Literatura itzulia

© Jose Manuel López Gaseni (Euskal Herriko Unibertsitatea)

© Itzulpena: Di-Da




Sarrera

Nik proiektu honetan parte hartzeak literaturaren historiaren ikusmolde sistematikoa onartzea dakar, beren beregi nolabait, eta onarpen horrek balio handiagoa du nazioko literaturaren historia lantzen denean; halaxe gertatzen da bilduma honetan.

Izan ere, Miguel Gallego Rocak ederki baieztatzen duenez, gaur egun "literaturaren antolaketa eta horren arauak eta ereduak aztertu daitezke itzulpenek literatura sistemaren barruan betetzen duten eginkizunaren bitartez" (Gallego Roca, 1994: 110). Baieztapen hori are ageriago gelditzen da literatura sistema gazte eta ahulaz ari bagara, Itamar Even-Zohar-en Polisistemei buruzko azterlana ikusita, zeren eta horiengan agertzen baita literatura itzulia modurik emankorrenean, baita erdiragoko kokapena eskuratzeko joera ere.

Azterlan honetan ikusi ahal izango denez, euskarazko literatura itzuliak erdiko eginkizunak bete ditu historian, hala nola hemengo hizkera literarioa, aurretik euskal literaturak ez zituen literatura errepertorioen ekarpena eta zaharkitzen hasita zeuden zenbait ereduren berriztapena.

Horregatik guztiagatik, begi-bistakoa dela ematen du literatura itzulia euskal literaturaren sistemaren barrukotzat jo behar dela ondorio guztietarako. Hori dela-eta, "euskal literatura itzulia" deituko diot hemendik aurrera.

Azterketa kuantitatiboa aurkeztuko dugu lehenbizi, eta ondoren, euskarara itzulitako literaturaren historia emango dut, garai bakoitzean bete dituen eginkizunekin batera.


Azterlan kuantitatiboa: literatura itzuliaren gaineko datu orokorrak

Kopuru orokorretan, itzulitako euskal literatura euskaraz egiten den literatur produkzioaren % 35 ingurukoa da. Ehuneko hori, nahikoa altua da baina beste hizkuntza gutxituetako literaturarekin pareka daitekeena, % 50ekoa izatera iritsi zen idatzizko euskal literaturaren hasieraren (1545) eta "antzinako literatura" izenez deitu den garaiaren (XIX. mendea) artean (cf. Sarasola). Literatura itzulia % 20 ingurukoa izan zen XX. mendean, baina 1900 eta 1968 bitartean, hain zuzen ere literaturako euskara batua sortu zen urtera arte, kopuru horrek behera egin zuen, % 10etik behera, eta mendeko azken urteetan % 25 ingurukoa dugu.

Itzultzaileei dagokienez, guztira literatur lan gehien itzuli dituena Xabier Mendiguren Bereziartu da (Ezkio-Itsaso, 1945), eta ondoren, itzultzaile garaikideak ditugu: Xabier Olarra, Koro Navarro, J.M. Mendizabal edo Juan Garzia. XX. mendeko lehen zatian, Nikolas Ormaetxea "Orixe" (Orexa, 1888-Añorga, 1961) azpimarratu behar da, eta XX. mendeko bigarren zatian Jokin Zaitegi (1906-1979) eta Juan Anjel Etxebarria (1934-1996). XX. mendea baino lehenagoko itzultzaileen artean, Joannes Leizarraga (1506-1601) eta Jean Pierre Duvoisin (1810-1891) aipatu behar dira nahitaez.

Euskarara itzulitako lanen jatorriko hizkuntzei dagokienez, iturri nagusia ingelesa da, lan guztien ia % 30 hartzen baitu, eta ondoren euskararen eremuaren inguruko hizkuntzak datoz: frantsesa eta gaztelania, bakoitzak % 15etik gora. Datu horiek nabarmen aldatzen dira antzinako literaturaz ari bagara soilik; izan ere, latina eta frantsesa literatura itzuliaren % 80 dira, erdibana ia-ia.

Genero literarioen atalean, narrazioak dira nagusi argi eta garbi (ipuina eta eleberria), guztizkoaren % 60 inguru, eta oso urrun daude antzerkia eta olerkigintza, bakoitzak % 15 duela; entseguak, berriz, %6 du. Erlijio literaturak eta didaktikak hartzen dute gainerakoa.


Literatura itzuliaren hastapenak

Euskarara eginiko lehen itzulpenak 1571n argitaratu ziren, eta itzultzailea Joannes Leizarraga izan zen (Bezkoitze, 1506-La Bastide, 1601). Hari agindu zion Nafarroako Juana III Albretekoa erreginak kalbindarren erreformako testu kanonikoak itzultzeko, erreginak kalbindarren bidea 1560an aukeratu ondoren.

Jakinekoa denez, erreforma horren ezaugarrietako bat erlijioa herritarrei hurbiltzeko borondatea zen. Ortodoxia katolikoaren jokabidearen kontra jokatzen zuen erreformak hizkuntzei dagokienez, eta eliza katolikoarentzat latina zen hizkuntza ofiziala. Hala, Paben 1563an eginiko kalbindarren sinodoan testu horiek euskarara itzultzeko agindua eman zitzaion Leizarragari, eta testuok gainbegiratzeko lana lau euskal ministro protestanteei.

Hauexek dira testu horiek, gainera euskarazko hitz lauzko lehen testu inprimatuak dira: Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, eta horrekin batera hainbat eranskin, antza denez Erasmoren grekozko eta latinezko bertsioetatik eta Olivetaten frantsesezko bertsiotik itzulia; ABC edo Christinoaen Instructionea othoitz eguiteco formarequin, kalbindarren katixima, 1564an sortua; eta Kalendrera, ilargi almaneke iraunkorra, pazkoa eta kulturako gainerako jaiak noiz diren jakiteko. Guztiak La Rochellen inprimatu ziren.

Bi alde kontrajarri ezberdinek bideratzen zituzten itzulpen horiek: alde batetik, ahalik eta fededun gehien bihurtzeko bokazio proselitista, eta bestetik, testu sakratuetan ezarritakoari zorrozki lotu beharra. Hori gutxi balitz, Leizarragak euskarazko literaturan tradiziorik ez zuenez, ezerezetik abiatu behar izan zuen.

Azken emaitza bikaina lortu zen, betiere lapurtera oinarritzat hartuta, baina baxenafarreraren eta zubereraren hiztegia eta morfologia ere baliatuta. Hain zuzen ere zubererari buruz egin zuen Leizarragak Testamentu Berriaren eranskin bat hiztegi txiki gisa. Hala eta guztiz ere, itzulpen horien hiztegia latinetik hartutako hitz ugariez hornituta dago, eta neurri txikiagoan grekerazkoak eta hebreerazkoak. Hala, tonu zorrotza eta kultista ematen zaie testuei nahita, bereziki Testamentu Berriari, garai hartan beste hizkuntza batzuetara itzulitako beste biblia batzuen ildotik.

Zoritxarrez, mugimendu protestantearen porrotak eta zapalketak, eta ondoren lan horietatik gehienak desagerrarazi izanak, zapuztu egin zuten Leizarragak hasitako bidea, euskara batua sortzeko oinarria izan zitekeen bidea.


Kontrarreforma eta erlijio testuen itzulpengintza

Trentoko Kontzilioak Kontrarreformaren oinarriak jarri zituen, eta haren ondorioak hainbat erlijio testuren itzulpen moduetan islatu ziren, zurruntasuna eta katolizismoaren manuen errespetu zorrotza oinarritzat hartuta, baita Bibliaren exegesiak ere. Izan ere, horien interpretazioa ezin egin zitekeen askatasunez eta zuzenean.

