzea, idatzitako gehienetan narrazioa delako nagusi. Txillardegiren memoria-liburua aipatu dugu. Galdera ikurrekin, baina Aita Santiago Onaindiaren Oroi-txinpartak (1988) liburua ere multzo horretan sar genezake. Gandiagaren Denbora galdu alde (Erein, 1985) liburuak autorearen krisi pertsonala kontatzen du, eta prosa poetikoa da nagusi; memoria-liburu poetiko bezala har genezake (Jean Casenaveri zor diot definizio hori).

Literatur kritika da gaien aldetik saiakeraren mahukarik aberatsenetako bat. Baina lehen ere esan dugu lurzoru labainkorrean ari garela, zehatz jardunez gero, idazkerari edo literatur hizkuntzari buruzko azterketa idatzia eta literatur saiakera bereizi behar direlako. Kasu batzuetan besteetan baino zabalago jokatuta, baina honako hauek aipa genitzake: Orixeren Euskal literaturaren atze edo edesti laburra (Euzkadi, 1924; 2002), M. Zarateren, Euskal Literatura (1977, 2 liburuki.); Fray Luis Villasanteren (1920-2000), Axular, mendea, gizona (1972), informatiboagoa; Lurdes Otaegiren Lizardiren poetika Pizkundearen ingurumariaren argitan (1994); Iñaki Aldekoaren Zirkuluaren hutsmina (1993); Antzarra eta ispilua (Obabakoak-en irudimen mundua) (1992); Munduaren neurria (Arestiren ahots biblikoaz) (1998); J. K. Igerabideren Bularretik mintzora (Haurra, ahozkotasuna eta Literatura) (1993); Jon Kortazarren Laberintoaren oroimena: gure garaiko olerkigintzaz (1994) eta Luma eta lurra. Euskal poesia 80ko hamarkadan (1997), gaztelaniara La pluma y la tierra: poesía contemporánea (1978-1995) (1999) izenburuarekin itzulia; Patri Urkizuk Xaho eta Abbadieren idatziei eta bizitzei buruz idatzia: Agosti Chahoren bizitza eta idazlanak, 1992; Anton Abbadia 1810-1897: biografia-saioa (2002).




Ondorio batzuk

1) Euskarazko saiakera garatzeko, beharrezkoa da Europako zein nazioarteko saiakeraren tradizioa eta joerak hobeto ezagutzea eta euskarazko saiakera idatziaren historia zein den hobeto jakitea. Genero honen berezko bi ezaugarriak hauek direla uste dugu: hausnarketarako jarrera eta lanaren izaera irekia eta jarrera horren ondoriozko egitura. Estiloa generoaren literatur izaeragatikoa da. Hala ere, epaimahaiek ez dute beti izaera literario hori exijitu, euskaraz zein gaztelaniaz. Gure ustean, saiakera eta literatur saiakera terminoak lotuta daude historikoki; horixe da, hain zuzen, izaera zientifikodun idatzietatik bereizten dituena. Mota horretako literatur sarietan hausnarketari eta estiloaren exijentziari eman beharreko garrantziak sine qua non baldintza izan beharko luke, saiakera lan artistikoa delako.

2) Bi saiakera mota daudela onartzen badugu -izaera pertsonalekoa eta izaera ideologikoduna-, euskal saiakeran ideien saiakera nagusi izan dela esan beharko dugu (S. Mitxelena, Sudupe, Txillardegi, Arregi, Azurmedi...). Pentsamendu-saiakeraren barruan, euskara eta euskal literatura izan dira eta dira saiakeratan gehien erabiltzen diren gaiak. Baina izaera pertsonalagoko saiakera informalagoak ere landu dira. (J. Etxepare, Sarrionandia, Perurena).