XVII eta XIX. mende bitartean gehien itzulitako erlijio lana Kristoren imitazioa izan zen, ustez XV. mendeko monjea izan zen Thomas de Kempisena. Lan horren gaineko bost bertsio egin ziren garai hartan. Lehen biak batzuek deituriko Sarako Eskolako idazle taldeetako bi idazlek itzuli zituzten. Lehenbizikoa, Iesusen Imitacionea, Silvain Pouvreauk egin zuen (Bourges, 16??-Paris, 167?), baina 1890era arte ez zen argitara eman; beste bertsio bat, Jean d'Aranbillaga apaiz lapurtarrarena Jesu Christoren imitationea, 1684an argitaratu zen. XVIII. mendeko bertsio hauek ezagutzen dira: Donibane Lohitzuneko Michel Chourioren Jesus-Christoren Imitacionea (1720), eta Martin Maizter abaiz zuberotarraren Iesu-Kristen Imitacionia (1757). XIX. mendean, Jean Pierre Duvoisin idazle eta itzultzaileak bukatu barik utzi zuen beste bertsio bat, Jesu Kristoren imitazionea, handik urte askotara osatua eta argitaratua (1896).

Hona hemen XVII. mendean itzuli ziren zenbait erlijio lan: Guiristionoaren Dotrina (1656), Richelieuren Instruction du Chretien lanaren itzulpena; Philotea (1664), San Francisco de Salesen Introduction a la vie dévote izenekoaren itzulpena; eta Gudu Espirituala (1665), Lorenzo Scupoliren Combattimento spirituale-ren bertsioa; hirurak itzuli zituen aipaturiko Silvain Pouvreau idazleak. Halaber, Amabirjinaren ofizioen itzulpena edo bertsoz eginiko parafrasia aipatu behar da, Ama Virginaren hirur officioac latinean bezala escaraz izenekoa, Cristobal Harizmendik egina eta 1660. urtean argitaratua.

Erlijio testuen itzulpenak egiteari eutsi zitzaion XVIII. mendean berrikuntza handiegirik barik. Iparraldeari dagokionez, Joanes Haranederrek, Donibane Lohitzuneko apaizak, Pouvreauren itzulpenak idatzi zituen berriz, haiek hobetzeko asmotan: Philotea (1749) eta Gudu Izpirituala (1750), eta gainera Testamentu Berriaren lehen itzultzaile katolikoa izan zen Vulgata egin zenez gero: Jesu-Christo gure Iaunaren Testament Berria, 1740koa, baina ez zen 1855era arte argitaratu. Kostaldeko herri berekoa zen apaiz protestantea, Pierre d'Urte izenekoa, gramatika baten egilea zelako eta euskarazko hiztegi bat egiten hasi zelako ezagutzen zen. Era berean, Genesia eta Exodoaren zati bat itzuli zituen. Eta Uztaritzeko parrokoa zen Bernard Larregik M. de Royaumont-en lan bat itzuli zuen, Testament çaharreco eta berrico historioa izenburua zuena eta bi liburukitan argitaratua (1775, 1777). Bi testamentuez gain, hainbat exenpla, santuen bizitzak eta sermoiak dakartzate. Euskal Herriko Hegoaldeari dagokionez, Sebastian Mendiburu josulagunak P. Croisset-en deboziozko lan bat itzuli zuen, Jesusen Bihotzaren devocioa (1747) izenekoa, eta Asteteren katixima itzuli zuen; beste idazle josulagun batek, Agustin Kardaberazek, Jeronimo Dutari josulagun iruindarraren Vida Christiana (1710) lanaren egokitzapena egin zuen eta Cristauaren bicitza, edo bicitza berria eguiteco bidea, bere amabi pausoaquin izenburua jarri zion 1744an argitaraturiko lan oso ezagun horri. Katiximen beste itzultzaile bat, kasu honetan Catéchisme Historique de Fleury-ren itzulpena egin zuena, Juan Antonio Ubillos izan zen: Christau Doctriñ Berri-ecarlea (1785).

Garain hartan erlijiozkoak ez diren itzulpen bakanen artean, bi lan teknikoen bi bertsio aipatu behar dira, abereak zaintzeari buruzko liburu labur bat, Laborarien abissua, 1692koa, Mongongo Dassança botikari lapurtarrarena eta Charles Estienne-ren Praedium Rusticum (1554) deritzonaren zeharkako itzulpena; eta nabigazioaren gaineko liburu bat, Liburu hau da ixasoco nabigacionecoa, 1677koa, Piarres d'Echeverryk ("Dorre") Hoyarzabal-en Les voyages aventureux du capitaine Martin de Hoyarsabal (1633) lanaz eginiko itzulpena.


Ilustrazioa eta literatura didaktikoa

XVIII. mendearen azkenera arte erlijio gaiak eta xedeak izan ziren nagusi euskal literaturan, funtsean. Harrezkero, berriz, aldaketa nabarmena gertatu zen eta hezkuntzara eta moralera bideratu zen literatura, fabula klasikoen eta neoklasikoen errepertorioen itzulpenen bidez.

Horrek ez du esan nahi erlijio testuen itzulpenen kopuruak behera egin zuenik, baizik eta bigarren tokira pasa zirela besterik gabe, euskal literaturaren sisteman erdiguneko kokapena hartzeko asmoa duen eredu berriari tokia utziz.

Beste behin, agerian gelditzen da, sistemak duen heldutasun ezaren eta hauskortasunaren ondorioz, oreka bilatu nahi dela finkaturiko literatura sistemetatik datozen ereduak eta errepertorioak baliatuta.

Ilustrazioaren izpiritua Frantziatik sartu zen hainbat bidetatik. Horietako bat Real Sociedad Vascongada de Amigos del País izenekoa dugu, Xabier Maria Munibek (Azkoitia, 1729-Azkoitia, 1785) sortua 1765. urtean. Munibek entziklopedia frantsesak ikasi zituen Frantziako Tolosan, idazlea eta musikaria izan zen eta artea eta zientziak bultzatu zituen aipaturiko elkarte horren bidez, eta horretarako, ilustratuen solasaldiak, kontzertuak eta antzerki lanak antolatu zituen, hezkuntza ikusmolde berria Euskal Herrian sartzeko beharrezko prestakuntza lana. Hezkuntza ikusmolde hori, besteak beste, fabulak sortuta eta itzulita bideratu zen. Hain zuzen ere garai hartakoak dira Muniberen iloba zen Felix Maria de Samaniego idazle arabarraren Fábulas morales, Esopo, Fedro eta La Fontaine idazleengan inspiratuta.

Gune geografiko berean, Mogeldarrek ere landu zuten fabula, kasu honetan euskaraz. Ezagunenak, Juan Antonio Mogel eibartarrak, Peru Abarka elkarrizketa ospetsuaz gain, ehun bat fabula idatziak zituen, eta, gainera Pascalen Gogamenak ere itzulia zuen. Baina iloba Vicenta Mogelek (Azkoitia, 1782-Abando, 1854) argitaratu zuen 1804. urtean fabulen lehen itzulpena, Ipui onac izenekoa, Esoporen 50 fabula biltzen dituena, osabak irakatsitako latin ezagutzari esker itzuli zituena; izan ere, ez zen ohikoa garai hartan emakumeak kulturaren aldetik hain jantziak egotea. Fabula horien xedea hezkuntza eta moralaren arloan kokatu behar dugu, liburuaren azpititulutik ondoriozta daitekeenez. "Euskal gazteek eta baserritarrek euren bizitza bide onetik eramateko irakaspen ederrak aurkituko dituzte ipuin on hauetan", eta idazleen asmoa, liburuaren aitzin-solasean esaten denez, betiko ipuinak ordeztea zen, zeren eta garai hartako hezkuntzako erakundeek kaltegarritzat jotzen zituzten ipuinok eta baztertu egiten zituzten.

Mugaren alde honetako fabulen beste itzultzaile bat Juan Mateo Zabala (Bilbao, 1777-Zarautz, 1840) izan zen. Bizkaierazko fabulak izeneko liburuan, bere 21 fabula idazteaz gain, Esopo, La Fontaine, Samaniego eta Juan Antonio Mogelen beste fabula batzuk bildu zituen. Urte batzuk geroago, antzeko arrazoiak errepikatu zizkion Zabalak Vicenta Mogeli: "Oraindik gogoan dut txikitan aho zabalik entzuten genituela Peru eta Mariaren gatzik gabeko ipuinak. Hauek, ordea, sakonak dira, eduki ederrekoak eta oso baliagarriak. Nahiago nuke horrelako ipuin gehiago baleude".

Agustin Pascual Iturriaga (Hernani, 1778-Hernani, 1851) idazle eta pedagogoak ere ekarpena egin zuen euskarazko fabulen arloan Ipuyac eta beste moldaera batzuec izenekoa 1842an argitaratuta. Fabularik gehienak Samaniegoren lanetik itzulitakoak dira, zehazkiago 55; gainera, Virgilioren lehen eta hirugarren eglogak dakartza, "euskal gazteriarentzako" zenbait abestirekin batera.

Iparraldean zuzenago berreskuratu zen La Fontainek buruturiko fabulen tradizioa. Jean Baptiste Archuk (Altzürükü, 1811-La Reole, 1881) La Fontainaren aleghia berheziak lana idatzi zuen 1848. urtean, zubererara itzuliak bertsoz, ilustratu frantziarrak argitaratu zituen moduan. Liburuaren gaia "jolastuz ikastea" da, euskal haurrentzako eskaintzan ageri denez.

Halaber, Leonce Goyhetabhe (Urruña, 1795-¿) apaiz lapurtarrak La Fontaineren 150 fabulen bertsoz eginiko itzulpena argitaratu zuen 1852. urtean Fableac edo aleguiac Lafontainenetaric berechiz hartuac izenburuarekin. Idazle horrek ere hezkuntzaren arloaren norabide berria uzten du agerian, desegokiak ziren fabulak kendu zituela onartu baitzuen. Hauxe esan zuen galdera erretoriko baten bidez: "Ezin al dira irakatsi graziaz ontasuna eta egia?".

Literatura didaktikoaz gain, esana dugunez, erlijio testuak itzultzeko lanari eutsi zitzaion. Adibidez, Asteteren katiximaren bi itzulpen berri, horietako bat goi-nafarreraz Pedro Antonio Añibarro (Cristau dotriña, 1802-3) frantziskotarraren eskutik; eta bestea, Juan Antonio Mogelena (Cristinauaren jaquinvidea), bere zenbait ekarpen barne direla. Joaquin Lizarraga nafarrak San Juan ebanjelioa itzuli zuen egun desagertu den hegoaldeko goi-nafarrerara: Jesus-Cristoren evangelio sandua Juanec dacarren guisara. Halaber, Juan Jose Oteiza mediku gipuzkoarrak San Lukasen ebanjelioaren itzulpen protestantea itzuli zuen: San Lucasen ebanjelioa, George Borrow izeneko biblia elkarteko agente batek aginduta. Santuen bizitzen atalean, Frantzisko Laphitz idazle nafarraren Bi saindu heskualdunen bizia: San Inazio Loiolacoarena eta San Frantzizco Zabierecoarena lana aipatu behar dugu, 1867. urtean argitaratua eta hainbat iturritatik itzulia (Ribadeneira, Bouhours, Rohrbacher, Daurignac) hitz lau ederrez.

Gregorio Arruek ere San Inazioren bizitzari buruzko liburu bat argitaratu zuen (Aita San Ignacio gloriosoaren bicitza, 1866), baina ospe handiena Santa Genovevaren vicitza (1868) zeritzonak eman zion, Christoph Schmid apaiz katoliko alemanak Erdi Aroko legendari buruz eginiko lanaren itzulpena. Arruek berak hainbat itzulpen gehiago egin zituen, horien artean Kempisen bertsio berria: Kristoren imitazioa (1887); Mariaren Gloriak (1881), San Alfonso Maria Ligoriorena; Villacastin josulagunaren Oración mental izenekoa.


Erromantizismoa eta literatura militantea

Izpiritu erromantikoak bultzatuta, Euskal Herriarenganako interesa piztu zen ikerlari atzerritar askorengan, euskaldunen hizkuntza bitxiak eta ohiturek erakarrita. Haietako bat itzulpengintza zeharka bultzatu zuen bat dugu, Louis-Lucien Bonaparte (1775-1840) printzea. Izan ere, euskalkiak eta horien eremu geografikoa finkatzeko, testu bera hainbat laguntzaileri beren euskalkiaz (oro har, erlijio testuak) itzultzeko agindua ematearen metodoa jarraitu zuen. Lan horren ondorioz, printzearen helburuak gauzatzeaz gain, hau da, euskal aditza sistematizatu eta euskalkien maparen bi bertsio egiteaz gain, hainbat lan egin ziren euskal itzulpenen katalogoan sartu beharrekoak. Hauexek dira gehien errepikatzen diren lanak: San Mateoren ebanjelioa, Kantoreen Kantorea, Apokalipsia, Biblia osoa eta Asteteren katixima. Testu profanoen artean, Iturriagaren Jolasac lanaren "barne-itzulpena" aipatu behar da. Itzultzaileak, berriz, honako hauek ziren: Intxauspe zubererarako, Uriarte bizkaierarako eta gipuzkerarako, Etxenike Baztango euskalkirako, eta Salaberri baxenafarrerako eta Otaegi gipuzkera eta goi-nafarrerarako eta Mendigatxa erronkarierarako. Aparteko aipamena merezi du lapurteraz arduratzen zen Jean Pierre Duvoisinek, Bibliaren itzulpen bikaina egin zuelako: Bible Saindua edo Testament Zahar eta Berria, Londresen argitaratua 1859 eta 1865 bitartean.

Bestalde, euskal literaturan faltsutze istorio bitxia gertatu zen aldi hartan, literatura itzuliarekin zerikusia duena: Iparraldeko Jean Baptiste Dasconaguerre euskal idazleak, jaiotzez Donibane Lohitzunekoa zenak, Les Echos du pas de Rolane eleberria argitaratu zuen frantsesez 1867. urtean, haren esanetan euskaratik itzuli omen zuena. Liburuak interes handia piztu zuela-eta, irakurleek jatorrizko liburua ezagutzeko jakin-mina izan zuten, logikoa denez, baina jatorrizkorik ez zegoen, jakina. Horrexegatik asmatu behar izan zuen, bere lana euskarara itzuliz Julien Vinson eta Edmond Guibert-en laguntzaz. Hala sortu zen Atheka gaitzeko oihartzunak, 1870. urtean argitaratua, ustezko itzulpena agertu eta hiru urtera.