3) Euskal autore garrantzitsuenetako batzuk aztertu ondoren, gaietan, narratzailearen jarreretan, egituran, elokuzio eredu nagusietan, tonuan edota estiloan aldaera ezberdinak daudela konturatu gara. Elokuzio-ereduari dagokionez, autore batzuetan argudiaketa da nagusi, entzuleriaren eta helburuen arabera; argudiaketari berari dagokionez, batzuk gogor egiten dute argudiaketa (K. Mitxelena) eta beste batzuk froga edo daturik gabeko baieztapenak egiten dituzte, literatur saiakeran hala egin daitekeelako, batez ere pertsonalean. Tonuari dagokionez, saiakera-egile gehienen tonua serioa da (J. Etxepare, S. Mitxelena, Txillardegi). Estilo edo literatur exijentziari dagokionez, autore batzuk estilo handia ematen diote saiakerari, hizkuntzarekin gozatzen dute, literatoek bezala; beste batzuk, ordea, hausnarketa idazketa baino gehiago lantzen dute. Lehenengoetatik hilda dauden batzuk aipatuko ditugu bakarrik, horiek direlako bizien dauden adibideak: J. Etxepare, S. Mitxelena, Mirande, K. Mitxelena.

Oro har, gaur egun ere analisia eta azterketa irakurleari eskaintzen zaion dibertimenduari gailentzen zaiola esan dezakegu; tonu serioa da nagusi; funtzionala estetikaren aurretik dago. Oraindik saiakera informaletik, irakurlearekin harreman-bide berriak eta komunikazio-teknika berriak erabiltzetik urrun gaude. Egituraren aldetik, salbuespenak salbuespen, zurruntasuna da nagusi. Horren ondorioz, saiakeraren eta izaera zientifikodun azterketaren artean ez dago alde handirik.

4) Ideien edo gogoeten saiakerari esker, euskal prosak egungo Europako pentsamendua barneratu du euskarak.





Bibliografia:

Aguiar e Silva de, V. M. 1972. Teoría de la Literatura. Gredos, Madril.

Azurmendi, J. 1984. "Mitxelenaren bere lekuratzeko", in Salbatore Mitxelena. Idazlan Guztiak, II.

Azurmendi, J. 1991. "Euskarazko saioa XX. mendean", Hegats, 4, 1991.

Casenave, Jean.1998. "Le renouvellement de la prose basque à travers Buruchkak (1910) de Jean Etchepare", Lapurdum III, 221-228.

Casenave, Jean. 2004. De l'article de presse à l'essai littéraire: Buruchkak (1910) de Jean Etchepare, Madril, UNED.

Combe, Dominique. 1992. Les genres littéraires, Paris, Hachette.

Etxaniz, N. 1970. "Salbatore saiolari", in Salbatore Mitxelena, Jakin sorta, 2, 1970 (argitaratzaileen arabera, artikuluak1967ko data du).

Lafitte, P. 1941. Le Basque et la littérature d'expression basque en Labourd, Basse-Navarre et Soule, Colection "Aintzina".

Metzler Literatur Lexikon. Begriffe und Definitionen, Stuttgart, 1990.

Sarasola, Ibon. Euskal literaturaren historia, 1970.

Torrealday, J. M. 1995. XX. mendeko euskal liburuen katalogoa II 1993-94, Gipuzkoako Foru Aldundia.

Torrealday, J. M. 1997. Euskal kultura gaur: liburuaren mundua

Txillardegi (Alvarez Enparantza, J. L.). 1970. "Saiakera eta hizkuntzen pizkundea", in Salbatore Mitxelena, Jakin sorta, 2, 1970, 55-64 (argitaratzaileen arabera, artikuluak 1966ko data du).

Ugalde, M. 1974. "Literatur motak mugatu nahian asmo batzuk", Euskera, 19.

Zarate, M. 1977. "J. Intxausti eta saioaren espirala", in Euskal Literatura. Azterbideak, aztergaiak, azterketak, L. Zugaza, Durango.





© Montaigne, Michel de. Entseiuak I, itzul. Eduardo Gil Bera, Klasikoak, 1992

© Etxepare, Jean. Buruxkak, Elkar, 1989

© Azurmendi, Joxe. Espainiaren arimaz, Elkar, 2006

© Odriozola, Joxe Manuel. Euskal intelligentsiaren ideologia zantzuak, Pamiela, 2002