Azkenik, atal honetan garai hartako literatura militantearekin loturiko zenbait itzulpen aipatu behar da, zehazkiago ideia liberalen kontrakoen itzulpenak, III. Errepublika Frantziarraren garaipenaz gero idatziak. Gehienak foileto eta liburu frantsesen itzulpenak dira, eta horien artean honako hauek aipa daitezke: Aphezen dretabhoac eta eguinbideac eletzioetan, Laurent Diharassarryk itzulia 1890. urtean; Zer izan diren eta zer diren orain Framazonak munduan, hori ere 1890ekoa, eta Framazonak, bigarren edizionea, eta Frantziako hirur Errepubliken istorioa laburzqui izenekoa, 1891koa, horiek guztiak Michel Elissamburuk egokituak; Liberalen dotrina pecatu da eta Bai, pecatu da liberalquerija, Jose Ignacio Arana josulagunaren itzulpenak, 1887an eta 1896an argitaratuak hurrenez hurren, betiere Félix Sardá i Salvanyren testuetatik abiatuz. Garai hartako itzulpenen kontakizuna bukatzeko, Jose Cola Goitik nafarren emigrazioari buruz eginiko kronikaren itzulpena aipatu behar da, Marcelino Soroa antzerkigile donostiarrak egina: Euskal Naparren joaera edo emigrazioa (1885).


Gerra aurreko literatura pizkundea

XIX. mendearen amaieran, foruak galdu eta euskal abertzaletasuna piztu zen. Abertzaleek kultur oinarri sendoa sortzeko ahaleginak egin zituzten, haien ideologia zabaltzeko beharrezkoa zen haztegia sortu ahal izateko. Saiakera horren emaitzak laster asko agertu ziren, zeren eta ordura arte ezagutzen ez zen idazleen belaunaldirik bikainena sortu baitzen: Lizardi, Lauaxeta, Aitzol... Horiekin batera, urte gehiago zituen idazle bat, Nikolas Ormaetxea "Orixe" (1888-1961), kultur eragile oparoa eta nekaezina bilakatu zen, arlo guztiak jorratzen zituena: itzultzailea, kazetaria, olerkaria eta Euskaltzaindiko kidea.

Alde horretatik, Sabino Aranak hizkuntzaren arloan proposatzen zuen garbizaletasuna nagusi zen garaian, Orixe "zentzuaren itzulpena" delakoaren defendatzailea izan zen eta horren arabera jokatu zuen. Villasanteren berbetan, Orixek bide hori aukeratu zuen "garbizale amorratuei, neologistei eta erreformistei frogatzeko herri hizkerarekiko eta hizkera tradizionalarekiko leial jokatuz idatzi zitekeela". Hala, itzulpen lan handiak eta ugariak egin zituen, hainbat helburu zituela: 1928. urtean Iruñeko itzulpen-lehiaketa bat irabazi zuen, El Quijote-ren bederatzigarren atala zuzendu behar zen; urtebete geroago, 1929. urtean, El lazarillo de Tormes liburuaren itzulpena argitaratu zen (Tormes'ko itsu-mutilla) edizio elebidunean. Liburuaren akabera zuzendu zuen, moralarekin bat zetorren amaiera zoriontsua emateko. Zazpigarren atalean sarturiko aldaketek gaztelaniazko bertsioan agertzen ez baziren ere, Orixek berak itzuli zituen gaztelaniazko gehigarri horiek. Urtebete bakarrik igaro ondoren, 1930ean, Frédéric Mistral olerkari proventzalaren Mirèio olerki epikoaren itzulpena argitaratu zuen (hurrengo urtean, antzeko lana egin nahi izan zuen euskaldunentzat bere olerki epikoa idazten hasita, Euskaldunak). Gerra zibilaren ostean, itzultzaile lanei eutsi zien eta erlijio testuen bertsioak itzuli zituen, hala nola Urte Guziko Meza-Bezperak izeneko meza-liburua eta bezpera-liburuak, elebidunak, 1949koak, latinez eta euskaraz; San Agustinen Aitorpenen bertsio librea: Agustin Gurenaren aitorkizunak (1956); edo Testamentu Berria: Itun Berria (1967). Itzulpen horiek guztiak direla-eta, Orixe ezinbesteko erreferentzia bilakatu zen hainbat belaunalditan.

Orixeren lanaz gain, gerra aurreko garaian ekarpen interesgarriak izan ziren literatura itzulpenen arloan. Joseba Arregik ("Txingudi"), 1927an, Heineren olerkien itzulpen bat argitaratu zuen, Heine'ren Olerkiak, euskal berpizkundearen kutsu erromantikoekin bat etorriz. Urte berean, Oscar Wilderen hainbat ipuin bildu zituen Joseba Altunak Ipuñak izenburupean, eta bi urte geroago, 1929an, Altunak berak Grimm anaien hamalau ipuinen itzulpena argitaratu zuen, berriz ere Ipuñak izenburupean. Nahiz eta bi itzulpenok Aranaren arau garbizaleei lotzen zaizkien, hitz asmatu berrien ondoan irakurleari hiztegiko ondare-alternatibak eman behar dizkiola sentitzen du itzultzaileak. Horren ondoan, J. A. Larrakoetxea "Legoaldi" zeritzonaren itzulpena, Grimm Anaien Berrogeitamar Ume-Ipuin, hori ere 1929an plazaratua. Askoz herrikoiagoa da itzulpena. Gainera, Charles Dickensen haurrentzako narrazio famatua izan zen A Christmas Carol-en egokitzapena aipatu behar da. Egokitzapen hori Ander Arzelus "Luzear" itzultzaile eta antzerkigileak El Día Donostiako egunkarian argitaratu zuen Eguarri Abestia izenburuarekin.

Garai hartako beste itzulpen batzuk lehen aipatua dugun Cristoph Schmid apaiz katoliko alemanaren ipuinen itzulpenak izan ziren, beste behin Ipuñak izenburuarekin eta Gabriel Manterolaren eskutik, eta Erdi Aroko Bravanteko Genovevaren legendaren bertsio berria, ordukoa Juan Kruz Zapirain bertsolariak bertsoz egina. Bi lanok 1929koak dira.

Euskarazko antzerkia denaz bezainbatean, oso genero erakargarria eta jendearekin harreman zuzenak izateko modukoa izanik, laguntza jaso zuen Euskal Antzerkiaren Eguna jarrita 1934-36 urteetan. Horren ondorioz, antzerki-lan ugari antzeztu ziren, horien arten idazle garaikideen eta klasikoen zenbait bertsio: Toribio Alzaga antzerkigileak, 1926. urtean, Macbeth egina zuen, Irritza izenburua jarri ziona; 1933. urtean, Sofoklesen Antigone argitaratu zuen Jokin Zaitegik; 1934an, Rabindranath Tagore nobel sariaren Amal itzuli zuen Bonifacio aita kaputxino ataundarrak; Iñaki Goenagak emanaldietan argitaratu zuen 1934-35ean F. Schillerren Wilhelm Tell-en itzulpen bat Aitzol ekintzaile politiko eta kulturalak zuzentzen zuen Yakintza aldizkarian; eta Joseba Altunak Manuel Sota mezenas bizkaitarraren bi lanen bi bertsio egin zituen: Buruzagijak (1935) eta Urretxindorra (1934) haurrentzako lana. Gainera, Antzerti aldizkariak gaztelaniatik, frantsesetik eta alemanetik itzulitako beste lan batzuk plazaratu zituen.

Erlijio gaien itzultzaileen artean, Raimundo Olabide josulaguna aipatu behar da. Haren lan nagusia Bibliaren itzulpena izan zen: Testamentu Berria, Itun Berria, 1931n argitaratu zen, eta edizio osoa, Itun Zar eta Berria, hura hil ondoren argitaratu zen 1958an. Gainera, San Inazioren Ariketa Izpiritualak itzuli zituen, Loyola-tar Eneko Deunaren Gogo-Iñarkunak (1914), eta Kempis-en lana, Josu-Kristoren Antzbidea (1920), horiek guztiak Sabino Aranak ezarritako joera garbizalearen ildotik.


Literatura itzulpengintza Francoren garaian

Espainiako gerra zibilaren eta Francoren diktadura luzearen ondorioz, errotik eten zen aurreko literatur giroa, eta bereziki aipaturiko literatur berpizkundea. Herrialdearen barruko aldean, XX. mendeko 40 eta 50eko hamarkadetako zentsura zorrotzak ez zuen biderik eman euskalgintza lantzeko. Hala ere, garapen txikia izan bazuen ere, oso garrantzitsua izan zen batez ere elizgizonen lana. Bestalde, erbesteko euskal koloniek ahaleginak egin zituzten kulturaren sugarrari eusten, gerra aurreko garaien mina adierazten duten hainbat argitalpenen bidez. Literatura itzulpenetan idazle klasikoen lanak dira nagusi.

Azken jarduera horri dagokionez, aipatua dugun Orixek eginiko lan handiaz gain, "Kuliska Sorta" bilduma aitzindaria nabarmendu behar da herrialdearen barruan, 1952an urtean hasi zena Itxaropena argitaletxearen eskutik; izan ere, horren katalogoa Plazido Mujika josulagunaren itzulpenarekin hasten da: Noni eta Mani. Islandiar mutiko biren gertaldiak, Jon Svensson islandesaren (hura ere josulaguna) Nonni und Manni (1914) jatorriz alemanez idatzitako lanaren itzulpena. Hona hemen bilduma horretan jasotako beste itzulpen batzuk: Itxasoa laño dago (1959), P. Barojaren Las inquietudes de Shanti Andia lanaz Jon Etxaidek egin zuen itzulpena; edo Agurea ta itxasoa (1963), Anjel Goenagaren itzulpena, E. Hemingwayren El viejo y el mar eleberriari dagokiona.

Garai horretako itzultzailerik oparoenetako bat avant le mot euskaldun berri bat izan zen, Juan Anjel Etxebarria apaiza eta irakaslea (Santurtzi, 1934-Gernika, 1996). Hainbat literatur lan itzuli zituen: Katulo, Horazio, Martzial olerkari klasikoarenak; hainbat olerkari katalanenak; Perrault-en ipuinak; Fedro eta Esoporen fabulak; eta hainbat erlijio lan.

Santi Onaindia karmeldarrak (1909-1996) Virgilioren lan osoa itzuli zuen Ibinagabeitiaren laguntzaz, Horazioren Odak, R. Tagoreren hiru olerki, Danteren Divina Comedia eta azkenean, 1985ean, Homeroren Odisea.

Gaizka Barandiaran (1916-) josulagunak, Zaitegiren ikaskideak, Homeroren Iliadaren itzulpen bat egin zuen: Iliarena, Gasteizen argitaratua 1956an.

Beste erlijio gizon batek, Luis Jauregik ("Jautarkol") Pascual Duarte'ren sendia itzuli zuen, geroago Nobel sariduna izango zen Camilo Jose Celaren lanaren itzulpena.

Erbesteko literaturari dagokionez, ezinbestekoa da Jokin Zaitegi josulaguna aipatzea, olerkaria, saiakera-egilea eta itzultzailea (Arrasate,1906-Donostia, 1979); dagoeneko aipatua dugu gerra aurreko Antigonaren itzulpenaz aritu garenean. Gerra ondoren, hainbat herrialdetara erbesteratu zen, horien artean Guatemalara. Bertan sortu zuen 1950ean Euzko-Gogoa aldizkaria, erbestean ziren euskal idazleen lanak baliatu zituena. Urte batzuk lehenago, 1945ean, Ebanjeline argitaratu zuen, H. W. Longfellow-en izen bereko lanaren itzulpena eta Atzerri, euskelerri azpititulua duena. Hain zuzen ere gerra eta erbestaldiaren egoera planteatzen da. Hala, gerra aurreko bestelako itzulpen erreibindikatiboekin dago lotuta, hala nola Mirèio o Wilhelm Tell. Halaber, idazle klasikoen itzulpenak ere egin ditu, hala nola Sofoklesen tragediak, 1946an eta 1958an argitaratuak Mexikon eta Baionan hurrenez hurren; Medeia (1963), Euripidesena, eta Euskal Herrira itzulitakoan, Platonen lanak itzuli zituen bost liburukitan 1975 eta 1979 bitartean.

Ameriketarako erbestaldiko beste itzultzaile bat Andima Ibinagabeitia (1907-1967) bizkaitarra izan zen. Zaitegiren laguntzailea izan zen Euzko-Gogoa aldizkarian eta bertan argitaratu zituen Virgilioren Bucolicas izeneko lanaren itzulpenak (Bergili'ren Unai-Kantak, 1954). Urte batzuk geroago, Georgicas lanaren itzulpenarekin batera (Alor-Kantak), S. Onaindiaren Eneidaren itzulpenak gehitu ziren, eta ondoren batera argitaratu ziren 1966an Birgili'ren idazlanak osorik izenburuarekin. Gainera, Ibinagabeitiak beste itzulpen batzuk ere egin ditu, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira: Maite-bidea (1952), Ovidioren Ars Amandiren itzulpena, eta Abere-indarra (1953) antzerki lana, Jacinto Benavente antzerkigile eta Nobel saridunaren La fuerza bruta lanaren itzulpena. Biak Euzko-Gogoa aldizkarian argitaratu ziren.

Zeanuriko Bedita Larrakoetxea abadea (1894-1990), Grimm ipuinen itzultzailea izan zen eta "Legoaldi" zeritzonaren anaia gaztea, erbestean izan zen Ingalaterra, Uruguain eta Argentinan. Shakespeareren hainbat antzerki lan itzuli zituen, horietako zenbait Euzko-Gogoa aldizkarian argitaratuak: Macbeth (1957), Lear erregea (1958) eta Ekatxa (The Tempest) (1959). Geroago, Euskal Herrira itzuli ondoren, Shakespeareren antzerki lan guztien itzulpena argitaratu zuen hainbat liburukitan 1974 eta 1976 bitartean.

Bingen Amezaga (1901-1969) politikari bizkaitarrak, Ingalaterran, Argentinan eta Venezuelan erbestean izan zenak, Shakespeareren lan bat itzuli zuen: Hamlet. Danemark'eko Erregegaya, Buenos Airesko Ekin argitaletxeak argitaratua 1952an. Gainera, beste idazle batzuen lanak ere itzuli zituen: Juan Ramón Jimenez (Platero eta biok, 1953), Plinio (Plini gaztearen idazkiak, 1951), Esquilo (Prometeu burdinetan, 1951), Zizeron (Adiskidetasuna, 1952), Wilde (Reading baitegiko leloa, 1954), Goethe (Lur-miña, 1960) eta beste batzuk.


Demokrazia lehengoratzea eta itzulpengintzaren urrezko aroa

a) Testuinguru historikoa eta kulturala

Diktadorea hil ondoren, Espainiako estatua nolabait deszentralizatu egin zen eta autonomia erkidegoak sortu ziren. Horren ondorioz, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Estatutua onetsi zen 1979an Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoentzat, eta 1982an Nafarroako Estatutuarena, Hobekuntzaren Legea izenekoa. Lege organikoen ondorengo garapenari esker, erkidego horietan hainbat kultur azpiegitura sortu ziren, euskara berreskuratzeko eta normalizatzeko helburuarekin: Elebitasunaren Dekretua, euskarazko irakaskuntza, Euskadi Irratia eta Euskal Telebista, euskalduntze eta alfabetatze erakundeak, etab. Halaber, 80ko hamarkadan Euskaltzaindiaren lana indartu egin zen arauen arloan; gainera, Euskal Gramatika eta Euskal Hiztegi Orokorra argitaratzeari ekin zion, beste lan batzuen artean. Urte horietan euskal idazleen eta itzultzaileen elkarteak ere sortu ziren, baita jatorrizko zein itzulitako euskal literatura finkatzea lortu zuten hainbat argitaletxe ere. 1990ean, berriz, euskara hutsez eginiko lehen egunkariaren lehen alea argitaratu zen: Euskaldunon Egunkaria. Eusko Jaurlaritzak, 90eko hamarkadan, Itzulpengintzako Euskadi Sariaren urteroko deialdia abiarazi zuen, aurreko urteko literatura itzulpenik onenari saria emateko.

Itzulpen ikasketei dagokienez, 1980an Martuteneko Itzultzaile Eskola izenekoa abiarazi zen Donostian lehen aldiz, Xabier Mendiguren Bereziartu zuzendari zuela, berariazko prestakuntza izango zuten itzultzaileen lehen promozioentzako plataforma. Geroago jarri ziren martxan Deustuko Unibertsitateko (1990) eta Euskal Herriko Unibertsitateko (1991) itzulpengintza graduatuondoak edo masterrak, eta gainera, itzulpengintzaren hainbat arlotako bestelako espezializazio ikastaroak ere izan ziren. Horien artean, literatura itzulpengintza.

b) Literatura itzulpengintza 70eko eta 80ko urteetan

Urte horietan, Gabriel Arestik sortutako Lur argitaletxearen lana nabarmendu behar da; izan ere, haren inguruan idazle gazteen talde garrantzitsu bat sortu zen. Argitaletxe horren itzulpenen katalogoan era askotako lanak daude, hala nola Kafkaren Metamorfosia (Itxura aldaketa, 1970), Xabier Kintanak eta Arantxa Urretabizkaiak eginiko itzulpena; Aldoux Huxley-ren Bai mundu berria (1971), Xabier Amurizak eginiko bertsioa; Voltaireren Kandido (1972), Ibon Sarasolak itzulia; edo Nazim Hikmet olerkari turkiarraren Lau gartzelak, Arestik berak itzulia.

Nahiz eta literatur lan garaikideak itzultzeko joera gero eta handiagoa izan, bestelako lan klasikoak itzultzeari eutsi zitzaion: Cervantesen Don Kixote Mantxa'ko (1976), P.M. Berrondok itzulia; Arestiren Boccaccioren Dekamerone tipi bat (1979), edo aipaturiko Shakespeareren antzerki lan osoak, Bedita Larrakoetxeak itzuliak.

1981ean Eusko Jaurlaritzaren Antzertiren (Antzerki Zerbitzua) bigarren garaia abiarazi izanaren ondorioz, hainbat idazleren antzerki-lan asko argitaratu ziren, jatorrizkoak zein itzulitakoak: Gondoni, Castelao, Sastre, Fo, Sartre, Strindberg edo Shakespeare.

Bestalde, urte haietan argitaletxeetan lan handia gertatu zen, neurri handi batean euskalduntze prozesuan zebiltzan irakurleentzat eta haurrentzat; izan ere, euskaraz ikastera eskoletara joaten ziren eta gero eta gehiago helduen eskariari erantzuna eman nahi zioten argitaletxeek, zeren eta euskarazko hezkuntza nagusitu baitzen eskoletan eta horren ondorioz euskaraz irakurtzeko materialaren eskariak gora egin baitzuen oro har.

Begi-bistakoa zen euskarazko literaturaren sistema ez zela gauza berariazko hain eskari handiari erantzuna emateko bere baliabideekin, zeren eta idazle gutxi baitzegoen gure herrian eta hainbat eginkizunetan jarduten baitzuten. Egoera erabakigarri horretan hartu zuen garrantzi handia literatura itzuliak, eta erdi-erdian kokatzea lortzera iritsi zen bere ahulezia agerian utzi zuen sistemaren barruan.

Bilboko Gero-Mensajero argitaletxeak Gilen Tell-en bertsio berria argitaratu zuen "Kimu" bilduman, baita Verne eta Melville liburuak eta Plazido Mujikaren Noni eta Mani eta Mendiko Argia itzulpenen berredizioak ere, lehenago Kuliska bilduman argitaratuak; Hordagok ere gazteen literaturako klasiko asko argitaratu zituen "Tximista" bilduman: Twain, Carroll, London, Stevenson, Scott, Salgari, Stowe, Baum, Longfellow... Eta gauza bera egin zuen Elkarrek Itzul Sailarekin, eta aurreko zerrendari bestelako idazleak gehitu behar dizkiogu: Kipling, Rodari, Orwell, Goscinny, Härtling, Kästner, etab.; inoiz liburu berak errepikatu izan dira bi bildumetan. Literatura irakurtzera ohitu gabeko euskal irakurleek erraz identifikatzeko moduko ereduei lotzen zitzaizkien lanak ziren oro har: abenturen narrazioaren generoa -hainbat aldagairekin-, eta herri ipuinetik hurbil dauden narrazioak, egituraren eta narrazioaren aldetik konplexutasunik gabekoak (edo konplexutasunak kenduta). Itzulpen-kopuruaren igoerak, ordea, ez zuen itzulpenen kalitatea hobetu, kontrakoa baizik: itzulitako testuen eskariak gora egitean, itzultzaile kualifikatu gutxi egotearekin batera, lantzean behingo zenbait itzultzaile erakarri zituen, batez ere hezkuntzaren arlokoak (filologiako eta kazetaritzako ikasleak, irakasleak...); izan ere, borondatea bai baina testu on gutxi eman zituzten oro har. Beste lan batzuetan frogatu dugunez (López Gaseni, 2000), testurik gehienak sorburu hizkuntzatzat gaztelaniazko bertsioak hartuta itzuli ziren, eta horietako askok egiturako kontuak eta konplexutasun sintaktikoak eta erretorikoak sinplifikatzeko joera dute. Garai hartako editoreen zorretan, kreditu orrien akats ugariak eta informazio eskasa azpimarratu behar dira: izenbururik eta jatorrizko argitalpenen urterik ez eta, batzuetan, itzultzailearen izena ere ez da agertzen.

c) Ametsa egia bihurtuta: mende bat balio duten hogeita bost urte (1985-2005)

Literatura unibertsaleko lan klasikoak sistematikoki itzultzeko eginkizuna, katalanarena moduko irakurle gutxiagoko literaturek XX. mendeko lehen urteetan burutua zutena, azkenean mende horretako azken urteetan egin ahal izan zen euskaraz, gehienbat itzulpen proiektu handizaleen bidez: "Literatura Unibertsala" eta "Pentsamenduaren Klasikoak".

Lehenbiziko proiektua, literatura klasikoko 100 lan itzultzeko xedea zuena, Eusko Jaurlaritzak eta euskal itzultzaileek elkartearen (EIZIE) arteko hitzarmenaren emaitza izan zen, eta 1990ean abiarazi zen lehen zazpi liburu argitaratuta; 2002an bukatu zen. Harrezkero, eta bildumak kulturaren aldetik duen errentagarritasun handia ikusita, jarraipena ematea erabaki zen eta gutxienez beste 50 liburu itzultzea adostu zen. Esan dezagun, anekdota gisa, bildumako lehen izenburua Gulliver-en bidaiak, J. Swift-ena, Iñaki Mendigurenek itzulia, eta ehungarrena Hamlet, W. Shakespearerena, Juan Garzia Garmendiak itzuliak izan ziren. Bien bitartean, idazle errusiarren zerrenda luzea argitaratu da (Chejov, Tolstoi, Dostoievski, Gorki, Lermontov, Pushkin, Gogol, Turgeniev, Bulgakov), idazle britainiarrenak (Shakespeare, Conrad, Kipling, Swift, Stevenson, Lawrence, Dickens, Sterne, Joyce, Defoe, Chesterton, Wells, Forster, Woolf, Austen, Mansfield), iparramerikarrenak (Twain, Capote, Faulkner, Bierce, Steinbeck, Dos Passos, Poe, Bellow, Baldwin), frantziarrenak (Prévost, Camus, Flaubert, Montesquieu, Diderot, Ionesco, Duras, Queneau, Maupassant, Sand, Colette, Beauvoir, Sartre, Saint-Exupéry, Verne, Laclos, Balzac, Yourcenar, Schwob, Gide), italiarrenak (Sciascia, Moravia, Lampedusa, Guareschi, Bassani, Pavese, Svevo), alemaniarrenak (Goethe Hesse, Grass, Von Chamisso, Mann, Von Kleist, Döblin, Musil), poloniarrenak (Iwaszkiewicz, Singer), portugesenak (Eça de Queiroz, Saramago), txekiarrenak (Hasek, Hrabal, Jan Neruda), hegoamerikarrenak (Cortázar, Borges, Fuentes, Rulfo), espainiarrenak (Valle-Inclán, Sánchez Ferlosio, Unamuno), eta beste batzuk.

Nahiz eta itzulpen proiektuak lehiaketa bidez esleitu ziren, interesgarria da ikustea itzultzaileak eta sorburu hizkuntzak zenbat alditan agertzen diren, aldi hartako itzultzailerik oparoenak zein diren jakiteko, baita kalitatearen adierazgarritzat har daitezkeen jakiteko ere. Hala, Xabier Mendiguren Bereziartu (alemana eta errusiera) eta Koldo Biguri (italiera) daude lehen tokian, bakoitzak zazpi itzulpen dituela, eta ondoren Jose Morales Belda (errusiera) eta Antton Garikano (alemana, ingelesa, errusiera) daude, bakoitzak sei lan idatzita; hurrengoa Juan Garzia (ingelesa, frantsesa, gaztelania), bost itzulpenekin. Ondoren, hiru lan egin zituzten hainbat itzultzaile daude: Maria Garikano (ingelesa), Koro Navarro (ingelesa) eta Juan Mari Mendizabal (ingelesa).

"Pentsamenduaren Klasikoak" izeneko bigarren proiektuaren helburua lehenengo proiektuaren antzekoa zen, ehun liburu itzultzea hain zuzen, baina kasu honetan pentsamenduaren arlokoak, antzinako greziarrengandik hasita eta egungo idazleengana. Proiektua 1991n hasi zen hainbat finantza erakundeen ekimenari esker, eta Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea izan zituen laguntzaile. Era askotako gaiak itzuli dira: filosofiakoak, ekonomiakoak, psikologiakoak, hizkuntzalaritzakoak, antropologiakoak, historikoak, pedagogiakoak edo teologiakoak, greziarren eta latindarren antzinateko idazleak barne, hala nola Sokrates aurrekoak: Aristotele, Platon, Herodoto, Seneka, Lukrezioa, Tazito, Vitruvio; Erdi Arokoak: San Agustin; errenazimendukoak: Moro, Erasmo, Montaigne edo Francisco de Vitoria; pentsalari arrazionalistak eta enpiristak: Descartes, Spinoza, Leibniz, Hobbes, Locke, Berkeley, Hume; ilustraziokoak: Montesquieu, Voltaire, Kant; Beccaria edo Rousseau; XIX. mendekoak: Marx, Darwin, Schopenhauer, Kierkegaard, Mill, Tocqueville edo Nietzsche; eta XX: mendeko idazleak: Popper, Russell, Jung, Heidegger, Croce, Ortrega y Gasset, Piaget, Saussure, Lévi-Strauss, Chomsky, Foucault, Toynbee, Barthes edo Bergson.

Hain urte gutxitan hain kalitate handiko ondare handia sortu izana agerian gelditu da literatur sorkuntzaren beste arlo batzuetan, bereziki garai hartako idazle nagusienen arten; izan ere, idazle horietako batzuek aitortzen dutenez, zorretan dira literatur itzulpen ugariekin. Horien artean, klasiko bihurtu da Anjel Lertxundiren aipamena, literatur sorkuntzaren zehaztasunaren eta ñabarduren aldekoa da eta halako hizkera darabil berak ere:

"Itzulpenetan inbertituriko ahaleginak dira, zalantzarik gabe, euskal literaturaren berririk esanguratsuena azken urteetan. Itzulpenak etengabe sortzen du literatura hizkera, eta aldi berean, zehaztasunaren bidez, estilo ezberdinetarako bideak irekitzen ditu, zehaztasunaren euskarririk gabe ezinekoa delako aniztasuna... Behin edo behin esan dudanez, idazleok itzultzaile mentalak gara (batez ere euskaraz ez den hizkuntzetan irakurtzen dugunok); aitzitik, inork ez digu zuzentasunik eta pentsatzen eta idazten dugunaren arteko koherentziarik eskatzen, inork ezin ezagutu ditzakeelako landu ditugun ideiak. Tranpa egin dezakegu, zailtasunak saihestu eta hasieran konplexua zena errazagoa egin dezakegu; gure tapiza sinplifikazio horiekin ehundu dezakegu, eta gero haren gainean ibili inposaturiko dotoreziaz... Euskara errazaren atzetik dagoen diskurtsoak, estrategia soziolinguistikoen ikuspegitik zilegia izan daitekeen diskurtsoak, adierazpen mailan aurrera egitea galarazi nahi digu, eta itsutasuna ezarri nahi digu literaturaren aldareko zuzendari bakar gisa" (Lertxundi, 1993, in Torrealdai, 1997).

Literatur hizkera sortzeko prozesu horretan, itzultzaileek eurek egindako lan eskergaz gain, ez dugu ahaztu behar euskal idazle askok egiten dutela, idazle lanetan aritu diren urteetako denbora jakin batean, haien gustuko zenbait idazleren itzulpena. Hala, miresten dituzten lanak euskaraz berridazteko modua izan dute, baina ikusteke dago haien proposamenen eragina Poe lanaren frantsesezko itzulpen famatuaren -Baudelairek egina- eragina bezain handia izango ote den, edo Heineren olerkien itzulpenarena, Tiutchev olerkariak egina.

Adibidez, Gabriel Arestik, Jon Juaristik eta Joseba Sarrionandiak liburu batean bildu zituzten T.S. Eliot-en olerkien bertsioak (Eliot euskaraz, 1983); eta Sarrionandiak The rime of the ancient mariner itzuli zuen, Coleridge-rena (Marinel zaharraren balada, 1995), baita Manuel Bandeira olerkari brasildarraren olerkien antologia bat ere (Antologia, 1999). Baina aurretik gogokoen dituen idazleen olerkien aukeraketa bat argitaratu zuen oso izenburu esanguratsuarekin, Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985) hain zuzen, baita Pessoa Marinela-ren lan dramatikoak ere (1985).

Mikel Lasak Rimbaud-en lan bat itzuli zuen (Denboraldi bat infernuan, 1991; Poemak, 1993), J. P. Sartre-rena (Paretaren kontra, 1980), Marcel Schwob-ena (Mimoak, 1985) eta Alfonso Sastrerena (Bazterrean utzitako panpinaren ixtorioa, 1984).

Gauza bera egin zuen beste olerkari batek, Koldo Izagirrek: Castelaoren zenbait lan (Zirtzilak. Kristalezko begia, 1986), Uxio Novoneyra-rena (Bazterrak / Os Eidos, 1988), Maiakovski-rena (Poemak, 1993), Salvat-Papasseit-ena (Antologia, 1995) eta Victor Hugo-rena (Idi orgaren karranka, 2002).

Narrazioen arloan, Joxe Austin Arrietak hainbat idazleren lanak itzuli zituen: Yourcenar (Hadrianoren oroitzapenak, 1985), Jaume Fuster (Beirazko giltzak, 1997), William Golding (Eulien ugazaba, 1990) eta Max Frisch (Homo Faber, 2001). Juan Kruz Igerabidek Baudelaire-ren lan baten bertsioa egin zuen (La Fanfarlo, 1991) eta, A. Lertxundirekin batera, Apuleyo (Metamorfosiak edo urrezko astoa, 1996). Gainera, Ovidioren Metamorfosis eta Homeroren Odisea bertsioak egin ditu.

Beste kasu askotan, ordea, nekez esan daiteke itzulitako idazleak diren edo denboraren poderioz idazle bihurtu diren itzultzaileak diren, Juan Garzia, Javi Cillero edo Koldo Biguri esate baterako.

Gainerakoan, garai horretako lehen urteetan, itzulpenari garrantzia eman zioten zenbait literatura bilduma hasi ziren, besteak beste, "Euskal literatura", Elkar argitaletxeak inauguratua 1983. urtean. Lehen itzulpena, Mercè Rodoredaren Ipuin hautatuak, urtebete geroago argitaratu zen, eta laster asko etorri ziren bestelako idazleen lanak: Pavese, Maupassant, Yourcenar, Böll, Laxalt, Gide, Bataille, Poe, Steinbeck, Apollinaire, Golding, Salinger, Dinesen, etab. Bilduma horren eremuan, berrikuntza izan zen "serie beltza" hastea, lehenengoz generoko irakurle jakin batentzat egina. Hona hemen serie horretako idazleak: James M. Cain, Jim Thompson, Graham Greene, Dashiell Hammett, Patricia Highmith, etab.

Genero beltza espezializatu egin zen 1989az gero, Xabier Olarra itzultzaileak zuzenduriko Igela argitaletxea sortu ondoren; izan ere, harrezkero soilik genero beltz eta polizia nobelen itzulpenak argitaratzen jardun zuen. Argitaletxe horretan aurki daitezke, adibidez, genero beltzarekin lotutako egileen lanak, hala nola Doyle, London, James, McCoy, Scott Fitzgerald, Capote, Thompson, Himes, Cain, Ballinger, Chandler, Highsmith, Hammett, eta beste batzuk. Azken urteotan eskaintza zabalagoa egin du argitaletxeak, eta generoko literaturaz gain, bestelako idazleen lanak hasi da argitaratzen: Sándor Márai, Natalia Ginzburg, Alessandro Baricco, Joseph Roth, etab.

Erein argitaletxeak, 1991n, "Bartleby" bilduma hasi zuen, itzulpenak irakurtzeko ohitura sortzeko testu laburrak eta erakargarriak eskaintzen zituena. Hain zuzen ere Melville-ren Bartleby izkribatzailea izeneko lanarekin hasi zen, eta hiru urtez hainbat idazleren hamar bat liburu argitaratu zituen, hala nola Rimbaud, Le Fanu, London, Baudelaire, Wilde, Hoffmann, Gogol, Dürrenmatt, Polidori edo Twain-en lanak.

Argitaletxe guztiek, gaur egun, zenbait itzultzaile dituzte ezarrita beren katalogoetan, baina Alberdania da beharbada itzultzaile talde interesgarri bat izaten ondoen asmatu duen argitaletxea, zertarako-eta bere katalogoan hainbat idazle tartekatzeko, hala nola Carlo Levi, Agota Kristof, Stefan Zweig, Dylan Thomas, Günter Grass, etab.

Bestalde, aipagarria da literatura periferikoek izan duten dinamismo harrigarria itzulpenei dagokienez, hala nola haur eta gazteen literaturak. Arlo horretako kopuruak alderantzizkoak dira, eta itzulitako literaturak guztizko produkzioaren bi herenak gainditzen ditu. Berez hemengo enpresek argitaraturiko itzulpen kopuru handiari bestelako produkzioak gehitu behar zaizkio, hain zuzen ere azken hamabost urteotan gehienbat Espainiako estatutik heldu diren beste argitaletxe batzuen produkzioak, eta horietan euskaraz itzuli dira haren argitaletxeko funtseko lanak, bai idazle espainiarrenak, bai beste hizkuntza batzuetatik gaztelaniara itzulitakoak.

Hala, haur eta gazteen literaturak generoko egungo joera guztietako lanik garrantzitsuenen aukera interesgarriak ditu, eta beste hizkuntza batzuetan arrakasta lortu duten bestelako lanen itzulpena eta argitalpena helduen literaturan baino askoz bizkorragoak dira. Errealismo kritikoaren barruan sartu diren idazleen lanak itzuli dira: Erich Kästner, Maria Gripe, Peter Härtling, Otfried Preussler, Reiner Zimnik edo Henning Mankell; errealismo fantastikokoak: Gianni Rodari, Christine Nöstlinger, Astrid Lindgren, Roald Dahl; literatura fantastikoko idazleak: Michael Ende, Angela Sommer-Bodenburg, Dick King-Smith edo J. K. Rowling; idazle katalan garaikideak: Joles Sennell, Gabriel Janer Manila, Josep Vallverdú, Joaquim Carbó, Mercè Canela edo Gemma Lienas; idazle galiziarrak: Agustín Fernández Paz, Marilar Aleixandre, Xabier Docampo edo Gloria Sánchez; gaztelaniaz idazten duten idazleak: Juan Farias, Seve Calleja edo Elvira Lindo; arabiarren munduko idazleak: Rafik Schami, Mehdi Charef o Hiner Saleem...

Azkenik, euskal literaturaren kanpoko eremuetan, eraiki ez diren lur-zatiak ere badirela esan behar da, itzulitako materialekin ere ez. Gabezien atalean, genero periferikoak aipatu behar dira; izan ere, horien presentzia oso urria da, hala nola zientzia-fikziozko literatura, literatura erromantikoa eta erotikoa, helduentzako komikia edo best-seller izeneko saski-naskia, era guztietako intriga mardulekin osatua ziklo ezberdinetan: Egipto, Erdi Aroa, Aro Garaikidea, etab.



Bibliografia:

Even-Zohar, Itamar (1990) "Polysytem Studies", Poetics Today, 11, 1.

Gallego Roca, Miguel (1996) Traducción y literatura: los estudios literarios ante las obras traducidas. Madril: Júcar.

López Gaseni, Jose Manuel (2000) Euskarara itzulitako haur eta gazte literatura: funtzioak, eraginak eta itzulpen-estrategiak. Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitatea.

Mendiguren Bereziartu, Xabier (1995) Euskal itzulpenaren historia laburra. Donostia: Elkar.

Sarasola, Ibon (1982) Historia social de la literatura vasca. Madril: Akal.

Torrealdai, Joan Mari (1997) Euskal kultura gaur. Donostia: Jakin.

Villasante, Luis (1979) Historia de la literatura vasca. Burgos: Arantzazu (2 ed.).




© Argazkia: Zaldi Ero

© Autoitzulpengintza euskal haur eta gazte literaturan: Utrisque Vasconiae

© 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura: Pamiela